BEDERATZIGARREN ATALA

 

        Elizabethek ahizparekin eman zuen ia gau osoa. Goizean goiz, Bingley jaunak neskame bat bidali zuen Janeren egoeraz galdetzeko, eta, beranduagoxe, Bingleyren arreben andrezain dotore biak joan zitzaizkion helburu berberaz; Elizabethek atseginez ikusi zuen batari zein besteei erantzun pozgarri bat emateko moduan zegoela. Dena dela, eriaren hoberanzkoa gora behera, Elizabethek eskatu zuen aman ohar bat bidal zekion Longbournera, Bennet anderea Jane ikusten etorri eta alabaren egoeraz bere iritzia eman zezan. Oharra berehalakoan bidali zen, eta bertan eskatzen zena abiadura berberaz bete. Etxekoek gosaldu eta geroxeago heldu zen Bennet anderea Netherfieldera, alaba gazte biak lagun zituela.

        Janerengan inolako arrisku zantzurik antzemanez gero, Bennet anderea guztiz nahigabeturik egongo zen; alabaina, gaixotasuna larria ez zela ikusteaz lasaituta, amak ez zuen Jane sendatzeko bat ere gogorik izan, gaixoa bere onera etortzeak ziurrena Netherfieldetik joan beharra ekarriko zuen eta. Ondorioz, Janek etxera joatea proposatu zionean, Bennet andereak entzun ere ez zion egin; orduantsu heldu zen botikaria eta hura ere iritzi horretako azaldu zen, halakorik egitea bat ere komenigarria ez zela adieraziz. Bennet anderea eta hiru alabak Janeren ondoan tartetxo batez eserita egon ostean, Bingley andereñoa logelara etorri zen, eta, berorrek gonbidatuta, gosari-gelara jarraitu zioten lau damek. Bingley jauna haiekin elkartu zen bertan, eta Bennet andereari esan zion alaba uste baino txarrago aurkitu ez izana espero zuela.

        «Bada, egia esan, jauna, bai» izan zen erantzuna. «Lar-lar gaixo dago inora mugitzeko. Jones jaunak esan du pentsatu ere ez dugula egin behar Jane lekuz aldatzeaz. Luzetxoago jo beharko du zuen adeitasunaz gehiegikeriaz baliatze honek».

        «Lekuz aldatzea!» egin zuen Bingleyk aldarri. «Ezta pentsatu ere. Nire arrebak ez du halakorik entzun nahi izango, dudarik gabe».

        «Ziur izan zaitezke, anderea», esan zuen Bingley andereñoak eratsu eta hotz, «gure esku dagoen guztia egingo dugula Bennet andereñoarengatik gure artean dagoen bitartean».

        Bennet andereak zabal eta luze adierazi zituen bere eskerronak.

        «Ez dakit zer izango ote zen Jane gaixoaz», erantsi zuen amak, «halako adiskide onak izan ez balitu, benetan diotsuet. Oso-oso gaixorik dago, egon ere, eta ikaragarri sufritzen ari da, hori bai, munduko eroapen handienaz, beti bezala, inoiz ezagutu dudan barrenik eztiena duelako, horretan ez dauka parerik. Askotan esan ohi diet beste alabei haren aldean ezertxo ere ez direla. Gela pollita duzu hau, Bingley jauna, eta ikuspegi xarmangarria, harri txintxarrezko bide horrena. Herri inguru osoan ez dut Netherfield bezalako lekurik ezagutzen. Ez duzu bertotik laster batean alde egiteko asmorik izango, ezta? Ez nuke halakorik nahi, etxea epe laburrerako alokatu baduzu ere».

        «Egiten dudan guztia laster batean egiten dut», erantzun zuen jaunak; «eta, horrenbestez, Netherfield uztea erabakiko banu, ziur aski bost minutuan egongo nintzateke kanpoan. Hala ere, oraingoz behintzat, berton nahikoa ezarrita nagoela uste dut».

        «Horrelakoxea egiten zintudan» esan zuen Elizabethek.

        «Ni konprenitzen hasi zara, ezta?» hots egin zuen Bingleyk neskarengana jiratuz.

        «O! bai... Ederto ulertzen zaitut».

        «Gustatuko litzaidake hori loretzat hartzea; baina, norberaren barrenean besteek hain erraz irakurtzea tamalgarria ez ote den beldurrez nago».

        «Ez, halaxe gertatzen da, besterik gabe. Izaera sakon eta katramilatsu batek ez du zertan izan zurea bezalako bat baino estimagarriago edo gutxiesgarriagoa».

        «Lizzy», agin zuen amak aldarri, «gogoan izan non zauden eta ez ezazu egin berba etxean pairatu behar dizugun modu zakar horretan».

        «Ez dut jakin giza izaeren aztertzailea zinenik», ekin zion Bingleyk segituan. «Aztertze lan jostagarria izan behar du».

        «Bai; baina izaera katramilatsuak dira jostagarrienak. Abantaila hori dute, behinik behin».

        «Herri inguruak», esan zuen Darcyk, «aztergai gutxi emango ditu, oro har, halako ikerketa lanetarako. Herri inguruko auzotegi batean oso gizarte itxi eta aldagaitzaren barruan mugitzen zara».

        «Baina jendea hainbeste aldatzen da, beti-beti aurkitzen duzu zer aztertu besteengan».

        «Horixe baietz», oihu egin zuen Bennet andereak, Darcyk herri inguruko auzotegia modu hartan aipatzeagatik haserre. «Seguru diotsut herrian badagoela esaten duzuen hori, eta hirian bezainbeste, gainera».

        Harri-harri eginda geratu ziren guztiak; eta Darcy, andereari lipar batez so egin ondoren, beste alde baterantz jarri zen isilik. Bennet andereak, gizona guztiz menderatu zuelako ustetan, bere garaiera erakusten jarraitu zuen.

        «Nik neuk ez diot Londresi herriarekiko abantailarik ikusten, dendak eta toki publikoak albora utzita. Herria askozaz ere atsegingarriagoa da, ez al da hala, Bingley jauna?»

        «Herrian nagoenean», erantzun zuen jaunak, «ez dut bertatik ateratzeko gogorik izaten; eta hirian nagoenean, gauza ber-bertsua jazo ohi zait. Bakoitzak bere aldeko gauzak ditu, eta batean zein bestean izan naiteke berdin zoriontsu».

        «Bai horretan! Gogo onekoa zarelako da hori. Baina zaldun horrek», Darcyri begira, «herria ez dauka ezertan ere, dirudienez».

        «Baina, amatxo, oker zaude», esan zuen Elizabethek amaren lotsaz gorrituta, «Txarto ulertu diozu Darcy jaunari. Bakarrik esan nahi zuen hernian ezin dituzula hirian beste lagun desberdin aurkitu, eta hori egia dela onartu beharko duzu».

        «Hala da, ene maitea, inork ez du kontrakorik esan; baina auzotegi honetan jende asko ez dagoelako kontu horretaz, nire iritzirako auzune gutxi izango dituzu hau baino handiagoak. Hogeita lau familia desberdinekin elkartzen gara gu bazkaritarako, ondo dakit nik hori».

        Elizabethekiko ardurak ez bestek eman zion Bingleyri bere buruari eusteko indarra. Haren arreba ez zen hain gisakoa izan eta esanahiz beteriko irribarre batez begiratu zion Darcy jaunari. Elizabethek, berriz, amaren gogoeten haria beste bide batetik eraman zezakeen zer edo zer esate aldera, galde egin zion ea Charlotte Lucas Longbournen izana zen bera handik ateraz geroztik.

        «Bai, atzo etorri zen bere aitarekin. Bai gizon atsegina Sir William, ez da hala, Bingley jauna? Hain da gisa oneko gizona! Hain etxeko semea! Beti izaten du bakoitzarentzako berba egokia. Horrexeri deitzen diot nik heziera ona; beren burua goi-goi eduki eta inoiz txintik ere ateratzen ez duten beste horiek dira kontua nahasten dutenak».

        «Zuekin bazkaltzen geratu zen Charlotte?»

        «Ez, etxera joan zen. Haragi xehezko opiletarako beharko zutelakoan nago. Nik neuk, Bingley jauna, beti izan ditut euren lana egiten duten zerbitzariak; neure alabak ez daude horrela hezita. Baina nork bereaz egiten du kontu, eta Lucastarrak oso neska zintzoak dira, ziur diotsut. Tamalgarria da bat ere ederrak ez izatea! Baina ez pentsa Charlotte hain dohain gabea iruditzen zaidanik, gero! Edonola ere, gure adiskide mina da».

        «Oso gazte atsegina dirudi», esan zuen Bingleyk.

        «O!, bai, maitea; baina oso grazia gutxikoa dela onartu beharko duzu. Lady Lucasek berak esaten izan du askotan, bai eta Janeren ederra dela-eta didan bekaizgoa adierazi ere. Ez dut gogoko izaten neure haurragatik harro ibiltzea baina, zalantzarik gabe, Jane... ez da bera baino itxura hobekorik sarritan ikusten. Hori esaten dute guztiek, ez nik bakarrik. Neurea amaren begia da, eta badakit. Janek hamabost urte besterik ez zituenean, gure neba Gardinerrek zaldun bat zeukan etxean, hirian, bisitari; bada, zaldun hori hain maitemindu zen gure haurrarekin, nire koinata ziur baitzen gu joan aurretik eskaintzaren bat egingo ziona. Baina, hala ere, ez zion egin. Gazteegi irudituko zitzaion beharbada. Hala ere, Janeri buruzko bertso batzuk idatzi zituen, eta ondo politak ziren».

        «Eta halaxe amaitu zen gazte haren oniritzia», esan zuen Elizabethek ezinegonaz. «Anitz izan dira, uste dut, modu bereantxe amaitu direnak. Nor ohartuko ote zen lehenengoz poesiak maitasuna uxatzeko daukan ahalmenaz!»

        «Beti pentsatu izan dut poesia maitasunaren elikagaia zela», esan zuen Darcyk.

        «Maitasuna zintzo, sendo eta osasuntsua denean, agian bai. Berez indartsu denari dena zaio bizkorgarri. Baina joera txiki eta ahula besterik ez bada, ziur daukat hamalaukune on bat nahikoa izango dela oneste hori gosez hiltzeko».

        Darcyk irribarre bakarrik egin zuen; eta ondoren sortu zen isiluneak dardaran jarri zuen Elizabeth, ez ote zuen amak bere burua ostera ere nabarmen jarriko. Berba egiteko irrikatan zegoen, baina ez zitzaion ezer gogoratzen; eta isilaldi labur baten ostean Bennet anderea berriz ere hasi zitzaion eskerrak ematen Bingley jaunari Janerekiko erakusten ari zen adeitasunagatik, bai eta barkamena eskatzen ere Lizzy hor eragozpenak sortzen egoteagatik. Bingley jaunak erantzun moduzko baina egiatia eman zion, eta arreba ere behartu zuen eraz jokatzera eta egoerak eskatzen zuena esatera. Neskak bat ere gatzik gabe jokatu zuen bere papera, baina Bennet anderea pozik gelditu zen eta handik lasterrera bere kotxea presta ziezaiotela agindu. Seinale horrekin batera, alaba gazteena besteengana aurreratu zen. Ikustaldiak iraun zuen denbora guztian neskatila biak elkarri kontu txikiak esaten egonak ziren, eta, berriketa horren ondorioz, alaba gazteenari egokitua zitzaion Bingley jaunari aurpegiratzea herrira heldu zen egunean egindako agindua bete ez izana, alegia, Netherfielden dantzaldi bat ez antolatua.

        Lydia hamabost urteko neska sendo eta ondo hazitakoa zen, aurpegi alai eta kolore ederrekoa; amaren begiko izateak gazte-gaztetandik emana zion jende arterako sarbidea. Ikaragarri bizia izanik eta burua apur bat goitxo zeukala berez, nahikoa ausarti zebilen ofizialek egiten zioten abegiagatik. Izan ere, militarren begietan Lydia oso erakargarri agertzen zen, hala osabaren bazkari ederrengatik nola neskatilaren beraren molde irekiengatik ere. Horrenbestez, ez zuen inolako lotsarik izan Bingley jaunari dantzaldiaren gaia aipatzeko, eta, hala, hitzetik hortzera gogorarazi zion egindako agindua, bere hitzari eusten ez bazion munduko lotsaririk handiena izango zela gehituaz. Bingley jaunak bat-bateko eraso horri eman zion erantzuna laztana izan zen Bennet anderearen belarriarentzat.

        «Neure konpromiso hori betetzeko erabat prest nauzu, benetan; eta zure ahizpa osatuta dagoenean zuk zeuk izendatuko duzu, gura izanez gero, dantzaldiaren eguna. Baina ez duzu dantzan egin nahi izango Jane gaixorik dagoela, ezta?»

        Lydia konforme agertu zen. «O!, bai... askoz ere egokiagoa izango litzateke Jane sendatu arte itxarotea! Gainera, ordurako Carter Kapitaina bueltan izango da Merytonen seguruenik. Eta zure dantzaldiaren ondoren» erantsi zuen, «ofizialek eurek bat eman dezaten tematuko naiz. Forster Koronelari esango diot berak bat antolatzen ez badu guztiz lotsagarria izango dela».

        Horrenbestez, Bennet andereak eta bere alabek Netherfieldetik irten zuten, eta Elizabeth Janeren gelara itzuli zen berehala, bere jokaera eta ama-ahizpena Darcy jaunaren eta etxeko dama bien jaki utzita. Emakumeek, hala ere, ezin izan zuten jauna gaitzeste horretan eurekin bat egitera bultzatu, Bingley andereñoak begi ederren gainean esandako zirto guztiak gora behera.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia