HAMABOSGARREN ATALA

 

        Collins jauna ez zen gizon burutsua, eta berezko akats horri laguntza txikia emana zioten hezierak edo jendearekiko tratubideak; bizitza gehiena aita eskolagabe eta zikoitz baten gidaritzapean emana zuen, eta, unibertsitate bateko kidea izana bazen ere, han emandako denboran bete beharreko epeak betetzera mugatu zen, baliozko ezaupiderik bat ere egin gabe. Mutil koskorretan aitaren erabat mende egoteak berez molde apal-apalak eman bazizkion ere, harroxkotasun burugabeak, bakarreko bizitzak eta ustekabeko gaingora goiztiarrak emandako hantusteak ondotxo motelduta zuten Collins jaunaren jatorrizko apaltasun hura. Hunsfordeko erretoregoa hutsik geratzean zorioneko halabehar batek gomendatu zuen gizona Lady Catherine De Bourghen aurrean; eta, alde batetik, damari babesle gisa zion benerazioak eta haren goi mailak sortarazten zion begirune handiak eta, bestetik, Collinsek berak bere buruaz, bere elizgizon aginteaz eta erretore eskubideez zuen iritzi bikainak, harrotasun eta morroitasunaren arteko nahasketa bat bihurtua zuten, burgoikeria eta apaltasunaren arteko zerbait.

        Orain, etxe ona eta diru sarrera polit askoak zituenez, ezkontzeko ustetan zebilen; eta Longbourneko familiarekin adiskidetu gura izate horretan emazte bat zeukan buruan. Izan ere, Bennet damak esan komunak agertzen zituen bezain eder eta jendekoiak zirela ikusiz gero, Collins lehengusuak haietako bat aukeratzeko asmoa zuen. Horixe zen bere plana Bennet andereñoei beren aitaren etxaldea jasotzearen kalte-ordaina emateko, asmo huraxe zebilen eragozpen guztiak berdintzeko; eta hari munduan bateko plana iruditzen zitzaion, bete-betekoa eta guztiz egokia, bere aldetik ezin eskuzabal eta desinteresatuagoa.

        Andereñoak ikusteak ez zuen ezertan ere aldatu Collinsen plana. Janeren aurpegi maitagarriak gizonaren usteak sendotu zituen, bai eta tinkotu ere alaba nagusi batek izan behar dituen ezaugarrien gainean zeuzkan iritzirik zorrotzenak; eta Jane izan zen, horrenbestez, aurreneko gaueko aukera garbia. Biharamunak, haatik, aldaketak ekarri zituen; izanez ere, Collins jaunak eta Bennet andereak gosaldu aurretik ordu laurden batez izandako tête-à-tête batean —zein gizonaren etxebizitzatik hasi, eta, berez-berez, haren usteen aitorpenera igaro baitzen— lehengusuak Longbournen bere etxerako ugazaba anderea aurkitzeko esperantza zuela jakinarazi zion Bennet andereari, eta emakumeak —oso irribarre goxoen artean Collinsen asmoei, oro bar, haria ematen zienarekin batera— gizonak begiz jota zeukan hura, Jane hain justu, aukeratu ezinari buruzko abisua eman zion. «Alaba gazteei zegokienez, bera ezin ausartu zitekeen ezer esatera... ez zezakeen erantzun ziurrik eman... baina, berak zekiela, ez zuten inorekiko zaletasun berezirik; alaba nagusiaz bezainbatean, berriz, Bennet anderea aipatu beharrean zegoen... bere eginkizuntzat zeukan zera aditzera ematea, alegia, seguruenik Jane berehala egongo zela ezkontzarako hitz emanda».

        Collins jaunak Janeren ordez Elizabeth jartzea besterik ez zuen egin behar, eta berehala egin zuen, egin ere, Bennet anderea sutondoko sua bizkortzen zebilenean, hain zuzen. Elizabethek, hala adinez nola ederrez Janeren hurrengo izanik, berez-berez hartu zuen ahizpa nagusiaren lekua.

        Bennet anderea aldaketaz jabetu zen, eta berehala alaba bi ezkonduta izateko itxaropena sendotu zitzaion; eta halaxe suertatu zen bezperan bertan aipatzea ere eramanezina zitzaion gizonak ordurako ondo irabazia izatea Bennet anderearen ederra.

        Lydiak adierazitako asmo hura, Merytonera paseoan joatekoa alegia, ez zen bazter geratu; Maryk ez, beste ahizpa guztiek eman zioten baiezkoa berarekin joateko; Bennet jauna, liburutegia beretzat bakarrik eduki nahi zuenez, Collins lehengusua gainetik kentzeko irrikan zegoen, eta berak hala eskatuta, erretorea ere prestatu zen lehengusinei lagun egiteko; izan ere, haraxe, liburutegira, jarraitu zion Collins jaunak Bennet jaunari gosaldu ostean, eta hantxe geratuko zen bestela, liburutegiaren bildumako foliorik handienetako bati lotuta ustez, baina bere Hunsfordeko etxe-lorategien nondik norakoak Bennet jaunari ia gelditu gabe berritzen, egiazki. Halako gauzek erabat ateratzen zuten Bennet jauna bere onetik. Bere liburutegian atsedena eta lasaitasuna segurtatuta izan zituen betidanik, eta, Elizabethi esan ohi zionez, etxeko beste edozein gelatan tuntuneria eta handinahiarekin topo egiteko prest bazegoen ere, liburutegian guzti horretatik babesturik egon ohi zen; haren gizalegea, hortaz, guztiz pronto azaldu zen Collins jauna bere alabekin paseoan elkar zedin gonbidatzeko; eta Collins jaunak, egia esatera, ibiltzeko irakurtzeko baino askoz dohain hobeak zituenez, erabateko atsegina izan zuen liburua itxi eta lehengusinekin joateaz.

        Lehengusuaren huskeria hanpatuak alde batean eta andereñoen baiezko gizabidetsuak bestean, taldea Merytoneraino heldu zen. Herrian sartu eta handik aurrera Collins jaunak ez zuen Bennet gaztetxoen arreta luzaroago bereganatzerik izan. Begiak kalean gora eta behera joan zitzaizkien ofizialen bila, eta, erakusleihoren batean bonet itzel dotoreren bat edo muselina benetan berriren bat ikustea kenduta, ezerk ere ez zituen zeregin horretatik aterako.

        Baina errepideaz bestaldean ofizial batekin paseoan zihoan gizon gazte batek erakarri zuen berehala Bennet dama guztien arreta. Zaldun traza oso-osoa zeukan, eta andereñoek ez zuten sekulan aurretik ikusi. Militarra Denny jauna bera zen, Lydiak Londresetik noiz etorriko zen galdetu nahi zuen hura bera, eta pasakeran agur egin zien buruaz. Harrituta geratu ziren denak arrotzaren jitearekin, denak gizon hori nor ote zen euren buruei galdezka; Kittyk eta Lydiak, ahal zela hori guztia ikertzera deliberatuta, beste aldeko dendaren batean zerbait behar zuten aitzakia hartu, eta kalea zeharkatu zuten. Zorionez, gizon biak bueltan etorri eta une berberera iritsi zirenerako, Bennetarren taldeak jaretsia zuen espaloia.

        Denny jauna zuzenean mintzatu zitzaien eta bere lagun Wickham jauna aurkezteko baimena erregutu zuen. Esan zienez, Wickham berarekin etorria zen bezperan Londrestik eta bere sailean kargu bat onartzearen zoriona emana zion. Aukera-aukerakoa zen hori; izan ere, mutilak uniformea besterik ez zuen behar guztiz xarmangarria izateko. Itxurari zegokionez, bere alde zuen guztia; ederretatik ederrena zen gizona, begitarte polit eta gorpuzkera galantekoa; trataera, berriz, txit atsegingarria. Aurkeztua izan bezain laster solaserako gogo maitagarria erakutsi zuen, aldi berean zeharo egoki eta laua, hain zuzen; eta talde osoa artean geldirik eta giro onean kontu kontari zegoela, halako batean zaldi trostaren hotsak ostu zien denei gogoa, eta Darcy eta Bingley kalean behera zaldiz etortzen ikusi zituzten. Bildutakoen artean Bennet damak ezaguturik, zaldun biak zuzenean abiatu ziren haiengana eta ohiko gizalege-hitzen trukaketa hasi zen. Bingley jauna zen ahots nagusia, eta mintzagai nagusia, berriz, Bennet andereñoa. Jaunak esan zuenez, Longbournera bidean zegoen orduantxe, Janeren osasunaz galdetzeko asmoarekin. Darcy jaunak hala zela ziurtatu zuen buru keinu batez, eta Elizabethengan begirik ez pausatzeko erabakia hartzen ari zen, halako batean arrotzak begiratua eraman zionean. Gizonek elkarri begiratu zioten, eta Elizabeth, bien aurpegiak ikustea egokitu zitzaiola, zur eta lur geratu zen enkontruak biengan izandako eraginaz. Biei aldatu zitzaien kolorea, bata gorritu, bestea zurbildu egin zen. Une batzuen ondoren Wickham jaunak sonbreirua ukitu zuen, eta Darcy jaunak agur horri erantzuna emateko adeia egin zuen doi-doi.

        Zer esan gura ote zuen horrek? Ezinezkoa asmatzea; ezinezkoa jakiteko irrikarik ez izatea.

        Handik apur batera —baina, zirudienez, gertatutakoaz ohartu gaberik— Bingley jaunak agur esan zien, eta, bere adiskidearekin batera, berriz ere lotu zitzaion bideari.

        Denny eta Wickham jaunek lagun egin zieten dama gazteei Philips anderearen etxeraino. Hara orduko, eta etxean sartzeko Lydia andereñoak eginiko erreguen presioari amore eman gabe, gizonek agur-erreberentziak egin zizkieten, Philips andereak berak ere egongelatxoko atea zabaldu eta ilobaren gonbidapena goraki bultzatu zuen arren.

        Philips anderea beti pozten zen ilobak ikusteaz, eta orduko horretan nagusi biek jaso zuten ongietorririk beroena, kanpoan egon berriak baitziren. Jane eta Elizabethen bat-bateko etxeratzeak ezustean harrapatua zuen izeba, eta, Longbournera itzultzeko Bennetarren kotxea erabili ez zutenez, andereak ez zukeen aldaketaren berririk izango, baldin eta Jones jaunaren dendako mutilarekin kalean egokitu ez balitz. Mutikoak esan zionez, jada ez zuten Netherfieldera sendagai gehiago bidaliko, Bennet andereñoak etxera joanak ziren eta. Philips anderea horiek guztiok gartsuki azaltzen ari zen, bat-batean bere jendetasuna eskatzen zuen beste arreta-gune bat agertu zitzaionean, Janek aurkeztutako Collins jauna, alegia. Izekoak adeitasunik handienaz hartu zuen gonbidatua, eta Collinsek hainbestekoaz erantzun zion, aurretiaz ezaupiderik izan gabe haren etxera sartzeagatik barkamena eskatuz. Hala ere, Philips andereari esan zionez, bere berri emana zioten dama gazteekin zeukan harremana halako gertaera baten zuribide gerta zedin espero zuen. Philips anderea aski txundituta geratu zen heziera onaren isuri horrekin; baina arrotz horri so zegoelarik, beste arrotzaren gaineko itaun eta oihu-hitzek deitu zioten. Alabaina, ilobek jadanik zekitena besterik ezin izan zien esan, hots, Denny jaunak berekin ekarri zuela Londresetik eta —————— konderrian loktenent kargua betetzekoa zela. Ilobei azaldu zienez, aurreko ordu osoan etorri berria kalean gora eta behera paseatzen ibilia zen, eta bera hari begira egona zen tarte hartan guztian; eta Philips anderea berbetan zegoen une horretantxe Wickham jauna agertu izan balitz, Kitty eta Lydiak zelata lan berberari ekingo zioketen, baina zoritxarrez inor ere ez zen leiho aurretik pasa, salbu eta ofizial gutxi batzuk, arrotzaren aldean «morroi ergel eta desatsegin» bihurtu zirenak. Haietako batzuk biharamunean Philipstarrekin bazkaltzekoak ziren, eta izekoak hitz eman zuen ezen, Longbournekoak iluntzean eurekin elkartzen baziren, agindua emango ziola senarrari Wickham jaunarengana bisitan joan eta hura ere gonbidatzeko. Bennet andereñoak ados agertu ziren, eta Philips andereak adierazi zuen denak goxo-goxo arituko zirela loteria joko atsegin eta zaratatsuan, eta horren ostean afari bero bat hartuko zutela. Halako plazeren gertakizuna oso pozgarria zenez, biziki aldarte onean banatu ziren Bennetarrak eta Philipstarrak. Gela uzterakoan Collins jaunak atzera ere ekin zion barkamena eskatzeari, eta Philips andereak, nekatu ezinezko adeitasunez, barkatzekorik ez zegoela ziurtatu zion.

        Etxera bidean, Elizabethek Darcy eta Wickhamen artean ikusi zuena berritu zion Janeri; eta bietako edozeinen portaera itsusi azaldu izan balitz Janek bi-biak defendatu izango zituzkeen arren, ahizpa nagusiak ez zion auziari Elizabethek baino azalpen hoberik aurkitu.

        Ostera ere etxean izan zirenean, Collins jaunak Philips anderearen gizalegea eta moldeak goraipatu zituen, Bennet andereari atsegin handia emanez. Lady Catherine eta haren alaba kenduta, Philips anderea baino emakume dotoreagorik sekulan ikusi gabea zela adierazi zuen; izanez ere, berebiziko harrera abegitsua egiteaz gain, hurrengo gaueko gonbidatuen artean bera aipatu eta guzti egin zuen, nabarmenki egin ere, ordura arte erabat ezezaguna zitzaion arren. Bennetarrekiko harremanak zerikusiren bat izan zezakeela uste zuen, baina, edozelan ere, bere bizitza osoan ez zuen inoiz hainbesteko begiramenik aurkitu.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia