HOGEITA SEIGARREN ATALA

 

        Elizabethekin bakarrean hitz egiteko parada izan orduko, Gardiner andereak txintxo eta adeitsu eman zion aholkua ilobari; benetan uste zuena esan ondoren, halaxe jarraitu zuen:

        «Zentzuzkoegia zara, Lizzy, inorekin maitemintzeko zergatik-eta amodioetatik gordetzea aholkatu zaizulako; beraz, ez naiz beldur zabal-zabal hitz egiteko. Erne jarri nahi zintuzket, benetan. Ez ezazu zeure burua korapilatu ondasun ezak hain zentzubako egingo lukeen amodio batean, eta ez zaitez asaiatu bera korapilatzera; ez daukat ezer haren kontra esateko; guztiz gizon interesgarria da; eta dagozkion ondasunen jabe balitz, aukera ezin hobea egin duzula pentsatuko nuke. Baina, gauzak diren bezala izanda... ez zaitez kasketaldi baten mendera jarri. Zentzuduna zara, eta zentzu hori erabiltzea espero dugu guztiok. Zure aitak uste osoa dauka zure burubide eta jokaera zuzenean. Ez iezaiozu huts egin».

        «Izeko nirea, bai serio jarri zarena, alajaina».

        «Bai, eta zu ere serio izateko konpromisoa har dezazun espero dut».

        «Tira, orduan ez duzu zertan asaldatu. Kontuz ibiliko naiz neure buruarekin, eta baita Wickham jaunarekin ere. Kontua galaraztea nire esku dagoen neurrian, ez da nitaz maiteminduko».

        «Orain zeu ez zabiltza serio, Elizabeth».

        «Barkatu, arren. Berriz hasiko naiz. Oraintxe ez nago Wickham jaunarekin maiteminduta; ez, inola ere ez. Baina, hala ere, sekulan ikusi dudan gizonik atseginena da, alderatzekorik batere ez duena. Eta benetan niganako joera hartzen badu... uste dut hobe izango dela ez hartzea. Ni ere ohartzen naiz gauzaren zentzugabeaz. O! Darcy jaun gorrotagarri hori! Gure aitak nitaz duen iritziak ohore handia egiten dit; eta oso zorigaitzekoa izango nintzateke bere uste ona galduko banu. Dena dela, aitari begi onetik sartu zaio Wickham jauna. Labur esateko, izeko maitea, atsekabe handia hartuko nuke zuetako mor nigatik nahigabetuko balitz; baina egunero ikusten dugu zelan maitasuna dagoen lekuan momentuko fortuna ezak nekez gibeleratzen dituen gazteak elkarri hitza ematetik, eta, horrenbestez, zelan agindu ote nezake nire kide horiek guztiak baino zuhurrago ibiliko naizela kilikatzen baldin banaute? edo, areago, nola dakit nik gogor egitea zuhur jokatzea izango litzatekeela? Beraz, presaka ez ibiltzea besterik ezin dizut agindu. Ez dut presarik izango ni haren helburu nagusia naizela pentsatzeko. Harekin nagoenean ez naiz ezeren irrikatan egongo. Hitz batean, nire esku dagoen guztia egingo dut».

        «Etxera hain sarri etortze hori geldituko bazenu, berori ere lagungarria izan liteke beharbada. Behintzat, ez zenioke amari gazte hori gonbidatzea gogorarazi beharko».

        Lehengoan egin nuen bezala», esan zion Elizabethek, jakinaren gainean dagoenaren irribarreaz; «egi-egia, zaindu egin beharko dut neure burua halakoetatik. Baina ez pentsa beti hain sarri etortzen denik. Zeuengatik gonbidatu dugu hainbestetan aste honetan. Ezagutzen dituzu amaren ideiak, adiskideak beti lagunez inguraturik eduki behar dituela eta abar. Baina, zinez, eta neure hitza jarrita, zuhurrentzat jotzen dudana egiten ahaleginduko naiz; lasaiago orain? Hala espero dut».

        Izekoak baietz ziurtatu zion; eta, Elizabethek aholkuongatik eskerrak eman ondoren, izeko-ilobak banatu egin ziren; amodio gaietan aholkua nola eman haserrerik sortu gabe, horra hor adibide zoragarri bat.

        Gardinertarrak eta Jane Hertforshiretik joan eta berehala, Collins jauna itzuli zen; baina, oraingoan teilapea Lucastarrenean hartu zuenez, bere etorrerak ez zion enbarazu handirik egin Bennet andereari. Gero eta hurbilago zegoen ezkontza, eta anderea, azkenik, jazoera hura saihestezina izango zela onartzeraino etsita zegoen, bai eta, tonu gaizto batez, eta behin baino gehiagotan!, «zoriona opa» ziela esateraino ere. Ostegunean ezkonduko ziren eta asteazkenean Lucas andereñoak adio bisita egin zien; eta Charlotte irteteko altxatu zenean, Elizabeth hain zegoen lotsatuta amaren zorion-gurari iraingarri eta gogoz kontrakoekin, eta hain zintzoki hunkituta bere aldetik, lagun egin baitzion Lucas andereñoari gelatik irtekeran. Eskaileretan behera zihoazela, hala esan zion Charlottek:

        «Sarri izango dut zure berri, ezta, Eliza?»

        «Horretaz ziur izan».

        «Eta beste mesede bat eskatu behar dizut. Etorriko zara niri bisita egiten?»

        «Hertfordshiren izango gara biok maiz; hala espero dut behintzat».

        «Seguruenik aldi batean ez naiz Kentetik aterako. Aginduidazu, beraz, Hunsfordera etorriko zarena».

        Elizabethek ez zuen ezetz esaterik, bisitaldiak atsegin txikia emango ziola susmatu arren.

        «Aita eta Maria martxoan etorriko zaizkit», erantsi zuen Charlottek, «eta zuk ere haiekin bat egitea nahi nuke. Benetan Eliza, eurok bezain ondo etorria izango zara niretzat».

        Burutu zen ezkontza; senar-emazte berriak Kenterako bidean jarri ziren eliz ataritik bertatik, eta gertaerak ohi bezainbeste hizpide eta entzunbide eman zion mundu guztiari. Luze gabe, Elizabethek lagunaren berri jaso zuen, eta dama biak elkarri gutunak idazten hasi ziren lehengo garaietan bezain sarri eta erregularki; lehen bezain zabal idaztea, ordea, ezinezkoa zen. Elizabeth ezin zitzaion Charlottek zuzendu lehengo trebantziaren beroa joana zela ohartu gabe, eta, gutunkide nagia ez izatera deliberatuta baldin bazegoen, euren artean izandakoaren omenetan zen, orduan zenaren ederrez baino gehiago. Irrika handitan jaso zituen Charlotteren aurreneko gutunak; zer esango ote zuen bere etxe berriaz, zer irudituko ote zitzaion Lady Catherine, noraino ausartuko ote zen zoriontsua zela esatera? Elizabethen jakin-mina handia zen, ezinbestean. Hala ere, lagunaren eskutitzak irakurri ondoren Elizabeth konturatu zen Charlottek puntu guztioz esaten zuena berak ere asmatu ahal izango zuela aldez aurretik. Poza zerion gutunari, esne mamitan bizi zela zirudien, eta ez zuen aipatzen laudagarri ez zen gauzarik. Etxea, altzariak, auzunea eta errepideak, dena zuen gogoko, eta Lady Catherine, bestalde, ezinago lagunkoi eta adeitsua zen. Collins jaunak Husnford eta Rosingsez egindako irudi berbera zen, nolabait ere leunduta; eta, gainerakoa jakiteko, bere bisita egin arte itxaron beharko zuela antzeman zuen Elizabethek.

        Janek lerro batzuk bidaliak zizkion ahizpari Londresera ondo ailegatu zirela jakinarazteko; eta Elizabethek atzera idatzi zion, hurrengo gutunean Bingleytarren berririk emateko moduan egon zedin esperantzaz.

        Ezinegonak ohi duen adineko ordaina eduki zuen bigarren gutunerako irrikak. Janek astebete zeraman hirian Carolineren alerik ikusi edo entzun gabe. Hala ere, Janek bazuen horretarako azalpenik, Carolineri Longbournetik bidalitako azken gutuna nolabait ere galdu-edo egingo zela uste baitzuen.

        Bihar», jarraitzen zuen gutunak, «izekok hiriaren alde horretara joan behar du, eta aukeraz baliatuko naiz Grosvenor kalera bisitan joateko».

        Bisita hori egin eta Bingley andereñoarekin izan eta gero, Janek ostera ere idatzi zuen. «Ez nuen Caroline oso piztuta ikusi», zioen eskutitzak, «baina asko poztu zen ni ikusteaz, eta agirika egin zidan Londresera etorriko nintzenik ez esateagatik. Zuzen nengoen, beraz; ez zuen nire azkenengo gutuna jaso. Nebaz galdetu nion, jakina. Ondo zegoela, baina Darcy jaunarekin hainbeste zereginetan sartuta, non ozta-ozta ikusten baitute. Darcy andereñoa bazkaltzen etortzeko zela esan zidaten. Nahiago nuke ikusi ahal izan banu. Ezin izan nintzen luze egon, Caroline eta Hurst anderea irtetekotan zeuden eta. Hemendik gutxira hemen izango ditudala esango nuke».

        Elizabethek burua astindu zuen gutunari begira. Ordurako ziur zen ustekabeko batek bakarrik jakinarazi ahal izango ziola Bingley jaunari bere ahizpa hirian zela.

        Lau aste joan ziren, eta Janek ez zuen Bingley jaunaren zantzurik ikusi. Horrek minik ematen ez ziola sinestera asaiatzen zen; baina Bingley andereñoaren zabarkeriari ezin zion gehiago ez ikusia egin. Hamabost egunez goizero-goizero haren zain egon ondoren, eta arratsero-arratsero harentzako zuribide berriak asmatzen ibili ostean, bisitaria azaldu egin zen azkenean; baina bisitaldiaren laburra eta, batez ere, andereñoaren moldeen aldaketa ikusirik, Janek ezin izan zuen bere burua engainatzen jarraitu. Ahizpari orduan idatzi zion gutunak garbi adierazten du zeintzuk ziren Janeren sentimenduak:

 

        Bingley andereñoak nigana bide zuen estimazioaz erabat engainatuta egon naizela aitortzen badut, ene Lizzy maite-maitea ez da, ziur naiz, bere adimenaren zorrotzaz nire gain harrotuko. Alabaina, ene ahizpa maitea, gertaerek arrazoia eman dizuten arren, ez ezazu pentsa egoskorra naizela hauxe esaten badizut oraindik ere, alegia, Carolinek nirekin nola jokatzen zuen aintzat hartuta, nire uste onak zure susmo txarrak bezain legezkoak zirela. Ez dut inondik ere ulertzen zergatik gogo ote zuen nire adiskide mina izan, baina berriz egoera berean suerta banendi, ziur naiz engainatua izan nintekeela ostera ere. Atzora arte Carolinek ez zidan ordaineko bisita egin; eta bitarte horretan ohar bat ere, lerro bat ere ez nuen jaso beragandik. Azkenean etorri zenean, begi betekoa izan zen bisitak ez ziola inongo atseginik ematen; labur-labur, eta oso era formalean, lehenago ez etortzeagatik desenkusatu zen, ez zuen aipatu ere egin nirekin berriz egoteko gogorik zuenik, eta, berba batean esateko, hain zegoen alde guztietatik aldatuta, non, etxetik irten orduko, erabat erabakita neukan ezaupidea bertan behera uztea. Errukigarri zait, baina bere jokaera gaitzestea besterik ezin dut egin. Oso oker egin zuen niri tratu berezia emateaz; lasai esan nezake adiskidantzarako hurreratze guztiak beragandik sortu zirela. Baina errukia diot, seguruenik konturatuta egongo delako gaizki egin izanaz, eta erabat ziur nagoelako guzti honen arrazoia nebarekiko ardura izan dena. Ez dut gehiago esan beharrik. Eta guk biok zertan arduraturik ez zegoela dakigun arren, Carolinek benetan halako kezkak ibili baldin baditu, hori azalpenik asko izango zait nirekin izandako jokaera zuritzeko; eta Bingley jauna, merezi onez, bere arrebarentzat hain kutuna izanda, Carolinek beragatik izan ditzakeen kezka guztiak ulergarriak dira, eta maitagarri. Edozelan ere, biziro harritzen nau halako beldur horiek orain izateak, zeren bere nebak nireganako joerarik batere izan balu, aspaldi, oso aspaldi elkartu izango ginatekeen biok. Gizonak badaki hirian naizena, ez daukat dudarik, arrebak zerbait aipatu baitzuen horretaz; eta, hala ere, andereñoaren hitzak entzunda, norbaitek esan lezake Carolinek bere buruari sinestarazi gura diola bere neba benetan Darcy andereñoari begira dagoela. Ez dut ulertzen. Juzku zorrotzegiaren beldur ez banintz, ia-ia tentazioa izango nuke guzti honek fede gaiztoaren itxura nabarmena duela esateko. Baina gogoeta mingarri oro uxatzera asaiatuko naiz, eta zoriona emango didan horretaz bakarrik pentsatuko dut, hau da, zure maitasunaz eta izeko-osaba maiteen onberatasun sendoaz. Bingley andereñoak zer edo zer esan zuen bere neba Netherfieldera inoiz ez itzultzeaz, etxea uzteaz, baina ez gauza segururik. Hobe dugu ez aipatzea. Zeharo poztu naute Hunsfordeko lagunen albiste atsegin horiek. Joan zaitez, otoi, Sir William eta Mariarekin haiei bisita egiten. Oso gustura egongo zara hor, ziur naiz.

        Zeurea orain etab.

 

        Gutun horrek minduxe utzi zuen Elizabeth, baina gogoan hartu zuenean Jane ez zela luzeago iruzurpean egongo —Caroline bitarte zela behintzat ez— argitu egin zen berriz ere. Nebarengandik ezin zitekeen jadanik ezertxo ere itxaron. Eta Elizabethi gogorik ere ez zitzaion geratzen gizonak Janerenganako adeiak berri zitzan. Aldian baino aldian beherago ikusten zuen Bingley jauna, eta, hark bere zigorra izan zezan, eta agian Janeren onerako ere bai, Elizabethek zinez desiratu zuen Bingley jauna Darcy andereñoarekin laster ezkontzea; izan ere, Wickham jaunaren arabera, Georgiana Darcyri esker senarra larguro damutuko zen bide bazterrean utzitako aukeraz.

        Garai horretantsu, Gardiner andereak gogora ekarri zion Elizabethi zaldun hartaz agindutakoa, eta horren berri galdetu zion; Elizabethen albisteak areago ziren izekoa pozteko modukoak bere burua poztekoak baino. Wickhamek beragana bide zuen jaiera amatatuta zegoen, kito ziren bere adeiak, beste inoren miresle zen ordurako. Elizabeth ondo erne zegoen guzti hori ikusteko, baina ikusi zein idatzi, min handirik hartu gabe egin zezakeen. Bihotza pittin bat ukituta zuen, besterik ez, eta bere harroxkotasuna asetzeko nahikoa zen zera pentsatzea, diru arazorik tartean izan ez balitz, Wickham jaunak bera ez beste inor hautatuko zuela.

        Dama gazte horrek, Wickham jaunak orain hain eztitsu hartzen zuenak, bat-batean hamar mila libraren jabe bihurtu izana zuen xarma nagusi; baina Elizabethek, beharbada ez hain begi zorrotz Wickhamen kasuan nola Charlotterenean, ez zuen gizonarekin ahakarrik izan independentzia gura hori zela eta. Kontrara, hori baino gauza ulergarriagorik ez zen; eta berari agur egiteak Wickhami zenbait neke eta pena eman ziezaiokeela suposatu ahal zueneino, Elizabeth prest egongo zen neurri hori biontzat zuhur eta komenigarria zela onartzeko, eta gizonari bihotz-bihotzez zoriona opa izateko.

        Guzti horren jakitun jarri zuen Elizabethek Gardiner anderea; eta, xehetasun gehiago eman ondoren, honelaxe jarraitu zuen: «Oraintxe konbentzitu naiz, izeko nirea, ez naizela inoiz benetan maiteminduta egon; izan ere, grina garbi eta goren hori bizi izan banu, oraintxe bertan haren izena bera ere gorrotatuko nuke, eta hari, berriz, era guztietako gaitzak desiratuko. Baina ez da bakarrik gizona begi onez ikusten dudala; King andereñoagana beragana ez dut inolako arrangurarik. Ez dut inondik ere ikusten herra diodanik, edota oso neska ona dela pentsatzeko gogorik batere falta zaidanik. Guzti horretan ezin da maitasunik izan. Erne egotea baliagarria izan zait; eta egia bada ere harekin itsu maiteminduta egonez gero, nire ezagun guztien aurrean orain interesgarriago agertuko nintzatekeela, ezin dezaket esan nire oraingo ezdeustasun hau batere damu zaidanik. Ospea batzuetan oso garestia izan daiteke. Kitty eta Lydiak askoz ere estuago hartu dute haren ihesa nik baino. Gazteak dira, mundu gutxi ikusitakoak, eta oraindik ez dute egia mingarri hau onartu nahi, alegia, gizon ederrek, itsusiek bezalaxe, zer edo zertatik bizi behar dutela».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia