HIRUGARREN ATALA

 

        Hala ere, Bennet andereak alaben laguntzaz egin zituen galdera guztiak alferrikakoak izan ziren senarrari Bingley jaunaren deskribapen baliagarri bat ateratzeko. Emakumeek modu desberdinetan egin zioten eraso; galdera lotsagabekoekin, suposamendu zuhurrekin eta zeharkako susmoekin; baina Bennet jaunak trikimailu guztiok saihesten jakin zuen, eta azkenean andereek Lady Lucas auzokoaren bigarren eskuko albisteak onartzea beste irtenbiderik ez zuten izan. Albisteok ederto mintzo ziren Bingley jaunaz. Sir Williamek biziki atsegin izan zuen gizona. Nahikoa gaztea omen zen, izugarri ederra, erabat atsegina, eta, guztia borobiltzeko, hurrengo batzarrra joatekotan zegoen, lagun talde handi batekin, gainera. Ezin gauza ederragorik gertatu! Dantzazalea izatea aurrerapauso zuzena zen maitemintze bidean; eta inguruetan baziren Bingley jaunaren bihotzari buruzko itxaropen sendoak.

        «Nire alabetako bat Netherfielden zoriontsu bizi dela», esan zion Bennet andereak senarrari, «eta gainerakoak era berean ondo ezkonduta daudela ikustea lortzen badut, hori nahikoa izango zait aurrerantzean ezer gehiago ez irrikatzeko».

        Egun batzuk pasatu ondoren Bingley jaunak bisita itzuli zion Bennet jaunari, eta harekin egon zen jesarrita hamar bat minutuz etxeko liburu-gelan. Bisitariak andereño gazteak —zeinen edertasunaren hotsa entzunda baitzeukan— une batez ikusteko baimena emango zitzaiolako ustea zuen gordea; alabaina, aita bakarrik ikusi zuen. Zorte hobetxoan izan ziren andereñoak, goiko leiho batetik jaun gazteak jaka urdina zeramala eta zaldi beltzaren gainean zetorrela hautemateko abantaila izan baitzuten.

        Horren ostean, bazkaltzeko gonbidapen bat igorri zen berehala; eta Bennet andereak bere etxe gobernuaren izen ona sendotuko zuten jatekoak jadanik erabakita zituenean, bazkaria atzeratuko zuen erantzun bat heldu zen. Bingley jaunak hirian izan beharra zuen hurrengo egunean eta, beraz, ezinezkoa zitzaion berarentzat ohore handia zen gonbidapen hura onartzea etab. etab. Bennet anderea oso harrituta zegoen. Ezin zuen imajinatu zein eginkizun izan zezakeen hirian Bingley jaunak Hertfordshirera iritsi eta hain denbora gutxira; eta beldurra sartzen hasi zitzaion, jaun gaztea ez ote zen beti lekuz leku hegaz ibiliko, eta, behar lukeenaren kontrara, Netherfielden inoiz erabat ezarri ez. Lady Lucasek pixka bat baretu zuen beldur hori, gizona dantzaldirako lagun talde handi bat biltzeko bakar-bakarrik joango zela proposatuz; eta Bingley jauna batzarrra hamabi andereño eta zazpi jaun ekartzekoa zelako albistea zabaldu zen handik gutxira. Emakume kopuru horren aurrean ilundu egin zen nesken gogoa, baina dantzaldi egunaren bezperan Bingley jaunak Londresetik hamabi andere barik sei bakarrik ekarri zituela entzutean —bere bost arrebak eta lehengusina bat— bihotz hartu zuten Bennet andereñoek. Eta taldea batzar gelara sartu zenean, gutira bost lagun baizik ez ziren izan: Bingley jauna, bere bi arrebak, arreba zaharrenaren senarra eta beste gizon gazte bat.

        Bingley jauna itxura onekoa zen, eta zaldun trazaduna; begitarte atsegina zeukan eta moduak, berriz, errexak, ponperiarik gabekoak. Arrebak emakume ederrak ziren eta bazuten dotorezia taxu nabarmen bat. Haien koinatuak, Hurst jaunak alegia, zaldun jitea zeukan, besterik gabe. Baina gelan zeuden guztien arreta Bingley jaunaren lagunak, hau da, Darcy jaunak, bereganatu zuen berehala, bere gorputz dotore eta garaia, bere hazpegi politak eta bere gorpuzkera prestua zirela bide; bai eta bera sartu eta handik bost minutura bazter guztietara zabaldu zen albisteagatik ere, hots, urtean hamar mila edukitzeagatik.

        Darcyk gizon moduzkoaren irudia zuela iritzi zioten jaunek, hura Bingley jauna baino askoz ere ederragoa zela adierazi zuten andereek, eta gauaren erdialdera arte edo, miresmen handiz begiratu zioten denek, harik eta haren moduek sortu zuten erresuminak gizonak zeukan aipuaren nolakoa aldatu zuen arte; izanez ere, Darcy jauna harroa zela, bere burua lagunen gainetik jartzen zuela eta atseginez egoteko ere goregi zegoela jakin zuten guztiek; eta Derbyshiren zituen ondasun guztiek ez zuten libratuko begitarte zeharo zakar eta desatsegina izatetik eta bere adiskidearekiko konparaziorik merezi ez izatetik.

        Bingley jauna berehala jarri zen harremanetan gelan zeuden pertsonarik garrantzitsuenekin; gizon bizia eta irekia zen, dantza guztiak dantzatu zituen, eta, dantzaldia hain goiz bukatzeaz haserreturik, hark berak Netherfielden halako bat antolatzeaz hitz egin zuen. Dohain maitagarriok berok mintzo behar dute beren buruz. Zer-nolako aldea baina, Bingley jauna eta lagunaren artean! Darcy jaunak bitan baizik ez zuen egin dantzan, Hurst anderearekin behin eta Bingley andereñoarekin beste behin; ez zuen beste damarik ezagutu gura izan eta gelan gora eta behera eman zuen gauaren gainerako denbora, noizetik noizera bere taldeko norbaitekin hitz eginez. Garbi zituzten denek haren izaerari buruzkoak. Munduko gizonik harro eta desatseginena zen eta herrira berriz inoiz ez etortzea espero zuten guztiek. Bennet anderea zen Darcyren kontra sutsuenik agertzen zirenetako bat: haren jokaera orokorrari buruz zeukan gaitziritzia berebiziko erresumin bihurtu zen Bingleyren lagunak haren alabetarik bati egindako mesprezuarengatik.

        Gizon eskasia zela eta, Elizabeth Bennetek eserita egon behar izan zuen bi dantzatan. Tarte horretako une batean, andereñoak oso gertu izan zuen berarengandik Darcy jauna eta, horrela, gizon hori eta Bingley jaunaren arteko elkarrizketa gainetik entzuteko aukera izan zuen. Netherfieldeko jaunak, dantza apur baterako utzirik, bertan parte hartzeko zirikatu nahi zuen bere laguna.

        «Etor zaitez, Darcy», esaten zion, «dantzan ikusi gura zaitut. Amorratu egiten nau zu han-hemendik modu ergel horretan zutik eta bakarrik ikusteak. Hobe zenuke dantzan egitea, benetan».

        «Ez dut halakorik egingo, inolaz ere. Badakizu dantzakidea ondo ezagutzen ez baldin badut gorroto diodala dantzan egiteari. Honelako batzar batean jasanezina izango litzaidake. Zure arrebek badute lagunik, eta, haiek kenduta, gela honetan ez dago emakumerik zeinen ondoan zutik egotea ez litzaidakeen zigorbide suertatuko».

        «Ni, zu banintz, ez nintzateke horren gogaikarria izango, arraiopola!», egin zuen Bingleyk aldarri, «zin degizut nire izen onarengatik bizitza osoan ez dudala gaur gauean bezainbeste neska atsegin ezagutu; eta badituzu ezin politagoak direnak».

        «Zeu ari zara dantzan gela honetako neska eder bakarrarekin», esan zuen Darcy jaunak Bennet andereño nagusiari begira.

        «O! Sekula begiztatu dudan kriaturarik xotilena da! Baina zure atzean bertan badago bere ahizpa bat jesarrita, oso polita dena, eta, baita, esango nuke, oso atsegina ere. Zure baimenarekin, eskatu egingo diot nire dantzakideari zu hari aurkezteko».

        «Zeini buruz ari zara?» eta, buelta eginik, Elizabethi begiratu zion une batez, harik eta, neska haren begiradaz konturaturik, Darcy bere lekura ostera ere itzuli eta, hoztasunez, hala esan zuen arte, «Jasangarria da, baina ez ni kilikatzeko bezain ederra. Eta momentu honetan ez daukat umorerik beste gizon batzuek gutxiritzi dituzten dama gazteak aintzat hartzen ibiltzeko. Hobe zenuke zure dantzakidearengana itzuli eta haren irribarreez gozatzea, nirekin denbora galtzen ari baitzara».

        Bingley jaunak jaramon egin zion aholkuari. Darcy jauna aldendu egin zen; eta Elizabeth, berriz, bertan geratu zen, azken horrengana oso sentimendu gozorik sortzen ez zitzaiola. Hala ere, poz handiz kontatu zien pasadizoa bere lagunei, zeren, izatez bizia eta jostaria izanik, Bennet andereñoak gauza barregarri guztietan hartzen baitzuen atsegin.

        Edozelan ere, gaua gozoro iragan zen familia osoarentzat. Bennet andereak ikusia zuen Netherfieldekoek bere alaba nagusiari zioten miresmen handia. Bingley jauna bi aldiz ibilia zen Janerekin dantzan, eta haren arrebek goraipamenezko hitzak zituzten esanak Bennet andereñoari buruz. Ama bezain pozik zegoen Jane bera, baina modu lasaiagoan. Elizabethek bere egiten zuen ahizparen zoriona. Maryk entzuna zuen norbaitek Bingley andereñoaren aurrean bera auzotegiko neskarik jantzientzat aipatzen zuela; eta Catherine eta Lydiak uneoro euren ondoan laguna izateko besteko zoriona izan zuten, eta hori zen dantzaldi batean artean zeukaten kezka bakarra. Hortaz, gogaldi onean itzuli ziren Longbournera, hau da, haiek bizi ziren herrira, non bizilagunik goienak eurak ziren. Bennet jauna artean oheratu gabe aurkitu zuten, denboraren neurria kendua zion liburu bat eskutan zeukala; eta halako itxaropen bikainak sortu zituen gaua nolakoa suertatu zen jakiteko mina ez zen orduko horretan, inolaz ere, txikia. Bere andereak gazte kanpotarrarengan izandako uste guztiak ustel aterako zirelako itxaropen sendoa zuen gordea, baina entzuteko zeukan istorioa arras bestelakoa zela ikusi zuen berehala.

        «O! nire Bennet jaun maitea», gelan sartzearekin batera, «gau ezinago atsegina izan dugu, dantzaldi bikaina benetan. Gustatuko litzaidake zu bertan egon izana. Hainbeste ederresten zuten denek Jane, apartekoa zen hura. Guztiek aipatzen zuten zein polita zegoen; eta Bingley jaunari eder-ederra iruditu omen zaio, bi aldiz egin baitu harekin dantzan. Honi bakarrik erreparatu, ene maitea: bi aldiz egin du Janerekin dantzan, egin ere; eta gela osoan gure neskatilari ez besteri eskatu dio bigarrenez dantza egiteko. Lehendabizi Lucas andereñoari eskatu dio. Zeharo suminduta nengoen jaun gaztea harekin dantzan ikusteaz; baina, hala ere, Bingleyk ez zuen neska hori batere miresten. Egia esateko, ezin dezake inork miretsi, badakizu; eta Jane dantzan murgildu ahala, gizonaren bihotzak guztiz hunkitua zirudien gure umea zela eta. Gauzak hala, dama hura nor zen galdetu du, haren aurrean aurkeztua izatea lortu, eta hurrengo dantza biak berarekin egiteko eskatu. Gero, hirugarren biak King andereñoarekin egin ditu, eta laugarren biak Maria Lucasekin, eta bosgarren biak Janerekin berriz, eta seigarren biak Lizzyrekin, eta boulangerra...»

        «Nireganako errukirik izan balu», egin zuen oihu senarrak guzti hori eraman ezinik, «ez zituzkeen dantza horien erdiak ere egingo! Jainkoarren, ez aipatu dantzakide gehiago! O! Hobe aurreneko dantzan orkatila okertu izan balu!

        «O! ene maitea» ekin zion berriro Bennet andereak, «erabat liluratuta nauka. Hain da ederregia! eta arrebak emakume xarmangarriak dira. Nire bizitza osoan ez dut haien jantziak baino gauza dotoreagorik ikusi. Esango nuke Hurst anderearen soinekoaren farfaila...»

        Bennet jaunak hortxe hautsi zuen berriro ere emaztearen solasa. Izan ere, oldar egiten zion apainduren deskribapen orori. Horrenbestez, Bennet andereak beste adarren bat bilatu behar izan zion gaiari eta, horrela, garraztasun handiz eta gauzak apur bat puztuz, Darcy jaunaren iraingarrizko zakarkeriaren berri eman zion senarrari.

        Baina ziur egon zaitez», erantsi zuen emakumeak, «Lizzyk ez duela gauza handirik galtzen haren gustuari ez egokitzeagatik; izan ere, gizon hori ezin desatsegin eta zakarragoa da, tratu onik batere merezi ez duena. Hain handiputz eta buruiritzia, ez zegoen hura jasaterik! Harat-honat paseatzen zen, bere buruaz hain harroturik! Eta harekin dantzatzeko bezain ederra ere ez zen! Gustatuko litzaidake zu han izan bazina, ene maitea, gizaseme hori bertan muturruts uzteko, zuk dakizun moduan. Erabat gorrotagarria zait».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia