SEIGARREN ATALA

 

        Longbourneko emaztekiak berehala joan ziren Netherfieldera eskumuinak ematen, eta bisitaldia zegokion moduan itzuli zitzaien. Bennet andereñoaren trataera goxoak sendotu egin zuen Hurst andereak eta Bingley andereñoak beragana erakutsitako begi ona; eta, Janeren ama jasanezina iruditu bazitzaien ere, eta ahizpa gazteekin hitz egitea hutsaren pare, bi alaba nagusien ezaupidea irmotzeko nahia adierazi zuten. Janek atsegin handiz hartu zuen adeitasunaren zeinu hori, baina Elizabethek artean uste zuen emakumeok goitik behera begiratzen ziotela jende guztiari, ia-ia bere ahizpari ere bai, eta horregatik ezin zituen begi onez ikusi. Dena dela, Janerekiko abegiak, hutsaren hurrengo izanda ere, bazuen gauza onik, seguruenik haien nebaren mirespenak eragindakoa izatea, alegia. Bingley jauna eta Jane elkarrekin egokitzen ziren bakoitzean ageri-agerikoa zen gizonak neska miresten zuena. Era berean, Elizabethentzat garbi zegoen bere ahizpa amore ematen hasia zitzaiola Bingleyrengana hasiera-hasieratik loratu zitzaien zaletasunari, eta burutik oin puntetara maitemintzeko bidea zeramala. Baina, Elizabethek atsegin handiz pentsatu zuenez, hori ez zen izango, segur aski, mundu guztiak igartzeko gauza, zeren Janeren baitan, sentimendu indartsuez batera, izaera barea eta aldarte beti alaia batzen ziren, eta horrek muturluze guztien susmoetatik zainduko zuen. Guzti horretaz hitz egin zion Elizabethek bere adiskide Lucas andereñoari.

        «Ondo egon daiteke,» erantzun zion Charlottek, «halakoetan norberaren gogoa ingurukoen esanetatik aparte gorde ahal izatea; baina batzuetan desabantaila ere bada hain begiratu jokatzea. Emakume batek trebetasun berberaz ezkutatzen badio bere joera inguruko jendeari eta maitasuna sorrarazi dionari, gizon hori harrapatzeko aukera gal dezake; eta orduan kontsolamendu gutxikoa izango zaio mundua gizona bezain barau geratu dela pentsatzea. Beste inorekiko atxikimendua sortzerakoan hain izan ohi dute zerikusi handia eskerronak edo harrokeriak, ez baita oso ziurra izaten lan guztia sentimenduei uztea. Berez hasi ahal gara denok lehenengotan, baina oso gutxi dira inork haria eman gabe benetan maiteminduta egoteko besteko bihotza dutenak. Hamarretatik bederatzitan emakumeak hobe du sentitzen duena baino maitasun handiagoa erakustea. Bingley jaunari gustatu egiten zaio zure ahizpa, dudarik gabe, baina horretantxe gera daiteke betirako, Janek laguntzen ez badio».

        «Ordea, bere izaerak uzten dion neurrian, lagundu egiten dio. Nik igartzen baldin badut Bingleyk dion estimazioa, inuzente hutsa izan beharko du gizonak bera ere ez konturatzeko».

        «Gogoan izan, Eliza, berak ez duela Janeren izaera zuk bezala ezagutzen».

        «Baina emakume bat gizon baten zale baldin bada eta gainera ezkutatzen ahalegintzen ez bada, orduan gizonak berak antzeman behar du».

        «Bai, beharko du... neska ikusteko aukerarik baldin badauka. Baina, Bingleyk eta Janek elkar ikusi ohi badute ere, ez dira inoiz oso luze elkarrekin egoten; eta, gainera, denetariko jendea biltzen den batzar handietan elkartzen direnez beti, ezin dute denbora guztian eurak biak berbetan egon. Horrenbestez, Janek onura handiena atera beharko lioke Bingleyren arreta beregana dezakeen ordu erdi bakoitzari. Astia izango du nahi beste maitemintzeko gizona seguru daukanean».

        «Ez da plan txarra zurea,» arrapostu zion Elizabethek, «baldin eta auzi guztia ezkontza ona egiteko asmoa bada; eta senar aberatsa, edo edozein senar, harrapatzera deliberatuta egongo banintz, erabili ere egingo nukeela ausartuko nintzateke esatera. Baina ez dituzu halakoak Janeren sentimenduak; bera ez dabil inongo asmorekin. Oraindik ezin du garbiro jakin norainokoa den bere oniritzia, ez eta zentzugabea ote den ere. Duela hamabost egun bakarrik ezagutzen du. Lau aldiz egin zuen harekin dantzan Merytonen; goiz batean ikusi zuen haren etxean, eta harrez gero lau aldiz izan dira bazkarikide, beste pertsona batzuekin batera. Hori ez da nahikoa gizonaren izaeraz jabetzeko».

        «Zuk azaldu duzun moduan ez. Harekin bazkaldu besterik egin ez balu, gizona jangura zen ala ez jakin ahal izango zukeen bakarrik; baina gogoratu behar duzu lau ilunabarretan izan direla elkarrekin... eta lau ilunabar askotxo izan daiteke».

        «Bai; lau ilunabarrok aukera eman diete biek Vingt-Un Commerce baino maiteago dutela ikusteko; baina bestelako ezaugarri funtsezkoei dagokionez, ez dut uste estalpeko asko azaleratu direnik».

        «Ederto», esan zuen Charlottek, «bihotz-bihotzez opa diot ondore ona Janeri; eta gainera esango nuke gizonaren izaera aztertzen urtebetez jardun, zein bihar bertan ezkondu, zoriontsu izateko aukera berberak izango lituzkeela. Ezkon bizitzako zoriona halabehar hutsa da. Ezkondu aurretik alde biek elkar oso ondo ezagutu arren, edo bi-biak biziki antzekoak izanagatik ere, horrek ez du haien zoriona izpi batean handitzen. Denbora aurrera ahala, bien izaerak beti urruntzen dira elkarrengandik, bakoitzak dagokion sumindura partea izateko bezainbeste; eta hobe da bizitza osoa zurekin pasatuko duen pertsonaren akatsez ahalik eta gutxiena jakitea».

        «Barregura ematen didazu, Charlotte, baina hori ez duzu arrazoi. Badakizu arrazoi ez dena, eta zuk zeuk ez zenukeela inoiz horrela jokatuko».

        Bingley jaunak Janerekiko zituen begiramenak zaintzeari lotuta egonda, Elizabethek ez zuen susmatu ere egiten Bingleyren lagunaren begietan bera sortzen ari zen lilura. Hasieran Darcy jaunak doi-doi onartu zuen Eliza polita izan zitekeela. Dantzaldian ez zion inolako miresmenik sortu, eta berriz ikustea suertatu zitzaionean akatsak bilatzeko baino ez zion so egin. Baina bere buruari zein adiskideei Elizabethek aurpegiera politik ere ez zeukala garbi utzi zieneko, emakumearen begi ilunen eite ederrak oso buru argia salatzen zuela antzematen hasi zen Darcy jauna. Beste aurkikuntza batzuk, lehena bezain mingarriak guztiak, etorri ziren ondorenean. Darcyren begi zorrotzak neskaren gorpuzkeran osoko simetria apurtzen zuten akats bat baino gehiago aurkituak bazituen ere, emakumeak figura lirain eta atsegina zuela onartu behar izan zuen noraezean. Eta Elizabethen moldeak jende finarenak ez zirela esana zuen arren, haren izaera zabal eta jostariaren gatibu ikusi zuen bere burua. Elizabeth ez zegoen honen guztiaren jakitun, noski; berarentzat Darcy jauna leku guztietan desatsegin agertzen zen gizona besterik ez zen, eta berarekin dantzan egiteko bezain eder iritzi ez ziona.

        Neska hobeto ezagutzeko gogoa piztu zitzaion Darcyri eta, harekin hitz egiten hasteko lehen urratsa egin guran, Elizabethen eta taldeko beste batzuen arteko solasa entzuten jarri zen. Elizabeth berehala ohartu zen. Talde handi bat zegoen bilduta egun hartan Sir Williamen etxean.

        «Zertan dabil Darcy jauna,» esan zion Charlotteri, «Forster Koronelarekin berbetan nagoela gure solasa entzuten?»

        «Galdera hori Darcy jaunak bakarrik erantzun dezake».

        «Bada, berriro egiten badu, benetan diotsut aditzera emango diodala konturatu egin naizena. Oso begi isekaria dauka eta, lotsabako jartzen aurrea hartzen ez badiot, berehala hasiko natzaio ikara hartzen».

        Berehala hurreratu zitzaien Darcy ostera ere, baina hitz egiteko inolako asmorik agertzen ez zuela ikusita, Lucas andereñoak desafio egin zion bere adiskideari zer edo zer esan ziezaion. Lagunaren akuiluak bultzaturik, Elizabethek buelta eman eta hala mintzatu zen:

        «Ez al duzu uste, Darcy jauna, txitezko moduan mintzatu naizela Forster Koronela Marytonen dantzaldi bat antolatzeko zirikatzen aritu naizenean?»

        «Oso bizi... baina gai horretaz hitz egiteak bizitasuna ematen die beti damei».

        «Oso zorrotza zara gurekin».

        «Elizabeth bera zirikatuko dugu berehala» esan zuen Lucas andereñoak. «Instrumentua zabaltzera noa, Eliza, eta badakizu gero zer datorren».

        «Adiskide izateko modu bitxia duzu! Beti nire atzetik guztien eta edonoren aurrean pianoa jo eta kanta dezadan! Nire harro-nahiak musikaren bidea hartu izan balu, ezin baliotsuagoa izango zinateke, baina, gauzak diren bezala, nahiago nuke jesarri behar ez izatea benetako kantari on-onak entzuten ohituta daudenen aurrean». Alabaina, Lucas andereñoak bereari eusten zionez, honela jarraitu zuen Elizabethek, «Oso ondo; hala behar badu, hala izango da». Eta seriotasun handiz Darcy jaunari begira, «Badago atsotitz polit bat hemen gauden guztiok duda gabe ezagutzen duguna: «Gorde ezazu arnasa salda hozteko», eta nik kanta puzteko gordeko dut neurea».

        Emanaldi atsegina eskaini zuen, baina ez, inondik ere, txitezkoa. Kanta bat edo biren ostean, eta berriz abesteko batzuek egin zizkioten erreguei erantzuteko denbora eduki baino lehenago, bere ahizpa Maryk hartu zuen gogotsu Elizabethen lekua pianoan. Begien mesederako dohainik ez zuen bakarra izanik familian, Bennet gazteak lan gogorra zeukan egina bere burua jakituriaz eta trebeziez janzteko, eta beti egoten zen ikasitako guztiak erakusteko prest.

        Maryk ez zuen ez argitasunik ez gusturik, eta, handinahiak behargina egin bazuen ere, emanak zizkion, era berean, harroputzaren trazak eta burgoiaren moldeak, nahikoa izango zena berak lortutakoa baino trebetasun handiago bat hondatzeko. Abildade erdiaz ere jo ez arren, Elizabethi askoz atsegin handiagoz entzun zioten denek, izatez zabala eta furfurigabea zelako.

        Concerto luze baten ondoren, eta ahizpa gazteen eskariaz, Mary pozik azaldu zen laudorio eta eskerronezko hitzen truke ahaire eskoziar eta irlandarrak eskaintzeko, eta horrela Bennet neskatilek dantzari ekin zioten gelaren bazter batean, Lucastar zenbaitekin eta bizpahiru ofizialekin.

        Darcy jauna zutik zegoen haiengandik hurbil, ilunabarra emateko modu horrek, solasaldi oro baztertzen zuenak, sortzen zion isilpeko erresuminak hartuta. Hain zegoen bere gogoetatan buru belarri sartuta, ez baitzen ohartu aldamenean Sir William Lucas zeukanik, harik eta Sir William bera mintzatzen hasi zitzaion arte.

        «Hau dibertimendu xarmangarria gazte jendearentzat, Darcy jauna! Azken batean, dantza bezalakorik ez da munduan. Gizarte ongi hezien finezia ezaugarri goi-goienetakotzat daukat nik».

        «Bai, Sir. Eta badu beste abantaila bat, alegia, munduko gizarte zabarrenetan ere oso zabalduta egotea; edozein basajendek daki dantzan».

        Sir Williamek irribarre egin zuen soil-soilik. «Zure adiskideak ederki egiten du;» jarraitu zuen isilune baten ondoren, Bingley jauna dantzarien taldearekin batzen ari zela ikusita. «Eta ziur nago zeu ere iaioa zarela zientzia horretan, Darcy jauna».

        «Merytonen ikusi ninduzula uste dut, Sir».

        «Hala da, bai, eta ikustaldiak ez zidan atsegin txikia eman. Sarri egiten al duzu dantzan Saint Jamesen?»

        «Inoiz ez, Sir».

        «Ez al duzu uste lekuari zor zaion legezko konplimendua dela?

        «Ahal izanez gero, inongo lekuri egiten ez diodan konplimendua da, Sir».

        «Hirian duzu etxea, beraz?»

        Darcy jaunak baiezkoa egin zuen.

        «Nik ere izan nuen garai batean Londresen ezartzeko asmoa... estimatu egiten baitut goi mailako jendea; baina ez nengoen oso ziur Londreseko giroak ondo egingo ote zion Lady Lucasi».

        Sir William une batez gelditu zen, erantzunaren zain. Alabaina, bere mintzaideak ez zuen arrapostu ematekorik egin, eta, orduantxe bertan Elizabeth haienganantz zetorrela ikusirik, Sir Williamek zer edo zer oso galantea egiteko irrika sentitu zuen bat-batean, eta deitu egin zion.

        «Eliza andereño maitea, nola ez zaude dantzan? Darcy jauna, utzidazu dama gazte hau zuri aurkezten: dantzakide ezin hobea duzu. Ziur naiz honenbesteko edertasuna aurrean, ezin izango diozula uko egin dantzari». Eta, neskaren eskua hartuz, Darcy jaunari ematekoa egin zuen. Gizona, erabat harrituta egon arren, ez zen uzkur agertu Elizabethen eskua jasotzeko, baina emakumeak atzera eraman zuen bat-batean, eta, pixka bat asaldaturik, honela esan zion Sir Williami:

        «Egia esan, Sir, ez daukat dantza egiteko asmo txikienik ere. Arren eskatuko nizuke ez pentsatzeko dantzakide baten eske etorri naizenik».

        Darcy jaunak bere eskua jasotzeko ohorea eskatu zion serio eta zuzen; baina alferrik. Elizabethek erabakita zuen. Eta Sir Williamen saioek ere ez zuten lortu haren deliberamendua apurño bat ere aldatzea.

        «Hain zara dantzari bikaina, Eliza andereñoa, krudelkeria duzu zu ikusteko zoriona niri ukatzea; eta jaun honek dibertimenduak oro har maite ez baditu ere, ziur naiz ez duela eragozpenik jarriko gu bioi ordu erdi batez plazer hori emateko».

        «Darcy jauna dena da adeitasuna,» esan zuen Elizabethek irribarrez.

        «Horixe badela; baina eragilea kontutan hartuta, Eliza andereño maitea, ezin miretsi gaitzake haren begitarte onak; zeren, nork jar liezaioke oztoporik halako dantzakide bati?»

        Elizabethek maltzur begiratu zien eta, buelta emanda, joan egin zen. Bihurri egite horrek ez zuen jaun gaztea haserrarazi; kontrara, Darcy nolabaiteko atseginez ari zen neskaz pentsatzen Bingley andereñoa gainera etorri zitzaionean.

        «Badakit gogoa zertan duzun».

        «Ez dut uste».

        «Gogoan hartzen ari zara zein jasanezina izango litzatekeen honelako gau asko eman beharra... honelako gizarte batean; eta batto nator zurekin. Ez naiz inoiz hainbeste aspertu! Alde batean gazbakotasuna, eta bestean harrabotsa; jende guzti honen ezdeusa, eta, hala ere, euren buruari ematen dioten ospea! Edozer emango nuke zu haiei erakutsia ematen ikusteagatik!»

        «Zure uste hori guztiz oker dago. Ziur egon zaitezke. Lan atseginago batean zegoen sartuta nire gogoa. Emakume polit baten musuan pare bat begi eder ikusteak eman dezakeen gozoaz ari nintzen oldozten».

        Bingley andereñoak gizonaren aurpegian josi zituen begiak ziplo, eta halako gogoetak eragiteko merezimendua zuen dama hura zein zen jakiteko gogoa adierazi zion. Darcy jaunak hala erantzun zion ausardia handiz:

        «Elizabeth Bennet andereñoa».

        «Elizabeth Bennet andereñoa!» esan zuen Bingley andereñoak ostera ere. «Zur eta lur naukazu. Eta noiztik izan du lehentasunezko leku hori? Eta, mesedez... noiz opa beharko dizkizut zorionak?»

        «Horixe da zugandik itxaroten nuen itauna. Dama baten irudimena oso azkarra da; miresmenetik maitasunera egiten du jauzi, eta maitasunetik ezkontzara, dena istant batean. Banekien zorionak opa izango zenizkidala».

        «Tira, hain serio hartzen baduzu auzia, guztiz erabakitzat izango dut nik ere. Amaginarreba ezinago xarmangarria izango duzu, eta, jakina, Pemberleyn izango da beti zurekin».

        Andereñoa horrela dibertitzen zen bitartean Darcyk erabateko indiferentziaz entzuten zion, eta, gizonaren lasaitasunak arriskurik ez zegoela sinestarazi zionez, luze jo zuen neskaren zirtoen isuriak.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia