HOGEITA HAMASEIGARREN ATALA

 

        Darcy jaunak eskutitza eman zionean Elizabethek eskaintza-berritzerik espero ez bazuen ere, ez zuen inondik ere susmatzen gutunaren edukia. Baina, zen modukoa izanda, erraz asmatuko da zein gogotsu heldu zion Elizabethek, eta zein zarrazta kontrakoak eragin zizkion. Nekez zehaztuko dira irakurri ahala sortu zitzaizkion sentimenduak. Hasieran harri— harrituta geratu zen Darcy jaunak bere esku inolako barkeske modurik izan zitekeela pentsatzeaz; gainera, bere jokaeraren azalpenik izatekotan, gutxieneko lotsa-zentzu batek ezkutarazi egin beharko ziola uste zuen Elizabethek irmoki. Darcyk esan zezakeen guztiaren aurkako aurrejuzku handiez bada, Elizabethek Netherfielden jazotakoaren kontaketari heldu zion. Hain lehiatsu irakurtzen zuen non ia-ia ez zuen aditzeko modurik, eta hurrengo esaldiak zer ote zekarren jakiteko ezinegonaz, ez zen gauza begi aurrean zeukanaren esanahiari jararik emateko. Bere ahizpak ezer sentitzen ez zuelako uste hori faltsutzat erabaki zuen istantean, eta ezkontzarako eragozpen benetako eta txarrenen azalpenak haserre handiegia sortu zion Darcyri justizia egiteko gogorik izateko. Gutunak ez zuen adierazten Elizabethen gogarako dolurik; ez zuen damutuaren estiloa, burgoiarena baino. Harrotasuna eta laineza zen dena.

        Baina gai honi Wickham jaunaren kontuek jarraitu ziotenean, Elizabethek arreta handixeagoaz irakurri zituenean gertaera horiek, zein, egia izanez gero, ofizialaren balioaz zeuzkan iritzi xamur guztiak hondaraziko zituzten, eta, bestalde, hain antz asaldagarria zeukaten Wickham jaunak bere buruaz kontatuko istorioarekin... Hori guztia leitu zuenean biziagoa izan zen Elizabethen sentimenduen mina, eta zehazgaitzagoak, berriz, sentimenduok. Harridurak, goganbeharrak, eta are izuak ere estutu zuten Bennet andereñoa. Gezurtetsi egin nahi zuen erabat. «Gezurra izan behar du! Ezin da izan! Honek faltsukeriarik zakarrena izan behar du!» egin zuen hots behin eta berriro. Eta gutun osoa gainetik begiratuta izan zuenean, azken orri pareaz ezer gutxi bazekien ere, gorde egin zuen presaka, ez zuela ezertan ere hartuko adieraziz, sekulan ere ez ziola berriro begiratuko.

        Gogo nahasmendu honetan, eta bere pentsamenduak inon ere ezin pausaturik, Elizabethek oinez jarraitu zuen; baina alferrik; handik minutu batera berriz ere tolesgetu zuen gutuna, eta albait ondoen bere buruaz jabetuz, Wickhami lotutako guztiaren irakurketa mingarriari heldu zion, esaldi bakoitzaren esanahia aztertu arte bere buruaz nagusituz. Pemberleyko familiarekiko loturaren azalpena eta Wickhamek kontatutakoa bat bera ziren; eta Darcy jaun zenaren ongura ere, Elizabethek ordura arte norainokoa zen jakin ez zuen arren, batto zetorren, halaber, ofizialaren berbekin. Horraino azalpen bakoitzak bestea sendotzen zuen: baina testamendura heldu orduko, alde handia zegoen. Elizabethek bizi-bizirik zuen oroimenean Wickhamek eliz bizibideaz esandakoa, eta haren hitzak gogora ekarrita, ezina izan zitzaion alde batean edo bestean azpikeria baldarra zegoela ez pentsatzea; eta, lipar batez, bere desirak oker ez zeudelako ametsari eman zion amore. Baina hurren zetozen xehetasunak arretarik hertsienaz irakurri eta berrirakurri zituenean, hau da, nola Wickhamek jaregin zituen eliz bizibiderako eskubide guztiak, eta nola, horren ordez, hiru mila libra bezalako dirutza kontuzkoa jaso zuen, orduan Elizabethek zalantza egin behar izan zuen berriro, nahitaez. Gutuna alde batera utzi zuen, alderdi guztiak grinagabea izan nahi zuen modu batez aztertu, adierazpen bakoitzaren egiantza ikertu... baina atarramendu gutxirekin. Baieztapena baino ez zen, alde batean zein bestean. Irakurtzeari lotu zitzaion berriro. Edozein jantziren pean azalduta ere, ezina zen afera horretan Darcyren jokaera gutxienez zitala izan zela ez agertzea, hori uste zuen Elizabethek, baina, hala ere, lerro bakoitzak auziak itzuli bat egin zezakeela erakusten zuen, Darcy jauna arazo oso-osoan guztiz errugabe izan zela azalduko zuen itzulia, hain zehatz.

        Darcyk Wickham jaunari erreparo barik bizkarreratzen zizkion bonbonkeria eta nasaikeriak ikaragarri asaldatu zuten Elizabeth; eta, are gehiago akusazioa bidegabea zelako frogarik bildu ezin zuela ikusita. Gizon gazte hark Wickham jauna hirian ustekabez topatu, bertan bien arteko ezaupide arina berpiztu, eta, gizon berorrexek bultzatuta Wickham jauna ————— shireko Miliziara sartu ez zen arte, Elizabethek ez zuen inoiz haren berririk izan. Haren aurreko bizimoduaz ezertxo ere ez zekiten Hertfordshiren, hark berak esandakoa salbu. Gizonaren benetako izaerari zegokiola, jakiteko erarik izanda ere, Elizabethi sekula ez zitzaion galdetzeko beharrik sortuko. Bere begitarteak, ahotsak eta moldeek bertute ororen jabe ezarri zuten behingoan. Elizabethek ahaleginak egin zituen gogoratzeko Wickham jauna Darcy jaunaren erasoetatik onik atera zezakeen zer edo zer, ontasun adibideren bat, prestutasun edo ongura nabarmenaren ezaugarriren bat; edo, behintzat, bertutea nagusi izanik, huts egite kasual horiek berdindu zitzakeen zer edo zer, ausazko huts egitetzat sailkatu nahi baitzituen Elizabethek Darcy jaunak urte askotako alferkeria eta ekandu galdutzat irudikatzen zituenak. Baina ez zitzaion halako oroitzapenik lagun etorri. Bere aurrean ikus zezakeen Wickham jauna orduantxe bertan, bere eite eta solasaren xarma guztian; baina auzunearen aho beteko onespenaz gain, eta Wickhamek bere jendetasunari esker ofizialen jantokian irabazita zuen oniritzia kenduta, Elizabethek ezin izan zuen on mamitsuagorik gogoratu. Puntu horretan tarte luzetxoan gelditu ondoren, Elizabethek irakurtzen jarraitu zuen. Baina, ondikotz! Ondoren zetorren kontuak, Wickham jaunak Darcy andereñoaren gainean zerabiltzan asmoenak alegia, aurreko goizean bertan Fitzwilliam Koronelaren eta bere artean gertatutakoak sendotzen zuen nolabait ere; eta, amaitzeko, xehetasun guztien egiaren alde, Darcy jaunak Fitzwilliam Koronelarengana berarengana igortzen zuen Elizabeth... gizon horrexek berorrexek lehendik ere jakinarazia ziolarik bere lehengusuaren afera guztiez hurbil-hurbildik arduratzen zela, eta Elizabethek haren izen onaz zertan duda eginik ez zeukalarik. Une batez koronelarengana jotzera deliberatu zen ia-ia, baina harengana itaunka joatearen lotsa zela-eta berriz aztertu zuen ideia, eta azkenik erabat ezabatu, oso-osoki baitzeukan Darcy jaunak ez zukeela inoiz halako proposamenik menturatuko, baldin eta ondo ziur izan ez balitz lehengusuak dena egiaztatuko zuena.

        Elizabethek ederto gogoratzen zuen lehen gau hartan, Philips jaunarenean, Wickhamek eta berak izandako solasa. Haren esapiderik asko bizi-bizirik zeuden artean Elizabethen oroimenean. Baina orain txundituta geratu zen halako gauzak ezezagun bati jakinaraztearen desegokia ikusita, eta mira egin zuen lehenago ohartu ez izana. Wickhamek bere burua horrela nabarmentzearen ez-gisa ikusi zuen, eta gizonaren esanetatik bere eginetara zegoen aldea ere bai. Gogoan zuen nola harrotu zen Wickham jauna Darcy ikustearen beldur ez izateaz... Darcy jaunak herritik irtetea zeukala, bera tenk egongo zelako bere lekuan; alabaina, hurrengo astean bertan saihestu zuen Netherfieldeko dantzaldia. Era berean, Elizabethek ondo gogoratzen zuen nola Netherfieldekoak herritik joan arte, Wickhamek berari baino ez zion bere istorioa kontatu; baina, zelan haiek hirira aldatutakoan, auzia toki guztietan izan zen berbabide; orduan Wickham jaunak ez zuen ez isilgorderik ez ingirarik izan Darcy jaunaren izena hondoratzeko, nahiz eta berari aurretik ziurtatua zion aitarenganako begiruneak beti galaraziko ziola semeari jendaurrean mozorroa kentzea.

        Zein desberdin ageri zen orain Wickhami zegokion guztia! King andereñoarekiko adeiak helburu mertzenario huts eta gorrotagarrien ondorio ziren orain; eta andereño horren ondasun zelan-halangoak ez zuen gizonaren nahien apala frogatzen, edozein gauzari eusteko egarria baino. Elizabethekiko jokaerak ere ezin zuen arrazoi onargarririk eduki orain; edo okertu egin zen haren ondasunen gainean, edo, bestela, Wickham jauna bere harrokeriari gozoa ematen ibilia zen, Elizabethek guztiz burugabeki erakutsi uste zion begi argiari jarraituz. Ofizialaren aldeko azken borroka temati guztiak ahulagotuz eta ahulagotuz zihoazen; eta Darcy jauna areago zuritzeko, Elizabethek onartu behar izan zuen, beste biderik izan gabe, Bingley jaunak aspaldi baieztatua zuela, Janek horretaz itaundu zionean, bere lagun Darcyk ez zuela inolako errurik afera horretan; bestalde, euren ezaupideak sarritan elkarganatuak zituen Elizabeth eta Darcy azkenaldian, bai eta andereñoari eman ere gizonaren jokamoduekiko zelanbaiteko trebantzia; eta, Darcyren moldeak harro eta higuingarriak baziren ere, Elizabethek aitortu behar zuen beren ezaupideko denbora guztian berak ez zuela ikusi batere gauzarik, jaun hori printzipio bako edo zuzengabekotzat sala zezakeenik, aztura irrelijioso edo inmoralen jabe zela adieraz zezakeenik; onartu behar izan zuen bere senideen artean gizon estimatu eta balioztatua zela; Wickhamek berak aitortu ziola merezimendurik neba gisa, eta berak, Elizabethek, sarritan entzun izan ziola bere arrebaz guztiz xamur berba egiten, hartara sentimendu lagunkoiren baterako gai zela frogatuz. Onartu behar izan zuen, halaber, Darcyren eginak Wickhamek agertzen zituen modukoak izatera, zuzenbide ororen zapaltze zakar hori nekez ostenduko zela munduaren begietatik; eta ulertezina zela halakorik egiteko gauza zen pertsona bat eta Bingley lako gizon maitagarri bat adiskideak izatea.

        Lotsagorritu egin zen zeharo. Ezin zuen ez Darcy ez Wickham gogoan hartu, ohartu barik itsukeriaz, alderdikeriaz, aurrejuzkuz, zentzugabekeriaz jokatu zuela.

        «Zein modu erdeinagarrian jokatu dudan!» hots egin zuen. «Nik, neure ezagueraz harrotu naizen honek! Nik, neure burua neure adimenagatik goretsi dudan honek! Nire ahizparen xalotasun eskuzabala gutxietsi, eta, mesfidantza hutsal eta itsusgarrietan, neure harrokeriari atsegin ematen ibili naizen honek. Hau aurkikuntza umiliagarria! Zein umilazio zuzena, hala ere! Maiteminduta egonez gero ere, nire itsumen higuingarri hau ez zen handiagoa izango. Baina harrokeria, eta ez maitasuna, izan da ene txoramena. Bataren begi argiaz pozik eta bestearen mesprezuaz haserre, gure ezaupidearen hasieratik bertatik, lilura eta ezjakina gorteatu ditut gizon horiei zegokien guztian, eta arrazoimena, berriz, kanpora bidali. Oraintxera arte ez nuen neure burua ezagutzen».

        Bere buruarengandik Janerengana,Janerengandik Bingleyrengana, bere pentsamenduen nondik norakoak laster ekarri zion gogora Darcy jaunaren azalpena hor oso eskasa iruditu zitzaiola; eta berriro irakurri zuen. Bigarren irakurketak oso ondorio bestelakoak izan zituen. Kasu batean Darcyren baieztapenei emandako sinestea, zelan ukatuko bestean? Ahizparen atxikimenduaz susmo izpirik ere ez zuela izan adierazten zuen; eta Elizabethek ezin izan zion eutsi Charlottek betidanik izandako iritzia gogoratzeari. Eta Darcy jaunak Janez egiten zuen deskribapena doia zen, hori ere ezin zuen ukatu. Elizabeth konturatu zen Janek sentimendu gartsuak bazituen ere, ez zituela asko erakusten, eta haren eite eta moldeetan gozotasuna ispilatzen zela etengabe, gozotasun hori, gehienetan, aparteko sentimenduei lotuta egon barik.

        Bere familia halako ahakar mingarri, nahiz eta mereziari, lotua aipatzen zeneko zatira heldu zenean, itzelezko lotsa sentitu zuen. Salakizunaren zuzena bortizkiegi ageri zitzaion ezein ukaziotarako, eta Darcy jaunak bereziki aipatutako jazoerek —Netherfieldeko dantzaldian gertatu eta bere gaitzespen guztiak sendotu bide zituztenek— ez zuten, inondik ere, Elizabethen gogoan jaunarenean baino aztarren arinagorik utzi.

        Berari eta ahizpari zuzendutako eder-hitzak ez zitzaizkion oharkabean joan. Mina ibitu arren, ezin izan zuten Elizabeth kontsolatu gainerako familiakideek euren buruarengana erakarritako mesprezuarengatik; eta gogoan hartu zuenean Janeren dezepzioa, berez, senide hurrenekoenen lana izan zela, eta hausnar egin zuenean jokaera desegoki horrek ahizpa bion izen ona noraino kaltetuko zuen, Elizabeth inoizko erorien sentitu zen.

        Bidexkan barrena bi orduz hor-hara ibili ondoren, era guztietako gogoetei bide emanez, gertaerak berraztertuz, jazo zitezkeenak asmatzen saiatuz, eta —ahal zuen moduan— bere burua hain aldaketa bat-bateko eta garrantzitsura moldatuz, azkenean, nekeak eraginda eta etxetik kanpo luze zegoela gogoraturik, Hunsfordera itzuli zen; eta beti bezain alaitsu azaldu guran sartu zen etxean, eta berriketarako traba gerta zitezkeen pentsamendu guztiak itotzeko erabakiarekin.

        Berehala esan zioten Rosingseko zaldun biak etorriak zirela bera kanpoan zelarik; Darcy jaunak minutu gutxiren buruan egin ziela diosala, baina Fitzwilliam Koronelak gutxienez ordubete eman zuela haiekin eserita Elizabeth noiz etorriko, eta, ia-ia, bere bila joatera deliberatuta. Elizabethek ozta egin ahal izan zuen Koronela ikusi ez izana damu zitzaiolakoa; egia esan, bozkariotan zegoen. Ordurako, Fitzwilliam Koronela ez zen bere xedea. Gutuna beste pentsamendurik ez zeukan buruan.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia