HOGEITA HAMABIGARREN ATALA

 

        Biharamun goizean, Collins anderea eta Maria herrira zeregin batzuk egitera joanda zirenez, Elizabeth bakarrik zegoen etxean Janeri gutun bat idazten. Horretan zegoela, halako batean ateko kanpaiak, bisitariaren zantzu seguruak, jauzi batean jarri zuen. Kotxe hotsik entzun ez zuenez, ez zitzaion ezinezko iruditu Lady Catherine izatea, eta, galdera ozar orori ihes egin ahal izateko, gutun erdi-idatzia handik gordetzen hasi zen; baina bat-batean atea zabaldu egin zen eta Darcy jauna sartu zen gelan, Darcy jauna ez besterik, Elizabethen harridura zinez handirako.

        Gizona ere harritu bide zen Elizabeth bakarrik aurkitzeaz eta barkamena eskatu zion itsumustuan sartzeagatik, dama guztiak etxean zeudela uste izan zuela adieraziz.

        Orduan biak eseri ziren, eta Elizabethek Rosingsekoen osasunari buruzko galdeak bukatu zituenean bazirudien erabateko isiltasunean murgildu beharko zutela. Guztiz beharrezkoa izan zen, horrenbestez, zer edo zer pentsatzea, eta, Darcy Hertfordshiren azkenengoz noiz ikusi zuen arrapaladan gogoratze horretan, eta Netherfieldekoen partiera presazkoaz galdetuz gero Darcyk zer esango ote zuen jakiteko minez, honako ohar hau egin zuen:

        «Guztiz tupustean utzi zenuten guztiok Netherfield azken azaroan, Darcy jauna! Bingley jaunarentzat ustekabe ezin atseginagoa izango zen denok hain azkar jarraitzen zeniotela ikustea; izan ere, ondo oroitzen banaiz, bezperan bertan joan zen. Londresetik irten zenuenean bera eta bere arrebak ondo egongo ziren, hala espero dut».

        «Guztiz, estimatzen dizut».

        Elizabethek ikusi zuen ez zuela beste erantzunik jasoko, eta, geldiune labur baten ondoren, hauxe gaineratu zuen:

        «Bingley jaunak Netherfieldera itzultzeko asmo handirik ez duela-edo entzun dut».

        «Ez diot halakorik entzun; baina baliteke etorkizunean etxe hartan oso denbora gutxi ematea. Lagun asko dauka, eta lagunak eta konpromisoak etengabe ugaltzen diren adinean dago».

        «Netherfielden gutxitan izateko asmoa badauka, auzunearentzat hobe litzateke lekua erabat utziko balu, hartara familiaren bat hor ezartzea lortuko baikenuke, ziur aski. Baina, beharbada, Bingley jaunak ez zuen etxea hainbeste hartu auzunearen komenentziarako nola bererako, eta etxea eduki edo uztea ere, irizpide berberaren arabera egitea espero beharko».

        «Ez nintzateke harrituko», esan zuen Darcyk, «saltzeko aukera onik agertu bezain laster, hura uzteko prest azalduko balitz».

        Elizabethek ez zion erantzunik eman. Darcyren adiskideaz berba egiten jarraitzearen beldur zen; eta, esateko gehiago ez zuenez, oraingoan gai bat aurkitzearen lana Darcyrentzat uztera deliberatuta zegoen.

        Gizonak pikoa harrapatu zuen, eta honelaxe hasi zen handik lasterrera, «Etxe honek oso atsegina dirudi. Lady Catherinek hobekuntza asko egin zizkion, uste dut, Collins jauna Hunsfordera lehenengoz etorri zenean».

        «Hala egin zuela uste dut, eta ziur naiz ezin izango zuela bere adeitasuna pertsona eskertsuago baten alde jarri».

        «Badirudi Collins jauna oso zori onekoa izan dela bere emaztea hautatzean».

        «Horixe izan dela; ondo pozik egon daitezke bere lagunak, Collins jaunak topo egin duelako baietz esango zioten, edo, baietz esatekotan, zoriontsu egingo zuten emakume zentzudun bakanetako batekin. Nire adiskidea zeharo buru onekoa da... Collins jaunarekin ezkontzea inoiz egin duen gauzarik azkarrena ote den ziur ez banago ere. Guztiz zoriontsua dirudi, hala ere, eta zuhurtziaren argitan, Charlotterentzat oso ezkontza ona da, duda batik».

        «Oso atsegina izan behar zaio bere familia-lagunengandik hain distantzia erosora ezarrita egotea».

        «Distantzia eroso deitzen diozu? Berrogeita hamar milia dira ia-ia».

        «Eta zer da berrogeita hamar milia errepide on batekin? Egun erdiko bidaia hain pittin bat gehixeago. Bai, oso distantzia erosoa deritzot».

        «Sekula ez nukeen distantzia sartuko ezkontza honen abantailen artean», hots egin zuen Elizabethek. «Sekula ez nukeen esango Collins anderea bere familiarengandik hurbil ezarrita dagoenik».

        «Hertfordshireri diozun atxikimenduaren froga duzu hori. Longbourneko auzunetik harantz dagoen guztia urrun gertatuko litzaizuke, suposatzen dut».

        Berba egiten zuelarik, nolabaiteko irribarrea ageri zen haren aurpegian, Elizabethek ulertu uste izan zuena; dudarik gabe, gizonak uste zuen Elizabethek Jane eta Netherfield zituela buruan. Gorrituta, Bennet andereñoak hala erantzun zion:

        «Ez dut esan nahi emakume bat ezin dela inoiz familiarengandik hurbilegi ezarri. Urruna eta hurbila erlatiboak dira beti, eta gorabehera aldakor askoren menpean daude. Bidaiatzeko gastua hutsa egingo duen dirua dagoenean, distantzia ez da inongo gaitza. Baina hori ez da kasua hemen. Collins jaun andereek diru sarrera polita dute, baina ez bidaia asko egiteko modukoa, eta bete-betean nago nire lagunak ez lukeela esango bere familiarengandik hurbil dagoenik, ezta oraingo distantziaren erdian baino gertuago egonda ere».

        Darcy jaunak apur bat aurreratu zuen aulkia Elizabethenganantz, eta hauxe esan zion, «Ez duzu eskubiderik zure bazterrei horrenbesteko atxikimendua izateko. Seguru ez duzula bizitza osoa Longbournen eman».

        Elizabethek harritua zirudien. Zaldunari gogoa aldatu zitzaion nolabait ere; aulkia atzerantz eraman, mahaitik egunkari bat hartu, eta, berorri gainetik begi ziztadak eginez, hala esan zuen, ahots hotzagoaz:

        «Atsegin duzu Kent?»

        Herri-inguruaren gaineko elkarrizketa txiki bat etorri zen ondoren, alde bietatik sosegatu eta laburra... eta berehala burura eramana, Charlotte eta bere ahizpa, osteratik iritsi berriak, gelan sartu baitziren. Tête-à-tête-ak harrituta utzi zituen. Darcy jaunak kontatu zien Bennet andereñoarengana itsumustuan azaltzera eraman zuen okerra, eta inori gauza handirik esan barik minutu batzuk eserita eman ondoren, joan egin zen.

        «Zer esan nahi ote du honek!» esan zuen Charlottek, gizona joan bezain laster. «Eliza nirea, zurekin maiteminduta egon behar du, edo ez zatekeen inoiz hain etxeko handian etorriko gurera bisitan».

        Baina Elizabethek Darcyren isiltasuna aipatu zionean ez zitzaien iruditu, Charlotteren gogoa gorabehera, hori izan zitekeenik kasua; eta zenbait burrundaren ondoren, azkenean bakar-bakarrik suposatu ahal izan zuten Darcyren bisita zereginak aurkitzeko zailtasunari zor behar zitzaiola, urte sasoi hartan oso erraz gerta zitekeen eta. Aire zabaleko kirol guztiak amaituta zeuden. Etxe barruan Lady Catherine, liburuak, eta billiard mahai bat ziren, baina zaldunak ezin dira etxe barruan egon beti; eta Erretore-etxearen hurbiltasuna zela, edo harainoko bidearen atsegina, edo bertan bizi zen jendearena, egun horretaz geroz lehengusu biek ia-ia egunero izan zuten harainoko kilika. Goizeko une desberdinetan joaten zitzaizkien, batzuetan nor bere aldetik, beste batzuetan era batera, eta noizetik noizera izekoak lagunduta. Erretore-etxeko emakumeentzat gauza nabaria zen Fitzwilliam Koronela euren konpainian atsegin hartzen zuelako etortzen zela, eta uste horrek, jakina, are maitagarriago egiten zuen gizona; eta Elizabethek, Koronelarekin izaten zenean zein gogara zegoen, eta gizonak berari zein miresmen agerikoa zion ikusita, George Wickham bere lehengo kutuna gogoratu zuen; eta gizon biok alderatzean Fitzwilliam Koronelaren moldeek hain eztitasun xarmangarririk ez zutela ikusi bazuen ere, biotan jantziena agian Koronela izango zela pentsatu zuen.

        Baina Darcy jauna Erretore-etxera zergatik etortzen ote zen hain sarri zailago zen ulertzen. Konpainiagatik ezin izan, askotan ahorik zabaldu gabe egoten baitzen hamar minutuz eserita; eta hitz egiten zuenean, beharraren ondorioa zirudien, eta ez nahiarena, egokitasunaren aldeko sakrifizioa, eta ez bere buruarentzako atsegina. Bakanetan agertzen zen benetan biztuta. Collins andereak ez zekien berataz zer pentsatu. Noizean behin Fitzwilliam Koronelak barre egiten zuen bere lehengusuaren tenteltasunaz, eta horrek Darcy normalean bestelakoa izaten zela frogatzen zuen, Charlottek, gizonaz zuen ezagueratik, jakin ezin izango zukeen gauza, bestela; eta aldaketa hori maitasunaren ondoriotzat jo nahi izango zuenez, eta bere lagun Eliza, berriz, amodio horren helmugatzat, Charlotte gogoz jarri zen lanean dena ikertzeko. Rosingsen izaten zirenero adi egoten zitzaion Darcyri, eta hura Hunsfordera etortzen zenero ere bai; baina arrakasta handirik gabe. Egia zen asko begiratzen ziola haren lagunari, baina begirada horren espresioa eztabaidagarria zen. Begiera serio, tinkoa zen, baina askotan Charlottek duda egiten zuen ba ote zen bertan miresmen handirik, batzuetan gizonak burua beste inon zeukala besterik ez zuen ematen eta.

        Charlottek bizpahiru aldiz eman zion aditzen Elizabethi Darcyk beraganako joera izan zezakeela, baina Elizabethek barre egiten zion beti ideia horri; eta Collins andereak ez zuen zuzen juzkatu gai horri ekitea, azkenean ustel gerta zitezkeen esperantzak sortzeko arriskua baitzegoen; izan ere, Charlotteren iritziz, Elizabethen ezinikusi guztia aienatu egingo zen, duda izpirik gabe, Darcy bere mendean zuela jakin orduko.

        Elizabethentzat eratzen zituen egitasmo maitetsuen artean, batzuetan Fitzwilliam Koronelarekin ezkontzea planeatzen zuen. Gizon atseginena zen, ez zegoen alderatzerik; miretsi egiten zuen Elizabeth, eta haren bizi egoera guztiz desiragarria zen; baina abantailon pisua berdintzeko, Darcy jaunak aginpide handitsua zeukan elizan, eta bere lehengusuak, beharbada, batere ez.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia