BIGARREN ATALA

 

        Bingley jaunari eskumuinak ematen joandako lehenengoetako bat Bennet jauna izan zen. Azken unera arte bere andereari ez zela joango ziurtatu bazion ere, hasiera-hasieratik izan zuen Bingley jauna bisitatzeko asmoa; eta bisitaren ondorengo ilunabarrera arte Bennet andereak ez zuen horren berririk izan. Honelaxe eman zuen orduan Bennet jaunak gertaeraren albistea. Bigarren alaba kapela bat janzten ari zela ikusirik, honako hitzok zuzendu zizkion aitak bat-batean:

        «Kapela hori Bingley jaunaren gustukoa izatea espero dut, Lizzy».

        «Ez dugu Bingley jaunak zer duen gustuko jakiteko modurik izango», esan zuen amak saminez, «bere etxera bisitan joango ez garenez gero».

        «Baina, amatxo», esan zuen Elizabethek, «Bingley jauna batzarrtan aurkituko dugula ahaztu duzu, eta Long andereak guri haren ezaupidea ematea agindu duela».

        «Ez dut uste Long andereak halakorik egingo duenik. Bi iloba dauzka berak. Emakume berekoi eta xuria da eta ez daukat hari buruzko iritzi onik».

        «Ezta nik ere», esan zuen Bennet jaunak, «eta pozgarria zait haren mesedeen menpe ez zaudela jakitea».

        Bennet andereak ez zuen erantzunik emateko adeirik egin, baina, bere buruaz nagusitu ezinik, alaba bati hasi zitzaion agirika.

        «Utziozu horrela eztul egiteari, Kitty, jainkoarren! Gorde ezazu erruki apurren bat nire nerbio gizajoentzat. Hautsi egiten dizkidazu».

        «Kitty ez da batere doia bere eztulei dagokienez», esan zuen aitak, «garaiz kanpo egiten ditu».

        «Ez dut nire atseginerako eztul egiten,» arrapostu zuen Kittyk muzinez.

        Noiz izango duzu hurrengo dantzaldia, Lizzy?»

        «Bihar hamabost».

        «Bai, hala da eta!», hots egin zuen amak, «eta Long anderea ez da aurreko egunera arte hona itzuliko; beraz, ezin izango digu Bingley jauna aurkeztu, berak ez baitu artean ezagutuko».

        Orduan, ene maitea, aurrea har diezaiokezu zure lagunari eta zuk zeuk aurkeztu hari Bingley jauna».

        «Ezinezkoa da hori, Bennet jauna, ezinezkoa, nik neuk haren ezaupiderik ez baldin badaukat; nola izan zaitezke horren nekagarria?

        «Mira egiten dut zure zentzuzkotasuna. Hamabostaldi bateko ezaupidea oso gutxi da, egia esan. Batek ezin du jakin gizon bat benetan nolakoa den hamabostaldi baten buruan. Hala ere, ez bagara gu arriskatzen, besteren batek egingo du; eta, azken batean, Long andereak eta bere ilobek ere izan behar dute beren aukera; hortaz, zuk ez baduzu egin nahi, eta Long andereak adeitasunaren erakusgarritzat hartuko duenez, nik neuk hartuko dut nire gain Bingley jauna hari aurkeztea».

        Neskak begira-begira geratu zitzaizkion aitari. Bennet andereak «Hori zentzugabekeria, hori zentzugabekeria!» esan zuen bakarrik.

        «Zein ote da oihu enfatiko horren esanahia?» egin zuen jaunak aldarri. «Zentzugabekeriak iruditzen al zaizkizu ezaupideak egiteko modu eta erak eta horietan datzan garrantzia? Ezin naiz horretan zurekin bat etorri. Zer diozu zuk, Mary? Izan ere, zu gogoeta sakonerako isuria duen andereño gaztea zara, badakit nik, eta liburu potoloak irakurtzen dituzu, eta laburpenak egiten».

        Maryk oso zentzuzko zer edo zer esan nahi zuen, baina ez zekien nola.

        «Maryk bere gogoetak antolatzen dituen bitartean,» jarraitu zuen Bennet jaunak, «itzul gaitezen lehengo gaira, hau da, Bingley jaunarengana».

        «Gaixo nago Bingley jaunaz», egin zuen oihu emazteak.

        «Atsekabe dut hori entzutea; baina, zergatik ez zenidan aurretik esan? Halakorik jakin izan banu gaur goizean, ez nintzaion bisitan joango. Tamalgarria da, benetan; baina bisita egin egin diodanez, orain ezin diogu elkar ezagutzeari ihes egin».

        Damak harritzea nahi zuen berak, hain zuzen; beharbada, Bennet anderea harritu zen gehiena, nahiz eta, pozaren aurreneko eztanda iragan ondoren, bera denbora guztian halako zerbait itxaroten egon zela hasi zen esaten.

        «Zein polita izan den hori, nire Bennet jaun maitea! Baina banekien azkenean zure gogoa horretara jarriko nuela. Ziur nengoen zure alabak maiteegi dituzula halako ezaupide bati ezikusi egiteko. Tira, zein pozik nagoen! eta zer-nolako broma ederra egin diguzun gaur goizean ere, Bingley jaunarengana joanda eta oraintxera arte horri buruzko hitzik aipatu barik».

        «Orain, Kitty, nahibestean egin dezakezu eztul,» esan zuen Bennet jaunak; eta, hitzok esaten zituelarik, gelatik atera zen, emaztearen pozezko gainezkaldiaz nekatuta.

        «Bai aita bikaina daukazuena, neskok», esan zuen Bennet andereak atea itxi zenean. «Ez dakit nola emango diozuen zuekin hain ona izanaren ordaina; ezta niri neuri ere, hartara jarriz gero. Gure adinean ez da oso atsegina izaten egunero ezaupideak egiten ibiltzea, ondo esan dezaket nik hori; baina zuengatik edozein gauza egingo genuke. Lydia, ene kutuna, gazteena zaren arren hurrengo dantzaldian Bingley jaunak zurekin dantzatuko duela ausartuko nintzateke esatera».

        «O!», esan zuen Lydiak ziurtasunez, «lasai nago alde horretatik; izan ere, gazteena naizen arren, guztietan altuena naiz».

        Arratsaren gainerako partea Bingley jaunak Bennetek egindako bisita noiz itzuliko ote zien asmatzeko saiotan eman zuten, bai eta hura bazkaltzera gonbidatzeko unerik egokiena zein ote erabakitzen ere.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia