HEMERETZIGARREN ATALA

 

        Biharamunak eszena berri bat ekarri zuen Longbournera. Collins jaunak bere ageriko aitorpena egin zuen. Parrokiatik kanpo egoteko baimena hurrengo larunbatean bukatuko zitzaionez, erabakita zeukan aitorpena denbora galdu gabe egitea, eta, bestalde, erantzunari buruzko dudarik ez zuenez, adierazpenak ez zion inolako ondoezik sortu, ezta egiteko unean bertan ere; beraz, modu eratsuan ekin zion egitekoari, bere ustez halako auzietan ohi ziren xehetasun guztiak aintzat harturik. Gosaria amaitu eta handik gutxira Bennet anderea, Elizabeth eta neskatiletako bat elkarrekin aurkitu zituelarik, honako hitzokin zuzendu zitzaion Collins jauna amari:

        «Anderea, lagunduko al zenidake zure arartekotasunaz goiz honetan zehar zure alaba ederrari elkarrizketa pribatu bateko ohorea eskatzen diodanean?»

        Elizabeth gorritu egin zen ustekabearekin, eta, besterik egiteko astia izan baino lehen, Bennet anderearen erantzuna etorri zen:

        «O maitea! Bai... jakina... Ziur naiz Lizzy oso pozik egongo dela... Ziur naiz ez duela eragozpenik jarriko... Erdu hona Kitty, goiko pisuan behar zaitut». Eta, eskuartean zeukan lana harturik bazihoan handik abiadan, halako batean Elizabethek dei egin zionean:

        «Andere maitea, ez zaitez joan... Ez joan, arren... Collins jaunak barkatuko nau... Esan behar didanak edonork entzuteko modukoa behar du izan. Ni neu ere irteteko nago».

        «Ez, ez, zentzugabekeria duzu hori, Lizzy. Zauden lekuan egon zaitezela nahi dut». Eta Elizabeth, sumina eta lotsa aurpegian, benetan ihes egitekotan zegoela zirudienez, Bennet andereak honako hau erantsi zuen, «Lizzy, berriz eskatzen dizut berton geldi zaitezela eta Collins jaunari entzun diezaiozula».

        Horrelako agindu bati Elizabethek ezin ziezaiokeen kontra egin, eta, une batez pentsatu eta gero, jokaerarik zuhurrena arazoa ahalik eta lasterren eta modurik isilenean gainetik kentzea izango zena jabeturik, atzera ere eseri zen, bere sentimenduak, aldez ondoezazkoak eta aldez jostariak, hamaika zereginen atzean ezkutatzen ahalegintzen zelarik. Bennet anderea eta Kitty atera egin ziren, eta emakumeok joanak izan bezain azkar Collins jaunak bereari ekin zion.

        «Zeure apaltasunak, ene Elizabeth andereño maitea, zeure perfekzioei inolako kalterik egin gabe, beroriek areagotu besterik ez du egiten, sinestadazu. Gura-ez txiki hori izan ez balitz, nire begietan ez zinatekeen horren maitagarri azalduko; baina utzidazu ziurta diezazudan badudala zure ama agurgarriaren baimena adierazpenok egiteko. Nire berbaldiaren asmoaz duda gutxi izango duzu, nahiz eta zeurez daukazun delikadeziak itxurak egitera bultzatuko zaituen beharbada; nire adeiak nabarmenegiak izan dira nahasterik egoteko. Etxe honetan sartu nintzen unetik bertatik ia, zeu hautatu zintudan nire etorkizuneko lagun. Baina gai honetaz ditudan sentimenduek gainezka nazaten baino lehen, komenigarria izan lekidake ezkontzarako dauzkadan arrazoiak aditzera ematea, edo, areago, Hertfordshirera emaztea aukeratzen etortzeko —horixe egin bainuen— izan nituen arrazoiak azaltzea».

        Bere neurrizkotasun solemne guztiarekin, Collins jauna sentimenduek gainezkatua izatearen ideiak halako barregura eman zion Elizabethi, ezin izan baitzuen lehengusuak egindako eten laburra gizona geldiarazteko erabili, eta, beraz, halaxe jarraitu zuen Collins jaunak:

        «Honakoak dituzu nire ezkontzeko arrazoiak: lehenik, gauza zuzena iruditzen zaidala egoera erosoan bizi den edozein elizgizonek (nik neuk bezala) bere parrokian ezkontzaren erakusbidea eskaintzea. Bigarrenik, ezkontzak nire zoriona askorekin handituko duena ziur izatea; eta hirugarrenik, apika aurretik aipatu beharko nukeena, neure babesle deitzeko ohorea ematen didan dama guztiz prestuaren aholku eta gomendio berezia izatea. Birritan nahi izan du neureganaino jaitsi gai honetaz duen iritzia ematera (eta eskatu ere egin gabe!); eta nik Hunsfordetik irten aurreko larunbat gauean bertan izan zen —quadrillerako dirua jartzen ari ginela eta Jenkinson andereak De Bourgh andereñoaren oin-aulkia atontzen zuen bitartean— Lady Catherinek zera esan zidala, «Collins jauna, ezkondu egin behar zara. Zu bezalako elizgizon bat ezkondu egin behar da. Ondo hautatu, dama bat hauta ezazu neugatik, eta zeugatik, berriz, pertsona ekina eta baliagarria dena, ez oso handikiro hezia, baina diru sarrera txikiari onura ateratzen jakingo duena. Horixe duzu neure aholkua. Aurki ezazu halako emakume bat ahal duzun lasterrena, eraman ezazu Hunsfordera eta bisitan joango natzaio». Utzidazu bidenabar ohartarazten, ene lehengusina ederra, Lady Catherine De Bourghen arreta eta adeitasuna ez direla, ene ustetan, eskaintzeko dauzkadan abantailarik txikienetakoak. Bere moldeak nik deskriba dezakedan ororen gainekoak irudituko zaizkizu; eta zure gatza eta bizitasuna onargarri egingo zaizkiolakoan nago, batez ere bere mailak ezinbestean eragingo dizun isiltasun eta begiruneak zure dohain horiek eztitutakoan. Hau guztia, nire ezkontzarako asmo orokorrei dagokienez; zera dago oraindik esateko, alegia, ea zergatik zuzendu nituen begiak Longbournera eta ez neure auzotegira, non, zinez diotsut, badiren emakume gazte eta atseginik franko. Baina auzia hauxe da: zeure aita ohoretsua hiltzen denean (zein, hala ere, urte askoz bizi daitekeen) etxalde honen jabetza neureganatzekoa izanik, naizen bezala, ezin ninteke neure buruaz bakean geratu emaztea bere alaben artetik aukeratzea erabaki gabe, hartara, gertaera goibelgarri hori jazotzen denean —zein, esan dudanez, agian ez baita gertatuko urte batzuk igaro gabe— galera hori ahalik eta txikiena izan dakien neure lehengusinei. Horixe izan da arrazoia, ene lehengusina eder hori, eta pentsatu nahi dut horrek ez nauela beherago utziko zure estimazioan. Eta, horrenbestez, bakarrik geratzen zait berbarik bizienez zugana dudan onginahiaren bortitza ziurtatzea. Fortuna ez zait batere axola, eta horren gainean ez diot zure aitari ezer eskatuko, ondo jabeturik bainago eskaera horiek bete ezinezkoak izango liratekeena, eta zeure eskuetara inoiz hel daitekeen guztia %4an ezarritako mila libra direna, horiek zure ama zendu arte eskuratuko ez dituzularik. Horri dagokionez, hortaz, isiltasuna izango da nire betiko hitza; eta ziur izan zaitezke ezkonduta gaudenean nire ezpainetatik ez duzula sekula ere inongo aurpegiratze zekenik entzungo».

        Ezinbestekoa izan zen orduan Collins jaunari hitza moztea.

        «Azkarregi zabiltza, jauna», hots egin zion Elizabethek. «Ahaztu egin duzu ez dizudala erantzunik eman. Utzidazu hala egiten denbora gehiago galdu baino lehen. Har itzazu nire eskerrik beroenak egin didazun ederragatik. Ondo ohartzen naiz zure proposamenen ohoragarriaz, baina ezetz esatea besterik ezin dezaket egin».

        «Ez da niretzat gauza ezezaguna», erantzun zion Collinsek eskua eratsu mugituz, «dama gazteek ezetza eman ohi dietela beren baitan onartzeko asmoa duten gizonaren eskaerei, gizon horrek beren ederrespenaren galdea lehenengo aldiz egiten dienean; eta batzuetan ukoa bitan ematen dela, edota are hirutan ere. Hortaz, esan berri duzunak ez nau inondik ere bihozgabetzen eta luze gabetarik aldarera eramango zaitudalako esperantzaz gelditzen naiz».

        «Neure hitza berme, jauna», egin zuen Elizabethek aldarri, «zure esperantza hori nahikoa xelebrea dela nik esandakoaren ostean. Ziurtatu egiten dizut ni ez naizela dama gazte horietako bat (halako dama gazterik baldin bada), alegia, bigarren eskaera baten gorabeheran euren zoriona arriskatzeko bezain ausartak diren neska horietako bat. Nire ezetza guztiz zinezkoa da. Ezin nintzakezu zoriontsu egin, eta bete-betean nago neu naizela mundu osoan zu zoriontsu egingo zintuzkeen azken emakumea. Areago, zure lagun Lady Catherine ni ezagutzera helduko balitz, ziur naiz alde guztietatik desegoki ikusiko nindukeela eginkizun horretarako».

        «Lady Catherineek benetan hori pentsa baleza», esan zuen Collins jaunak oso serio, «baina ezin dut imajinatu Lady Catherinek zu batere gaitzestea. Eta ziur izan zintezke andere hori berriro ikusteko ohorea dudanean aipurik gorena egingo diodala zure apaltasunaz, zure begiratuaz eta zure beste dohain maitagarriez».

        «Benetan, Collins jauna, nire laudorio guztiak behar ezak izango dira. Neure erabakiak hartzeko baimena eman behar didazu, eta diodana sinesteko adei ederra egin. Oso zoriontsua eta oso aberatsa izan zintezen nahi nuke, eta zure eskaerari uko egitean nire esku dagoen guztia egiten ari naiz bestela gerta ez dadin. Niri eskaintza hau eginik neure familiarekiko dituzun sentimendu delikatuak asebete dituzu, eta, horrela, inolako barne damurik gabe egin ahal izango zara Longbourn etxaldearen jabe, eguna egokitzen denean. Gai hau, beraz, amaitutzat eman dezakegu betiko». Eta hitzok esateaz batera zutiturik, Elizabethek gelatik irtengo zukeen segituan, Collins jauna honela mintzatu izan ez balitzaio:

        «Zurekin gai honetaz hitz egiteko ohorea neure buruari egiten diodan hurrengo aldian, orain eman didazuna baino erantzun aldekoagoa jasotzea espero dut; nahiz eta oraintxe bertan ere lekutan nagoen zuri doilorkeriarik leporatzetik, bai baitakit lehenengo galdatzean gizonari ezezkoa ematea zure sexukoen artean ezarritako ohitura dena, eta, bestalde, zuk oraingo honetan horrenbeste esan izana ni berriz ere zuri mandatu egitera bultzatzeko modua izan daitekeela, emakume-jitearen benetako delikadeziari legokiokeen bezala».

        «Benetan, Collins jauna», hots egin zion Elizabethek bero samarturik, «zur eta lur uzten nauzu. Oraino esan dudanari bultzatze itxura hartzen baldin badiozu, ez dakit nola adieraziko dizudan nire ezetza, benetan ezetza dela sinets dezazun».

        «Emadazu zure baimena, ene lehengusina maitea, nire eskabideei eman diezun ezetza hitz hutsak baino ez direla pentsatzeko. Honakoak dira, labur esanda, hala uste izateko ditudan arrazoiak: ez zait iruditzen nire eskua zure onarpenerako lain ez denik, edota eskaini ahal dudan bizi mailak txit desiragarria beste adjektiborik merezi dezakeenik. Nire bizibidea, De Bourgh familiarekin ditudan loturak eta zeurearekin dudan harremana goraki mintzo dira nire alde; eta, epe luzeari begira, kontutan hartu beharko zenuke ez dela inondik ere gauza ziurra, zure xarma ugariak gorabehera, ezkontzarako beste eskabiderik inoiz jasotzea. Zoritxarrez, zure herentzia hain da txikia ezen, seguruenera, zeure edertasun eta bestelako dohain maitagarrien eraginak ezabatuko baititu. Horrenbesterekin, ezetza ematen didazunean zinez ez zabiltzalako ondorioa atera behar dudanez, jakinezaren ezinegonaz nire maitasuna areagotu nahi izateari leporatuko diot zure jokaera hori, horixe da-eta emakume dotoreen ohiko jokabidea».

        «Ziurtatu egiten dizut, Sir, gizon agurgarri bat oinazepean edukitzea omen den dotorezia mota horretarako ez dudala nik inolako asmorik. Sinetsia izatearen ederra egin zekidan nahiago nuke. Behin eta berriz estimatzen dizut zure proposamenekin egin didazun ohorea, baina beroriek onartzea erabat ezina zait. Nire sentimenduek alde guztietatik debekatzen dute. Argiago mintza al ninteke? Orain ez nazazu har zu nahigabetu nahi zaituen emakume dotoretzat, bihotz-bihotzez egia diotsun izaki arrazionaltzat baizik».

        «Xarmangarria zara beti!» dei egin zuen gizonak, pollitasun traketsezko jite batez; «eta nire proposamenak zure guraso bikainen ageriko baimenaz onetsiak direnean, ziur naiz zeuri ere onargarri egingo zaizkizula ezinbestean».

        Norberaren ametsak apurtuta ikusteko tema horren aurrean, Elizabethek ez zuen ezer erantzun nahi izan, eta segituan aldendu zen isil-isilik; Collins lehengusua tematzen baldin bazen behin eta berriroko ezetza adorezko lausengutzat hartzen, Elizabethek erabakita zeukan bere aitagana jotzea; hark modu erabakigarrian adieraziko zuen ezezkoa, eta bere jokaera, behintzat, ez zen nahastuko emakume dotore baten sino-mino eta pinpirenkeriekin.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia