HOGEITA BEDERATZIGARREN ATALA

 

        Gonbidapen hori guztizko garaipena izan zen Collins jaunarentzat. Bere andere babeslearen handigoia bisitari txundituei erakutsi ahal izatea, andere horrek beragana eta emaztearengana zuen adeitasuna begi aurrean jartzea, horixe zen irrikatzen zuena; eta horretarako aukera hain azkar emanez, Lady Catherinek halako moldean erakusten zuen bere esku atsegina, Collins jaunak ez baitzekien nola miretsi anderea behar bezainbeste.

        «Aitortu behar dut», esan zuen, «Lady Catherinek igandean tea hartzera eta arratsa Rosingsen ematera gonbidatu izan bagintu, ni ez nintzatekeela inondik ere harrituko. Areago, zein begitartetsua den ezaguturik, hala gertatzea espero nuen. Baina nork susmatuko zuen honelako adeirik? Nork pentsa zezakeen han bazkaltzeko gonbidapenik (eta, gehiago dena, talde osoarentzako gonbidapenik) zuek etorri eta hain gutxira jasoko genuenik!»

        «Ni ez nau batere harritu gertatu denak», arrapostu zuen Sir Williamek, «nire bizibideak parada eman baitit benetan handi direnen moldeak zertan diren ezagutzeko. Haziera onaren erakusgarriok ez dira bakanak Gortearen ingurumarian».

        Egun osoan eta biharamun goizean nekez aipatu zen Rosingserako bisitaz beste gairik. Collins jaunak kontu handiz jarri zituen denak ikusteko zeudenaren jakitun, halako gelak, hainbeste zerbitzari, eta horren bazkari bikaina ikusteak lagunak guztiz gainezka ez zitzan.

        Damak euren burua apaintzeko erretiratzen ari zirelarik, hala esan zion gizonak Elizabethi:

        «Ez zaitez estutu, ene lehengusina maitea, zure janzturak direla eta. Lekutan dago Lady Catherine berari eta bere alabari dagokien janzkeraren dotorezia hori guri eskatzetik. Daukazun arroparik onena janzteko aholkatuko nizuke bakar-bakarrik, besterik ez da behar. Lady Catherinek ez zaitu gutxiagoan izango xumeki jantzita egoteagatik. Maila desberdinen arteko bereizketa zain dadin gustatzen zaio».

        Janzten ari zirela, Collins jauna bizpahiru aldiz joan zitzaien ate joka arin ibil zitezen gomendatzeko, Lady Catherine asko nahigabetzen zen-eta inork itxaroten bazeukan bazkaltzeko. Lady Catherine eta bere bizimoduari buruzko kontu izugarriok nahikoa ikaratu zuten Maria Lucas, jendartean izaten oso ohituta ez baitzegoen, eta bere aitak St. Jameseko agerraldian izandakoaren pareko beldurraz irrikatzen zuen Rosingsen egingo zioten aurkezpena.

        Eguraldi ona zenez, milia erdiren bateko ibilaldia egin zuten parkean barrena. Parke guztiak ditu bere edertasun eta ikuspegiak; eta Elizabethek gauza atsegin asko ikusi zituen, nahiz eta, Collins jaunak uste zuenaren kontrara, ikusmirak ez zuen gainezkalditan jarri, eta ez zion harridura handirik eragin lehengusuaren ahotik etxearen aurrealdeko leihoen zenbatekoa entzuteak, edo beiradura hura Sir Lewis De Bourghi bere garaian orotara zenbat kostatu zitzaion ezagutzeak.

        Atarterako mailak igotzen ari zirela, Mariaren asaldura geroz eta handiagoa zen, eta Sir Williamek berak ere ez zirudien guztiz lasai. Elizabethi ez zion kuraiak huts egin. Artean ez zuen entzun Lady Catherine, dohain miragarri edo bertute mirakulutsuren bat zela bide, izaki izugarria izan zitekeela pentsaraziko zion gauzarik, eta diru zein maila hutsaren handitasuna dardararik gabe ikusteko gai izango zela uste zuen.

        Collins jaunak sarrerako atartearen neurrien egokia eta apaingarrien perfekzioa ohartarazi zituen liluramendutan, eta ondoren, gelaurre batetik iraganda, Lady Catherine, haren alaba, eta Jenkins anderea eserita zeudeneko gelaraino gidatu zituzten zerbitzariek. Lady Catherine, oso etorkor, harrera egiteko altxatu zen; eta nola Collins andereak bere senarrarekin aurretik erabakia zuen aurkezpen lana bere esku geratuko zela, zeregin hori modu egokian burutu zen, Collins jaunari beharrezkoak irudituko zitzaizkion barkeske eta esker emate guzti horiek kenduta.

        St. Jamesen izana bazen ere, Sir William hain zegoen txundituta inguruan zeukan handigoiaz, non ozta-ozta izan zuen nahikoa adore erreberentzia handi bat egin eta berba bat ere esan gabe bere lekuan esertzeko; eta haren alaba, beldurrak iaia senetik aterata, aulkiaren ertzean eseri zen, zein aurpegi jarri ere jakin gabe. Elizabethek egoerari aurre egiteko gai ikusi zuen bere burua, eta bere aitzineko hiru damak lasaitasunez aztertu ahal izan zituen. Lady Catherine emakume altu, handia zen, oso hazpegi markatuduna, garai batean agian ederra izango zena. Ez zuen jite lagunkoirik, eta bisitariei egin zien harrera ez zen izan beren maila xumeagoa ahantzarazteko modukoa. Ez zegoen isilik, eta horri esker ez zuen hain itxura izugarririk; baina zioena zioela, hain doinu aginduzkoan hitz egiten zuen, bere burgoikeria nabarmendu egiten baitzuen, eta Elizabethi berehala etorri zitzaion Wickham jauna gogotara; eta egun horretan oro har hauteman zuena aintzat hartuta, Lady Catherine Wickhamek irudikatu bezalakoxea zela pentsatu zuen.

        Ama aztertu eta bere aurpegi-gorpuzkeretan Darcy jaunaren nolabaiteko antza berehala susmatu ondoren, Elizabethek alabarengana zuzendu zituen begiak, eta ia-ia Mariaren harridurarekin bat egitekotan egon zen, De Bourgh andereñoa hain argal, eta hain txiki ikusita. Dama biek ez zuten inongo kerarik euren artean, ez musuz ez gorputzez. De Bourgh andereñoa zurbila zen, eta gaixo antzekoa; ezaina ez izan arren, gatz bako hazpegiak zituen; eta oso gutxi hitz egiten zuen, ez bazen ahopeka, eta Jenkinson anderearekin; azken horrek ez zuen gauza aipagarririk itxuran, eta buru-belarri zegoen andereñoak ziotsona entzuten, eta damaren begien aurrean bionbo bat norabide egokian kokatzen.

        Zenbait minutuz eserita egon ondoren, leiho batera bidali zituzten guztiak ikuspegia mirestera, Collins jaunak besteei gauza eder guztiak erakusteko lagun eginik, eta Lady Catherinek udan begiratzea askoz gehiago merezi zuela adeitsuki jakinarazten zielarik.

        Bazkaria ezin ederragoa izan zen, eta hortxe egon ziren Collins jaunak agindutako zerbitzari eta zilarreria guztiak; eta —halaber aurresana zuenez— gizonak mahaiburu batean hartu zuen lekua, Lady Catherineren gogoz, eta bere itxura ikusita batek esan zezakeen ezina iruditzen zitzaiola bizitzak gauza bikainagorik eskura jartzea. Zatitu, jan, eta laudatu, gogotsu eta pozarren egiten zuen; eta jaki guztiek zituzten goraipamenak, lehendabizi Collins jaunarenak, eta gero sir Williamenak, ordurako nahikoa suspertua baitzen suhiak zioen guztiaren oihartzuna emateko, eta halako moduan eman ere, ezen Elizabethi harrigarri egiten baitzitzaion Lady Catherinek berak jasan ahal izatea. Baina bazirudien ugazaba anderea gogara zegoela gehiegizko miresmen horrekin, eta irribarrerik gizabidetsuenak egiten zituen, batez ere besteei mahai gaineko jakiren bat ezezaguna suertatzen zitzaienean. Ez zegoen solas handirik taldean. Elizabeth prest zegoen hitz egiteko horretarako haria sortzen zen bakoitzean, baina Charlotteren eta De Bourgh andereñoaren artean zegoen jesarrita: lehenengoa Lady Catherineri entzuten zegoen arduratuta, eta bigarrenak, berriz, ez zion bazkari osoan berba bat ere esan. Jenkinson anderea honako zereginotan zegoen lanpetuta nagusiki: De Bourgh andereñoak zein gutxi jaten zuen ikustean, dama gaztea beste jakiren bat dastatzera bultzatzean, eta berori gogo txarrez egon zedin beldur izatean. Mariak erabat baztertua zeukan hitz egitearena, eta gizonek jan eta miretsi besterik ez zuten egiten.

        Damak egongelara itzuli zirenean gauza gutxi izan zuten egiteko Lady Catherineren hizketa entzutea kenduta, eta andereak horretantxe jardun zuen gelditu gabe kafea ekarri zuten arte, gai guztiez bere iritzia hain modu erabakitsuan adieraziz, nabari azaldu baitzen dama ez zegoela bere juzkuen kontrakorik entzuten ohituta. Trebekeriaz eta xehetasunez ikertu zituen Charlotteren etxe-arazoak, eta aholku sorta bat eman zion horiek denak ondo antolatzeko; harena bezalako familia txiki batean gauza guztiak nola arautu beharko liratekeen esan zion, baita irakasbideak eman ere bere behi eta hegaztiak jagoteko. Elizabeth konturatu zen ezertxo ere ez zela gelditzen dama handi haren arretatik kanpo, baldin eta zer horrek besteei aginduak emateko parada eskaintzen bazion. Collins anderearekiko hizketaldiaren tarte-uneetan, Lady Catherinek zenbait itaun zuzendu zizkien Maria eta Elizabethi, azkenari batez ere, berorren harremanez zekien-eta gutxiena. Collins andereari adierazi zionez, Elizabeth oso neska moduzko eta polita zen. Une desberdinetan zenbait galdera egin zizkion, ea zenbat ahizpa zituen, ea bera baino gazteago edo zaharragoak ziren, ea baten bat ezkontzekotan al zegoen, ea ederrak ziren, non heziak ziren, zer-nolako kotxea zuen aitak, zein zen bere amaren ezkongabeko izena... Elizabeth itaunon laineza guztiaz jabetu zen, baina sosegu handiz erantzun zituen. Orduan Lady Catherinek hala ohartarazi zion:

        «Zure aitaren etxaldea maiorazkoa da eta Collins jaunari dagokio, oker ez banago. Zeugatik», Charlotterengana jiratuz, «poztu egiten naiz; baina, beste aldetik, ez dut ikusten arrazoirik etxaldeak emakumezkoen adarretik apartatzeko. Sir Lewis De Bourghen familian ez zen horren premiarik ikusi. Ba al dakizu pianoan eta kantuan, Bennet andereñoa?»

        «Apur bat».

        «O! Orduan... egunen batean pozik entzungo zaitugu. Gure pianoa ona da, ziur aski zurea baino... Egunen batean probatu egin behar duzu. Ba al dakite zure ahizpek pianoan eta kantuan?»

        «Batek bai».

        «Zergatik ez zenuten denok ikasi? Denok ikasi beharko zenuketen. Webb andereño guztiek dakite jotzen, eta euron aitak ez du zuenak bezainbeste irabazten. Badakizue marrazten?»

        «Ez, batere ez».

        «Zer? Zuetako batek ere ez?»

        «Batek ere ez».

        «Oso arraroa da hori. Baina ez zenuten aukerarik izango, suposatzen dut. Zuen amak hirira eraman beharko zintuzketen udaberriro maisuekin ikastera».

        «Gure amak ez zuen eragozpenik jarriko, baina aitak gorrotoa dio Londresi».

        «Joan al zaizue etxeko andereñoa?»

        «Ez dugu sekula etxeko andereñorik izan».

        «Etxeko andereñorik ez! Zelan izan liteke halakorik? Bost alaba etxean hezi, etxeko andereñorik gabe! Egundo ez dut halakorik entzun. Zuen amak esklabo ibili behar izan du zuek denok hezteko».

        Nekez eutsi ahal izan zion Elizabethek irribarreari halakorik ez zela gertatu ziurtatzen ziolarik.

        «Orduan, nork irakatsi zizuen? Nork hartu zuen zuon kontu? Etxeko andereñorik gabe, bazter utzita egongo zineten».

        «Familia batzuen aldean, hala egongo ginela uste dut; baina gutarik ikasi nahi izan zuenak inoiz ez zuen biderik falta izan. Irakurtzera bultzatu gintuzten beti, eta behar beste maisu izan genituen. Nagia izatea hautatu zutenek, horretarako era izan zuten, noski».

        «Baiki, duda gabe; baina horixe da etxeko andereño batek galaraziko duena, eta nik zure ama ezagutu izan banu, biziro aholkatuko niokeen andereño bat hartzeko. Irakaslan etengabeko eta erregularrik gabe, heziketan zereginik ez dagoela esaten dut nik beti, eta hori etxeko andereño batek beste inork ezin du eman. Zoragarria da zenbat familia hornitu diren alde horretatik ni bitartekari. Pertsona gazte bat ondo ezarrita uzteak poz handia ematen dit beti. Jenkinson anderearen hiru iloba ezin gozoroago daude ezarrita niri esker; eta lehengo egunean bertan, ezustean baizik aipatua ez zidaten beste gazte bat gomendatu nuen, eta familia pozarren dago berarekin. Collins anderea, esan al dizut atzo Lady Metcalf eskerrak ematen etorri zela? Pope andereñoa altxor hutsa iruditzen zaio. "Lady Catherine", esan zuen, "joia eman didazu." Aurkeztu al da zure ahizparik jendaurrean, Bennet andereñoa?»

        «Bai, anderea, denak».

        «Denak! Nola, bostak batera? Oso bitxia! Eta zu bigarrena baino ez. Nagusiak ezkondu aurretik, gazteak aurkeztuak! Zure ahizpa txikiek oso gazte izan behar dute».

        «Bai, gazteenak hamasei ere ez dauka. Beharbada lar gaztea da jendartean asko ibiltzeko. Baina, benetan, anderea, nik uste dut ahizpa gazteekin gogorregi jokatuko genukeela baldin eta kenduko bagenie dibertimendu eta jendarteko ibileretatik dagokien zatia, zergatik-eta ahizpa nagusiek goiz ezkontzeko modurik edo gogorik ez dutelako. Azken jaio denak lehenengoak besteko eskubidea du gaztaroko atseginetarako. Eta halako arrazoi bategatik etxean edukitzea ere! Ez dut uste horrek asko lagunduko lukeenik ahizpa-maitasuna edo gogo delikadezia bultzatzen».

        Neure berba berme», esan zuen Lady Catherinek, «oso erabakitsu ematen duzu iritzia horren gazte izateko. Arren, zenbat urte duzu?»

        Hiru ahizpa hazita ditudalarik», arrapostu zuen Elizabethek irribarrez, «ez du berorrek uste izango aitortuko diodanik».

        Lady Catherinek nahikoa harrituta zirudien erantzun zuzenik ez jasotzeaz; eta Elizabethek susmatu zuen bera zela halako mutiri itzaltsu bati adarra jotzen zion lehenengo kriatura.

        «Ezin duzu hogei baino gehiago izan, ziur naiz. Horrenbestez, ez duzu adina ezkutatu behar».

        «Hogeita bat bete barik».

        Zaldunak haiekin elkartu eta tea amaitu zutenean, jokorako mahaiak atera zituzten. Lady Catherine, Sir William, eta Collins jaun-andereak quadrillerako eseri ziren; eta De Bourgh andereñoak cassinoan jokatzea aukeratu zuenez, neska biek Jenkinson andereari damaren taldea osatzen laguntzeko ohorea izan zuten. Euron mahaia zoragarri ergela zen. Doi-doi ahoskatu zen jokoarekin zerikusirik ez zuen silabarik, salbu eta Jenkinson andereak bere beldurrak adierazten zituenean, alegia, De Bourgh andereñoa beroegi edo hotzegi ote zen, edota argi gehiegi edo gutxiegi ote zuen. Beste mahaian askoz ere gauza gehiago gertatzen ziren. Gehienetan Lady Catherine zegoen berbetan, beste hiruren okerrak azaltzen, edo bere anekdotaren bat berritzen. Collins jauna oso lanpetuta zegoen Ladyk zioen guztiari baietz esaten, irabazten zuen hamarreko bakoitzagatik andereari eskerrak ematen, eta, gehiegi irabazten zebilela uste baldin bazuen, barkamena eskatzen. Sir Williamek ez zuen gauza handirik esaten. Bere oroimenaren biltegia anekdotez eta izen handiez betetzen ari zen.

        Lady Catherinek eta bere alabak gura adina jokatu izan zutenean, mahaiak jaso, Collins andereari kotxea eskaini, berak eskerronez onartu, eta segituan berori prestatzeko agindua eman zen. Orduan taldea sutondoaren inguruan bildu zen, Lady Catherinek biharamuneko eguraldia nola asmatzen zuen entzutera. Kotxearen iritsierak atera zituen ikastaldi horretatik, eta, Collins jaunaren eskerroneko berbaldi ugariz, eta Sir Williamen beste horrenbeste erreberentziez, irten egin zuten. Kotxea atetik urrundu orduko, Rosingsen ikusitako guztiaren gaineko iritzia emateko eskatu zion lehengusuak Elizabethi, eta andereñoak, Charlotteren ederragatik, benetan zuena baino iritzi aldekoagoa agertu zuen. Baina goraipamenak, Elizabethi nekeren bat edo beste eskatu zion arren, ezin zuen inolaz ere Collins jauna ase izan, eta lehengusuak berehala ikusi zuen bere burua Lady Catherine laudatze lana bere gain hartzera beharturik.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia