HOGEITA BIGARREN ATALA

 

        Bennetarrak Lucastarrekin bazkaltzeko geratuta zeuden, eta orduan ere Lucas andereñoa Collins jaunari ia egun osoan entzuten egoteko bezain adeitsua izan zen. Elizabethek lagunari eskerrak emateko parada bilatu zuen. «Horrek umore onean jartzen du», esan zion, «ez daukat berba nahikorik nola estimatzen dizudan adierazteko». Zer edo zertan lagundu ahal izateak poz handia ematen ziola ziurtatu zion Charlottek adiskideari, eta hori bazela denbora pittin bat sakrifikatzearen ordain askoa. Hori guztia oso atsegina zen, baina Charlotteren adeitasuna Elizabethi burura zekiokeena baino asago hedatzen zen; Collins jaunaren berbaldiak bere buruarengana bideratuaz, gizonak Elizabethengana berriz joko ez zuela ziurtatzea zuen helburu bakarra; horixe zen Lucas andereñoaren plana; eta hain taxu ona hartu zuen gauzak, non, gauean banatu zirenean Charlottek ez zuen bere ondore onaz zalantzarik egingo, baldin eta Collins jauna Hertfordshiretik hain azkar joatekoa izan ez balitz. Baina horretan Lucas andereñoak ez zion Collinsen izaera sutsu eta burujabeari justiziarik egin; izan ere, izaera horrexek bultzatu zuen gizona biharamun goizean Longbourn Eneatik isil-ostuka ihes egin, eta, Lucasenekora arrapaladan joanda, bere burua Charlotteren oinetara botatzera. Bere lehengusinen begitik ezkutatzeko arranguraz zegoen, ziur baitzekien etxetik irteten ikusiz gero, bere asmoa bete-betean asmatuko zutena, eta berak ez zuen nahi inork bere saioaren berririk izatea, harik eta haren bukaera ona ere jakingarri izan arte; izanez ere, baiezkoaz ia-ia ziur egon arren —eta arrazoiz gainera, Charlottek argiro xamar emana baitzion haria— asteazkeneko menturaz geroztik lehen baino dudatiago zebilen. Hala ere, abegi ezin goxoagoa egin zitzaion. Etxerantz zetorrela, goiko leiho batetik antzeman zuen Lucas andereñoak, eta segituan irten zuen bidera ezustean bezala harekin topo egiteko. Baina urrundik ere ez zen ausartu andereñoa hango maitasun eta etorria zain izango zituela pentsatzera.

        Collins jaunaren berbaldi luzeek horretarako erarik ematen zuten adinean, berehala erabaki zen auzi osoa alde bien aukerara; eta, etxera sartzeaz batera, gizonak erregu biziak egin zizkion Charlotteri munduko gizonik zoriontsuena bihurtuko zuen eguna orduantxe bertan ezar zezan; eta eskaera hori, artean behintzat, albora utzi beharrekoa bazen ere, damak ez zuen gizonaren zorionaz iseka egiteko gogorik izan. Collinsi Naturak dohaintzat emana zion ergeltasunak xarma guztia kentzen zion gorteamenduari, eta inongo emakumek ere ez zukeen hartan luzatzerik nahi izango; hori zela eta, Charlotteri, bere burua ondo ezarrita ikusteko desio garbi eta hutsagatik emana zuenez baietza, ez zitzaion axola izan ezartze hori lehenago bereganatu behar izatea.

        Berehalaxe eskatu zitzaien onespena Sir William eta Lady Lucasi; eta alegrantziarik alaienaz eman zuten, eman ere. Fortuna txikia eskaini ahal zioten alaban, eta Collins jaunaren egoera aintzat hartura, aukera-aukerakoa zen ezkontza hori; bestalde, erretore jaunak etorkizun bide zituen diru-hobekuntzak ezin ederragoak ziren. Lady Lucasek zuzenean ekin zion kalkulatzeari —gai horrek beragan sekula sortutako jakin-min handienaz kalkulatu ere— zenbat urte geratuko ote zitzaizkion Bennet jaunari bizitzeko; Sir Williamek, bestalde, sendo adierazi zuen bere iritzia, alegia, Collins jauna Longbourn etxaldearen jabe egin bezain laster erabat komenigarria izango zela bai bera bai emaztea Saint Jamesen aurkeztea. Labur esanda, familia osoa pozez gainezka zegoen berriarekin. Ahizpa gaztetxoak behar baino urte bat edo bi lehenago aurkeztuak izango zirelako itxaropenak biltzen hasi ziren; eta mutilek sekulako arindua hartu zuten Charlotte ez zela neskazahar hilko ikusi zutenean. Charlotte bera nahikoa lasai zegoen. Lortua zuen bere helburua eta orain astia zuen horren gainean hausnar egiteko. Hausnarketa horiek, oro har, bere gogokoak izan ziren. Duda gabe, Collins jauna ez zen ez zentzuzkoa ez atsegina; gogaikarria zen haren konpainia, eta gizonak beregana ei zuen maiteminak irudimen hutsezkoa behar zuen izan. Baina, guztiarekin ere, bere senarra izango zen. Gizonez edo matrimonioaz oso iritzi ona ez eduki arren, ezkontza izan zuen helburu betidanik; irtenbide ohoredun bakarra zen diru gutxiko eta heziketa oneko neskentzat, eta, hari esker zoriona lortzea gauza segurua ez izanagatik ere, beharraren aurkako babesik atseginena behintzat bazen. Babes horixe zuen orain lortua; eta inoiz ere ederra izan gabe, eta hogeita zazpi urte zituelarik, ohartu egiten zen bere zori onaz. Hain atsegina ez zen gorabehera bakarra, ordea, Elizabeth Bennetek hartu beharko zuen ustekabea zen. Haren adiskidantza beste inorenaren gainetik jartzen zuen Charlottek eta bazekien bere laguna harritu egingo zena, eta, segurutik, agirika ere egingo ziona; eta Lucas andereñoaren erabakia bere horretan geratuko zen arren, Elizabethen gaitzespenak mindu egingo zituen Charlotteren sentimenduak, nahi eta ez. Berria berak emango ziola erabaki zuen eta, hortaz, agindua eman zion Collins jaunari Longbournera bazkaritarako itzultzean gertatutakoaren gaineko pikorik ez botatzeko etxeko inoren aurrean. Collins jaunak, esaneko, dena isilean gordeko zuela hitz eman zion, jakina, baina agindutakoari eustea, ostera, ez zitzaion batere erraz gertatu; izan ere, kanpoan hain luze izateak Longbournen sortua zuen jakin-mina zuzen-zuzeneko itaun erauntsi batez lehertu zen bueltatu zenean, eta, galdera guztiok saihesteko zuhurtzia apur bat erabili behar izateaz gain, Collins lehengusuak gogor egin behar izan zion bere buruari ezer ez esateko, bere maitasun zoriontsuaren berria zabaltzeko irrikatan zegoen eta.

        Biharamun goizean Collins jauna goizegi aterako zenez etxeko inor ikusteko, agurrak bezpera gauean egin ziren, damak oherako altxatu zirenean; eta Bennet andereak gizalege handiz eta bihotz-bihotzez adierazi zuen zenbat poztuko ziren Longbourneko guztiak Collins jauna ostera ikusteaz, gizonari bere gainerako betebeharrek beste bisita baterako beta eman ziezaiotenean.

        «Ene andere maitea», arrapostu zuen gizonak, «gonbite honek bereziki pozten nau, horrexen begira egon naiz eta; eta erabat ziur izan zaitezke ahal dudan arinena baliatuko naizena berorretaz».

        Harri eta zur geratu ziren denak; eta, Bennet jaunak, halako itzulera azkarrik gertatzerik inolaz ere nahi ez zuenez, hala esan zion segituan:

        «Baina ez al da hor, ene jaun on hori, Lady Catherineren gaitzespenerako arriskurik? Hobe duzu senideak baztertzea zure babesle anderea nahigabetzeko arriskutan jartzea baino».

        «Ene jaun maitea», arrapostu zion Collins jaunak, «Ohar lagunkoi horrek zugana obligatzen nau guztiz, eta ez dut halako urrats garrantzitsurik egingo Ladyren onespenik gabe, ez izan zalantzarik».

        «Erne egoteko ahalegin guztiak gutxi izango dituzu. Edozer gauza arriskatu, baina ez atsekabetu andere hori; eta gugana etorriaz nahigabetu egingo dela susmatuz gero —niri neuri oso gertagarria iruditzen zaidan gauza bestalde— gera zaitez etxean lasai, eta ez zaitez kezkatu, gu ez gara minduko eta».

        «Ene jaun maitea, halako adeitasun begitsuek nire eskerrik beroenak ernarazi dituzte, sinestadazu; eta ziur izan hemendik oso gutxira nire gutun bat jasoko duzuna, hala adei honengatik nola Hertfordshiren izan naizen bitartean erakutsi dizkidazun bestelako begiramenengatik eskerrak emateko. Nire lehengusina ederrei dagokienez, nahiz eta ez naizen hain luze urrun egongo honakoaren beharrik izateko, guztiei, baita Elizabeth lehengusinari ere, osasuna eta zoriona opa izatera ausartuko naiz».

        Egin beharreko agurrak egin ondoren, damak erretiratu egin ziren; denak zeuden harrituta lehengusuak laster itzultzeko zerabilen asmo horrekin. Bennet andereak hala pentsatu nahi zuen, Collins jaunak neskatiletakoren bati eskumuinak ematea zuela buruan, eta, hala izanez gero, agian ez zela ezinezkoa izango Mary baiezkoaren alde bultzatzea. Maryk beste guztiek baino gorago irizten zien lehengusuaren dohainei; sarri askotan ukitu egiten zuen Collins jaunaren gogoetei antzematen zien sendotasunak, eta, bere burua baino argiago inondik ere ez juzkatu arren, Maryk zera uste zuen, norbaiten erakusbideak, bereak adibidez, Collins jaunari gehiago irakurtzeko eta aurrera egiteko adorea emanez gero, gizona oso lagun atsegina bihur zitekeela. Baina biharamun goizean hari horretako itxaropen oro aienatu egin zen. Lucas andereñoa gosal ondorentxoan etorri zen, eta bakarreko elkarrizketa batean bezperako gertaera guztiak berritu zizkion Elizabethi.

        Collins jaunak bere burua Charlotterekiko maiteminetan imajinatzearen posibilitatea burutik pasatua zitzaion behin Elizabethi aurreko egun parean edo; baina Charlottek gizonari bihotz ematea berak egitea bezain ezinezko iruditzen zitzaionez, hasieran hain izan zen handia bere harridura non, lotsa onaren mugak gainditurik, ezin izan zion eutsi honela hots egiteari:

        «Collins jaunari hitza eman diozula! Charlotte nirea... ezinezkoa!

        Bere istorioa esan bitartean Lucas andereñoak irmotasuna ispilatua zuen uneoro aurpegian, baina halako gaitzespen zuzena entzuteak koloka jarri zuen une batez aurpegiera hori; alabaina, gutxiago espero ez zuenez, berehala etorri zen neurrira atzera ere, eta, lasaitasunez, hauxe arrapostu zion:

        «Zergatik harritu zara, Eliza nirea? Collins jaunak zure ederra bereganatzeko zoriona izan ez duelako, ezinezkoa iruditzen al zaizu inongo emakumeren onespena erdietsi ahal izatea?»

        Baina Elizabeth bere buruaren jabe zen berriz ere, eta, ahalegin handiak eginik, nolabaiteko sendotasunez ziurtatu ahal izan zion harreman horien berriak biziki pozten zuela eta munduko zorion guztiak opa zizkiola.

        «Badakit zer sentitzen duzun», arrapostu zion Charlottek, «harrituta egon behar duzu, oso-oso harrituta, hain da denbora gutxi Collins jaunak zeu berarekin ezkontzea gura zuela. Baina guzti honetaz ondo pentsatzeko astia duzunean, egin dudanaz pozik egon zaitezen espero dut. Ez naiz erromantikoa, badakizu. Sekula ez naiz izan. Etxe goxo bat baino ez dut eskatzen; eta Collins jaunaren izaera, harremanak eta bizibidea gogoan hartuta, ziur naiz berarekin zoriontsu izateko ditudan posibilitateak jende gehienak ezkon bizitza hastean hain harro aireratu ohi dituenak bezain onak direla».

        Elizabethek «dudarik gabe» doi batez erantzun zion; eta isilune deseroso baten ondoren, etxeko beste kideengana bihurtu ziren. Charlotte ez zen askoz ere luzeago geratu, eta orduan Elizabethek entzundakoaz gogoeta egiteko modua izan zuen. Luze joan zitzaion halako ezkontza desegoki baten ideiara apur bat moldatzen. Collins jaunak hiru egunetan bi ezkontza eskaintza egitearen bitxitasuna ez zen ezertxo ere bigarren saioan onartua izanaren aldean. Elizabethek betidanik pentsatu zuen matrimonioari zegokionez bere iritzia eta Charlotterena ez zetozela guztiz bat, baina ez zukeen inoiz susmatuko bere lagunak benetako erabaki bat hartzeko orduan onura mundutarrak beste edozein sentimendu hoberen gainetik jarriko zituenik. Charlotte Collins jaunaren emaztea, hori bai irudi umiliagarria! Eta adiskide batek bere burua itsustearen eta bere estimazioan jaistearen minari, beste bat ere gehitu behar zitzaion, alegia, ziurtasun lazgarriz jakitea adiskide horrek hautatu berri zuen patuarekin ez zuela nola-halako zorionik ere erdietsiko.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia