HAMAZAZPIGARREN ATALA

 

        Biharamunean Elizabethek Wickham jaunaren eta bere artean gertatutakoak berritu zizkion Janeri. Ahizpa nagusiak kezkaz eta harriduraz entzun zion; ezin zuen sinetsi Darcy jauna Bingley jaunaren estimazioaren hain ez-merezia izan zitekeenik; eta hala ere, Wickhamek bezain itxura maitagarria zuen gizon gazte baten egiazaletasuna zalantzan jartzea ez zetorren bat Janeren izaerarekin. Wickham jaunak halako itsuskeria bat benetan pairatu izanaren balizkoa nahikoa izan zen Janeren xamurtasun sentimendu guztiak ernatzeko; horrenbestez, gizon biez ondo pentsatzea, bakoitzaren jokaera defendatzea eta bestelako azalpenez argitu ezin zitekeena okerrari edo ustekabeari leporatzea beste zereginik ez zitzaion gelditu.

        «Guk susmatu ezin dezakegun moduren batera edo bestera», esan zuen, «engainatu egin dituztela ausartuko nintzateke esatera. Jende interesatua bakoitzari bestearen gainean gaizki esaka ibili zaio. Labur esateko, ezinezkoa zaigu asmatzea zein arrazoi edo gorabeherak bultzatu dituzten biak elkarrengandik urruntzera, alde batean ez bestean benetako errurik izan gabe».

        «Guztiz egia, alajaina; eta orain, ene Jane maitea, zer esango duzu auzian esku izan duen jende interesatu horren alde? Horienak ere zuritu, edo bestela norbaitez gaizki pentsatzea beste biderik ez dugu izango».

        «Egin nahi beste barre, baina zure barreak ez dit iritzia aldatuko. Lizzy, laztana, kontutan hartu bakar-bakarrik zein kolore lotsagarritan uzten duen Darcy jauna bere aitaren kutuna halako moldean erabiltzeak, Darcy jaunak aitaren aginduz bere begipean izan behar zuen pertsona bat horrela hartzeak. Ezinezkoa da. Bere aipua ezertan daukan ezein gizon, gizatasun arrunteko ezein gizon, ez litzateke horretarako gai izango. Egon ote litezke haren lagun minenak horren engainatuta Darcyren izaeraz? O, ez!»

        «Askoz errazago sinets dezaket norbaitek Bingley jaunaren inozentziaz jokatu izana, Wickham jaunak atzo kontatu zidana bezalako istorio bat bere burutik asmatzea baino; izenak, gertaerak, den dena sino-minorik gabe aipatuta. Hala ez bada, Darcy jaunak gezurta dezala. Gainera, egia zioen Wickham jaunaren aurpegiak».

        «Zaila da arazoa, alafede... larria benetan. Batek ez daki zer pentsatu».

        «Barka ezazu; batek oso ondo daki zer pentsatu».

        Baina Janek gauza bakarra zeukan garbi: iruzur egin ziotela egia izanez gero, Bingley jaunak asko sufritu beharko zuela auzia argitaratzen zenean.

        Hizpide zeuzkaten pertsonetako batzuen etorrerak atera zituen Jane eta Elizabeth mintzaldi hori gertatzen ari zeneko habetxo-tokitik; hain luze itxarondako dantzaldia hurrengo asteartean burutuko zen Netherfielden, eta Bingley jauna eta bere arrebak hartarako gonbidapenak eskura ematera zetozen. Dama biok pozarren azaldu ziren beren lagun maitea berriz ikusteaz, azkenez elkartu zirenetik ehun urte zirela esan zuten, eta behin eta berriro itaundu zioten ea zertan ibilia zen elkarrengandik banatuz geroztik. Gainerako familiakideei jaramon gutxi egin zieten, Bennet anderea ahalik eta hobekien saihestuz, Elizabethekin gutxi hitz eginda eta beste guztiei ezertxo ere esan barik. Berehala joan ziren berriz, Bingley jauna oharkabean harrapatu zuen kemen batez aulkitik altxaturik eta Bennet anderearen adeietatik ihes egiteko lehian bezala laster eginez.

        Netherfieldeko dantzaldiaren gertakizuna biziki atsegina suertatu zitzaien etxeko emakume guztiei. Bennet andereak dantzaldia bere alaba nagusiaren edergarri antolatzen zela pentsatzea erabaki zuen, eta zerak eman zion atseginik handiena, gonbidapena Bingley jaunaren beraren eskutik etortzeak, arauzko txartelaren bidez heldu beharrean. Janek gau zoriontsu bat imajinatu zuen beretzat, bere lagun bien konpainian eta haien nebaren adeien artean; eta Elizabethek, berriz, Wickham jaunarekin pilo bat dantza egingo zuela pentsatu zuen, bai eta Darcy jaunaren aurpegi-jokaerek ofizialak esandako guztia sendotuko zutela. Catherine eta Lydiak espero zuten zoriona, aldiz, ez zegoen hainbestean gertaera edo pertsona bakar baten menpe; zeren, nahiz eta haiek ere, Elizabethek bezala, gauaren erdia Wickham jaunarekin dantzan emateko asmoa zuten, ez zen hori inondik inora andereño gazteak gogobetetzeko dantzakide bakarra, eta dantzaldi bat, edonola ere, dantzaldia zen beti. Eta Maryk berak ere ziurtatu zien bertarako gogorik ez zuela falta.

        «Goizak neuretzat izan ahal ditudan bitartean», esan zuen, «nahikoa daukat. Noiz edo behin gaueko elkarraldietara joatea ez da inongo sakrifizioa niretzat. Denok ditugu gizartearekiko betebeharrak; eta aitortzen dut atseden eta jostaketa tarteak guztioi komeni zaizkigula uste duten horietakoa naizela».

        Dantzaldiaren egokiera zela eta, Elizabeth hain zegoen aldarte onean non, nahiz eta normalean Collins jaunarekin premiarik gabe ez hitz egin, ezin izan baitzion eutsi zera galdetzeari, ea Bingley jaunaren gonbidapena onartzeko asmoa zuenetz, eta baiezkoan egonez gero, ea egoki iritziko zion gau horretako dibertimenduan esku hartzeari; eta Elizabethek ustekabeko ederra hartu zuen Collins jaunak alde horretatik inolako barne-zimikorik gordetzen ez zuela ikustean, eta dantza egiten ausartzeagatik artzapezpikuak edo Lady Catherine De Bourghek agirika egitearen beldur izpirik ere ez zeukala ohartzean.

        «Ez dut uste, benetan diotsuet», esan zuen gizonak, «era honetako dantzaldi batek, aipu ederreko gizon batek jende agurgarriari eskainitakoak alegia, inongo joera gaiztorik eduki dezakeenik; lekutan nago ni dantzari muzin egitetik, eta, hainbestean, ezen gau osoan zehar nire lehengusina eder guztion eskuak jasotzearen esperantza baitaukat, eta, bide batez, Elizabeth andereñoa, aukera honetaz baliatuko naiz zeurea lehenengo dantza bietarako bereziki eskatzeko; Jane lehengusinak bere ahizpari demaiodan lehentasun hau arrazoi zuzenari, leporatuko diolakoan, eta ez berarekiko inongo begirune ezari, noski».

        Elizabeth guztiz harrapatuta sentitu zen. Dantza bi horiek beroriek Wickham jaunarekin egiteko asmoa zuen egina... eta haren ordez, nor eta Collins jauna! sekula ez zen Elizabethen bizitasuna hain orduz kanpokoa izan. Hala ere, ez zegoen beste biderik. Bere zoriona eta Wickham jaunarena pittin bat atzeratuta geratu zen ezinbestean, eta Collins jaunaren proposamena, berriz, ahalik eta begitarte onenarekin onartua. Dena dela, lehengusuaren galaitasunak ez zion atsegin handirik eman, horrek zer edo zer gehiago susmarazten zion eta. Izan ere, orduantxe bertan otu zitzaion lehenengo aldiz bera zela ahizpa guztien artetik Hunsford Eneako ugazaba anderea izateko hautatua, eta, bisitari egokiagoen ezean, Rosingseko quadrille-mahaia osatzen laguntzearen merezienta. Collins jaunak erakusten zizkion begiramen gero eta ugariagoak ikusita, eta bere bizitasun eta gatza zirela-eta gizonak sarritan egiten zizkion laudatze saioak entzunda, lehengo burutazio hura uste oso bihurtu zen handik gutxira; eta bere xarmek izandako eragin horrekin Elizabeth atseginez baino gehiago miraz bazegoen ere, handik luze barik Bennet andereak ezkontzaren ideia berari guztiz gustagarri zitzaiola eman zion aditzera. Hala ere, Elizabethek ez zuen pikoa harrapatu nahi izan, ondo baino hobeto baitzekien arrapostua emateak eztabaida gogorra sortuko zuela. Agian Collins jaunak ez zion sekula eskaintzarik egingo, eta egin artean, edozelan ere, alferrik zen horren gainean okasiorik egitea.

        Gonbidapena egin zen egunetik dantzaldi egunera arte euria euriari lotu zitzaionez, Bennet andereño gazteenak ezin izan ziren behin ere Merytonera paseoan joan, eta dantzaldi netherfieldarrik izan ez balitz zer hitz egina eta zer prestatua edukitzeko, Bennet dama gaztetxoak egoera errukarrian izango ziratekeen tarte horretan. Ez izekorik, ez ofizialik ez albisterik ikertzeko; dantzaldirako zapaten purpuxetak eurak ere mezulari bidez ekarri behar izan zituzten. Eguraldi horrek Elizabethen eroapena ere tentatu zuen nolabait, Wickham jaunarekiko ezaupidean aurrera egitea eragotzi egin baitzion erabat; eta asteartean dantzaldi bat izateak ez bestek eman ahal izan zien Lydia eta Kittyri halako ostiral, larunbat eta igande batzuk jasateko modua.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia