HAMASEIGARREN ATALA

 

        Andereñoek izekoarekin hartutako konpromisoari ez zitzaion inongo eragozpenik jarri, eta Collins jaunaren erreparo guztiek, hots, bere bisitaldian Bennet jaun-andereak sikiera gau bakar batez uztearen gainekoek, jazargo tinko eta sendoa aurkitu zuten. Horrenbestez, komenentziazko ordu batean kotxe batek bera eta bere bost lehengusinak Merytonera garraiatu zituen; eta izekoaren etxeko egongelan sartu orduko, Bennet neskek atseginez entzun zuten Wickhamek osabaren gonbitea onartua zuela eta orduantxe bertan etxean zegoela.

        Berri horiek jaso eta denak beren lekuan eserita egon zirenean Collins jaunak inguruari begiratu eta hartaz miratzeko astia izan zuen, eta gelaren neurri eta altzariek hain utzi zuten txundituta, non ia-ia Rosingseko udako gosari-gela txikian zegoela iruditzen zitzaiola esan zuen; konparazioak, hala ere, ez zuen poztasun handirik sortu hasieran; baina Philips andereak —Collinsen azalpenei esker— Rosings zer zen eta ugazaba nor zuen jakin zuenean, Lady Catherineren egongela bakar baten nondik norakoak entzun zituenean, eta sutondo gaineko apala bera bakarrik zortziehun libra kostatu zela jabetu zenean, izekoak laudorioaren indar guztia susmatu zuen, eta bere egongela etxekoandrearen gelarekin alderatu izan balu ere, ozta-ozta minduko zen.

        Beste zaldunak haiekin elkartu artean, Collins jaunak Lady Catherineren eta bere mansioaren handitasun guztia Philips andereari deskribatzen jardun zuen alaikiro, bidenabar bere aterpe apala eta berorri egiten ari zitzaizkion konponketak laudatzeko tarteak ere eginez; eta Philips anderea, aditzen ari zenarekin Collins jauna gero eta gorago ikusten zuena, eta hori guztiori auzokoei ahalik eta lasterren kontatzea deliberatzen zebilena, guztiz entzule ona gertatu zitzaion erretoreari. Neskak, ordea, ez ziren gauza lehengusuari entzuteko, eta beste zereginik ez zutenez, itxaronaldia askoz ere luzeagoa egin zitzaien, piano baten irrikaz eta sutondo gaineko imitaziozko portzelana kaskarrak, euren eskuetatik ateratakoak, aztertzen zebiltzalarik. Edonola ere, azkenean amaitu egin zen itxaron beharra. Zaldunak hurreratu egin ziren; eta Wickham jauna gelan sartzeaz batera Elizabeth ohartu zen arrazoi oso-osoa izan zuela gizon gaztea mirestean, bai aurreneko aldian buruz buru egokitu zirenean eta bai harrez gero berataz gogoratu zen bakoitzean. ——————— konderriko ofizialak, oro har, gizon bikain eta zaldun petoak ziren, eta taldeko onenak hortxe zeuden bilduta; baina Wickham, hala gorpuzkeraz, begitartez eta jitez nola ibileraz, lekutan zegoen oeste guztiengandik, eta osaba Philips ere, oporto usaina zabalduz ofizialen atzetik sartu zena, oso urrun geratzen zen, bere aurpegi zabal eta itxura zaharkituaz, gainerako ofizial gazteen ostean.

        Wickham izan zen andrazkoen begi guztiak zuzendu zitzaizkion gizon zorionekoa, eta Elizabeth izan zen gizonak azkenik haren ondoan jesartzeko aukeratu zuen zorioneko emakumea; jaun gazteak hain modu atseginean ekin zion berehala solasari, gauaren hezeaz eta urtaro ausaz euritsuaz mintzatzeko besterik izan ez bazen ere, Elizabethek kontu egin baitzuen hiztunaren trebeziak munduko gairik arrunt, aspergarri eta higatuena ere hizpide interesgarri bihur dezakeela.

        Ederren arreta erakartzeko norgehiagokan, Wickham jauna eta ofizialak bezalako lehiakideekin, bazirudien Collins jauna ezerezean hondoratu beharko zela; egia esan, dama gazteentzat hutsaren pareko zen bera; baina artean Philips anderea izaten zuen entzule zintzo noizean behin, eta emakumearen begi erneari esker, gizona kafeaz eta muffinez oparo horniturik egon zen uneoro.

        Kartak atera zituztenean, Collins jaunak Philips andereari mesedea bihurtzeko modua ikusi zuen, eta whistean jokatzeko jesarri zen.

        «Egia esan, ia ez dut jokoa ezagutzen», esan zuen gizonak, «baina pozik ikasiko dut gehiago, ezen nire bizibideak... Philips andereak asko estimatu zion atsegintasuna, baina ezin izan zuen azalpena entzun arte itxaron.

        Wickham jaunak ez zuen whistean jokatzen eta Elizabeth eta Lidyak txit gogo onez onartu zuten euren artean beste mahaian.

        Hasieran bazirudien Lydiak gizona guztiz bereganatzeko arriskua zegoela, zeharo neska berritsua baitzen; baina era berean loteria zale amorratua zenez, handik gutxira jokoarekiko ardura, aposturako grina eta sarien osteko harriduren bizia handiegiak izan ziren inori jaramonik egiteko. Horrenbestez, eta jokoari zor zitzaizkionak albora gabe, Wickham jauna Elizabethekin berba egiteko moduan izan zen; Bennet andereñoa, berriz, hari entzuteko irrikatan zegoen, nahiz eta ez zuen esperantza handirik benetan aditu nahi zuena entzuteko, hau da, Wickhamek Darcyrekiko zuen ezaupidearen historia. Elizabeth ez zen ausartu ere egiten zaldun hura aipatzera. Bere jakin-mina, ordea, ustekabean ase zen. Wickham jaunak berak atera zuen gaia. Merytonetik Netherfieldera zenbateko tartea zegoen galdetu zuen; eta erantzuna entzun ondoren, Darcy jaunak hor zenbat denbora zeraman itaundu zuen zalantzaka.

        «Hilabetea edo», esan zion Elizabethek; eta gero, gaia bertan behera uzteko gogorik gabe, hala jarraitu zuen, «Derbyshiren jabego handiak dituen gizona dela uste dut».

        «Bai», erantzun zion Wickhamek; «etxalde ikaragarria dauka hor. Hamar mila garbi urteko. Nekez topatuko duzu gai horretaz nik baino argibide ziurragoak eman ahal dizkizunik. Izanez ere... lotura bereziak izan ditut haren familiarekin txikitatik».

        Elizabeth harridura hutsa zen.

        «Halako adierazpen batez arrazoiz harri zintezke, Bennet andereñoa, batez ere atzokoan Darcy eta biok erakutsi genuen hoztasun handia ikusi ondoren, zuk zeuk ziur aski ikusiko zenuen moduan. Tratabide handia duzu Darcy jaunarekin?»

        «Inoiz edukitzea espero dudana bezainbestekoa», hots egin zuen Elizabethek bero, «lau egun eman ditut harekin etxe berean eta oso desatsegina dela uste dut».

        «Atsegina den ala ez esateko», esan zion Wickhamek, ez daukat neure iritzia emateko eskubiderik. Ez naiz iritzi bat eratzeko gai. Ondoegi ezagutzen dut, eta luzeegi, epaile zuzena izateko. Ezin naiz inpartziala izan. Baina gizon horretaz duzun iritzia, oro har, harriduraz hartuko litzatekeela uste dut, eta beharbada ez zenuke beste inon hain borobil adieraziko. Zeure etxean zara hemen».

        «Neure hitza jartzen dut ez dudala hemen esan auzuneko beste edozein etxetan, Netherfielden salbu, esan nezakeena baino gehiago. Hertfordshiren ez dute batere gogoko. Bere harrotasunak guztiak nahigabetu ditu. Inork ez dizu berorretaz nik baino hobeto berba egingo».

        Ez dizut esango», esan zuen Wickhamek eten txiki baten ostean, «bera edo beste edozein gizon merezi baino estimatuago ez izatea damu dudanik; baina uste dut berarekin ez dela sarri gertatzen. Mundu guztia itsututa dago haren fortuna eta garrantziaz edo, bestela, haren molde goi eta izugarriez ikaratuta, eta berak gura duen bezala ikusten dute».

        «Daukadan ezaupide txikiaz ere, barru txarreko gizona dela egingo nuke». Wickhamek burua astindu zuen bakarrik.

        «Galde egiten diot neure buruari herri honetan luzeago geratuko ote den», esan zuen gizonak hitz egiteko hurrengo aukeran.

        «Ideiarik ere ez daukat; baina Netherfielden izan nintzenean ez nuen haren joateaz ezer entzun. Bera auzunean izateak ——————- shirerako dituzun asmoetan eraginik ez izatea espero dut».

        «O! ez, ez nau ni aldenduko Darcy jaunak. Ikusi gura ez banau, joan egin beharko du. Ez gaude harreman onetan eta beti ematen dit min harekin elkartzeak, baina ez daukat beragandik apartatzeko arrazoirik, mundu guztiaren aurrean aldarrikatu ahal ditudan horiek kenduta: ikaragarri txarto erabili nauelako sentimenduak eta den modukoa izateak sortzen dizkidaten nahigabe mingarriak. Bere aita, Bennet andereñoa, Darcy jaun zaharra alegia, lurra sekula zapaldu duten gizon onenetako bat izan zen, eta nik inoiz izandako adiskiderik zintzoena; eta ezin naiz Darcy jaun honekin inoiz egokitu, hamaika oroitzapen samurrek nire arima goibelduraz zulatu gabe. Lotsagarriro jokatu du nirekin; baina zinez uste dut edozer eta den-dena barka niezaiokeela, bere aitaren usteei huts egina eta gizon on haren oroimena itsustu izana salbu».

        Elizabethek gero eta interesgarriago aurkitzen zuen gaia eta bihotza eskuan entzuten zion; baina auzia kontuz ibiltzekoa zen eta horrek gehiago galdetzea eragotzi zion.

        Wickham jauna gai arruntagoez mintzatzen hasi zen: Meryton, auzotegia, jendea... Arras pozik ageri zen ordura arte ikusitakoarekin, eta jendeaz, batez ere, pollitasun xotil baina nabariaz hitz egiten zuen.

        Etengabean konpainian, eta konpainia onean, izatearen perspektibak» jarraitu zuen gizonak, «bultzatu ninduen nagusiki ——————— shirera etortzera. Banekien oso guda-sail atsegin eta izen onekoa zena, eta nire lagun Dennyk orain duten gudaletxearen berri eman zidanean eta Merytonen aurkitu dituzten adeitasun txit handiak eta lagun bikainak aipatu zizkidanean, areagotu egin zitzaidan honanzko kilika. Lagun beharrean nago, aitortzen dut. Huts eman didate, eta nire gogoak ez du bakardaderik pairatu nahi. Zereginak eta lagunak ezinbestekoak zaizkit. Militarraren bizitza ez zen nire jomuga, baina zenbait gorabeherak gomendagarri egin dute oraingoz. Elizan beharko zukeen nire ogibideak. Elizarako hezi ninduten, eta mintzagai izan dugun zaldunak hala plazer izan balu, guztiz erretorego onuratsuaren jabe izango nintzatekeen gaur egun».

        «Ez da izango!»

        «Bai. Darcy jaun zaharrak bere mende zegoen erretoregorik onena utziko zidan. Aitabitxi nuen eta izugarrizko atxikimendua zidan. Ezin nezake bere adeitasuna merezimendu osoan adierazi. Zabalkiro hornitu gura ninduen, eta hala egin zuelakoa zeukan; baina erretoregoa hutsik geratzean beste inori eman zitzaion».

        «Aitaren eta semearen!» egin zuen Elizabethek aldarri; baina zelan gertatu zen hori? Zelan izan zitekeen haren borondateari ez ikusi egitea? Zergatik ez zenuen legeetara jo kalte-ordainaren bila?»

        «Erretorego uztea hain modu informalean zegoen adierazita ez baitzidan legeetatik ezer lortzeko itxaropenik ematen. Ohoredun gizon batek ez zukeen jaun zaharraren asmoa zalantzatan jarriko, baina Darcy jaunak nahiago izan zuen zalantzan jarri, edo baldintzapeko gomendio hutsa bailitzan hartu, eta zera ziurtatu, nire hondatzailekeria eta arinkeriagatik galdua nuela ondare hori neureganatzeko eskubidea. Ezer gutxi edo bat ere ez esatea, hitz gutxitan. Hauxe da egia, erretoregoa hutsik geratu zela orain dela urte bi —haren ardura hartzeko adinean nengoenean hain zuzen— eta beste gizon bati eman zitzaiola; eta ez da egia txikiagoa ezin diodala neure buruari leporatu hura galtzea merezi izateko gauzarik egin izana. Beroa naiz izaeraz, eta argi eta garbi jardutekoa, eta Darcy jaunaz dudan iritzia beharbada argiegi adierazi izan dut, eta diot, batzuetan. Ezer larriagorik ez daukat gogoan. Baina auzia da oso gizon desberdinak garela, eta berak gorrotatu egiten nauela».

        «Hori ikaragarria da barren! Bere jokaera jende aurrean itsus diezaiotela merezi du».

        «Egunen batean egin egingo diote... baina ez nik. Bere aitaren gomuta dudan artean ezina izango zait gizon horri buru egitea edo besteen aurrean mozorroa kentzea».

        Elizabethek goretsi egin zuen gizona halako sentimenduak izateagatik, eta sentimenduok adierazten zituen bitartean, Wickham jauna inoiz baino ederrago begitandu zitzaion.

        «Baina zein arrazoi», esan zuen neskak eten baten ostean, «izango ote zuen horretarako? Zerk bultzatuko ote zuen hain ankerki jokatzera?»

        «Nireganako ezinikusi sakon eta sendo batek, neurri batean jelosiari atxiki behar diodan ezinikusi batek. Darcy jaun zaharrak ni gutxiago maite izatera, bere semeak hobeto eramango nindukeen; baina aitak zidan atxikimendu aparteko horrek bere bizitzako lehenengo urteetatik sumindu zuen, nire ustez. Lehia antzeko batean ginen biok, eta berak ez zeukan hura pairatzeko odolik, ezta jaunak sarritan ematen zidan lehentasun hura eramatekorik ere».

        «Ez nuen uste Darcy jauna horren gaiztoa zenik. Inoiz gogoko izan ez dudan arren, ez dut sekula berataz hain gaizki pentsatu. Uste nuen bere hurkoak, oro har, mesprezatu egiten zituela, baina ez nuen susmatzen halako mendeku maltzurra egiteraino, halako bidegabekeria eta bihotz belzkeriaraino behera zitekeenik!»

        Apur batez pentsakor egon ondoren, hala ere, honela jarraitu zuen, «gogoan daukat, bai, nola egun batean, Netherfielden, Darcy jauna bere arrangura ematu ezinaz eta bere izaera errukigabeaz harrotu zen. Gizon izugarria izan behar du».

        «Gai honi dagokionez ez naiz neure buruaz fidatzen», erantzun zion Wickhamek, «Nekez izan ninteke justua berarekin».

        Elizabeth bere gogoetetan murgildu zen berriz ere eta handik pixka batera hala esan zuen biziro, «Bere aitaren besoetakoa, adiskidea eta kutuna horrela hartzea!» Eta hau ere erantsiko zukeen, «Eta gainera zu bezalako gazte bat, aurpegia bera ere zeure maitagarritasunaren berme duzun hori», baina beste honekin konformatu zen: «Eta gainera, segur aski txikitatik kide izan duen bat, berarekin harremanak izan dituena, eta harreman estu-estuak, uste dut esan duzula».

        «Elizbarruti berean jaio ginen, mansio-parke berberaren barrenaldean, gure gaztaroaren zatirik handiena elkarrekin eman genuen; etxe bereko bizilagunak, jostaketa berberetako partaide, aita-maitasun bat beraren hartzaile. Philips jaunak hainbeste ohoratzen bide duen lanbide hori bera zeukan gure aitak hasieran, baina bertan behera utzi zuen dena Darcy jaun zaharraren zerbitzutan jartzeko, eta bere denbora guztia Pemberley etxaldea zaintzeari eman zion. Jaun zaharrak oso estimu handitan zeukan gure aita, haren adiskide min eta mamia zen bera. Darcy jaunak askotan aitortzen zuen zein zor handitan zegoen gure aitarekin haren gain-gaineko ardura biziagatik, eta gauza batez ziur nago, alegia, gure aita hil hurrean Darcy jaun zaharrak bere gogoz agindu zionean nire ardura hartuko zuela, berak hainbeste sentitu zuela hori nire aitarekiko eskerroneko zor, nola neurekiko maitasun obligazio».

        «Hau gauza bitxia!» egin zuen Elizabethek aldarri. «Zein higuingarria! Harrigarri egiten zait Darcy jaun honen harrotasunak berak zurekin justua izatera bultzatu ez izana! Arrazoi hoberik izan ezean, iruzurra egiteko harroegia ez izateak harritzen nau, iruzurra deitu behar baitiot horri».

        «Bai, gauza miragarria da», arrapostu zion Wickhamek, harrotasunean aurki daitekeelako haren ekintza ia guztien iturburua; eta askotan harrotasuna izan du lagunik onena. Beste edozein sentimenduk baino gertuago jarri du bertutetik. Baina inor ez da beti bat; eta nirekiko jokaeran harrotasuna bera baino are joera indartsuagoak izan ziren».

        «Berea lako harrotasun higuingarri batek onik egin ahal izan dio inoiz?»

        «Bai. Sarritan oparotsu eta eskuzabala izatera eraman du, dirua nasaikiro banatzera, abegi ona erakustera, bere maizterrei laguntzera eta txiroei urgazi egitera. Familiagatiko eta aitagatiko harrotasunak, oso harro baitago bere aita zenaz, egin du guzti hori. Bere familiaren lotsagarri ez agertzea, bere etxekoek ezagun izan dituzten dohainen endekatzaile ez azaltzea eta Pemberley Eneak daukan boterea ez galtzea arrazoi sendoak izan daitezke. Neba-harrotasuna ere badu, eta horrek, neba maitasun apur batez nahasturik, arrebaren zaindari txit zintzo eta fin bihurtu du; eta nebarik arretatsu eta hoberentzat goraipatuko dizute denek».

        «Zein neska mota da Darcy andereñoa?»

        Wickhamek burua mugitu zuen. «Gurago nuke maitagarria dela esan ahal banu. Min ematen dit Darcytar baten gainean txarto hitz egiteak. Baina nebaren antzekoegia da, harroa, oso harroa. Umetan maitekor eta atsegina zen, eta izugarri maite ninduen; eta orduak eta orduak eman ditut harekin jostaketan. Baina orain hutsa da niretzat. Hamabost-hamasei urteko neskatxa ederra da, eta dohain anitzez hornitua, uste dut. Bere aita hil zenetik Londresen bizi izan da, bere heziera zaintzen duen dama batekin».

        Eten askoren ondoren eta beste gai batzuei heltzeko saio ugari egin ostean, Elizabethek ezin izan zion eutsi aurrenekora itzultzeari eta honela mintzatu zitzaion bere solaskideari:

        «Harrigarri egiten zait Bingley jaunaren hur-hurrekoa izatea! Nola izan liteke Bingley jauna —umore ona bera dirudiena eta, benetan uste dut, egiaz maitagarria dena— halako gizon baten adiskidea? Zelan molda litezke elkarrekin? Bingley jauna ezagutzen duzu?»

        «Bat ere ez».

        «Izaera eztiko gizon maitagarri, xarmanta da. Ezin dezake jakin Darcy jauna benetan zer den».

        «Ez, ziur asko; baina gogoa duenean Darcy jaunak badaki atsegina izaten. Ez du trebeziarik falta. Onuratsua izango zaiola uste badu, solaskide ona izan daiteke. Bere mailakoekin egotetik hain aise bizi ez direnekin egotera asko aldatzen da. Harrotasunak ez du inoiz abandonatzen; baina aberatsekin gizon zabal, justu, zintzo, arrazoitsu, ohoretsu eta agian atsegina izaten da... fortuna eta itxura bat edukiz gero, noski».

        Handik gutxira, whist eskualdia bukatu zelarik, karta jokalariak beste mahairantz bildu ziren eta Collins jaunak Elizabeth lehengusinaren eta Philips anderearen artean bilatu zuen kokalekua. Ugazaba andereak ohiko galderak egin zizkion jokoan izandako fortunaz. Collins ez zen oso ondo ibili; puntu oro galdua zuen; baina Philips anderea hori zela-eta bere ardura adierazten hasi zitzaionean, Collinsek, solemnitaterik handienaz, garrantzi izpirik ere ez zuela ziurtatu zion, berarentzat dirua ezdeuskeria hutsa zela, eta arren horregatik ondoezik ez egoteko erregutu zion.

        «Ondotxo dakit, anderea», esan zuen gizonak, «jendea, joko mahaian jesartzen deneko, halako gauzen arriskupean dagoela, eta, zorionez, nire egoera ez da bost txelin arazo bihurtzeko modukoa. Asko dira, zalantzarik gabe, gauza bera esan ezin dezaketenak, baina Lady Catherine De Bourghi esker, oso urrun nago gauza txikiak aintzat hartu behar horregatik».

        Collinsen hitzek gogoa eroan zioten Wickhami; eta, erretoreari apur batez beha egon ondoren, ofizialak ahopeka galdetu zion Elizabethi ea haren senideak oso harreman estuak al zituen De Bourgh etxekoekin.

        «Lady Catherine De Bourghek», arrapostu zion Elizabethek, erretorego bat eman dio oraintsu berri. Andereak Collins jaunaren berri nola eduki zuen ez dakit ondo, baina seguru esan ahal dizut gure lehengusuak ez duela aspaldidanik ezagutzen».

        «Zuk badakizu, noski, Lady Catherine De Bourgh eta Lady Anne Darcy ahizpak zirela; eta, horrenbestez, Lady Catherine oraingo Darcy jaunaren izeba dela».

        «Ez, ez, inondik ere ez dut jakin nik hori. Lady Catherineren erlazioez ez nekien ezer. Herenegun arte ez dut haren berririk izan».

        «Haren alabak, De Bourgh andereñoak, oso fortuna handia izango du, eta berak eta bere lehengusuak bat egingo ei dituzte etxalde biak».

        Argitasunok irribarre eragin zioten Elizabethi Bingley andereño gaixoaz gogoratzean. Darcy jaunak bere burua beste batentzat gordea baldin bazuen, hutsalak izango ziren benetan Bingley andereñoaren adei guztiak, hutsalak eta alferrekoak hala Darcy andereñoarekiko oniritzia nola nebari berari egiten zizkion laudorioak ere.

        «Collins jauna», esan zuen Elizabethek, «oso gora mintzo da Lady Catherinez eta bere alabaz; baina andere horretaz kontatu dituen zenbait xehetasunengatik, susmoa dut gure lehengusua eskerronak nahastuta dagoela, eta, haren babeslea izan arren, De Bourgh dama emakume hantuste eta buruiritzia dela».

        «Bai bata eta bai bestea, eta biak neurri handian, neure ustez», arrapostu zuen Wickhamek; «urte askoan egon naiz hura ikusi barik, baina ondo baino hobeto gogoratzen dut ez nuela egundo atsegin izan, eta molde diktatorial eta insolenteak zituela. Nabarmenki argia eta zentzuzkoa izatearen fama dauka; baina uste sendoa dut dohainen zati bat bere maila eta fortunatik datorkiola, beste zati bat bere molde agintzaileetatik, eta gainerakoa bere ilobaren harrotasunetik, gizon horrek berekin zerikusirik duen orok lehen mailako adimena edukitzea gura du eta».

        Elizabethek oso azalpen arrazoitsu iritzi zion, eta solasak aurrera jarraitu zuen bien atseginerako, harik eta afariak karta-jokoari amaiera eman, eta gainerako damei Wickham jaunaren begiramenetatik zegokien zatia eskaini zien arte. Philips anderearen afari zaratatsuetan ez zegoen berba egiterik, baina Wickhamen moldeak gustuko egin zitzaizkien guztiei. Zioena zioela, ondo esanda zegoen; eta, egiten zuena egiten zuela, txairotasunez eginda. Burua bete Wickham joan zen handik Elizabeth. Etxera bide osoan, Wickham jaunarena eta hark esan zionarena beste pentsamendurik ez zuen izan; baina ibilian zihoazela, haren izena aipatzeko ere ez zuen astirik eduki, ez Lydia ez Collins jauna ez baitziren une batez ere isildu. Lydia etengabeko jarioaz mintzo zen loteria txartelez, galdutako hamarrekoez eta irabazitako hamarrekoez, eta Collins jaunak, berriz, ahal zuena baino gehiago eduki zuen esateko kotxea Longbourn Enean geratu baino lehen, Philips jaun-andereen jendetasuna deskribatuz, whistean galdutakoak ardura txikiena ere ez ziola ematen adieraziz, afariko jaki guztiak zerrendatuz eta lehengusinak bere erruz oso estu ote zihoazen beldurra behin eta berriz aditzera emanez.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia