ZAZPIGARREN ATALA

 

        Bennet jaunaren jabego ia osoa urtean bi mila libra ematen zizkion etxalde bat zen. Gizonezko premuen ezean eta etxeko alaben zorigaitzerako, urruneko senide bat zegoen etxaldearen jabegai izendaturik. Amaren fortunak, bestalde, bere gizarte-maila kontutan hartuta txikia ez bazen ere, nekez osa zezakeen aitaren ondasunen urria. Bennet anderearen aita prokuradorea izandakoa zen Merytonen, eta lau mila libra zizkion utziak alabari.

        Ahizpa bat ere bazuen, zeinen senarra, Philips izeneko gizon bat, euren aitaren idazkaria izana zen lehenago, eta haren ondorengoa negozioan gero. Azkenik, Bennet anderearen neba zegoen, izen oneko saleroste etxe batean lan egiten zuena.

        Longbourneko auzotik Merytonera milia bat bestetik ez zegoen, guztiz tarte egokia Bennet dama gazteentzako. Izan ere, beren izekoari eta horren etxeranzko bidean zegoen ginbail dendari zor zizkioten bisitak zirela eta, neskatilek hiruzpalau bider astean izan ohi zuten Merytonerako kilika. Familiako gazteenak —Lydia eta Catherine— ziren adeitasunezko ikustaldi horietan sarrienak. Bi horien buruak ahizpenak baino hutsago zeudenez, beharrezkoa zuten, aukera hoberik agertu ezean, Merytoneraino bidea egitea, alde batetik goizeko orduak nolabait emateko, eta, bestetik, gauean zertaz hitz egin eduki ahal izateko. Eta herri osoan albiste bat bera ere ez egon arren, beti moldatzen ziren izekoaren bitartez zer edo zer berria jakiteko. Dena dela, auzotegira berrikitan etorritako milizia-gudaroste batek ondo baino hobeto hornituta zituen neskatilak garai hartan hala albisteez nola zoriontasunez. Ofizialak negu osoa bertan ematekoak ziren eta Meryton izango zuten oste-leku nagusi.

        Horrenbestez, Philips anderearengana bisitan joatea jakingai ezinago interesgarrien iturburu bihurtu zen. Neskatilek egunero-egunero ikasten zuten zerbait berria militarren izenez edo haien harremanez. Ez zitzaien luzaro ezkutatu gizonen ostatua non zen, eta denbora aurrera ahala euron ezaguera egiten ere hasi ziren. Philips jauna guztiengana joan ohi zen ikusi bat egiten, eta, horren bidez, ordura arte ezezaguna zitzaien zorion-iturri bat ireki zien ilobei. Militarrak besterik ez zuten ahotan; eta Bingley jaunaren fortuna handia, aipatze soilak Bennet andereari begiak argitzen zizkiona, hutsa zen neskatilen begietan, soldadu baten uniformearekin alderatuz gero.

        Goiz batean, guzti horrek alaba gazteenei sortzen zien berba leunen jarioa entzunik, honako ohar hau egin zuen Bennet jaunak hoztasunez:

        «Zuen hizkera modua aintzat hartuz ikasi ahal izan dudanez, herriko neska tentelenetako bi izan behar duzue. Aspaldidanik nuen susmoa, baina orain ziur nago».

        Catherine harrituta geratu zen, eta ez zuen erantzunik eman; baina Lydiak, erabateko indiferentziaz, Carter Kapitainak sortzen zion miresmena adierazten jarraitu zuen, esanez irrikatan zegoela ofiziala egun hartan ikusteko, hurrengo goizean Londreserako baitzen gizona.

        «Harri eta zur utzi nauzu, ene maitea,» esan zuen Bennet andereak, «zeure alabak tenteltzat hartzeko hain pronto zaudela ikusita. Inoren seme-alabei irain egiteko gogorik banu, neureak, behintzat, ez nituzke hautatuko».

        «Bada, neure alabak tentelak baldin badira, horren jakitun egon gura nuke beti».

        «Bai, baina gertatzen da, ene maitea, oso argiak direla guzti-guztiak».

        «Horixe da —hala nahi dut pentsatu— gu biok bat ez gatozen puntu bakarra. Geure aburumenak auzi orotan bat etortzea gura izango nukeen, baina, honaino bederen, zureaz bestelako iritzia eduki beharra daukat arazo honetan, gure alaba gazteenak marraz gaineko kaikuak direla uste dudanez».

        «Ene Bennet jaun maitea, ezin diezu halako neskatxei aita edo amaren besteko adimena izatea eskatu. Gure adinekoak direnean ez dut uste ofizialez guk baino gehiago pentsatuko dutenik. Gogoan dut niri neuri jaka gorriak oso-oso gustuko zitzaizkidaneko garaia... eta oraindik ere hala zaizkit, neure barru-barruan; eta koronel gazte dotore batek, urtean bospasei mila irabazten duenak, nire nesketako bat nahi izango balu, ez nioke jajai esango; eta lehengo gauean, Sir Williamenean, Carter Kapitainak bere uniformeaz oso ondo ematen zuela iruditu zitzaidan».

        «Amatxo», egin zuen Lydiak aldarri, «izekok esan du Forster Koronela eta Carter Kapitaina orain ez direla joaten Watson andereñoarenera aurreneko aldiz etorri zirenean bezain sarri; orain Clark liburu-dendan ikusi ohi ditu sarritan».

        Bennet andereak ezin izan zion erantzun, orduantxe bertan Bennet andereñoarentzako gutun bat zekarren mezulari bat heldu zen eta; Netherfieldetik zetorren eta erantzunaren zain zegoen. Bennet anderearen begiek diz-diz egin zuten atseginez, eta alabak gutuna irakurtzen zuen bitartean, gogo-gogotik aritu zitzaion aginduka:

        «Tira, Jane, nork bidali du? Zer da? Zer dio? Tira, Jane, azkar bukatu eta esaguzu; lehiatu, laztana».

        «Bingley andereñoarena da» esan zuen Janek, eta ozenki irakurri zuen.

 

        Lagun maite hori,

        Gaur Louisa eta biokin bazkaltzeko errukia erakusten ez baduzu, bizitza osoan elkar gorrotatzeko arriskutan izango gara, emakume bik ezin dutelako egun oso batez tête-à-tête egon okasiorik sortu gabe. Gutun hau jaso eta ahal duzun lasterrena etorri. Gure neba eta gainerako zaldunak ofizialekin bazkaltzeko dira. Zurea orain eta beti,

        CAROLINE BINGLEY

 

        «Ofizialekin!» egin zuen Lydiak oihu. «Oso arraroa da izekok horretaz ezer ez esana».

        «Kanpoan bazkaltzera», esan zuen Bennet andereak, «bai zorte txarra».

        «Kotxea eraman dezaket?» esan zuen Janek.

        «Ez, maitea, hobe duzu zaldi gainean joatea. Badirudi euria dakarrela eta bertan eman beharko duzu gaua».

        «Ideia ona izango litzateke hori», esan zuen Elizabethek, «etxeratzeko modurik emango ez diotena ziur egongo bazina».

        «O! Baina zaldunek Bingley jaunaren kalesa erabiliko dute Merytonera joateko, eta Hurstarrek ez daukate bererik».

        «Nahiago dut kotxea eraman».

        «Baina, ene maitea, ziur naiz aitak ezin dizkizula zaldiak utzi. Landetxean behar dituzte, ez al da hala, Bennet jauna?»

        «Behar bai, askotan; zuek gutxitan utzi, ordea».

        «Baina gaur eskatzen badituzu, aita,» esan zuen Elizabethek, «amak nahi duena gertatuko da».

        Azkenean, zaldiak konprometituta zeudela onarrarazi zion amak aitari. Beraz, Jane zaldiz joatera behartua izan zen eta amak ateraino lagundu zion, eguraldi txarrari buruzko pronostiko alai ugari egiten zituela. Eta bete egin ziren, ondo bete ere, haren gurariak; Janek etxetik irten eta berehala, gogoz hasi zuen euria. Ahizpak urduri zeuden beragatik, baina ama oso pozik zegoen. Atertu barik izan zen euria gau osoan. Egiaz, Janek ez zuen etxera itzultzerik izango.

        «Ideia ona eduki dut, benetan!» esan zuen Bennet andereak behin baino gehiagotan, euria izatearen merezimendua berea balitz bezala. Hala ere, biharamun goizera arte ez zen benetan jabetu bere trikimailuaren arrakastaz. Gosaria bukatu eta bateratsu, Netherfieldetik etorritako zerbitzari batek honako ohar hau ekarri zuen Elizabethentzat:

 

        Ene Lizzy maite-maiteena,

        Gaur goizean ez nago bat ere ondo, atzo busti izanari zor zaion gauza, nire ustetan. Nire lagun atseginok ez dute ezertxo ere entzun nahi ni etxera itzultzeaz hobeto ez nagoen arte. Jones jaunak ikusi behar nauela ere ari dira esan eta esan, eta, beraz, ez zaitezte ikaratu nigana etorri dela entzuten baldin baduzue. Gainerakoan, sama garramatua eta buruko mina kenduta, ez da nitaz kezkatzeko arrazoirik.

        Zurea orain etab.

 

        «Ederto, ene maitea,» esan zuen Bennet jaunak Elizabethek oharra ozen irakurritakoan, «zure alaba gaixoaldi larriak joko balu, hilko baldin balitz, hori guztia Bingley jauna harrapatu nahirik eta zure aginduz gertatu dela jakiteak bihotza berotuko liguke beti ere».

        «O! Ez naiz ni horren beldur. Inor ez da hiltzen goitik beherako ttipi eta ezdeus bategatik. Ondo zainduko dute. Hor dagoen bitartean ederto doa guztia. Kotxea hartu ahal banu, ikustaldia egiten joango nintzaioke».

        Benetan kezkatuta, Elizabeth ahizparengana joatera deliberatuta zegoen, kotxea erabilgarri egon ez arren; eta zaldi gainean ibiltzen ez zekienez, oinez joatea zuen aukera bakarra. Hala adierazi zien besteei.

        «Nola izan zintezke hain tentela!», hots egin zion amak. «Dagoen basa guztiaz halakorik pentsatzea ere! Hara heltzerakoan ez zinateke inork ikusteko itxuran egongo».

        «Janek ikusteko moduan egongo naiz, eta hori da nahi dudan guztia».

        «Niretzako al da piko hori, Lizzy?,» esan zion aitak, «zaldiak ekartzeko agindua eman dezadan?»

        «Ez, noski. Ez nabil ibilaldiari itzuri egiten. Arrazoi sendoa edukiz gero, urrun joan beharra ez da oztopo; hiru milia besterik ez. Bazkaritarako bueltan egongo naiz».

        «Mira egiten diot zure ongiletasunaren biziari,» egin zuen Maryk ohar, «baina arrazoimenak gidatu beharko luke sentimenduek eragindako joera oro; eta, nire aburuz, lanak beti izan beharko luke lortu gura den helburuaren neurriko».

        «Merytoneraino lagunduko zaitugu,» esan zuten Catherine eta Lydiak. Elizabethek ondo iritzi zion eta hiru dama gazteek elkarrekin irten zuten.

        «Lehiatzen bagara,» esan zuen Lydiak, bidean aurrera zihoazela, «agian Carter Kapitaina ikusiko dugu Londresera joan baino lehen».

        Merytonen banatu ziren; gazteenek, ohi bezala, ofizialetako baten emaztearen bizilekurantz egin zuten, eta Elizabeth bideari lotu zitzaion bakar-bakarrik, zelai bat bestearen ostean urrats armez zeharkatuz, hesien gainetik jauzi eta putzuen gainetik salto, ezinegonaren kemenaz. Azkenean, etxearen zantzua hartu zuenerako, nekatuta zituen orkatilak, zikin galtzerdiak eta aurpegia, berriz, gorri-gorri eginda, ahaleginaren poderioz.

        Jane izan ezik, denak zeuden gosari-gelan bilduta eta, zerbitzariak Elizabeth haiengana eraman zuenean, zeharo harrituta geratu ziren bertan ikusteaz. Hurst andereak eta Bingley andereñoak nekez sinetsi ahal zuten Elizabethek hiru miliako bidea egina izan zezakeenik goizeko ordu horietan, lagunik gabe eta halako eguraldi lohiaz; eta Elizabeth ziur izan zen gutxiritzi egiten ziotela horregatik. Edonola ere, guztiz harrera moduzkoa egin zioten, eta haien nebaren trataeran modu egokiak baino zerbait hobea antzeman zuen: gogo alaia eta atsegintasuna. Darcy jaunak ez zuen ia berbarik esan, eta Hurst jaunak bat ere ez. Lehenengoak bi aldetara zeukan gogoa: batetik, ederretsi egiten zuen bideko eginahalak dama gaztearen berezko koloreari emandako distira, eta, bestetik, duda egiten zuen ba ote zen arrazoi nahikorik egongo halako bide luzea bakardadean egiteko. Bigarrenak, Hurst jaunak alegia, bere gosaria besterik ez zuen buruan.

        Elizabethek ez zuen oso erantzun pozgarririk jaso Janez galdetu zuenean. Ez zuen gauean lo onik egin eta orduantxe jaikita bazegoen ere, sukarrak eta ondoezak eragotzi egiten zioten gelatik irtetea. Elizabethen pozerako, berehala eraman zuten gaixoaren gelara, eta Janek atsegin betea hartu zuen ahizpa gelan sartzen ikustean. Izan ere, Bennet andereño nagusia halako bisita baten irrikatan egona zen, eta etxera bidalitako oharrean halakorik jarri ez baldin bazuen, inor ez kezkatzeko eta arazorik ez sortzeko izan zen bakar-bakarrik. Alabaina, Janek ezin zuen asko hitz egin eta, Bingley andereñoak ahizpa biak bakarrik utzi zituenean, ez zuen gauza handirik esaterik eduki, Netherfieldeko guztiak beragana erakusten ari ziren adeitasuna eskertzeko hitz batzuetatik aparte. Elizabethek isilik entzun zion.

        Gosaria bukatuta, Bingley ahizpak haiekin elkartu ziren; eta Janerekin zein maitagarri eta arretatsu aritzen ziren ikusita, Elizabeth ere hasi zen emakumeei aurpegi ona egiten. Botikaria etorri zen gero, eta, gaixoa aztertu ondoren, marranta ederra harrapatua zuela esan zuen, eta, suposa daitekeen bezala, eritasunari gaina hartzen dendatu behar zirela; berriz oheratzeko aholkua eman zion Janeri, eta beranduago botika batzuk ekarriko zizkiotela agindu. Aholkua berehala bete zen, sukar zantzuak gero eta nabariago zirelako eta Janek buruko min handia zeukalako. Elizabeth ez zen gelatik une basez ere atera, eta beste damak ere ez ziren handik oso sarri aldendu. Egia esan, gizonak kanpoan egonda, ezer gutxi zuten beste inon egiteko.

        Hirurak jo zutenean joateko ordua zuela ohartu zen Elizabeth, eta, bihotz-minez, hala adierazi zien besteei. Bingley andereak kalesa eskaini zion, eta ez zuen indar handirik egin behar izan Elizabethek onar zezan. Baina orduan Janek halako gaina azaldu zuen ahizparekin batera joateko, non Bingley andereñoak kotxearen eskaintzaren ordez Netherfielden geratzeko gonbidapena egin behar izan zion Elizabethi. Bennet gazteak baietza eman zuen eskerronean, eta, horrenbestez, zerbitzari bat Longbournera abiatu zen, hangoak azken erabakiaren jakitun ipintzeko eta Elizabethen jantzi batzuk ekartzeko.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia