HAMARGARREN ATALA

 

        Egun hori aurrekoa bezalatsu joan zen. Eria, astiro bazen ere, hobetuz zihoan etengabe, eta berarekin eman zuten Hurst andereak eta Bingley andereñoak goizeko zenbait ordu. Iluntzean Elizabeth haiekin elkartu zen egongelan. Ez zen, hala ere, loo mahaiaren lorratzik azaldu. Darcy jauna idazten ari zen, eta Bingley andereñoa bere ondoan zegoen eserita, gutuna aurrera nola zihoan ikusten eta, arrebari bere partez hori eta bestea esan ziezaion eskatzen ziolarik, Darcyri behin eta berriro lanaren haria galarazten. Hurst jauna eta Bingley jauna piquetean ari ziren eta Hurst anderea jokoari begira zegoen.

        Elizabethek brodatzeari ekin zion, baina Darcy eta bere lagunaren arteko gorabeherei kontu egitearekin nahikoa dosteta izan zuen. Alde batera, Bingley andereñoak amaigabeko laudorioak egiten zizkion Darcy jaunari, hala idazkeragatik nola lerroen txukuntasunagatik edota gutunaren luzeragatik; bestera, Darcy jaunak grina zipitzik gabe jasotzen zituen laudorio horiek guztiak. Elkarrizketa bitxia eratzen zuten batak eta besteak, Elizabethek bakoitzari irizten zionarekin zeharo egoki zetorrena.

        «Zelako poza emango dion Darcy andereñoari halako gutun bat jasotzeak!

        Gizonak ez zuen erantzunik eman.

        «Oso azkar idazten duzu».

        «Oker zaude. Nahikoa astiro idazten dut».

        «Zenbat gutun idatzi beharko dituzun urtean barrena! Eta negozio gutunak ere bai! Zein nardagarri egingo litzaidakeen niri!»

        «Orduan, poztekoa da halabeharrak neuri utzi izana lan hori, eta ez zuri».

        «Arren, esaiozu zure arrebari bera ikusteko irrikatan nagoela».

        «Esan egin diot behin dagoeneko, zuk hala eskatuta».

        «Susmoa dut luma hori ez zaizula gogoko. Utzidazu konpontzen. Ederto konpontzen ditut nik lumak».

        «Eskerrik asko... baina neureak nik neuk konpontzen ditut beti».

        «Nola moldatzen zara hain txukun idazteko?»

        Darcy isilik geratu zen.

        «Esaiozu zure arrebari asko poztu naizela harparekin egin dituen aurrerapenengatik, eta jakinaraziozu, arren, mahai bat apaintzeko asmatu duen marrazki txikiak tutuldurik naukala, eta Grantley andereñoarena baino mila bider hobea iruditzen zaidala».

        «Baimena emango al zenidake zure tutuldurak hurrengo gutunerako gordetzeko? Oraingo honetan ez zait lekurik geratzen beren merezimendu osoan azaltzeko».

        «O! ez dio ardurarik. Urtarrilean ikusiko dut Darcy andereñoa. Baina, beti idazten al dizkiozu halako gutun luze xarmangarriak, Darcy jauna?»

        «Luzeak izan ohi dira; ordea, ni ez naiz nor xarmangarriak diren ala ez erabakitzeko».

        «Bada, nik legetzat daukat gutun luzeak errazkiro idazten dituenak ezin duela gaizki idatzi».

        «Hitz horiek ez zaizkio Darcy jaunari eder izango, Caroline», hots egin zuen Bingley jaunak «berak ez duelako errazkiro idazten. Jo eta ke aritu ohi da lau silabako berbak ikasten. Ez al da hala, Darcy jauna?»

        «Neure idazkera oso desberdina da zure idazkeratik».

        «O!» egin zuen Bingley andereñoak aldarri, «idazterakoan Charles inon den axolagaberik handiena da. Hitzen erdiak jan egiten ditu, eta gainerakoak, berriz, zirrimarratu».

        «Nire gogoeten isuria hain arin joan ohi da, astirik ere ez baitut izaten hitzetaratzeko; ondorioz, batzuetan nire gutunek ez diete ezertxo ere adierazten hartzaileei».

        «Zure apaltasunak, Bingley jauna, agirika egin nahi lizukeen edozein ematuko luke», esan zuen Elizabethek.

        «Ez dago apaltasun itxura baino gauza engainutsuagorik», esan zuen Darcyk. «Sarri askotan besteen iritziarekiko arduragabekeria besterik ez da izaten, eta zenbaitetan zeharbideko harropuzkeria».

        «Eta biotatik zeini dagokio zure ustez oraintsu egin dudan apaltasun adierazpen txiki hori?»

        «Zeharbideko harropuzkeriari; izan ere, zure idatz akatsak gauzak azkar pentsatzearen eta zabarkeriaz egitearen ondoriotzat hartzen dituzunez, eta horri, agian estimagarri ez baina oso interesgarri behinik behin bai, irizten diozunez, harro-harro zaude huts horietaz. Zer edo zer azkar egitearen ahalmena daukanak asko balioesten du beti bere gaitasun hori, sarri askotan emaitzaren inperfekzioari konturik egin gabe. Gaur goizean Bennet andereari esan diozu noizbait Netherfield uztekotan izango bazina, erabakia hartu eta handik bost minutura joana izango zinatekeela, eta horren bitartez zelanbaiteko goratzarre edo ederkura egin nahi izan diozu zeure buruari; baina zertan da hain goraipagarri arrapaladan ibiltze hori, behar beharrezko zereginak ezinbestean egin gabe uzten dituena eta egiatan ez zuri ez besteri inolako hoberik ezin ekarri diona?»

        «E!» oihu egin zuen Bingley jaunak, «larregitxoa da goizean esandako tentelkeria guztiak gauean gogoratzea. Eta, gainera, zin egiten dut neure ohoreagatik gaur goizean neure buruaz esan dudana benetan pentsatzen nuela eta oraintxe bertan ere halaxe dudala. Hortaz, neure burua damen aurrean erakusteko bakarrik ez dut egin premia barik arrapaladan ibili ohi denarena; hori ez, behintzat».

        «Nik ere esango nuke benetan uste zenuela esan duzuna; ostera, ez dut inolaz ere garbi ikusten halako abiadan joango zinatekeenik. Zure jokabidea hain izango litzateke uneko gorabeheren menpeko, nola nire ezagueran den beste edozein gizonena; eta, zaldi gainera igotzen ari zarela bat-batean adiskide batek «Bingley, hobe zenuke datorren astera arte geratzea» esatea suertatuko balitz, segurutik hala egingo zenuke, ziur aski ez zinateke joango... eta, beste berbatan esateko, hilabete batez ere gera zintezke».

        «Horrekin», egin zuen hots Elizabethek, «Bingley jaunak bere gogo ona merezimendu osoan agertu ez duela besterik ez duzu frogatzen. Askoz ageriago jarri duzu zeuk orain berak bere burua baino».

        «Biziro estimatzen dizut nire lagunaren esanak nire izaera eztiaren laudorio bihurtzea» esan zuen Bingleyk. «Baina zainak ematen dit zaldun honen gogoan inondik inora ere ez zegoen joera bat eman diezula hitzoi; zeren eta, halako kinka batean ezezko borobila emango banu eta, zaldia hartura, ahal dudan azkarrena aldenduko banintz, Darcy jaunak iritzi ezinago hobea izango bailuke nitaz, benetan».

        «Irudituko al litzaioke orduan Darcy jaunari zure estreinako asmoei eusteko temak zurituko lukeela asmo horien arintasuna?»

        «Ezin dut auzia zehatz eta mehatz azaldu, alajaina. Darcy jaunak hitz egin dezala bere buruz».

        «Inoiz adierazi ez ditudan baina zuk leporatu nahi dizkidazun iritzien berri eman dezadan espero duzu. Eman dezagun, hala ere, kontua zuk irudikatu duzunarekin bat datorrela; hala izatera, gogoan izan behar duzu, Bennet andereñoa, Bingley jauna etxean gelditzea eta bere egitasmoak atzeratzea nahi omen duen adiskide horrek gurari bat baizik ez duela adierazi, eskaera huts bat egin duela haren egokitasunaren aldeko argudio bat ere eskaini gabe».

        «Adiskide baten eskeak eraginda gogotsu —erraz— amore ematea ez da meritua zuretzat».

        «Uste sendorik gabe amore ematea ez da inoren adimenduaren edergarri».

        «Iruditzen zait, Darcy jauna, ez duzula adiskidetasunaren eta oniriztearen eragina bat ere kontutan hartzen. Askotan eskatzailearekiko estimazioak bultza lezake pertsona bat eskaera bati gogotsu amore ematera, ustea aldatuko dioten argudioak entzun arte itxaron gabe. Ez nabil orain Bingley jaunarentzat jarri duzuna bezalako kasu zehatz batez. Beharbada, Bingley jaunak halako batean izango lukeen jokaeraren zentzuzkotasunaz eztabaidatzeko, parada hori egokitu arte itxaron beharko genuke. Baina adiskideen arteko kasu orokor eta ohikoetan, non lagun batek besteak hartutako erabaki ez oso handi bat aldatzea gura duen, gaitzetsi egingo al zenuke aldaketa horren aldeko argudioak entzun gabe, lagunaren guraria beteko lukeen pertsona?»

        «Gai honekin aurrera egin baino lehenago, ez al litzateke gomendagarria izango ados jartzea, bai eskaerari legokiokeen garrantzi maila, bai alde bien artean letzakeen intimitate neurria ere modu zehatzago batez ezartzeko?»

        «Bai, mesedez», egin zuen Bingleyk aldarri, «entzun ditzagun xehetasun guztiak, alderdi biok elkarren ondoan izango luketen altuera eta luze-zabalera oso kontutan harturik, noski; izan ere, Bennet andereñoa, horrek zuk uste ahal duzuna baino pisu handiagoa izango du eztabaidan. Benetan diotsut Darcy nirekin alderatuta halako morrosko handia ez balitz, nik ez niokeela erakutsiko diodan begiramenaren erdia ere. Zein egoeratan eta zein lekutan dagoen, aitortu behar dut ez dudala Darcy baino objektu itzelagorik ezagutzen; bere etxean egonda batez ere, eta zereginik ez daukan igande arratsetan bereziki».

        Darcy jaunak irribarre egin zuen; alabaina, nahikoa haserre zegoela ohartu zen Elizabeth; eta, ondorioz, barreari eutsi zion. Darcy jauna modu horretan apalarazteak biziki samindu zuen Bingley andereñoa, eta kontrakarra egin zion bere nebari halako zentzugabekeriak esateagatik.

        «Badakit nondik zoazen, Bingley», esan zuen bere adiskideak. «Eztabaidak ez dituzu gogoko eta oraingo hau isilarazi gura duzu».

        «Beharbada bai. Eztabaidek sesioen antz handiegia izaten dute. Asko estimatuko nizueke Bennet andereñoari eta zuri ni gelatik atera arte atzeratu nahi bazenute zeuena; orduan, nahi bestean hitz egin ahal izango duzue nitaz».

        «Nire aldetik», esan zuen Elizabethek, «horrek ez dakar inongo nekerik; eta Darcy jaunak hobe luke bere gutuna amaitzea».

        Darcy jaunak onetsi egin zuen aholkua eta gutuna bukatu zuen.

        Eginbeharra amaiturik, Darcyk erregu egin zien Bingley andereñoari eta Elizabethi musika apur batez gozatzeko aukera eskain ziezaieten. Bingley andereñoa pianorantz abiatu zen alaitsu eta, Elizabethi aurretik joateko eskaera erabidezkoa egin ostean, eta eskaera hori pareko gizalegeaz eta egia handiagoz errefusatua izan ondoren, etxeko dama gaztea pianoaren aurrean eseri zen.

        Hurst andereak ahizparekin batera kantatu zuen, eta zeregin horretan zihardutelarik, Elizabethek, pianoaren gainean zeutzan zenbait musika liburu gainetik begiratzen ari zen bitartean, Darcyren begiak zein sarritan zeuden beragan josita ohartzea beste biderik ez zuen izan. Ezin zuen bururatu zertan izan zitekeen bera halako gizon handi baten miresgarri; eta, hala ere, gizonak gogoko ez zuelako begiratzen ziola pentsatzeak are arraroagoa zirudien. Azkenean bakar-bakarrik otu zitzaion Darcy jaunak zuzentasunari buruz zituen iritzien arabera, berak gelako beste inork baino zerbait oker eta itsusgarriagoa izango zuela, eta horregatik atxikiko ziola begia. Hori pentsatzeak ez zion minik eman. Gutxiegi estimatzen zuen gizona bere onespenaz kezkatzeko.

        Italiako kantu batzuk jo ondoren, Bingley andereñoak ahaire eskoziar batez aldatu zuen musika atseginaldia; eta handik gutxira Darcy jaunak, Elizabethengana pixkanaka alboratuz, honela esan zion:

        «Ez al zara, Bennet andereñoa, reel bat dantzatzeko aukera honi eusteko irrikatan?»

        Elizabethek irribarre egin zuen, baina erantzunik eman gabe. Darcyk berriro itaundu zion, haren isiltasunaz apur bat harrituta.

        «O!», esan zuen neskak, «lehen ere entzun zaitut; baina ez dut astirik izan erantzuna erabakitzeko. Badakit baietz esatea gura zenuela, horrela nire gustuak gutxiesteko plazera hartu ahal izateko; baina oso atsegina zait halako asmoak bertan behera botatzea eta bilatutako mesprezuen eztia pertsonen ezpainetatik aldentzea. Horrenbestez, reelik ez dudala inolaz ere dantzatu nahi erantzutea erabaki dut... Eta orain, mespreza nazazu, ausartzen bazara».

        «Ez naiz ausartzen, alafede!»

        Elizabeth, Darcy mindu egingo zela uste zuenez, txundituta geratu zen pollitasun horrekin; baina neskaren izaerak —aldi berean eztia eta jostariak— lanak emango zizkion edonori haren berbekin mintzeko; eta, bestalde, Darcy sekula ez zen inongo emakumerekin Elizabethekin bezain sorgindurik egon ordura arte. Gizonak benetan uste zuen Elizabethek halako senide eta lagun xeheak izan ez balitza, bide labain xamartsuan ikus zezakeela bere burua.

        Bingley andereñoak jeloskor egoteko adina ikusi, edo susmatu zuen; eta Jane adiskide maitea sendatzeko zuen gogo handia, Elizabeth gainetik kentzeko desirak indartu zuen, zelanbait ere.

        Sarri askotan, Darcy jauna Elizabeth begi gaiztoz ikusteko zirikatu guran, Bingley andereñoa haien balizko ezkontzaz mintzatzen zen eta halako lotura batek Darcyri ekarriko zion zorionaz egiten zuen asmo.

        «Esperantza daukat», esan zion Bingley andereñoak Darcyri biharamunean, habetxoen artean paseoan zebiltzala, «gertaera desiragarri hori agitzen denean, zure amaginarrebari hitz erdiren bat esango diozula mihia lotzearen abantailen gainean; eta, lortu ahal baldin baduzu, begira itzazu neskatilak ofizialen atzetik ibiltzetik. Eta, halako gai delikatua aipatzea zilegi bazait, egin ezazu ahala zure damarengan susmatzen den zer edo zertxo hori, hantustearen eta lotsagabeziaren auzoko den hori, ondo lotuta izateko».

        «Proposamen gehiagorik nire etxeko zorionaren alde?»

        «O! bai... Eskegi itzazu izeko-osaba Philipstarren potretak Pemberleyko galerian. Jar itzazu zure osaba epaile itzaltsuaren ondoan. Lanbide berekoak dira, badakizu; maila desberdinetakoak izatea, hori guztia. Elizabethen irudiari dagokionez, hobe duzu ez enkargatzea, zeren eta, zein margolarik islatuko lituzke behar bezala begi eder horiek?»

        «Haien espresioa ispilatzea ez litzateke, jakina, erraza izango, baina kolorea eta forma, eta betileak —hain nabarmenki ederrak— hori guztiori kopiatu egin liteke».

        Orduantxe bertan beste bide batetik zetozen Hurst anderearekin eta Elizabethekin berarekin elkartu ziren.

        «Ez dut jakin paseorako zinetenik», esan zuen Bingley andereñoak urduri samarturik, berak eta Darcyk izandako azken hitzak besteek ez ote zituzten entzunda izango-eta.

        «Ikaragarri txarto ibili gaituzue», erantzun zion Hurst andereak, «ateratzekoak zinetela esan gabe ihes eginik».

        Orduan, Darcyk libre zeukan besoari helduz, Hurst andereak ibilkiderik gabe utzi zuen Elizabeth. Bidearen zabalera hiru lagun bakarrik hartzeko adinekoa zen. Darcy jauna damen zakarkeriaz ohartu eta hala esan zuen:

        «Bide hau estuegia da gu denok sartzeko. Hobe dugu etorbidera joatea».

        Baina Elizabethek, haiekin geratzeko bat ere gogorik ez zuenez, hauxe erantzun zien barreka:

        «Ez, ez; zauden zaudetenean gelditu. Talde xarmangarria eratzen duzue, eta irudi ezin hobean zarete. Laugarren lagun bat sartzeak ikusgarritasuna hondatuko luke. Gero arte».

        Orduan pozik aldendu zitzaien eta, errari zihoalarik, bizpahiru egunen buruan berriz etxean izango zelako itxaropenak alaitasunez bete zuen. Ordurako Jane askoz hobeto zegoen eta iluntzean gelatik pare bat orduz irteteko asmotan zen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia