LEHENENGO ATALA

 

        Mundu zabalean aho batez onartutako egia da fortuna handiaren jabe den gizon ezkongai batek emaztearen bila ibili behar duela.

        Halako gizon bat auzune batera lehenbiziko aldiz ailegatzean, haren sentimendu eta iritziak inortxok ere ez ezagutu arren, aipatutako egia hain dago sartuta inguruko familien gogoan, non, gizon hori beren alaba baten edo besteren legezko jabegotzat jotzen baitute.

        «Ene Bennet jauna», esan zuen Bennet jaunaren andereak egun batean, «entzun al duzu Netherfield Park alokatu egin dutela azkenean?»

        Bennet jaunak ezetz erantzun zion.

        «Bada, hala da» ekin zion berriro andereak. «Izan ere, Long anderea oraintsu izan da hemen eta horri buruzko guztia kontatu dit».

        Bennet jaunak ez zuen erantzunik eman.

        «Ez al duzu jakin nahi nork hartu duen?» hots egin zion emazteak ezinegonaz.

        «Zeuk nahi didazu esan, eta nik ez dut eragozpenik jarriko entzuteko».

        Hori bazen gonbidapenik asko.

        «Hara, maitea, jakin behar duzu Long andereak esan duela Ingalaterrako iparraldeko gizon gazte batek, fortuna handi baten jabea bera, hartu duela Netherfield; astelehenean lau zaldiko kalesan etorri zela lekua ikusteko, eta, hain atsegina iruditu zitzaiola non segituan jarri baitzen ados Morris jaunarekin; San Migel eguna baino lehenago aldatuko dela etxe berrira, eta bere zerbitzari batzuk datorren astearen bukaerarako izango direla bertan».

        «Zelan du izena?»

        «Bingley»

        «Ezkondua ala ezkongabea?»

        «O! Ezkongabea, maitea, zalantzarik gabe! Fortuna handiaren jabe den gizon ezkongabea, hain justu; lauzpabost mila urtean. Hori bai berri ona gure neskentzat!»

        «Zelan bada? Zer eragin izan dezake horrek gure alabengan?»

        «Bennet jauna, ene maitea», erantzun zion emazteak, «nola izan zaitezke horren gogaikarria! Jakin ezazu Bingley jauna gure nesketakoren batekin eskontzeari buruz ari naizela pentsatzen».

        «Hori al du helburu berton ezartzean?»

        «Helburua! Hori zentzugabekeria! Nola mintza zintezke horrela! Ez da hori, noski, baina oso erraz gerta liteke gizona haietakoren batekin maitemintzea, eta, horregatik, Bingley jauna etorri bezain laster, bisita egin beharko diozu».

        «Ez dut horretarako aukera egokirik ikusten. Neskatilak eta zeu joan zaitezkete, edo, agian hobe dena, eurak euretara bidali. Izan ere, zu haietako edozein bezain ederra zarenez gero, baliteke zu zeu izatea taldeko liluragarriena Bingley jaunarentzat».

        «Lausenguak dituzu horiek, ene maitea. Ni ere izan nintzen ederra garai batean, egia, baina orain ez dut aparteko ezer izateko hantusterik. Emakume batek bost alaba nagusi dituenean utzi egin beharko lioke bere edertasunaz pentsatzeari».

        «Halakoetan, emakumearen edertasuna ez da izaten zertan pentsa emateko bezainbestekoa».

        «Dena dela, maitea: Bingley jauna auzotegira datorrenean bere etxera joan eta bisita egin beharko diozu, benetan».

        «Nire gain har dezakedana baino gehiago da hori, egiatan diotsut».

        «Baina har itzazu zure alabak kontutan. Pentsa ezazu bakar-bakarrik zer-nolako bizimaila emango liokeen horrek gure alabaren bati. Sir Williamek eta Lady Lucasek erabakita dute harengana joatea, eta helburu horrekin soil-soilik, zeren, bestela, badakizu ez dutela etorri berriak bisitatzeko ohiturarik. Benetan joan beharra daukazu, zuk egiten ez baduzu, ezinezkoa izango baita guretzat Bingley jaunarenera bisitan joatea».

        «Lotsatiegia zara, dudarik gabe. Bingley jaunak poz handiz hartuko zaituztela ausartuko nintzateke esatera; gainera, zu bitartekari, lerro batzuk bidaliko dizkiot, gure neskatoren bat ezkontzeko aukeratzen baldin badu, nire bihotz-bihotzeko baimena duela ziurtatzeko; edozelan ere, pare bat hitz sartu beharko ditut nire Lizzy txikiaren alde».

        «Ez nuke gura horrelakorik egitea. Lizzy ez da inondik ere besteak baino hobea; eta ziur nago ez duela Janeren edertasunaren erdia, eta ezta Lydiaren umore onaren erdia ere. Ordea, berari ematen diozu zuk beti lehentasuna».

        «Batak ez besteak ez dute gomendagarri izateko dohain handirik», arrapostu zuen Bennet jaunak; «guztiz tuntun eta ezjakinak dira, gainerako neska guztiak bezala. Alabaina, Lizzy bere ahizpak baino azkarragoxea da».

        «Bennet jauna, nola har ditzakezu zeure haurrak halako berba gaiztoez? Atsegin egiten zaizu ni haserraraztea. Ez daukazu errukirik nire nerbio gizajoentzat».

        «Ez didazu ondo ulertu, maitea. Begirune handia diet zure nerbioei. Lagun zaharrak ditut, izan ere. Azken hogei urte honetan gutxienez, arreta handiz entzun zaitut aipatu izan dituzun bakoitzean».

        «Ai! zuk ez dakizu nola sufritzen dudan».

        «Baina sufrimendu hori gaindi dezazun eta urtean lau milako errenta duten gizon gazte asko auzunera etortzen ikusteko bizi zaitezen espero dut».

        «Halako hamaika etorrita ere, berdin-berdin izango da guretzat, haiei bisita egiteko asmorik ez duzunez gero».

        «Ziur egon zaitezke, ene maitea, auzotegian halako hamaika daudenean denak batera bisitatuko ditudala».

        Zuhurtzia, umore ozpintsua, barrurako joera eta kasketaldiak halako molde bitxian zeuden nahasturik Bennet jaunarengan non, hogeita hiru urteko esperientziaren ostean, Bennet anderea ez baitzen artean gai haren izaeraren nondik norakoa ulertzeko. Emakumearen buruak ez zeukan horrenbeste tolestura. Erdi mailako adimenekoa, informazio gutxikoa eta jite aldaberakoa zen bera. Nahigabeturik zegoenean urduri zegoela imajinatzen zuen. Alabak ezkonaraztea zuen bizitzako lan bakarra. Bisitan joatea eta berriak jakitea, berriz, pozbiderik handienak.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia