BERROGEITA BATGARREN ATALA

 

        Itzuli ondoko lehen astea azkar joan zen. Hasi zen bigarrena. Gudarostea Merytonen egongo zen azkena zen, eta auzuneko dama gazte guztiak ximelduz zihoazen abia bizian. Gogo hila unibertso osoan zabaltzen zen ia-ia. Bennet andereño nagusiak bakarrik ziren gauza jan, edan eta lo egiteko, eta euren zereginen ohiko hariari atxikitzeko. Kitty eta Lydiak sarri askotan aurpegiratzen zieten insentsibilitate hori, zeren eurek, bihotz-minik itzelenak hartuta, ezin zuten konprenitu etxeko inork hain bihotz gogorra izatea.

        «Ene Jainko maitea! Zer izango ote da gutaz? Zer egiteko ote gara?» egiten zuten oihu askotan, larriduraren mikatzean. «Lizzy, zelan egon zaitezke hain irribarretsu?»

        Ama maitetsuak lagun egiten zien bihotz-estura guztian alabei; gogoratu egiten zuen bera zenbat sufritutakoa zen antzeko egoera batean, hogeita bost urte lehenago.

        «Ziur naiz», zioen, «Millar Koronelaren gudarostea joan zenean bi egun eman nituena negarrez. Bihotza hautsi egingo zitzaidala uste nuen».

        «Ziur naiz niri hautsi egingo zaidana», esan zuen Lydiak.

        «Soil-soilik Brightonera joaterik balego!» egin zuen Bennet andereak ohar.

        «O, bai! Soil-soilik Brightonera joaterik balego! Baina aitatxo hain da desatsegina».

        «Bainu batzuk itsasoan, eta onik eta osorik egongo nintzateke betirako».

        «Eta izeko Philipsek niri ederto batean etorriko litzaidakeela uste du», eransten zuen Kittyk.

        Halakoak ziren Longbourn Enean sekula eta beti entzuten ziren aienen burrundarak. Elizabeth barrez hartzen saiatzen zen; baina poz guztia lotsan galtzen zitzaion. Darcy jaunaren eragozpenen zuzentasunaz jabetzen zen berriro ere; eta sekula ez zen hain gerturik egon Darcy jauna barkatzeko bere lagunaren asmoetan eskua sartzeagatik.

        Baina Lydiaren etorkizunaren ilunpeak luze barik argitu ziren; izan ere, Forster andereak, gudarosteko Koronelaren emazteak, berekin Brightonera joatera gonbidatu zuen. Lagun ikaragarri baliotsu hori oso emakume gaztea zen, eta ezkonberri-berria. Antzeko umore on eta gogo alaiak elkarren gustuko eginak zituen dama biak, eta ezaupidea hiru hilabete lehenago egin zutelarik, bi hilabete zeramaten lagun mamiak izaten.

        Gertaera horrek Lydiari ekarri zion birloraldia, Forster anderearekiko adorazioa, Bennet anderearen poz gozoa, eta Kittyren gaitzidura nekez deskribatuko lirateke. Bere ahizparen sentimenduez inondik ere kontu egin barik, Lydia etenbako gainezkalditan hegaldatu zen etxe osoan barrena, mundu guztiari zorionak eskatzen, eta barre zein berba inoiz baino bortitzago egiten zuela; bitartean Kitty zoribakoak egongelan jarraitzen zuen bere patuaren gainean uluka, hain modu neurriz gainekoan nola mukerra zen bere doinua.

        Ez dut ikusten zergatik ez zidan Forster andereak neuri ere esan behar, Lydiari bezala», zioen, «ni bere lagun mina ez izan arren. Lydiak besteko eskubidea daukat gonbidatua izateko, eta gehiago ere bai, bi urte nagusiago naiz eta».

        Alferrik ahalegindu zen Elizabeth Kitty senera etor zedin, eta alferrik saiatu zen Jane ahizpa gazteak etsia bar zezan. Elizabethi zegokionez, gonbidapen hori hain zegoen urrun amari eta Lydiari sortutako sentimenduak beragan sortzetik, gonbitea Lydia inoiz zentzatzeko posibilitate ororen heriotza-zigorra iruditu zitzaiola; eta inoiz besteen ezaguerara helduz gero ondoko neurri hau hartzeak Elizabeth guztiz nardagarri agerraraziko zuen arren, ezin izan zion eutsi aitagana ezkutuan joan eta Lydiari joaten ez uzteko aholkua emateari. Lydiaren jokamolde osoaren desegokitasun guztiak begietaratu zizkion, Forster anderea bezalako emakume batekin ibiltzetik Lydiak zein onura gutxi atera zezakeen azpimarratu zion, eta Brightonen halako konpainiarekin egonda, eta han tentazioak etxean baino handiagoak izanda, ziur asko Lydia are buruarinago izango zela ere adierazi zion. Bennet jaunak arretaz entzun zuen, eta gero hala mintzatu zen:

        «Lydiak ez du onik izango bere burua leku publiko batean edo bestean nabarmen utzi arte, eta ez pentsa berriz sortuko zaionik hori hain merke eta familiarentzako hain traba gutxirekin egiteko beste aukerarik».

        «Konturatuko bazina», esan zuen Elizabethek, «zelako kalte handiak ekarriko dizkigun Lydiaren modu nabar eta burugabeak jendearen begira iristeak; hobeto esanda, zelako kalteak ekarri dizkigun dagoeneko, orduan ziur naiz bestelako iritzia izango zenukeena afera honetaz».

        «Dagoeneko ekarri dizkigula!» errepikatu zuen Bennet jaunak. «Zer, maiteminduren bat uxatu dizu ala? Lizzy txiki gaixoa! Baina ez egon tristerik. Gazte milixka horiek, zentzugabekeria apur batekin loturarik izatea jasan ezin dutenek, ez dute damurik merezi. Tira, utzidazu ikusten Lydiaren tuntunkeriak urrundu dizkizun morroi errukarrien zerrenda».

        «Oker zaude, benetan. Ez daukat nik halako zaurien suminik. Ez nabil orain gaitz zehatz batez kexuka, gaitz orokorrez baino. Lydiaren izaera markatzen duten berezitasun horiek, bere jario zoroak, bere segurtasunak, neurritasun orori egiten dion begi-zeharrak, horrek guzti horrek bere ondorioa izango du munduaren aurrean dugun itzal eta garrantzian. Barkatuko nauzu, garbi hitz egin behar dizut eta. Zuk ez baduzu nekerik hartzen, ene aita maitea, larregizko bizitasun horri muga jartzeko, eta ez badiozu irakasten bere oraingo zereginak ez direla bere bizitzako lana izango, hemendik gutxira Lydiak ez du zentzatzerik edukiko. Bere izaera moldatuta egongo da, eta, hamasei urterekin bere burua eta familia sekulan barregarri utzi dituen maritxatxankaririk erabatekoena izango da. Eta txatxankeriaren mailarik txarren eta gaiztoenekoa, gainera; gaztetasuna eta hala-holako itxura kenduta, bestelako xarmarik gabekoa; eta bere buru ezjakin eta hutsa dela eta, ez da ezelan ere gauza izango miretsia izateko grina ero horrek guztiei eragingo dien mesprezuaren tanta bat ere saihesteko. Arrisku horrek Kitty ere ukitzen du. Nora doan Lydia, haraxe jarraituko dio Kittyk. Buruiritziak, ezjakinak, alferrak eta zeharo kontrolatu gabeak! O! Ene aita maitea, ez al duzu uste Kitty eta Lydia ezagun diren leku guztietan jendea haietaz txarto esaka ibiliko dela eta mesprezatu egingo dituela, eta ondiko horrek sarri askotan haien ahizpak ere ukituko dituela?»

        Alabak gai horretan bihotz oso-osoa jartzen zuela ikusi zuen Bennet jaunak; eta haren eskua maitetsu hartuta, arrapostu hau eman zion:

        «Ez zaitez arduratu, ene bihotza. Zu eta Jane ezagun zareten leku guztietan denek begirunez hartu eta estimatu beharko zaituzte; eta pare bat... edo, hobeto esanda, hiru ahizpa tentel-tentel izateak ez dizue besteen begietan merezimendurik kenduko. Lydia ez badoa Brightonera, Longbournen ez dugu bakerik izango. Utziozu joaten, beraz. Forster Koronela gizon zentzuzkoa da, eta benetako bihurrikerietatik apartatuko du; eta, zorionez, Lydia pobreegia da inor bere ehizan ibiltzeko. Poxpolin arrunt legez ere, gora-behera gutxiago izango du Brightonen hemen baino. Ofizialek beste emakume batzuk aurkituko dituzte, beren arretaren duinagoak. Izan dezagun esperantza, beraz, bertan egoteak Lydiari bere gutxia ikusten irakatsiko diola. Edozelan ere, ezin da askoz ere txarragotu, bizitza osoan bera giltzapetuta edukitzeko eskubidea guri eman barik.

        Elizabethek erantzun horrekin konformatu behar izan zuen; baina bere lehengo iritzian zegoen, eta etsipenez eta atsekabez joan zen aitaren ondotik. Alabaina, suminak buruan gora eta behera ibiltzea eta beroriek handitzea ez zen Elizabethena. Bere eginbeharra burutu izanaren segurantza zeukan, eta saihestu ezinezko gaitzengatik larritzea, edota gaitz horiek egonezaz ugaritzea ez zen bere izaeraren ezaugarri.

        Aitarekin izandako autuaren funtsa ezagutzera, amaren eta Lydiaren hitz jario guztia deus izango zen euren erresuminari adierazpide emateko. Lydiaren irudimenean Brightoneko egonaldi batek zorion lurtar guztietarako aukerak biltzen zituen. Ametsetako begi asmalariez, bainu herri alai horretako kaleak ikusten zituen, ofizialez gainezka. Hogeinaka kanpaina-denda ikusten zituen, eta barruko guztiak, artean ezezagunak, berari begira-begira. Kanpamenduko loria guztiak ikusi zituen; dendak, lerro berdin-berdinen edertasunean, aurrerantz hedatzen ziren gizon gazte eta alaiez bete-beterik, eta gorriminaren gorriminaz bristadaka; eta ikuskaria osatzeko, bera denda baten estalpean zegoen jesarrita, gutxienez sei ofizialekin batera altxalilika xamurrean.

        Bere ahizpak halako etorkizun eta errealitateetatik erauzi nahi zuela jakinez gero, zer sentituko ote zuen Lydiak? Amak bakarrik entendituko zukeen, berak agian gauza bertsuak sentituko zituen eta. Bere senarrak bertarako asmorik sekula izango ez zuen konbentzimendu malenkoniatsuaren aurrean, Lydia Brightonera joatea zuen kontsolabide bakarra.

        Baina ama-alabek ez zuten ezertxo ere jakin gertatutakoaz; eta birloralditan jarraitu zuten ia-ia etenbarik, Lydia etxetik joan zen egunera bertara arte.

        Elizabethek Wickham jauna ikusiko zuen orduan azkeneko aldiz. Hunsfordetik itzuli zenetik harekin sarritan izana zenez, ondotxo joanda zituen ezinegon guztiak; orobat lehengo kuttuntasunaren ezinegonak ere. Hasieran gizon horrengan hain maitagarri zitzaion eztitasunean, orain itxurakeria eta monotonia desatsegin eta gogaikarria asmatzen ikasia zen. Are gehiago, Wickhamek orain erakusten zion jokamoldea higuin iturburu berria zitzaion, ofizialak laster erakutsi baitzuen euren ezaupidearen hasierako adei haiek berritzeko gogoa, eta hori, harrez gero gertatutakoaren ostean, probokazioa besterik ez zitekeen izan Elizabethentzat. Bere burua limurketa hutsal eta arin horien hartzaile ikusita, Elizabethek Wickhamekiko ardura guztiak galdu zituen; eta lausenguoi etenbarik muzin egiten zien bitartean, ofizialaren jokaerak ispilatzen zituen uste gaitzesgarriez ere jabetu zen. Izan ere, bazirudien Wickhamentzat berdin zela zein luze eta zein arrazoiz kenduak zizkion bere adeiak Elizabethi, adei horiek berritzearekin batera, andereñoaren harrokeriak atsegin hartuko zuela horretan eta bera, Wickham jauna, andereñoaren kuttuna izango zela ostera ere, inolako duda barik.

        Gudarostea Merytonen egongo zen azken egunean bertan, Wickhamek eta beste ofizial batzuek Longbournen bazkaldu zuten; eta Elizabethek Wickhamengandik aldarte onean banatzeko oso gogo gutxi zuenez, ofizialak Hunsforden zelan pasatu zuen galde egin zionean, andereñoak Fitzwilliam Koronelak eta Darcyk Rosingsen hiru aste emanak zituztela aipatu zion, bai eta galdetu ere ea bazuen Koronelaren ezaupiderik.

        Wickham harrituta, nahigabetuta, asaldatuta azaldu zen; baina une batez buru egin ondoren eta irribarrea berriz aurpegian, garai batean sarritan ikusten zuela arrapostu zion; eta zaldun traza guztiak zituela adierazi eta gero, ea zer iruditzen zitzaion itaundu zion Elizabethi. Andereñoa bero mintzatu zen Koronelaren alde. Luze barik, Wickhamek «Zenbat denbora esan duzu eman zuela Rosingsen?», gehitu zuen indiferentzia eite batez.

        «Ia-ia hiru aste».

        «Eta maiz ikusten zenuen?»

        «Bai, egunero ia».

        «Moldeak oso desberdinak ditu bere lehengusuaren moldeetatik».

        «Bai, oso desberdinak. Baina ezagutuz gero Darcy jaunak irabazi egiten duela uste dut».

        «Benetan!» egin zuen Wickhamek aldarri Elizabethi oharkabean joan ez zitzaion aurpegiaz. «Eta, arren, galde nezake...?», baina, bere buruaz jabetuta, hau erantsi zuen doinu alaiagoaz: «Portaeran irabazi ote du? Ontzat izan al du bere ohiko estiloari gizabide pittin bat eranstea? Zeren, ez naiz ausartzen uste izatera», jarraitu zuen doinu isil eta serioagoan, «funtsezko gauzetan hobera egingo zuenik».

        «O, ez!» esan zuen Elizabethek. «Funtsezko gauzetan bere betiko guztian dago, nik uste».

        Elizabeth berbetan zegoela, bazirudien Wickhamek ez zuela oso garbi ikusten zer egin behar ote zuen, anderearen hitzetan bozkariatu ala haien esanahiaz ez fidatu. Elizabethen aurpegieran bazen zer edo zer bat, Wickham arreta ikarati eta larritsuaz entzutera bultzatzen zuena.

        «Ezagutuz gero irabazi egiten duela esan dudanean, ez nuen esan nahi bere pentsaera ez moldeak hobetuta zeudenik, baizik eta Darcy jauna hobeto ezagututa bere izaera hobeto ulertzen dela».

        Wickhamen asaldura bere kolore bizian eta egonez aurpegian ispilatu zen orduan; isilik geratu zen minutu batzuetan; harik eta, lotsa gainetik astinduz, neskarengana berriz jarri eta azenturik goxoenaz hala esan zion arte:

        «Zuk, Darcy jaunari buruz ditudan sentimenduak hain ondo ezagutzen dituzun horrek, aise ulertuko duzu zelan pozten naizen bihotz-bihotzetik jaun horrek zuzentasunaren itxura behintzat janzteko jakituria izan badu. Bere harrotasuna, horrela bideratuta, zer edo zertarako izan daiteke, berarentzat ez bada ere, bai beste askorentzat, horrek nik nozitutakoa bezalako jokaera doilorretatik urrunduko baitu, nahi eta ez. Nire beldur bakarra zera da, ea Darcy jaunak ez ote duen ardura mota hori —zuk, uste dut, zeharka aipatu duzun berori— bere izekoa bisitatzen doanerako bakar-bakarrik gordeko, andere horren onespen eta iritziari lotsa handia dionez gero. Lotsa horrek beti izan du eraginik, ondo dakit nik, elkarrekin izan direnetan; eta neurri edertxo batean hori guztia De Bourgh andereñoarekiko ezkontza aurrera bultzatzeko gogoari leporatu behar zaio, Darcyk buru-buruan baitu hori, ziur dakit».

        Hori entzutean Elizabethek ezin izan zuen irribarrea ezkutatu, baina burua amiñi bat makurtu zuen erantzun bakartzat. Wickhamek bere bidegabeen gai zaharrera eroan nahi zuela ikusten zuen, eta ez zuen amore emateko umorerik. Gauaren gainerakoa ohiko alaitasunaren itxurapean joan zen Wickhamen aldetik, baina gizonak ez zuen Elizabethentzako pollitasun gehiagorik izan; eta azkenean gizabidez egin zioten agur elkarri, berriro elkar ez ikusteko esperantzarekin seguru asko.

        Taldea desegin zenean Lydia Merytonera itzuli zen Forster anderearekin, hurrengo egunean bertatik irtetekoak baitziren goizean goiz. Etxekoak eta Lydia elkarrengandik aldentzea, patetikoa baino, zaratatsua izan zen. Kittyk bakarrik isuri zuen malkorik; baina suminez eta bekaitzez egiten zuen negar. Bennet andereak berbatsu adierazi zituen bere alabaren zorionaren aldeko gurari onak, eta sutsu, berriz, ahalik eta ondoen pasatzeko aukerarik ez galtzeko aginduak; aholku horri jaramon egingo zitzaiola pentsatzeko, bide batez esanda, soberan ziren arrazoiak; eta agur egitean Lydiak isuritako zorion deiadartsua bide, inork ez zituen entzun haren ahizpen adio apalagoak.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia