HOGEITA HAMAZORTZIGARREN ATALA

 

        Larunbat goizean Collins jauna eta Elizabeth gosaritan elkartu ziren besteak etorri baino lehentxeago; eta gizona aukera horretaz baliatu zen behar-beharrezko zeritzen agur begiramen guztiak adierazteko.

        «Ez dakit, Elizabeth andereñoa», esan zuen, «Collins andereak agertu ote dizun bere eskerrona hain atsegina izan eta gurera etortzeagatik, baina oso seguru daukat ez duzuna etxe hau utziko haren eskerrak jaso gabe. Zure konpainiaren ohorea biziki igarri da hemen, zinez diotsut. Badakigu zer gutxi dagoen hemen inork gure teilape apalerako kilika izateko. Gure bizimodu soilak, gure gela txiki eta zerbitzari gutxiek eta munduaz ditugun berri urriek, horrek guzti horrek oso aspergarri egin behar du Hunsford zu bezalako dama gazte batentzat; baina zure astia desatseginez ez emateko gure esku egon den guztia egin dugula pentsatu nahi nuke, eta egin diguzun mesedeak merezi duen bezain eskertsu ageri gaitezen espero dut».

        Elizabethek sutsu eman zizkion eskerrak, eta guztiz zoriontsu izan zela ziurtatu. Ederto emanak zituen sei aste horiek eta bera zen eskerrez egon behar zuena, bai Charlotterekin egotearen atseginagatik eta bai hartutako begiramen adeitsu guztiengatik ere. Collins jauna gogobeterik zegoen; eta solemnitate irribarretsuago batez, honela arrapostu zion:

        «Zeharo lakegarria zait zure astia desatseginkiro eman ez duzula entzutea. Ahal izan dugun guztia egin dugu, hori bai; eta, zorionez, nolaz eta zu goi-goi mailako lagunen aurrean aurkezteko modua izan dugun, eta, Rosingsekin dugun loturari esker, etxeko inguru apala sarritan uzteko aukera ere bai, nik uste dut pozik pentsa dezakegula Hunsfordera egin duzun bisita ez dela erabat gogaikarria izan. Lady Catherineren familia denaz bezainbatean, oso jende gutxi harrotu daiteke guk dugun abantaila, guk dugun bedeinkazioa izateaz, benetan. Ikusi duzu zelako harremana dugun. Ikusi duzu zein sarritan izaten ditugun bertan konpromisoak. Egiaz, hauxe aitortu behar dut, erretore-etxe apal honek dituen gaitz guztiekin ere, bertako egoiliarrak ez zaizkit errukarri irudituko, Rosingsen adiskide kutunik duten bitartean».

        Berbak motz geratzen ziren sentimendu goren horietarako; eta Elizabeth gizalegea eta egia esaldi labur batzuetan biltzen saiatzen zen bitartean, Collins jaunak batera eta bestera ibiltzea besterik ez zuen izan.

        Izatez, ene lehengusina maitea, oso berri onak eman ditzakezu gutaz Hertfordshiren. Behintzat, horretarako era izango duzula pentsatu gura dut. Lady Catherinek Collins anderearekiko dituen adeien lekuko izan zara egunero; eta, oro har, nik uste ez dirudiela zure adiskidea zorigaiztoko bihurtu denik... baina hori dagoen-dagoenean uztea, onena. Utzidazu bakar-bakarrik ziurtatzen, ene Elizabeth andereño maitea, bihotz-bihotzetik eta begi onez opa dizudala pareko zoriona ezkontzen zarenean. Nire Charlotte maitea eta biok gogo bateko eta pentsabide batekoak gara. Gure artean oso antzekotasun nabarmena dago hala izaeraz nola ideiez gauza guztietan. Bata bestearentzat jaio garela ematen du».

        Elizabethek halako egoerak zorion handikoak direla erantzun zion lasai asko, eta zintzotasun berberaz gehitu zuen bete-betean sinesten zuela etxe horren goxotasunetan, eta oso pozgarriak zitzaizkiola. Hala ere, goxo horien guztien iturburu zen dama sartu zenean, Elizabeth ez zen batere nahigabetu Collins jaunak bedeinkazio haien zerrenda moztu beharragatik. Charlotte koitadua! Hain zen gauza malenkoniatsua halako konpainian utzi beharra! Baina berak aukeratua zuen, eta begiak zabalik; eta bisitariak joan beharra argi eta garbi damu bazitzaion ere, ez zirudien erruki eske zebilenik. Etxeak eta berorren gobernuak, elizbarrutiak eta hegaztiek, eta hori denari lotutako ardura guztiek beren xarma gordetzen zuten artean ere.

        Azkenean kalesa heldu zen; kaxak ondo lotu, fardelak barruan kokatu, eta dena prest zegoela adierazi zen. Adiskide biek elkarri agur laztantsua egin ondoren, Collins jaunak lagun egin zion Elizabethi kotxera, eta lorategian behera zihoazela, gizonak enkargu egin zion andereñoari bere eskumuinak etxeko guztiei emateko, neguan Longbournen erakutsi zioten adeilegeagatik eskerrak ematea ahaztu barik, eta, ezagutzen ez bazituen ere, Gardiner jaun-andereentzako goraintziak ere emanez. Ondoren, eskua eman zion kotxera igotzeko, gero Mariak igo zuen, eta atea ixtekotan zeudenean halako batez Collins jaunak, larri samarturik, Rosingseko damentzat mezuren bat uztea ahaztua zutela gogorarazi zien.

        «Baina», erantsi zuen, «zuen eskumuin apalak ematea eta hemen izan zareten bitartean zuekin izan duten adeiarengatik zuen eskerrik beroenak eramatea nahi izango duzue, jakina».

        Elizabethek ez zuen eragozpenik jarri; orduan atea traba barik itxi ahal izan zen, eta kotxeak alde egin zuen.

        «Aitaren!» hots egin zuen Mariak minutu batzuetako isilunearen ostean, «orain egun bat edo bi etorri ginela ematen du! Eta, hala ere, zenbat gauza jazo diren!»

        Askotsu benetan», esan zuen haren lagunak zizpuru batez.

        «Bederatzi bider bazkaldu dugu Rosingsen, eta birritan hartu dugu tea bertan! Zenbat daukadan kontatzeko!

        «Eta zenbat daukadan nik isiltzeko!» gehitu zuen Elizabethek bere artean.

        Bidaia berbeta handirik gabe eta asaldura batere barik burutu zen; eta Hunsfordetik irten eta lau ordu geroago Gardiner jaunaren etxera iritsi ziren, non egun batzuk igarotzeko asmoa zuten.

        Janek itxura ona zuen, eta Elizabethek ia ez zuen aukerarik izan bere ahizparen gogoa aztertzeko, izeko adeitsuak eurentzat prestatuak zituen konpromiso anitzen artean. Baina Jane berekin etxera joatekoa zen, eta Longbournen betarik asko izango zen ondo begiratzeko.

        Bitartean, Elizabethek lanak izan zituen Longbournera arte itxaroteko Darcy jaunaren proposamenak ahizpari berritu barik. Albisteak zur eta lur utziko zuen Jane, eta, aldi berean, gozatu ederra emango zion nahi eta ez Elizabethen harrokeriari, hau da, bene arrazoimenak artean ere ezabatu barik zeukan harrokeria apurrari. Halako gauza bat kontatzea bere esku zegoela jakitea ahoa zabaltzeko tentazio itzela zen, eta Janeri zenbateraino jakinarazi behar ote zion zalantzak bakarrik lotu ahal zuen irrika hori; horrek eta beldurrak, zeren gaian sartu bezain laster, Janek Bingleyri buruzko zer edo zer errepikatzeko estutuko zuen Elizabeth beharbada, eta horrek ahizpa nagusia gehiago nahigabetzea besterik ez zuen lortuko.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia