HOGEITA ZORTZIGARREN ATALA

 

        Biharamuneko bidaian dena zen berria eta interesgarria Elizabethentzat; eta gozamenerako aldartean zegoen; izan ere, hain itxura ona ikusia zion Janeri, aienatuak baitzituen haren osasunaren gaineko beldur guztiak, eta iparraldean barrena egin behar zuen ibiliaren pentsamendua etenbako pozaren iturria zen.

        Errepide nagusia utzi zutenean Hunsforderako bidezidorra hartzeko, begi guztiak hasi ziren Erretore-etxearen bila, bihurgune bakoitzaren atzean noiz azalduko. Alde batean Rosings Parkeko oholesia zuten muga. Elizabethek irribarre egin zuen bertako biztanleez entzuna zuena gogoratzean.

        Azkenean, begieran jarri zitzaien Erretore-etxea. Errepiderantz jaisten zen lorategiak, berorretan zetzan etxeak, oholesi berdeek eta ereinotzezko hesiak, den-denak adierazten zuen heltzear zeudela. Collins jauna eta Charlotte atean azaldu ziren, eta kotxea, talde osoaren baiezko imintzio eta irribarreen artean, burdin ate txikiaren aurrean gelditu zen, handik etxeraino zihoan harri-txintxarrezko bide laburraren aitzinean. Pittin bat geroago kalesinetik kanpo zeuden denak, elkar ikustearen bozkariotan. Collins andereak atseginik handienaz eman zion ongietorria adiskideari, eta Elizabeth, halako abegi laztantsua egiten zitzaiola ikusita, geroz eta pozago zegoen etorri izanaz. Istantean ikusi zuen ezkontzeak ez zituela ezertan ere aldatu lehengusuaren moldeak; Collins jaunaren gizalege eratsuak lehentxeago zirauen, eta zenbait minutuz eduki zuen Elizabeth burdin atearen ondoan, Bennetar guztien gaineko galderak entzun eta erantzun ziezazkion. Ondoren, eta Collins jaunak sarreraren txukunaz egin zuen oharraz gain bestelako atzerapenik izan gabe, etxean sarrarazi zituzten; eta, egongelara heldu bezain laster, lehengusuak gizabide faratatsuaz eman zien ostera ere bere teilape apalerako ongietorria, bai eta bere emazteak jan-edanez egiten zituen eskaintza guztiak txintxo-txintxo errepikatu ere.

        Elizabeth prest zegoen Collins jauna bere loria guztian ikusteko; eta lehengusuak gelaren luze-laburraren egokia, apaindura eta altzariak erakusten zituela, Elizabethek ezin izan zion eutsi pentsatzeari gizona berari bereziki zuzentzen ari zitzaiola, ezetza emateagatik galdu zuenaz ohartarazi guran edo. Baina guztiak txukun eta goxoa bazirudien ere, Elizabeth ez zen gauza izan gizonari damu-zizpuru baten atsegina ere emateko; zehatzago esanda, harrituta begiratzen zion bere adiskideari, halako konpainia izanik hain itxura alaia zelan izan ote zezakeen. Collins jaunak bere anderea arrazoiz lotsatzeko moduko zer edo zer esaten zuen bakoitzean, noizean behingo gauza inondik ere ez zena, Elizabethek lagunarengana bueltatzen zituen begiak nahigaberik. Behin edo bitan pittin bat gorritzen zela antzeman zuen; baina gehienetan Charlottek, zentzu handiz, ez zuen entzuten. Behar beste denbora eman zuten jesarrita egongelako apaindura guztiak miresten —arazatik hasi eta sutondoko hormatxoraino— eta bidaian zein Londresen izandako guztiaren berri ematen, eta horren ondoren Collins jaunak lorategitik osteratxo bat egitera gonbidatu zituen. Handia zen, eta ondo antolatua, eta lehengusua bera arduratzen zen lur-lantze kontuez; lorategian behar egitea zuen plazer handienetako bat; eta Elizabethek miretsi egin zuen nola eusten zion Charlottek aurpegierari lan fisikoaren osasungarriaz hitz egitean eta senarra horretara ahalik eta gehiena bultzatzen zuela aitortzean. Hortxe, bide eta bidexka guztietan barrena buru eginik, eta eskatzen zizkien laudorioak adierazteko tarterik doi-doi utzita, gizonak ikuspegi guzti-guztiak erakutsi zizkien, edertasuna erabat ilunpetan utzi zuen zehaztasunaz. Alde guztietako zelaien izenak emateko gai zen, eta arboladirik urrunenak zenbat zuhaitz zituen esan zezakeen. Baina lorategi horrek, edo herriak edo erresuma osoak bere burua harrotzeko zituzten ikuspegi guztietatik, bat ere ez zen alderatuko Rosingseko ikuskerarekin; ikuspegi huraxe zen Collins jaunaren etxe aurreak ia-ia buruz buru zeukan parkearen inguruko zuhaitzek tarte-une batetik eskaintzen zutena. Eraikin moderno ederra zen, goranzko zoruan ondo kokatua.

        Collins jaunak Erretore-etxeko lorategitik bere bi belardietan barrena eroango zituen, baina damak, leiaren hondarrei aurre emateko zapata egokirik ez zutenez, itzuli egin ziren; eta Sir Williamek Collins jaunari lagun egiten zion bitartean, Charlottek etxera eraman zituen ahizpa eta laguna, pozez gainezka, etxea senarraren laguntza barik erakusteko aukera izateagatik, segurutik. Txiki samarra zen, baina ondo egina eta egokia; eta dena zegoen atondua eta antolatua Elizabethek Charlotter oso-osoan leporatzen zion txintxotasun eta txukuntasunaz. Collins jauna ahaztea lortzen zenean, oso giro erosoa zegoen benetan hor barrena, eta Charlottek etxeaz argi eta garbi gozatzen zuela ikusita, senarra sarritan ahaztuko zuela susmatu zuen Elizabethek.

        Ordurako Elizabethek bazekien Lady Catherine artean zela herrian. Bazkalorduan berataz hitz egin zen berriro, Collins jaunak, solasean esku hartuz, hauxe ohartarazi zuenean:

        «Bai, Elizabeth andereñoa, hurrengo igandean, elizan, Lady Catherine De Bourgh ikusteko ohorea izango duzu, eta liluratu egingo zaituela esan beharrik ez daukat. Oro adikor eta hurbilerraza da, eta dudarik ez dut elizkizuna amaitu ostean bere arretaren apur batez ohoratuko zaituela. Hemen zaretelarik Lady Catherinek berera gonbidatzeko ohorea egiten digun guztietan, zeu eta ene arreba Maria aintzat hartuko zaituztela ere esan dezaket ia-ia zalantzarik gabe. Ene Charlotte maitearekin xarmangarri jokatzen du. Astean bitan bazkaltzen dugu Rosingsen, eta sekula ere ez zaigu etxera oinez itzultzen uzten. Ladyren kotxea gure esanetara izan ohi dugu. Ladyren kotxeetako bat, esan beharko nuke, bat baino gehiago baititu».

        «Lady Catherine oso emakume agurgarri, zentzuzkoa da, zinez», gehitu zuen Charlottek, «eta auzoko ezin adeitsuagoa».

        «Egi-egia, ene maitea, horixe bera diot nik ere. Batek lotsa handiegiz hartu ezin duen emakume-mota horretakoa da».

        Hertfordshireko berriez berbetan eman zuten gaua gehienbat, eta jadanik idatzia zutena ostera ere esaten; eta amaitu zenean, Elizabethek Charlotteren zorionaren norainokoaz egin zuen gogoeta bere gelaren bakardadean, eta onartu behar izan zuen Collins anderea trebea zela senarra gidatzen, eta berori itzelezko lasaitasunez jasaten zuela. Hunsfordeko egonaldia nola joango zen ere ibili zuen gogoan: eguneroko zereginen joera lasaia, Collins jaunaren tartean sartze sumingarriak, eta Rosingsen egingo zituzten sartu-irtenen pozak. Bere irudimen biziak berehala erabaki zuen dena.

        Biharamuneko eguerdi aldera osteratxo bat egiteko prestatzen ari zelarik, zarata bat entzun zuen behean bat-batean, etxe osoa zalaparta batean balego bezala; eta une batez adi egon ondoren, norbait laster bizian eskaileretan gora zetorrela entzun zuen, eta berari oihuz deika zegoela. Atea zabaldu eta Maria ikusi zuen eskailera buruan, asalduragatik arnasestuka honelaxe hots egiten ziola:

        «O, ene Eliza maitea! Lehia zaitez, arren, eta etorri egongelara, egundokoak daude-eta ikusteko! Ez dizut esango zer den. Lehia zaitez, eta zatoz oraintxe berton».

        Alferrik aritu zen Elizabeth galdezka; Mariak ez zion ezer gehiago esan nahi, eta arineketan jaitsi ziren miran horren bila egongelara, zein bidexkaren aurrez aurre baitzegoen; bi dama ziren, faetoi behe batean lorategiko burdin atearen aurrean geldirik.

        «Eta hau da dena?» aldarri egin zuen Elizabethek. «Txerriak lorategian sartuta egongo zirela uste nuen gutxienez, eta Lady Catherine eta bere alaba besterik ez dira!»

        «Elas! Ene maitea», esan zuen Mariak, okerraz nahikoa konkortuta, «ez da Lady Catherine. Dama zaharra Jenkinson anderea da, haiekin bizi dena. Bestea De Bourgh andereñoa da. Bakarrik begira egiozu. Oso kriatura txikia da. Nork pentsatuko zuen hain argal eta txikia izan zitekeenik!»

        «Gorrotagarriro zaputza da, honelako haizeaz Charlotte etxetik kanpo edukitzeagatik. Zergatik ez da etxean sartu?»

        «O! Charlottek dioenez, ia ez du inoiz halakorik egiten. De Bourgh andereñoa barrura sartzen denean mesederik handiena izaten da».

        «Gogokoa dut haren itxura», esan zuen Elizabethek, beste ideia batzuek ukituta, «gaixobera eta barru txarrekoa ematen du. Bai, oso egokia izango zain. Oso emazte aproposa harentzat».

        Collins jauna eta Charlotte burdin atearen ondoan zeuden, damekin hizketan; eta Sir William, Elizabethi josteta ederra emanez, sarreran kokatuta zegoen, aurrean zeukan handitasuna zinez begiesten, eta De Bourgh andereñoak harantz begiratzen zuen bakoitzean etengabeko erreberentziak egiten.

        Azkenean, esateko gehiagorik ez zen egon; damek aurrera jarraitu zuten, eta besteak etxera itzuli ziren. Neska biak ikusi orduko, Collins jauna haien zorte onagatik zorionak ematen hasi zitzaien, zeren, Charlottek jakinarazi zienez, talde osoa hurrengo egunean Rosingsen bazkaltzera gonbidatuta zegoen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia