HOGEITA HEMERETZIGARREN ATALA

 

        Maiatzeko bigarren astea zen hiru dama gazteek Gracechurch kaletik elkarrekin irten zutenean Hertfordshireko ———————- hirira joateko; eta Bennet jaunaren kotxea beren bila etortzeko erabakitako ostatura hurbildu zirelarik, andereñoek Kitty eta Lydia antzeman zituzten goiko pisuko jantokitik kanpora begira, kotxe-zaina ordutsu ibilia zen seinale. Neska biok ordubetetik gora zeramaten bertan ederki lanpeturik, esan nahi baita, aurrez aurre zeukaten ginbail denda bisitatzen, zaindari zegoen jagoleari begira, eta entsalada eta pepino bat maneatzen.

        Ahizpei ongietorria eman ostean, neskatilek garailearen pozaz erakutsi zieten mahaia, ostatuetako jakitegiek normalean eskaintzen duten okela hotz horretaz hornitua, aldi berean «Goxoa, ezta? Ez al da ustekabe atsegina?» hots egiten zietela.

        «Eta zuek guztiok gonbidatzeko asmoa genuen», erantsi zuen Lydiak; «baina zuek utzi beharko diguzue dirua, gurea kanpoko denda horretan gastatu berri dugu eta». Gero, bere erosketak erakutsiz: «Begira, bonet hau erosi dut. Ez zait oso polita iruditzen; baina pentsatu dut erosi zein ez erosi, berdin-berdin zitzaidala. Etxera orduko, desegin egingo dut, ea zer edo zer hobea egin ahal dudan».

        Eta bere ahizpek itsusitzat arbuiatu zutenean, Lydiak hau gehitu zuen batere axolarik gabe, «O! Dendan baziren bizpahiru itsusiago; eta ertzetan duen satenaren ordez beste kolore politago bateko puska bat josten diodanean, oso onargarri geratuko dela uste dut. Gainera, shireko ofizialak Merytonetik joaten direnean ardura gutxi izango du uda honetan batek zer janzten duen, eta hamabost egun barru aldenduko direnez...»

        «Benetan?» hots egin zuen Elizabethek, ezin alaiago.

        «Brighton ingurutan jarriko dute kanpamendua; eta barren-barrenetik gura nuke aitak gu denok bertara eramatea udarako! Hain litzateke plan gozagarria, eta kostua ere, hutsaren hurrengo, esango nuke. Amatxok ere gura luke hara joan beste edozeren gainetik! Bakar-bakarrik pentsa ezazu zelako uda negargarria izango dugun bestela!»

        «Bai», pentsatu zuen Elizabethek, «horixe izango litzateke plan gozagarria, alajaina, eta gu denok behingoz errekara eroateko aproposena. Ene Jainko maitea! Brighton eta soldadu bete kanpamendu bat, norentzat eta guretzat, ofizial talde ziztrin batek eta Merytoneko hileroko dantzaldiek gainez-gainez eginda eduki gaituztenontzat».

        «Eta orain berriak dauzkat zuentzat», esan zuen Lydiak, mahai aurrean jesartzen zirela. «Zer uste duzue? Berri zoragarriak dira, egundoko berriak, eta guk denok estimatzen dugun pertsona baten gainekoak».

        Janek eta Elizabethek elkarri begiratu zioten, eta kamareroari joateko baimena eman zitzaion. Lydiak barre egin zuen, hala esanez:

        «Hara, zuek zarete, zuek, neska zentzuzko eta begiratuak. Kamareroak ez duela entzun behar uste izan duzue, batere ardura balitzaio bezala! Ausartuko nintzateke esatera sarritan entzuten duela esatera noana baino gauza txarragorik. Baina itsusia da morroia gero! Pozik nago joan izana. Ene bizitza osoan ez dut hori baino kokots luzeagorik ikusi. Baina, tira, goazen berrietara: Wickham gureari buruzkoak dira; gehiegi kamareroarentzat, ezta? Ez dago Wickham jauna Mary Kingekin ezkontzeko arriskurik. Hortxe duzue! Liverpooleko osabarenera joan da; geratzekotan joan ere. Wickham sendo eta onik dago».

        «Eta Mary King ere bai!» gehitu zuen Elizabethek; «sendo eta onik, ondasunei begira zentzumen gutxikoa izango zen lotura bat baztertuta».

        «Gogoko bazuen, tuntun hutsa da joategatik».

        «Baina ez alde batean ez bestean atxikimendu handirik ez izatea espero dut», esan zuen Janek.

        «Wickhamenean ez, ziur naiz. Lepoa egingo nuke bost axola izan zaiola beti. Nori izango zaio axola izpilez betetako gauza txiker eta nazkante hori?»

        Elizabeth ikaratuta geratu zen. Halako hizkera gordina erabiltzeko gai ez bazen ere, bere bularrak behinola babestutako sentimendu gordina ez zen asko aldentzen Lydiak adierazitako horretatik, eta berari sentimendu eskuzabala iruditu zitzaion bere garaian!

        Jaten bukatutakoan, eta ahizpa nagusiek ordaindu bezain laster, kotxea eskatu zuten; eta zenbait lan eta nekeren ondoren talde osoa jesarri zen bere kutxa, joste-poltsa eta fardel guztiekin, Kitty eta Lydiak ordu txarrean egindako erosketak barne.

        Zein gozo gauden hemen estu-estu eginda, e?» egin zuen Lydiak aldarri. «Pozten naiz boneta erosia, beste kapela-kutxa bat izateagatik besterik ez bada ere! Tira, orain jar gaitezen denok oso gustura eta oso goxo, eta egin dezagun berba eta barre etxerako bide guztian. Eta, lehenengo eta bat, entzun dezagun zer gertatu zaizuen zuei guztioi etxetik joan zinetenetik. Gizon atseginik ikusi duzue? Maiteñoren bat izan duzue? Etorri aurretik zuetako batek senarra lortuko zuen esperantza handiak nituen. Jane neskazaharra izango da hemendik gutxira, hara zer diotsuedan. Hogeita hiru urte ditu ia-ia! Ene Jauna, zein lotsatuta egongo nintzatekeen hogeita hiru urteak betetzerako ezkonduta ez banengo! Ez dakizue zuek ondo izeko Philipsek zer-nolako gogoa duen zuek senarra lortzeko. Lizzyk Collins jauna onartu beharko zukeela dio berak; baina nik neuk ez niokeen batere graziarik ikusiko. Jauna! Zenbat gustatuko litzaidakeen zuetako edozein baino lehenago ezkontzea; eta orduan ni zuen andere-laguna izango nintzateke dantzaldi guztietan. Jainko nirea! Zein ederto pasatu genuen lehengo egunean Forster Koronelaren etxean. Kitty eta biok eguna bertan ematekoak ginen, eta Forster andereak gauean dantzaldi txiki bat izango genuela agindu zuen; (bide batez esanda, Forster anderea eta biok hain gara lagun onak!) eta, beraz, Harrington andereño biei eskatu zien etortzeko, baina Harriet gaixorik zegoen, eta Penek bakarrik etorri behar izan zuen; eta, ezetz asmatu zer egin genuen! Andrez jantzi genuen Chamberlayne, damatzat saldu ahal izateko... zein barregarria, egizue kontu! Forster «Koro» eta anderea, eta Kitty eta biok kenduta, arima batek ere ez zuen ezer jakin izeko Philips izan ezik, eta hori soineko bat eskatu behar izan geniolako; eta ezin duzue imajinatu zein itxura ona zuen. Denny, eta Wickham, eta Pratt, eta beste bizpahiru gizon gehiago etorri zirenean, batek ere ez zion antzik hartu. Jauna! Zelako barreak egin nituen! Eta Forster andereak ere bai. Hil egingo nintzela uste nuen. Eta horrek susmoan jarri zituen gizonak, eta berehala asmatu zuten zer gertatzen zen».

        Beren festa eta broma onen istorio horiekin asaiatu zen Lydia, Kittyren ohar eta xehetasun osagarrien laguntzaz, bere bidaideek Longbournerako bide guztian ondo pasa zezaten. Elizabethek ahalik eta gutxiena entzuten zuen, baina ez zegoen itzuri egiterik Wickhamen behin eta berriroko aipamenari.

        Etxean guztiz abegi atsegina egin zieten. Bennet anderea bozkariotan jarri zen Janeren edertasuna bere oso eta betean ikusita; eta bazkaldu bitartean Bennet jaunak behin baino gehiagotan esan zion bihotzez Elizabethi:

        «Pozik nago etorri izanaz, Lizzy».

        Talde ederra bildu zen etxeko jangelan, ia-ia Lucastar guztiak etorri zirelako Maria ikusi eta albisteak entzutera: eta denetariko gaiak ibili zituzten; mahaiaren alde batetik bestera, Lady Lucas bere alaba nagusiaren ongizate eta hegaztien gainean zebilkion galdezka Mariari; Bennet andereak zeregin bikoitza zeukan, urrun samar zeukan Janeri modaren nondik norakoak galdetuz alde batetik, eta Lucas andereño gaztetxoei horiek denak berrituz bestetik; eta Lydia, inor baino dezente ozenago, goizeko gozamen guztiak aletzen ari zen entzun gura zioten guztientzat.

        «O! Mary», esan zuen, «etorri beharko zenuen, ederto baino edertoago pasatu dugulako! harako bidean Kitty eta biok kotxeko gortina guztiak altxatu ditugu kotxea hutsik zihoalakoa egiteko; eta ni neu halaxe joango nintzen bide osoan Kitty zorabiatu ez balitz. Eta Georgenekora heldu garenean oso eskuzabal jokatu dugula iruditzen zait, beste hirurak munduko armosu hotzik gozoena hartzera gonbidatu ditugulako, eta etorri izan bazina, zu ere gonbidatuko zintugun. Eta gero zelako barreak irten dugunean! Uste nuen ez ginela inoiz kotxean sartuko. Barrez lehertzekotan egon naiz. Eta zein pozik etorri garen gero etxerako bide osoan. Hain gora egiten genuen barre eta berba, edozeinek entzungo gintuen hamar miliatara!»

        Hala erantzun zion Maryk oso serio, «Lekutan naiz ni, ene ahizpa maitea, halako gozabideak gutxiestetik. Emakume gehienen gogoarentzat atseginak lirateke, zalantzarik gabe. Baina aitortu behar dut niretzat ez luketela inolako xarmarik izango. Nik liburu bat gurago nuke mila bider».

        Baina erantzun horretatik Lydiak ez zuen hitz bat ere aditu. Gutxitan entzuten zion inori minutu erdi baino luzeago, eta Maryri sekulan ez zion inongo jaramonik egiten.

        Arratsaldean Lydia beste neska guztiak akuilatzen ibili zen Merytonera oinez joateko eta mundu guztia zelan zebilen ikusteko; baina Elizabethek sendo ekin zion kontra planari. Ez zezala inork esan Bennet andereñoek ezin zutela egun erdia etxean eman ofizialen atzetik korrika irten barik. Bazuen ezezkorako beste arrazoirik gainera. Izutu egiten zuen Wickham berriro ikusteak, eta ahalik eta luzeen saihestea erabakita zeukan. Guda-aldea luze gabe handik aldatuko zela pentsatzeak sekulako arindua ematen zion, hitzetatik haragokoa. Handik hamabost egunera joatekoak ziren, eta, behin joanda, gizon horren kontura nahigabe gehiago etorriko ez zitzaion esperantza zeukan.

        Etxean ordu asko eman barik Elizabeth ondo ohartu zen Brightonerako plana, Lydiak ostatuan erdizka aipatu ziena, gurasoen sarritango eztabaidagaia zela. Berehala ikusi zuen aitak ez zuela amore emateko asmo izpirik ere; baina, aldi berean, bere erantzunak hain ziren lauso eta ez-baiezkoak non amak, askotan bihotz erorita ibili arren, ez baitzuen behin ere galtzen azkenean irabazteko esperantza.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia