HAMAIKAGARREN ATALA

 

        Bazkariaren ostean damak altxatu zirenean, Elizabethek bere ahizparen gelara igo zuen eta, ez hozteko moduan jantzita zegoela ikusi zuenean, egongelara lagundu zion. Janeren adiskide biak zeuden bertan eta pozezko adierazpen ugarirekin eman zioten ondo etorria; eta gizonak etorri artean elkarrekin igarotako ordu osoan, Elizabethek sekulan baino atseginago antzeman zituen dama biak. Solastun trebeak ziren. Zehatz eta mehatz deskribatu ahal zituzten ikuskizun baten nondik norakoak, autu-mautuak gatzez kontatu eta euren ezagunen lepotik alaikiro barre egin.

        Baina zaldunak iritsi zirenez geroztik Jane ez zen gehiago izan arreta-gunea. Bingley andereñoaren begiak Darcyrengana zuzendu ziren berehalakoan, eta gizonak gela barrurantz urrats gutxi batzuk egin orduko Carolinek bazeukan zer edo zer gizonari esateko. Hala ere, Darcy jauna Bennet andereñoari mintzatu zitzaion aurrena zorion-agur eratsu batez; Hurst jaunak ere egin zion erreberentzia arin bat «asko pozten zela» esanez; baina benetan bero eta jariotsua Bingley jaunaren agurra izan zen. Harengan dena zen poza eta adeitasuna. Lehenengo ordu erdia sutondoko sua bizkortzen iragan zuen, gela aldaketak Janeri kalte egin ez ziezaion. Eta Bingleyk hala eskatuta, Elizabethen ahizpa sutondoaren beste aldera aldatu behar izan zen, hartara atetik urrunago egon ahal izateko. Ondoren, Bingley jauna Janeren aldamenean eseri zen eta ozta-ozta hitz egin zion beste inori. Elizabethek, euren aurreko txokoan lanean ziharduela, atsegin handiz ikusi zuen hori guztia.

        Tea bukatu zutenean Hurst jaunak joko-mahaia gogorarazi zion bere koinatari, baina alferrik. Isilpeko argibideei esker, Bingley andereñoa jakitun zegoen Darcy jaunak kartetarako gogorik ez zuela eta handik gutxira Hurst jaunak bere eskaera zuzenari ere uko egiten zitzaiola ikusi zuen. Bingley andereñoak taldeko inork jokorako asmorik ez zuela ziurtatu zion, eta taldekideen isiltasunak, itxuraz, arrazoia eman zion. Horrenbestez, Hurst jaunari sofa batean zabal-zabal eseri eta lotara jartzea beste zereginik ez zitzaion gelditu. Darcyk liburu bat hartu zuen; Bingley andereñoak gauza bera egin zuen; eta Hurst andereak, gehienbat eskuturreko eta eraztunekin jolasteaz arduratuta, bere neba eta Bennet andereñoaren arteko elkarrizketan behin eta berriro esku hartzen aritu zen.

        Bingley andereñoari Darcy jaunak bere liburuan aurrera nola egiten zuen ikusteak berea irakurtzeak bezainbeste neke ematen zion; eta etengabean ari zen zer edo zer galdetzen edo gizonaren liburuko orrialdeei begira. Alabaina, ez zuen lortzen Darcy jauna ezein solasetara ekartzea; Darcyk emakumearen itaunei erantzuna eman eta irakurketarekin jarraitzen zuen, besterik gabe. Gizonaren liburuaren bigarren alea izateagatik bakarrik zeukan berea aukeratua Bingley andereñoak eta, azkenik, liburu hartaz atsegin hartzeko ahaleginaz akiturik, aharrausi luze bat egin eta hala esan zuen: «Zein atsegingarria den gau bat honela ematea! Azken batez, nik diodan bezala, irakurtzea bezalako gozaldirik ez dago! Egia esatera, edozein gauzaz aspertzen da bat liburu batez baino askoz lehenago! Neure etxea daukadanean zeharo zorion gabea izango naiz liburutegi bikaina ez baldin badut».

        Inork ez zion arrapostu. Orduan aharrausi egin zuen berriz, liburua bazter batean utzi eta gela begiez arakatzen hasi zen jostagarri bila; bere nebak Bennet andereñoari dantzaldi baten kontuak aipatzen zizkiola entzutean, harengana ziztuan jiratu eta honela esan zion:

        «Bide batez esanda, Charles, benetan darabilzu buruan Netherfielden dantzaldi bat antolatzea? Zure erabakia hartu aurretik hemen gauden guztion iritzia eska dezazula aholkatuko nizuke; edo guztiz oker nago edo gure artean badago norbait zeinentzat dantzaldi bat, atsegin baino gehiago, zigor izango litzatekeen».

        «Darcyz ari bazara» aldarri egin zuen nebak, «gura izanez gero, ohera joan daiteke dantzaldia hasi aurretik, baina, dantzaldiari dagokionez, guztiz erabakita dago; Nichollsek behar beste zopa txuri prestatu bezain azkar, txartelak igortzen hasiko naiz».

        «Beste era batera antolatuko balira», erantzun zion arreba gazteak, «askoz ere gehiago maitatuko nituzke dantzaldiak; baina halako batzar ohiko igarobidean badago jasan ezin daitekeen zerbait gogaikarria. Eginbeharren zerrendan dantza barik hizketa jarriko balitz, askoz ere zentzuzkoagoa izango litzateke, dudarik gabe».

        «Askoz ere zentzuzkoagoa esango nuke nik ere, ene Caroline maitea, baina ez litzaioke dantzaldi bati hainbeste hurbilduko».

        Bingley andereñoak ez zuen erantzunik eman; eta geroxeago jarlekutik zutitu eta gelan gora eta behera ibiltzeari eman zion. Figura dotorea zuen, eta ibilera polita; ordea, hori guztia zuzentzen zitzaion pertsonak, Darcy jaunak alegia, bere ikasgura setatsuari lotuta zirauen. Etsirik, azken ahalegin bat egitea erabaki zuen, eta, Elizabethengana bueltatuz, hala esan zion:

        «Eliza Bennet andereñoa, jarraitu nire etsenplua eta egizu ibilalditxo bat gelan barrena. Benetan diotsut, luzaro jarrera berean eserita egon eta gero, guztiz ariketa suspergarria da».

        Elizabeth harrituta geratu zen, baina baietz esan zion segituan. Bere benetako helburuari zegokionez, Bingley andereñoaren jendetasunak ez zuen arrakasta txikiagoa izan: Darcy jaunak begiak altxatu zituen. Elizabeth bezain erne zegoen arreta-gune berri horri eta, ohartu barik, liburua itxi zuen. Bikotearekin bat egiteko gonbidapen zuzena egin zitzaion, baina gizonak uko egin zion. Esan zuenez, bi arrazoi besterik ez zitzaizkion bururatzen emakume biek gelan gora eta behera elkarrekin ibiltzea erabaki zezaten, eta haiekin elkartzeak enbarazu egingo zion hala batari nola besteari. «Zer esan nahi ote du?» Bingley andereñoa Darcy zertaz ari zen jakiteko minez hiltzen zegoen, eta, ondorioz, ea zer edo zer ulertzen zuen galdetu zion Elizabethi.

        «Fitsik ere ez», izan zen erantzuna; «baina ziur izan zaitez juzku zorrotza egin nahi digula, eta, beraz, ezertxo ere ez itauntzea izango dugula haren asmoa opor uzteko biderik egokiena».

        Bingley andereñoari, haatik, ezinezkoa zitzaion Darcy jaunaren ezein asmo opor uztea, eta, ondorenez, arrazoi bi horietaz hasi zitzaion galdezka.

        «Ez daukat eragozpen txikienik ere hori azaltzeko», esan zuen Darcyk, Bingley andereñoak berba eman bezain laster, «Ilunabarra emateko modu hori aukeratu duzue edo elkarren isilkideak zaretelako, eta orduan ezkutuko kontuak dauzkazue eztabaidagai, edo zuen figuren ederra ibileran ezin hobeto nabarmentzen dena jabetuta zaudetelako; lehenengo kasuan oztopo hutsa izango nintzaizueke; eta bigarrenean, berriz, hementxe, sutondoan eserita, askoz hobeto mirets zaitzaketet».

        «O! Ez al da laidogarria?» oihu egin zuen Bingley andereñoak. «Ez dut inoiz halako gauza itsusirik entzun. Zein zigor ezarriko diogu halako berbaldiagatik?»

        «Gogoa izanez gero, ez dago gauza errazagorik», esan zuen Elizabethek. «Denok ahal dugu elkar gogaitu eta zigortu. Emaiozu bostekoa, egizu barre haren lepotik. Lagun mamiak zaretenez gero, zelan egin jakin beharko duzu».

        «Baina, neure ohorea lekuko, ez dakit. Zinez diotsut gure adiskidantzak ez didala hori erakutsi. Gogo bareari eta odol hotzari bostekoa eman! Ez, ez... Alde horretatik, erronka haren alde dagoela uste dut. Eta barreari dagokionez, ez dugu geure burua nabarmen jarriko, ardura ez badizu, arrazoirik gabe barre egiten saiatuz. Darcy jauna lasai eta pozik egon daiteke, irabazi egin du eta».

        «Darcy jaunari ezin zaio barre egin!» hots egin zuen Elizabethek. «Dohain berezia da hori, eta berezi izaten jarrai dezan gura nuke, halako ezagun asko edukitzea galera handia izango litzatekeelako niretzat. Bihotzez maite dut barrea».

        «Bingley andereñoak», esan zuen Darcyk, «ahal denaz gaineko laudorioak egin dizkit. Txantxa egitea bizitzako lehen helburutzat daukan pertsonak gizonik jakintsuenak eta hoberenak utz ditzake barregarri, eta are gizonik jakintsu eta hoberenen ekintzak ere».

        «Bai seguru», arrapostu zion Elizabethek, «bada halako jenderik, baina ni neu horien artean ez egotea espero dut. Ez nuke nahi gauza on edo jakintsurik inoiz barregarri utzi izana. Txorakeriak eta zentzugabekeriak, kasketaldiak eta inkoherentziak dibertigarri zaizkit, onartzen dut, eta ahal dudan guztietan egiten diet barre... Baina gauza guztiok dira, suposatzen dut, zuk ez dituzunak».

        «Beharbada hori ez dago inoren esku. Baina bizitza osoan lehiatu naiz adimendu argi bat barregarri utzi ohi duten ahuldade guztiak baztertzen».

        «Hala nola hantustea eta harrotasuna».

        «Bai, hantustea benetako ahuldadea da. Baina harrotasuna... harrotasuna beti egongo da ondo neurtuta egiazko goien delegamendua dagoenean».

        Elizabethek buelta eman zuen irribarrea ezkutatzeko.

        «Darcy jaunari buruz egin duzun azterketa amaituta dago, ezta?» esan zuen Bingley andereñoak; «esan, arren, zein da ondorioa?»

        «Bete-betean nago Darcy jaunak akats bat ere ez duela. Berak aitortzen du argi eta garbi».

        «Ez», esan zuen Darcyk, «Halako askonahirik ez dut nik adierazi. Akats ugari ditut, baina ez dira, hala uste dut behintzat, adimenduzkoak. Neure izaera, aldiz, ez naiz ausartzen on egitera... Oso zorrotza dela uste dut... zorrotzegia, bai, jendearen komenentziarako. Ezin ditut besteen txorakeriak eta okerrak behar bezain azkar ahaztu, ezta neure kontrako irainak ere. Edozein gauzak ez nau hunkitzen. Arrenkuratsua esango didate apika. Neure onespena galtzen duenak betirako galtzen du».

        «Benetako akatsa duzu hori gero!», egin zuen Elizabethek aldarri. «Erruki gabeko arrangura orbana duzu pertsonaren izen onean. Baina ongi aukeratu duzu zure akats hori. Izan ere, ezin dut horretaz barre egin. Nigandik babestuta zaude».

        «Nire iritzirako edozein izaerak dauka gaitz baterako edo besterako joera, berezko akatsen baterako isuria, hezierarik onenak ere mendera ezin dezakeena».

        «Eta zeure akatsa mundu guztiari gorroto izateko joera da». «Eta zeurea», arrapostu zion gizonak irribarretsu, «mundu guztiari nahita gaizki ulertzea».

        «Entzun dezagun musika apur bat» hots egin zuen Bingley andereñoak, esku hartzen uzten ez zion solas horretaz gogaiturik. «Louisa, ez dizu ardura izango Hurst jauna esnatzen baldin badut, ezta?»

        Ahizpak ez zuen eragozpen txikienik ere izan, eta Bingley andereñoak pianoa ireki zuen. Eta Darcy, tartetxo batez pentsakor egon ondoren, ez zen horregatik penatu. Elizabethi jaramon handiegia egiteak ekartzen zituen arriskuez jabetzen hasia zegoen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia