HOGEITA ZAZPIGARREN ATALA

 

        Urtarrila eta otsaila, aldian euritsu aldian hotz, Longbourneko familiari jazoera handiagorik ekarri Babe iragan ziren, Merytoneko paseoez gain aldaketa gutxiz hornituta. Martxoak Hunsfordera eramango zuen Elizabeth. Hasieran ez zuen oso serio hartu hara joatearena; baina, berehala ikusi zuenez, Charlottek uste osoa zeukan planean, eta apurka-apurka bera ere hasi zen bisitaldia atsegin eta ziurtasun handiagoz burutan hartzen. Urrun izateak bizitua zion Charlotte berriro ikusteko gogoa, eta moteldua, halaber, Collins jaunarenganako gogaita. Plana nobedadea zen, eta halako amarekin eta halako ahizpa mukerrekin etxea ezin zenez gogobeteko lekua izan, aldaketa txiki bat, aldatze hutsagatik beragatik, ez zen gaizki etorria izango. Bidaiak, bestalde, Janeri kiku bat egiteko modua emango zion; eta, labur esateko, eguna hurreratu bezala, Elizabethek nahigabe handia hartuko zukeen atzerapenik suertatu izan balitz. Emeki Joan zen guztia, hala ere, eta azkenik Charlotteren lehenengo asmoaren arabera erabaki zen dena. Elizabeth Sir William eta haren bigarren alabarekin joango zen. Abiatu baino lehenago, Londresen gau bat ematea erantsi zioten planari, eta horrela, plan bat izan daitekeen bezain perfektu geratu zen.

        Aita uztea zuen Elizabethek min bakarra, hark biziki igarriko zuen-eta bere hutsunea; unea heldu zenean haro gogo gutxi zuen Bennet jaunak alaba joan zedin, berari idazteko eskatu baitzion, eta gutuna erantzutea ere agindu zion ia-ia.

        Elizabethek eta Wickhamek guztiz lagunkoi egin zioten diosala elkarri; gizonak batez ere. Garaian zerabiltzan asmoek ezin zioten ahaztarazi Elizabeth izan zela lehenbizikoa bere arreta piztu eta merezi onez osten, lehena entzun eta errukitzen, lehena bere miresmena irabazten; eta Elizabethi adio esatean, era guztietako atseginak opa izatean, Lady Catherine De Bourghengan aurkituko zuena gogoraraztean eta andere horri buruzko iritziaz —mundu guztiari buruzko iritziaz— biok bat etorriko zirelako esperantza adieraztean, ofizialaren moldeek halako begiramena erakusten zuten, halako ardura, non Elizabethi hala iruditu zitzaion, Wickham jauna betirako geratuko zitzaiola bihotz-bihotzean atxikirik; eta harengandik aldentzean Elizabeth ziur zegoen gizon hori, ezkonduta zein ezkongai, berarentzat pertsona adiskidetsu eta atseginaren eredu izango zela betiko.

        Hurrengo eguneko bidaideak ez ziren Wickham jaunaren atseginari izpirik kentzeko modukoak. Sir William Lucasek eta bere alaba Mariak —neska alaia, baina aita bera bezain txoriburu— ez zeukaten aditzea merezi zuen gauzarik esateko, eta Elizabethek kotxearen tarrapatak sortzen zionaren pareko gozoaz-edo entzuten zien. Elizabethek zentzugabekeriak maite zituen, baina oso aspaldi zen Sir William ezagutzen zuela. Gizonak ezin zion gauza berririk esan bere aurkezpenaren eta zaldun izendatzearen zoragarriaz; eta kontagaiak bezala, haren adeiak ere higatuta zeuden.

        Hogeita lau miliako bidea besterik ez zen, eta oso goizik hasiak zirenez, eguerdi parterako Gracechurch kalean zeuden. Gardiner anderearen aterantz jo zutenean, Jane egongelako leiho batean zegoen, iritsieraren zaindari; pasabidera sartu zirenean hantxe zen ongietorria emateko, eta Elizabethek, ahizparen aurpegia arretaz azterturik, beti bezain osasuntsu eta maitagarri zegoela ikusi zuen pozik. Eskaileretan neska-mutiko tropel bat zegoen, lehengusina azaltzeko ezinegonak egongelan itxaroten lotu ezin izan zuena, baina lotsa zela-eta beherago jaisten ausartzen ez zena, urtebete baitzen lehengusina ikusten ez zutela. Poza eta onginahia zen dena. Eguna guztiz gozoro joan zen; goiza joan-etorri eta erosketetan, eta arratsa, berriz, antzokietako batean.

        Elizabeth izekoaren ondoan jesartzeko moldatu zen. Ahizpa izan zuten lehenengo mintzagaia; eta Elizabethek harridura baino min handiagoz entzun zuen, bere itaun zehatzen ordain, nola Jane batzuetan eroria egoten zen, bere burua bizkortzeko etengabe lehiatzen bazen ere. Itxarotekoa zen, hala ere, aldi horiek luzerako ez izatea. Era berean, Gardiner andereak Bingley andereñoak Gracechurchera eginiko bisitaldiaren xehetasunak eman zizkion Elizabethi, bai eta berritu ere Janek eta berak une desberdinetan izandako zenbait elkarrizketa, Janek dama harekiko harremanak bihotz-bihotzetik eten zituela frogatzen zituztenak.

        Ondoren, Gardiner andereak barre egin zion Elizabethi Wickhamen ihesaren kontura, eta zorionak eman zizkion hain ondo eramateagatik.

        «Baina, Elizabeth nirea», erantsi zuen, «zer-nolako neska da King andereñoa? Asko nahigabetuko ninduke, benetan, gure laguna mertzenarioa dela pentsatzeak».

        «Arren, izeko maitea, ezkontza aferez ari garela, zein da mertzenariotza arrazoien eta zuhurtzia arrazoien arteko desberdintasuna? Non amaitzen da zentzuzkotasuna eta hasi diru-gosea? Azken Gabonetan ni harekin ezkontzearen beldur zinen, hori zentzugabea izango zelako; eta orain, hamar mila libra baino ez duen neska bat bereganatzeko ahaleginetan dabilelako, mertzenarioa delako ondorioa atera nahi duzu».

        «King andereñoa zelako neska den esaten badidazu, orduan nahikoa izango dut zer pentsa jakiteko».

        «Oso neska ona da, hala uste dut nik. Ez diot akatsik ezagutzen».

        «Baina aitonaren heriotzak ondasun horien jabe egin ez zuen artean, gizonak ez zion batere jaramonik egin».

        «Ez; zergatik egin behar zion? Neure oniritzia irabaztea zilegi ez bazitzaion nik dirurik ez nuelako, zertan ibiliko zen amodiotan ardura ez zion beste neska batekin, neska hori ni bezain behartsu izanda?»

        «Baina delikadezia falta dirudi jazoera horretatik hain gutxira bere begiramenak neska horrengana bideratzen hasteak».

        «Estualditan dagoen gizon batek ez du astirik gainerako jendeak aintzat har ditzakeen adei dotore horietarako. Damak berak eragozpenik ez badauka, zergatik izango ditugu guk?»

        «Damak eragozpenik ez izateak ez du gizona zuritzen. Bakar-bakarrik erakusten du andereñoak berak ere zer edo zer falta duela... burua edo bihotza».

        «Ederto», hots egin zuen Elizabethek, «nahi bezala hartu. Gizona mertzenarioa izango da, eta dama tuntuna».

        «Ez, Lizzy, horixe da nahi ez dudana. Damu hartuko nuke, badakizu, Derbyshiren hain luzaz bizi izan den gizon gazte batez txarto pentsatuko banu».

        «O! hori baldin bada auzia, nik oso gutxian dauzkat Derbyshiren bizi diren gizon gazteak; eta Hertforshiren bizi dituzten adiskide minak ez dira askoz ere hobeak. Nazkatuta nago guztiekin. Eskerrak Jainkoari! Bihar noan lekuan gizon bat aurkituko dut nolakotasun atsegin bat ere ez daukana, bere burua gomendagarri egiteko molderik ez zentzumenik ez duena. Azken batez, gizon ergelak ezagutzea besterik ez du merezi».

        «Kontuz, Lizzy; hitz horiek etsipen usain nabaria dute».

        Antzezkizuna amaitu eta biak banatu baino lehenago, Elizabethek ustekabeko gonbidapen baten zoriona izan zuen izeko-osabek udako oporraldian egingo zuten ibilaldian bera ere joatekoa, alegia.

        «Ez dugu guztiz zehaztu noraino joango garen», esan zuen Gardiner andereak, «baina Lakuetara, beharbada».

        Inongo planik ez zitzaion Elizabethi atseginago izango, eta guztiz gogotsu eta eskerronez onartu zuen gonbidapena.

        «Ene izeko maite-maitea», hots egin zuen birloratuta, «hau poza! hau zoriona! Berpiztu egin nauzu, eta indarberritu. Adio etsipen eta malenkoniari. Zer dira gizonak harkaitz eta mendien aldean? O! Zer-nolako xoraldiak izango ditugun! Eta bueltan gatozenean, ez gara ibiliko beste bidaiari batzuk bezala, ezeren berri zehatzik emateko gauza ez direla. Jakin egingo dugu nora joan garen, gogoratu egingo dugu zer ikusi dugun. Lakuak, mendiak eta ibaiak, ez ditugu denak batera gure irudimenean nahaspilatuko; eta leku jakinen bat deskribatzen saiatzen garenean, ez gara hasiko haren kokaera zehatza eztabaidatzen. Ez daitezela izan gure lehen isuri-aldi horiek bidaiari gehienenak bezain jasangaitzak».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkua" orrialde nagusia