HOGEIGARREN ATALA

 

        Collins jaunak ezin izan zuen bere maitasun arrakastatsuaren kontenplazio isilean luzaro jardun; izan ere, Bennet anderea harat-honat ibilia zen atondoan elkarrizketa hura noiz bukatuko, eta bere alabak atea ireki eta, eskailerara bidean, bere paretik urrats bizkorrez pasatu bezain laster, anderea gosari-gelan berriz sartu eta zorionik beroenak ematen hasi zitzaion hala Collins jaunari nola bere buruari ere, etorkizun zegoen eta biok estuago elkartuko zituen lotura zoriontsu harengatik. Collins jaunak atsegin berdinaz hartu eta itzuli zituen zorion hitzok eta, ondoren, elkarrizketaren xehetasunak berritzeari ekin zion; lehengusinak emandako ezetz sendoa bere apaltasun lotsatiari eta bere izaera jatorriz delikatuari berez zerien gauza izanik, Collins jauna pozik egoteko arrazoi guztiak zituelakoan zegoen.

        Argitasun horiek, ordea, asaldatu egin zuten Bennet anderea; gustatu egingo zitzaiokeen benetan gizonaren proposamenei oldar egitean Elizabethek adorea eman nahi ziola pentsatzea eta, horrela, Collins bezain pozik egon ahal izatea, baina ez zen ausartzen halakorik sinestera, eta ezin izan zion eutsi halaxe adierazteari.

        Baina ziur egon, Collins jauna», gehitu zuen, «Lizzy zentzatu egingo dela. Nik neuk egingo dut honetaz berba berarekin zuzenean. Guztiz neska tuntun eta burugogorra da, eta bere onerako dena ere ez du ezagutzen; baina neuk ezagutaraziko diot».

        «Barka iezadazu hitza moztea, anderea», hots egin zuen Collins jaunak; «baina benetan burugogor eta tuntuna baldin bada, ez dakit oso emazte egokia izango ote litzatekeen, oro har, nire egoeran dagoen eta, naturala denez, ezkon bizitzan zoriona bilatzen duen gizon batentzat. Horrenbestez, nire mandatuari benetan uko egiten jarraitzen baldin badu, apika hobe izango dugu ni onartzera ez behartzea, zeren eta umore-akats horietarako joera baldin badauka, baliteke nire zorionari ezer gutxitan laguntzea».

        «Ez didazu ondo ulertu, jauna», esan zion Bennet andereak, aztoraturik. «Honelako kontuetan bakarrik da Lizzy burugogorra. Gainerako guztian inoiz izan den neskarik onberena duzu. Bennet jaunarengana joango naiz zuzenean eta Lizzy berehala jarriko da ados gurekin, ziur naiz».

        Collins jaunari arraposturako betarik eman gabe, senarrarengana abiatu zen ziztuan, eta, liburutegian sartuta, honelaxe deitu zion:

        «O! Bennet jauna, zeure premia dugu oraintxe bertan; harrabots batean gaude denok; etorri egin behar duzu eta Lizzy Collins jaunarekin ezkonarazi; izan ere, gure alabak zin egiten du ez duela gizon hori senartzat hartuko, eta azkar ez bazabiltza lehengusuak iritzia aldatuko du eta ez du Lizzy emaztetzat hartu nahi izango».

        Emaztea gelan sartu zenarekin batera, Bennet jaunak liburutik jaso zituen begiak eta emaztearen aurpegian jarri, lasai eta arduragabe. Bennet andereak ekarritako berriek ez zuten jite hori ezertan ere aldatu.

        «Ez daukat zuri ulertzeko atsegina», esan zuen jaunak andereak bere berbaldia amaitu orduko. «Zertaz ari zara hitz egiten?»

        «Collins jaunaz eta Lizzyz. Lizzyk dio ez duela Collins jauna senartzat hartuko, eta Collins jauna hasi da esaten berak ere ez duela Lizzy hartuko emaztetzat».

        «Eta zer egin behar dut nik horrelako egokiera batean? Esperantza gabeko auzia dirudi».

        «Hitz egizu zuk zeuk Lizzyrekin. Esaiozu tinko eskatzen diozula Collins jaunarekin ezkontzeko».

        «Jaitsi bedi hona. Neure iritzia entzungo du».

        Bennet andereak kanpaiari eragin zion eta Elizabeth andereñoari deitu zitzaion liburutegira.

        «Erdu hona, umeori», hots egin zion aitak alaba han azaldu bezain laster. «Garrantzizko afera baterako etorrarazi zaitut. Collins jaunak mandatua egin dizula jakin dut. Egia da hori?» Elizabethek baietz arrapostu zion. «Ederto... eta uko egin al diozu eskaintza horri?»

        «Bai, egin egin diot, jauna».

        «Ederto. Goazen orain harira. Zeure amak biziki eskatzen dizu eskaintza onartzeko. Ez da hala, Bennet anderea?»

        «Bai, edo, bestela, ez diot berriz begiratuko».

        «Aukera tamalgarria duzu aurrean, Elizabeth. Gaur geroz arrotza izango zatzaizkio ezinbestean zeure gurasoetako bati. Collins jaunarekin ezkontzen ez bazara, zeure amak ez dizu berriz ere begiratuko, eta nik neuk ez dizut berriz begiratuko baiezkoa ematen badiozu».

        Halako hasierak nolako bukaera izan zuen ikusita, Elizabethek irribarre besterik ezin izan zuen egin; baina Bennet andereak sinestarazia zion bere buruari senarrak berak nahi zuen moduan ikusten zuela arazoa, eta, ondorioz, etsi-etsi eginda geratu zen.

        «Zertan zabiltza, Bennet jauna, horrela hitz eginez. Agindu egin didazu tinko eskatuko zeniola Lizzyri Collins jaunarekin ezkontzeko».

        «Ene maitea», arrapostu zion senarrak. «Mesede txiki bi erregutu behar dizkizut, alegia, oraingo honetan zure baimena eman diezadazula lehendabizi neure adimenaz baliatzeko, eta, bigarrenez, neure gelaz. Pozarren egongo naiz liburutegia ahalik eta lasterren neuretzat bakarrik baldin badaukat».

        Hala ere, eta senarrarekikoak huts irten arren, Bennet andereak ez zuen artean amore eman. Behin eta berriro hitz egin zuen Elizabethekin; orain elezuriz, gero mehatxuz saiatu zen. Ahala egin zuen Jane bere alde jar zedin, baina Janek, eztitasun handienaz, uko egin zion tartean sartzeari; eta Elizabethek amaren eraso guztiei erantzun zien, benetan eta zinez batzuetan, eta alaitasun jostariaz besteetan. Baina, esateko moduak aldatu arren, alabaren erabakiak bere horretan jarraitu zuen.

        Bitartean, Collins jaunak gertatu berri zenaz egiten zuen gogoeta bakardadean. Ederregi irizten zion bere buruari lehengusinak ezetzerako zein arrazoi izan ote zezakeen konprenitzeko; eta, bere harrotasuna minduta bazegoen ere, gainerakoan ez zeukan bestelako oinazerik. Elizabethekiko estimazioa irudimen hutsezkoa zuen; eta lehengusinak bere amaren destainak agian merezi egiten zituela pentsatzeak atsekabe guztietatik urruntzen zuen.

        Etxe guztia zurrunbilo horretan zegoelarik, Charlotte Lucas iritsi zen Longbournera eguna haiekin emateko. Lydiak bebarruan topatu zuen eta, Charlotterengana hegadan joanik, honela hots egin zion erdi ahopeka, «Zein ondo etorri zarena, hemen itzelezko saltsa dago eta! Ezetz jakin gaur goizean hemen zer gertatu den! Collins jaunak mandatua egin dio Lizzyri eta berak ez du onartu nahi izan».

        Charlottek zer edo zer erantzuteko astia izan baino lehenago Kitty ere elkartu zitzaien albiste berberak emateko, eta hirurok gosari-gelara sartu zirelarik, Bennet anderea aurkitu zuten bertan bakar-bakarrik, eta bera ere hasi zen gai horretaz gora eta behera, Lucas andereñoari errukia galdatuz eta bere lagun Lizzyren gogoa familia osoaren nahiaren alde jar zezan erregutuz. «Egizu, arren, Lucas andereño nirea», erantsi zuen doinu malenkoniatsuaz, «zeren inor ere ez baitaukat alde, inork ere ez dio neureari eusten, zitalki hartu naute, inor ere ez da nire nerbio gaixoez arduratzen».

        Jane eta Elizabeth orduantxe sartu ziren gelan, eta horri esker Charlottek ez zuen arraposturik eman behar izan.

        «Hara, hor datorkigu», ekin zion Bennet andereak, «denik eta ardura gutxiena aurpegian, eta Yorken bagina baino axola gutxiago erakutsita beste guztioz, hori bai, andereñoak berea aterako duela ziurtatuta. Baina zera diotsut nik, Lizzy andereñoa, gainerako mandatu guztiei honelaxe uko egitea sartu baldin bazaizu buruan, ez duzu sekula ere senar alerik lortuko, eta ziur naiz ez dakidala nork mantenduko ote zaituen zure aita hila denean. Eta jakinaren gainean jarriko zaitut: nik ezin izango zaitut neurekin eduki.. Gaurtik aurrera turu eta buru zurekin. Liburutegian esan dizut, badakizu, ez nizula berriz ere hitz egingo, eta ikusiko duzu nola dakidan hitzari atxikitzen. Ez dit niri atseginik ematen bere eginkizunak betetzen ez dituzten alabekin berba egiteak. Ezta inorekin berba egiteak ere, alajaina. Ni bezala nerbiotatik makal dabilenak ezin dezake hizketarako isuri handirik izan. Inork ere ez daki zelan sufritzen dudan! ...Baina betikoa da hori. Kexatzen ez garenontzat, errukirik ez».

        Alabek isilik entzun zuten amaren bihotz-hustuketa hori, berarekin arrazoitzeko edo bera lasaitzeko saio orok haserrea handitu besterik ez ziotela egingo jakinik. Ondorioz, Bennet andereak berbetan jarraitu zuen inork hitza moztu gabe, harik eta Collins jauna bildu zitzaien arte. Lehengusua ohi baino lite eratsuagoaz sartu zen gelan eta Bennet andereak, hura ikusita, honela esan zien neskei:

        «Orain, zuek, zeuok guztiok —eta biziro eskatuko dizuet— ondo lotuko duzue mihia eta hizketalditxo bat izaten utziko diguzue Collins jaunari eta neuri».

        Elizabeth gelatik atera zen isil-isilik, atzean Jane eta Kitty zituela, baina Lydia bere lekuan geratzen tematu zen, ahal zuen guztia entzutera deliberaturik; Collins jaunaren gizalegeak geldiarazi egin zuen Charlotte hasieran, gizonak zehatz eta mehatz itaundu baitzion bai berataz bai familia osoaz, baina gero jakin-min pittin batek ere lotu zuen Lucas andereñoa gosari-gelan, eta, azkenik, leihorantz hurbildu eta ez entzunarena egitearekin konformatu zen. Doluzko ahotsez, honelaxe hasi zuen Bennet andereak asmoan hartutako elkarrizketa: «O! Collins jauna!»

        «Andere nirea», erantzun zion, «gorde dezagun gai hau isilpean betirako. Lekutan nago ni», eta orduantxe bere desatsegina azpimarratzen zuen ahots batez jarraitu zuen, «zure alabaren jokaeraz minduta egotetik. Noraezeko gaitzak etsi onean eramatea dugu denok eginbide; eta, bereziki, lanbidean oso goiz igotzeko zoriona izan duen ni bezalako gizon gazte batek; eta nik neuk etsia hartu dudalakoan nago. Eta nire lehengusina ederrak bere eskuaren ohorea eman izan balit zoriona segurtaturik izango ote nukeenetz sortu zaidan zalantza ez da, ez, horretarako arrazoi txikiena; izan ere, sarritan antzeman izan dut ukatu zaigun bedeinkazioa gure estimuan balioa galtzen hasten denean egin ohi dela gure etsimen ona beteen eta erabatekoen. Ez duzu pentsatuko, hala espero dut, zure familiarenganako begirune faltarik erakusten ari naizenik, andere nirea, zeure alabaren ederra lortzeari buruz nituen asmoak honda utzita, esan nahi baita, zeuri eta Bennet jaunari zuen agintea neure alde erabil dezazuela galdatzeko konplimendua egin barik. Beldur naiz nire jokaerari ez ote dakiokeen honako hutsegite han egotzi, hots, despedida zeure ezpainetatik ez, baina zure alabarenetatik onartu izana. Baina denok gara okerduru. Afera honetan guztian asmo ona izan dut, egiaz. Zeure familia osoaren onurari behar bezala begiratzeaz batera, neuretzako lagun atsegin bat ziurtatzea izan dut helburu, eta neure moldeak inondik ere itsusgarri izan baldin badira, hementxe berton barkamena eskatzeko baimena erregutu nahi dizut».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia