BERROGEITA BIGARREN ATALA

 

        Bere iritzia familian ikusitakotik oso-osoan bildu izatera, Elizabethek ezin izango zuen oso irudi atsegina eratu ezkon bizitzaren zorionaz edo etxe barruko goxoaz. Bere aita, gaztetasun eta edertasunak liluratuta, eta gaztetasunak eta edertasunak eman ohi duten umore onaren itxurak ere bai, adimen ahul eta meharreko emakume batekin ezkondu zen, eta izaera horrek amaiera emana zion, ezkon aldiaren goiz goizean, emaztearekiko atxikimendu egiazko orori. Begirunea, oniritzia eta konfiantza aienatuak ziren betiko; eta etxe barruko zorionari buruzko itxaropen guztiak goitik behera amilduak zitzaizkion Bennet jaunari. Baina, zoritxarreko jendeak sarri askotan bere txorakeria edo ekandu txarren kontsolamendua zenbait plazeretan bilatzen badu ere, Bennet jauna ez zen, izatez, joera horretakoa, eta ez zuen halako gauzetan ematzen bere buru-arinkeriak ekarria zion amets ondoa. Herria eta liburuak maite zituen; eta bere gozamen handienak zaletasun horiexetatik zetozkion. Bere emazteari, osterantzean, ezer gutxi zor zion, ezpada bere ezjakintasun eta txorakeriarekin emaniko jolasaldiak. Hori ez da gizon batek, oro har, emazteari zor izan nahiko liokeen zorion mota; baina denbora-pasarako beste bideak falta direnean, benetako filosofoak onura aterako die eman zaizkionei.

        Edozelan ere, Elizabeth ez zen sekula itsu egon bere aitak senar gisa erakusten zuen jokabide desegokiaren aurrean. Minez ikusi zuen betidanik; baina aitaren dohainekiko begirunez, eta bera hain amultsu hartzearen eskerronez, hori guztia ahaztera asaiatzen zen, ezikusia egitea ezina bazitzaion ere. Bere anderea alaben aurrean barregarri utziaz, Bennet jaunak ezkontidearekiko eginbidea eta dekoroa zapuzten zituen etenbarik, eta Elizabethek ahaleginak egiten zituen portaera hain itsusgarri hori bere pentsamenduetatik ezabatzeko. Baina inoiz ere ez zuen orduan bezain garbi ikusi nolako desabantailak zetozkien halako ezkontza desegoki baten alabei, ez eta hain argi antzeman ere norberaren dohainak horren norabide okerrean bideratzeak zer-nolako gaitzak ekartzen dituen; zuzen erabiliz gero, aitaren dohainek alaben itzala babestu ahal izango zuketen bederen, emaztearen adimena handitzeko adinekoak ez izan arren.

        Wickham joatearen bozkarioa kenduta, Elizabethek pozteko arrazoi gutxi aurkitu zuen gudarostea aldentzean. Etxetik kanpoko elkarraldiak inoiz baino monotonoagoak ziren; eta etxean, berriz, amak eta Kittyk euren inguruko guztiaren gogaikarria deitoratzen zuten etenbarik, etxekoen gainean ilundurazko oihal bat zabalduz; burmuinak nahasi zizkioten asaldariak joanda zirelarik, Kitty, denborarekin, bere ohiko zentzura etorriko zen beharbada; baina beste ahizparen izaerak gaitz handiagoak itxaroteko modua ematen zuen, eta bainu-etxearen eta kanpamenduaren arrisku bikoitza zeukan toki batean, bere txorakeria eta hantuste guztia sendotu egingo zen segurutik. Azkenean, beraz, batzuetan gertatzen dena gertatu zitzaion Elizabethi, irrikatan itxarondako jazoera batek ez zuela ekarri, benetan jazo zenean, berak bere buruari agindutako poztasun guztia. Ondorioz, beharrezkoa zen benetako zorionaren hasiera markatuko zuen beste aldi bat izendatzea; bere gogo eta esperantzak ezartzeko beste punturen bat edukitzea, eta puntu hori aurrean izatearen atseginean, orainerako kontsolamendua hartu eta beste errakuntza baterako prestatzea. Orain Lakuetako bidaia zen bere pentsamendu zoriontsuenen muina; horixe zuen kontsolabiderik onena ama eta Kittyren gogo txarrak ematen zizkion nahigabe ordu guztietarako; eta Jane ere planean sartu ahal izatera, perfektua izango zen guztia.

        «Baina, zorionez», pentsatu zuen, «badut zer irrikatu. Antolamendua bete-betea balitz, ustel aterako litzaidake, duda barik. Baina, honela, nire ahizpa ez etortzea dolu iturri agorrezina zaidala, arrazoiaz izan dezaket esperantzarik nire atsegin amets guztiak betetzeko. Bere alde guztietan gozamenak agintzen dituen plana ezin da sekula ondo atera; eta erabateko etsimendutik babesteko modu bakarra samin txiki eta bereziren bat gordetzea da».

        Joan zenean Lydiak hitza emana zien ama eta Kittyri sarri askotan idatziko ziela eta dena xehe-xehe kontatuko; baina haren gutunak luzetsiak ziren beti, eta beti labur idatziak. Amari zuzendutakoek gauza gutxi zekarten, ezpada egilea eta Forster anderea liburutegitik itzuli berriak zirela, halako eta halako ofizialak izan zituztela lagun, eta zora-zoratuta zegoela han ikusitako apaingarri ederrekin; soineko berria zuela, edo goardasol berria, zehatzago deskribatu gura izango zuela, baina ziztu bizian irten behar zuela, Forster anderea deiez zeukalako eta biak kanpamendura joatekoak zirelako; eta ahizparentzako gutunetatik are gutxiago atera zitekeen. Izan ere, Kittyri idazten zizkion eskutitzek, luzetxoagoak baziren ere, azpimarra gehiegi zituzten jende aurrean erakusteko.

        Lydia joan zenetik lehenengo bizpahiru asteak bete zirenean, osasuna, umore ona eta alaitasuna berriz hasi ziren azaltzen Longbournen. Gauza guztiek zuten itxura alaiagoa. Hirira negua ematen joandako familiak berriz etorri ziren, eta udako apainduriak eta udako konpromisoak berriro kaleratu. Bennet anderea bere ohiko aiene bareetara itzulia zen, eta ekainaren erdirako Kitty hain zegoen bere oneratuta, Merytonera malkorik isuri gabe joateko gauza izan zela; gertaera horrek zorioneko aginduak zituen bere baitan, hain zorionekoak non Elizabethek esperantza hartu baitzuen hurrengo Gabonetarako Kitty agian buru pittin baten jabe izango zela, eta egunean behin baizik ez zuela ofizialik aipatuko; Gerra Ministerioaren erabaki maltzur eta bihozgaberen batek Merytonen beste gudaroste bat ezartzen ez baldin bazuen, behintzat.

        Iparralderako ibilia hasteko eguna arin-arin hurreratzen zetorren; eta hamabost egun besterik falta ez zenean, Gardiner anderearen gutun bat heldu zen, bidaiaren hasiera atzeratu eta gainera ibilaldia bera laburtzen zuena. Negozioak zirela eta, Gardiner jaunak ezin zuen hamabost egun geroagora arte hiritik irten, uztailera arte beraz, eta hilabetearen buruan Londresen izan behar zuen ostera ere; horrek denbora gutxiegi uzten zien hasieran proposatu bezain urrun joateko eta pentsatuak zituzten gauza guztiak ikusteko, edo, behintzat, gogo zuten bezain lasai eta eroso ikusteko. Ondorioz, Lakuak bertan behera utzi eta ibilaldi murritzagoren bat hartu beharko zuten, eta plan berriaren arabera, ez ziren Derbyshire baino Iparralderago joango. Konderri horretan bazen zerikusi nahikorik, eta erraz beteko zuten hiru asteen zatirik handiena; eta Gardiner anderearentzat lekuak xarma berezia zuen; bere bizitzako zenbait urte zituen hango hirian emanak, eta orain egun batzuk bertan igaroko zituztelarik, horrek ziur aski hainbateko jakin-mina sortzen zion nola Matlock, Chastworth, Dovedale edota Peakeko edertasun omentsuek.

        Elizabethek atsekabe itzela hartu zuen; Lakuak ikustean zeukan jarrita bihotza; eta gainera behar besteko astia izango zutela uste zuen. Baina pozik egotea zen bere betebeharra eta zoriontsu izatekoa zen, noski, bere joera; eta luze barik dena egon zen ondo ostera ere.

        Derbyshireren aipamenak ideia asko zekartzan lotuta. Ezina zuen berba hori ikusi Pemberleyz eta hango nagusiaz pentsatu barik. «Baina segurutik», esan zuen, «haren konderrian zigorrik gabe sartu ahal izango naiz, eta espatu harri gutxi batzuk ostu berak antzeman gabe».

        Itxaronaldia orain bi bider luzeagoa zen. Izeko-osabak heldu arte lau aste igaro beharko ziren. Baina igaro egin ziren, eta Gardiner jaun-andereak eta euren lau seme-alabak agertu egin ziren azkenean Longbournen. Umeak —sei eta zortzi urteko bi neskatila eta bi mutiko gaztetxoago— Jane lehengusinaren ardura bereziaren pean geratuko ziren, berori baitzen haien guztien kutuna. Bere zentzuzkotasun sendo eta izaera eztiarekin, Jane zeharo egokia zen umeak behar zen guztian jagoteko: irakatsi, jolastu eta denak maitatzeko.

        Gardinertarrek gau bakarra eman zuten Longbournen, eta biharamunean Elizabethekin abiatu ziren gozamenen eta gauza berrien bila. Atsegina, alde batetik bederen, ziurtatuta zegoen, bidaideen egokitasunaren aldetik, alegia; izan ere, bazeukaten oztopoak ondo eroateko osasun eta umorea, goxo guztiak areagotzeko alaitasuna, eta, kanpoan nahigaberik izanez gero, baita euren artean atsegina sortzeko maitasun eta argitasuna ere.

        Ez da lan honen helburua Derbyshireren deskribapena egitea, ez eta harako bidean zeutzan toki aipagarriena ere; Oxford, Blenheim, Kenelworth, Birmingham etab. badira nahikoa ezagun. Orain Derbyshireren parte txiki bat bakarrik axola zaigu; eskualde hartako gauza bikainenak ikusi ondoren, Lambton herri txikira zuzendu zituzten urratsak, hura baitzen Gardiner anderearen lehengo bizilekua eta hantxe irauten baitzuten, berrikitan jakin zuenez, bere ezagun batzuek; eta Lambtonetik bost miliara Pemberley zegoen, izekoak Elizabethi jakinarazi zion bezala. Ez zegoen xuxen-xuxenean haien bidean, baina ez zen milia bat edo bi baino gehiago aldentzen. Aurreko arratsean, biharamunean hasiko zuten ibilbideaz berbetan zeudela, Gardiner andereak leku hura berriz ikusteko gogoa adierazi zuen. Gardiner jaunak bera prest zegoela aitortu zuen, eta onespena eskatu zioten Elizabethi.

        «Ene bihotza, leku horretaz hainbeste gauza entzunda, ez litzaizuke ikustea gustatuko?» esan zuen izekoak. «Zeure ezaupideko hainbeste jenderekin lotura duen leku bat, gainera? Wickhamek gaztaro osoa eman zuen bertan, badakizu?»

        Elizabeth estu eta larri zegoen. Konturatu egiten zen Pemberleyn ez zuela ezer egiteko, eta itxurak egin behar izan zituen, lekua ikusi nahi ez balu legez. Etxe handiez gogaituta zegoela aitortu behar zuen; hainbeste ikusi eta gero, alfonbra ederrek edo satinezko gortinek ez zioten inolako atseginik ematen, egia esateko.

        Gardiner andereak agirika egin zion bere tuntunkeriagatik. «Gauza aberatsez jantzitako etxe eder bat besterik ez balitz», esan zion, «niri ere ez lidake arduratuko; baina inguruak zoragarriak dira. Ingalaterrako basorik ederrenetako batzuk dituzte».

        Elizabethek ez zuen besterik esan, baina bere gogoa ezin zen konforme geratu. Lekua ikusten egon eta halako batean Darcy jaunarekin topo egin zezaketela gogoratu zitzaion bat-batean. Ikaragarria litzateke hori! Lotsagorritu egin zen pentsatze hutsaz; eta halako arrisku batetik pasatu baino, izekoarekin zabal-zabal berba egitea hobe izango zela pentsatu zuen. Baina horren kontra ere bazen eragozpenik; eta azkenean, hauxe erabaki zuen, Pemberleykoak etxean ote ziren jakiteko egingo zituen itaun ezkutukoek ezezkoa jasotzen ez bazuten, izebarekin mintzatzea izango zela azken konponbidea.

        Horrenbestez, gauean bere gelara bildu zenean Elizabethek galde egin zion neskameari ea Pemberley oso leku ederra zen, ea zein izen zuen hango jabeak, eta, ez ikara txikiaz, ea etxekoak bertan ote ziren udarako. Azken itaunari ezezko guztiz ondo etorri batek jarraitu zion, eta ikarak behin uxaturik, bere gisara sentitu zen etxeari berari buruzko jakin-min handitxoa izateko; eta hurrengo goizean gaia berriz sortu zenean, eta berriz ere iritzia eskatu zitzaionean, Elizabethek gogo onez erantzun ahal izan zuen, eta indiferentzia taxu egoki batez gainera, planari ez ziola, egia esan, ezer txarrik ikusten.

        Pemberleyra joango ziren, beraz.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia