HOGEITA HIRUGARREN ATALA

 

        Elizabeth bere ama eta ahizpekin jesarrita zegoela, entzun berri zuenaz hausnarrean eta horren aipamenik egiteko eskurik ba ote zuen zalantzatan, halako batean Sir William bera azaldu zen, alabaren enkarguz, Bennetarrei ezkon hitzaren berria emateko. Guztiei konplimendu asko esan ondoren, eta etxe biak elkartuko zituen lotura hori zela-eta bere burua behin eta birritan zoriondu eta gero, Sir Williamek albistearen nondik norakoak destolestu zituen... ez bakarrik harrituta, baina ez sinesteko prest zegoen entzuleria baten aurrean destolestu ere; izan ere, Bennet andereak, gizabidez baino gehiago, setaz, erabat oker egon behar zuela esanez egin zion buru, eta Lydiak, beti ere ahozabal eta sarri askotan zakarra, honelaxe egin zion aldarri:

        «Ene Jainkoa! Baina, Sir William, zelan zatoz halako kontu batekin? Ez al dakizu Collins jaunak Lizzyrekin ezkondu gura duela?»

        Gortesau adiguritsuak bakarrik jasan zezakeen halako trataera haserretu gabe; baina Sir Williamen heziera onak hori guztia onez eramaten lagundu zion; eta bere albisteak egia zirena erabat ziur zegoela esateko baimena erregutu bazuen ere, gizalegerik pazientziatsuenaz entzun zituen dama bien errebeskeria guztiak.

        Elizabeth, Sir William Lucas halako egoera desatseginetik askatzea bere eginkizuna zela juzkaturik, aurrera atera zen gizonaren berriak sendotzeko, eta hori dena Charlottek berak aurretik jakinarazia ziola esan zuen; eta, bere ama eta ahizpen harridura-hitzei amaiera jarri nahian, alde batetik Sir Williami zorionik beroenak ematen hasi zitzaion, zeregin horretan Jane berehala elkartu zitzaiolarik, eta, bestetik, ohar uholde bati eman zion bide, hala ezkontzak ekarriko bide zuen zoriona, nola Collins jaunaren izen bikaina edo Hunsfordetik Londresera zegoen tarte egokia aipatuz.

        Albisteek, izatez, azpiratuegi zuten Bennet anderea William jauna bertan zelarik gauza handirik esateko; baina gizonak handik irten orduko, emakumeak berehala izan zuen kolkoa hustutzerik. Lehenengo eta behin, kontua bere osoan ez sinestera tematu zen; bigarrenik, seguru baino seguruago esan zuen Collins jaunari ziria sartu ziotela; hirugarrenez, senar-emaztegaiok elkarrekin ez zirela inoiz zoriontsu izango sinetsi nahi izan zuen; eta, laugarrenik, berriz, ezkontza hori agian bertan behera utziko zutela. Auzi osotik, hala ere, bi ondorio atera zituen argi eta garbi; bata, Elizabeth zela gaitz guztien benetako arrazoia; eta bestea, guztiek izugarri ankerki erabili zutela bera, Bennet anderea; eta bi puntu horietaz jardun zuen egun osoan nagusiki. Ezerk ere ez zuen kontsolatzen, ezta baretzen ere. Eta bere sumindura ez zen egun horretan agortu. Astebete joan zen Elizabeth ikusi eta hari agirika ez egiteko gai izan zen arte, hilabetea pasatu zen Sir William edo Lady Lucasekin zakarkeriarik gabe hitz egin ahal izan zuen arte, eta hilabete asko iragan ziren Lucastarren alaba batere barkatu ahal izan baino lehen.

        Bennet jauna askoz ere lasaiago azaldu zen gertaera horien aurrean, eta, berak ikusten zituen bezala, sentimendurik atseginenak sortzen zizkiotela adierazi zuen; izan ere —esan zuenez— Charlotte Lucas, neurri bateraino zentzuzkoa juzkatu zuena, bere emaztea bezain tuntuna eta bere alaba baino tuntunagoa zela aurkitzeak poz handia ematen zion, horixe baietz!

        Ezkontzaren berriak apur bat harritzen zuela aitortu zuen Janek; baina bere harriduraz gutxiago mintzatu zen haien zorionaren alde zeukan desira biziaz baino; eta Elizabeth alferrik saiatu zen zorion hori nahikoa dudazkoa zela ahizpari onarrarazten. Kitty eta Lydia lekutan zeuden Lucas andereñoaren zoria irrikatzetik, Collins jauna elizgizona besterik ez baitzen; eta ezkontzaren berriak Merytonen zabaltzeko kontua zen neurrian besterik ez zien eraginik sortu.

        Lady Lucas ondo jabetuta zegoen alaba bat ondo ezkonduta edukitzearen lasaitasuna Bennet anderearen kontra jaurtiki ahal izatea garaipen handia zena; eta ohi baino maizago joaten zen bisitan Longbournera zein zoriontsu zen esateko, nahiz eta Bennet anderearen begitarte garratza eta asmo gaiztoko komentarioak nahikoa izan zitezkeen zorion guzti hori aienatzeko.

        Elizabeth eta Charlotteren artean bazegoen moztasun bat, biok gaia isilik gordetzera behartzen zituena; eta Elizabeth ziur zen euren artean ezin izango zela inoiz benetako konfiantzarik berriz ernatu. Charlotterekiko ustea ustel ateratzeak bere ahizparengana are amultsuago bihurtzera bultzatu zuen. Ondo zekien Janeren zintzotasun eta xamurtasunak ez ziotela inoiz bere iritziari huts emango, eta, bestalde, Elizabeth egunean baino egunean kezkatuago zegoen ahizparen zorionaz, astebetea baitzen Bingley joan zenetik, eta bere itzuleraz ezertxo ere ez baitzekiten.

        Janek azkar bidali zion Carolineri gutunaren erantzuna, eta haren berri ostera izateko behar ziren gutxieneko egunak zenbatzen hasi zen. Collins jaunak agindutako esker-gutuna asteartean ailegatu zen, aitari zuzendua eta urtebeteko egonaldi batek eragingo zukeen eskerronaren farata guztiaz idatzia. Bere kontzientzia alde horretatik lasaitu ondoren, aditzera ematen zien, gainezkaldi-berba ugariz, haien auzoko Lucas andereño maitagarriaren oniritzia bereganatu izanaren zoriona; ondoren zera azaltzen zuen, andereño horren konpainiaz atsegin hartzeko asmo hutsagatik etorri zela bat hain erraz Bennetarrek adierazitako desio adeitsuarekin, bera Longbournen berriro ikusteko desioarekin alegia, eta bere usteak betez gero, hamabost egunen buruan, astelehenarekin, itzuliko zela bertara; Lady Catherineri zegokionez, zioen lehengusuak, hain bihotzetik ederresten zuen ezkontza, ahalik eta lasterren egin zedin gogo baitzuen, eta Collins jaunaren esperantza zen hori bazterrezinezko arrazoia izango zela bere Charlotte maitagarriak hurbileko data batean jar zezan bera gizonik zoriontsuena egingo zuen eguna.

        Collins jauna Hertfordshirera itzultzea ez zen jadanik kontu eztia Bennet anderearentzat. Kontrara, bere senarra bezain prest zegoen behar beste kexatzeko. Oso arraroa zen Lucasenekora ez, baina Longbournera etortzea; guztiz desegokia gainera, eta enbarazu handia. Osasunez hain makal zebilenean gorrotagarria zitzaion etxean bisitariak edukitzea, eta maiteminduak, gainera, denetan desatseginenak izaten ziren. Horixe zen Bennet anderearen marmar txikia, eta bakarrik eteten zen Bingley jaunaren huts luzeak sortzen zion larritasun handiagoari bide emateko.

        Gai horri zegokiola, ez Jane ez Elizabeth ez zeuden lasai. Eguna egunari zerraion eta ez zegoen Bingleyren gaineko ele berririk, salbu eta Merytonen berehala nagusitu zen zurrumurrua, alegia, gizona ez zela negu osoan Netherfieldera ostera ere etorriko; zurrumurru horrek sutan jartzen zuen Bennet anderea, eta ez zuen aukera bat ere pasatzen utziko gezurrik samingarrientzat arbuiatu gabe.

        Elizabeth bera ere hasi zen ikaratzen, ez Bingley jauna Janerekiko hotz ote zegoen, baina bai arrebek ez ote zuten azkenean lortuko gizona urrun edukitzea. Hori gertatzeak hondatu egingo zuen Janeren zoriona, eta ohore gutxi egingo bere maiteminduaren sendotasunari, eta, halakorik onartu gura ez bazuen ere, Elizabethek ezin zuen pentsamendu hura burutik baztertu. Indartsuago izango ote ziren arreba bihozgogor bien eta adiskide ahaltsuaren ahalegin bateratuak, Darcy andereñoaren lilurak eta Londreseko jolasbideak..., indartsuago izango ote ziren horiek denak, Bingleyk Janeri zion atxikimendua baino? Horixe zen Elizabethen beldurra.

        Janeri zegokionean, ez jakitearen ondoeza mingarriagoa zen beretzat Elizabethentzat baino, jakina; baina sentitzen zuena sentitzen zuela, barruan gorde gogo zuen, eta, beraz, gai hori ez zen inoiz aipatzen bera eta Elizabethen artean. Alabaina, bere amak ez zuen halako adeien trabarik, eta arraroa zen ordubete pasatzea Bingley jauna hizpidera ekarri barik, edo bere iritsierari buruzko egonezina adierazi gabe, edota, areago, Janeri zera eskatu gabe, gizona berriz bueltatzen ez bazen, bere burua oso gaizki erabilitzat aitor zezala. Janek bere eztitasun sendo guztia behar izan zuen eraso horiekin nolabaiteko lasaitasunez burutzeko.

        Handik hamabost egunera, astelehenarekin, Collins jauna heldu zen txintxo-txintxo, baina oraingo honetan Longbournetarrek ez zioten egin aurrenekoz azaldu zenean bezain harrera abegitsurik. Gizona zoriontsuegia zen, ordea, arreta handiaren beharrik izateko; eta, haien zorionerako, amodio egitearen kontuek ederki arindu zieten lehengusuaren konpainiaren zama. Egunaren gehiena Lucas Enean ematen zuen, eta batzuetan doi-doi ailegatzen zen Longbournera etxekoak oheratu aurretik kanpoan hain luze izateagatik barkamena eskatzeko.

        Bennet anderearen egoera errukarria zen benetan. Ezkontzarekin zerikusia zuen edozein gauza aipatze hutsak umore gaiztoko neke larritan jartzen zuen, eta zihoan lekura zihoala, ziur izaten zen bere ingurukoak horretaz berbetan zeudena. Lucas andereñoa ikustea gorrotagarria zitzaion. Etxe horretan bere ondorengoa izango zenez, zeloz eta aiherrez begiratzen zion. Charlotte ikusi bat egitera etortzen zitzaienero, etxaldearen jabe egingo zen eguna aurreratu guran zebilela ondorioztatzen zuen Bennet andereak; eta Collins jaunarekin ahopeka hitz egiten zuenero, ziur izaten zen Longbourn etxaldeaz ari zirela, eta Bennet jauna hil bezain laster, bera eta alabak etxetik bidaltzea erabakitzen ari zirela. Bennet andereak guzti honen kexa adierazi zion saminez senarrari.

        «Benetan, Bennet jauna», esan zion, «oso gogorra da pentsatzea Charlotte Lucas noizbait etxe honetako ugazaba anderea izango dela, berari bide egitera behartuko nautela eta neure lekua nola hartzen duen ikusteko biziko naizela!»

        «Ene maitea, ez eman biderik halako pentsamendu ilunei. Zer edo zer hobearen itxaropena izan dezagun. Nahi dezagun pentsatu beharbada neu izango naizela bizirik geratuko dena».

        Honek ez zuen asko kontsolatu Bennet anderea, eta, hortaz, ezer erantzun barik, lehengo ildotik ekin zion ostera ere:

        «Ezin dut eraman etxalde honen guztiaren jabe izango direla pentsatzea. Maiorazkoaren kontua ez balitz, ez lidakete ardura izango».

        «Zerk ez lizuke ardura izango?»

        «Ezerk ere ez lidake ardura izango».

        «Eskerrak eman ditzagun halako sorgortasun egoeratik babestuta zaudena».

        «Ezin dut ezeren eskerrik eman, Bennet jauna, maiorazkoa tartean dagoenean; ezina zait ulertzea nola kontzientzia daukan inork jar dezakeen etxalde bat maiorazkoan eta bere alaben eskuetatik apartatu; eta, gainera, guztia Collins jaunaren ederragatik! Zergatik eduki behar du berak eta ez bestek?»

        «Zeure esku utziko dut horri erantzutea», esan zion Bennet jaunak.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia