HOGEITA HAMAHIRUGARREN ATALA

 

        Parkean barrena egiten zituen osteratxoetan, Elizabeth behin baino gehiagotan topatu zen Darcy jaunarekin. Ondo ohartzen zen zorigaitz horren makurraz, beste inor azaltzen ez zen lekura Darcy jauna eroaten zuenaz; eta halakorik berriz ere gerta ez zedin, hasiera-hasieratik arduratu zen Darcy jaunari jakinarazteaz hori bere gordeleku kutunetako bat zela. Beraz, bai gauza bitxia bigarrenez topatzea! Hala ere, gertatu egin zen, eta baita hirugarrenez ere. Gurarizko zakarkeria zirudien, edo borondatezko penitentzia, zeren eta halakoetan kontua ez baitzen mugatzen erazko galdera gutxi batzuetara, geldialdi deseroso bat egitera eta gero agur egitera besterik gabe; aitzitik, Darcyk beharrezko ikusi ohi zuen bere bidean buelta eman eta Elizabethekin oinez segitzea. Inoiz ez zuen gauza handirik esaten, eta Elizabethek ere ez zuen nekerik hartzen asko hitz egin edo entzuteko; baina hirugarren enkontruan harrituta geratu zen gizonak egindako zenbait galdera bitxi eta lokaberekin: Hunsforden izateaz pozik al zegoen, bakarrik paseatzea maite ote zuen, Collins jaun-andereen zorionaz zer uste zuen; eta gainera, Rosingsez mintzo zirelarik, eta Elizabethek etxe hura oso ondo ezagutzen ez zuela aipatzean, bazirudien Darcy jaunak uste zuela Elizabeth Kentera hurrengo batean itzultzen zenean hortxe ostatuko zela bera ere. Bere berbetan horixe zegoela ematen zuen. Fitzwilliam Koronela ote zeukan buruan? Zer edo zer esan gura izatekotan, horri buruzko zerbait adierazi nahi izango ziola suposatu zuen Elizabethek. Horrek apur bat larritu zuen, eta asko poztu zen Erretore-etxe aurreko burdin atera iritsi zirenean.

        Egun batez, paseoan zihoala, Elizabeth buru-belarri zegoen Janeren azken gutuna berrirakurtzen eta zenbait pasarte, ahizpak bihotza erorita idatzi zuela erakusten zutenak, bereziki gogoan hartzen; horretan zegoela, gorantz begiratu zuen, eta, Darcy jauna berriz ere ezustez azaldu beharrean, Fitzwilliam Koronela beragana etortzen ikusi zuen. Gutuna segituan gordez eta irribarre bat itxuratuz, hala esan zion:

        «Ez dut jakin bide hau hartzen zenuenik».

        «Parkeari itzulia egiten ibili naiz», arrapostu zion, «urtero ohi dudan bezala, eta Erretore-etxean bisita bat eginda amaitzeko asmotan nengoen. Askoz urrunago joatekoa zara?»

        «Ez, berehala bihurtzekotan nengoen».

        Eta, esan legez, bihurtu egin zen, eta elkarrekin segitu zuten oinez erretore-etxerantz.

        «Azkenean, larunbatean joango zarete Kentetik?»

        «Bai... Darcyk berriro atzeratzen ez badu. Baina bere mende nauka. Bere gogara antolatzen du kontua».

        «Eta antolatzea atsegin ez baldin bazaio, erabakitzeko ahala edukitzeak, behintzat, plazer handia emango dio. Ez dut ezagutzen gura duena egiteko ahalaz Darcy jaunak baino gehiago gozatzen duenik, itxuraz bederen».

        «Asko gustatzen zaio berea ateratzea», osteratu zion Fitzwilliam Koronelak. «Baina halakoak gara denok. Berak beste askok baino baliabide hobeak ditu, bera aberatsa delako, eta beste asko, berriz, pobre. Hori da dena. Bihotz-bihotzez diotsut. Seme gazteenok, badakizu, geure burua ukatu eta inoren mende egotera ohitu behar gara».

        «Nire ustez, konde baten seme gazteenak ezer gutxi jakin lezake bataz zein besteaz. Orain, benetan, zer dakizu zuk burua ukatzeaz eta inoren mende egoteaz? Noiz galarazi dizu diru faltak nahi duzun lekura joatea, edo gogoan sartu zaizuna erdiestea?»

        «Galdera zuzenak dituzu horiek... eta beharbada ezin dut esan era horretako laztasunik bizi izan dudanik. Baina pisu handiagoko arazoetan diru faltaren esturak paira nitzake. Seme gazteenak ezin dira nahi duten lekura ezkondu».

        «Dirudun damak maite dituzteneko lekuetara ez bada, oso sarritan egiten duten gauza, uste dudanez».

        «Gure diru-azturek oso mendeko egiteri gaituzte, eta nire bizimaila dutenen artean oso gutxi dira diruari kontu egin barik ezkon daitezkeenak».

        «Neugatik», pentsatu zuen Elizabethek, «ote dio hori?» eta ideiak berak gorritu egin zuen; baina, bere onera etorrita, hala esan zuen doinu gogotsuz: «Eta, arren, zein izaten da konde baten seme gaztearen prezioa? Anaia nagusia oso gaixobera ez bada, ez dut uste berrogeita hamar mila libra baino gehiago eskatuko duzunik».

        Gizonak hari beretik erantzun zion, eta bertan utzi zuten gala. Ondoren etorri zen isiluneak Fitzwilliam Koronelari Elizabeth nahigabeturik zegoela pentsaraziko zion beharbada, eta halakorik gerta ez zedin, zera esan zuen Bennet andereñoak luze barik:

        «Iruditzen zait zure lehengusuak norbait bere mende izateko ekarriko zintuela gehienbat. Harrigarria zait Darcy ez ezkontzea, eta halako erosotasun bat behin betiko ez ziurtatzea. Baina beharbada arrebak ondo balioko dio arte bitartean, eta, bere ardurapean bakarrik dagoenez, gogoak ematen diona egin lezake berarekin».

        «Ez», esan zuen Fitzwilliam Koronelak, «abantaila hori neurekin egin behar du erdi bana. Berarekin batera nago Darcy andereñoaren jagole lanetan».

        «Benetan? Eta, arren, zer moduzko jagoleak zarete? Arazo asko ematen dizue zuen eginkizunak? Bere adineko dama gazteak batzuetan zailak izaten dira gobernatzen, eta benetako Darcy izpiritua baldin badu, berea atera beharrekoa izango da agian».

        Berba egiten zuelarik, gizonak serio begiratzen ziola ohartu zen, eta Koronelak segituan galdegin zionean ea zergatik uste zuen Darcy andereñoak buruhausterik eman ahal ziela, itauna egiteko moduaz Elizabeth bete-betean jabetu zen zelanbait ere egiaren ondo-ondotxoan jo zuela. Zuzen eman zion arrapostua:

        «Ez duzu zertan ikaratu. Ez dut inoiz haren gauza txarrik entzun; eta munduan diren kriatura moldaerrazenetako bat dela ausartuko nintzateke esatera. Nire ezaguerako bi damen kutun-kutuna da, Hurst anderearena eta Bingley andereñoarena. Ezagutzen dituzula uste dut».

        «Apur bat ezagutzen ditut. Haien neba gizon atsegina da, zaldun jitekoa, Darcyk adiskide handia du».

        «O, bai!», esan zuen Elizabethek lehor. «Darcy jaunak berealdiko adeitasuna dio, eta miragarria da zelan hartzen duen haren kontu».

        «Haren kontu! Bai, benetan uste dut Darcyk Bingley jaunaren kontu hartzen duena, gizon horrek kontu gehien behar duen puntuetan hartu ere. Honako bidaian Darcyk esandako gauza bategatik, badaukat arrazoirik pentsatzeko Bingley jauna zor handitan dagoela Darcyrekin. Baina barkamena erregutu beharko nioke, ez baitaukat zertan suposatu aipatutako pertsona Bingley jauna zenik. Susmoa besterik ez zen izan».

        «Zer esan nahi duzu?»

        «Darcyk ez luke gura gorabehera hau jende guztiaren jakineko izaterik, noski, damaren familiarenganaino zabalduko balitz kontu desatsegina izango litzateke eta».

        «Ziur izan zaitezke ez dudana aipatuko».

        «Eta gogoan izan ez daukadala arrazoi handirik Bingley zela suposatzeko. Hauxe baino ez zidan esan: pozik baino pozago zegoela, lagun bat ezkontza guztiz zentzubako baten nekaduretatik salbatu berria zuelako, baina izenik edo bestelako xehetasunik eman gabe, eta nik Bingley zela susmatu baldin banuen bakarrik izan zen era horretako sasitza batean sar daitekeen gazte mota dela uste dudalako, eta azken uda osoa elkarrekin eman zutela banekielako».

        «Eta eman al zizkizun Darcy jaunak tartean sartze horren arrazoiak?»

        «Baziren damari buruzko eragozpen larriak, ulertu nuenez».

        «Eta zein amarruz baliatu zen biak elkarrengandik banatzeko?

        «Ez zidan bere amarruez hitz egin», esan zuen Fitzwilliamek irribarrez. «Nik zuri orain esandakoa bakarrik esan zidan».

        Elizabethek ez zuen erantzunik eman, eta oinez segitu zuen, bihotza suminez puztuta. Tarte batez berari so egon eta gero, Fitzwilliam Koronelak zergatik zegoen hain pentsakor galdetu zion.

        «Esan didazunaz nabil pentsatzen», esan zuen. «Zure lehengusuaren jokaera ez dator bat nire sentimenduekin. Zergatik izan behar zuen berak epaile?»

        «Tartean sartze hori inoren arazotan ibiltzea izan zela iruditzen zaizu, ezta?»

        «Ez dut ikusten zein eskubide zeukan Darcy jaunak bere lagunaren joeraren zuzenaz erabakirik hartzeko, edo zertan zehaztu eta zuzendu beharko zuen, bere adimendu hutsean oinarriturik, zer modutan izango zen zoriontsu lagun hori». «Baina», jarraitu zuen, bere buruaz ostera jabetuz «xehetasunik ez dakigunez, ez da bidezkoa Darcy kondenatzea. Ez dago zertan suposatu kasuan maitasun handirik zegoenik».

        «Ez da harritzekoa uste hori», esan zuen Fitzwilliamek, baina nire lehengusuaren garaipenaren ohorea tamalgarriro gutxitzea da».

        Txantxetan esan zuen hori, baina Elizabethi hain iruditu zitzaion Darcyren erretratu bete-betea, non ez zuen bere ustea erantzun batez azpimarratu gura izan; eta, horrenbestez, hizpidea ziplo aldatuta, gai desberdinez egon ziren berbetan erretore-etxera heldu arte. Han, bisitaria joan bezain laster Elizabeth bere gelara bildu zen, eta entzundako guztiaz egin zuen gogoeta inork enbarazu egin barik. Darcyk aipatutako pertsonak bere ezagunak izan behar ziren, ezin zen bestela izan. Munduan ezin ziren egon bi gizon, zeinengan Darcy jaunak halako eragin mugagabea eduki zezakeen. Elizabethek sekula ez zuen zalantzarik egin Darcy jaunak zerikusia izan zuela Bingley eta Jane elkarrengandik bereizteko hartutako neurrietan; baina neurrion eratze eta antolamendua Bingley andereñoari leporatua zion nagusiki. Buruiritziak Darcy engainatzen ez baldin bazuen, ordea, bera zen kausa, bere harrotasuna eta apeta ziren Janek nozitua zuen eta artean ere nozitzen ari zen guztiaren kausa. Aldi baterako Darcyk hondatuak zituen munduko bihotzik laztantsu, eskuzabalenaren zorion esperantza guztiak; eta inork ezin zuen esan noiz arte iraungo zuen berak eragindako kalteak.

        «Baziren damari buruzko eragozpen larriak», izan ziren Fitzwilliam Koronelaren berbak, eta eragozpen larriok, seguruenik, herrian prokuradorea zen osaba bat, eta Londresen negoziotan zebilen beste bat edukitzea izango ziren.

        «Janeri berari buruz», egin zuen Elizabethek aldarri, «ezin zen eragozpenik izan. Oro maitagarri eta onbera izanda, den bezala! Adimen bikaina, buru jantzia eta modu liluragarriak. Eta gure aitaren kontra ere ezin liteke ezer esan, zeren, bitxitasun batzuk gorabehera, Darcy jaunak berak mesprezatuko ez lituzkeen abildadeak baititu, bai eta jaun horrek ziur aski inoiz iritsiko ez duen itzala ere». Bere amaz pentsatu zuenean konfiantzak amore eman zion pittin batez, egia, baina Elizabethek ez zuen onartuko alde horretako eragozpenek Darcy jaunarentzat axolako pisurik eduki zezaketenik, bete-betean uste baitzuen gizonaren harrotasunari zauri larriagoa egingo ziola bere lagunaren senideen maila gutxiak, ezen ez euron zentzumen faltak. Eta, azkenik, Elizabethek nahikoa argi ikusi zuen Darcy jaunari bi gauza nagusitu zitzaizkiola: alde batetik bere harrotasunaren alderik txarrena eta, bestetik, Bingley jauna bere arrebarentzat gorde nahia.

        Gaiak sortutako asaldurak eta ondorengo malkoek buruko mina ekarri zioten; ilunabar aldera buruko mina asko gaiztotu zitzaionez, eta, bestalde, Darcy jauna ikusteko batere gogorik ez zuenez, Elizabethek erabaki zuen lehengusu-lehengusinekin Rosingsera ez joatea, bertara konprometituak baitziren tea hartzen joateko. Collins andereak, Elizabeth benetan ondoezik zegoela ikusita, ez zuen laguna estutu, eta, ahal zuen neurrian, galarazi egin zion senarrari halakorik egitea, baina Collins jaunak ezin zuen bere beldurra ostendu, ea Lady Catherine ez ote zen asko minduko Elizabeth etxean geratuz gero.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia