HITZAURREA

 

        Ez dut uste oso oker nabilenik Jane Austen bere edozein nobelatako pertsonaia izan zitekeela badiot. Izan ere, haren biografia hemen aipatzeko arrazoirik baldin badago, arrazoi hori gure azalpena ilustratze hutsarena da. Bere obretako heroina gehienak legez, Jane Austen erdi mailako familia bateko alaba izan zen XVIII. mende bukaerako Ingalaterran. 1775eko abenduaren 16an jaio zen, Hampshireko Steventon herrian. Bere aita hango parrokiako erretorea zen, gizon eskolatu eta sensiblea, eta haren kultura zabal eta literaturarekiko zaletasunari esker (Oxfordeko St. John's Collegen ikasia baitzen), Jane Austenek giro landu eta irakurzalea ezagutu zuen txiki-txikitatik. Amari dagokionez, badakigu bere familian senide aristokrata eta kulturadun bat baino gehiago izan zela, eta bera ere bere adimen zorrotz eta ateraldi injeniotsuengatik ezagutu zutela bere ingurukoek: «zentzun handia eta irudimen bizia batuz, bai idatziz eta bai solasean epigramaren indar eta zorroztasunarekin mintzo zen», halaxe deskribatu zuen bere iloba batek.

        Zazpi urtetik bederatzi urtera bitartean Jane Austen Oxford, Southampton eta Readingeko barnetegietatik pasatu zen bere ahizpa Cassandrarekin batera, baina gehienbat etxean bertan jaso zuen hezkuntza, aitaren eta neba nagusien eskutik. Zortzi seme-alabetatik zazpigarrena izanik, ahizpa bakarrarekin izan zuen harremanik estu eta mamiena, baina guganaino iritsi diren testigantzek familia handi, alai eta adiskidetsu batez hitz egiten digute, oro har. Giro bizi, kultu eta zoriontsu horretan gauzatu ziren Austendarren etxeko teatro emanaldiak —euren lagun eta auzokoen artean hain ezagun eta estimatuak— eta baina XVIII. mendean artean hain ohikoak ziren talde-irakurraldiak ere.

        Garaiko moldeei jarraituz, etxeko gizonak bakarrik hornitu ziren euren eskuko bizibide batez, eta familia oneko kideek sasoi hartan har zitzaketen bide bakarrak hautatu zituzten, hain zuzen ere:

        — eliza: babesle boteretsuren bat behar zen horretarako, erretorego bat eta hari zegozkion ondasunak eskain zitzakeena. Jane Austenen aitari Thomas Knight zaldun handiak eman zizkion, eta Austen jaunak, berriz, bere seme nagusiari utzi zizkion herentzian. (Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en honen adibide ederrak ditugu: Collins jauna eta Lady Catherine de Bourgh bere babesle anderea, batetik, eta Wickham jauna eta bere babesle izan beharko zukeen Darcy jauna, bestetik).

        — aristokrazia: titulurik gabe jaiotako pertsona batek aristokraziarako bidea egin zezakeen modu desberdinetan. Jane Austenen neba Edward Thomas Knigh jaun boteretsuak adoptatu zuen (aitari eliz bizibidea eman zion berberak), eta bere titulu eta ondasunen oinordeko bihurtu. (Gure nobelan William Lucas jauna Sir William Lucas bihurtuko da, erregearen opariz).

        — ejerzitoa: hauxe zen premuak ez zirenentzako beste irtenbide bat. Jane Austenen hiru nebak ekin zioten karrera militarrari: horietako bi itsas armadako almirante izatera heldu ziren, eta bestea Oxford Miliziako kapitain izatera. Austenen nobelak populatzen dituzten ofizial ugariek —itsasoko zein lehorreko armadetakoek— idazleari oso ezagun zitzaion errealitatea ispilatzen dute, beraz. (Gogoan izan zein paper garrantzitsua jokatzen duten jaka gorridunek» Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en).

        — negozioak: Jane Austenen neba kutuna, Henry, izan zen denetan gorabeheratsuena. Goiko puntuan aipatu dugun hirugarrena zen, Oxford Miliziako kapitain izan zena. Ejertzitotik igaro ondoren bankari ekin zion, baina 1816an behea jo zuen eta orduan herriko erretore egin zen, bere neba nagusia bezala. Burgeseria indarrez sendotzen ari zen garai hartan, aristokrazia zaharrak eta handikiek ez zituzten begi onez ikusten banka bezalako aberasbide «plebeioak», hots, kapitalaren edo lurraren errentetatik bizi barik, negozioetatik bizi zirenenak. Jane Austenek, berriz, horiekiko sinpatia eta begirunea erakutsi zuen bai bizitzan eta bai nobeletan. (Gure obraren kasuan, Bingleyren arrebek irudikatuko lukete handiki errentadunen mesprezu hori, Elizabeth Benneten osabaren lanbideaz barre egiten dutenean; andereño mesprezati horiek, ikusiko denez, nobelako pertsonaia «gaiztoetako» batzuk dira).

        Familia onetako alabentzat, aldiz, hiru aukera baino ez zeuden: 1) aita aberats baten oinordekoa izatea (De Bourgh andereñoa bezala, gure nobelan); 2) ahalik eta ezkontza onena egitea (Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en etenbarik ageri den kezka); 3) karitatetik bizitzea (Austenen Sense and Sensibility, Emma eta Persuasion nobeletan ditugu horren adibideak). Etxetik kanpo apenas zegoen emakumearentzako lanbide «duinik»: barnetegiko irakasle jardutea edo inoren umeen etxeko andereñoa izatea ziren irtenbide bakarrak, eta ez zeuden oso ondo ikusita aipu ederreko jendeen artean. Teatroko antzezle izaterik ere bazen, baina lan hori gutxi batzuentzat mugatua egoteaz gain, inork ez zuen bere familian aktoresarik izan gura. Goian aipatutako lehen aukera —herentziarena— ez zegoen norberaren esku, eta hirugarrena —karitatea— ez zen inolaz ere desiragarria. Beraz, maila bateko emakumeak bigarrenari ekin behar zion indar guztiz bizirik iraungo bazuen. (Oso sintomatikoa da Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-eko protagonistari ezkon proposamenak egiten dizkioten bi gizonek gauza segurutzat jotzea damaren baiezkoa, noraino eta haren ezetza sinetsi ezin izateraino). Edozein modutan ere, ez Cassandra ez Jane Austenek ez zuten ezkontzaren bidea hartu —eskaintza bat baino gehiago izan bazituzten ere— eta aita hilez geroztik ama alargunarekin batera ezagutu zuten bizimodu gero eta beharragoa emakume ezkongabearen patu latzaz mintzo zaigu. Austen damek suerte ona izan zuten, seme/neba ugari eta maitetsuen laguntza ekonomikoa izan zutelako, baina hori ez zen emakume guztien kasua izaten, ezta gutxiagorik ere.

        Etxearen arduraz gain bestelako lan gehienak debekatuta zituela (eta gainera maila bateko familiak zerbitzari bat izan behar zuen gutxienez, kosta lain kosta), eta gizonek astialdietan etxetik kanpo praktikatzen zituzten kirolak era berean galarazita izanda (ehiza, tiroa...), emakumeari etxezuloa besterik ez zitzaion gelditzen. Bisita eta paseoak albora utzita, emakumeek denbora luzea izaten zuten damei zegozkien «trebeziak» lantzeko: pianoa, dantzaldiak, joste-lana, pintura, eta, zorionez, liburuak. Edo, bestela esanda, irakurtzea eta idaztea. Jakina, emakume guztiek ez zuten neurri berean idatzi eta irakurriko, baina Jane Austenena bezalako familia giro kultuan, eta idaztea bera etxekoen ohiko praktika izanik (badakigu amak eta neba batzuek behintzat idazten zutena), erraz ulertuko dugu Austen gazte-gaztetandik lotu izana eskribitzeari. Ez da kasualitatea idazle honen garai bertsuetan —eta batez ere geroago— hainbat emakume idazle jaio izana literatura argitaratuaren mundura (Hanna Moore, Fanny Burney, Mary Wollstonecraft, Mrs. Radcliffe, Maria Edgeworth, Madame de Staël, Lady Granville etab. etab., eta ama horien geroko alabak —haien kontrario sutsuak izan zein ez izan— hala nola George Eliot, Mary Shelley eta Brönte ahizpak, burura datozkidan lehenak aipatzearren.) Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-eko protagonistak pasarte batean dioen bezala, gura izanez gero etxe oneko alabek aukerarik asko izaten zuten formazio sendoa eskuratzeko, eta, beraz, Oscar Wilde idazle bikainak hain grazia handiz erakusten digun emakume hori —flirteoaren arteetan iaioa baina beste guztirako burmuingabea, batez ere solas inteligente bat izateko— ez zaio ondo lotzen errealitateari, edo, behintzat, errealitatearen alde bat baino ez du erakusten. Areago, Austendarrak bezalako handikiak eta familia aristokratak alde batera utzita, eskolarizazioa baino lehenagoko familia pobreagoetan ama izaten zen seme-alaben oinarrizko hezkuntzaz arduratzen zena. Jacotot metodoaren bitartez irakurtzen ikasita, berak emango zien etxeko umeei kultura idatzirako bidea, eta bera izango zen hainbat gauzaren gordailu: hala gorputz eta osasunari buruzko ezagutzena, nola irudimenaren ondarearena edo elizaren agindu eta jarraibideena.

        Edozelan ere, eta Jane Austenen hari biografikoarekin jarraituz, idazte lanak ez zuen ezertan ere aldatu emakume honen ohiko bizimodua. Bere lehenengo 25 urteak jaioterrian eman zituen, eta 1801ean gurasoekin eta Cassandrarekin aldatu zen Bathera, aitaren osasun makala zela eta. Modako bainu-herri horrek eragin nabarmena izango zuen bere bi nobelatan, eta, dotorezia georgiarraren markoan, handiki fribolo eta galanteen irudia ispilatzeko modua emango zion, bai eta gizarte horren kontraesanak eta hipokresia bere umore eta ironia hain pertsonalez islatzeko aukera ere. 1806an Austen jaunaren heriotzak berriz ere etxez aldatzera behartu zituen Austen anderea eta bi alaba ezkongabeak, lehendabizi Southamptonera eta Chawton herrira gero. 1817an Jane bera zegoen gaixorik. Bere medikuarengandik hurbilago egoteko Winchesterrera aldatu zen Cassandrarekin batera, baina alferrik izan zen. 1817ko uztailaren 18an, Jane Austen Addison eritasunaz hil zen, 41 urterekin eta bere idazle-karrera erdi-erdian etenik. Bere irakurle gehienek ez zuten bere izena ezagutzen. Izatez, ez zuen bere burua idazle bezala sekula ezagutzera eman, eta bera bizirik zegoela argitaratutako obrak «dama bat» izenpearekin atera ziren plazara. Bere nobelen ingurukoak zaintzeko joan-etorri bat baino gehiago egin zituen Londresera, baina inoiz ez zen bere garaiko kultur jende ospetsuarekin harremanetan sartu. Anonimatuari eusten saiatu bazen ere, egia da jende asko bere izena ezagutzeko moldatu zela, euren artean George IV.a bera, Printze Erregentea zenean. 1815ean Jane Austen Londresen zela jakin zuen, eta bere liburuzaina bidali zion bere zerbitzura. Horrela, Austenek printzearen egoitzetako bat bisitatzeko parada izan zuen liburuzain horren gidaritzapean, eta luze barik printzearen eskari bat jaso zuen, alegia, hurrengo nobela otoi berari dedika ziezaiola. Halaxe egin zuen, eta Emma nobela George printzeari eskainita dago. Gainerakoan Jane Austenen bizitza —familia eta lagunartekoen heriotza eta jaiotzak aparte— bestelako gorabeherarik gabe isuri zen.

        Hala ere, haren lanak itzelezko traszendentzia izan zuen literaturaren munduan. Izan ere, —Britannica-k dioen bezala— berak eman zizkion nobelari bere molde modernoak gaur ezagutzen ditugun moduan, jende arruntaren ibilerak eguneroko bizimoduan erakutsiz. Bere garaiko Ingalaterrako erdi mailako jendearen portaera-komedia sortu zuen, eta berak ezagututako munduaz baliatu zen bere nobeletako egoerak, pertsonaiak eta gaiak taxutzerakoan. Bere obrek lurjabe txikiek eta herriko elizgizonek osatutako gizartea erakusten digute, bai herrian eta bai hiri txikian, edota Londres eta Bathera noizean behin egindako bisitetan. Baina mintza gaitezen zehatzago Austenen idazte-lanaz.

        Esan dugun legez, Jane Austen gazte-gaztetandik hasi zen idazten, bere atseginerako eta familiaren jolaserako. Bere lehen idazkiak, Juvenilia izenaz ezagutu ohi direnak, 11 urtetik 17ra bitartean egin zituen. Haien artean nobela laburrak, pasarte solteak, fikziozko gutunak eta teatro motzak aipa ditzakegu. Apartean azpimarratzekoa dugu 16 urterekin idatzi zuen Ingalaterraren historia, ahizpa Cassandrak irudiz hornitu zuena. Obraren izenburuak argi adierazten ditu egilearen umorea, gogo alaia, eta, batez ere, adin horretan ia pentsaezina den beste nolakotasun bat, alegia, arbitrariotasunaren eta subjektibitatearen kontzientzia garbia: Ingalaterraren Historia Bat, Henry IV.aren Erregealditik Charles I.aren Heriotzara Arte, Aurrejuzkuz Betetako Historiagile Partzial eta Ezjakin Batek Egina.

        Kontzientzia horrek ironia eta parodiara eraman zuen berez-berez, 15 urterekin idatzitako Love and Freindship obran era txinpartatsuan ageri dena. Nobelatxo honetako umorea ulertzeko, gogora ekarri behar dugu XVIII. mendearen alde ezagun eta aldarrikatuenaren ondoan (hau da, erregulartasuna, simetria eta segurtasuna maite zituen aldearen ondoan), bazela beste alde bat, hori bezain indartsua baina ez hain ezaguna, alegia: sentimendua, gauzen alderdi basatia, terrorea eta misterioa gogoko zituena. Azken alde hori Austenen garaian hain irakurriak ziren nobela gotiko eta sentimentaletan ageri zen (Fanny Burney eta Mrs. Edgeworthenetan adibidez), eta horiexek izango ziren idazle gaztetxoaren barrea sortuko zuten aurreneko eragileak. Love and Freindship halako gehiegikeria sentimentalen eta istorio miragarrien parodia dugu, geroago nobela luze batean (Northanger Abbey-n) garatuko zuena.

        17 urterekin hasitako eta amaitu gabeko beste nobela batek —Catherine izenekoak— autorearen helduaroko nobeletan eten barik azalduko zen beste gai bat erakusten digu: neska gazte batek egiazkoa eta faltsua bereizten ikasiko du, bere burua eta ingurukoak hasieran diruditenaz bestelakoak direla apurka-apurka deskubritzearen bitartez. (Gai hori geroko nobela guztietan ageri dela uste dugu, baina adibide nabarmenenak ematearren Northanger Abbey, Harrotasuna eta Aurrejuzkuak eta Emma aipa ditzakegu).

        1811tik 1818ra bitartean Jane Austenen sei nobelak kaleratu ziren: Sense and Sensibility (1811), Harrotasuna eta Aurrejuzkuak [Pride and Prejudice] (1813), Mansfield Park (1814), Emma (1816), Northanger Abbey eta Persuasion (1818; azken biok postumuak. Horiekin biekin batera bere neba Henryk egilearen gaineko ohar biografikoa atera zuen, autorearen izena ostendutik atereaz). Fetxa horien argitan batek pentsa lezake Austenen azken Juvenilia-tik (16 urterekin idatzia) lehen nobela argitaratu artean (autoreak orduan 35 urte zituela) hogei urte inguruko tarte hutsa dagoela. Alabaina, ez da halakorik. Izatez, denbora hori guztia Austenen idatzi-metodoak eskatzen zuen lanari dagokio: parentesi horretan argitaratu gabeko idazkiak ditugu, gero plazaratuko ziren nobelen lehen bertsioak, behin eta berriz berridatzi, atondu eta zuzenduko zituenak. Horrela, 1794an Elinor and Marianne hasi ei zuen, Sense and Sensibility-ren lehen bertsioa (galdua); 1796an First Impressions hasiko zuen, Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en aurreneko aldakia (hau ere galdua); Northanger Abbey-ren lehen bertsioa (Susan izenekoa) 1798-99 artean idatzi omen zuen. 1800 eta 1805 bitartean, berriz, The Watsons nobela amaitugabean lan egin zuela dirudi, eta agian baita Lady Susan epistola-nobelan ere. Q. D. Leavisen iritziz The Watsons Emma bihurtuko zen gero, eta Lady Susan, bestalde, Mansfield Park. Persuasion nobela bere bizitzako azken urtean idatzi zuen, heriotzarekin lehian. Nobela izango zenaren zirriborro bat ere iritsi zaigu, hil aurretixe hasitakoa: Sanditon.

        Zerrenda zorabiante xamar honekin Jane Austenen ibilbide luze, lantsu eta pazientearen ideia bat eman gura izan dugu, autoreak berak irudi pollit honekin deskribatu zuena: «boli zatitxo bat (bi hatz zabal), non hain pintzel finaz egiten dudan lan, neke handiaren ostean emaitza txikia baino ez baitut lortzen».

        Gazte denborako lan haietan antzematen ziren ezaugarri nagusiek ez zuten Austenen obra sekula abandonatu, baina prozesu luze horretan finduz eta umotuz joan ziren: hasierako karikatura eta absurdotasuna geroko umore alaia eta ironia fina izango ziren; gehiegikeriekiko higuina, bestalde, ez zen erabakiko kontrario biren arteko bat aukeratuz eta bestea baztertuz, bien arteko puntu orekatua bilatuz baino. Azken honetaz esan behar dugu gure ustez Jane Austenen irudi oker bat zabaldu izan dela, apur bat egilearen Sense and Sensibility obraren eraginetik eta beste apur bat geure eskemen erosotasunagatik, ziur aski. Aipatu berri dugun obra horrek, izenburuan bertan erakusten duenez, bi kontrarioren arteko oposaketa aurkezten digu: alde batean «zentzuna» daukagu, eta bestean «sentsibilitatea», edo, esan genezake, «sentiberatasuna». Lehenengoa Elinor pertsonaian gorpuztua dago —neska burutsu, diskretua, apala, isila, gogo hil xamarrekoa— eta bigarrena bere ahizpa Mariannengan, gorabehera animiko handien pean bizi den gazte sutsu, bizi eta sentibera. Modu zakar batez esateko, liburu horrek zera irakatsi nahi digu: Elinor burutsuaren aukera bietan gomendagarriena dela, eta Marianne bezalako pertsona apasionatuek, berriz, ez dutela atarramendu onik izaten. Eskema hori oso ondo dator batzuetan XVIII. mendeaz izaten dugun ideia prefabrikatuarekin (zuritasun koadrikulatu batez irudika genezakeen horrekin) eta beharbada horregatik hautatu ohi da Austenen liburu hori autorea irakurleen aurrean lehenengoz aurkeztean. Baina gure iritziz Sense and Sensibility ez da ez egilearen ez mendearen obra errepresentatiboa. Egia bada ere XVIII. gizaldia Newtonen mendea dela —«Arrazoimenaren Aroa», deitu ohi zaionez— ez zaigu ezkutatu behar Hume eszeptikoaren mendea ere badela, hain zuzen ere arrazoiak eszeptizismora eraman dezakeelako, eta, bide horretatik, arrazoimena bera ere kolokan jartzera. Humeren bidetik indartutako ikuspegiak dioenez, arrazoimenari diogun begirunea gorabehera, gizakiok emozioek gidatzen gaituzte nagusiki, eta emozio horiek, gainera, norbera inguratzen duten zirkunstantzia sozialen menpe daude. Ondorioz, batek pentsa lezake gizakia gizarte berez insensible baten biktima dela, eta benetan ardura duen gauza bakarra sentimenduak lantzea dela. Pentsaera horrexek indartuko zuen Ingalaterrako «sentimentalismoa» bere adierazpide desberdinetan. Azken batez, Erromantizismoa ez zen ezerezetik sortu: lehen ikusi dugu zein indartsu zegoen nobela gotikoa garai horretako Ingalaterran, eta zein gogoko zituen (nahiz eta gero satirizatu) Austenek berak halako liburuak. Egia esan, XVIII. mendea irudi sinplifikatzaile hura baino askoz ere aberatsagoa da, hain zuzen ere muturreko bi joera horien arteko (simetria, hoztasuna, arrazoi hutsa vs. gorabeherak, beroa, pasioa) hamaika nahaste eta sintesitarako bidea ematen zuelako. Jane Austenen benetako pentsaera, bere obran nagusi dena, ez zetorren bat Sense and Sensibility-ko banaketa zurrun horrekin (bide batez esanda, obra horretan Marianne askoz ere maitagarriago egiten zaio irakurleari Elinor baino). Egia da Austen idazle augustuarra dela, baina, era berean, egia da erdigunea bilatzen zuela zentzunak eta sentsibilitateak irudikatzen duten mutur bien artean, eta ez zuela ez bata ez bestea ukatu nahi, baizik eta biekin aberastu. Johnson eta Cowper bere idazle kutunek bezala, afektazioa eta zurikeria gorrotatzen zituen, baina lehenengoarengan argudio arrazoitua, aforismorako joera eta egia orokorren pertzepzioa maite zituen artean, bigarrenarengan satira alaia, naturarekiko sentsibilitate zintzo eta sakona eta sentimenduenganako fedea zituen gogoko. Joera biak elkarren osagarri dira, eta oso ondo adierazten dute Austenen pentsaera eta estetikaren aurea mediocritas. Ezaugarri horiek ederto baten antzematen dira hemen aurkezten dugun obran, Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en.

        Lehen esan legez, Jane Austenek 21 urte zituela egin zuen nobela honen lehen bertsioa, First Impressions. Hogeita hamazortzi urterekin argitara eman zuenean, ordea, izen berria jarri zion: Pride and Prejudice. Izen biok aintzat izanda, erraz konturatuko gara autoreak analisirako pausu bat eman nahi izan zuela aldaketa horrekin. «Lehen inpresioak» izenean itxura/errealitatea kontrastearen sujerentzia lauso bat egiten zen, baina bigarren tituluak lehen inpresio horietan parte hartu ohi duten elementu nahasleak bereizten zituen: Harrotasuna eta Aurrejuzkuak. Pride and Prejudice izenburua, dirudienez, Fanny Burneyren Cecilia-ren amaieratik aterea da, eta batek baino gehiagok adierazi du Austenek obra horretatik hartu zuela bere nobela honetako gaietako bat, hots, norberaren gogoen eta familia-harrotasunaren arteko borrokarena. Austenek hainbat motibo eta gal hartu zituen bere garaiko modako nobeletatik, baina lehenbailehen argitu behar da osagai horiei ematen dien trataera berri eta dinamikoan datzala bere merezimendu handienetako bat. Adibidez, irakurleak pentsa lezake nobela honen izenburuak antitesi moralista bat aurkezten digula —Sense and Sensibility-ren lineako zerbait, Burney eta Richardsonen tradizioko konbentzioen araberakoa— eta, beraz, Harrotasuna eta Aurrejuzkuak pertsonaia banatan gorpuztuko direla nobelan barrena. Alabaina, Austenek oso keinu polita egingo digu, geure lehen inpresioak ere okerrak direla erakutsiz: lehenengo begiratuan harrotasuna Darcy jaunari dagokiola irudituko zaigu, eta aurrejuzkua, berriz, Elizabeth Benneti. Ordea, nahikoa izango dugu liburuan apur bat aurreratzea ezaugarri biak pertsonaia biengan aurki daitezkeela konturatzeko, eta, beraz, Austenen modernotasunaz eta sintesi-lanaz jabetzeko. Baina aurrera baino lehen, eta azalpena argiago egite aldera, emadazue baimena Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-eko dama-zaldunak aurkezteko.

        Nobelako gertaera nagusiak Hertfordshire konderrian gertatzen dira, Meryton herriaren inguruan, zehatzago. Longbourn Enean Bennet jaun-andereak eta beren bost alabak bizi dira: Jane, Elizabeth, Mary, Kitty eta Lydia. Bennetarrak, auzuneko beste familien moduan, lasai bizi dira, gorabehera handirik gabe. Hala ere, auzotegiko giro baketsua kanpotar aberatsen talde bat heltzearekin batera hasiko da nahasten eta pizten. Etorri berriak bost lagun dira: Bingley jauna —Netherfield etxea alokatu duena—, bere arreba Bingley andereñoa, bere arreba Hurst anderea eta berorren senarra Hurst jauna, eta azkenik Bigleyren lagun mina: Darcy jauna. Alaba ezkongairen bat daukaten etxe guztietan zaldun bi horiei buruzko itxaropen ederrak loratuko dira, baina auzo berriei ongi etorria emateko dantzaldian, auzuneko guztiak berehala ohartuko dira esperantza horiek erdira murriztu behar direla. Izan ere, Bingley jauna gizon maitagarri eta atsegina den arren, eta segituan Jane Bennetekin zaletuko bada ere, bere lagun Darcy jauna izugarri harro eta desatsegina irudituko zaie guztiei, Elizabeth Benneti bereziki, berak pairatuko baitu gizonaren mesprezu zuzena, dantzaldian bertan Darcyk Bingleyri beraren gainean egindako komentario iraingarriak entzunda.

        Bestalde, Jane eta Bingley elkarrekin maitemintzeko bidean diren bitartean, herriak beste bisitari batzuen poza izango du. Milizia-gudaroste batek kuartela hartuko du Merytonen, eta inguruko neskatila guztiak —Kitty eta Lydia Bennet batez ere— bihotz eta begi zabalik ibiliko dira ofizialen liluraren pean. Militarren artetik Wickham jauna nabarmenduko da bere edertasun eta molde maitagarriengatik, eta Elizabeth Benneti egingo dio begi argia bereziki. Bere dohain ugariez gain, gizon hau beste ezaugarri bategatik ere suertatuko da interesgarri: Darcy jauna aspaldidanik ezagutzeagatik eta haren berri zehatza jakiteagatik. Wickham jaunaren informazioak Elizabethen aurreneko inpresioa sendotuko du, Darcy zital, harro eta berekoi bat irudikatuko dio eta.

        Bitartean, Collins jauna ere azalduko da Bennetarren ezaupideen mundua aberasteko. Gizon hau, Bennet jaunaren lehengusu urruna, Bennetarren etxearen oinordeko legala da, Longbourn Enea gizonezkoei lotuta baitago herentzian. Lady Catherine de Bourgh aristokrataren babespeko erretore gaztea izanik, eta bere babesle andereak emaztearen premia ikustarazi diola, Collins jaunari bidezko gauza irudituko zaio bere lehengusina ondasun gabeei mesede egin eta baten bati ezkon proposamenak egitea.

        Gauzak horrela, ezusteko gertaera batek etengo du bat-batean Jane eta Bingleyren artean sumatzen ziren harremanen bidea: batetik bestera, eta inongo abisurik gabe, Netherfieldeko taldea Londresera itzuliko da, Bingley jaunaren negozioak direla kausa, antza denez. Herrian inork ez daki ezer seguru, baina badirudi jaun-andereek ez dutela inongo asmorik bertara sekula itzultzeko. Jane Bennet bihotz hautsita geratuko da, eta Elizabethen barruan gizon bien kontrako sentimenduak indartuko dira. Izan ere, Bingleyren inkonstantziari eta Darcyren presioari leporatzen die Netherfieldeko jaunaren bat-bateko ihes hori.

        Orain arte esandakoarekin pista batzuk eman ditugu nobelaren gaietako bati buruz: lehen inpresioak okerrak izaten dira, gure iritziak moldatzerakoan Harrotasuna eta Aurrejuzkuak izaten baitira tartean. Beraz, txarto aditu horietatik inpresio zuzenetara iristeko, pertsona argiak ibilbide luze bat egin behar du, lehendabizi bere usteen iragazki horietaz jabetzeko, eta bigarrenez, itxuren artetik egiazkoa antzemateko. Bestela esanda, dirudienetik denera heldu ahal izateko, Elizabeth eta Darcy lehendabizi bere juzkuen arbitrarietateaz jabetu egin beharko dira, eta gero, beren burua hobeto ezaguturik, bestea ezagutzera iritsi. Hala ere, inmobilismorako prestatua dagoen gizarte batean hori ez da batere erraza izango, eta pertsonaia biek mila pirueta egin beharko dituzte konbentzionalismoek komunikazio zintzorako uzten duten espazio estu eta malkartsuan elkarrenganako bidea onez egiteko. Bilakabide hori, dena dela, ez da edonoren esku izango; Elizabeth Bennet protagonistaren terminoa erabiliz, pertsonaia «katramilatsuak» bakarrik izango dira horretarako gai, hots, euren baitan hamaika tolestura, zirrikitu eta potentzialitate biltzen dituzten izaki aberats horiek. Besteek, pertsonaia soilek, eurak definitzen dituen ezaugarri bakarrari eutsiko diote, haientzat idatzia den paper berbera jokatuz beti (Bennet andereak, Collins jaunak, Lydia, Mary eta Kitty Bennetek...). Darcy eta Elizabethen elkartze hori, bestalde, ez da gauzatuko alde baten anulazioaz, bien sintesiaz baino. Pertsonaia biek elkar onartzea, erdigune batean batzea, gorago aipatutako aurea mediocritasen adierazpideetariko bat dugu.

        Aipatutako prozesuaren azken burua, Austenen beste nobeletan bezala, ezkontza izango da. Horrek zenbait kritikori pentsarazi die Austenen gai nagusia ezkontza bera dela, baina gure ustez hori arbolak ikustea da, eta ez basoa. Austenen basoa, gure aburuz, alde soziala eta alde pertsonalaren arteko tira-bira da, gizartearen barruan bizi arren bere indibidualtasunari eutsi gura dion gizakiaren problematika. Gizarteak irtenbide erraz eta axalekoak eskainiko dizkio pertsonaiari, eta berak borroka egin beharko du independentziaz jokatzeko, sentimendu faltsuek arrazoia itsutu ez dezaten (adibidez, Elizabethek Darcy gorrotatzen jarrai ez dezan), eta argudioek sentimenduei traiziorik egin ez diezaieten (adibidez, Elizabeth Collins jaunarekin ezkon ez dadin, aukera onuratsua izan arren). Austenen nobeletan gizartearen muga eta loturak ez dira kolokan jartzen, gizabanakoak ez dauka lekurik gizartearen barruan ez bada. Alabaina, erabakiak hartzea askatasunaren erakusgarrietako bat baldin bada, Austenen heroinak erabaki ahalik eta libreenak hartzen lehiatuko dira, gizartearen barruan biziz baina gizartearen aginduetara itsuan makurtu barik, eta hori guztia beren buruaren nagusi izanik, hau da, beren adimen eta sentimenduen arteko oreka bilatuz.

        Ez gaitu harritu behar hori guztia erakusteko Jane Austen ezkontzaren motiboaz baliatu izanak. Izan ere, gogoan izan behar dugu matrimonioa gizarte horren erakunde oinarrizkoa zela, eta, inportanteago dena, emakumeen bizibide nagusia, aurretik esan dugun moduan. Ezkontzaren gaia erabiliz, Austenek bere gizartearen kontraesan nagusi baten aurrean jartzen gintuen: alde batetik, onartua eta estimatua izateko estatusa eduki behar zen, eta, bestetik, ezkontzak —nola ez— maitasunagatik egin behar ziren, Ama Eliza Santuak eta literaturak agintzen zuten bezala. Arazoa zen burua (edo poltsikoa) eta bihotza (edo gogoa) gutxitan etortzen zirela bat, Harrotasuna eta Aurrejuzkuak nobelak ederki erakusten digun bezala: Charlotte Lucasek bizimodu seguru bati eusten dio Collins jasanezinarekin maitasun barik ezkonduz, eta Lydia Bennetek (bere aitak behinola legez) sentimendu eta sentsazioei ematen die amore, ezkontza «burugabea» eginez Wickham deprabatu eta sos gabearekin. Bete-beteko aukera, hots, maila eta maitasuna elkartzen dituena, Elizabeth eta Darcy protagonista nagusiek eta Bingley, eta Jane bigarren mailako protagonistek egiten duten ezkontza ideiala da. Austenek bukaera borobil hori ematen dio bere nobelari, baina protagonisten suertea ez daukatenentzat arazoa konpondu gabe geratzen da. Egia da bai ezkontza «mertzenarioak» eta bai «burugabeak» kritikaturik agertzen direla, baina argi eta garbi azaltzen da gizarte horretan zein aukera gutxi dagoen konponbide zoriontsu bat egiteko. Zelanbait esateko, liburuan komenentziazko soluzio literario bat ematen da, baina idazleak bere kritikaren pozoia sartu du orrietan barrena. Are gehiago, Austenen ironia bazter guztietara ailegatzen da, han-hemen dudarako lekua eginez: Elizabethek Charlotteren ezkontza interesatua gaitzetsiko du, baina Wickhamen portaera mertzenarioak justifikatuko ditu; izeko Gardinerrek Elizabethi Wickhamekin ez maitemintzeko aholkatuko dio gizonak dirubiderik ez daukalako, baina Wickham jauna King andereño aberastu berriarengana hurbiltzen hasten denean, Gardiner andereak gaizki ikusiko du gizonaren interes ekonomikoa... Esan dezakegu nobelan agertzen diren matrimonio guztietatik Gardinertarrak direla benetan zoriontsu diren bakarrak, eta testuinguru horretan oso ulergarria da Charlotte Lucasek ezkontzari buruz erakusten duen eszeptizismo desilusionatua, edota narratzaileak Elizabeth Benneten gainean dioskuna: «Bere iritzia familian ikusitakotik oso-osoan bildu izatera, Elizabethek ezin izango zuen oso irudi atsegina eratu ezkon bizitzaren zorionaz edo etxe barruko goxoaz». Austenek bere nobeletan erakusten dizkigun bikoteak ez dira inolaz ere matrimonioa aukera desiragarria egiteko modukoak, baina ezkontza eta heriotza ziren garaiko konbentzio literarioek onartzen zituzten amaiera bakarrak. Ohiko materialak erabiliz ikuspegi eta zalantza berriak aurkeztea Austenen ezaugarri berezia dugu.

        Gaitasun kritiko handiko pertsonarentzat are zailago suertatzen da matrimonio mediokre bat onartzea. Ideiala eta errealaren arteko desorekaren aurrean pertsonaia «kritikoek» bi jarrera nagusi erakutsiko dituzte: ihes eszeptikoa (Bennet jaunak nahikoa du bere jarrera zinikoaren atzean eta bere biblioteka-zuloan ezkutatzea; Charlottek «ez ditu entzun ere egiten» bere senarraren txorakeriak) edo protesta egitea. Elizabethek protesta egingo du bere aitaren pasibitatearen aurrean, ezezko borobila emango die Collins eta Darcy jaunen ezkon proposamenei, eta sutan jarriko da bere lagun Charlottek Collins onartzen duela ikustean. Izan ere, bere kemen, buru argi eta erantzun azkar eta injeniotsuekin Elizabeth Bennet emakume berri baten adibidea izango da ingeles literaturan, XVIII. mendeko nobeletan nagusi ziren bere ahizpa nagusiekin zerikusirik batere izango ez duena. Burney edo Edgeworthen heroina glamouroso eta idealizatuetatik antipodetan dagoela, bere itxura eta portaera fisikoan bertan iragarriko du bere gogoaren indarra: ibiltari ona da, ez dauka arazorik zelaietako langen gainetik salto egiteko, ezta bere ezagunen aurrean gorri-gorrituta eta ilea nahastuta agertzeko ere, horretarako arrazoi sendorik ikusiz gero... Garaiko literaturako damek etengabe desmaiatzeko ohitura zuten bitartean (Austenen Juvenilia umoretsu eta parodikoetan dama dotoreak hil eta guzti egiten dira desmaiatzearen desmaiatzeaz), Elizabethek, gehienez ere, negar egingo du bere gelako bakardadean. Jokaera eskandaloso eta teatrala —o! eta ah!z betea— Bennet anderea bezalako tuntun axalekoentzat geratuko da, bere senarra duelu batean hilko ote duten beldurrez egon ondoren, gizona ondo eta osorik berriz ikustean duelurik egon ez izanaz pena duten horietakoentzat. Modako literaturan andere hauskor eta zaindu beharrak oso goi kotizatzen zirenean, Austenek osasun ona eta sendotasuna gurago izan zituen, eta De Bourgh andereñoa bezalako dama milizka eta gaixoberak oso susmo txarrekoak iruditu zitzaizkion.

        Ildo beretik jarraituz, Elizabeth Bennetek independentziaz pentsatzeko gaitasuna aldarrikatuko du beretzat. Horrela, Collins jaunak bere ezkon proposamen gogoangarria egiten dionean, Elizabethek bost bider errepikatu beharko dio ezetza, gizonak erantzuna benetan sinets, dezan eta ez dezan pentsatu ezezko hori dama dotoreen ohiko jokabidea dela, hots, gizona gehiago kilikatzeko trikimailu bat besterik ez. Azkenean Elizabethek erregutu egin beharko dio «neure erabakiak hartzeko baimena», eta mesedez ez dezala bera hartu «zu nahigabetu nahi zaituen emakume dotoretzat, bihotz-bihotzez egia diotsun izaki arrazionaltzat baizik». (Azpimarra gurea da).

        XVIII. mendeko «andereñoen portaera-liburuek» gehiegi ez irakurtzeko aholkatzen zieten damei, eta, batez ere, beste pertsonekiko solasaldietan beren kultura edo irakurketen arrasto oro ezkutatzeko. Elizabeth Bennetek, aitzitik, karta-jokoa baino liburua nahiago duela erakutsiko du, lotsa barik, Bingley jaunaren etxean, Hurts jaunaren harridura itzelerako eta Bingley andereñoaren mesprezurako. Emakume dotorea hornitu behar duten dohainak zenbatzerakoan, Bingley andereñoak —mahaiak dekoratzen, bionboak apaintzen eta puntuzko zorroak egiten jakiteaz gain— musika, kantua, marrazketa, dantza eta hizkuntza modernoak aipatuko ditu, eta, nola ez, estilo dotorea eta grazia ibileran. Aitzitik, Darcy jaunak —azkenean Elizabethen maitasunaren merezient izango denak— trebezia dekoratibo horiez gain zer edo zer mamitsuagoa eskatuko du, hots, «irakurketa zabalek haren adimenari emango dioten azkartasuna». Elizabethek hori guztia era batera biltzea ezina dela adieraziko du (garaiko heroinen idealizazioa gaitzetsiz beharbada), eta bere portaera eta solas zorrotz argiarekin, bere aukera zein den emango du aditzera. Era berean, lady Catherine De Bourgh aristokrata inpertinenteak pianoa, kantua eta marrazketa aipatuko dizkio Elizabethi, bere eta bere lau ahizpen hezieraz itauntzean. Horren aurrean protagonistak piano eta kantuan berak eta ahizpa batek apur bat badakitela erantzungo dio, eta marrazten, berriz, batek ere ez dakiela. Lady Catherine izugarri harrituko da, eta are gehiago entzuten duenean Bennetarrek ez dutela etxeko andereñorik izan gauza horiek denak irakasteko. Elizabethen azalpena trumoi-hotsa izango da Lady Catherinen belarrietan: «gutarik ikasi nahi izan zuenak inoiz ez zuen horretarako biderik falta izan. Irakurtzera bultzatu gintuzten beti, eta behar beste maisu izan genituen». (Azpimarra gurea da).

        Esan beharrik ez da garaiko portaera-liburuek trebezia femenino horiek guztiak maila dekoratibo, eta, beraz, amateurrean besterik ez lantzea agintzen zutela. Ez nabil pittin bat ere exajeratzen, Hannah Moreren pasarte honek erakutsiko duen bezala:

 

        Ondo hazitako emakumeek dantzan, kantuan, errezitazioan eta marrazketan ikasi beharko balute ere, hezkuntza onaren helburua ez da emakumeak dantzari, kantari, antzezle edo pintore bihurtzea; haren helburu nagusia alaba onak, emazte onak, ugazaba onak egitea da... beraz, goian aipatutako trebeziak haien astialdia hornitzeari begira daude, eta ez emakumeei bizibide bat emateari begira.

 

        Saloietako eta gizonen ordu aspertuetarako hornigarri izateak, beraz, To egiten zuen emakume ezkongaiaren balioa matrimonioaren merkatura sartzean, hots, gizartean aurkeztua izatean. Lady Catherinek gai hau ateratzen duenean, Elizabethek berriro ere asaldatuko du dama aristokrata bere erantzun zuzen eta ezustezkoarekin. Lady Catherine harrituta dago Bennetar ahizpa guztiak jendaurrean aurkeztuta egoteagatik, nagusi biak artean ezkongai egonda eta txikienak hain gazte izanik. Elizabethek ez du uste ahizpa gazteenak etxean geratu behar direnik «bakar-bakarrik ahizpa nagusiek ezkontzeko modurik edo gogorik ez daukatelako». Izan ere, «Azken jarri denak lehenengoak besteko eskubidea du gaztaroko atseginetarako». Arestian esan bezala, andereño bat jendaurrean aurkeztea matrimonioaren merkatura salgai berri bat ekartzea zen. Bere ahizpa gazteak gizartera ateratzearen egokitasuna epaitzean, Elizabethek ez du ezkontzaren aukera aintzat hartzen, eta bai, ordea, emakumearen beraren atsegin eta dibertimendua. Emakumea bere buruz ateratzearen ideia, eta ez inoren emaztea izateko edadean egon edo ez egotearen arabera, zeharo gauza iraultzailea izan behar zen Lady Catherinerena bezalako ikuspegi kontserbakorrarentzat. «Neure berba berme» esango dio, «oso erabakitsu ematen duzu iritzia horren gazte izateko». Halako iritziek eta beroriek adierazteko independentziak eta lotsarik ezak bultzatuko dituzte Bingley jaunaren arrebak eta Lady Catherine bera Elizabeth Bennet neska lotsagabea, inpertinentea eta hantustea dela pentsatzera. Collins jaunak ere uste izango du haren ateraldi zorrotz eta erantzun biziak lotsa eta isiltasun apur batez doitu beharko liratekeela.

        Arestian ukitu ditugun gaiok —emakumearen hezkuntza fisiko eta intelektuala, damek iritzi pertsonalak izan eta adieraztea, jendaurrean aurkeztua izatearen degradazioa etab.— bizi-bizirik zeuden Austenen garaian, eta polemika bortitzen eragile izan ziren XVII. mende bukaeratik. Emakumeen eskubideen defentsa eta haientzako hezkuntza arrazionalaren aldarrikapena hamazortzigarren mendearen azken hamarkadan iritsi ziren gailurrera, Catherine Macaulay Grahamekin eta, batez ere, Mary Wollstonecraft eta bere A Vindication of the Rights of Woman obrarekin. Ez dakigu Jane Austenengan antzeman ditugun postura aurrerakoiak emakume horien eraginaren ondorio izango ziren, edo, besterik gabe, gizarte itogarri baten aurrean Austenek emandako berezko erantzuna. Edozelan ere, autore horien sona izugarria izan zen eta garaiko hainbat nobelatan agertu ziren islaturik, hala euren aldeko nola kontrako jarrerak azaltzeko. Austenen idazki publiko eta pribatuetan Macaulay edo Wollstonecraften izenen aipamen zuzenik ez agertzeak ez du ezer esan nahi, soberako arrazoiak baitzeuden emakume batek idazle horien jarraitzaile zela ezkuta zezan. Izan ere, nahiz eta emakume ugari bildu ziren autore horien ekimenaren inguruan, bien bizitza pribatuei buruzko desprestijio kanpaina zeken batek atzera bota zuen mogimendu guztia: nahikoa izan zen Catherine Macaulay bera baino gizon askoz gazteago batekin ezkontzea bere iritziak lurretik bota zitzaten; Mary Wollstonecraft hil ondoren bere senarrak, William Godwinek, bere emaztearen bizitza heterodoxoaren memoria zintzo bat argitaratu zuen, Maryren aldeko omenaldia izan nahi zuena. Alabaina, Wollstonecraften bizimodu ez-konbentzionalak eskandalizatu egin zuen publikoa, eta emakumeen eskubideen aldeko mogimenduaren inmoralitatearen seinaletzat hartu zen. Ondorioz, kausa horren aldekoak izandako idazle askok atzera egin zuten, erridikulu eta estigmatizazioaren beldur, eta ez da harrigarria ikuspegi aurrerakoi eta erradikal xamarrak edukitako emakumeek hortik aurrera halako aipamen irekirik ez egitea. Oso sintomatikoa da Austen hil ondoren bere ahizpa Cassandrak Janeren gutunetan egindako garbiketa, hainbat eskutitz suntsitzea ekarri zuena; era berean, J.E. Austen-Leighk bere izeko Janeren gainean idatzitako Memoir-ean, gure autorea joskile, musikazale eta kantari bikaina zela azpimarratzen da, eta haren bihotzari maitasun kristaua eta apaltasuna zerizkiola. Memoria horrek Jane Austeni buruzko irudi tradizionalista eta kontserbakorra bultzatu zuen, egia da, baina autorearen izena eta obra ere babestu zituen (asmoz edo asmo gabe). Izan ere, gizarte baten eskasia intelektualak idazle bati egin diezaiokeen kalterik handiena isiltasunera eta iluntasunera kondenatzea da: zenbat jendek erlazionatzen du gaur egun Mary Wollstonecraft bere alabarekin? Edo bestela esanda, zenbatek daki Mary Shelleyk —Frankenstein mitikoaren egileak— Mary Wollstonecraft izan zuela ama?

        Edozelan ere, eta aurrekoa laburbilduz, Elizabeth Bennet protagonistaren taxueran ederki ikus dezakegu Austenen aurea mediocritas gorpuzturik: bere erabakietan arrazoimen eta sentimenduaren arteko oreka bilatzen du (kostata lortzen duen arren) eta, bere hezkuntzari dagokionez, sendotasun fisiko eta intelektuala uztartzen ditu. Bere irizpide estetikoak ere erdikotasun horren alde mintzo dira, Darcy jaunaren etxaldea bisitatzean erakusten digun bezala: «(...) erreka bat, berez zer edo zer bazena, hanpatu egiten zen eta handiagotu, baina artifizio arrastorik ezertan ere erakutsi gabe. Bere ertzak ez ziren ez zuzenak ez apainkeriaz hornituak. Elizabeth liluratuta zegoen. Sekula ez zuen ikusi naturak hainbeste dohainez bedeinkatutako lekurik, edo berezko edertasunari gustu traketsak hain kalte gutxi egindakorik (...) Gelak altuak eta politak ziren, eta altzariak bat zetozen etxeko nagusiaren fortunarekin; baina, Elizabethek ikusi zuenez, ez ziren ez koloretsuegiak ez beharrik gabe on-onak; Rosingseneko altzarien arrandiarik ez zen han, baina bai egiazko dotorezia handiagoa, eta horretaz ohartzean Elizabethek Pemberleyko jabearen gustu ona miretsi zuen». Aipu hau zeharo esanguratsua da, eta XVIII. mendeko irizpide estetikoen gaineko hainbat argibide eskaintzen dizkigu. Bere inplikazio guztiez jabetzeko, ezinbestekoa dugu hiru puntu argitzea.

        Lehenengo eta behin pasarte horrek «natura hobetzearen» gaia (to improve) jartzen digu begi aurrean. Lehen ikusi dugu nola XVIII. mendean bi estetika korronte batzen, nahasten eta kontrajartzen ziren: «klasizista» dei geniezaiokeena, batetik, eta «gotikoa» esan geniezaiokeena, bestetik. Batak ordena aldarrikatuko zuen, eta besteak basokotasuna, hala esateko. Arkitektura eta parkeen antolamenduari begira, lehenengoak natura hesitzea» eskatzen zuen, eta haren okerrak zuzendu eta hutsak betetzea. Bigarrenak, gotikoak, naturaren askatasuna eta kontrasteak besarkatuko zituen, eta naturak jandako arkitektura, esaterako Erdi Aroko ruinak. Bi joera horien artean zebiltzan XVIII. mendeko «hobetzaileak» (improvers), hau da, jende ahaltsuaren lorategiak hobetzen zituzten profesionalak. Lancelot Brown —«Capability Brown» izengoiti esanahitsuaz ezaguna— eta Humphry Repton izan ziren goi mailako jendearen parke eta lorategiak ondo neurtutako laku artifizialez eta ruina aipainduez jantzi zituzten hobetzailerik famatuenak. Modako kontu guztietan bezala, honetan ere bezeroen eskaerak erraz jausten ziren alde bateko edo besteko gehiegikerietan, eta artifizioek sarritan iluntzen zuten natura basatiari eman nahi zioten ordenamendua. Darcy jaunaren etxea —zaindua baina aldi berean sinplea eta naturala— erdibideko puntu egokian egongo litzateke, eta ulergarria da Elizabethek horrenbeste mirestea.

        Baina ez da haren «gustua» beste barik hemen interesa zaiguna, nobelaren eraikuntzan horrek daukan funtzioa baino. Darcyri buruzko iritzia aldatzeko prozesuak Pemberleyko bisitan jadesten du gailurra, Elizabethek Darcy erabat diferente bat aurkitzen duenean. Hala ere, enkontru hori gertatu baino lehenago, Elizabethek gizonaren etxaldea —haren espazio pertsonal eta intimoena— ezagutzeko modua dauka, eta haren erreakzioa geroago gauzatuko den aldaketaren aurrerapena besterik ez da. Izan ere, Darcyren etxea, edo, hobeto esanda, etxea janzteko eta antolatzeko modua, gizonaren zentzu moralaren metafora bat da, Rosings etxeko altzari «arranditsuak» Lady Catherineren zentzu moralaren metafora diren bezala. Honek estetika eta morala elkarri lotzen dituen pentsaera bat islatzen du, eta hori hobeto ulertzeko XVIII. mendeko filosofo platonista ingelesak ekarri behar ditugu gogora, eta, batez ere, haien ondorengo bat, Anthony Ashley Cooper, Shaftesburyko jauna. Gaur egun oso ezaguna ez bada ere, Shaftesburyk itzelezko eragina izan zuen XVIII. mendean, bai Britainia Handian eta bai gainerako Europan ere. Filosofo honi jarraiki, gizakiak edertasunerako zentzuna duen bezala, badu moraltasunerako zentzuna ere, eta lehenengoak gauza ederrak estimatzera bultzatzen duen moduan, bigarrenak jokabide ona apreziatzera eroaten du. Irizpide estetikoak lantzen diren bezala, hala gertatzen da irizpide moralekin ere, eta, beraz, gustu landuko pertsonari higuingarri gertatuko zaizkio ekintza txarrak, itsusiak direlako, eta, alderantziz, moral eskaseko pertsonak bere irizpide estetikoetan islatuko ditu bere interes desorekatuak. Honen argitan oso adierazgarri suertatzen da Lady Catherinen etxeko luxu neurrigabe eta erakus-zalea eta Darcyren etxeko dotorezia naturala erkatzea. Lehenengoak dama horren harrokeria eta izaera agintzailea konfirmatzen dituen bitartean, bigarrenak giltza ematen dio Elizabethi Darcyri buruz izan dituen uste okerrak behingoz berraztertzeko eta ezaguera berri eta zintzoago bat bilatzeko. Izan ere, Darcyren etxe zaindu eta artifizio bakoak gizonak ere artifiziorik ez daukala adierazten du, eta izaeraz ere orekatua eta hantuste gabea dela. Ez da hau estetika eta moralaren arteko erlazioaren adibide bakarra nobelan barrena. Beste bat gogoratzearren, aipura ekar dezakegu Mary Bennetek eta Elizabethek piano eta kantu emanaldi bana eskaintzen duten pasartea: Maryk pianoan eta kantuan gogor lan egin badu ere, «ez zuen ez argitasunik ez gusturik» baina bai «harroputzaren trazak eta burgoiaren moldeak»; Elizabethek bere ahizparen abildade erdiaz ere jo ez arren, (...) askoz ere atsegin handiagoz entzun zioten denek, izatez bihotz zabala eta furfuria gabea zelako».

        Austenen irizpide estetikoez ari garela, idazlearengan eragin izandako beste autoritate bat aipatu behar dugu: William Gilpin, hain zuzen ere. Antzinateko ruina eta natura basatiarekiko xarmak paisaiari buruzko interes bizia biztu zuen XVIII. mendean, eta paraje ikusgarriak bisitatzeko txangoak modako denbora-pasa bihurtu ziren. Gilpinen ustez natura eta pintura elkarren pareko bi arte ziren, eta, bidaiarientzako laguntza eskaini guran, hainbat liburu idatzi zituen bai Erresuma Batuko ibilbide interesgarriak proposatuz, eta bai «pintoreskoari» buruzko jarraibideak emanez. XVIII. mendean eta Gilpinen erabileran «pintoresko» hitzak ez zeukan gaur egungo esanahia, bere etimologiari gehiago lotutako beste hau baino:

        koadro batean gustagarri egiten zaigun edertasun mota berezia». Bere liburuen bidez Gilpinek irakurleen gustua hezi nahi zuen, natura pintoreskoaren irizpideen arabera apreziatzen irakatsiz, eta artelanak artistaren begiarekin ikusteko bidea eskainiz. «Pintoresko» hitza (picturesque) sarritan azaltzen da Austenen nobeletan paisaiarekiko erreferentzian, baina Gilpinen eragina Austenengan askoz ere sakonagoa da beste maila batean, hau da, obren euren taxueran. Nahikoa da Gilpinen aholkuetako batzuk errepasatzea ikusteko zein kontutan hartu zituen Austenek printzipio estetiko horiek bere lanean:

        1. Medioak (hizkuntzak, argiak) garbiro erakutsi behar ditu objektuak, ikuslearen arreta bere buruarengana eraman barik. Idazle batzuen idazkerak begiaren eta objektuaren artean kokatutako argi itsugarri bat ematen du, bere burua erakutsi eta objektua bera ezkutatzen duena.

        — Hortik etorriko litzateke Austenen berbakera argi eta orekatua, eta hizkuntzari buruzko gogoeta, geroago aztertuko duguna.

        2. Zenbat eta gehiago hurbildu artista naturaren alde sinple eta ederretara, orduan eta fikzio miragarriagoak sortuko ditu. Gustu zuzenak ezin ditu pairatu naturalak ez diren egoerak. Irudimen sobrioari ez zaizkio gogoko gauza harrigarriak, eta, ordea, hunkitu egiten da naturatik transkribatutako istorio eta egoerekin.

        — Austenek eguneroko pertsonaiak aukeratuko ditu, eguneroko bizitza eta egoeretan. Bere nobeletan ez dugu aurkituko nobela gotikoetako gertaera harrigarririk, ez bada erreferentzia gisa eta horren ironia egiteko (Northanger Abbey-n adibidez).

        3. Konposizio bateko pertsonaiak aurkezteko moduari dagokionez, Gilpinek dio figura nagusiek lehentasuneko lekua izan beharko luketela, hau da, eurak izan beharko liratekeela ikuslearen begia erakartzeko lehenak. Horretarako, ahalik eta gehien berezi beharko lirateke taldetik, eta, gainera, beste moduren batez ere nabarmendu beharko lirateke:

        — argi distiratsu batean agertzeagatik.

        — espazio argitsu baten erdian itzal baten pean agertzeagatik.

        — ekintza edo espresio bereziren batez hornituta egoteagatik.

        — ezaugarri horien konbinaketa erabiliz.

        — Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en begi-bistakoak dira pertsonaia nagusiak aurkezteko teknika horiek. Hasierako atal bietan Bennetarren familia osoa azaltzen da, taldean beraz. Hirugarren atalean dantzaldiaren eszena argitsua dugu, eta Elizabeth, berriz, dantzakide barik jesarrita egon beharraren itzalpean (eta Darcyren komentario mespreziatiak entzunda, gainera!). Atal horretan Jane Bennet azalduko zaigu distira bereziz, Bingley jaunarekin dantza egin ondoren gelako andereño ederrenaren fama ematen zaiolako. Dantzaldiaren osteko komentarioetan, Elizabeth gogor mintzo da Darcyren aurka, gizona bere kritiken iluntasunaz markatuz, eta bere burua, berriz, bere izaera jostariaren argiarekin piztuz. Hortik aurrera, Elizabeth eta Jane txandakatuko dira argi/itzaletan, harik eta zazpigarren atalean protagonismoa erabakita geratuko den arte: Jane Netherfieldera joango da bisitan, eta euriak bidean harrapaturik, etxe hartan geratu beharko da gaixorik eta ohean. Elizabethek hiru miliako bidea egingo du eguraldi txarrean ahizpa bisitatzeko (ekintza berezi bat) eta Netherfielden ahizpa zaintzen ematen dituen egunetan protagonismoaren jabe dela erakutsiko digu: Jane bere gaixo-gelan begitik ezkutatzen zaigun bitartean Elizabeth aurrez aurre jarriko da Netherfieldeko taldearekin, Darcy jaunarekin bereziki.

        4. Edertasun «pintoreskoak» (pinturari dagokionak) alde latz eta malkarren bat izan behar du. Estilo palatinoko eraikin bat (hots, Grezia eta Erroma klasikoen estiloan egina; halakoak ziren XVIII. mendeko herriko etxalde handiak) ederra izan daiteke, baina hilda dago pinturarako.

        — XVIII. mendeko nobeletako heroina eta heroien akatsetako bat idealizazio fisiko eta morala zen, edifizio palatino handien formaltasunaren antzekoa. Honainokoan adibide asko eman ditugu erakusteko Elizabeth Bennet hezur-haragizko emakumea dela, eta heroina glamourosoentzat batere ondo ikusita ez zeuden ezaugarrien jabea dela.

        Pintoreskoak, beraz, natura harmoniatsuaren ideia iradokitzen digu: sinpletasuna maite du, baina klasizismoaren hoztasun eta erregulartasunetik aldentzen da. «Latza» eta «malkarra» errebindikatzen ditu, baina higuin zaizkio gauza harrigarriak. Hiru lerro horiek Austenen estetika biltzen dute, lehenagotik ere aurea mediocritas terminoarekin aipatu duguna.

        Hizkuntzaren erabileran Austenek jokaera berbera erakusten du. Lehenengo eta behin azpimarratu behar da Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en pertsonaien hizkera lehen mailako elementu deskribatzailea dela, eta sarritan ekintzek eurek baino informazio gehiago ematen digula. Harrotasuna eta Aurrejuzkuak-en oso deskribapen gutxi ematen zaizkigu gauzen eta pertsonaien itxura fisikoaz, segurutik gizarte horretako distantzia sozialak mesfidantza eta beldurra zizkiolako hurbiltasun fisikoari. Aurretik esan dugun bezala, Austenen (eta beraz, Elizabeth Benneten) garaiko gizarteak oso toki estua uzten zuen indibiduoen arteko komunikazio ireki eta zintzorako: sexu desberdineko eta senitarte-loturarik gabeko bi pertsona ezin ziren ia inoiz bakarrik egon (ezkontza-proposamenak egiteko izan ezik), eta harremanetan sartzeko ohiko testuingurua bilera sozialen bat izaten zen (kontzertua, antzokia, dantzaldia...). Halakoetan —eta gure nobelan hainbat adibide ditugu— oso garrantzitsuak izaten ziren urrundik antzeman zitezkeen zantzuak, hala nola begirada, azalaren kolorea (zurbiltzea/gorritzea), posturak (jesarrita egotea/gelan gora eta behera ibiltzea)... eta hizkera.

        Hizkeraren balio komunikatzailea bi mailatan gauzatzen da: batetik pertsonaiak dioena baino zer edo zer gehiago adierazten du askotan (adibidez, Darcy eta Elizabeth pianoa jotzearen gainean ari direnean Lady Catherineren etxean, hogeita hamaikagarren atalean), eta, bestetik, pertsonaiaren hizkera bere aurkezpen-txartela izaten da, txartel horrek eskaintzen duen irudia batzuetan engainutsua izan daitekeen arren, edo gaizki interpretatua. Austenen irizpide estetiko-moralekin bat etorriz, muturretako joerak susmagarriak izango dira hizkeran ere. Horrela, Collins jaunaren erretolika eta hizkera faratatsuak, idatzitik ahozkora batere aldatuko ez denak, modua emango die Elizabethi eta bere aitari gizonaren izaeraren diagnosi zuzena egiteko haren lehenengo gutuna jaso bezain azkar: «Ale bitxia izan behar du, nire ustez, (...) Bere idazkeran badago zer edo zer oso hanpatua», dio Elizabethek, eta bide beretik doa Bennet jauna: «Bere gutunean agertzen den morroikeria eta buruiritziaren arteko nahasketa horrek itxaropen ederrak sortzen ditu». Collins jauna ez da gai klitxe eta formula sasi-libreskoetatik kanpo hitz egiteko, eta haren berbakera artifiziotsuak, zarata askorekin mami gutxi transmititzen duenak, bere moral superfizial eta hipokrita ispilatuko du, eta bere buru motel eta mugatua. Beste muturrean, berriz, Bennet anderearen eta Lydiaren hizkera izango dugu, ez sinplea, laua baizik, kanpotik barrutik bezain hutsik daudela adierazten duena. Errepikapenak, interjekzioak, esaldi amaitugabeak eta espresio lausoak izango dira haien hizkeraren ezaugarri: «Jauna! zelako barreak egin genituen! eta Forster andereak ere bai. Hil egingo nintzela uste nuen. Eta horrek susmoan jarri zituen gizonak, eta berehala asmatu zuten zer gertatzen zen.!» dio Lydiak pasarte batean.

        Pertsonaia zuhurrek, ordea, hizkera doi eta zehatza bilatuko Jute, aldi berean argia eta ñabardurez betea. Elizabeth izango da hizkera orekatu horren adierazle nagusia, baina pasarte batean berari ere gogorarazi beharko dio bere izeba Gardinerrek —emakume argia bera ere— esamolde hormatu eta higatuek ez dutela ezertxo ere adierazten, eta zehaztasuna bilatu behar dela: «Baina maiteminez zoratzen esaera hori hain da maiztua, dudazkoa, zehaztugabea, ezer gutxi adierazten dit».

        Hizkera matizatua izateak edo kolore bakarrekoa izateak, hala ere, ez ditu pertsonaia «on» eta «txarrak» bereiziko, psikologikoki «soilak» eta «katramilatsuak» direnak baino. Jane Bennet guztiz onbera eta goxoa da, baina bere ontasunak ez dio uzten errealitateari buruzko epai garbirik egiten, eta bere hizkera berdin izango da ezti eta leuna guztientzat, argazki bat bezalakoa, kontakizunari aurrera egiten lagunduko ez diona. Bingley jauna bera ere alaia eta maitagarria da, baina erabaki garrantzitsuak egiteko ahalmena bere lagun Darcyrengan dauka delegaturik, eta bere gutunak egiteko moduak —«hitzen erdiak jan egiten ditu, eta gainerakoak, berriz, zirrimarratu»— haren borondate ahul eta erraz amore ematekoa salatzen du.

        Dena dela, hizkera-motak oker interpreta daitezke, batez ere okerreko oinarri estralinguistikoetan zimendatzen baldin badira. Horrela, Wickham jaunaren edertasunak eta molde erakargarriek egoki bihurtzen dute automatikoki bere hizkera ere —«Zioena zioela, ondo esanda zegoen»— eta beste inorengan (Lydiarengan adibidez) indiskreziotzat hartuko litzatekeena, irekitasun atsegintzat hartzen da berarengan: «hain gomendagarri egiten zuten dohain guztiei beste bat ere gehitu behar zitzaien orain, bere kontuez zabal-zabal hitz egitea, alegia». Hain zuzen ere, Wickhamen mihi zuri eta berba egiteko zabaltasun horiek izango dira Elizabeth engainaturik izango dutenak, eta bere uste okerrak finkatuko dituztenak. Darcy jaunarekin beste horrenbeste gertatzen da, baina alderantziz: gizonak hasieratik eragindako inpresio txarraren oinarrietan, haren berba gutxi eta neurtuak ez dira diskrezioaren seinaletzat edo abilidade sozialen faltatzat hartuko, harrotasun eta burgoiaren zantzutzat baino. Paradoxikoki, isiltasuna bere bertuteetako bat dela ikusiko da gero, eta bere diskrezioak bere etsai difamatzailearen oso gainetik jartzen duela. Bide batez, eta Darcyren hizkeraz ari garela, interesgarria da ohartaraztea nola Darcy eta Elizabeth elkarganatuz doazen neurrian gizonaren hizkera jaso eta zaindua —bere gutun laboriosoan igartzen dena— apurka-apurka naturalago bihurtzen den, zehaztasun eta dotorezia galdu barik, hala ere.

        Bennet jaunaren hizkera epigramatiko eta ironikoak pertsonaia «azkarren» artean kokatzen du, baina ironia hori norabide bakarrean erabiltzen duenez, pertsonaia soil gelditzen da. Bennet jaunak bere inguruko guztien hipokresia eta tentelkeriaz egiten du barre bere bibliotekaren gordelekutik, baina ez da gai ironia hori bere buruarengana bihurtzeko. Hori dela eta, Bennet jaunak ez dauka perspektibarik bere okerrak zuzentzeko, eta beti eusten dio paper berberari, hau da, komentarista pasibo eta zinikoaren paperari.

        Elizabethekin, aitzitik, ironia bere osoan betetzen da. Bere aitak bezala, gozatu egiten du besteen absurdoari barre eginez, baina bereaz ere ohartzen da, eta burla egiten dio bere buruari ere. Gizarte-mailak edo diruak ikaratzen ez duela, Elizabethek lotsarik gabe zuzenduko du bere ironia Darcyrengana, eta gizonak halakoetara ohituta ez dagoen baina halako inteligentzia apreziatzen dakienaren harriduraz eta sinpatiaz erantzungo du. Azken batez, zentzugabeko gauzekiko ironia ezaguerara heltzeko giltzetako bat izango da, bide ematen baitu bai mundua eta bai nork bere burua distantziatik ikusteko eta jokabideak birplanteatzeko. Darcyren bilakaeraren azken pausua, Elizabethek nobelaren amaieran aditzera ematen duenez, besteek bere lepotik barre egitea onez eramaten ikastea izango da.

        Geure eta besteen absurdoak ironiaz hartzen ikasten dugun neurrian erlatibizatzen ikasiko dugu, eta, beraz, geure iritziak baldintzatzen dituzten harrotasun eta aurrejuzkuen kontra borrokatuko. Nobelako lehen esaldian erakusten zaigunez, «egia unibertsaltzat» jotzen diren gauzak gutxi batzuen uste interesatuak besterik ez dira izaten, eta puntu horretatik abiatuta Jane Austen bere ironia disparatzen hasiko da, norabide askotan eta erruki gabe, ironizatzaileak ere ironizagarriak direla frogatuz. Horrela, Elizabethek Darcyri bere juzku arin eta aldagaitzak ironia maltzurrez aurpegiratzen dizkionean, ironia horrek aldi berean Elizabeth bera ukituko du, guk ondo dakigulako gizonari leporatzen dizkion bekatu berberen erruduna dela bera ere. Irakurleon egoera pribilegiatu horrek —hots, narratzailearen informazioari esker Elizabeth baino aurreratuxeago joateak— suspense elementu bat sartuko du kontaketan, Elizabethen patuaz gero eta interes biziagoa piztuko diguna.

        Amaitu baino lehen, pare bat ohar egin nahi nituzke itzulpenaren gainean, irakurleari beharbada harrigarri egingo zaizkion puntu bi komentatzeko. Lehenengoa hiztegiari buruzkoa da. Nobela honetan lau ezkontza gertatzen direla aintzat izanda, bertan agertzen den hiztegi amodiozkoa oso moderatua gerta dakioke gaur egungo irakurleari. Horrela, «maitasunaren» ordez irakurleak askoz sarriago aurkituko ditu «isuria», «joera», «oniritzia», «estimazioa», «eroria», «onginahia», «ongura», «atxikimendua», «begi argia» eta halakoak. Tonu hau nobela gotiko eta sentimentaletako hiztegi «apasionatuaren» aurkako joerari dagokio, eta Austenen estetika orekatuari.

        Bestalde, puntuazioa ere gerta dakioke berezi irakurleari. Austenek gure gaur egungo ohituran dena baino askoz ere sarriago erabiltzen du puntu eta koma (;), agian guk «puntu eta jarraian» egingo genukeen tokietan. Gainera, elkarrizketak ez ditu gidoien artean jartzen, kakotxen artean baino («), eta gidoi horiek (—) eten modukoak markatzeko erabiltzen ditu, gure gaur egungo eten puntuen antzera edo. Ni ezaugarri horiek gordetzen saiatu naiz, itzulpen hau Austenen irakurle ingelesdunek aurkitzen duten obrara ahalik eta gehien gerturatu guran. Gauza batean eman dut amore, hala ere: aipatutako gidoi luzeen lekuan gure gaurko baliokideak jarri ditut, bere horretan uzteak testuaren argitasunari traba egiten ziola iruditu zait eta.

        Besterik ez. Jane Austenen lan honekin nik bezainbeste gozatzea opa dizuet, eta neure lanak bereari kalte handiegirik egin ez izana espero dut.

 

Ana Isabel Morales

 

 

 

© Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia