HAMALAUGARREN ATALA

 

        Bazkaldu bitartean Bennet jaunak ez zuen ia berbarik egin; alabaina, zerbitzariak joan zirenean bere gonbidatuarekin solas apur bat izateko garaia iritsia zela pentsatu, eta, Collins jauna bere distira osoan agertzeko moduko hizpidea bilaturik, Lady Catherine De Bourgh babesle izateak zorioneko gauza izan behar zuela adierazi zion. Izanez ere, andereak bere babestuaren gurariei ematen zien arreta, eta gizonaren ondo-izateak sortzen zion ardura biziki nabarmenak ziren. Bennet jaunak ezin izango zukeen gai hoberik hautatu. Collins jaunak etorri handiz egin zuen bere babeslearen gorazarrea. Mintzagai horrek ohi baino molde ozenagoetara igoarazi zuen, eta, gora handiko aurpegia jarriz, bere bizitza osoan Lady Catherinek frogatua ziona bezalako jokabiderik, halako izaera hurbilerraz eta begitartetsurik, ez zuela goi mailako ezein pertsonarengan inoiz aurkitu adierazi zuen. Ordura arte Collinsek bi aldiz izana zuen anderearen aurrean sermoia emateko ohorea, eta biotan emana zion Lady Catherinek bere onespenaren adeia. Bi aldiz egona zen Rosingsen bazkaritarako gonbidaturik, eta aurreko larunbat arratsean bertan Lady Catherinek zerbitzari bat bidalia zuen bere bila quadrillerako taldea osatu ahal izateko. Collinsen ezagun askok harrotzat zuten Lady Catherine, baina berak sekulan ez zion ikusi begitarte ona besterik. Beste edozein zalduni bezalaxe hitz egiten zion betidanik; ez zion inongo eragozpenik jartzen auzotegiko gizarte bizitzan parte hartzeko, ez eta noiz edo behin, elizbarrutia aste bat edo bitarako utzita, senideak ikusten joateko ere. Areago: ahalik eta lasterren ezkon zedin aholkatzeko ere bereganatu zitzaion bere babestu ttipiari, hori bai, aukera egitean zuhurtziaz jokatu behar zuela gogorarazirik; eta behin batez haren erretore-etxe xumera ere joana zen bisitan De Bourgh anderea, eta Collinsek egindako aldaketa guztiei oneste betea emateaz gainera, berak ere beste zenbait proposatzeko adeia egin zion, goiko solairuko armairuetan apal batzuk jartzea, alegia.

        «Hori guztia oso egoki eta gizalegetsua da, bai horixe», esan zuen Bennet andereak, «era oso emakume atsegina dela esatera ere ausartuko nintzateke. Zorigaiztokoa, goi mailako damak, oro har, haren antzekoagoak ez izatea. Zuregandik gertu bizi al da, jauna?»

        «Bidexka batek besterik ez ditu bereizten nire teilape apala dagoen lorategia eta Rosings Park, Ladyren paramena».

        «Alarguntsa dela esan duzu, ezta, jauna? Ba al du seniderik?

        «Alaba bakarra du, Rosings etxearen eta ondasun handien oinordekoa bera».

        «Ah!» hots egin zuen Bennet andereak, buruaz baiezkoak eginez, «orduan neska asko baino hobeto hornituta dago. Eta zer-nolako dama gaztea dugu berori? Ederra al da?»

        «Zeharo neska xarmangarria da, dudarik gabe. Lady Catherinek berak esaten du benetako edertasuna denaz bezainbatean De Bourgh andereñoa bere sexuko ederrena baino askoz ere gorago dagoela; haren hazpegiek etxe oneko sehaskan jaiotako emakume gazteak izan ohi duen nolabaiteko ezaugarri hori ispilatzen dute, izan ere. Osasun bigunekoa da, tamalez, eta horrek hainbat trebeziatan aurrera egitea eragotzi dio, gauzak bestela izatera inolaz ere gertatuko ez zena; hori guztia De Bourgh andereñoaren heziketa zaindu zuen damak, zein oraino ere haiekin bizi den, jakinarazi zidan. Edozelan ere, andereñoa erabat jendekoia da eta askotan nire teilape apalaren ondotik bere faetoi txikian pottokekin pasatzeko adeia egiten dit».

        «Jende aurrean aurkeztu al dute jadanik? Ez dut gogoan bere izena gorteko damen izenen artean entzun izena».

        «Bere osasun hala-moduzkoak ez dio hirira joaten uzten, damugaitzez; eta horrela, egun batean nik neuk Lady Catherineri esan nion bezala, Ingalaterrako gortea bere apaingarririk distiratsuena gabe gelditu da. Lady Catherineri ideia hori atsegin zitzaiola iruditu zitzaidan eta, asma dezakezunez, nik, aukera sortzen denero, pozik eskaintzen dizkiet damei beti hain gogoko zaizkien laudorio txiki eta pollit horiek. Behin baino gehiagotan ohartarazi diot Lady Catherineri bere alaba xarmangarriak dukesa izateko jaioa dirudiela eta gizarte mailarik garaiena, andereñoari goratasuna eman beharrean, haren ederraz apaindua suertatuko litzatekeela. Era horretako gauzatxoak laket zaizkio Ladyri, eta halako begiramenak egitea jotzen dut nik neure eginkizuntzat».

        «Oso uste egokia da hori», esan zuen Bennet jaunak, «eta zorionekoa duzu lausenguak delikadeziaz egiteko abildade hori. Eta, galde al niezazuke ea begiramen atsegin horiek bat-bateko sorkari ala aurretiko ikaslanaren ondorio diren?»

        «Gehienbat unean uneko gertaeretatik sortzen dira, eta batzuetan halako laudorio txiki eta dotoreak —gerora eguneroko paradetara molda litezkeenak— asmatu eta eratzearen jolasean entretenitzen naizen arren, beti saiatu izan naiz ahalik eta jite berezkoenaz ematen».

        Bennet jaunaren usteak goitik behera bete ziren. Bere lehengusua uste bezain ganorabakoa zen eta Bennet jauna ikaragarri ondo pasatzen ari zen hari entzuten; hori bai, aldi berean aurpegi guztiz serioa jarrita eta, une batez Elizabethi zuzendu zion begirada salbuetsiz, bere gozamenerako lagunen beharrik izan gabe.

        Te-ordurako, ordea, Bennet jaunak horretatik nahikoa eduki eta pozik eraman zuen gonbidatua egongelara berriz ere, eta tea bukatu ondoren, pozik gonbidatu zuen damen aurrean zerbait irakurtzera. Collins jaunak gogo onez onartu zuen gonbitea eta liburu bat eskaini zitzaion; baina, hari begi eman bezain laster, (itxura guztiek liburu-denda ibiltari batetik etorria zela salatzen zutenez) atzera egin zuen eta, barkamena otoi eskaturik, berak ez zuela inoiz nobelarik irakurtzen adierazi zuen. Kitty begira-begira geratu zen eta Lydiari harridura hitz bat itzuri zitzaion. Beste liburu batzuk atera zitzaizkion eta, apur batez hautatzen aritu ondoren, Fordyceren Sermoiak aukeratu zituen. Lehengusuak liburua zabaltzen zuen bitartean Lydiak aho zabalik begiratu zion, eta, handitasunezko doinu monotono batez hiru orrialde ere irakurrita ez zituenean, neskatilak honelaxe moztu zion hitza:

        «Badakizu zer, ama? Osaba Philipsek Richarden zerbitzuak bertan behera uztea darabil buruan, eta hori hala izanez gero, Forster Koronelak hartuko omen du bere etxerako. Izekok berak kontatu zidan larunbatean. Bihar Merytonera joango naiz ea zerbait gehiago entzuten dudan eta Denny jauna hiritik noiz itzuliko den galdetzera».

        Ahizpa nagusi biek mihia lotzeko agindu zioten Lydiari; baina Collins jaunak, oso nahigabeturik, liburua albo batera utzi eta hala esan zuen:

        «Askotan egin dut kontu dama gazteei taxu serioko liburuek sortzen dieten arreta txikiaz, liburuok haien onurako besterik idatzi ez badira ere. Harritu egiten nau, aitortzen dut; izanez ere, haientzat ez dago ikasbidea baino gauza ekartsuagorik. Baina ez dut segituko nire lehengusina gaztea gogaitzen».

        Orduan, Bennet jaunarengana jarri eta backgammoneko lehiakidetzat eskaini zuen bere burua. Bennet jaunak onartu egin zion erronka, eta neskak euren denbora-pasa ezdeusetan utziz zuhur jokatzen zuela adierazi zion. Bennet andereak eta alabek gizabiderik handienaz eskatu zioten barkamena Lydiaren etenagatik, eta, liburua ber hartu nahi izanez gero, halakorik ez zela berriz gertatuko agindu zioten; Collins jaunak, lehengusina gazteari arrenkurarik gordetzen ez ziola eta neskatilaren jokaera inoiz ere ez zuela laidotzat hartuko ziurtatu ondoren, beste mahai batean jesarri zen Bennet jaunarekin batera, eta backgammonerako prestatu zen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia