HOGEITA LAUGARREN ATALA

 

        Bingley andereñoaren gutuna heldu zen, eta buru jarri zien zalantza guztiei. Lehenengo esaldian bertan baieztatzen zuen guztiak Londresen ezarrita zeudela negua bertan emateko, eta bukaeran, berriz, nebaren damua jakinarazten zion, herritik alde egin aurretik Hertfordshireko lagunei eskumuinak ematen joateko astirik ez izateagatik, alegia.

        Agur esperantzari, agur betirako; eta Janek eskutitzaren gainerakoari jara eman ahal izan zionean, ezer gutxi aurkitu zuen, izenpetzen zuenaren oniritziaren adierazpenaz aparte, nolabait ere bihotz eman ziezaiokeenik. Leku gehiena Darcy andereñoaren goraipamenek hartzen zuten. Damaren dohain ugariak luze eta zabal azaltzen ziren berriz ere, eta Carolinek harro eta zoriontsu aipatzen zituen Darcy andereñoaren eta bere arteko harreman gero eta estuagoak, eta aurreko gutunean ezagutzen emandako desirak bete egingo zirela igartzera ere menturatzen zen. Bestalde, atsegin handiz idazten zion nola bere neba, Bingley jauna, Darcy jaunaren etxean zegoen ostatuz, eta tutulaturik aipatzen zituen azken horrek altzari berrien gainean zituen zenbait asmo.

        Janek berehalaxe jakinarazi zizkion Elizabethi gutunaren nondik norako nagusiak eta ahizpa gazteak isilik eta erresuminez entzun zituen. Bi alde eginda zuen bihotza, batean Janeri buruzko kezka, bestean gainerakoenganako arrangura. Bingley jaunak Darcy andereñoarengana eroria zuelako kontu horri ez zion sinesterik ematen. Gizonak Jane benetan atsegin zuena lehen bezain ziur zegoen; eta Bingley jauna gogoko izateko betidanik gertu egona zen bezalaxe, orain Elizabethek ezin zuen izaera nasai horretaz pentsatu haserretu eta ia-ia mesprezurik sentitu gabe, argi ikusten baitzuen Bingley jaunak behar bezalako kemenik ez zuela, eta hala, lagun azpijaleen esklabo bihurtuta, bere zoriona haien apetaren mende jartzen ari zela. Bere zoriona izan balitz sakrifikatzeko bakarra, ordea, Bingley jaunak berorrekin nahi bezala jokatzeko eskubidea izango zukeen; baina Janerena ere bazegoen tartean, eta Elizabethen ustez Bingley bera konturatu beharko zen horretaz. Gaiak, labur esanda, gogoeta askotarako bidea ematen zuen, gehienak hutsalak suertatuko baziren ere.

        Hila ote zen benetan Bingleyren estimazioa, ala bere lagunek jarritako trabek zuten amatatua? Jabetua ote zen Bingley jauna Janek zion atxikimenduaz, ala oharkabean joana zitzaion begien aurretik? Elizabethek ezin zuen beste ezertaz pentsatu, eta, aukera horietatik guztietatik egiazkoa bat edo beste bat izateak jaun horren gaineko iritzia erabat aldatuko zion arren, horrek ez zuen Janeren egoera ezertan aldatuko, haren bakea berdin-berdin egongo zen hautsita.

        Egun bat edo bi iragan ziren Janek ahizpari bere sentimenduez hitz egiteko kuraia izan baino lehen; baina halako batean, Bennet andereak ohi baino haserrealdi luzeagoa izan zuen Netherfield eta bertako ugazaba zirela kausa, eta ahizpa biak bakarrik utzi zituenean, Janek ezin izan zion eutsi hala esateari:

        «O! Ailedi gure ama maitea bere buruaz hobeto nagusi; susmatu ere ezin du egin zein min handia ematen didan gizonaz etengabean jardunez. Baina ez naiz auhenka arituko. Laster pasatuko da. Gizon hori ahaztua izango da berehala, eta denok egongo gara lehengo moduan berriz ere».

        Elizabethek kezkati eta sinesgogor begiratu zion ahizpari, baina ez zuen ezer esan.

        «Ez didazu sinesten», hots egin zion Janek pittin bat gorrituz; «bada, ez duzu arrazoirik, benetan. Agian nire oroimenean biziko da, ezagutu dudan gizonik atseginena den bezala, baina besterik ez. Bere itxaropenik ez dut, ezta bere beldurrik ere, eta ez diot ezer aurpegiratzeko. Eskerrak Jainkoari! Min hori behintzat ez dut. Berehala pasatuko da, beraz. Ahaleginak egingo ditut guztia ondo gainditzeko, horixe baietz».

        Handik gutxira, eta ahots sendoagoz, hauxe erantsi zuen, «Gauza batek lasaitzen nau oraintxe, guzti hau neure irudimenaren asmazio okerra besterik ez dela izan, eta neuri beste inori ez diola kalterik egin».

        «Jane neurea!» hots egin zuen Elizabethek, «lar ona zara. Aingeruak bezain ezti eta onginahia, benetan; ez dakit zuri zer esan. Zure merezimendu guztiak inoiz aintzat hartu ez banitu legez sentitzen naiz, edo benetan merezi duzun bezala maite izan ez bazintut legez».

        Bennet andereñoak biziki ukatu zuen aparteko merezimendurik izatea, eta laudorio horiek Elizabethek beragana zuen maitasun beroari egotzi zizkion.

        «Bai zera», esan zion Elizabethek, «hori ez da bidezkoa. Zuk mundu guztia oso zintzoa dela pentsatu gogo duzu, eta nik norbaitez gaizki baldin badiot mindu egiten zara. Nik zeu bakarrik juzkatu nahi zaitut perfektu, eta zuk kontra egiten didazu. Baina ez izan beldurrik, ez dut halako gehiegikeriarik egingo, mundu guztiaren ona nahi izateko duzun pribilejio horretan ez naiz zurekin lehiatuko. Ez duzu horregatik kezkatu behar. Gutxi dira maite ditudanak, eta are gutxiago onesten ditudanak. Mundutik zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta desatseginagoa zait; eta egunik egun ageriago ikusten dut gizakiak zein aldaberak diren, eta merezimendu edo zentzuzkotasun itxuretan usterik jartzea zein arriskutsua den. Oraintsu egokitu naiz adibide birekin; bata, ez dut aipatuko; bestea, Charlotteren ezkontza da. Aditu ezina da! edonondik begiratuta ere, aditu ezina!

        «Ene Lizzy maitea, ez eman biderik halako sentimenduei. Hondatu egingo dute zure zoriona. Ez duzu oso zabal jokatzen zeureetatik desberdinak diren egoera eta izaerekin. Har itzazu kontutan Collins jaunaren itzala eta Charlotteren izaera zuhur, irmoa. Gogoan izan Charlotte familia ugari batetik datorrela; ondasunei begira, aukera-aukerako ezkontza dela; eta, gu guztiongatik, gertu egon zaitez sinesteko Charlottek beharbada begirunea eta estimazioaren antzeko zer edo zer sentitzen duela gure lehengusuarekiko».

        «Zure gogoa betetzearren ia-ia edozer gauza sinesten saiatuko nintzateke, baina hau sinesteak zuri besterik ez lizuke hoberik emango; izan ere, Charlottek lehengusuarekiko joerarik baduela uste izango banu, orain bere bihotzaz dudana baino iritzi txarragoa izango nuke bere adimenaz, hori da guztia. Ene Jane maitea, Collins jauna gizon buruiritzi, faratatsu, kasko-estu eta tentela da; nik bezain ondo dakizu hori; eta ohartu egin behar zara, ni ohartzen naizen bezala, harekin ezkontzen den emakumeak ezin duela oso pentsabide zuzena izan. Ez ezazu zuritu, nahiz eta Charlotte Lucas izan. Bakar baten ederragatik ez duzu aldatuko bizilege eta prestutasun hitzen esanahia, eta ez zara asaiatuko zeure buruari edo neuri zera sinestaraztera, berekoikeria zuhurtzia dela, eta arriskuaz ez jabetzea, berriz, zoriona ziurtatuta edukitzea».

        «Bataz zein besteaz gogorregi hitz egin duzula pentsatu behar dut», arrapostu zion Janek, «eta biak elkarrekin zoriontsu ikustean ohar zaitezen espero dut. Baina honetaz nahikoa. Beste zer edo zeri ere egin diozu aipu. Bi adibide daudela esan duzu. Oso ondo ulertu dut, baina otoi eskatzen dizut, Lizzy maitea, pertsona hori erruduna dela ez pentsatzeko, eta berataz zenuen iritzia erabat okertu dela ez esateko, min handia emango zenidake eta. Ez dugu hain erraz pentsatu behar asmoz egin digutela min. Gizon gazte eta bizi bati ezin diogu eskatu beti hain begiratu eta zentzuduna izatea. Sarri askotan geure hantusteak baizik ez gaitu engainatzen. Benetan daukana baino esangura handiagoa eman ohi diogu emakumeok miresmen hutsa baino ez denari».

        «Eta gizonek halaxe gerta dadin hartzen dute nekea».

        «Asmoz eginez gero, ez daukate zuribiderik; baina niri ez zait inondik inora iruditzen batzuek uste adina asmogile dagoenik munduan».

        «Urrun nago ni Bingley jaunari behin ere asmoz jokatu izana leporatzetik», esan zuen Elizabethek; «baina gaizki egiteko edo besteak zorion gabe egiteko asmo batik ere, okerrak egin daitezke, eta mina ere bai. Axola gabeziak, besteen sentimenduekiko arreta ezak eta kemen faltak egingo dute lan guztia».

        «Eta horietakoren bati egozten diozu bere jokaera?»

        «Bai; azkenekoari. Baina aurrera jarraitzen badut, zuk estimatzen dituzun zenbait pertsonaz dudan ustea adierazi, eta nahigabetu egingo zaitut. Oraintxe duzu ni geldiarazteko aukera».

        «Oraindik eusten diozu, beraz, arrebek euren gogoa egitera bultzatu nahi dutelako uste horri».

        «Bai, haren adiskidearekin elkar hartuta».

        «Ezin dut sinetsi. Zertarako nahiko lukete ezertara bultzatu? Haren zoriona da desira dezaketen gauza bakarra, eta niri atxikia baldin badago, ez dio zorion hori beste ezein emakumek ziurtatuko».

        «Zure lehen baieztapen hori faltsua da. Haren zorionaz gain beste gauza asko ere desira ditzakete; aberatsago eta handiago izan dadin desira dezakete; diruaren, senide handien eta harrotasunaren ahal guztia duen neska batekin ezkontzea gura izan dezakete, esate baterako».

        «Zalantza barik, benetan nahi dute Darcy andereñoa aukeratzea», arrapostu zion Janek, «baina, beharbada, zuk uste baino sentimendu hobeek gidatuta. Askoz ere lehenagotik ezagutzen dute ni baino; ez da zertan harritu maiteago badute. Baina, euren nahiak direnak direlarik, ez dut uste nebaren gogoari aurka egingo ziotenik. Zelako arrebak pentsa lezake horrenbesterako eskurik duenik, non eta ez den oso erabaki gaitzesgarriren bat arbuiatzeko? Begiak niregana jarrita dituela uste balute, ez lirateke gu biok elkarrengandik apartatzen ahaleginduko; eta, benetan hala egingo balute, ez lukete lortuko. Niganako maitasunik baduela pentsatuta, denak oso maltzur eta gaizto jokatzen ari direla adierazten duzu eta ni, berriz, izugarri nahigabetzen nauzu. Ez nazazu ideia horrekin larritu. Ez naiz lotsa egindako okerraz... edo, behintzat, hori hutsa da, hori ez da ezer, bera edo bere arrebez txarto pentsatzeak emango lidakeen oinazearen aldean. Utzidazu auzi hau ahal den argirik onenetan ikusten, ulergarria egiten zaidan argitan ikusten».

        Elizabethek ezin zion halako desio bati kontra egin; eta handik aurrera, Bingley jaunaren izena apenas aipatu zen ahizpa bien artean.

        Bennet andereak berdin-berdin jarraitzen zuen bere harridura eta deitoreak aireratzen Bingley jaunaren ez itzultzea zela kausa, eta Elizabethek gauzak zertan ziren ia-ia egunero argi azaltzen zion arren, bazirudien andereak ezin izango zuela inoiz arazoa harridura gutxiagoz ikusi. Elizabeth, bere aldetik, asaiatu egiten zen berak sinesten ez zuena amari sinestaraztera, hau da, Bingley jaunak Janeri erakutsitako begi ona zaletasun arrunt eta pasakor baten ondorioa besterik ez zela izan, eta Jane ikusteari uzteaz batera amatatu zela zaletasun hori; baina Bennet andereak azalpen hori momentuan baliagarritzat onartzen bazuen ere, Elizabethek egunero azaldu behar izaten zion kontu berbera. Udan Bingley jauna herrira ostera ere jaitsi beharko zela pentsatzea zuen Bennet andereak lasaibiderik handiena.

        Bennet jaunak beste era batera hartzen zuen arazoa. «Beraz, Lizzy», esan zion egun batez, «zure ahizpari huts egin dio amodioak, ikusten dudanez. Bejondeiola. Ezkon bidean daudela, neskei gustatu egiten zaie noiz edo behin amodio-hutsegite txikiak jasatea. Zer edo zertan pentsatzeko modua ematen die, eta bere kideen artean halako dotorezia ukitu batez janzten ditu. Noiz izango da zure txanda? Ez duzu onartuko zure ahizpak alde handia kentzea, ezta? Zeu zara orain. Merytonen herri osoko damak nahigabetzeko adina ofizial dago. Emaiozu Wickhami zeure gizona izatea. Oso morroi atsegina da, eta prestuki utziko zaitu plan-plantean».

        «Eskerrik asko, jauna, baina hain atsegina ez den batekin ere nahikoa izango dut. Denok ezin dezakegu Janeren zori ona espero izan».

        «Egia», esan zuen Bennet jaunak, «baina, zure patu gaiztoa dena delarik ere, oso lasaigarria da pentsatzea baduzula ama laztan bat, arazoari mami guztia ateratzen jakingo duena».

        Wickham jaunaren konpainia laguntza handikoa izan zen azken gertaera gaiztoek Longbourndar askorengan hedatu berria zuten goibeldura uxatzeko. Sarri ikusten zuten ofiziala, eta hain gomendagarri egiten zuten dohain guztiei beste bat ere gehitu behar zitzaien orain, gizonak bere kontuez zabal-zabal hitz egitea, alegia. Elizabethek berari entzundako guztiak —hau da, Darcyk zor omen zizkionei buruzkoak, eta jaun berorrengatik pairatua zeraman guztiarena— azal eta zabal zebiltzan orain; eta mundu guztiak pozez gogoratzen zuen zelan betidanik, arazo horretaz ezer jakin baino lehenagotik ere, Darcy jauna guztiz desatsegina izan zitzaien.

        Bennet andereñoak bakarrik uste zuen auzi horretan Hertfordshireko gizarteak ezagutzen ez zituen gorabehera aringarriak egon zitezkeela; bere tolesgabetasun gozo eta sendoaz eskuzabaltasuna erregutzen zuen, eta txarto adituetarako lekua ere utz zezatela eskatzen zien behin eta berriz. Baina gainerako guztiek munduko gizonik txarrentzat gaitzesten zuten Darcy jauna.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia