ZORTZIGARREN ATALA

 

        Bost-bostetan dama biak arropaz aldatzeko erretiratu ziren, eta sei eta erdietan Elizabethi bazkaritarako deia egin zitzaion. Erabidezko galderak goian-behean erori zitzaizkion orduan, eta Bingley jaunak egindakoetan besteenetan baino askoz ere ardura handiagoa zegoela antzeman zuen Elizabethek atseginez, baina, hala ere, ezin izan zien itaunoi erantzun lasaigarririk eman. Janek ez zuen hobera jotzen, inola ere. Hori entzunda, Bingley jaunaren arrebek zein nahigabeturik zeuden adierazi zuten hiruzpalau aldiz, eta zein gorrotagarria zen marfundiaz egotea, eta nola egiten zitzaien izugarri desatsegin gaixorik egotea; horren ostean bukatutzat eman zuten gaia; eta gaixoa aurre-aurrean ez zeukatenean emakumeok erakusten zuten axola gabeziak berritu egin zion Elizabethi haiengana hasieratik izandako ezinikusia.

        Taldekide guztien artetik Bingley jauna bakar-bakarrik har zezakeen nolabaiteko begi onez. Ageri-agerikoa zen Janeren egoeraz kezkatuta zegoela, eta Elizabethentzat berarentzat zeuzkan begiramen txit atseginei esker, andereñoa ez zen sentitzen hain arrotz nola uste zuen besteek irizten ziotela. Jaun gaztea izan ezik, inor gutxik egiten zion jaramonik. Bingley andereñoaren buru-belarriak Darcy jaunarentzat ez besterentzat zeuden erne, eta Hurst anderea ez zebilen hortik oso urrun; Hurst jaunari zegokionez, gizon sorgorra zen, jan-edana eta karta jokoa bizitzako min eta mamin zituena, eta Elizabethek ragouta baino jaki soilak nahiago zituela jakin zuenetik, neskarekin berba modurik eduki ez zuena.

        Bazkaria bukatu ondoren Elizabeth Janeren ondora bihurtu zen segituan, eta, gelatik irten bezain sarri, berataz gaizki esaka hasi zen Bingley andereñoa. Haren moduak itzel txarrak omen ziren, harrokeria eta lotsagabeziaren nahaste bat; solasbiderik ez zeukan, ez zuen estilorik, ez gusturik, ez edertasunik. Hurst anderea uste berekoa zen, eta gainera:

        «Labur esateko, ez dauka gomendagarri izateko ezertxo ere, ezpada ibiltari bikaina izatea. Ez dut sekula ahaztuko gaur goizean zuen itxura. Ia-ia basatia, benetan».

        «Horixe baietz, Louisa. Ozta-ozta eutsi ahal izan diot ustea aurpegiaz adierazteari. Hona etortzearen burugabea! Bere ahizpak goitik beherakoa harrapatu, eta horregatik bakarrik hasi behar al zuen berak ibar-mendietatik harantz eta honantz? Ile guztia txima-jarioan eta hain gorrituta, arnas beharra eta baldresa!»

        «Bai, eta gero azpiko gona; azpiko gona ikusiko zenutela espero dut, sel hatz lokatzetan sartuta, erabat ziur nago; eta berori estaltzeko beherantz utzitako gona luzea, bere zeregina betetzen ez zuela».

        «Irudi hori zehatz eta mehatza izan daiteke, Louisa,» esan zion Bingleyk, «baina hori guztia erabat oharkabean joan zait. Gaur goizean gelara sartu denean Bennet andereñoak bereziki ongi ematen zuela pentsatu dut. Ez diot erreparatu ere egin bere azpiko gona zikinari».

        «Zu ohartu egin zara, Darcy jauna, ziur naiz,» esan zion Bingley andereñoak; «eta usteak ematen dit ez zenukeela gura izango zure arreba halako modu nabarrean ikusi».

        «Ez, jakina».

        «Hiru milia, edo lau milia, edo bost milia, edo dena delakoa oinez egitea, orkatilak basatan sartuta eta lagunik gabe, lagunik bat ere gabe! Zer esan nahi zuen horrekin? Harrokeriazko burujabetza higuingarri bat erakusten duela iruditzen zait, herriko jendeak moldezkotasunari dion indiferentzia, bete-betean».

        «Ahizparekiko maitasun oso atsegingarria erakusten du,» esan zuen Bingleyk.

        «Beldur naiz, Darcy jauna,» ohartarazi zuen Bingley andereñoak ahopeka ia, «ez ote duen gorabehera honek eragin nabaria izan Bennet andereñoren begi ederrei zenien miresmenean».

        «Ez, inondik inora,» erantzun zuen gizonak, «ibiliaren ahaleginek distira berezia ematen zieten».

        Isilune txiki batek jarraitu zion solasaldiari, eta Hurst andereak ostera ekin zion.

        «Biziki gogoko zait Jane Bennet, oso neska eztia da benetan, eta bihotz-bihotzez nahi nuke maila onean ezar zedin. Baina halako aita-amekin eta halako adiskide eta senide zakarrekin, beldur naiz ez ote den ezinezkoa izango».

        «Uste dut zuri entzun nizula osaba prokuradorea dutela Merytonen».

        «Bai; eta badute beste bat Cheapside aldean bizi dena». «Bada, hori gauza funtsezkoa da,» erantsi zuen ahizpak, eta biek eman zioten gogoz barreari.

        «Cheapside osoa betetzeko adina osaba izango balute ere» hots egin zuen Bingleyk, «horrek ez luke izpi batean ere gutxituko haien maitagarritasuna».

        «Baina, munduan bat ere diren gizonekin ezkontzeko aukerak nabarmenki murriztuko lizkieke noraezean» arrapostu zion Darcyk.

        Bingleyk ez zien erantzunik eman hitzoi; baina arrebek baietz esan zioten gogotsu, eta tarte batez beren adiskide maitearen senide arruntez barreka dostatu ziren bozkarioz.

        Edonola ere, jantokia utzi zutenean xamurtasun berrituaz abiatu ziren ostera Janeren gelara, eta bertan egon ziren jesarrita kaferako deia heldu zitzaien arte. Artean ere makal zegoen, eta Elizabethek ez zuen une batez ere bakarrik utzi, harik eta, gaixoa azkenik lo ikusteagatik lasaituta, eta bera ere beheko solairura jaistea zuzenena —nahiz eta ez atseginena— izango zela iritzita, besteekin elkartzea erabaki zuen arte, ordurako ondo ilunduta. Egongelara sartu zenean looan ari ziren denak, eta mahaira gonbidatu zuten berehala; baina, dirua erruz jokatzen ari zirela susmaturik, Elizabethek uko egin zion gonbiteari eta, ahizpa aitzakia hartuta, behean eman zezakeen tarte laburrean liburu batez entretenituko zela esan zuen. Hurst jaunak zur eta lur begiratu zion.

        «Nahiago dituzu liburuak jokoa baino?» esan zuen; «bitxi samarra da hori».

        «Eliza Bennet andereñoak», esan zuen Bingley andereñoak, «gutxietsi egiten ditu karta jokoak. Irakurle amorratua da eta irakurtzean beste ezertan ez du atseginik hartzen».

        «Ez dut merezi ez baten laudorioa ez bestearen gaitzespena», egin zuen Elizabethek aldarri; «ez naiz irakurle amorratua, eta gauza askotan har dezaket atsegin».

        «Zure ahizpa jagotean bai, ziur naiz», esan zuen Bingleyk; «eta hemendik gutxira Jane ondo sendatuta ikusirik, atsegin hori handiagotu egingo delakoan nago».

        Elizabethek bihotz-bihotzez estimatu zion esandakoa, eta ondoren zenbait liburu zeutzan mahai batera hurbildu zen. Bingley prest azaldu zen berehala liburu gehiago ekartzeko; bere liburutegian zeuden guztiak.

        «Eta liburutegi handiagoa eduki nahi nuke, zeure mesedetan eta neure ohoretan; baina morroi nagia naiz ni, eta liburu asko ez dudan arren, soberan dauzkat irakurri ohi dudanerako».

        Elizabethek gelakoekin oso ondo moldatuko zela ziurtatu zion.

        «Harrigarri egiten zait», esan zuen Bingley andereñoak, «gure aitak horren liburu bilduma txikia utzi izana. Zuk, ordea, bai liburutegi bikaina daukazuna Pemberleyn, Darcy jauna!»

        «Ona beharko luke izan», erantzun zuen gizonak, «belaunaldi askoren lana izan da eta».

        «Eta gainera zuk zeuk askoz aberatsago egin duzu; liburuak erosten ibiltzen zara beti».

        «Ezin dut ulertu nola utz daitekeen bazter familia liburutegi bat gure egunotan».

        «Bazter utzi! Ziur naiz ez duzula bazter uzten leku zoragarri hartako edertasuna areagotu dezakeen ezertxo ere. Charles, zeure etxea eraikitzen duzunean Pemberleyren atseginaren erdia izan zezan gura nuke».

        «Halakoa izatea gogo nuke nik ere».

        «Baina benetan aholkatuko nizuke auzo horretantxe erostea eta Pemberley nolabaiteko eredutzat hartzea. Ingalaterra osoan ez dago Derbyshire baino konderri xarmangarriagorik».

        «Bihotz-bihotzez diotsut: Darcyk salgai jartzen badu, Pemberley bera erosiko dut».

        «Egin daitekeenaz ari naiz berbetan, Charles».

        «Neure hitza berme, Caroline, errazagoa iruditzen zait Pemberley erosketaz lortzea ezen ez imitazioz».

        Elizabeth adiegi zegoen esaten ari zenari, geratzen zitzaion arreta txikia liburuari emateko; eta handik lasterrera liburua albo batera utzita, besteak kartetan ari ziren mahaira hurreratu eta Bingley jaunaren eta arreba nagusiaren artean jarri zen, jokoari begi emateko.

        «Asko hazi al da Darcy andereñoa udaberritik hona?» esan zuen Bingley andereñoak; «ni bezain altu jarriko da?»

        «Baiezkoan nago. Oraintxe bertan, Elizabeth Bennet andereñoaren altuerakoa da, gutxi gora behera, edo altuagoa beharbada».

        «Irrikatan nago bera berriz ikusteko! Ez dut inoiz ezagutu hain xarmangarri egin zaidan pertsonarik. Halako begitartea, halako moldeak! eta hain trebatua bere adinerako! Zoragarria da pianoan».

        «Mira egiten dut», esan zuen Bingley jaunak, «nola dama gazte guztiok eduki dezakezuen behar besteko pazientzia horren trebatuak izateko».

        «Dama gazte guztiok trebatuak garela! Ene Charles maitea, zer esan nahi duzu?»

        «Bai, den-denok nire ustez. Denok pintatzen dituzue mahaiak, bionboak janzten eta txirikordazko diru-zorroak egiten. Oso dama gutxi ezagutzen dut guzti hori egiten ez dakienik, eta ziur naiz ez didatela inoiz dama gazte batez lehenengo aldiz berba egin neska hori oso trebatua dela esan gabe».

        «Ohiko trebezien zerrenda horrek», esan zuen Darcyk, «egia handia dauka bere baitan. Txirikordazko diru-zorroak egiteagatik edo bionboak janzteagatik besterengatik merezi ez duten emakume askori ezarri ohi zaie izena. Baina, dama guztien gainean duzun iritzi horri dagokionez, urrun nago zure uste berekoa izatetik. Nire ezagun guztien artean, ezin naiz harrotu benetan trebatuak diren dozena erdi dama baino gehiago ezagutzeaz».

        «Ezta nik ere, ziur naiz», esan zuen Bingley andereñoak.

        «Orduan», ohartu zen Elizabeth, «gauza asko sartu behar dira emakume trebatuari buruz daukazun ideian».

        «Bai; gauza asko sartzen dira».

        «O! jakina», esan zuen goratik haren laguntzaile leialak, «ezin da zuzentasunez trebatutzat jo normalean aurkitzen dena askorekin gainditzen ez duen inor. Izen horren adineko izateko, emakume batek ondo trebatua izan behar du musikan, kantuan, marrazkigintzan, dantzan eta hizkuntza modernoetan; eta, gainera, eitean nahiz ibileran, ahots tonuan, mintzabidean zein esamoldeetan nolabaiteko zer edo zer bat izan behar du, edo, bestela, hitza erdi merezia besterik ez da izango».

        «Guzti hori izan behar du», erantsi zuen Darcyk «eta guzti horri zerbait mamitsuagoa ere gehitu beharko dio, irakurketa zabalek bere adimenari emango dioten azkartasuna, alegia».

        «Jadanik ezin naiz harritu zuk sei emakume trebatu baino ez ezagutzeaz. Baten bat ezagutzeak harritzen nau orain».

        «Hain zara zorrotza zeure sexukoekin, zalantza egiten baituzu halakorik izan ote litekeen?»

        «Nik ez dut halako emakumerik sekulan ikusi. Ez dut inoiz ikusi halako gaitasuna, eta gustua, eta lanerako lehia, eta dotorezia, zuk deskribatu duzun moduan, dena batera».

        Hurst anderea eta Bingley andereñoa goraka hasi ziren Elizabethek aditzera ematen zuen zalantzaren bidegabetasunaren kontra, eta biak ari ziren protestaka deskribapen horrekin bat zetozen emakume asko ezagutzen zutela-eta, Hurst jaunak eginbidera deitu zienean, aurrean zeukatenaz ez arduratzeagatik kexu saminak eginez. Horrenbesterekin elkarrizketa orori amaia eman zitzaionez, Elizabethek berehala irten zuen gelatik.

        «Eliza Bennet», esan zuen Bingley andereñoak atea Elizabethen atzean itxi zenean, «dama gazte horietako bat da, alegia, beren burua beste sexukoen aurrean erakargarri egiteko euren sexukoak gutxiesten dituzten horietakoa; eta gizon askorekin ondo ateratzen dela ausartuko nintzateke esatera. Baina, nire iritzian trikimailu sastarra da hori, oso amarru petrala».

        «Ezbairik gabe», arrapostu zion Darcy jaunak, Bingley andereñoaren oharra berari bereziki baitzegoen zuzenduta, «beti egoten da petralkeria gizonak liluratzeko damek batzuetan erabili plazer dituzten amarru guztietan. Azpijokoaren antza daukan guztia mesprezagarria da».

        Arrapostu horrek ez zuen Bingley andereñoa erabat gogobete, eta gaia uztea erabaki zuen.

        Elizabeth berriz itzuli zen haiengana, baina bakar-bakarrik ahizpa txarrago zegoela esateko, eta ezin izango zuela bakarrik utzi jakinarazteko. Bingley jaunak Jones jaunaren bila norbait bidaltzea proposatu zuen premiatsu. Bere arrebek, aldiz, herritik etorritako aholku oro guztiz alferrekoa izango zela sinetsirik, hiriko osagile goi-goienetako bati espreso bat igortzea gomendatu zuten. Elizabethek ez zuen halakorik entzun ere egin gura; baina gertuago azaldu zen haien nebaren proposamena aurrera eramateko; eta horrela erabaki zen Janek argi eta garbi hobera egiten ez bazuen, goizean goiz mezulari bat bidaliko zela Jones jaunaren bila. Bingley zeharo kezkatuta zegoen; haren arrebek gogo-hilik zeudela adierazi zuten. Hala ere, afalostean binakako kantuekin gozatu zuten beren zorion-gabezia, nebak bere egonezina lasaitzeko eskura zeukan gauza bakarra egiten zuen bitartean: etxekoandreari egoki ziren aginduak eman, dama eria eta haren ahizpari behar zuten guztia ahalik eta hobetoen eman zekien.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia