BERROGEIGARREN ATALA

 

        Elizabethek ezin zuen gehiago jasan gertatutako guztia Janeri jakinarazteko egoneza; eta azkenean, Janerekin zerikusia zuen xehetasun oro isiltzera deliberatuta, eta ahizpa nagusia ustekabe baterako prestatu ondoren, Elizabethek Darcy jauna eta bere artean izandakoaren nondik norako nagusiak aletu zizkion hurrengo goizean.

        Bennet andereñoa zur eta lur geratu zen hasieran, baina harridura hori laster ematu zen, zeren ahizpari zion erori handia zela kausa, guztiz berezko iruditzen zitzaion edonork Elizabeth mirestea; eta ustekabe guztiak bestelako sentimenduetan galdu ziren berehala. Damu zitzaion Darcy jaunak bere burua gomendatzeko hain era desegokia aukeratu izana bere sentimenduak azaltzerakoan; baina Elizabethen ezezkoak gizonari ezinbestez emango zion zorigabeak gehiago tristatu zuen.

        «Oker egin zuen bere arrakastaz hain ziur egotean», esan zuen; «eta, duda batik, ez zukeen halakorik adierazi behar izango; baina kontu egizu horrek zenbateraino handitu behar duen bere uste ustelaren atsekabea».

        «Bai horixe», arrapostu zion Elizabethek, «erruki diot bihotz-bihotzetik; baina baditu bestelako sentimenduak ere, niri didan estimazioa azkar uxatuko dutenak seguru asko. Hala ere, ez al didazu errurik leporatzen ezetz esateagatik?»

        «Zuri errurik! O, ez».

        «Baina errudun ikusten nauzu Wickhamen gainean hain sutsu hitz egiteagatik».

        «Ez, ez dut okerrik ikusten esan zenituenak esatean».

        «Baina ikusi egingo duzu, hurrengo egunean bertan zer gertatu zen diotsudanean».

        Orduan Elizabethek gutunaz egin zion berba, Wickhamekin zerikusia zuten eduki guztiak kontatuz. Zer-nolako kolpea izan zen Jane gaixoarentzat! Jane, gogo onez joango zena munduan barrena pentsaturik gizadi osoan ezin zitekeela izan orain gizaki bakarrean bilduta ageri zenaren besteko maltzurkeriarik. Darcyren zuripena bera, pozgarria izan arren, ez zitzaion kontsolabide halako aurkikuntzaren aurrean. Zinez eta gogoz ahalegindu zen okerren bat izan zitekeela frogatzen, eta gizon bata zuritzen bestea errudun egin barik.

        «Alferrik da», esan zuen Elizabethek. «Ez zara sekula gai izango biak batera on egiteko. Egin aukera, baina bakarrarekin konformatu beharko duzu. Bien artean biltzen dituzten merezimenduek horrenbesterako bakarrik ematen dute; gizon on bakarra egiteko adina, hortxe-hortxe; eta azken aldion merezimenduok larregitxo mugitu izan dira batera eta bestera. Ni neu, guzti-guztiak Darcy jaunarenak direla sinestera nago jarrita, baina zuk nahi bezala egin ahal duzu».

        Denboratxoa joan zen, hala ere, Janeri irribarrea atera ahal izan baino lehen.

        Ez dakit inoiz egon naizen orain baino txundituago», esan zuen. «Wickham hain gaiztoa! Sinetsi ahal dena baino areago da ia-ia. Eta Darcy jauna, koitadua! Lizzy maitea, pentsa ezazu zenbat sufrituko zuen. Halako desilusioa! Eta zuk berataz duzun iritzi txarra jakinda, gainera! Eta bere arrebaz halako gauza bat kontatu behar! Mingarriegia da, benetan! Zuri berdin iruditzen zaizu, ziur naiz».

        «O! ez, nire deitore eta erruki guztiak aienatu egin dira zu gauza biez hain betea ikusi zaitudanean. Hain dakit seguru Darcy jaunari justizia larguro egingo diozuna, non geroz eta axolagabe eta indiferenteago sentitzen ari naizen. Zure oparotasunak gordezale egiten nau ni; eta oso luze segitzen baduzu harengatik aieneka, azkenean nire bihotza luma bezain arina izango da».

        «Wickham gizagaixoa; halako ontasun eitea du bere aurpegierak! Halako zabaltasun eta eztitasuna da bere moldeetan!

        «Duda gabe oker handiren bat egin zen gazte bi haien heziketa antolatzean. Batek on guztia dauka, eta besteak on itxura guztia».

        «Nik sekula ez nion ikusi Darcy jaunari zuk beste hutsune, ontasun itxurari dagokionez».

        «Eta, hala ere, ni oso argia nintzela uste nuen gizona arrazoi batik hain garbiro gaitzestean. Halako gaitzespenak hain izaten dira akuilu ona norberaren argientzat, hain aukera ederra eman ohi dizute ateraldietarako. Bat gelditu batik egon daiteke gaizki esaka pertsona baten gainean, gauza justu bat ere esan gabe; baina bat ezin daiteke beti ibili gizon baten lepotik barreka, noiz edo behin ateraldi on batekin estropezu egin batik».

        «Lizzy, ziur naiz gutuna lehenengo aldiz irakurri zenuenean ez zenuela arazoa oraingo moduan hartu».

        «Ez, alajaina. Deserosoegi nengoen. Oso deseroso, zoritxarreko, esan nezake. Eta sentitzen nuena kontatzeko lagunik gabe, ni lasaituko ninduen eta nik nekien bezain ahul eta buruiritzi eta txoriburua ez nintzela izan esango zidan Janerik gabe! O! Zelan behar zintudan!»

        «Zein tamalgarria Wickhamez berba egitean Darcy jaunarekin hain esamolde gogorrak erabili izana, orain guztiz merezi gabeak ageri dira eta».

        «Halaxe da. Baina hizkera mikatz eta tamalgarri hori nik neuk biztu nituen aurrejuzkuen ondorio berezkoena da. Beste puntu batean behar dut orain zure aholkua. Jakin nahi nuke ea jarri beharko ote nituzkeen gure ezagunak, oro har, Wickham jaunaren izaeraren jakitun».

        Bennet andereñoa isilik geratu zen une batez eta gero arrapostua eman zion, «Seguru asko ez dago zertan nabarmendu Wickham jauna hain modu lazgarrian. Zuk zer deritzozu?»

        «Ez genukeela horretan saiatu behar. Darcy jaunak ez dit bere jakinarazpena zabaltzeko baimenik eman. Aitzitik, bere arrebarekin zerikusia zuen guztia ahalik eta isilen gordetzea nahi zuen; eta Wickhamen gainerako jokaeraz jendeari begiak argitzera asaiatzen banaiz, nork sinetsiko dit? Darcy jaunaren kontra dauden aurrejuzkuak hain dira bortitzak, non gizon hori atsegin antzera jartzen saiatuko bagina, Merytoneko jende onen erdiak hilko genituzkeen. Ez naiz horretarako gauza. Wickham berehala joango da; eta, beraz, inori ere ez dio ardurarik izango zer den benetan. Egunen batean dena azalduko da eta orduan haien ergelkeriaz egingo dugu barre, lehenago ez jakiteagatik. Oraingoz ez dut ezer esango».

        «Arrazoia duzu. Bere okerrak ezagutzen emateak betirako honda dezake Wickham jauna. Beharbada egindakoaren damuz egongo da orain, eta izen ona berreskuratzeko irrikatan. Ez dugu esperantzarik gabe utzi behar».

        Solasaldi horrek Elizabethen gogoaren zurrunbiloa baretu zuen. Hamabost egunez gainean eroandako sekretu biren pisua kendua zuen, eta bata edo bestea berriz hizpidera ekarri gura izanez gero, Jane entzule seguru eta gogotsua izango zen. Baina artean ere bazen zer edo zer atzean zelataka, zuhurtziak estalpetik ateratzea debekatzen zuena. Elizabeth ez zen ausartzen Darcy jaunaren eskutitzaren beste erdia Janeri kontatzera, ezta ahizpari adieraztera zein zintzoki estimatzen zuen bera, Jane, Darcyren lagunak. Ezagutza horiek ezin zituen inorekin konpartitu; eta konturatu egiten zen alde bien elkar ulertze erabateko batek bakarrik emango ziola aukera misterioaren azken zor hori gainetik kentzeko. «Eta orduan», esan zuen «horren jazoera gertagaitza inoiz suertatzen bada, bakar-bakarrik izango naiz gai Bingley jaunak berak askoz ere modu atseginagoan esango duena esateko. Balioa galdutakoan baino ez naiz izango berbarako askatasunaren jabe!»

        Etxean egonda, Elizabethek ahizparen benetako gogoa behatzeko beta zeukan orain. Jane ez zen zoriontsu. Artean Bingleyganako oneste xamurra gordetzen zuen. Ordura arte irudimenez ere sekula maitemindu ez zelarik, Bingleyrekiko onginahiak aurreneko atxikimenduaren berotasun guztia zeukan, eta Janeren adin eta izaeragatik, berriz, lehenbiziko maiteminek harro erakutsi ohi dutena baino sendotasun handiagoa; eta andereñoak hain zuen kutun gizonaren oroitzapena, eta hain gartsu zuen nahiago gizon hura beste guztien gainetik, bere zentzu on guztia eta beste lagunenganako begiramen guztia behar baitzituen bihotz-minei amore ez emateko; izan ere, sufrimendu horiek, bestela, kaltegarriak izango ziren bai bere osasunerako eta bai etxekoen trankilitaterako ere.

        «Tira, Lizzy», esan zuen Bennet andereak egun batez, «zer uste duzu orain Janeren kontu lastimoso horretaz? Nik neuk behintzat erabakita daukat inori ere sekulan ez aipatzea. Halaxe esan nion lehengoan gure ahizpa Philipsi ere. Baina badirudi Janek ez zuela gizonaren arrastorik ikusi Londresen. Bo, gazte horrek ez du nekerik merezi... eta ez dut uste orain Janek munduko aukerarik txikiena ere izango duenik inoiz harrapatzeko. Inork ez du hitzik esaten datorren udan Netherfieldera berriz etorriko ote diren; eta jakin lezakeen mundu guztiari egin diot galde».

        «Ez dut uste ostera biziko denik inoiz Netherfielden».

        «O, ederto! Berak nahi duen bezalaxe. Inork ez du bera etortzerik nahi. Baina beti esango dut itzel txarto erabili duela nire alaba; eta ni Jane banintz, ez nukeen halakorik onartuko. Baina, tira, Jane bihotza urratuta hilko da, eta orduan gizon horrek bere eginen damua izango du, horixe da nire gozagarria».

        Baina halako itxaropenak Elizabethi batere gozamendurik ematen ez zionez, ez zuen erantzunik eman.

        «Ondo, Lizzy», jarraitu zuen amak geroxeago, «orduan Collinstarrak oso goxo bizi dira, ezta? Ondo, ondo, ea irauten duen. Eta zer-nolako mahaia dute? Charlotte gobernatzaile bikaina da, bai, hala esango nuke nik. Bere ama den zorrotzaren erdia bada, bada gordezale nahikoa. Haien etxearen gobernuan ez da bonbonkeriarik izango, horixe esango nuke, bai».

        «Ez, bat ere ez».

        «Mordoxka bat gobernu on, ziur izan. Bai, bai. Kontuz ibiliko dira euren sarrerak ez gainditzeko. Diruak ez die inoiz nahigaberik emango. Ederto, bejondeiela! Eta, beraz, askotan egingo dute berba, suposatzen dut, zure aita hil eta gero Longbourn eurentzat edukitzeaz. Gertatzen denean gertatzen dela ere, eurek guztiz beretzat hartzen dute, seguru».

        «Ezin zuten gai hori nire aurrean aipatu».

        «Ez. Bitxia izango zen egin balute. Baina nik ez daukat dudarik, askotan hitz egiten dute horretaz euren artean. Ondo, legez eurena ez den etxalde batekin lasai egon ahal badira, askoz hobeto. Ni neu lotsatuta egongo nintzateke maiorazkoz besterik heldu ez zaidan etxe-partearekin».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkua" orrialde nagusia