HAMAHIRUGARREN ATALA

 

        «Bazkari on baterako aginduak emango zenituelakoan nago, ene maitea», esan zion Bennet jaunak bere emazteari biharamun goizean gosaria hartzen ari zirela, «Izan ere, gaur gure taldeari beste pertsona bat batuko zaion uste sendoa daukat».

        «Zer esan gura duzu, ene maitea? Ez daukat inoren etorreraren berririk, ziur naiz, ez bada suertatzen Charlotte Lucas bisitan etortzea, eta hala izatera, esperantza dut neure bazkariak behar bezain onak izango zaizkiola. Ez dut uste bere etxean halakorik sarri ikusiko duenik».

        «Mintzagai dudan pertsona zalduna duzu, eta kanpotarra». Bennet anderearen begiek driz-driz egin zuten. «Zalduna eta kanpotarra! Bingley jauna da, ziur naiz! Oi Jane! Eta zuk berbatik ere ez honetaz; ume gorde hori! Tira, guztizko atseginez ikusiko dut Bingley jauna, dudarik ez izan. Baina... Jainko laztana! Ondikotz! gaur ez dago arrain izpi bat ere aurkitzerik. Lydia, kutuna, eragiozu ezkilatxoari. Oraintxe bertan hitz egin behar dut Hillekin».

        «Ez da Bingley jauna», esan zion senarrak; «nire bizitza osoan behin ere ikusi ez dudan pertsona bat da».

        Horrek txundituta utzi zituen guztiak; eta Bennet jaunak atseginez ikusi zituen anderea eta bost alabak bere inguruan era batera galdezka eta jakiteko irrikatan.

        Haien jakin-minaz apur batez dibertitu ondoren, azalpen hau eman zien, «Orain hilabetea edo, gutun hau jaso nuen, eta orain bi aste edo erantzun nuen, auzia zelanbait kontuz ibiltzekoa eta lehenbailehen aztertzekoa iruditzen zitzaidalako. Nire lehengusu Collins jaunarena da, ni hiltzen naizenean zuek guztiok etxe honetatik nahi bezain laster bidali ahal izango zaituzten horrena».

        «O! ene maitea», kexatu zen emaztea, «ezin dut jasan horren aipamena. Otoi, ez berbarik egin gizon gorrotagarri horretaz. Zeure etxaldea zeure alabez bestelako oinordeko baten eskuetan lotu beharra munduko gauzarik latzena dela uste dut; eta ziur naiz ni zu izan banintz aspaldian saiatuko nintzela horren gainean zer edo zer egiten».

        Jane eta Elizabeth amari maiorazkoa zertan datzan azaltzen ahalegindu ziren. Aurretik ere saiatuta zeuden lan berean, baina gai horri zegokionean arrazoimenaren ahalmena ahulegia zen Bennet anderearengana heltzeko; ondorioz, etxaldea bost alabako familia bati kendu eta inori batere axola ez zion gizon baten eskuetan jartzearen doilorkeriaz gaizki esaka jarraitu zuen andereak mingostasunez.

        «Egia da bidegabe handia dela arazo hau», esan zuen Bennet jaunak, «eta egia ere bai ezerk ere ezin diola Collins jaunari Longbournen oinordeko izatearen errua zuritu. Baina gutun hau entzun gura baldin baduzu, nire lehengusuaren mintzamoldeak gozatu ahal izango dizu, beharbada, berataz daukazun iritzi hori».

        «Ez, ziur naiz ezetz; eta oso lotsagabea eta xuria iruditzen zait haren aldetik zuri idazten ausartu izana. Higuina diet halako lagunizunei. Zergatik ez zuen zurekin liskarrean jarraituko bere aitak lehenago egin zuen legez?»

        «Zera, badirudi horri dagokionez seme eskrupulorik ez duela falta izan, berehala entzungo duzun moduan».

 

        Hunsford, Westerham ingurua, Kent.

Urriaren 15ean.

 

        Jaun hori:

        Zuk eta gure aita zendu ohoretsuak elkarren artean izandako gatazkak arduraz bete izan nau betidanik, eta hura galtzearen zori gaiztoa izan nuenaz geroz sarri askotan desiratu dut urradura hori senda zedin. Hala ere, neure zalantzek atzera eragin izan didate denbora batez, beldurrez ezen gure aitak bizitza osoan kontrario eduki gogo izan zuen edozeinekin ni harreman onetan jartzea, haren oroimenaren aurkako iraintzat hartua izango ote zen. «Orain datorrena, Bennet anderea». Alabaina hartua daukat erabakia jadaneko, zeren, Aste Santuan apaizgoa hartu nuelarik, Lady Catherine De Bourgh Guztizko Andere Ohoretsuak, Sir Lewis De Bourgh zenaren alarguntsak, bere babesaren ohore eta zoriona eman baitizkit, bai eta, bere esku zabalaren eta ongiletasunaren poderioz, ni neu hemengo eliz barrutiko erretorego baliotsua betetzeko hautatu ere. Horixe, bada, egingo dut nire ahal guztia zerbitzari —ttipi bati dagokion bezala, Lady Catherineri zor diodan eskerron eta begiruneaz, Ingalaterrako Elizak ezarritako errito eta zeremoniak burutzeko gertu egon nadin beti ere. Areago: elizgizona naizenez gero, eginkizun daukat nire eraginpean dauden familia guztietara bakearen bedeinkazioa eraman eta bertan indartzea; guzti hori oinarri harturik pentsatu gogo dut ezen nire borondate onaren erakusgarriok laudagarri izango direla eta, ni neu Longbourn etxaldearen hurrengo jabegaia izatearen gorabeherari ez ikusi egiten diozularik, hori ez dela kausa izango eskaintzen dizudan olibondo abaraskari ezetza eman diezaiozun. Zure alaba maitagarriei niregandik kalterik etortzeak arduraz betetzen nau, bestela ezin izan bailiteke, eta horren barkazionea galdatzeko ez ezik, arren eskatzen dizut baimena nire esku dagoen ordain oro zure alabei emateko guztiz prest nauzula ziurtatzeko, baina azken horretaz aurrerago mintzatuko. Zuenean ni onartzeko eragozpenik izan ez baledi, zeuri eta zeure familiari eskumuinak eman ahal izatearen atsegina eman niezaioke neure buruari azaroaren 18an, astelehenarekin, arratsaldeko laurak inguruan. Bestalde, nolaz eta, baldin beste elizgizonen batek eguneko zereginak bere gain hartzen baldin baditu, Lady Catherinek ez dion inongo oztoporik jarriko ni igande batez kanpoan izateari, segur aski ezein trabak ez nau zuen abegi onaz hurrengo igandeko gauera arte baliatzetik gibeleratuko. Hainbatekin, jaun maite hori, eskumuinak bidaltzen dizkiet zure andere eta alabei begirunerik handienaz.

        Zure laguna, dohain oro opa dizuna,

WILLIAM COLLINS

 

        «Beraz, laurak inguru etortzekoa da zaldun bake-egile hau», esan zuen Bennet jaunak gutuna tolesten zuenarekin batera. «Gazte honek guztiz gizon arduratsu eta ongi hezia dirudi, neure hitza berme; eta ez dut zalantzarik egiten ezaupide baliagarria izango zaigula, batez ere Lady Catherinek guregana berriz etortzen uzteko bihotz samurra baldin badauka».

        «Edonola ere, gure neskez dioen horretan ez du arrazoi faltarik; eta kalteen ordaina nolabait emateko prest baldin badago, ez diot nik gogoa galaraziko».

        «Bere ustez zor digunaren kitagarri hori nola eman gura ote digun asmatzea erraza ez bada ere», esan zuen Janek, «asmoa bera edergarri zaio, dudarik gabe».

        Lehengusuak Lady Catherinerekiko erakusten zuen begirune itzelezkoa egin zitzaion nabarmenen Elizabethi, bai eta Collinsek bere elizkideak behar zenero bataiatu, ezkondu eta lurperatzeko adierazten zuen asmo adeitsua.

        «Ale bitxia izan behar du, nire ustez», esan zuen Elizabethek, «Ezin dut imajinatu. Bere idazkeran badago zer edo zer oso hanpatua... Eta zertan ari da barkamena eskatzen hurrengo jabegaia izateagatik? Ez dut uste aldatuko lukeenik, ahal izango balu. Gizon burutsua izango al da, aita?»

        «Ez, ene maitea; ez dut uste. Guztiz kontrakoa izango delakoan nago. Bere gutunean agertzen den morroikeria eta buruiritziaren arteko nahasketa horrek itxaropen ederrak sortzen ditu. Bera ikusteko irrikatan nago».

        «Idazketa mailan», esan zuen Maryk, «ez du ematen gutunak hutsik duenik. Olibondo abaraskaren irudia apika ez da erabat berria, baina ondo emanda dagoela uste dut».

        Lydia eta Catherinerentzat, berriz, gutunak ez idazleak ez zuten inolako interesik. Ia-ia ezinezkoa zen lehengusua jaka gorriminaz jantzita etortzea eta baziren aste batzuk beste kolorez jantzitako ezein gizonen konpainiak atseginik ematen ez ziela. Amari zegokionez, Collins jaunaren eskutitzak ia erabat ezabatua zuen gizonari zion gaitzirizko guztia, eta gizona ikusteko prestatzen ari zelarik antzematen zitzaion lasaitasunak txundituta utzi zituen senarra eta alabak.

        Collins jauna ordu-orduan heldu zen, eta etxeko guztiek gizatasun handiko harrera egin zioten. Bennet jaunak oso gutxi hitz egin zuen; damak, alabaina, nahikoa gertu azaldu ziren berbetarako, eta, Collins jaunari zegokionez, ez zuen ematen akuilu beharrik zuenik, ez isilik geratzeko gizona zenik. Hogeita bost urteko gizon altu eta sendo itxurakoa zen. Jite men eta itzaltsukoa zen eta moldeetan, berriz, oso eratsua. Haiekin jesarri zen eta, luze barik, zorionak eman zizkion Bennet andereari halako alaba familia ederra izateagatik, esanez, gainera, asko entzunda zegoela Bennet nesken edertasunaz, baina kasu horretan ospea motx geratzen zela egiaren aldean. Erantsi zuen, halaber, garaia heltzen zenean Bennet andereak alaba guztiak ondo ezkonduta ikusiko zituela, inongo dudarik gabe. Politasun hori, haatik, ez zuten oso gogara hartu entzuleetariko batzuek, baina Bennet andereak, aiko-maikorik gabe mintzatu ohi zenak, arin baino arinago erantzun zion:

        «Oso atsegina da esan duzun hori, bai jauna; eta bihotz-bihotzez nahi nuke hala gertatzea; izan ere, ezeduki askoak izango lirateke nire alabak osterantzean. Gauzak hain daude modu bitxian ezarrita».

        «Etxalde honetako maiorazkoaz ari zara beharbada».

        «Ah! Horixe baietz, jauna. Aitortu beharko duzu auzi lazgarria dela nire alaba gaixoentzat. Ez nabil zuri errurik bota nahian, mundu honetan gauza horiek denak halabeharrez gertatzen direla badakit eta. Etxaldeak maiorazkopean behin jarri ondoan, batek ezin jakin nola bukatuko ote duten etorkizunean».

        «Oso jakitun nago, anderea, nire lehengusina maiteen egoeraren estuaz, eta asko esan nezake gai horretaz, behar baino lehenago ez hitz egiteko eta azkarregi ez jokatzeko ardurak geldituko ez banindu. Baina haiek miresteko prest etorri naizela ziurta diezaieket dama gazteoi. Oraingoz ez dut gehiago esango, baina gure ezaguera sakonagoa denean, agian...»

        Bazkaritarako deiak moztu zion hitza; eta neskek elkarri egin zioten irribarre. Ez ziren eurak, ez, Collins jaunak ederresten zituen bakarrak. Gizonak etxeko sarrera, egongela eta bertako altzari guztiak aztertu eta laudatu zituen; eta gauza guztiei eman zien ontzakoak Bennet anderearen bihotza hunkituko zukeen, baldin eta Collins jauna hura guztia bere jabegokizun moduan ikusten ari zelako susmo mingarria izan ez balu.

        Zegokion unean bazkariarentzat ere izan zen laudoriorik; eta Collins jaunak bere lehengusina ederretarik zeini zor zitzaizkion bazkari bikain horren sukalde-trebeziak arren esateko eskatu zien; baina okerreko uste hori Bennet andereak zuzendu zion berehala. Nolabaiteko garraztasun batez ziurtatu zionez, Bennetarrak baziren gauza etxean sukaldari on bat izateko, eta alabek ez zuten sukaldean ezertarako ibili behar. Collins jaunak barkamena erregutu zion andereari hala nahigabetzeagatik. Bennet andereak, doinu emeagoaz, inondik ere minduta ez zegoela adierazi zuen; baina lehengusua ordu laurdenez-edo aritu zen barkamena otoi eskatzen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia