LAUGARREN ATALA

 

        Jane oso neurrikoa izan zen besteen aurrean Bingley jaunaren goraipamena egitean, baina, geroago, Elizabethekin bakarrik geratu zenean, jaun gaztea benetan zenbat miresten zuen adierazi zion ahizpari.

        «Gizon gazte batek beharko lukeen bezalakoxea da» esan zuen ahizpa nagusiak, «zentzuduna, alaia, bizia; eta ez dut sekula ikusi halako molde egokirik! Halako nasaiera, eta horren bikain hezia gainera!».

        «Eta ederra ere bada» erantzun zion Elizabethek, «gizon gazte batek izan beharko lukeen beste gauza bat, ahal izanez gero. Beraz, ez du ezeren faltarik».

        «Zelako atse-poza hartu nuen bigarren aldiz dantza egiteko eskatu zidanean. Ez nuen halako lorerik espero».

        «Ez zenuen espero? Nik bai. Baina hori da gu bion artean dagoen alde handia. Loreak beti dira ustekabekoak zuretzat, eta niretzat, aldiz, inoiz ez. Ba al da zuri dantzarako berriz eskatzea baino gauza berezkoagorik? Nahita nahiez, ikusi egin beharko zuen gelako beste emakume guztiak baino bost bat aldiz politagoa zinela. Horretan zerikusirik ez haren jendetasunak. Tira, benetan oso atsegina da, eta gustuko izaten uzten dizut. Pertsona franko izan dituzu gogoko gizon hori baino inozoagoak zirenak».

        «Lizzy maitea!»

        «O! Badakizu emantxoa zarela jendea, oro har, maite izatera. Ez diozu inori akatsik ikusten inoiz. Mundu guztia da ona eta atsegina zure begietan. Nire bizitza osoan ez dizut sekula inortxorengatik gaizki esaten entzun».

        «Ez nuke berba arinegirik eduki nahi inorenak gaitzesteko; baina uste dudana esaten dut beti».

        «Badakit hala egiten duzuna; eta hortxe dago bitxitasuna. Hain burutsua izan, eta gero halako itsumendi zintzoa eduki besteren tontakeria eta zentzugabekerientzat! Itxurakeriazko xalotasuna nahikoa zabalduta dago; edonon aurkitzen duzu. Baina benetan xaloa izatea, nahita bilatu eta nabarmendu gabe, guztien izaeratik dagoen onena hartu eta berori are hobeto jartzea, eta gauza txarren gainean hitzik esan ez... hori zeure-zeurea ez beste inorena duzu. Eta, orduan, gizon horren arrebak ere gustatuko zaizkizu, ezta? Ez dira horien moldeak nebarenak bezalakoak, bada».

        «Ez, egia da; hasieran. Baina eurekin berba eginez gero, zeharo maitagarriak dituzu. Bingley andereñoa nebarekin bizi izatekoa da, eta haren etxea gobernatzekoa; eta, edo erabat oker nago, edo oso auzoko xarmangarri izango dugu andere hori».

        Elizabethek isilik entzun zuen, baina ez zegoen bete-betean ahizpak esandakoarekin; gehienbat, Bingleyren arrebek batzarran erakutsitako jokabideak ez zuen besteen atsegina bilatu izan; eta, Elizabeth, bere ahizpa baino azkarragoa begiz, eta izatez ez hain moldaerraza, eta bere buruari emaniko arreta gutxiak adimena osasuntsu gordetzen ziola, ez zegoen oso prest andere horiek onesteko. Izatez, oso dama dotoreak ziren; ez umore onik gabeak gogara zeudenean, ez atseginak izateko gaitasunez eskas, hala gura zutenean; baina harroak eta buruiritziak. Eder nahikoak ziren, hiriko eskola pribatu onenetako batean ikasiak, hogei mila librako fortuna baten jabeak, komeni baino gehiago gastatzen trebatuak eta goi mailako lagunekin elkartzen ohituak; eta, horrenbestez, beren buruaz alde guztietatik iritzi ona eta besteez hala-moduzkoa izatera jarriak. Ingalaterrako iparraldeko leinu itzaltsu batekoak ziren; xehetasun hori barrurago zuten gogoan sartuta, nebaren dirutza eta eurena bera salerosketatik etorri izana baino.

        Bingley jaunaren aita etxalde bat eskuratzeko asmotan egona zen, gurari hori betetzeko adina bizi izan ez bazen ere. Hilondoan ia ehun mila librako ondasunak utzi zizkion semeari, eta berak aitaren asmo berari eutsi zion; garai batean ibili ere ibilia zen zein konderritan erosi erabakitzen, baina, nolaz eta oraingoan etxe on batez eta lur-ondasunek ematen duten libertateaz horniturik zegoen, Bingleyren izaera lasaia ondoen ezagutzen zuten askok duda egiten zuten ez ote zituen geratzen zitzaizkion egunak Netherfielden emango, erosketa egitea ondorengo belaunaldiarentzat utzita.

        Arrebek gogo bizia zuten Bingleyk etxalde bere-berea eduki zezan; baina orain, alogeran bakarrik izanagatik ere, Bingley andereñoa ez zen batere nagia nebaren mahaian buru jesartzeko, eta Hurst andereak —diruz baino, itxuraz aberatsa zen gizon batekin ezkonduta zegoenak— ez zuen erreparo gehiago nebaren etxea berekotzat jotzeko eder zitzaionean. Bi urte eskas izango ziren Bingley jauna adinez nagusia zela, ezustean Netherfield Eneari begiratu bat ematea gomendatu ziotenean. Begiratu egin zion kanpotik eta barrutik ordu erdi batez, kokaera eta gela nagusiak gustuko izan, jabeak etxeaz esandako laudorioekin pozik gelditu, eta segituan hartu zuen.

        Bingley eta Darcyren artean, izaera aurkakoak gorabehera, adiskidetasun sendoa zegoen. Bere jite nasai, zabal eta moldagarriak bultzatuta maite zuen Bingleyk Darcy jauna, nahiz eta ezein izaerarekin ez zuen bereak alde handiagorik izango, eta nahiz eta Bingley ez agertu inoiz berarenaz desgogora. Darcyk beregana zeukan estimazioan uste osoa zuen Bingleyk, eta iritzirik aldekoena bere lagunaren adimenduaz. Buru argitasunaz Darcy zen nagusi. Bingley ez zen inolaz ere motela, baina Darcy azkarra zen. Burgoia, barrura bildua eta punttalakurloa zen aldi berean, eta ondo hazitakoaren moldeak bazituen ere, ez ziren horiek inori abegi egitekoak. Horretan lagunak hartzen zion gaina askorekin. Nora ere joango zen, denek izango zuten Bingley gogoko; Darcy, aldiz, etengabean ari zen nor edo nor nahigabetzen.

        Merytoneko taldeaz eduki zituzten berbak nahikoa adierazgarriak dira. Bingley bere bizitza osoan ez zen jende maitagarriago edo neska politagoekin inoiz elkartu; denak izan ziren zeharo atsegin eta adeitsuak berarekin, ez zen sino-minorik egon, hoztasunik ez, berehala sentitu zen gela osoaren lagun; eta Bennet andereñoari zegokionez, ezin zuen aingeru ederragorik asmatu. Darcyk, aitzitik, edertasun gutxiko eta moduzkotasun batere gabeko jende multzo bat ikusi zuen, ez zion hango inork jakin-min txikienik ere sortu, eta batengandik ere ez zuen jaso ez adeirik ez atseginik. Bennet andereñoa polita zela onartzen zuen, baina irribarretsuegia zen.

        Hurst andereak eta bere ahizpak arrazoia ematen zioten horretan Darcyri, baina, hala ere, miretsi egiten zuten Jane, eta gogokoa izan, eta neska eztia zela adierazi zuten, eta eurek ez luketela inongo arazorik izango haren berri gehiago izateko. Ondorioz, Bennet andereñoa neska eztitzat ezarri zen, eta Bingley jaunak, bere arreben onespena zela bide, neska hartaz gura zuen tankeran pentsatzeko eskubidearekin ikusi zuen bere burua.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia