HOGEITA HAMABOSGARREN ATALA

 

        Begiak itxi zizkioten pentsamendu eta gogoeta berberetara itzartu zen Elizabeth biharamun goizean. Ezin zuen artean ere gertatutakoaren ustekabea gainditu; ezina zen beste ezertaz pentsatzea, eta, lanerako erabat ezgauza, aire zabalaren eta ariketa fisikoaren atseginaz gozatzea erabaki zuen gosaldu eta berehala. Bere bide kutunerantz jo zuen zuzenean, baina bat-batean Darcy jauna batzuetan bertara joaten zela gogoratu zuen, eta, parkean sartu batik, goranzko bidexka hartu zuen, sarbidetik harantzago zihoana. Albo batean parkeko oholesia geratzen zitzaion oraino eta, luze batik, zelaira jotzen zuten burdin ateetako baten parean pasatu zen.

        Bidexkako alde horretan bizpahiru joan-etorri egin ondoren, goizaren gozoak kilika egin zion burdin ateen ondoan gelditu eta parkerantz begiratzera. Kenten emanak zituen bost asteetan nabarmen aldatua zen zelaieta, eta egun bakoitzak berdeagotu egiten zituen zuhaitz gazteak. Bideari berriz lotzekotan zegoen, halako batez zaldun baten zantzua harrapatu zuenean parkea mugatzen zuen basoño moduko hartan; Elizabeth zegoen lekurantz zihoan; eta, Darcy jauna izango ote zen beldurrez, andereñoak atzera ekin zion zuzenean. Baina gerturatzen ari zen pertsona Elizabeth ikusteko bezain hur zegoen orain, eta, lehiaz aurrera eginez, bere izena ahoskatu zuen. Elizabeth buelta emanda zegoen, baina deitzen ziotela entzunda, eta ahotsak Darcy jauna zela frogatzen bazuen ere, burdin aterantz egin zuen berriro. Ordurako gizona ere iritsia zen bertara, eta Elizabethi gutun bat luzatzen ziola, andereñoak oharkabean bezala hartu zuena, halaxe esan zion, burgoiaren lasaitasuna musuan, «Basoñoan ibili naiz aldi batez paseoan zeurekin topo egiteko esperantzaz. Gutun hau irakurtzeko ohorea egingo zenidake?»

        Eta orduan, erreberentzia arin batez, arboladian sartu zen berriz, handik gutxira begi aurretik desagertuz.

        Atsegin usterik gabe, baina jakin-goserik handienaz, Elizabethek gutuna zabaldu zuen eta, gero eta harrituago, kartazalak bi gutun orri gordetzen zituela ikusi zuen, biak polito beteta eta esturo idatzita. Azala bera ere beterik zegoen. Bidexkan aurrera jarraituz, Elizabeth irakurtzen hasi zen. Rosingseko data zuen, goizeko zortzietakoa, eta halaxe zioen:

 

        Gutun hau jasotzean ez zaitez asaldatu, anderea, atzo hain higuingarri izan zitzaizkizun sentimenduen berremate edo eskaintzen berritzea izan dadin beldurrez. Hau idaztean ez daukat inongo asmorik zuri min emateko edo neure burua umiliatzeko, gu bion zorionak behar lukeen bezain azkar inolaz ere ahaztuko ez diren desiretan entretenituz; gutun hau eratu eta berori irakurtzeak eskatuko duen lana aurreztu nezakeen, baldin eta neure izen onak gutuna idatzi eta irakur dadin galda ez baliezat. Barkatu beharko duzu, horrenbestez, zure arreta eskatzeko hartu dudan libertate hau; zure sentimenduek, badakit, gogoz kontra eskainiko dute arreta hori, baina ni neure justiziari nabilkio eske.

        Txit izaera diferenteetako, baina inolaz ere tamaina bereko ez ziren bi bidegabekeria bizkarreratu zenizkidan bart. Aipaturiko lehena hauxe zen: bataren zein bestearen sentimenduak ezertan hartu barik, Bingley jauna zure ahizparengandik apartatu izana; bestea, berriz, honako hau: zenbait tirameni entzungor eginez, ohorea eta gizatasunari entzungor eginez, Wickham jaunaren asmoak suntsitu eta bere hurren-hurreneko zoriona hondatu izana.

        Nire gaztaroko kidea, gure aitaren kutun aitortua, gureaz landa beste babesik nekez izan zezakeena, eta babes hori gauzatuko zen ustetan hezia izan zen gizon gaztea, pertsona hori nahita eta maltzurki gainetik kentzea, zitalkeria izango litzateke, eta ez luke alderatzerik izango bi pertsona gazte —zeinen maitasuna aste gutxi batzuen emaitza baino ez litzatekeen— elkarrengandik apartatzearekin. Baina esperantza daukat ezen etorkizunean, nire ekintzen eta euron zioen ondorengo kontu hau irakur dadinean, kasu batean nahiz bestean bart hain nasaiki egotzi zitzaidan erru latzetik salbu geratuko naizela.

        Eskubide dudan azalpen honetan zure sentimenduen iraingarri izan litezkeen beste sentimendu batzuen berri eman beharra suertatzen bazait, damu dudala besterik ezin esan nezake. Men egin beharko zaio behar horri... eta barkesketan areago jarraitzea zentzugabekeria izango litzateke. Ez zen luze Hertforshiren nintzela ikusi ahal izan nuenean —beste askok bezala— Bingleyk zeure ahizpa nahiago zuela herriko beste emakume guztien gainetik. Baina Netherfieldeko dantzaldiko gauera arte ez nuen goganbehartu Bingleyk zinezko atxikimendu bat senti zezakeenik. Askotan ikusi izan dut maiteminduta lehenago ere. Dantzaldi horretantxe, zurekin dantzan egiteko ohorea nuen bitartean, Sir Lucasen oharkabeko informazioak ezagun egin zidan lehenengo aldiz Bingleyk zure ahizpari erakutsitako adeiek euren ezkontzaren ustea sortua zutela guztiengan. Gauza segurutzat aipatu zuen, erabakitzeke egun zehatza bakarrik izan zezakeen gauzatzat. Une horretatik aurrera arretaz zaindu nuen lagunaren jokamoldea; eta orduan hauteman ahal izan nuen Bingleyk Bennet andereñoarekiko zuen eroria nik berarengan sekula ikusitakoa baino handiagoa zela. Zeure ahizpari ere ibili nintzaion zelatan. Bere itxura eta moldeak irekiak, alaiak eta xarmangarriak ziren, beti bezala, baina estimazio bereziaren zantzu bat ere gabe, eta gau horretako ikerraldiak bete-betean jarri ninduen ezen damaren aldetik ez zegoela antzeko sentimenduetatik etor zitekeen gonbidapenik, Bennet andereñoak nire lagunaren adeiak atseginez hartzen bazituen ere. Horretan zeu erratu ez bazara, neuk ibili behar izan dut oker. Zeure ahizpaz duzun ezaguera beteagoak bigarren aukera egiten du ziurrago, noski. Hala izanez gero, eta halako erratu baten okerpean min eman badiot, zure sumindurak ez du arrazoirik falta izan. Baina traba barik adieraziko dut zure ahizparen begitarte eta eitearen bareak zelataririk xorrotxenari ere pentsaraziko ziola bere bihotza ez zela erraz ukitzekoa, zein ere maitagarria bere izaera. Egia da ni neu gogotsu nengoela Bennet andereñoa indiferente zela pentsatzeko, baina menturatuko naiz esatera nire ikerketa eta erabakiak ez direla nire esperantza edo beldurren eraginpean egoten. Ez nuen pentsatu indiferente zela halaxe izan zedin gura nuelako; uste sendo eta grinagabekoak pentsarazi zidan, adimenak hala izatea desirarazten zidan bezain egiazki. Ezkontzarako nituen eragozpenak ez ziren soilik bart gauean neure kasuan aitortu nituenak, alegia, nik neuk esfortzuaren indarrik handienaz bakarrik alboratu ahal izan nituenak; erlazio onen falta nire lagunarentzat ez litzateke neuretzat bezain gaitz handia izango. Baina bazen kontrakarrerako bestelako arrazoirik; artean existitu arren —bi kasuotan neurri berean existitu ere— neure kasuan ni neu ahaztera asaiatu nintzen arrazoiak, aurre-aurrean ez nituelako. Arrazoiok azaldu beharrekoak dira, labur bada ere. Zure amaren familiaren egoera, desatsegina izanagatik ere, hutsaren pare zen egokitasun falta erabateko horren aldean, hots, zure ama eta zure hiru ahizpa gazteak hain sarri, ia-ia beti, eta inoiz edo behin are zure aita bera ere, nabarmen uzten zituen egokitasun faltaren aldean. Barka nazazu. Min ematen dit zu nahigabetzeak. Baina zeure hurreneko senideon akatsek eragindako kezka, eta euron deskribapen honek sortu dizun desatseginarekin batera, izan bekizu kontsolabide honako hau gogoan hartzea: ez zuk ez zure ahizpak ez duzuela inoiz jokatu antzeko zentsuraren izpi batek zuok ukitzeko moduan, eta hori bioi oso-osoan zor zaizuen laudorioa dela, zuen zentzuzkotasun eta jiteari ohorea egingo bazaie behintzat. Bakar-bakarrik erantsiko dut gau horretan gertatu zenak sendotu egin zituela alde guztiez nituen iritziak, eta areagotu egin zituela lotura ezin desegokiagoa neritzon horretatik laguna begiratzera lehenagotik ere bultza nintzaketen arrazoi guztiak. Biharamunean Netherfield utzi zuen Londresera joateko —zuk, ziur naiz, gogoratuko duzunez— handik laster itzultzeko asmoarekin. Nik jokatutako papera azaldu behar dut orain. Neurearekin batera, haren arreben ezinegona ere biztu zen; gure sentimenduak bat zetozela ikusi genuen berehala; eta, konturatuta, halaber, ez zela denborarik galdu behar haien neba handik apartatzeko, berehala erabaki genuen harekin Londresen elkartzea. Joan egin ginen, beraz, eta bertan gogo onez heldu nion nire lagunari halako hautapenaren gaitz seguruak begietaratzeko lanari. Serioski deskribatu nizkion, eta onarrarazi. Alabaina, nahiz eta zentzaldi horrek haren erabakia kolokan jarri edota atzeratu ahal izango zuen, ez dut uste azken buruan ezkontza galaraziko zukeenik, baldin eta zure ahizparen indiferentziaren segurantzak, duda izpirik gabe adierazi nionak, lagundu ez balio. Ordura arte nire laguna sinetsita egon zen Bennet andereñoak estimazio zintzo, nahiz ez parekoaz, onirizten ziola. Baina Bingley izugarri apala da berez, eta gehiago fidatzen da neure adimenduaz bereaz baino. Bere buruari gezurra esan ziola konbentzitzea ez zen, beraz, oso gauza nekeza izan. Uste hori behin gogoan sendoturik, Hertfordshirera berriz ez itzultzeko zuritzea amiñi bateko lana izan zen. Ezin diot neure buruari errurik leporatu horrenbeste egiteagatik. Auzi osoan izan dudan jokaeraren parte batek bakarrik ez nau pozik uzten gogoan hartzen dudanean; eta da jukutriez baliatzeari amore eman izana, noraino eta zure ahizpa hirian zela ostentzeraino. Nik neuk banekien hori, Bingley andereñoak zekien bezalaxe, baina bere nebari ezezagun zaio oraindik ere. Bazitekeen, beharbada, biek elkar ikusi eta ondorio latzik ez izatea; baina ez zitzaidan iruditzen nire lagunaren estimazioa zure ahizpa arrisku barik ikusteko bezain iraungita zegoenik.

        Ostentze hori, mozorrotze hori, eman beharko nukeen mailaren azpian geratzen da, apika. Burutu egin zen, ordea, eta onez onean egin ere. Gai honetaz ez dut besterik esateko, ezta beste zuribiderik eskaintzeko ere. Zure ahizparen sentimenduak mindu baditut, ezjakinean izan da; eta gidari izan nituen arrazoiak zuri beharbada urri irudituko zaizkizun arren —oso ulergarria dena— nik oraindik ez diet gaitzestekorik ikusten. Beste akusazio pisutsuago horri, hau da, Wickham jauna laidotu izanari dagokionez, berori ezeztatzeko egin dezakedan gauza bakarra hauxe da: gizon horrek gure etxearekin izan duen lotura bere osoan aurkeztea. Zein erru leporatu didan zehazki ez zait ezagun; baina esango dudanaren egia bermatzeko, lekuko bat baino gehiago bil nitzake, egiazale frogatuak. Wickham jauna txit gizon agurgarri baten semea duzu, urte askoan Pemberley etxaldeen ardura izan zuen gizonarena; eta gizon hark hain ondo bete zuen bere jokaeraz beragan jarritako ustea, non gure aitari berez erne zitzaion hari laguntzeko gogoa, eta, bere onberatasuna, horrenbestez, Wickham jaunaren gainean ere isuri zen esku zabalez, gure aitaren besoetakoa baitzen berori. Gure aitak eskola ordaindu zion, eta Cambridgekoa gero; zeharo laguntza garrantzitsua, zeren bere aita —emaztearen bonbonkeriak zirela medio beti behartsu— ez zen bestela gai izango semeari zaldun heziketa emateko. Gazte haren moldeak xarmangarriak ziren beti ere, eta gure aita ez zen soilik haren konpainiaren zale: iritzirik onena zuen berataz, eta lanbidea eliza izango zuelako esperantzarekin, hartarako behar zen guztiaz hornitzea erabaki zuen. Nire aldetik, berriz, urte asko dira, asko, gazte horretaz oso iritzi bestelakoa egiten hasi nintzenetik. Bere lagunik onenaren ezagueratik landa kontu handiz gordetzen zituen grina makur haiek, bere printzipio falta... horiek guztiak ezin zitzaizkion itzuri adin bertsuko gazte baten begiari, zeinek, Darcy jaun zaharrak ez bezala, mozorro bako uneetan ikusteko aukera izaten zuen. Hemen min emango dizut berriz ere; norainoko mina zeuk bakarrik esan dezakezu. Baina zein ere izan daitezkeen Wickham jaunak zugan sortu dituen sentimenduak, euron nolakoaren susmoak ez nau inola ere gibeleratuko gizon horren benetako izaera tolesgetzetik. Aitzitik, horrek areago bultzatzen nau. Gure aita bikaina orain bost urte hil zen; eta Wickhami zion atxikimendua hain izan zen sendoa azkenera arte, non bere testamenduan bereziro gomendatu baitzidan jaun horri gora egiten lagun niezaion, haren lanbideak eman zezakeen erarik onenean. Gainera, nahi izan zuen ezen, baldin Wickham jaunak ordenak hartzen bazituen, familia batentzako eliz bizibide baliotsu bat hutsik geratu bezain laster, harentzat izan zedin. Mila librako ondare bat ere utzi zion. Wickhamen aita ez zen gurea baino askoz luzeago bizi izan, eta jazoera hauetatik urte eta erdira, Wickham jaunak honakoa jakinaraziz idatzi zidan: azkenean ordenak ez hartzea deliberatu zuelarik, esperantza zuela niri ez zitzaidala zentzugabeko irudituko lanbidean gora egitekoaren ordez gertuagoko laguntza pekuniarioren bat eskatzea, lanbidearen kontu horretatik onurarik hartuko ez zuenez gero. Bazeukan, gehitzen zuen, legeak ikasteko asmorik, eta jakitun egongo nintzen, noski, mila librako interesak arlo horretan oso laguntza urria zirena. Sinetsi baino, gura izan nuen zintzo ari zela pentsatu; baina, edozelan ere, guztiz prest egon nintzen bere proposamena onartzeko. Banekien Wickham jaunak ez zuela elizgizona izan behar. Auzia, beraz, berehala erabaki zen. Inoiz elizbiderako laguntza jasotzeko premian egotea suertatuta ere, jaregin egiten zuen horretarako eskubide oro, eta, horren ordez, hiru mila libra onartzen zituen. Apurtu egin zen gure arteko lotura oro. Txarregi irizten nion Pemberleyra gonbidatzeko edota hirian bere konpainia onesteko. Uste dut birlan bizi zela nagusiki, baina legeak ikastearena itxurakeria hutsa izan zen, eta, orain, lotura guztietatik aske zela, bere bizitza alferkeria eta nasaikeriazko bizitza zen. Hiru urtez edo, berri gutxi izan nuen haren gainean; baina beretzat beharko zukeen eliz bizibidearen jabea zendu zenean, atzera ere jo zuen kartaz nigana bera aurkez nezan. Bere egoera, ziurtatu zidanez —eta nik ez nuen arazorik sinesteko— ikaragarri txarra zen. Legeak ikastea zeharo alferreko gauza zela konturatuta ei zegoen, eta orain guztiz deliberatuta omen zuen ordenak hartzea, baldin eta aipatutako bizibiderako aurkeztu nahi banuen. Horretaz duda gutxi izan zitekeela uste zuen, ondo ziur omen zekien-eta ez neukala beste inor bizibide horretaz hornitzeko, eta ezin bainituen ahaztuta izan gure aita agurgarriaren asmoak. Nekez iritziko didazu errudun erregu horri amore ez emateagatik, edota, berritu zitzaidanero, neurean irmo egoteagatik. Bere suminaren handia bere estutasunaren pareko izan zen; eta nire irudia inoren aurrean itsustean, niri neuri okerrak aurpegiratzean bezain gogorra izan zen, ezbairik gabe. Horren ostean, bertan behera utzi genuen ezaupidearen arrasto guzti. Ez nuen jakin zelan bizi zen. Baina azken udaon modurik mingarrienean azaldu zitzaidan begien aurrean berriz ere. Orain, nik neuk ahaztu gogo nukeen gertaera bat aipatu beharra daukat, ezein gizakiri inongo premiapean —oraingo honen pean izan ezik— tolesgetuko ez niokeena.

        Horrenbeste esanda, ez dut zalantzarik zure isiltasunaz. Gure arreba, hamar urte baino gehiagoz gazteago zaidana, gure amaren iloba den Fitzwilliam Koronelaren eta neure ardurapean utzi zuten. Urtebete-edo dela, eskolatik atera genuen, eta egoitza atondu zitzaion Londresen; eta azken udan Ramsgatera joan zen egoitza horretako buru zen damarekin; eta haraxe joan zen Wickham jauna ere, beren-beregi duda barik; izan ere, suertatu zen gizonak eta Younge andereak aurretiko ezaupidea zutela, eta dama horren omenaz, tamalez, guztiz oker egon ginela. Wickhamek begi argia egiten zion umetan gure arrebari, eta neskatilak horren aztarna sakona gordetzen zuen bere bihotz maitetsuan; eta gizonak, Younge anderearen ezikusiaz eta urgaziaz, hain gomendagarri egin zuen bere burua Georgianaren aurrean, non bultzatu egin baitzuen gure arreba berarekin maiteminduta zegoela sinetsi eta elkarrekin ihes egiteari amore ematera. Hamabost urte baino ez zuen orduan, eta hori izan dezake zuribide; eta bere buru-arinkeria adierazita, pozik gehituko dut honen guztiaren ezaguera Georgianari berari zor izan niola. Asmo zuten ihesa baino egun bat edo bi lehenago, ustekabean elkartu nintzen haiekin, eta orduan Georgianak, ia aita bati bezala begiratzen zion neba atsekabez eta minez betetzeko ideiarekin ezin buruturik, guztia aitortu zidan. Asmatuko duzu zer sentitu eta nola jokatu nuen. Arrebaren sentimendu eta izen onarekiko ardurak galarazi egin zidan arazoa azal eta zabal agertzea, baina Wickham jaunari idatzi nion, eta berak behingoan egin zuen alde. Younge andereari, berriz, kargua kendu zitzaion, jakina. Wickham jaunaren xede nagusia gure arrebaren dirua zen, dudarik ez, hogeita hamar mila libra baitira; baina ezin diot eutsi suposatzeari niri mendeku hartzeko esperantza ere bultzagarri indartsua izango zitzaiola. Haren mendekua bete-betea izango zatekeen, zinez. Hau, anderea, gizon hori eta biok ukitu gaituzten jazoera guztien kontaketa zintzoa duzu; eta gezurrezkotzat hartu eta guztiz arbuiatzen ez baduzu, orainez geroz kito utziko nauzu —hala espero dut— Wickham jaunarenganako ankerkeriaz. Ez dakit zein modutan, zein itxura edo faltsukeriaren pean egin dizun zuzengabe hori; baina beharbada ez da zertan harriturik bere gailentzeaz, orain arte ez duzu-eta ezer jakin ez bataz ez besteaz. Igartzea ez zegoen zure esku, eta susmo hartzea ez zen, noski, zure joera. Galde egingo diozu zeure buruari, seguruenik, ea zergatik ez zitzaizun hau guztia bart gauean kontatu. Baina orduan ez nintzen neure buruaren jabe, zer azaldu ahal edo behar zen jakiteko lain ez, behintzat. Hemen kontatutako guztiaren egiaren alde, Fitzwilliam Koronelaren testigantzara jo nezake bereziki, zeren, gure harreman estua eta etenbako adiskidantza direla medio, eta, batez ere, gure aitaren testamenduaren zaindarietako bat delarik, hautsi-mautsi horien xehetasun oro jakin baititu ezinbestean. Neuri didazun ezinikusiak neure adierazpenok baliogabe balitza ere, horrek ez liezazuke eragotzi gure lehengusuaz fio izatea; eta berari galde egiteko modua izan dezazun, goiz honetan barrena gutun hau zure eskuetan jartzeko aukera bilatzera asaiatuko naiz. Hau besterik ez dut erantsiko, Jainkoak bedeinka zaitzala.

FITZWILLIAM DARCY

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia