HOGEITA HAMAZAZPIGARREN ATALA

 

        Biharamun goizean zaldun biak Rosingsetik joan ziren; eta Collins jaunak —sarrera-etxolen inguruan zain ibilia zenez gizonei azken agur-erreberentzia egiteko— albiste pozgarri bat eraman ahal izan zuen etxera, alegia, biak oso osasuntsu ageri zirela, eta, Rosingsen bizi berria zuten eszena malenkoniatsua kontutan hartuta, baita alai samar ere. Rosingsera lehiatu zen ondoren, Lady Catherine eta bere alabari bihotza altxatzeko; eta handik bueltan, Lady Catherineren mezu bat ekarri zuen guztiz atsegin handiz, hots, anderea hain zegoela aspertuta non haiek guztiok berekin bazkaltzeko irrikatan zegoen.

        Lady Catherine ikusi, eta Elizabethek ezin izan zion eutsi zera gogoratzeari, berak hala nahi izan balu, ordurako iloba-gai gisa aurkeztua izango zatekeela haren aurrean; andereak hartuko zukeen erresumina ere ezin zuen irribarrerik gabe gogoan ibili. «Zer esango ote zuen? Zelan jokatuko ote?» halako itaunetan jostatzen zen Elizabeth.

        Lehenengo mintzagaia Rosingseko taldearen murrizketa izan zen. «Benetan diotsut, itzel igartzen dut», esan zuen Lady Catherinek; «Uste dut inork ez duela lagunen hutsa nik bezainbeste sumatzen. Baina gazte bioi atxikimendu berezia diet; eta haiek ere, ondo dakit nik, hain didate lege handia! Damu larria zuten joan beharra! Baina halakoxeak dira beti. Koronel maiteak, zelanbait ere, gogoari eutsi zion ia azkenera arte; baina Darcyk izugarrizko dolua zuela zirudien, iaz baino handiagoa, nik uste. Gero eta atxikimendu handiagoa hartzen ari zain Rosingsi, bai horixe».

        Collins jaunak konplimendu bat eta zehar-hitzen bat tartekatu zituen une horretantxe, ama-alabek irribarre adeitsu banaz jaso zituztenak.

        Bazkalostean, Lady Catherinek Bennet andereñoak gogo jausirik zirudiela oharteman zuen, eta horren arrazoia etxera hain arin joan beharra izango zela segituan erabakirik, hauxe erantsi zuen:

        «Baina kontua hori bada, amari idatzi behar diozu luzetxoago geratzeko erregutuz. Collins anderea oso pozik egongo da zu bere ondoan izanda, ziur naiz».

        «Biziki estimatzen diot gonbite adeitsu hau, Lady Catherine» arrapostu zuen Elizabethek, «baina ez dago nire esku berori onartzea. Datorren larunbatean hirian izan behar dut».

        «Nola! Horrela sei aste baino ez dituzu hemen emango. Bi hilabetez egongo zinelakoa neukan. Halaxe esan nion Collins andereari zu etorri baino lehen. Ezin da arrazoirik izan hain arin joateko. Bennet anderea ondo moldatuko da zu barik beste hamabostaldi batean, seguru».

        «Baina gure aita ez. Joan den astean lehenago itzultzeko idatzi zidan».

        «O! Zure ama zu barik ondo moldatu ahal bada, zure aita ere bai, esan beharrik ez. Aita batentzat alabak ez dira inoiz hain kontuzkoak. Eta beste hilabete oso batez geratzen bazara, zuetako bat Londreseraino eroateko modua izango dut, ekain lehenean astebeterako joatekoa naiz eta; eta Dowsonek baroucheari aitzakiarik jartzen ez dionez, leku ederra izango da zuetako batentzat, eta, areago, hozkirria suerta baledi, ez nuke eragozpenik izango zuek biok eroateko, ez bata ez bestea oso handiak ez zaretenez».

        «Oro adeitsua da berori, anderea; baina hasierako planari lotu beharko gatzaizkiola uste dut».

        Lady Catherinek etsita zirudien.

        «Collins anderea, zerbitzari bat bidali beharko duzu haiekin. Badakizu beti esaten dudala pentsatzen dudana, eta emakume gazte bi eurak euretara postarik posta bidaiatzearen ideia jasanezinezkoa zait. Biziki desegokia da. Nor edo nor bidaltzeko modua egin beharko duzu. Munduko higuinik handiena diet halako gauzei. Emakume gazteek behar bezala jagonda eta begiratuta egon beharko lukete beti, beren bizi egoerari dagokion moduan. Gure iloba Georgiana aurreko udan Ramsgatera joan zenean, bi otsein eroan zitzan tematu nintzen. Darcy andereñoa, Pemberleyko Darcy jaunaren eta Lady Anneren alaba, ez zatekeen eraz azalduko bestela. Oso-oso konturako hartzen ditut nik gauza horiek guztiok. John bidali behar duzu dama gazteekin, Collins anderea. Pozten naiz hori aipatzea otu izana; izan ere, izena belztuko lizuke damei bakarrik joaten uzteak».

        «Gure osabak zerbitzaria bidaliko du gure bila».

        «O! Zure osabak! Otseina dauka orduan, ezta? Baduzue gauza horietaz pentsatzen duen nor edo nor, asko pozten nau horrek. Non aldatuko dituzue zaldiak? O! Brombleyn, jakina. Bell-enean nire izena aipatzen baduzue, kontu hartuko dizuete».

        Bidaia zela-eta, Lady Catherinek beste hainbat itaun zeukan egiteko, eta den-denak berak erantzuten ez zituenez, beharrezkoa zen adi egotea, oso gauza zorionekoa Elizabethen ustetan; bestela, buruan hainbeste gauza izanda, beharbada non zegoen ere ahaztuko zitzaion eta. Gogoetak bakardade orduetarako gorde behar ziren; bakarrik geratzen zen bakoitzean, haiei bide eman eta arindurik handiena hartzen zuen; eta ez zitzaion egunik joaten oroitzapen desatseginen eztitan gozatzeko ibilaldi bakartiarrik egin gabe.

        Darcy jaunaren gutuna laster buruz jakiteko bidean zegoen. Esaldi guzti-guztiak aztertzen zituen, eta egilearenganako sentimenduak erruz aldatzen zitzaizkion batetik bestera. Haren hizkera modua gogoratzen zuenean sutan jartzen zen artean ere; baina gizona zein bidegabero gaitzetsi eta alatu zuen pentsatzen zuenean, haserrea bere buruaren kontra jartzen zitzaion; eta orduan Darcyren sentimendu huts eginak bihurtzen ziren errukarri. Gizonaren atxikimenduak eskerrona sortzen zuen, bere izaerak, oro har, begirunea; baina Elizabethek ezin zuen bera onetsi; ez eta emandako ezetzaz une batez ere damutu, edo Darcy berriro ikusteko gogorik txikiena izan. Bere iragan jokaera sumin eta damu iturri etengabea zen Elizabethentzat; eta bere etxekoen akats zoritxarrekoek xangrina are larriagoa sortzen zioten. Ez zuten konponbiderik. Aita, alaba txikien lepotik barre egitearekin nahikoa izanda, ez zen inoiz ahaleginduko haien gangarkeria xelebrea hezten; eta ama, egokitasunetik hain urrun zeuden moldeen jabea bera ere, ez zen inondik ere gaitzaz konturatuko. Elizabeth eta Janek askotan biltzen zituzten euren indarrak Catherine eta Lydiaren buru-arinkeria zuzentzeko eginahalean; baina amaren begi barkaberak neskatilei haria ematen zien bitartean, zein aurrerabide espero zitekeen? Catherinek —bihotz ahulekoa, haserrekorra, eta Lydiaren menpeko hutsak— laidotzat hartzen zituen beti haien aholkuak; eta Lydiak, burugogor eta axolabakoak, nekez emango zien entzuterik. Ezjakinak, alferrak eta gangarrak ziren. Merytonen ofizial bat zen bitartean, harexekin ibiliko ziren altxaliliketan; eta Longbournetik Merytoneraino osteratxo bateko bidea zegoen bitartean, bertara joaten eta joaten ibiliko ziren beti.

        Bestalde, Elizabeth oso larrituta zegoen Janerengatik, eta Darcy jaunaren azalpenak Bingley jaunari buruzko iritzi ona guztiz lehengoratua zionez, orain nabarmenago egiten zitzaion Janek galdutakoaren balioa. Frogatuta zegoen Bingleyren oniritzia zintzoa izan zela, eta bere jokaera kito zegoen hoben orotatik, bere lagunarengan uste oso-osoa izatea errua ez bazen behintzat. Alde guztietatik hain desiragarria zen bizi egoera, hainbeste hobariz betea, halako zorion aginduez jantzia... eta Jane berori barik zegoen orain, zergatik eta bere etxekoen txorakeria eta ez-gisagatik; zein larrigarria zen pentsamendu hori!

        Gogoeta hauei Wickham jaunaren izaeraren argitaratzea erantsiz gero, erraz ulertuko da Elizabethen gogo argia orain arras atsekabeturik egotea, lehen nekez zapuztuko zen umorea orain ia-ia zeharo amataturik azaltzea.

        Egonaldiko azken astean hasieran bezain sarri izan zituzten konpromisoak Rosingsen. Azken iluntzea bera bertantxe eman zuten; eta Lady Catherinek, berriro ere, bidaiaren argitasun guztien galde egin zuen zehatz eta mehatz, fardelak prestatzeko metodorik onenaren argibideak eman zizkien, eta hain premiatsu aritu zen soinekoak modu zuzen bakarrean kokatu beharraz, non, itzulitakoan, Mariak behartuta ikusi zuen bere burua goizeko lan guztia desegin eta bere kaxa berriro prestatzera.

        Partitu zirenean Lady Catherinek, guztiz etorkor, bidaia ona opatu zien, eta hurrengo urtean berriz ere Hunsfordera etortzera gonbidatu; eta De Bourgh andereñoak erreberentzia egin eta dama biei eskua luzatzerainoko ahaleginak egin zituen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia