BOSGARREN ATALA

 

        Longbournetik oinez bide luzea egin gabe, Bennetarrekin harreman bereziki estua zuen familia bat bizi zen. Sir William Lucas salerosketan ibilia zen aurreko garaietan Merytonen, non dirutza kontuzkoa egiteaz gain, «Zaldun» tituluaren ohoreak eskuratu zituen, alkatea zenean Erregeri eginiko hitzaldi bategatik. Larriegi suertatu zitzaion beharbada gorespena. Oker etorri zen negoziorako eta merkatarien hiri txiki bateko bizimodurako; eta bata zein bestea utzita, bere etxekoekin batera aldatu zen Merytonetik milia batera-edo zegoen etxe batera, zeinek handik aurrera Lucas Enea izena hartuko zuen. Han bere jasean eman ziezaiokeen bere handitasunaz pentsatzeari eta, negozioaren kateetatik aske, mundu guztiarekin gizalegetsu jokatzearen lanari bete-betean lotu. Izanez ere, bere mailaz harro eta pozik zegoen arren, horrek«ez zuen sudurzut bihurtu; kontrara, harengan dena zen beste guztientzako begiramena. Berez adiskidetsua eta guztiekikoa izanik, eta inori kalte egiteko gauza ez, Saint Jamesen aurkeztua izateak erabidetsu bilakatu zuen.

        Lady Lucas oso emakume ona zen, baina argiegia ere ez zenez, auzoko baliotsua izan zitekeen Bennet anderearentzat... Seme-alaba ugari zituzten Lucas jaun-andereek. Nagusia, emakume gazte azkar eta zentzuduna, hogeita zazpi urte ingurukoa, Elizabethen lagun mina zen.

        Lucas andereñoak eta Bennet andereñoak dantzaldi baten gainean berba egiteko elkartzea guztiz beharrezkoa zen; eta batzarraren biharamuneko goizak Lucas Eneakoak Longbournera eraman zituen, entzun beharrekoak entzuteko eta jakinarazi beharrekoak jakinarazteko.

        «Hasiera ona izan zenuen bart, Charlotte» esan zion Bennet andereak Lucas andereñoari bere buruaz nagusitzeko ahaleginetan, jendarteko molde onek agindu bezala. «Zeu aukeratu zintuen Bingley jaunak lehenik».

        «Bai... baina badirudi bigarren aukera gehiago gustatu zitzaiola».

        «O!, Janez ari zara, ezta...? Birritan egin zuelako harekin dantzan. Dudarik gabe, gure umea gogoko zitzaion seinalea zirudien horrek... eta benetan gustatu egin zitzaiolakoan nago ni. Zer edo zer entzun nuen horretaz, bai... baina ez dakit oso ondo zer zen... Robinson jaunari buruzko zerbait».

        «Bingley eta Robinson jaunei uste barik aditu niena izango da apika; ez al nizun aipatu? Nola galdetu zion Robinsonek ea zer iruditzen zitzaizkion gure Merytoneko batzarrak, eta ez ote zuen uste dantzagelan emakume polit frankoak bazirela, eta ea zein zen bere iritziz politena. Eta nola azken itaunari Bingleyk berehala erantzun zion: «O! Bennet andereño nagusia, inolako zalantzarik gabe, horretaz aburu bakarra buru guztik».

        «Alafede! Ezin esan argiago! Horren arabera badirudi... baina, dena dela, baliteke gero hori dena ezertan ere ez geratzea, badakizu».

        «Atarramendu hobea nire belarriek zureek baino, Eliza» esan zuen Charlottek. «Darcy jaunari entzuteak ez du bere lagunari entzuteak beste onura ekartzen, ezta? Eliza gaixoa...! doi-doi jasangarria izatea!»

        «Arren eskatuko nizuke Lizzyren buruan ez sartzea gizon horren trataera gaiztoak gaitzidurarik merezi duenik; izan ere, hain da desatsegina, haren gustukoa izatea zorigaitza izango litzateke. Long andereak bart esan zidan Darcy bere ondoan egon zela jesarrita ordu erdi batez eta ez zuela txintik ere atera».

        «Ziur al zaude, anderea? Ez da okerren bat egongo?» esan zuen Janek. «Nik neuk ikusi nuen Darcy jauna harekin hizketan».

        «Bai horixe! Long andereak azkenean galde egin ziolako ea zelan irizten zion Netherfieldi, eta erantzutea beste biderik ez zitzaiolako gelditu; baina Long andereak esan zidan bazirudiela guztiz haserre zegoela inorekin hitz egin beharraz».

        «Bingley andereñoak esan zidan» esan zuen Janek «ez duela inoiz berba asko egiten bere lagun mamien artean ez bada. Haiekin biziki atsegina omen da».

        «Ez dut hitz bat ere sinesten, maitea. Hain atsegina balitz, hitz egin egingo zion Long andereari. Baina gauza nola joan zen igar dezaket; denek esaten dute harrotasunak janda dagoela, eta egingo nuke modu batera edo bestera jakin zuela Long andereak kotxerik ez daukala eta alokairuzko kalesan etorri zela dantzaldira».

        «Niri ez dit ardura Long anderearekin mintzatu ez izanak», esan zuen Lady Lucasek, «baina gurago nukeen Elizarekin dantzan egin balu».

        «Zu banintz, Lizzy», esan zuen haren amak, «nik ez nuke beste batean harekin dantzan egingo».

        «Nik uste dut, anderea, erabateko ziurtasunez agindu ahal dizudala ez dudala inoiz harekin dantzan egingo».

        «Haren harrotasuna», esan zuen Lucas andereñoak, «ez zait ohi bezain iraingarri egiten, harenak baduelako aitzakiarik. Ezin da inor harritu horren gizon gazte eta dotore, familia oneko, dirutsu eta dena bere alde daukanak bere burua oso goi baldin badu. Honela esatea zilegi bazait, zelanbait ere badu harroa izateko eskubidea».

        «Hori egi-egia da» arrapostu zion Elizabethek, «eta erraz barka niezaioke bere harrotasuna, neureari minik eman ez balio».

        «Harrotasuna», egin zuen Maryk ohar, bere gogoeten solu sendoan tenteturik, «oso akats zabaldua da, nire ustez. Irakurri dudan guztia kontutan harturik, erabat sinetsita nago oso-oso zabalduta dagoela benetan, giza izaerak horretarako joera berezia duela, eta oso gutxi direla halako edo holako nolakotasuna dela kausa —benetakoa zein irudimenezkoa izan— buru-atsegintasunezko sentimendu bat gordetzen ez dutenak. Hantustea eta harrotasuna ez dira gauza bera, hitz biok askotan sinonimotzat erabiltzen diren arren. Pertsona bat harroa izan daiteke handinahia izan gabe. Harrotasunak zerikusi handiagoa du geure buruaz geuk dugun iritziarekin, eta hantusteak, berriz, besteek gutaz pentsatzea gura genukeenarekin».

        «Darcy jauna bezain aberatsa banintz», egin zuen aldarri Lucas mutiko batek, arrebekin batera etorria zenak, «ez nintzateke kezkatuko oso harroa naizen ala ez. Azeri-txakur mordo bat edukiko nuke, eta egunero botila bat ardo edango nuke».

        «Orduan komeni baino kantitate edertxoagoa edango zenuke», esan zion Bennet andereak; «eta horrela edaten ikustea suertatuko balitzait, zure botila hori segituan kenduko nizuke».

        Holakorik ezin zuela egin esanez atera zitzaion aurka mutikoa; andereak egin egingo lukeela ziurtatzen jarraitu zuen, eta bisitaldiaren bukaerarekin bakarrik amaitu zen eztabaida.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia