HOGEITA BATGARREN ATALA

 

        Collins jaunaren eskaeraren gaineko eztabaida bere azkenetan zegoen jadanik, eta Elizabethek, noiz edo behin bere amak esaten zizkion hitzerdi mikatzak kenduta, gai horri ezinbestean zerizkion sentimendu desatseginak bakarrik nozitu behar izan zituen. Zaldunari zegokionez, berriz, haren sentimenduak ez ziren lotsa edo goibeldura edota Elizabeth saihesteko ahaleginen bidez adierazi, molde latzez eta isiltasun minduaz baizik. Handik aurrera doi-doi hitz egin zion lehengusinari, eta hain presente izan ohi zituen adei arretatsu haiek, bestalde, Lucas andereñoarengana iragan ziren egunaren gainerako partean; Collins jaunari entzutean Charlottek erakutsitako gizalegeak, bestalde, behar orduko arindua ekarri zien guztiei, batez ere bere adiskideari.

        Biharamunak ez zien aterrunerik ekarri Bennet anderearen umore-osasun txarrei. Collins jaunak ere harrotasun minduko egoera berberean zirauen. Sumindurak bisitaldia laburrarazi egingo zion esperantza gordetzen zuen Elizabethek, baina, zirudienez, horrek ez zuen eragin txikiena ere izan lehengusuaren asmoetan. Larunbatean joatekoa zen hasieratik eta larunbatera arte geratzekotan zegoen orduan ere.

        Gosaldu ondoren neskatilak Merytonera joan ziren paseoan Wickham jauna bueltan ote zegoen itauntzeko, eta Netherfieldeko dantzaldian ez izana deitoratzeko. Herrira heldu bezain laster Wickham bera elkartu zitzaien, eta, izekoarenera lagundu zielarik, han izan zuten denek parada gizonaren dolu-damuak eta mundu guztiaren kezkak luze eta zabal adierazteko. Edonola ere, herritik joan beharra berez sortu zela aitortu zion berariaz Wickhamek Elizabethi.

        «Eguna hurreratu ahala», esan zion, «hala ikusi nuen, hobe nuela Darcy jaunarekin topo ez egitea; harekin gela berean, talde berean hainbeste orduz egoteak gaina hartuko ziola neure eroapenari, eta han ikus zitezkeenak agian desatseginak izango zirela, eta ez niretzat bakarrik».

        Elizabethek oso goi iritzi zion haren eraman onari, eta biek izan zuten egokiera ederra arazoa goitik behera eztabaidatzeko eta elkarri nahi beste laudorio gizalegetsu egiteko; izan ere, Longbournerako bueltan Wickham jauna eta beste ofizial bat izan zituzten lagun, eta bide osoan gizonak Elizabethi eskaini zion arreta gehiena. Lagun egite hori bi aldiz zen onuratsu; alde batean, Elizabeth ohartu egiten zen berari egiten ari zitzaion politasunaz, eta, bestean, Wickham jauna aita-amei aurkezteko aukera paregabea zen hura.

        Etxera heldu eta berehala, Bennet andereño nagusiari gutun bat ekarri zioten; Netherfieldetik zetorren eta segituan zabaldu zuen. Kartazalaren barruan orri dotore, txiki, idatzi berri bat zegoen, dama baten esku eder eta kulunkariak ondo betea; gutuna irakurri ahala ahizpari aurpegia aldatzen zitzaiola ikusi zuen Elizabethek, eta Janek arreta bereziaz oratzen ziela zenbait pasarteri. Bere buruaz nagusitu zen laster batean, eta, gutuna albo batera utzita, bere ohiko alaitasunaz saiatu zen besteen solasean sartzen; baina hainbestekoa zen Elizabethen ezinegona, Wickham jauna bera ere ahaztu baitzuen; eta doi-doi utzia zuten etxea ofizial biek, Janek begirada batez bere ahizpa gonbidatu zuenean berarekin goiko solairura joatera. Euren gela jaretsi zutenean ahizpa nagusiak, gutuna aterata, honela hitz egin zuen:

        «Caroline Bingleyrena da; bertan dioenak ederki harritu nau. Honez gero Netherfieldetik kanpo omen daude denak, hirira bidean; eta atzera itzultzeko inongo asmorik gabe. Entzun ezazu zer dioen».

        Orduan lehen esaldia irakurri zuen ozenki, Bingleyren arrebek nebari hirira zuzenean jarraitzeko hartu berri zuten erabakiaren argitasunak biltzen zituena, eta egun horretan talde guztia Grosvenor Kalean, Hurst jaunarenean, bazkaltzekoa zela jakinarazten ziona. Honako hitzok zetozen hurren: «Ez diot inori sinestarazi gura, ene lagun maiteen hori, zeure konpainiaz gain Hertfordshiren ezer utzi izana batere dolutu zaidanik; baina izan dezagun esperantza etorkizuneko garairen batean hamaika aldiz gozatuko dugula berriz ere orain ezagutu ditugun harremanen eztiaz, eta bitartean ema dezagun apartatzearen mina elkarrentzako gutun ugari eta isilpekorik batere gabekoekin. Uste osoa daukat zugan horretarako». Mesfidantzak eragindako hunkimen falta osoaz entzun zituen Elizabethek hain hego handiko adierazpenok; eta aldaketaren bat-batekoak harritu egiten zuen arren, ez zuen benetan dolurako arrazoirik ikusten; arrebak Netherfieldetik kanpo izateak ez zuen zertan eragotzi Bingley jauna bertaratzea; eta, haien konpainia galtzeari zegokionez, Elizabethek bete-betean uste zuen handik gutxira Janeri galera horrek ez ziola batere ardura izango, Bingley jaunaren konpainiaren gozamena bide izanik.

        «Bai zoritxarra», esan zion Elizabethek, isilune labur baten ondoren, «herritik joan baino lehenago zure lagunak ikusteko modurik ez izana. Baina, ezin ote genezake eduki honako esperantza hau, alegia, Bingley andereñoak irrikatzen duen etorkizuneko zorionaldi hori berak uste baino lehenago iritsi ahal izatea, eta lagun moduan ezagutu dituzuen harremanen eztia are poz handiagoz, hau da, ahizpa gisa, berritzea? Ez dute Bingley jauna berekin Londresen geldiaraziko».

        «Carolinek argi eta garbi dio negu honetan taldeko bat ere ez dela Hertfordshirera bihurtuko. Irakurri egingo dizut:

        «Atzo utzi gintuenean, gure nebak uste zuen Londresera joanarazi zuen zeregina bizpahiru egunen buruan amaituta egongo zela, baina guk halakorik gertatzea ezinezkoa dela badakigunez, eta, bestalde, Charles hirira iristen denean berriz ateratzeko presarik izango ez duena ziur gaudenez, gure nebari bertara jarraitzea erabaki dugu, horrela bere asti orduak hotel deseroso batean ematera behartuta egon ez dadin. Gure ezagun asko Londresen dira jadanik negurako; nahiago nuke zeu ere, ene lagun maite-maitea, jendetza horrekin bat egiteko asmotan zaudela entzungo banu, baina horretaz etsita nago. Hertfordshireko Gabonak garai horrek ekarri ohi dituen poz guztietan joriak izan daitezen opa dizut bihotz-bihotzez, bai eta zure miresleen kopurua hain handia izan dadin, non ez dezazun igar orain kendu dizkizugun hiruron hutsunea».

        «Horrek ageri-agerian uzten du», erantsi zuen Janek, «Bingley jauna ez dela negu honetan berriz ere etorriko».

        «Ageri-agerian dagoen gauza bakarra zera da, Bingley andereñoak ez duela nahi bere nebak halakorik egin dezan».

        «Zergatik pentsatu behar duzu hori? Bingley jaunaren kontua izan behar du. Bada bere buruaren jabe. Baina zuk ez dakizu guztia. Irakurri egingo dizut min gehiena eman didan pasartea. Ez daukat zuri zer ezkutaturik».

        «Darcy jauna bere arreba ikusteko irrikatan dago, eta, egia aitortu behar badizut, guk geuk ere hutsa behar genuke bera bezain gogotsu egoteko. Hala edertasunez nola dotoreziaz edo dohainez, ez dut uste Georgiana Darcyk parekorik izan dezakeenik, benetan; eta Louisa eta biok geure batean zaintzera ausartu garen esperantza batek handiagotu egin du, beste gauza interesgarriago bat bihurtu arte, Georgianak biongan ernarazitako oniritzia, eta esperantza hori hauxe da, Darcy andereñoa etorkizuneko egunen batean geure ahizpa izatea. Ez dakit inoiz aipatu dizkizudan gai honetaz uste ditudanak, baina ez naiz herritik joango isilpeko horiek zuri adierazi gabe, eta uste dut ez zaizkizula zentzugabeak irudituko. Gure nebak izugarri miresten du Georgiana berez, hemendik aurrera sarritan izango du berarekin hurbil-hurbilean izateko aukera, Georgianaren senide guztiek desiratzen dute lotura hori Charlesenek bezainbeste, eta ez dut uste arrebaren maitasunak itsutzen nauenik gure neba edozein emakumeren bihotza osteko gai dela diodanean. Xehetasun guztiok bat egite horren alde izanik, eta trabarik batere ez dagoela, oker ote nago, ene Jane maite-maite hori, hainbeste lagunen zoriona ziurtatuko lukeen gertaera baten esperantza jagoten dudanean?»

        «Zer uste esaldi horretaz, Lizzy nirea?», esan zuen Janek bukatu zuenean. «Ez dago nahikoa argi? Ez al du argi eta garbi adierazten Carolinek ez duela ez uste ez nahi ni bere ahizpa izan nadin; ez daukala duda izpirik ere bere nebak nigana duen hoztasunaz; eta nik Bingley jaunarengana ditudan sentimenduen nolakoa susmatzen baldin badu, jakinaren gainean (zein maitagarria!) jarri nahi nauela? Besterik pentsa liteke?»

        «Bai, pentsa liteke; izan ere, nire iritzia bestelakoa da. Entzun gura duzu?

        «Gogo handiz».

        «Berba gutxitan esango dizut. Bingley andereñoak bere neba zutaz maitemindu dela ikusi du, baina Darcy andereñoarekin ezkontzea nahi du. Nebaren atzetik joan da hirira ea bertan lotu ahal duen, eta sinestarazi egin nahi dizu Bingley jaunak ez zaituela ezertan ere hartzen».

        Janek burua astindu zuen.

        «Sinetsi egin beharko zenidake, Jane, benetan. Elkarrekin behin ikusi zaituztenak ezin du haren oniritziaz zalantzarik izan. Bingley andereñoak ez, ziur naiz. Ez da hain memeloa. Darcy jaunak berari maitasun horren erdia diola susmatu izan balu, enkargatuak izango zituzkeen ezkontza jantziak honez gero. Baina hauxe da arazoa: gu ez gara behar bezain aberatsak haientzat, ezta behar bezain handiak ere; eta taldearen barruan ezkontza bat eginez gero, bigarrena burutzea apika errazago izango zaiolakoan, ezinegonik dago Darcy andereñoa bere nebarentzat lortzeko; alde horretatik xuhurtzia aitortu behar zaio, eta De Bourgh andereñoa bidetik kanpo egongo balitz, ondo aterako litzaiokeela ausartuko nintzateke esatera. Baina, ene Jane maite-maitea, bakar-bakarrik Carolinek esan dizulako bere nebak izugarri miresten duela Darcy andereñoa, ezin duzu benetan pentsatu Bingley jauna lehengo asteartean utzi zintuenean baino pittin bat ere gutxiago jabetzen denik zure merezimenduez, eta ezin duzu pentsatu Bingley andereñoak bere nebari sinestarazi ahal izango dionik zurekin ez, baina bere lagunarekin guztiz maiteminduta dagoela».

        «Honi guztioni eman diozun esanahiak», arrapostu zion Janek, «nahikoa lasai utz nintzake guk biok Bingley andereñoaz iritzi berbera bagenu. Baina badakit zure uste horren oinarria ez dela bidezkoa. Caroline ez da gauza inori gezurrik nahita esateko; eta Caroline bera gezurra sinetsita egotea da oraingo honetan izan dezakedan itxaropen bakarra».

        «Ondo da hori. Ezin zenezakeen ideia bikainagorik sor, neurean goxorik aurkituko ez duzunez gero. Pentsa ezazu, kosta lain kosta, gezurra sinetsita dagoela. Orain ondo beteta duzu berarekikoa, eta ez duzu luzaroago barru-estu ibili beharko».

        «Baina, ene ahizpa maitea, nola onar nezake zoriontsu gizon bat, eta hori onenean jarrita, baldin eta bere arreba eta lagun guztiak beste inorekin ezkon dadin irrikatan badaude?»

        «Zeuk duzu erabakia», esan zion Elizabethek, «eta, azterketa burutsuen ostean, baldin erabakitzen baduzu handiagoa litzatekeela Bingley jaunaren arrebak nahigabetzearen atsekabea, gizonaren emaztea izatearen zoriona baino, biziro aholkatzen dizut ezkontzeari ezetz esatea».

        «Zelan esan zenezake halakorik?», esan zuen Janek irribarre ahul batez. «Haien gaitzespenak ikaragarri minduko nindukeen arren, jakin ezazu ez nukeela zalantzarik egingo».

        «Ez nuen besterik uste; eta, gauzak hala, ez zait iruditzen oso egoera errukarrian zaudenik».

        «Baina Bingley jauna negu honetan berriz ez badator, ez zait ezertarako erabakirik eskatuko. Sei hilabetean hamaika gauza sor litezke!»

        Elizabethek erabat gutxietsi zuen Bingley jauna berriro ez itzultzeko kontu hori. Carolineren asmo interesatuen sujerentzia besterik ez zitzaion iruditzen, eta ez zuen inondik ere uste asmo horiek, argiro zein trikimailuz adierazita, besteengandik hain aske zen gazte bati eragin ziezaioketenik. Ahalik eta bizien agertu zion ahizpari gai horretaz uste zuena, eta laster ikusi zuen atseginez bere hitzen eragin ongilea. Jane ez zen gogo eroriko emakumea, eta Bingley jauna Netherfieldera ostera itzuliko eta bere bihotzaren desira guztiak erantzungo zituelako esperantza bereganatuz joan zen apurka-apurka Elizabethen eskutik, nahiz eta batzuetan gizonak benetan maite ote zuen zalantza nagusitzen zitzaion esperantza horri.

        Bennet anderea Bingley jaunaren jokaera zela-eta asalda ez zedin, ahizpa biak bat etorri ziren amari Netherfieldekoen partieraz aparte ezer gehiago ez esateko; baina are zatikako jakinarazpen horrek ere eman zion andereari zer kezkatu franko, guztiz zoritxarrekoa iruditzen baitzitzaion, eta hala deitoratu zuen, hango damak orduantxe joan behar izatea, denak hain lagun mamiak izateko bidean zeudenean. Hala ere, damu-hitzetan aldi batez jardun ondoren, Bennet andereak kontsolamendua aurkitu zuen, Bingley jauna laster izango baitzen ostera herrian, eta laster, era berean, Longbournen bazkaltzen. Azkenik, adierazpen lasaigarri batek eman zion buru auzi guztiari: Bingley jauna familia bazkari soil batera gonbidatuta bazegoen ere, Bennet anderea ondo asko arduratuko zen bazkari horrek bi jaki oso eta bete izan zitzan.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia