HAMABIGARREN ATALA

 

        Ahizpa biek hala erabakita, biharamunean Elizabethek gutun bat idatzi zion amari, egun horretan zehar Longbournetik kotxea bidal ziezaieten otoi eskatuz. Baina Bennet andereak, alabak hurrengo asteartera arte, hots, Janek bertan aste oso bat emanda eduki arte, Netherfielden geratuko zirelakoa zuenez, ezin ziezaiekeen alabei begitarte onik erakutsi egun hori baino lehenago. Horrenbestez, erantzuna ez zen aldekoa izan, ez Elizabethen gogokoa bederen, bera etxera itzultzeko errerik zegoen eta. Bennet anderearen oharraren arabera, asteartera arte Janek eta Elizabethek ez zuten kotxea erabiltzerik izango; eta, gainera, gutunaren post-datan adierazten zenez, Bingley jaunak eta bere arrebak luzeago geratzeko indar eginez gero, Bennet andereak ez zuen inolako arazorik izango alabez gabetuta egoteko. Baina Elizabethek oso garbi zeukan ez zela luzeago geratuko, eta, bestalde, ez zuen halako eskaerarik jasotzeko esperantza handirik; kontrara, beldur zen besteek ez ote zuten pentsatuko Netherfieldeko egonaldi hori luzeegi jotzen ari zela hartarako premiarik izan gabe, eta pentsamendu horren akuilupean, Bingley jaunari kotxea lehenbailehen eskatzeko erregutu zion ahizpari. Gauzak horrela, goiz horretan bertan Netherfield uzteko hasierako asmoari eutsi eta besteei jakinaraztea erabaki zuten, bai eta Bingley jaunari bere kotxea, esan bezala, maileguan eskatzea ere.

        Albisteak damu adierazpen ugari sortu zituen; eta biharamunera arte behintzat gera zitezen esan zirenak aski izan ziren Janek amore eman zezan; eta, beraz, hurrengo goizera arte atzeratu zen partiera. Hori ikusita, Bingley andereñoari atzerapena proposatu zutenetariko bat bera izana damutu zitzaion, ahizpa batengana zituen ezinikusia eta jelosia besteak ernarazten zion oniritzia baino handiagoak zirelako.

        Etxeko jaunak benetako nahigabea hartu zuen Bennet andereñoak hain goiz joatekoak ziren berria entzutean, eta behin eta berriz saiatu zen Jane konbentzitzen, orduan joatea berarentzat arriskutsua zela esanez, artean ez zegoela ondo osatuta. Baina zuzen zegoela uste zuenean Janek ere bazekien bereari tinko eusten.

        Darcy jaunarentzat berri onak izan ziren horiek: Elizabeth luzeegi egona zen Netherfielden. Berak nahi baino gehiago erakartzen zuen damak... eta Bingley andereñoak zakar jokatzen zuen Elizabethekin, eta ohi baino burlatiago berarekin. Erabaki zuhurra hartu zuen ondorioz: hortik aurrera ez zitzaion inolako miresmen zantzurik itzuriko, Elizabeth ezin izango zen hegaldatu berak Darcy jaunaren zorionean eraginik izan zezakeelako esperantzetan; izan ere, Darcy jauna ondo konturatuta zegoen ezen, aurreko egunetan halakorik aditzera emana baldin bazuen, azken egunean erakutsiko zuen portaerak berebiziko pisua izango zuela ideia hori indartu edo birrintzeko. Bere erabakian sendo, gizonak hamar hitz doi-doi zuzendu zizkion larunbat osoan, eta halako batean biak ordu erdiz bakarrik geratu baziren ere, Darcy buru eta belarri sartu zen bere liburuan eta begiratu ere ez zion egin Elizabethi.

        Igandean, goizeko mezaren ostean, ia-ia guztiei hain atsegina izango zitzaien banaketa gertatu zen. Azken une horietan Bingley andereñoa aldian baino aldian atseginago egon zen Elizabethekin, eta Janerekin, berriz, geroz eta maitagarriago; eta agurra ematerakoan, Netherfield zein Longbournen bera ikustea betiere zeharo pozgarria izango zela ziurtatu zion Janeri, eta lagun maitea xamurtasun handienaz besarkatu ostean, Elizabethi bostekoa eta guzti eman zion. Honek pozarren esan zion adio talde osoari.

        Amak ez zien oso harrera abegitsua egin etxean. Haien etorreraz harrituta, oso oker iritzi zien hainbat buruhauste emateagatik, eta seguruenik Janek beste katarro bat harrapatua izango zuela esan zuen. Aita, zorion adierazpenetan urri izan arren, benetan poztu zen alabak ikusteaz; jabetuta zegoen neska biek etxeko taldean zuten garrantziaz. Jane eta Elizabeth kanpoan izan ziren bitartean, etxekoek iluntzero izan ohi zuten hizketaldiak asko zuen galdua bizitasunean, eta ia-ia dena zentzuzkotasunean.

        Ohi bezala, Mary giza izaerari eta harmoniari buruzko ikasketetan buru-belarri sartuta aurkitu zuten, eta haren laburpen berriak miresteko eta moralitate higatuzko zenbait oharpen berri entzuteko paradan izan ziren. Catherinek eta Lydiak bildutako informazioa arras bestelakoa zen. Aurreko asteazkenetik gauza franko esan eta eginak ziren gudarostean; zenbait ofizial osabarekin bazkalduak ziren berrikitan, soldadu bat zigortua, eta, esamesek ziotenez, Forster Koronela ezkontzekotan omen zegoen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia