HOGEITA HAMARGARREN ATALA

 

        Sir William astebetez bakarrik egon zen Hunsforden; baina bisitaldi hori nahikoa izan zitzaion bete-betean pentsatzeko alaba ezin ederkiago ezarrita zegoela eta senarra eta auzokoa gutxitan topatzen direnetakoak zituela. Sir William haiekin izan zen artean, Collins jaunak aitaginarreba harat-honat kalesinean eroaten eta hari herria erakusten eman zituen goizak; baina Sir William joan zelarik, ohiko zereginetara itzuli ziren etxeko guztiak, eta Elizabethek eskerronez ikusi zuen nola aldaketa horrek ez zekarren lehengusua sarriago ikusi beharra, zeren Collins jaunak lorategian lanean ematen baitzuen gosaritik bazkarira arteko denbora gehiena, edo irakurtzen eta idazten bere liburu-gelan, edo —errepidea aurrez aurre zeukanez— baita leihotik begira ere. Damak atzealdeko gelan egon ohi ziren jesarrita. Elizabeth nahikoa harritu zen Charlottek eguneroko gauzetarako jangela nahiago ez izateaz; gela hobea zen luze-laburrez, eta itxura atseginagoa zeukan; baina berehala jabetu zen bere lagunak arrazoi bikaina zuela horretarako; izan ere, damak berea bezain gela alaian eseri izatera, gizonak askoz ere denbora gutxiago emango baitzukeen bere egonlekuan, dudarik gabe; eta Elizabethek ederretsi egin zion konponbidea Charlotteri.

        Egongelatik ezin zuten bidexka garbi ikusi, eta Collins jaunari zor zioten bidetik zihoazen kotxeen jakitun egotea, eta bereziki De Bourgh andereñoa bere faetoian etxe ondotik noizero pasatzen zen jakitea, gizona behin ere huts egin gabe etortzen baitzitzaien horren berri ematen, nahiz eta ia-ia egunero gertatzen zen gauza izan. Andereñoa erretore-etxearen parean geratzen zen sarritan, eta minutu batzuetako hizketaldia izaten zuen Charlotterekin, baina Collins andereak ia inoiz ez zuen andereñoa kotxetik jaisteko konbentzitzen.

        Collins jaunak oso egun gutxi uzten zituen pasatzen Rosingserako bidea egin barik, eta asko ere ez ziren igarotzen emazteak bera ere joatea beharrezkotzat jo gabe. Eta banatu beharreko beste eliz kargu batzuk tartean egon zitezkeela otu ez zitzaion arte, Elizabethek ezin izan zuen horrenbeste orduren sakrifizioa ulertu. Noiz edo noiz Lady Catherinek ikusi batez ohoratzen zituen, eta bisitaldi horietan gelan gerta zitekeen ezertxo ere ez zitzaion itzurtzen anderearen begiari. Eskutan zeuzkaten zereginak miatu, haien joste-lanari begiratu, eta beste era batera egiteko aholkua ematen zien; okerrak bilatzen zituen altzarien antolamenduan, edo neskamea nagikeriatan harrapatzen; eta jan-edanik onartzen baldin bazuen, bazirudien bakar-bakarrik egiten zuela Collins anderearen okela pusketak etxekoentzat handiegiak zirela aurkitzearren.

        Elizabethek hala antzeman zuen berehala, dama handi hura konderriko bake-epaitegikoa ez bazen ere, bere elizbarrutian behintzat zeharo epaile eginkorra zela, bertako arazorik txikienen berri Collins jaunak eroaten ziolarik; eta baserritarren bat okasiotsu, muturtsu edo txiroegi izateko prest agertzen zen bakoitzean, anderea herrira menturatzen zen tira-birak berdindu, kexuak isildu eta denei armonia eta oparotasunera deitzeko.

        Rosingsen bazkaltzearen gozaldia astean bitan-edo berritzen zen; eta, Sir William galdu izana eta arratsean joko-mahai bakarra egotea salbuetsiz, denbora-pasa oro lehenbizikoaren kideko izaten zen. Konpromiso gutxi izaten zuten bestela; izan ere, auzuneko bizimaila, oro har, goregi geratzen zitzaien Collinstarrei. Ordea, hori ez zen inongo gaitza Elizabethentzat eta gehienetan nahikoa gozoro ematen zuen denbora; hitz aspertu atseginak izan ohi zituen Charlotterekin, eta eguraldia urte sasoi horretarako eder-ederra zenez, oso aldi goxoak egiten zituen askotan etxetik kanpo. Bere ibilbide kutunena, eta besteak Lady Catherinerenean bisitan zeudela sarritan egin ohi zuena, parkearen alde hori mugatzen zuen basoño irekian luzatzen zen; han bazen bidexka gorde eta atsegin bat, Elizabeth izan ezik beste inork aintzat hartzen bide ez zuena, eta hortxe sentitzen zen andereñoa Lady Catherineren begiluzearen irispidetik gorderik.

        Era lasai horretan, egonaldiaren lehen hamabostaldia laster batean iragan zen. Aste Santua hurrean zegoen, eta aurreko astean kide berriak etorriko ziren Rosingsera, gauza garrantzitsua, ezinbestean, horren zirkulu txikian. Hunsfordera heldu eta handik gutxira entzuna zuen Elizabethek Darcy jauna aste gutxiren buruan etortzekoa zela, eta bere ezagunen artean gutxi baziren ere gizon hura baino gurago ez zituenak, Darcyren etorrerak modua emango zion Rosingseko batzarrean aurpegi berri xamar bati begiratzeko; eta, bestalde, nolaz eta gauza nabaria zen Lady Catherinek gizona bere alabarentzat aukeratua zuela, Elizabethek agian ondo pasatuko zuen Darcyk bere lehengusinarekin zeukan jokaerari jara emanez eta Bingley andereñoak gizonarekiko zerabiltzan asmoak zein esperantza gabekoak ziren ikusiz; Lady Catherine gogo bete-beteaz mintzo zen ilobaren etorreraz, miresmen handieneko berbak zituen Darcyrentzat, eta ia-ia haserre eta guzti azaldu zen Lucas andereñoak eta Elizabethek sarritan ikusia zutela jakitean.

        Erretore-etxean berehala izan zuten iritsieraren berri, Collins jaunak goiz osoa emana baitzuen paseoan Hunsford Lanera ematen zuten sarrera-etxolak begietan hartuta, hartara inork baino lehenago eta seguruago jakiteko heldueraren albistea; eta, kotxea parkera bidean jiratzean berorren aurrean erreberentzia eginik, Collins jaunak etxerakoari ekin zion ziztu bizian guztiei berri handia emateko. Biharamun goizean Rosingsera lehiatu zen eskumuinak ematen. Eskumuinok Lady Catherineren bi ilobari zegozkion, Darcy jaunak Fitzwilliam Koronel delako bat ekarria baitzuen berarekin, bere osaba Lord ————— en semerik gazteena, eta, talde osoaren harridura handirako, Collins jauna etxera itzuli zenean, zaldun biek lagundu zioten. Charlottek bere senarraren gelako leihotik ikusi zituen errepidea zeharkatzen, eta beste gelara arineketan joanda, laster egingo zitzaien ohorea jakinarazi zien neskei, honako hau erantsiaz:

        «Adei honengatik, Eliza, zeuri eman behar dizkizut eskerrak. Darcy jauna ez zen sekulan hain azkar etorriko niri eskumuinak ematera».

        Elizabethek apenas izan zuen astirik konplimendu horretarako eskubide oro arbuiatzeko, ateko ezkilak gizonak hurbil zeudela iragarri baitzuen, eta handik pittin batera hiru zaldunak sartu baitziren gelan. Fitzwilliam Koronela, buru egiten zuena, hogeita hamar urte ingurukoa zen, ez ederra, baina itxuraz zein moldez goitik beherako zalduna, zinez. Darcy jaunak Hertfordshiren izan ohi zuen itxura berbera zeukan, eta bere ohiko berba-gutxiaz esan zizkion komenentziazko eder-hitzak Collins andereari; eta Charlotteren lagunarengana zituen sentimenduak zituelarik ere, sosegu itxura osoaz zuzendu zitzaion. Elizabethek erreberentzia bat besterik ez zion egin, berba bat ere esan gabe.

        Fitzwilliam Koronelak zuzenean ekin zion solasari ondo hezitako gizonaren erraztasun eta lasaitasunaz, eta oso atseginkiro hitz egin zuen; baina bere lehengusua, Collins andereari etxeaz eta lorategiaz ohar arin bat zuzendu ondoren, inorekin hitz egin gabe geratu zen aldi batez eserita. Azkenean, hala ere, bere jendetasuna Elizabethi etxekoen osasunaren gainean galde egiteko bezain bestean itzarri zen.

        Elizabethek halakoetan ohi diren erantzunetako bat eman zion, eta isilune baten ostean, honakoa gehitu zuen:

        «Gure ahizpa nagusia hirian da azken hiru hilotan. Ez zarete inoiz elkarrekin egokitu?»

        Elizabeth ondo jakitun zegoen halakorik behin ere gertatu ez izanaz; baina ikusi gogo zuen ea keinuren batek salatuko ote zuen Darcy jaunak Bingleytarren eta Janeren artean izandakoak ezagun zituela; eta Bennet andereñoarekin elkartzeko zoriona behin ere ez zuela izan erantzuten ziolarik, gizona harritu samar ageri zela pentsatu zuen Elizabethek. Ez zuten gaia aurrerago eraman, eta handik gutxira zaldunak joan egin ziren.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia