HOGEITA BOSGARREN ATALA

 

        Maitasun adierazpenez eta zorion asmoez betetako aste baten ondoren, larunbataren etorrerak apartatu egin zuen Collins jauna bere Charlotte maitagarriaren ondotik. Urrundu beharraren mina, hala ere, emaztegaiari harrera egiteko prestaketen bidez gozatuko zuen Collins jaunak; izanez ere, gizonak bazuen arrazoirik uste izateko bera munduko gizonik zoriontsuena bihurtuko zuen eguna Hertfordshirera hurrengo bisita egin eta handik gutxira izendatuko zela. Aurrekoan bezain faratatsu egin zien agur Longbourneko senideei; lehengusina ederrei osasuna eta zoriona opatu zizkien ostera ere, eta euren aitari, berriz, beste esker-gutun bat agindu.

        Hurrengo astelehenean Bennet andereak bere neba eta horren emaztea etxean hartzeko poza izan zuen, urtero bezala Gabonak Longbournen eman behar zituzten eta. Gardiner jauna gizon zentzuzko eta zaldun trazaduna zen, bai sortzez bai heziketaz bere arrebaren oso gainetik zegoena. Netherfieldeko damek nekez sinetsiko zuketen salerostetik bizi zen eta bere biltegiak zaindu behar zituen gizon bat hain ondo hezia eta atsegina izan zitekeenik. Gardiner anderea, urte batzuk gazteagoa Bennet eta Philips andereak baino, emakume atsegin, argi eta dotorea zen, iloba guztien kutuna. Nagusi biekin batez ere goxo-goxo etortzen zen. Elizabeth eta Jane askotan egonak ziren izekoarekin hirian.

        Opariak banatzea eta azken-azkeneko moden nondik norakoak berritzea izan zen Gardiner andereak ailegatutakoan hartu zuen lehenengo lana. Behin hori bukatuta, paper pasiboagoa hartu zuen. Entzuteko txanda zen. Bennet andereak bidegabe asko zituen berritzeko, eta kexu asko adierazteko. Ahizpa azkenekoz ikusi zuenetik horra, oso gaizki erabiliak izan ziren etxeko guztiak. Neskatiletako bi ezkontzeko punttu-punttuan izan ziren, baina azkenean hutsean geratu den-dena.

        «Janeri ez diot errurik leporatzen», jarraitu zuen, «ahal izan balu, Bingley jauna senartzat hartuko zukeelako. Baina Lizzy! O, ahizpa! Oso gogorra da pentsatzea hain egoskorra ez balitz oraintxe bertan Collins jaunaren emaztea izan zitekeela. Gizonak gela honetantxe egin zion eskaintza, eta Lizzyk ezetz esan. Honen guztiaren ondorioz, Lady Lucasek alaba bat ezkonduko du nik baino lehenago, eta Longbourn etxaldea maiorazko geratuko da, beti bezain maiorazko. Lucastarrak oso jende amarrutsua dira, benetan, ahizpa. Azeria bezala, zer harrapa egoten dira. Damu dut esan beharra, baina hala da. Euren burua beste guztiaren gainetik jartzen duten auzokoak edukitzeak eta neure etxean bertan modu horretan kontra egiten zaidala ikusteak oso urduri jartzen nau, eta oso makal. Edozelan ere, zuek oraintxe etortzea gozagarririk handiena dut, eta asko poztu naiz mauka luzeez esan diguzuna entzutean».

        Gardiner andereak, berri horien nondik norako nagusiak Elizabeth eta Janeren gutunetatik ezagutzen zituenez, erantzun xehe bat eman zion ahizpari eta, ilobez errukituta, hitz beste egin zuen.

        Geroago, Elizabethekin bakarrik geratu zenean, gaiari heldu zion berriz ere. «Badirudi ezkontza egokia izango zela Janerentzat», esan zuen. «Tamalgarria da opor atera izana. Baina halako gauzak hain sarri gertatzen dira! Bingley jauna bezalako gizon gazteak —deskribatu duzunaren arabera— hain erraz maitemintzen dira neska politekin aste batzuetarako, eta, ezusteak elkarrengandik apartatu orduko, hain azkar ahaztu ohi dituzte, halako gogo-aldatzeak oso maiz jazotzen baitira».

        «Kontsolabide ederra bere moduan», esan zion Elizabethek, «baina guri ez digu balio. Gure oinazea ez da ezusteak ekarria. Ez da oso gauza ohikoa lagunak tartean sartzea eta bere ondasunen jabe bakarra den gizon gazte bat neska bat ahazteko konbentzitzea, egun batzuk lehenago gazte hori neskarekin maiteminez zoratzen egonda gainera».

        «Baina maiteminez zoratzen esaera hori hain da maiztua, dudazkoa, zehaztugabea... ezer gutxi adierazten dit. Berdin erabiltzen da ordu erdiko ezaguerak sortutako sentimenduak aipatzeko nola atxikimendu egiazko, sendoaz hitz egiteko. Esadazu, arren, nolako zoramendua zen Bingley jaunarena?»

        «Sekula ez dut ikusi etorkizun ederragoko isuririk. Gainerakooi gero eta kasu gutxiago egiten zigun, eta Janerekin, ostera, sor eta lot zegoen. Elkartzen ziren bakoitzean argiago eta nabariagoa zen. Berak emandako dantzaldian bertan bizpahiru dama nahigabetu zituen dantzarako eskaerarik ez egiteagatik, eta nik neuk birritan hitz egin nion erantzunik jaso gabe. Izan liteke sintoma ageriagorik? Ez al da ingurukoekiko trakeskeria maitasunaren mami-mamia?»

        «O, bai! Nire ustez berak sentitu duen maitasun mota horrena, bai. Jane gaixoa! Damu dut beragatik, zeren, bere izaera ezagututa, apika ez du berehala gaindituko. Hobe izango genukeen zeuri gertatu balitzaizu, Lizzy; lehenago hasiko zinateke zeure buruaz barreka hori guztia dela eta. Baina, uste al duzu burutara eman ahal izango diogula Janeri gurekin Londresera itzultzea? Lekuz aldatzea lagungarria izan liteke, eta etxeko pisuak apur baterako arintzea oso ondo etorriko zaio».

        Elizabethi ezinago ona iruditu zitzaion proposamena, eta ziur izan zen ahizpak berehala emango zuena amore.

        «Espero dut», erantsi zuen Gardiner andereak, «gazte horri buruzko ezein burutaziok ez bultzatzea Jane gurekin etortzera. Hirian hain toki desberdinetan bizi gara, gure senideak hain dira zerikusi gabekoak, hain gutxitan irteten dugu, oso zaila izango baita biak elkarrekin egokitzea, gizona beren-beregi ez badator Janeri bisita egiten behintzat».

        «Eta hori guztiz ezina da; izan ere, orain adiskidearen begiaren pean dago, eta Darcy jaunak ez luke inolaz ere pairatuko Bingley jauna Londreseko halako alderdi batera joatea Janeri ikusi bat egiten! Izeko nirea, halakorik otutzea ere! Darcy jaunak izango du, beharbada, Gracechurch Street bezalako tokien berririk, baina hara behin ere joan beharko balu, hilabeteko abluzioa nekez izango litzaioke nahikoa bere gorputza hango lohietatik garbitzeko; eta Bingley jaunak ez du inoiz laguna gabe zirkinik egiten, horretaz ziur izan».

        «Hainbat hobeto. Espero dut behin ere ez elkartzea. Baina ez al diote Bingley andereñoak eta Janek elkarri idazten? Bennet andereñoak bisitan etortzea beste biderik ez du izango».

        «Bertan behera utziko ditu harremanak».

        Bai puntu horretan bai are interesgarriago zen bestean, hau da, Bingleyri Jane ikustea eragotziko ziotelako kontuan, Elizabeth oso ziur ageri zen, baina Bingley eta Janeren arazo horrek guztiak sortzen zion ezinegona aztertuta, artean ere itxaropenik bazuela jabetu zen. Bai, agian Bingleyren oniritzia berpiztu egingo zen, eta haren lagunen eraginari, berriz, Janeren liluren eragin berezkoagoa gailenduko. Ez zen gauza ezina, eta batzuetan Elizabethi oso gertagarria iruditzen zitzaion.

        Bennet andereño nagusiak atseginez onartu zuen izekoaren gonbitea; eta aldi horretan Bingleytarrak ez ziren gehiago bere gogoan azaldu, ezpada esperantza bat gorpuzteko, hots, Caroline eta bere neba etxe berean bizi ez zirenez, agian noiz edo behin damarekin goiz bat eman ahal izango zuela gizona ikusteko inongo arriskurik gabe.

        Gardinertarrek astebete eman zuten Longbournen; eta Philipstarrak, Lucastarrak edo ofizialak zirela, ez zen konpromiso bako egunik izan. Hain lehia handiaz arduratu zen Bennet anderea bere neba-arrebek ondo pasatzeaz, non ez zuten familia arteko bazkari bat ere izan. Etxean geratuz gero ere, beti izaten ziren haiekin ofizialetako batzuk eta, euron artean, Wickham jaunak ez zuen inoiz huts egingo, noski; halakoetan Gardiner andereak gertu-gertutik behatzen zien Elizabethi eta ofizial gazteari, ilobak gizon hartaz hain gora mintzatzeak susmotan sartua zuen eta. Ikusi zuenak bene-benetako maiteminik ez zegoela pentsarazi zion arren, gazte biek elkarrengana zuten joera pittin bat kezkatzeko bezain nabarmena iruditu zitzaion; eta Hertforshiretik joan baino lehenago Elizabethekin berba egitea erabaki zuen, eta ilobari ikustaraztea halako atxikimendu bati haria ematea zein gauza xoroa izango litzatekeen.

        Bere ohiko dohainak albora utzita, Wickham jaunak bazuen Gardiner andereari atsegin emateko beste ahalbiderik. Izanez ere, hamar-hamabi urte lehenago —ezkondu aurretik hain zuzen— Gardiner andereak aldi luze samarra emana zuen Derbyshiren, Wickham jauna jaio zeneko alde berberean, eta ondorenez, asko ziren biek batera zituzten ezaupideak; eta azken bost urteetan, Darcyren aita hilez geroztik alegia, Wickham jauna alde horietan doi-doi izana zen arren, bazuen, hala ere, Gardiner andereari bere lehengo lagunei buruzko argitasunik emateko modua, andereak ordura arte beste bidetatik lortu ahal izandakoak baino albiste berriagoak bai, bederen.

        Gardiner andereak ikusita zeukan Pemberley, bai eta Darcy jaun zena ederto ezagutu ere. Horrek, jakina, agortu ezinezko mintzagaia eman zien. Pemberleyz zituen oroitzapenak eta Wickham jaunak emandako deskribapen zehatz eta mehatza erkatuz, eta etxe hartako ugazaba zenari zor zitzaizkion laudorioak ordainduz, Gardiner andereak atsegin handia eman zien bai Wickhami eta bai bere buruari ere. Oraingo Darcy jaun gazteak ofizialarekin zuen jokaeraren berri izan zuenean, berriz, andereak ahaleginak egin zituen gogoratzeko ea ba ote zebilen gizonaren umetako izaerari buruzko hotsen bat, oraingo portaerarekin bat etor zitekeena; eta azkenean Gardiner andereak gogoratu uste izan zuen lehengo garaietan Fitzwilliam Darcy jauna oso mutiko harro eta barru gaiztokoa zela entzun izana.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia