HAMAZORTZIGARREN ATALA

 

        Netherfieldeko egongelan sartu eta han bildutako jaka gorri mordoxkan Wickham jauna alferrik bilatzen hasi ez zen arte, Elizabethi ez zitzaion gizonaren bertaratzeari buruzko dudarik otu. Zenbait gauzaz oroitzea nahikoa izango zitzaiokeen bere usteak arrazoiaz kolokan jartzeko, baina ordura arte ez zitzaion bururatu Wickham bertan aurkitzearen ziurtasuna gauza horien argitan aztertzea. Ohi baino kontu handiagoz jantzi zen eta aldarte onenean prestatu gizonaren bihotzean menderatu batik geratzen ziren lurralde guztien jabe egiteko, iluntze horretan zehar irabaz zitezkeenak baino gehiago izango ez ziren esperoan; baina halako batean susmo ikaragarri batek jo zuen Elizabeth, alegia, ofizialei gonbite egiterakoan ez ote zuen Bingley jaunak Wickham nahita baztertuko, bere adiskide Darcyren gogarako; eta kasua hori ez bazen ere, Wickham jauna dudarik gabe han ez zegoela Denny jaunak adierazi zuen argi eta garbi. Dennyk, Lydiaren irrikazko itaunei erantzunez, Wickham jauna bezperan hirira negoziotan joan beharra izan zela esan zien, eta artean itzuli gabe zela; irribarre esanguratsu batez, honako hau erantsiaz:

        «Ez dut uste bere zereginek oraintxe bertan kanpora deituko zioketenik hemengo zaldun jakin bat saihestu gura izan ez balu».

        Azken argitasun hori Lydiari entzun gabe joan zitzaion arren, Elizabethek ondo harrapatu zuen, eta horrek, Wickhamen absentziari zegokiola, bere aurreneko barrunda zuzena izan balitz bezain errudun agertu zion Darcy jauna; berehala nagusitu zitzaion etsipenak, ondorioz, hainbeste zorroztu zizkion gizon haren kontrako sentimendu desatsegin guztiak, ezen, geroago Darcy jauna beregana zuzenean hurbildu eta zenbait gizabidezko galdera egin zizkionean, Elizabethek nekez erantzun ahal izan baitzion nolabaiteko adeitasunaz. Darcyrenganako arreta, bihotz-zabaltasuna, eroapena, Wickhamenganako laidoa zen. Gizon horrekin inolako solasik ez izatera deliberatuta zegoen, eta, aldarte txar samarturik, buelta eman zuen; Bingley jaunarekin mintzatzerakoan ere ezin izan zuen haserrea erabat gainditu, Netherfieldeko jaunaren alderdikeria itsuak zirika egiten zion eta.

        Baina Elizabeth ez zegoen umore txarrerako egina eta bere balizko errotek, gau horretan behintzat, irinik izango ez zuten arren, gogo ilunak ezin zion luze iraun; eta bere bihotz min guztiak Charlotte Lucasi —zein astebete lehenagotik ikusten ez baitzuen— kontatu eta gero, Elizabeth bere lehengusuaren xelebrekerietara borondatez igarotzeko eta bere adiskide Charlotteri hura nor zen erakusteko moduan egon zen berehala. Lehenengo dantza biek, haatik, larridura ekarri zioten atzera ere; oinazezko dantzak izan ziren haiek. Collins jauna, trakets eta itzaltsu, dantzari adi egon ordez barkamena eskatzen aritu zen denbora guztian, sarri askotan oker mugituz konturatu ere egin barik. Dantza pare bateko kide desatsegin batek eman lezakeen lotsa eta sufrikario guztia eman zion Elizabethi, eta gizonarengandik aske geratzeko momentua pozezko gainezkaldia izan zen andereñoarentzat.

        Ofizial batekin egin zuen hurrengo dantza, eta Wickhamez berba egiteak eta hura den-denek maite zutela jakiteak indarberritu egin zuen. Dantza horiek amaitu zirenean Charlotte Lucasengana itzuli zen, eta horrekintxe zegoen hizketan halako batez Darcy jaunak hitz egin zionean; eta gizonak dantzarako eskatzeak guztiz ustekabean harrapatu zuenez, Elizabethek, zertan ari zen ohartu barik, onartu egin zion eskaera. Darcy istantean urrundu zen ostera, Elizabeth bere odol hotzaren faltagatik kexuka utzita; adiskidea kontsolatzen saiatu zen Charlotte.

        «Darcy jauna oso atsegina izango zaizula ausartuko nintzateke esatera».

        «Jainkoak gorde nazala! Hori izango litzateke zoritxarrik handiena! Norberak gorrotatzea erabaki duen gizon bat atsegin izatea! Ez opa niri halako gaitzik».

        Dantzaldia berriz hasi zenean, hala ere, eta Darcy Elizabethen eskua eskatzen hurreratu zenean, Charlottek ezin izan zion eutsi aholku batzuk lagunaren belarrira xuxurlatzeari, alegia, ez zedila tuntuna izan eta Wickhamekiko joerak ez zezala itsutu Wickham baino hamar aldiz gorago zegoen gizon baten aurrean desatsegin azaltzeko. Elizabethek ez zion erantzunik eman, eta, Darcy jaunaren dantzakidetzat onartua izatean egiten zitzaion ohoreaz harriturik, eta bere ingurukoen aurpegietan antzeko harridura irakurrita, lekua hartu zuen dantzalekuan. Aldi batez berbarik egin gabe jardun zuten dantzan; eta isiltasuna dantza bietara luzatuko zela pentsatzen hasi zen Elizabeth, eta deliberatuta ere egon zen berak ez etetera; baina, bat-batean, bere dantzakidearentzako zigorrik handiena hitz egitera behartzea izango zela imajinatuz, dantzaren gaineko komentario axal bat egin zuen. Gizonak erantzun egin zion eta berriz isildu zen gero. Minutu batzuetako isilunearen ostean bigarrenez ekin zion Elizabethek, honako hau esanez:

        «Zer edo zer esateko txanda duzu, Darcy jauna. Dantzari buruz neuk hitz egin dut, eta gelaren luze-laburraz edo bikote kopuruaz zeuk hitz egin beharko zenuke».

        Darcyk irribarre egin zuen eta berak esatea nahi zuen guztia esango zuela ziurtatu zion Elizabethi.

        «Ederto. Erantzun hori nahikoa izango da oraingoz. Beharbada luze gabe nik ere esan nezake dantzaldi pribatuak publikoak baino askoz ere atseginagoak direla. Baina orain isilik egotea dagokigu».

        «Orduan, arauei jarraiki mintzatu ohi zara dantzan zarenean?»

        «Batzuetan. Apur bat hitz egin behar da, badakizu. Ordu erdi batez elkarrekin erabat isilik egotea arraro geratuko litzateke eta, areago, batzuen onerako, elkarrizketa aurretiaz prestaturik egon beharko litzateke, halako moldez non ahalik eta gutxiena esateko nekea har dezaten».

        «Eta oraingo honetan zeure gogoari begira zaude ala neurea betetzen ari zarela uste duzu?»

        «Gauza biak», erantzun zion Elizabethek burlati; «izan ere, antzekotasun handiak antzeman izan ditut betidanik gure izaeren artean. Biok gara joera betizu eta isilekoak eta ez gara berbazale, salbu eta esango dugunak gela osoa harrituko duela, eta ondoko belaunaldiei esaera zahar baten dirdai guztiarekin helaraziko zaiela uste dugunean».

        «Pintatu duzun irudiak ez du zeure izaera ondo ispilatzen, ziur naiz», esan zion gizonak. «Neureari zenbateraino hurbiltzen zaion ezin naiteke esatera ausartu. Zuk erretratu bete-betekoa dela uste duzu, zalantza barik».

        «Ez du ondo ematen nik eginak neuk epaitzeak».

        Darcyk ez zion erantzunik eman eta biak isilik geratu ziren dantza bukatu arte; orduan gizonak galde egin zion ea ez ziren bera eta bere ahizpak askotan joaten oinez Merytonera. Emakumeak baiezkoa egin zion eta, tentazioari eutsi ezinik, hauxe erantsi zuen, «Lehengo egunean ikusi gintuzuenean ezaupide berri bat egiten ari ginen orduantxe».

        Berehalako eragina izan zuten hitz horiek. Urgoitasunezko itzal ilunago batek estali zuen Darcyren begitartea baina ez zuen berbarik esan eta Elizabethek, ahuldade hori zela eta bere buruarekin haserre egon arren, ezin izan zuen hitz egiten jarraitu. Azkenik Darcy mintzatu zen, eta, bere buruaz nagusituz, zera esan zion:

        «Zeruak hain molde atseginak eman dizkio Wickham jaunari, ziurtaturik baitauka adiskideak egitea. Adiskide horiek gordetzeko gaitasun berbera izan dezakeenetz ez da hain ziurra, ordea».

        «Zeure adiskidantza galtzeko bezain zoritxarrekoa izan da», arrapostu zion enfasiaz Elizabethek, «eta ziur aski bizi guztian sufrimendua ekarriko dion moduan gainera».

        Darcyk ez zion erantzunik eman, eta gaia aldatzeko gogoa antzeman zitzaion. Une horretan Sir William Lucas agertu zen haiengandik gertu, dantzarien taldea zeharkatuz gelaren beste aldera igarotzeko ahaleginetan; baina Darcy jaunaz ohartu bezain laster gizalege bikaineko erreberentzia bat egiten gelditu zen, gizonaren dantzaera eta dantzakidea ederresteko.

        «Atseginik handienaz bete nauzu, zinez, ene jaun hori. Halako dantzaera bikaina ez da sarritan ikusten. Ageri-agerikoa da goi mailako giroetakoa zarena. Zilegi izan bekit, hala ere, zure dantzakide ederrak izpi batean ere iluntzen ez zaituela esatea, eta atsegin hau berriz ere askotan izatea espero dudala, batez ere jazoera desiragarri bat, ene Eliza andereño maitea, (Jane eta Bingleyri une batez begiratuz) gerta dadinean. Zer-nolako zorion desirak isuriko diren orduan! Hauxe bakarrik eskatuko diot Darcy jaunari:... baina ez dizut etenik egin gura, Sir. Ez didazu eskertuko dama gazte horren solas liluragarritik zu ateratzea, haren begi distiratsuak ere errieta egiten ari zaizkidalarik gainera».

        Darcyk doi-doi entzun zuen berbaldi horren azken zatia; baina bere adiskide Bingleyri buruz Sir Williamek eginiko aipamenak nabarmenkiro eragin zion, eta begitarte serioaz Bingley eta Jane elkarrekin dantzan zeuden tokirantz zuzendu zituen begiak. Hala ere, handik gutxira bere onera etorri zen, eta, dantzakidearengana bihurtuz, hala esan zion:

        «Sir Williamen etenarekin ahaztu egin dut zertaz ari gin».

        «Ez dut uste batere hitz egiten geundenik. Sir Williamek ez zituzkeen topatuko gela osoan guk baino esateko gutxiago duten beste bi. Bizpahiru gairekin saiatu gara dagoeneko arrakastarik gabe, eta hurren zertaz hitz egiteko garen, ezin asma dezakedan gauza da».

        «Zer moduz liburuez?» esan zuen Darcyk irribarrez.

        «Liburuak. O! ez. Seguru naiz ez ditugula inoiz gauza berak irakurtzen, edo sentimendu berberekin ez, behintzat».

        «Damu dut zuk hori pentsatzea; baina hala baldin bada, hizpide faltarik bederen ez dugu izango. Gure iritzi desberdinak erka genitzake».

        «Ez. Dantza-gela batean ezin dezaket liburuez berba egin; halako lekuetan beste gauza batzuk izaten ditut beti buruan».

        «Halakoetan orainaren ardura izaten duzu beti, ezta?» esan zuen gizonak aurpegi dudatiaz.

        «Bai, beti», arrapostu zion Elizabethek, zer ari zen esaten jakin ere egin gabe. Izanez ere, bere gogoa mintzagai horretatik urrun zebilen, handik gutxira bat-batean ahoratu zitzaionak argi utzi zuen bezala:

        «Gogoan daukat, Darcy jauna, zelan behin esan zenuen zuk ez duzula ia inoiz barkatzen, zuregan arrangura behin sortuz gero zelan ez dagoen sumindura hori eztitzerik. Sortze horri dagokionez oso kontu handiz ibiliko zarela suposatzen dut».

        «Bai, hala da», esan zuen gizonak ahots sendoz.

        «Eta ez zaituzte inoiz aurrejuzkuek itsutzen?»

        «Ezetz espero dut».

        «Iritzia sekula aldatzen ez duten horiek ardura berezia hartu behar dute beren aurreneko epaiak zuzenak direna ziur egoteko».

        «Itaun al nezake galdera horiek guztiok nora doazen?»

        «Zeure izaeraren nondik norakoak osatzera, besterik ez», esan zuen Elizabethek, seriotasuna gainetik kentzera asaiatuz. «Berori osatzen saiatzen ari naiz».

        «Eta zein da emaitza?»

        Elizabethek burua mugitu zuen. «Ez dut batere aurreratzen. Zutaz entzuten ditudanak hain dira desberdinak, izugarri nahastuta naukate».

        «Ez zait zaila sinestea», erantzun zion Darcyk itzal, «neuri buruzko kontuak batetik bestera asko alda daitezkeela; eta nahiago nuke, Bennet andereñoa, saiatuko ez bazina nire izaeraren zirriborroa oraintxe egiten, bai baitago arrazoirik susmatzeko zure lanak ez dizula ez zuri ez niri justiziarik egingo».

        «Baina erretratua orain egiten ez badizut, beharbada ez dut beste aukerarik izango».

        «Nik ez nuke inolaz ere zure jostaketarik geldiaraziko», erantzun zion gizonak hotz. Andereñoak ez zuen besterik esan eta beste dantza bat burutu ondoren isil-isilik banatu ziren; biak nahigabeturik baina ez neurri berean, zeren Darcyren bihotzean Elizabethenganako joera indartsu samarra zegoen eta horrek dama gaztea barkatzera eraman zuen berehala, bai eta bere haserre guztia beste batengana zuzentzera ere.

        Dantzakide biak banatu eta luze gabe Bingley andereñoa etorri zitzaion gainera Elizabethi, honela erasotzen ziola:

        «Beraz, Eliza andereñoa, George Wickham biziki atsegin omen duzu! Zure ahizpa berorretaz hitz egiten aritu zait eta hamaika galdera egiten; eta ohartu naiz gizon gazte horrek, bere beste jakinarazpen guztien artetik, zuri gauza bat esatea ahaztu zuela, alegia, Wickham zaharraren semea dela, Darcy jaun zenaren etxezainarena esan nahi dut. Utzidazu, dena dela, adiskide gomendio bat ematen, hots, gizon horren esan guztiekin itsuan ez fidatzeko; izan ere, Darcy jaunak gaizki erabili omen duelako kontu horri dagokionez, gezur borobila da; kontrara: Darcy jauna erabat atsegina izan da beti harekin, nahiz eta George Wickhamek modurik zitalenean erabili duen Darcy jauna. Xehetasunik ez dakit jakin, baina bai berriz Darcy jauna ez dela inondik-eta hobenduru eta Wickhamen izena entzun ere ezin duela egin; nire nebak uste zuen Wickham jauna ofizialentzako gonbidapenean sartzea beste biderik ez zuela izango, eta itzelean poztu zen gizona bera apartatu zela jakitean. Herrira batere etorri izana ere guztiz gauza lotsagaldukoa da benetan, eta ez dakit nola ausartu den halakorik egitera. Erruki dizut, Eliza andereñoa, zure kutunaren errua ezagutu behar honengatik; baina, egia esan, haren jatorria kontutan hartuta, batek ezin zezakeen askoz gauza hoberik espero».

        «Zeure hitzen arabera badirudi haren errua eta jatorria gauza bat bera direla», esan zion Elizabethek haserre; «izan ere, ondo entzun baldin badizut, Darcy jaunaren etxezainaren semea izatea baino erru okerragorik ez diozu leporatu, eta horren berri, ziur egon zaitezke, hark berak eman zidan».

        «Barkatu orduan», arrapostu zion Bingley andereñoak mesprezuzko irribarre batez aldentzen zenarekin batera. «Barka ezazu tartean sartzea. Asmo onez egin dut».

        «Lotsagabeagorik!» esan zuen bere artean Elizabethek. «Horrelako eraso ziztrin batek eragingo didala uste baduzu oso oker zaude. Zeure nahitako jakineza eta Darcy jaunaren maltzurkeria besterik ez dit erakusten». Bere ahizpa nagusia ikusi zuen orduan, Wickhamen gai berberaren gainean Bingleyri itauntzekotan geratua zena. Elizabethekin elkartu zenean Janeren irribarreak halako poz eztia ispilatzen zuen, halako zoriona bere kolore gorriak, horrekin bakarrik ederto adierazten baitzuen gau horretako gorabeherekin zein zoriontsu zegoen. Elizabethek istantean asmatu zituen Janeren sentimenduak, eta Wickhamekiko ardurak, haren etsaienganako arrangurak eta gainerako guztiak itxaropenari utzi zion lekua une horretantxe, Jane zorionerako biderik onenean egoteko itxaropenari, alegia.

        «Wickham jaunaz zer ikertu duzun jakin nahi dut», esan zion, ahizparena bezain irribarretsua zen aurpegieraz. «Baina agian gozoegi lanpeturik egon zara ezein hirugarren pertsonaz pentsatzeko; hala izanez gero, seguru daukazu nire barkamena».

        «Ez», arrapostu zion Janek, «Ez dut Wickham ahaztu; baina ez daukat zuri esateko gauza pozgarririk. Bingley jaunak ez dakizki osorik haren bizitzaren nondik norakoak, eta ez dauka Darcy jauna laidotu zuten gorabehera nagusien berri zehatzik; baina hitza jarriko du bere lagunaren jokaeraren, prestutasunaren eta ohorearen alde, eta zeharo ziur da Wickham jaunak merezi duena baino arreta askoz handiagoa eman diola Darcy jaunak; eta, damurik, esan behar dizut Bingley jaunak eta bere arrebek diotenaren arabera Wickham jauna ez dela inolaz ere gazte agurgarri bat. Beldur naiz ez ote den zentzugabeegia izan eta Darcyren estimazioa galtzea merezi».

        «Ez al du Bingley jaunak berak Wickham jauna ezagutzen?»

        «Ez; lehengo egunean ikusi zuen lehenengoz Merytonen».

        «Orduan berri horiek Darcyren ahotik jaso dituenak dira. Oso ondo. Eta zer dio erretoregoaz?»

        «Darcy jaunari behin baino gehiagotan entzun badizkio ere, ez ditu gorabehera guztiak zehazki gogoratzen, baina erretorego hori baldintza batzuen pean bakarrik utzi zitzaiola uste du».

        «Bingley jaunaren zintzotasunaz ez daukat zalantzarik», esan zuen Elizabethek bero, «baina barkatuko nauzu ziurtapen hutsak nahikoa ez bazaizkit konbentzitzeko. Bingley jaunak bere laguna oso trebeki defendatu duela esango nuke, baina istorioko zenbait partaideren ezaupiderik ez duenez eta gainerakoa bere adiskidearengandik beragandik jakin duenez, zaldun bien gainean lehendik uste nuenari oraindik ere eustera menturatuko naiz».

        Orduan hitz beste egin zuen Elizabethek, eta bientzat atseginagoa zen mintzagai bat ekarri zuen solasera, kontrako sentimendurik eragin ezin ziena. Elizabethek pozarren entzun zituen Janek gordetzen zituen esperantza eder baina apalen berriak, Bingley jaunak harengana bide zuen estimazioari buruzkoak, eta ahal bezainbeste esan zuen ahizpa nagusiaren uste hori sendotzeko. Bingley jauna bera elkartu zitzaienean, Elizabeth Lucas andereñoarengana itzuli zen; Charlottek azken dantzakidearen atsegintasunaz galde egin zion, eta Elizabethek apenas emana zion arrapostua, halako batez Collins jauna eurengana hurbildu zenean; zorionez gainezka, orduantxe bertan halabehar zorioneko batek zeharo aurkikuntza garrantzitsua egitea emana ziola esan zion Elizabethi.

        «Ustekabe bitxi batez», esan zion «gela honetan neure babesle anderearen hurreko senide bat dagoela idoro dut. Nahigabean suertatu zait entzutea nola zaldunak berak aipatzen zizkion bere lehengusina De Bourgh andereñoaren eta horren ama den Lady Catherineren izenak etxe honetako ugazaba andere gazteari. Zein modu miragarrian gertatzen diren honelako gauzak! Nork pentsatuko zukeen batzar honetan Lady Catherineren —agian— iloba den batekin topo egingo nuenik! Eskerrak albistea jaun horri eskumuinak emateko garaiz jakin dudan! Oraintxe bertan bereganatuko natzaio, aurretik joan ez izana barkatuko didalakoan. Haien arteko loturaz ezertxo ere jakin ez izanak zurituko ahal du orain barkeske joan beharra».

        «Ez diozu zeure burua Darcy jaunari aurkeztuko, ezta?»

        «Horixe baietz! Lehenago egin ez izana eskatuko diot otoi barkatzeko. Lady Catherineren iloba dela uste dut. Herenegun gauean Lady Catherine ederki zegoela jakinarazteko moduan izango naiz».

        Elizabeth gogotik ahalegindu zen halako asmoa bere lehengusuaren burutik ezabatzen; hala esan zion, Darcy jaunak lotsa gutxiko libertatetzat joko zuela, bere izebarenganako edergarritzat baino gehiago, aurretiaz aurkeztua izan barik inork berari hitz egitea; ez zela inondik ere beharrezkoa elkarren berri izan zezaten, eta izatekotan, Darcy jaunari zegokiola, hots, maila altuenekoari, ezaupideari hasiera ematea. Collins jaunak bereari eusteko jite erabakitsuaz entzun zion eta andereñoa isildu zenean honako erantzun hau eman zuen:

        «Ene Elizabeth andereño maitea, zure adimenduaren esparruko arazo guztietarako daukazun zentzu bikainaz, munduko iritzirik aldekoena duzu nirea, baina utzidazu gauza bat esaten, hau da, alde handia egon behar duela laikoen arteko zeremonia arauetatik eliz jendeari dagozkionetara; izan ere —emadazu baimena ohartarazteko— duintasunaz denaz bezainbatean gure erresumako mailarik altuenaren parean jartzen dut nik elizgizonaren lanbidea, aldi berean dagokion apaltasunaz jokatuz gero, noski. Horrenbesterekin, neure senak agintzen didanari jarraikitzen utzi beharko didazu oraingo honetan, eta, ondorioz, neure eginkizuntzat hartzen dudan hori buru dezadan onartu. Barka nazazu zure aholkuaz, beste edozein gaitan betiere gidari izango dudanaz, profitatzeari uko egiteagatik, baina aurrean daukagun kasuan gertuago ikusten dut neure burua, bai heziketaz bai eguneroko ikasketaz, jokaera egokia zein den erabakitzeko, zeu bezalako dama gazte bat baino». Eta, beherainoko erreberentzia bat eginik, Elizabeth bertan utzi eta Darcy jaunari eraso egitera abiatu zen; Elizabeth begira geratu zitzaion Bingleyren lagunari ea nola hartzen zituen Collinsen errekeritzeak, eta Darcyren harridura inor beragana horrela zuzentzen ikustean begien bistakoa izan zen. Lehengusuak erreberentzia solemne bat egin zuen bere berbaldiaren atari, eta Elizabethek hitz bat ere entzun ez zion arren, goitik eta behera entzungo balu bezala sentitu zen, Collinsen ezpainen mugimenduan «barkeske», «Hunsford» eta «Lady Catherine De Bourgh» berbak aditu zituelarik. Lehengusuak bere burua halako gizon baten aurrean nabarmen uzteak sumindu egiten zuen Bennet andereñoa. Darcy jaunak neurrigabeko harriduraz so egiten zion, eta azkenik Collinsek berba egiteko bera eman zionean, Darcyk adeitasun hotzaz eman zuen arrapostua. Horrek, hala ere, ez zuen Collins jauna berriz hitz egitetik gibeleratu, eta bigarren berbaldiaren luzerarekin Darcyren mesprezua oparo areagotzen zela nabarmendu zen; jarioa bukatu zenean, Darcy jaunak erreberentzia arin bat besterik ez zuen egin eta handik aldendu zen. Orduan Collins lehengusua Elizabethengana bihurtu zen.

        «Ez daukat inongo arrazoirik, benetan diotsut», esan zion gizonak, «egin zaidan harreraz pozik ez egoteko. Darcy jaunari nire adeia guztiz atsegina zitzaiola zirudien. Gizalegerik handienaz erantzun dit eta hau esatearen ederra ere egin dit, hain dagoela bete-betean Lady Catherineren argitasunaz, non ziur ere badagoen andereak ez lukeela inoiz ere mesede bat alferrerako egingo. Egiaz pentsamendu ederra izan da hori. Oro har, oso gogokoa izan dut gizona».

        Jadanik bere ahaleginak bideratzeko helmugarik ez zeukanez, Elizabethek bere ahizpa eta Bingley jaunarengana zuzendu zuen ia bere arreta osoa, eta ikusitakoak sorrarazi zizkion gogoeta atseginen kateak ia-ia Jane bera bezain zoriontsu egin zuen beharbada. Bere irudimenean etxe hartantxe ezarrita ikusi zuen ahizpa, benetako maitasunezko ezkontza batek eman dezakeen zorion guztian; eta halako egoera bat suertatzera Bingleyren arreba biak gustuko izaten asaiatzeko gai eta guzti izan zitekeela iruditu zitzaion. Bere amaren pentsamenduak bide beretik zihoazela ikusi zuen Elizabethek argi eta garbi, eta harengana hurbiltzera ez menturatzea erabaki zuen, ez ote zuen gehiegi entzun beharko. Horregatik iruditu zitzaion guztiz zitala biak afaritarako parez pare jesarrarazi zituen zorigaiztoa; eta sumindu egin zen oso ikusi zuenean bere ama ondoko beste pertsonari (Lady Lucasi) lasai eta zabal mintzo zitzaiola, zertaz eta Jane luze gabe Bingley jaunarekin ezkontzeari buruz zeukan ustantzaz. Bizkortu egiten dutenetakoa zen gaia, eta Bennet andereak akitu ezina zirudien ezkontzaren abantailak zehazterakoan. Bingley jauna halako gazte xarmangarria izatea, eta hain aberatsa, eta haien etxetik hiru miliatara baino ez bizitzea: horiek ziren bere burua zoriontzeko lehen puntuak, hurrenez hurren; eta gero hainbesteko lasaitasuna ematen zuen haren arreba biek Jane zenbat maite zuten pentsatzeak, eta ezkontza hori berak bezainbeste gura zutela ziur izateak. Areago, alaba gazteentzat ere guztiz itxaropen ona ematen zuen horrek, Janek halako ezkontza ederra egiteak beste gizon aberats batzuen bidean jarriko baitzituen ahizpa gazteak seguruenik; eta, azkenik, hain zen gozoa bere adinean alaba ezkongabeak ahizpa nagusiaren ardurapean ezarri ahal izatea, eta jendartera gura baino gehiagotan joan beharra ez edukitzea. Lagunarteko ibilera horiek atsegin kontutzat hartu beharra zegoen, horixe zen-eta halakoetan etiketa; baina inork ere ez zuen Bennet andereak baino gehiago estimatzen bizitzako edozein garaitan etxean egon ahal izatearen goxotasuna. Azkenik, Lady Lucasi luze gabe antzeko suertea izateko gurari on ugari adierazi zizkion, nahiz eta, bere garaile-jiteak ageri-agerian utzi zuenez, horrelako aukerarik ez zela sortuko uste izan.

        Alferrik asaiatu zen Elizabeth bere amaren berba arina lotzen edo haren zoriona xuxurla ez hain entzungarrian deskribatzera bultzatzen; izan ere, bere esanezinezko sumindura areagotzeko, amaren hitz gehienak Darcy jaunaren belarrietara heltzen ari zirela antzeman zuen, eurekin aurrez aurre eserita baitzegoen gizona. Bennet andereak agirika egin zion alabari hain ganorabakoa izateagatik.

        «Zer zait niri Darcy jauna baina, haren beldur izateko? Aparteko adeitasunik ez diogu zor, berari gustatu ahal ez zaion gauzarik esatea debekatzen digunik, ez horixe».

        «Jainkoarren, anderea, isilago hitz egin. Baina zer hobe ekarriko dizu Darcy jauna iraintzeak? Horrek ez zaitu inoiz bere lagunaren aurrean gomendatuko».

        Ordea, esan ziona esan ziola, ezerk ere ez zuen eraginik izan. Elizabethen amak tonu adigarri berberean jarraitu zuen bere usteak azaltzen. Elizabeth gorritu eta ber gorritu egiten zen lotsaz eta suminaz. Ezin zion eutsi Darcy jaunari behin eta berriz so egiteari, begirada bakoitzak bere beldurrak bete egiten zirela ziurtatzen zion arren; izan ere, gizona uneoro Bennet andereari begira ez bazegoen ere, Elizabeth ziur zegoen haren arreta bere amarengan josita zegoena. Jaunaren aurpegiera gaitzidurazko mesprezutik seriotasun doi eta irmo batera aldatu zen apurka-apurka.

        Luzera, hala ere, Bennet andereak ez zuen esateko gehiagorik izan; eta Lady Lucas, konpartitzeko aukerarik ikusten ez zien atsegin horiek behin eta berriz entzutearen entzuteaz luzaroan aharrausika aritu ondoren, aske geratu zen oilaskoaren eta urdaiazpikoaren pozgarriaz gozatzeko. Orduan hasi zen berpizten Elizabeth. Baina lasaitasunezko tarteak ez zuen luze iraun; izan ere, afaria amaitu zenean abestearen kontua aipatu zen, eta Elizabethek oinaze handiz ikusi zuen nola Mary, oso erregu gutxiren ondoren, bildutakoei gustua ematera prestatzen hasten zen. Begirada esanguratsu eta isilpeko otoi askorekin asaiatu zen adei-legearen erakusgarri hori gerra ez zedin, baina alferrik; Maryk ez zituen aditu nahi; guztiz lakegarria zitzaion bere burua erakusteko halako aukera bat izatea, eta kantuari ekin zion. Elizabethek ahizparengan josi zituen begiak sentsaziorik mingarrienez; eta egonezinaz begiratu zion stanzatan barrena aurrera egiten zuelarik, baina bere egonezin horrek ez zuen sari onik eduki abestia amaitu zenean; zeren eta, eskerroneko hitzekin batera, mahaikoen artetik zeharkako berba bat bota baitzen Mary bere kantuaren atsegina berriz eskaintzeko konbentzitu ahal izateko itxaropenaz, eta Bennet gazteak, minutu erdiko etena egin eta gero, beste kantu bat hasi zuen. Maryren dohainak ez ziren halako erakuspen bat egiteko adinekoak, inolaz ere; ahots ahula zuen eta moldeak, berriz, faratatsuak. Elizabeth bere azkenetan zegoen. Janeri begiratu zion, ea berak zelan zeraman; baina Jane oso lasai zegoen Bingleyrekin berbetan. Gizonaren arreba biei begiratu zien eta andereñoak elkarri trufazko keinuak egiten zeudela ikusi zuen; Bingleyren lagunari ere ari zitzaizkion imintzioka, baina Darcy jaunak bere zulatu ezinezko seriotasunari eusten zion. Elizabethek aitari begiratu zion otoi tartean sar zedin, Mary gau osoan kantatzen egotea nahi ez bazuten. Bennet jaunak zeharkako mezua harrapatu zuen, eta Maryk bere bigarren abestia burutu zuenean hala esan zion ozenki:

        «Horrekin ederto dago, txiki. Nahikoa luze eman diguzu atsegin. Emaiezu gainerako dama gazteei beren burua erakusteko beta».

        Mary, ez entzunarena egin arren, aztoratu samar geratu zen; eta Elizabeth, damuz ahizpagatik eta aitaren hitzengatik ere damuz, bere larridurak on gutxi ekarri zuela konturatu zen.

        «Kantatzen jakiteko zoriona banu», esan zuen Collins jaunak, «atsegin handia hartuko nuke bildutakoei ahaire bat eskaintzeaz, bai horixe; izanez ere, jostaketa guztiz kaltegabekoa da ene ustez musika, elizgizon baten ogibideaz ederki moldatzen dena. Horrekin ez dut baieztatu gura, hala ere, gure denboraren parte handiegi bat musikari emateko eskubidea daukagunik, badirelako, izan, geure arreta eskatzen duten bestelako zereginak. Parrokia bateko erretoreak behar handia du. Lehenengo eta behin hamarrenei buruzko itune bat lortu behar du, aldi berean beretzat onuragarria baina bere babeslearentzat iraingarria ere ez dena. Bere sermoiak idatzi behar ditu; eta ez zaio denbora asko geratuko parrokiako eginkizunak burutzeko, eta bere bizilekua —zein ahalik eta erosoen jartzeko betebehar nahitaezkoa duen— zaindu eta hobetzeko. Eta ez zait gauza hutsala iruditzen esatea molde adikor eta lagunkoiak izan beharko lituzkeela jende guztiarekiko, eta batez ere bera hautatu izana zor dien horiekiko. Ezin diot eginkizun hori kitatu; eta ezin izango nuke iritzi ona eduki senitarte horrekin loturarik duen edozein pertsonari begirunea adierazteko aukeran huts egin lezakeen gizonaz». Collins gela erdiak entzuteko moduan mintzatu zen, eta Darcy jaunari egindako erreberentzia batekin amaitu zuen bere hitzaldia. Asko begira-begira geratu zitzaizkion. Beste askok irribarre egin zuten; baina, zirudienez, inor ere ez zen Bennet jauna bezain ondo pasatzen ari, bere emazteak Collins jaunari hain berbaldi zentzuzkoa egiteagatik bihotz-bihotzeko laudorioak egiten zizkiolarik eta Lady Lucasi erdi ahopeka Collins lehengusua oihal oneko gaztea eta nabarmenkiro argia zela ohartarazten zion bitartean.

        Elizabethi zera iruditu zitzaion, bere senideak ados jarri izan balira gauean zehar beren burua ahalik eta nabarmenen uzteko, ezin izango zituzketela euren paperak bihotz handiagoz edota arrakasta beteagoz jokatu; eta Elizabeth poztu egin zen, bai Bingleyrengatik eta bai bere ahizparengatik ere, erakuspen horretako zati bat Bingley jaunari oharkabean joan zitzaiola eta gizonak ikusi bide zituen txorakeriek haren sentimendu sendoak ez zituztela motelduko pentsatu zuenean. Dena dela, Bingleyren arreba biek eta Darcy jaunak Elizabethen senideen lepotik barre egiteko halako aukera bat izatea nahikoa desatsegina zen, eta Bennet andereñoak ezin zezakeen erabaki zer egiten zitzaion jasangaitzago, zaldunaren mesprezu isila ala damen irribarre insolenteak.

        Gauaren gainerakoak jostaketa gutxi eman zion. Collins jauna, ezin tematsuago berari josita zirauena, ziri eta miri aritu zitzaion eta berriz dantzan egiteko konbentzitzerik izan ez bazuen ere, ezinezko egin zion beste inorekin dantzan egitea. Alferrik erregutu zion Elizabethek beste norbaitekin dantzatzeko, eta alferrik eskaini zion gelako beste edozein damaren aurrean aurkeztea. Collinsek dantza ez zitzaiola batere axola ziurtatu zion; eta, bere helburu nagusia lehengusinaren aurrean gomendagarri agertzeko moduko adei delikatuak egitea zenez, ardura berezia hartuko zuela gau osoan berarengandik hurbil egoteko. Halako asmoa ezagututa, ez zegoen eztabaidatzerik. Elizabethek Lucas andereño adiskideari zor zizkion bere neke-penen arintzerik handienak, dama gaztea askotan haiekin elkartzen zelako, eta, onguratsu, beregana bideratzen zuelako Collins jaunaren elkarrizketa.

        Darcy jaunak berari kasu egitearen irainetik, behintzat, aske zegoen Elizabeth; sarritan lagunik gabe eta beragandik oso gertu egokitu arren, behin ere ez zitzaion berba egiteko beste hurreratu. Ziur aski Wickhamen gaineko aipamenen ondorioa izango zela susmatu zuen Elizabethek, eta ideia horrek bozkariotan jarri zuen.

        Longbournekoak izan ziren azkenak etxeratzen; eta Bennet anderearen trikimailu bati esker, ordu laurdenez egon behar izan zuten kotxeen zain gainerako guztiak joan ondoren, eta, bide batez, denbora izan zuten ikusteko zein gogotik gura zuten Netherfieldeko batzuek Bennetar guztiak handik kanpo egotea. Hurst andereak eta bere ahizpak ia ez zuten ahoa zabaldu akiduraz kexu egiteko ezpada, eta ageri-agerikoa zen etxean bakarrik geratzeko irrikatan zeudela. Bennet andereak egiten zituen hizketarako saio guztiei muzin egiten zietenez, nolabaiteko gogo hil bat zabaldu zen talde osoan, Collins jaunaren berbaldi luzeek oso neurri txikian arindu zutena. Gizona jaialdiaren dotorezia goraipatzen aritu zitzaien Bingley jaunari eta haren arrebei, bai eta haien gonbidatuenganako jokaeran erakutsitako abegi ona eta gizalegea ere. Darcyk ez zuen txintik atera. Bennet jauna, isilik halaber, ederto pasatzen ari zen eszenarekin. Bingley eta Jane elkarrekin zeuden zutik, besteengandik apur bat aldendurik, eta elkarrekin baino hitz egiten ez zutela. Elizabethek Bingley andereñoak edo Hurst andereñoak bezain irmo eusten zion isiltasunari; eta Lydia bera ere akituegi zegoen noiz edo behin «Jauna, zein nekatuta nagoen!» harridura esaldia baino gehiago ahoratzeko, hori bai, aharrausi bortitz batez lagundua.

        Azkenik, irteteko altxatu zirenean, Bennet andereak gizabiderik premiatsuenaz adierazi zuen Netherfieldeko familia osoa Longbournen laster ikusteko itxaropena; eta, Bingleyri bereziki hitz eginez, zera ziurtatu zion, Bennetarrak oso zoriontsu egingo zituela edozein egunetan haiekin bazkaltzera etorri nahi bazuen, arauzko gonbidapenaren zeremoniak albora utzita. Bingley eskerroneko pozez gainezka zegoen, eta berehala hartu zuen konpromisoa Londresetik itzuli orduko —hara joan behar baitzuen biharamunean epe labur baterako— aurkitzen zuen lehenengo aukeran harengana eskumuinak ematen joateko.

        Gogo bete eginda zegoen Bennet anderea; eta arrioa, zaldi kotxe berriak eta ezkontza jantziak zirela-eta egin beharreko prestaketak kontutan hartuta, hiruzpalau hilabeteren buruan alaba Netherfielden ezarrita ikusiko zuelako ziurtasun goxoaz utzi zuen etxea. Beste alaba bat Collins jaunarekin ezkontzeko kontua antzeko ziurtasunez eta atsegin handiz, nahiz eta ez horrenbestekoaz, ikusten zuen; alaba guztietan Elizabeth maite zuen gutxien; eta bai gizona bai tratua harentzat nahikoa onak ziren arren, Netherfielden eta Bingley jaunaren distirak ilunpetan uzten zuen bataren zein bestearen balioa.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia