HOGEITA HAMAIKAGARREN ATALA

 

        Erretore-etxean asko miretsi zituzten Fitzwilliam Koronelaren moldeak, eta gizon horrek Rosingseko elkarraldiak askoz atseginago egingo zituela pentsatu zuten dama guztiek. Egun batzuk joan ziren, ordea, bertarako gonbidapenik jaso baino lehen, Rosingstarrek bisitariak zituzten artean erretore-etxekoak ez baitziren inondik ere beharrezko; eta Pazko Egunera arte, zaldunak iritsi eta handik ia astebetera alegia, ez zitzaien halako adeiaren ohorea egin, eta orduan ere gauean joatea besterik ez zieten eskatu mezatik irtekeran. Aurreko astean doi-doi ikusia zuten Lady Catherine edo haren alabaren arrastorik. Tarte horretan Fitzwilliam Koronela behin baino gehiagotan izana zen bisitan erretore-etxean, baina Darcy jauna elizan besterik ez zuten ikusi.

        Gonbidapena onartua izan zen, jakina, eta komenentziazko ordu batean Lady Catherineren egongelako taldearekin batu ziren. Lady Catherinek gizalegez hartu zituen, baina argi eta garbi ageri zen haien konpainia ez zela inondik ere hain ondo etorria nola andereak bere ondoan beste inor ez zeukanean; eta, egia esan, ia-ia sorgortuta zegoen bere ilobekin, euroi, Darcyri batez ere, gelako beste inori baino gehiago hitz egiten zielarik.

        Bazirudien Fitzwilliam Koronela poz-pozik zegoela haiek ikusteaz; Rosingsen edozein gauza zen ongi etorritako arindua beretzat; eta, gainera, begitik ondo sartua zuen Collins anderearen lagun polita. Orain bere ondoan zegoen eserita, eta gizonak hain solas atsegina zeukan Kent eta Hertfordshirez, bidaiak egiteaz eta etxean geratzeaz, liburu berriez eta musikaz, ezen Elizabeth ez baitzen inoiz gela hartan orduantxe entretenitzen ari zenaren erdia ere entretenitu; eta hain gogotsu eta halako jarioaz zeuden berbetan, non Lady Catherineren beraren eta Darcy jaunaren arreta ostu zuten. Darcy aspalditik zegoen begiak haiengana behin eta berriro bihurtzen jakin-min aurpegiaz; eta, luze gabe, Lady Catherinek zabalkiago ametitu zuen berak ere sentimendu hori konpartitzen zuela, honelaxe egin baitzuen aldarri, inongo ingirarik gabe.

        «Zer zabiltza esaten, Fitzwilliam? Zer diostazu Bennet andereñoari? Utzi entzuten zer den».

        «Musikaren gainean ari gara, anderea» esan zion, erantzutea luzaroago saihestu ezinik.

        «Musikaren gainean! Orduan ozen hitz egin, arren. Nire gai maitatuena da. Musikaren gainean ari bazarete, nik ere izan behar dut esku zuen hizketan. Gutxi dira Ingalaterran, nik uste, musikarekin zinez nik baino gehiago gozatzen dutenak, edo nik baino berezko gustu hobea daukatenak. Inoiz ikasi izan banu, musikari iaioa izango nintzatekeen. Eta halakoxea izango zatekeen Anne ere, bere osasunak horri lotzeko aukera eman balio. Bete-betean nago zoragarri jo izango zukeela. Zelan dabil Georgiana, Darcy? Aurrera egiten du?»

        Darcy jaunak maitasunez laudatu zuen bere arrebaren trebezia.

        «Asko pozten nau zure arrebaz halako gauza onak entzuteak», esan zuen Lady Catherinek; «eta, arren, esaiozu neure partez ezin duela espero pianoan inoiz nabarmentzea baldin eta askotxo saiatzen ez bada».

        «Ziur diotsut, anderea», arrapostu zuen, «halako aholkuren beharrik ez duela. Ari eta ari ibiltzen da».

        «Hainbat hobeto. Inoiz ez da larregi; eta berriz idazten diodanean agindua emango diot pianoa inolaz ere bazter ez uzteko. Askotan esaten diet dama gazteei musikan ez dagoela gailurra iristerik etengabeko jardunik gabe. Behin baino gehiagotan esan diot Bennet andereñoari ez duela inoiz benetan ondo joko gehiago praktikatzen ez badu; eta Collins andereak pianorik ez badu ere, Elizabeth andereñoa oso ongi etorria izango da Rosingsen, askotan esan diodanez, egunero etorri eta Jenkinson anderearen gelako pianoa jotzeko. Etxearen alde horretan ez dio inori enbarazurik egingo, badakizu».

        Darcy jauna bere izekoaren heziera eskasaz apur bat lotsatuta azaldu zen, eta ez zuen erantzunik eman.

        Kafea amaitu zutenean, Fitzwilliam Koronelak gogora ekarri zion Elizabethi agindua ziola beretzat jotzea; andereñoa pianoaren aurrean eseri zen segituan. Koronelak aulki bat eroan zuen haren ondora. Lady Catherinek kanta erdia entzun zuen eta gero berriz hasi zen, lehen bezala, beste ilobarekin hizketan; harik eta iloba izekoarengandik aldendu, eta, ohi bezain erabakitsu pianorantz joanda, jole ederraren aurpegiera oso-osoan ikusteko moduan kokatu zen arte.

        Elizabethek zertan zebilen ikusi zuen, eta lehenengo etena egokitu zenean, irribarre bihurri batez gizonarenganantz jarri eta hala esan zion:

        «Ikaratu nahi nauzu, Darcy jauna, ni entzutera horrenbesteko sino-minoz etorrita? Baina zure arrebak hain ondo jo arren ez naiz asaldatuko. Neure baitan badago halako seta bat, besteren gogoz ikaratua izatea jasan ezin duena. Neure adorea handitu egiten da norbait ni beldurtzen saiatzen deneko».

        «Ez dizut esango oker zaudenik», arrapostu zion Darcyk, ezin duzulako benetan pentsatu zu asaldatzeko inongo asmorik zaintzen dudanik; eta zu ezagutzeko atsegina izan dudan denbora, nahikoa izan zait hauxe jakiteko: gozamen handia ematen dizula benetan zureak ez diren iritziak noizean behin adierazteak».

        Elizabethek gogoz egin zuen barre Darcyk egina zion erretratu horren aurrean, eta hauxe esan zion Fitzwilliam Koronelari, «Zure lehengusuak oso polito emango dizu niri buruzko ideia bat, eta niri hitz bat ere ez sinesten irakatsiko dizu. Zoritxarrekoa naiz benetan: neure burua sinesgarritasun tanta batez saldu gura dudan munduaren parte honetan, norekin egokituko eta neure benetako izaera hain ondo agertarazi ahal duen pertsona batekin! Egia esan, Darcy jauna, ez da batere adeitsua zure aldetik Hertfordshiren nitaz ikasi zenituen gauza txar guztiak aipatzea, eta, zilegi bazait esatea, ez da oso zuhurra. Izan ere, horrek mendekura zirikatzen nau, eta zeure senideak asaldatzeko moduko gauzak atera daitezke».

        «Ez naiz zure beldur», esan zuen gizonak irribarrez.

        «Utzidazu entzuten, arren, zein erru leporatzen diozun», hots egin zuen Fitzwilliam Koronelak. «Ezezagunen artean nola jokatzen duen jakin nahi nuke».

        «Entzun egingo duzu orduan. Baina prest egon zaitez gauza izugarri bat entzuteko. Jakin behar duzu Hertfordshiren lehenengo aldiz ikusi nuenean, dantzaldi batean izan zela, eta dantzaldi horretan... zer uste duzu egin zuela? Lau dantza besterik ez zuen egin! Damu dut zuoi min ematea, baina halaxe izan zen. Zaldunak urri ziren arren, lau dantza besterik ez zuen egin; eta, ondo dakidanez, bazeuden dama gazte bat baino gehiago eserita, dantzakide beharraz. Darcy jauna, ezin duzu ukatu gertatutakoa».

        «Garai hartan ez nuen batzar osoan dama bat ere ezagutzeko ohorea, neure taldekoak kenduta».

        «Egia; eta dantza-gela batean ez dago aurkeztua izaterik. Tira, Fitzwilliam Koronela, zer joko dut hurren? Nire atzamarrak zure esanetara daude».

        «Beharbada», esan zuen Darcyk, «hobeto jokatuko nukeen aurkezpenik bilatu izan banu, baina ez naiz ona neure burua ezezagunen aurrean gomendagarri egiten».

        «Galdetuko al diot zure lehengusuari horren zergatia?» esan zuen Elizabethek, artean ere Fitzwilliam Koronelari zuzenduz. «Galdetuko al diot zergatik gizon zentzudun eta ondo hezi bat, eta mundua ibilita dagoena, ez den ona bere burua ezezagunen aurrean gomendagarri egiteko?»

        «Nik neuk erantzun ahal dizut galdera hori», esan zuen Fitzwilliamek, «beragana jo gabe. Ez dio bere buruari halako nekerik emango».

        «Nik ez daukat batzuek duten dohain hori, egia da», esan zuen Darcyk, «lehen aldiz ikusitakoekin erraz hitz egitea, alegia. Ezin dut solasaren tonua harrapatu, edo haien arazoetan neure burua interesaturik agertu, beste batzuk askotan ikusi ditudan bezala».

        «Nire atzamarrak», esan zuen Elizabethek, «ez dira mugitzen piano honen gainean beste emakume batzuei ikusi diedan maisutasunaz. Ez dute haien indar edo abiadura, eta ez dute bizitasun berbera adierazten. Baina hori neure okerra dela uste izan dut beti, praktikatzeko nekerik hartu gura izan ez dudalako. Ez da ez dudala uste neure atzamarrak beste edozein emakumerenak bezain on direnik bikain jotzeko».

        Darcyk irribarre egin eta hauxe esan zuen: «Guztiz zuzen zaude. Askoz ere hobeto erabili duzu denbora. Zuri entzuteko pribilejioa eman zaion inork ez lezake pentsa ezer falta duzunik. Ez zuk ez nik ez dugu ezezagunentzat jarduten».

        Hor Lady Catherinek moztu zien hitza, zertaz hitz egiten ari ziren jakiteko deiturik. Elizabeth berriz jotzen hasi zen segituan. Lady Catherine hurbildu zen, eta, minutu gutxi batzuetan entzuten egon eta gero, halaxe esan zion Darcyri:

        «Bennet andereñoak batere akatsik gabe joko luke, baldin eta gehiago praktikatu eta Londreseko maisu baten laguntza eduki ahal izango balu. Oso atzamar-joko ona dauka, Annek bezain gustu ona ez badu ere. Anne piano jole liluragarria izango zen, bere osasunak ikasteko aukera utzi izan balio».

        Elizabethek Darcyri begiratu zion lehengusinaren laudorioak zein bihozkiro baiesten zituen ikusteko; baina ez une horretan ez bestetan, ezin izan zuen Elizabethek maitasun zantzurik antzeman; eta Darcy jaunak De Bourgh andereñoarengana oro har zuen jokabidetik, kontsolabide hau atera zuen Bingley andereñoarentzat, Darcy jauna berdin-berdin ezkondu ahal izango zela Carolinerekin, baldin eta senideak izan balira.

        Lady Catherinek Elizabethen emanaldiari oharrak egiten jarraitu zuen, aldi berean jotzearen eta gustuaren gaineko ikaskizun ugari eskainiz. Elizabethek gizalegearen eroapen osoaz jaso zituen; eta zaldunek hala eskatuta, piano aurrean geratu zen harik eta Lady Catherineren kotxea haiek guztiak etxera eramateko prest egon zen arte.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia