HOGEITA HAMALAUGARREN ATALA

 

        Joan zirenean, Elizabethek, bere burua Darcy jaunaren kontra gehiago sumintzeko-edo, Kenten zenez geroztik Janek idatziak zizkion gutun guztiak aztertzea hartu zuen zeregin. Ez zuten benetako kexurik gordetzen, ez zen bertan iraganeko gertaeren berpizterik, ezta oraingo oinazearen aipamenik ere. Baina oro har, eta ia lerro bakoitzean, Janeren estiloak ezaugarri izan ohi zuen alaitasuna falta zen, nahiz eta alaitasun hura ia ez zen inoiz lainotzen, bere buruarekin bakean egoteaz gain, beste guztiak gozo hartzen zituen gogo bare batetik baitzetorren. Elizabethek begi eman zien egonezaren ideia adierazten zuten esaldi guztiei, lehen irakurketan baino askoz ere arreta handiagoa jarriz. Besteri halako zorigaitza ekartzeko gai izateaz gainera, Darcy jauna horretaz hain lotsagarriro harrotzeak biziago sentiarazten zizkion ahizparen sufrimenduak. Bi egunen buruan Darcy jaunak Rosingseko aldia amaituko zuela pentsatzea nolabaiteko kontsolabidea zen, eta hamabost egun batik bera zelan egongo zen pentsatzea —hau da, ostera ere Janerekin eta maitasunak egin ahal duen guztiaz ahizpari bihotza altxatzen laguntzeko moduan— are eta kontsolabide handiagoa.

        Darcyk Kent utziko zuela pentsatzen zuenean Elizabethek ezin zuen ahaztu lehengusua ere berarekin joatekoa zela; baina Fitzwilliam Koronelak garbi utzia zuen ezer berezirako asmorik ez zuela, eta gizon atsegina zenez, Elizabethek beragatik ez sufritzea erabaki zuen.

        Puntu hori deliberatzen ari zelarik, ateko kanpai-hotsak erne paratu zuen bat-batean, eta Fitzwilliam Koronela bera izan zitekeen usteak dardara txiki bat jarri zion bihotzean; izan ere, gizona arratsalde beranduan etorria zen behin bisitan, eta agian beragatik galdetzera etorriko zen beren-beregi oraingoan. Baina uste hori behingoan aienatu zen, eta gogoa zeharo bestelakotu zitzaion, halako batean —bere harridura itzelerako— Darcy jauna gelan sartzen ikusi zuenean. Gizona osasunaz galdezka hasi zitzaion arin-aringa, bisitaldi hori Elizabeth hobeto zegoela entzun nahiari leporatzen ziolarik. Elizabethek gizalege hotzez erantzun zion. Darcy apur batez jesarri zen, eta gero, berriz zutiturik, gelan gora eta behera hasi zen. Elizabeth harrituta zegoen, baina fitsik ere ez zuen esan. Minutu batzuk isilik eman ondoren, gizona Elizabethenganantz joan zen asaldatuta, eta honelaxe hasi zen:

        «Alferrik saiatu naiz borrokan. Ez da ezertarako izango. Ez ditut neure sentimenduak itoko. Utzidazu esaten zein gartsu miresten eta maite zaitudan».

        Elizabethen harri eta zurdurak ez zuen mugarik. Begi-begira geratu, gorritu, zalantzan egon, eta isilik geratu zen. Hori nahikoa bultzada iruditu bide zitzaion Darcyri, eta, hitzetik hortzera, Elizabethengana sentitzen eta luzaro sentitu izan zuen guztiaren aitorpena egiten hasi zen. Polito mintzo zen, baina bihotzari zegozkion sentimenduez gain, baziren zehaztu beharreko beste batzuk ere, eta harrotasun kontuez aritzean Darcy jaunak ez zuen gai xamurrez jardutean baino etorri txikiagoa. Bazekien Elizabeth pertsona xehea zena... bazekien hori bere burua beheratzea zena... jabetuta zegoen adimenak joera horri hasiera-hasieratik jazarriak zizkion familia eragozpenez... Darcyk luze jardun zuen horren guztiaren gainean, baina bere tonu gartsuak, bere gizarte-mailari egiten ari zitzaion zauriarekin ondo bazihoan ere, ez zuen oso ondo ematen bere ezkontza eskea inoren aurrean gomendagarri egiteko.

        Darcy erro-errotik gaitzetsi arren, Elizabeth ezin zen hotz geratu halako gizon baten oniritziak egiten zion konplimenduaren aurrean, eta bere asmoak lipar batez ere aldatu ez arren, hasieran pena izan zuen gizonak hartuko zuen minagatik; harik eta, Darcyren ondorengo hizkerak amorrarazita, erruki guztia haserrean galdu zitzaion arte. Hala ere, bere buruaz nagusitzen saiatu zen, gizonak buka zezanean pazientziaz erantzuteko. Bere jarduna burutzeko, Darcy jaunak atxikimendu horren indarra begietaratu zion, bere ekinahal guztiak gorabehera joera menderaezina suertatu zitzaiola esanez; gainera, bere esperantza ere adierazi zuen, hots, atxikimendu horri zegokion ordaina emanez, Elizabethek bere eskua onartuko zuelakoa. Gizonak hori esatean Elizabethek argi ikusi zuen Darcyk erabat ziur zegoela, inolako duda izpirik gabe, baiezko erantzuna jasotzeaz. Beldurraz eta egonezaz egiten zuen berba, baina bere aurpegierak benetako segurantza adierazten zuen. Gorabehera horrek Elizabethen sumina areagotu besterik ezin zuen egin, eta gizonak amaitu zuenean, Bennet andereñoa honela mintzatu zen, masailak gorri-gorrituta:

        «Honelako kasuetan ohiko jokabideek, uste dudanez, aitortu diren sentimenduekiko estimazioa adieraztea eskatzen dute, norberaren sentimenduak parekoak izatetik oso urrun egon badaitezke ere. Berezkoa da batek hori estimatzea, eta eskerrona sentitu ahal banu, eskerrak emango nizkizuke oraintxe berton. Baina ezin dut... ez dut sekula zure onginahia desiratu, eta zuk erabat gogoz kontra eskaini duzu, dudarik gabe. Damu dut inori min eman izana. Hala ere, guztiz jakin gabean izanda, eta berehala buka dadin espero dut. Aipatu duzun oniritzia onartzea luzaro galarazi bide dizuten sentimendu horiek, berriz, eragozpen handirik gabe nagusituko zaizkio zure bihotzaren joerari, azalpen honen ostean».

        Darcy jauna, bizkarra sutondoko apalaren kontra jarrita, eta begiak damaren aurpegian tinko, hitz haiek denak harri bezain suminduta bereganatzen ari zela zirudien. Aurpegia zurbildu egin zitzaion haserrearen haserreaz, eta hazpegi bakoitzak bere gogoaren asaldura ispilatu zuen. Bere buruaren jabe agertzeko borrokan zegoen, eta lortua zuela pentsatu arte ez zuen ezpainik mugituko. Isilunea izugarri egin zitzaion Elizabethi. Azkenik, ahots lasaia itxuratuz, gizonak hauxe esan zion:

        «Eta arrapostu honen ohorea da espero dezakedan guztia! Ahal baledi, jakin gura nuke zergatik eman zaidan halako ezetza, horren eginahal gutxi eginda gizalegearen alde. Baina ez du ardura handirik».

        «Nik ere itaun nezake», arrapostu zion Elizabethek, «ea zergatik erabaki duzun, ni laidotu eta iraintzeko halako asmo garbiarekin, neuri esatea gogoz bestera, adimenaz bestera, eta are izaeraz bestera ere gertatu nintzaizula begiko. Ez al da izan hori nahikoa aitzakia gizalegeari huts egiteko, gizalegetsua izan ez banaiz? Baina bestelako probokaziorik ere izan dut. Badakizu izan ditudana. Nire sentimenduak zure kontra erabakita ez egotera, hotz egotera, edo are zure alde egotera ere, uste al duzu inongo burubidek bultza nintzakeela halako gizon bat onartzera, ahizpa guztiz maitatu baten zoriona hondatzeko, eta agian betiko hondatzeko, bide izan den gizona?»

        Elizabethek hitzok ahoskatzen zituelarik, Darcyri aldatu egin zitzaion kolorea; baina zirrarak ez zuen luze jo, eta gizonak moztekorik egin barik entzun zion, damak aurrera egiten zuen bitartean.

        «Munduko arrazoi guztiak dauzkat zutaz txarto pentsatzeko. Han jokatu zenuen paper bidegabe eta errukigaitza zurituko duen arrazoirik ez dago. Ez zara ausartuko, ezin izango duzu ukatu zeu izan zarela biak elkarrengandik bereiztearen eragile nagusia, bakarra ezpada; zeu eragile, bata —bere apeta eta gogo aldabera direla medio— munduaren gaitzesgarri geratu dela, eta bestea —bere itxaropenak opor aterata— munduaren barregarri; zeuk bildu dituzula biak zorigaitzik larrienean».

        Elizabeth gelditu egin zen eta samin handiz ikusi zuen Darcy jauna inongo damu sentimenduk ukitzen ez duenaren jiteaz entzuten zegoela. Areago dena, sinesgogorraren barre-iduria itxuratuz begiratzen zion.

        «Ukatuko duzu hori egin duzula?» berresan zion Elizabethek.

        Orduan, lasai itxura hartuta, honelaxe arrapostu zion Darcy jaunak, «Ez daukat inongo desirarik ukatzeko neure laguna zure ahizparengandik apartatzeko ahal nuen guztia egin nuela, edota bozkariotan jarri ninduela nire arrakastak. Gozoagoa izan naiz harekin neure buruarekin baino».

        Elizabethek ezikusia egin zion gogoeta gizalegetsu horri, baina esaldiaren esangura ez zitzaion itzuri, eta ez zen, ez, bere haserrea beratzeko modukoa gertatu.

        «Baina nire gaitziritzia», jarraitu zuen, «ez da auzi horretan bakarrik oinarritzen. Hori gertatu baino askoz lehenago geratu zen erabakita zutaz dudan aburua. Hilabete asko dira Wickham jaunaren kontaketak zure izaera tolesgetu zidala. Zer esan zenezake gai horretaz? Zein lagun-portaera ametsezkotan defendatuko duzu hor zeure burua? edo zein faltsukeriaren atzean ezkutatuko zara zure borondatea horretan ere besteen gainetik jartzeko?»

        «Zaldun horren arazoek ardura bizia sortzen dizute», esan zuen Darcyk tonu ez hain jabalean, eta kolore minagoaz.

        «Izan dituen zoritxarrak ezagututa, nor ez da berataz arduratuko?»

        «Haren zoritxarrak!» berresan zuen Darcyk destainez; «bai, haren zoritxarrak eskergak izan dira, alafede!»

        «Eta zeuk sortutakoak», aldarri egin zuen Elizabethek kementsu. «Orain dagoen pobreziara eroan duzu, bai, lehengoaren aldean pobrezia den egoera horretara. Zegozkion hobariak gorde dituzu, berarentzat behar zutela jakinda. Merezi zuen eta merezi bezala zor zitzaion burujabetasuna kendu diozu bizitzako urterik onenetan. Hori guztiori egin duzu! Eta, hala ere, erdeinuz eta trufaz hartzen duzu haren zoritxarren aipamena».

        «Eta horixe da», hots egin zuen Darcyk, gelan zehar pauso bizkorrez zebilela, «nitaz duzun iritzia! Halakoxetzat naukazu! Eskertu egiten dizut hain xehatz azaltzea. Nire erruak, hainbaketa horren arabera, handiak dira, alafede! Baina beharbada», gehitu zuen, bidean geldituz eta Elizabethengana bihurtuz, «oker horiei ezikusia egingo zitzaiekeen, baldin eta nire aitorpen zintzoak, alegia, asmo sendorik hartzea luzaro galarazi zidaten eskrupuloen aitorpenak, zure harrotasuna mindu izan ez balu. Adei-lege handiagoa izan eta nire borrokak ostendu izan banitu, eta lausengatu izan bazintut sinestaraziz joera erabateko eta hodei gabeko batek, adimenak, hausnarketak, dendenak bultzatu ninduela zugana, orduan akusazio garratz horiek aienatu egingo ziren, apika. Baina higuina diot itxurakeria orori. Eta ez naiz lotsa azaldutako sentimenduez. Berezkoak ziren, eta bidezkoak. Zure senideen xeheak bozkariotan jarriko ninduela espero zenuen ala? Neure buruari zorionka hasiko nintzela, bizi mailaz argi eta garbiro azpitik geratzen zaizkidan senideen esperantzan?»

        Elizabethek unean baino unean haserreago susmatzen zuen bere burua; hala ere, ahalik eta gehiena lehiatu zen neurriz hitz egitera, hauxe zioela:

        «Oker zaude, Darcy jauna, zure adierazpenaren tankerak inolako eraginik egin didala uste baduzu, zaldun portaera beteagoa erakutsi izan bazenu, zuri ezezkoa emateak sortuko zidan ondoezetik libratzea ezpada».

        Hori entzutean Darcy jaunak jauzi egin zuela ikusi zuen, baina gizonak ez zuen ezer esan, eta Elizabethek jarraitu egin zuen:

        «Edozein modutan eskainita ere, inolaz ere ez nukeen zure eskua onartzeko tentaziorik izango».

        Gizonaren harridura begi-bistakoa izan zen ostera ere; eta begira geratu zitzaion, sinestezina eta gaitzidura nahasirik aurpegieran. Elizabethek berriro ekin zion.

        «Hasiera-hasieratik, ia-ia zure ezaupidea izan nuen lehen unetik esan nezake, zure moldeek harrituta utzi ninduten, oso-osoan erakutsi baitzizkidaten zure burgoikeria eta hantustea, eta besteren sentimenduei diezun mesprezu zeurekoia. Moldeok gaitzespenezko zimentarria eratu zuten, eta geroko jazoerek horrexen gainean eraiki dute oraingo gaitziritzi aldaezin hau; eta hilabetea ere ez zen ezagutzen zintudala, ezkontzara sekula bultza nintzakeen munduko azken gizona zinela jabetu nintzenean».

        «Nahikoa esan duzu, anderea. Ederto ulertzen ditut zure sentimenduak, eta orain neuk izan ditudanez lotsatzea besterik ez zait geratzen. Barka iezadazu hain denbora luzea kendu izana, eta onar itzazu nire guraririk onenak zure zorion eta osasunaren alde».

        Eta berbok esanda, Darcyk arrapaladan irten zuen gelatik, eta Elizabethek atea zabaltzen eta etxea uzten entzun zion segituan.

        Orain mina ematerainoko nahaspila zeukan buruan. Ez zekien nola eutsi bere buruari, eta, ahuldadearen ahuldadeaz, jarleku batean eseri eta ordu erdia eman zuen negarretan. Gertatutakoa gogoan hartu eta bere harridura handiagotu egiten zen dena aztertzen zuen bakoitzean. Ezkontzeko eskaintza jaso, norengandik eta Darcy jaunarengandik! Hainbeste hilabetez berarekin maiteminduta egotea! Bere adiskideari Janerekin ezkontzea galaraztera eroan zuten eragozpen guztiak gorabehera, eta eragozpenok bere kasuan pareko indarraz, gutxienez, agertu behar zirelarik, Darcy jauna berarekin hain maiteminduta egotea, ezkondu gura izateraino maiteminduta! ia-ia sinestezina zen! Halako onginahi sendoa jakin barik eragin izana gauza atsegina zen. Baina haren harrotasuna, haren harrotasun gorrotagarria, Janeri buruz egindakoaren aitorpen lotsagabea, berori ametitzean —zuritu ezin bazuen ere— erakutsitako ziurtasun barkaezina, eta Wickham jauna aipatzeko modu bihozgabea, ofizialarengana izaniko ankerkeria ukatzen saiatu ere egin ez zelarik... alde txar horiek guztiak berehala gailendu zitzaizkion Darcyren atxikimenduak Elizabethengan une batez sortutako errukiari.

        Andereñoak gogoetetan jarraitu zuen, egonezinik, harik eta Lady Catherineren kotxearen hotsa entzunda, eta Charlotteren begiari aurre egiteko gai ez zela konturaturik, ziztuan altxatu eta bere gelara abiatu zen arte.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia