XI. LIBURUA

 

 

        1 Gaueko lehen loaldiaren inguruan esnatu nintzen bat-batean, ikarak jota; hor ikusi dut ilargi betearen biribil dirdaitsua, itsas uhinen artetik irten berria, argi txit gardenez distiraka; orduan, gau ilunaren bakardade isilaren babesean, jainkosa handi horrek botere berezi eta nagusia zuelakoan, giza gorabeherak haren gogoaren araberakoak zirelakoan, etxe-abereak eta basapiztiak ez ezik izaki arimagabeak ere haren argiaren eta haren goiargi babeslearen jainkozko eraginez piztuak zirelakoan, lurreko, zeruko eta itsasoko izakiak ere haren aldietara otzanki egokiturik hura handitzean handitu, eta hura txikitzean txikitu egiten zirelakoan; ikusirik, gainera, adurrak, nire zoritxar etengabe eta ankerrez aseta, berandu bazen ere, salbamen-itxaropena eskaintzen zidala, bada, erabaki nuen nire zori gaiztoari aurre egitea, une hartan aurrean agertzen zitzaidan jainkosaren irudi handiari otoitz eginez; loaren zorabio nagia hantxe bertan astindu, zutitu gogotsu, eta neure burua garbitzeko irrikaz, hor noa itsasora bainatzera; neure burua uhinetan zazpi bider murgildu eta gero, zenbaki hori baita egokiena Pitagorasen esanetan erlijio-ekintzei hasiera emateko, nire aurpegia malkoz bustita, honako otoitz hau egin nion jainkosa ahalguztidunari:

 

        2 — Oi, zeruko erregina! Nahiz Zeres janari-emaile gisa, uzten ama sortzailea, zure alaba aurkitzeagatik poztu zinenean, ezkurrez elikatzeko ohitura zaharra desagerrarazi zenuena —piztien janaria baita hori— eta gizadiari janari gozoagoa erakutsi zeniona, eta orain Eleusiko zelai emankorrak lantzen dituzuna.

        Nahiz zeruetako Venus gisa, Maitasuna sorturik unibertsoaren lehen denboretan kontrako sexuak elkartu zenituena, eta, giza enda etengabeko birsortzearen bidez betirakotu ondoren, uhinez inguraturiko Pafos saindutegian gurtua zarena.

        Nahiz Feboren arreba gisa, emakumeei haurgintzan lagundu eta haien oinazeak arintzen dituen erremedioak eskainirik, herri ugariak jaioarazi dituzuna, eta orain Efesoko zure eliza ospetsuan gurtzen zaituztena.

        Nahiz Proserpina ikaragarri gisa, gauez lanturu beltzak egiten dituzun hiru aurpegidun jainkosa, itzal gaiztoen erasoak galarazten dituzuna, lurrazpiko espetxeak itxirik zaintzen dituzuna, zuri sagaraturiko baso anitzetan hara eta hona zabiltzana, eta hainbat erritoren bidez alde jar zaitezkeena.

        Oi, jainkosa, zure argi emeaz harresi guztiak argitzen dituzun hori, zure errainu hezeen bidez hazi ernalkorrak elikatzen dituzun hori, eta zure noragabean argitasun nola-halakoak eskaintzen dituzun hori; zuri otoitz egiteko itxura, nahiz erritoa, nahiz izena, bata zein bestea izanik ere:

        lagun iezadazu nire zorigaitz larrietan,

        emaiozu indar nire fortuna ahulduari;

        okerrik gogorrenak irentsi eta gero,

        emadazu atsedena eta bakea;

        aski dut oinazetik,

        aski dut arriskutik;

        urrundu nigandik lau-hankako itxura madarikatu hau,

        eraman nazazu berriro nire etxekoen aurrera,

        egizu berriro garai bateko Luzio hura izan nadin,

        eta jainko irainduren bat atzetik baldin badabilkit

        haserre bizian,

        utzi behintzat hiltzen, bizitzen uzten ez baldin bazait.

 

        3 Era horretan otoizka eta aiene tristeka hustu bezain laster, berriro nire izpiritu lokartua bildu, eta loa gainera erori zitzaidan, ohetzat hartu berria nuen leku berean. Artean begiak zeharo itxi gabe neuzkan, eta, bat-batean, itsasoaren altzotik, uhinen gainetik burua —jainkoentzat ere gurgarria zitekeena— jaso, eta jainkozko aurpegi bat agertu zen; ondoren, gorputz osoa azaldu zen poliki-poliki, eta iruditu zitzaidan ezen irudi distiratsu hura, itsas urak astindu eta gero, neure aurrean gelditu zitzaidala. Agerkizun zoragarri hura azaltzen saiatuko natzaizue, giza hizkuntzaren txirotasunak uzten badit behintzat hura hitzez pintatzeko aukera, edo jainkosak berak behar besteko hitz etorria ematen badit.

        Lehenik, airean eta utzipen politez zeramatzan bere adats ugari eta luzeak, arinki kizkurrak, bere jainkozko lepo gainean nola hala banaturik. Lore anitzez txirikordaturik koroiak estaltzen zion buru gaina, eta erdian, bekoki gainean, ispilu itxurako disko lau batek, edo ilargi irudi batek beharbada, errainu dirdaitsuak egiten zituen. Disko horrek, ezkerrera eta eskuinera, bi sugegorriren espiralak zeramatzan, buruak gainera altxatuta; eta goian Zeresen gari-sortak makurtuta zeuden. Kolore aniztun tunika, lihorik finenez ehundua, zuri itsugarriz ageri zen orain, azafrai-lorea bezain hori gero, arrosen kolore gorriaz pizturik hurrena. Hala ere, nire ikusmena gehien lausotzen zuena haren estalki beltz-beltza zen, errainu ilunez distiraka; gorputz osoa biltzen zion, eta eskuineko besoaren azpitik pasa, eta ezkerreko sorbaldaraino zihoakion, nondik mutur askea berriro aurretik erortzen baitzitzaion korapilo handi bat osaturik, eta gero, tolesdura mailakatuez beheko muturreraino jaitsi, eta zirdil-uztaian amaiturik, era politean eusten zion airean.

 

        4 Zirdil bordatu osoan eta oihalaren alde leunean izar asko zeuden han eta hemen distiraka, eta ilargi bete batek bere suzko errainu piztuak jaurtitzen zituen haien erdian. Gainera, etenik gabeko lore ilara, era guztietako lore eta fruituz egina, zihoan estalki eder hark airean osatzen zuen biribilean zehar. Tresna anitz zeraman, gainera: eskuinean brontzezko ziztro bat eta horren xafla mehean, ezpata-uhalaren antzera okerturik, burdinazko zenbait ziri, besoa hiru bider astintzean kriskitin soinua egiten zutenak. Ezkerreko eskutik zintzilik urrezko kriseilua zeraman, ontzixkaren antzekoa, eta, horren kirten ttikiak kanpora zeukan muturrean, sugezko bat, burua tente eta lepoa puztu-puztu eginik. Palmondo hosto txirikordatuz eginiko sandaliak zeuden haren jainkozko oinetan, garaipenaren sinbolo gisa. Itxura eder eta harrigarri horren azpian eta Arabiak sortzen dituen usain-gozo zoriontsuen artean, bere jainkozko hitzak zuzendu zizkidan era honetan:

 

        5 «Hementxe nagok hire ondoan, Luzio, hire otoitzek beraturik, ni, osagai ororen jabea, mende ororen hasiera, jainkozko ororen elkarketa eta bilduma, Maneen erregina, zerukoen artean lehenengoa, jainkosen eredu aldagabea naizen hau; nik agintzen zieat nire gogoaren arabera zeruan bizi direnei, itsasoko haizexka laguntzaileei eta infernuetako isiltasun sakon eta bakartiari; mundu osoak gurtzen dik nire jainkotasun bakar eta zatiezina, itxura anitzez, era askotako erritoz eta hamaika izenez agertzen dena: frigiarrek, munduko lehen gizakiek, jainkoen ama deitzen zidatek, Pesinonteko jainkosa; jatorrizko atenastarrek, Minerva Zekropia; uhinez bustiriko txipretarrek, Pafos-eko Venus; Kretatarrek, gezi eramaileek, Diana Diktina; hiru hizkuntzatan mintzo diren siziliarrek, Proserpina Estigia; antzinako Eleusiko biztanleek, Zeres Aktea; Batzuek Juno deitzen zidatek; beste batzuek, Bellona; hauek Hekate, haiek Rhamnusia; ekialdetik irtetean, jainko Eguzkiaren errainu jaioberriek jo eta ilunabarrean bere azken dirdaiekin argitzen dituen haiek, bi Etiopiatako herriek eta beren antzinako zientziagatik boteretsu diren egiptoarrek, neure errito berezien bidez gurtzen naitek, eta Isis Erregina deitzen zidatek, neure benetako izenez. Hire ondoan nagok, hire zoritxarrek bihotz-beraturik; hire alboan nagok, aldeko eta mesederako; utzi alde batera heure negar hori, amaiera eman heure aieneari, urrun higandik tristura; argitzen ari duk, nire gogoari esker, hire salbamena ekarriko duen eguna; adi, beraz, arretarik arduratsuenaz, agintzera noakian betebeharrei.

        »Ohitura otzan eta betidanikoak nire izena eman ziok gaur gauean jaioko den egunari, eta hor, neguko ekaitzak baretu, eta itsaso haserretuaren uhinak arindu eta gero, itsaso hori itsasontziz zeharkatzeko moduan jartzen denean, neure apaizek, egin berria den ontzi bat nire esku utzirik, itsasketaren lehen urratsak eskaintzen zizkidatek. Hik jai horren zain egon behar duk inolako kezkarik gabe, eta, bestalde, inolako pentsakizun profanorik gabe.

 

        6 »Horrela, nik jakinaren gainean jarri eta gero, apaizek, prozesioan doala, arrosazko koroi bat eramango dik eskuineko eskuan bere ziztroari erantsita. Hoa, bada, jende artean aurrerantz, eta bil hakie gogo beroz, nire onberatasunarekin fidaturik, atzetik datozkidanei; apaizagandik hurbil hagoenean, hari eskuan muin egitera bahindoa bezala egin, arrosak hartu, eta ken ezak gainetik piztia madarikatu horren larrua, gorrotagarri zaidak-eta aspaldidanik. Ez izan nik agindutakotik zerbait zaila gertatuko zaian beldurrik: higanatu naizen une honetantxe, hor ari bainatzaio neure apaizari bere ametsean zer egin behar duen agintzen. Nire esanera, hire aurrean irekiko duk jarraitzaile jendetza estua, eta otoitzezko agerpen alaitsuen eta nire jaiaren ikuskizun pozgarrien erdian, ez duk inor ikaratuko orain daukaan itxura gaizto horrekin; inork ez dik gaizki hartuko bat-batean itxura aldatzea, ezta salatuko ere horregatik.

        »Hala ere —gogora ezak guztiaren gainetik— gorde ezak heure bihotzaren barru-barruan grabaturik, niri eskaini didaala heure hemendik aurrerako bizitza, heure egunen amaia arte, heure azken hasperena arte; legezkoa duk geratzen zaian bizia eskaintzea jainkosari, berari esker berreskuratu duk-eta heure lekua gizakien artean. Hori eginik ere, zoriontsu biziko haiz, nire babespean aintzaz beterik, eta, lur honetako hire bizitzaren bidea egin eta gero infernuetara jaistean, han, lurrazpiko hemisferio hartan ere aurkituko nauk, Akeronteko ilunpetan distiraka eta Estigiako egoitza sakonen erregetzan, orain hemen ikusten banauk ere. Hik heuk ere, Zelai Elisiarretako biztanle horrek, etengabeko omenaldia eskainiko diok nire jainkotasun babesleari. Eta, baldin-eta, heure hitzez hitzeko obedientziak, nire zerbitzura otzanki aritzeak eta heure zintzotasun orbaingabe eta etengabeak nire jainkozko babesaren duin egiten bahau, orduan ikusiko duk neu naizela hire bizitza adurrak jarritako mugak baino harantzago luza dezakeen jainkozko bakarra».

 

        7 Goi-erantzun agurgarria horrela amaiturik, inoiz garaitua izan gabeko jainkosa hura beregan bildu, eta desagertu egin zen. Berehala, loaren lokarriak etenik, beldurrez eta pozez beterik aldi berean, eta izerdi patsetan, jaiki, eta jainkosa ahalguztidunaren hain ageriko presentziaz zeharo liluratuta, itsasoko uretan bainua hartu, eta haren agindu handiei buruz hausnartzeari utzi gabe, hitzez hitz ekartzen nituen gogora adierazitako betebeharrak. Une batzuk geroago, gau beltzaren ilunpe lainotsuak urrundurik, urrezko eguzkia agertu zen, eta horra non, jai-egun bati edo garaipen baten ospakizunari legokiokeen gogo beroz, jende talde ttikiak kale guztiak betetzen ari diren. Inguruan neukan orori, nire zorionarekin bat eginik, poz handia zeriola iruditzen zitzaidan; hain handia zen poza, non iruditzen baitzitzaidan era guztietako animaliei ere, etxeei eta aireari berari ere, beren zorion ezkutuaren alaitasun eztia zeriela. Aurreko eguneko izotz jelatuaren ondoren bat-batean hain egun eguzkitsu eta eztia etorri zen, non hegaztitxo kantariek ere, udaberriaren arnasa epelak bultzatuta, beren txio eztiak entzunarazten baitzituzten, beren txorrotxioen xera gozoz balaku eginez izarren amari, denboren jatorrizko hasierari, unibertso osoaren jabe eta andereari. Eta zer esan zuhaitzez? Beren fruituak emankortasunaren lekuko dituztenek, nahiz beren bizitza antzuan itzala eskaintzearekin nahikoa dutenek, hego haizearekin puztu eta hosto jaioberrien kimu distiratsuz esmaltaturik, guztiek mugitzen zituzten beren adarretako besoak kulunkan, murmurio arina sortuz. Ekaitzen zarata baretu, eta uhin puztuen haserre zirimolatsua lasaitu eta gero, itsasoa eztiro zetorren hondartza naroa bustitzera; eta zeruak, azkenik, bere ganduzko estalkiaren ilunak saretu eta gero, distira egiten zuen ohi duen argi-errainu garbi eta gardenaz.

 

        8 Eta horra hor non doazen bata bestearen atzetik, prozesio handi eta ospetsuaren hasiera gisa, jantzi ederrez apainduriko jende taldeak, bakoitzari deritzon arabera: honako honek, ezpata-uhalez loturik, soldaduarena egingo zizun; harako hark, txapin urreztatuak, zetazko soinekoak eta apainduri aberatsak jantzi, itxura egiteko txirikordaz burua estali, gerriak ibilian astindu, eta emakumearena egingo zizun; beste batek, grebak, ezkutua, burukoa eta ezpata jantzita, bazirudien gladiadore eskola batetik irtena zela; ez zen magistratuarena egingo zuenik falta, bere fasze eta purpuraz; ezta bere estalki, makila, espartzuzko sandalia eta ahuntz-bizarraz filosofoarena egingo zuenik ere; bazeuden, gainera, bi gizon kanabera batzuekin: batak txori-ehiztariarena egiten zuen bere ziri likatsuekin, eta besteak arrantzalearena bere amuekin; hezitako hartz eme bat ere ikusi nuen, emagin itxuran jantzirik, ohantze batean zihoala; eta tximu eme bat ere bai artilezko txanoaz eta horiz jantzirik, Frigian bezala, Ganimede artzainarena eginez eskuan urrezko kopa bat zeramala; asto bat ere ikusi nuen, hegal batzuk erantsita, agure zahar baten ondoan zihoala, halako moldez, ezen Belerofonte eta Pegaso ezagutu baitzitezkeen haien itxuran, eta jendeak barre egiten zien biei.

 

        9 Herri-jai alaitsu horiek nonahi hedatzen ziren bitartean, osasunaren jainkosaren benetako prozesioa mugitzen hasi zen. Emakume batzuek, beren jantzi zurien dirdaiekin eta janzkera anitzez alaiki apainduta, udaberriko lorez osaturiko koroiak erakusten zituzten bitartean, arrosa-hostoak beren altzotik atera, eta haiekin kalea estaltzen zuten, nondik baitzihoan jende-oste sakratua; beste batzuek ispilu distiratsuak zeramatzaten bizkarrean, jainkosari begira jarriak, horrela, aurrera zihoala, bere jarraitzaileen omenaldia aurrez aurre ikus zezan; beste batzuek, marfilezko orraziak harturik, besoak mugitzen zituzten eta hatzak tolestu, jainkosaren erregina-adatsak txukuntzen eta orrazten ariko balira bezala, eta, bitartean, tantaz tanta, beste usain-gozoen artean jainkozko ukendu bat isurtzen zuten, horrekin kaleak zipriztinduz; gainera, gizonezko zein emakume askok eta askok, eskuan kriseiluak, zuziak, zirioak eta beste argi batzuk zeramatzaten, eta zeruko izarren sortzaile eta ama haren mesedeak bereganatzen saiatzen ziren. Atzetik, xaramela eta txirulak doinu ezti-eztiak joz zihoazen, beren musika gozoa entzunaraziz. Koru zoragarri bat zetorren hurrena, gazte hautatuz osatua, jaietako arropa ederrak, elurra bezain zuriak, jantzita; eresi eder bat behin eta berriz kantatuz zihoazen, poeta handi batek Musen eraginez asmaturiko musika eta letraz; eresi horren testuak zin nagusien aurretiko kantuak adierazten zituen. Ondoren, Serapis jainko handiari sagaraturiko txirulari batzuk zihoazen, zeintzuek, txirula eskuineko belarrira okerka jarrita, etengabe jotzen baitzuten beren elizaren eta beren jainkoaren doinua. Beste gizaki asko zihoan aurretik, oihuka, jende-oste sagaratuari bidea ireki ziezaiotela eskatuz.

 

        10 Haien atzetik, saldo estuan, jainko-misterioetan iniziaturiko multzoak zihoazen, adin eta era guztietako gizon eta emakumeak, beren lihozko jantzien zuritasun orbaingabean distiratsu: emakumeak, ileak usain-gozoz bustita eta estalki gardenez bilduta; gizonezkoak, buruak soil-soil zituztela, beren buru ilegabe eta distiratsua erakutsiz. Erlijio handiaren izar lurtar horiek soinu argi eta zorrotza egiten zuten, beren brontzezko, nahiz zilarrezko, nahiz eta urrezko ziztroez; kulturaren arduradun ziren apaiz nagusiak, berriz, lihozko jantzi zuriz jantzita zihoazen, bularra estali eta oinetaraino estu-estu iristen zitzaiela; jainko ahalguztidunen sinbolo nagusiak zeramatzaten. Lehenengoak kriseilu bat zerakusan, eta errainu garbiz egiten zuen distira; hala ere, kriseilu horrek ez zeukan batere antzik gure gauetako oturuntzei argi egin ohi dietenekin; aldiz, urrezko ontzixka baten itxura zuen, eta sugar aski bizia zerion erdiko zulotxotik. Bigarren apaizak antzeko itxura zeraman, baina bi eskuetan laguntza izeneko aldare horietako bat zeraman, jainkosa handiaren ardura osasungarriak emandako izena, hain zuzen. Hirugarrena palma bat goian zeramala zihoan, era finean landutako urrezko orriz osaturikoa; bazeraman Merkurioren kaduzeoa ere. Laugarrenak ezkerreko esku baten irudia erakusten zuen, ahurra irekita, berdintasunaren adierazgarritzat; esku hori, berezkoa duen baldarkeriagatik trebeziarik eta zalutasunik gabea izanik, bazirudien eskuinekoa baino hobeto zegokiola justiziari; urrezko ontzitxo bat zeraman, gainera, bular itxurakoa, eta horrekin esne-eskaintzak egiten zituen. Bosgarrenak, urrezko adarrez beteriko bahe bati eusten zion, urrezkoa hori ere. Seigarrenak, pegar bat zeraman.

 

        11 Hurrena, jainkoak zihoazen, giza oinez ibiltzera samurtu baitziren; aurrean, zeruko eta infernuko jainkoen mezulari ikaragarria, beltzez eta horiz erdibana pintaturiko bere aurpegia ondo goian zeramala, zakur antzeko bere lepondoa tente-tente; Anubis zen; ezkerreko eskuan kaduzeo bat zeraman eta palma berde bat astintzen zuen eskuinaz. Horren pausoen atzetik behi baten irudia zihoan, zutik, emankortasunaren sinbolo eta unibertsoko ama guztionaren irudi; bere zerbitzari zoriontsuetako baten bizkarrean zihoan, zeinak duintasunez beterik egiten baitzuen pauso. Beste batek saski bat zeraman, ikusi behar ez diren zenbait gauzaz beterik, eta barnean erlijio handi horren misterioak ezkutatzen zituen. Beste batek jainkosa handienaren irudi gurgarriari eusten zion bere zorioneko besoetan; ez zeukan etxe-abere baten inolako antzik, ez eta inolako hegaztirenik, ez inolako basapiztiarenik, ez inolako gizakirenik ere; aldiz, asmakuntza trebe baten bitartez, zeinari errespetu osoa zor baitzitzaion bere berritasunagatik, esan ezinezko sinboloa osatzen zuen, misterio sakonez beteriko erlijio batena, eta isiltasun handienaz estalita utzi behar dira horren sekretuak. Irudia urre distirakorrez egina zegoen, eta honako itxura hau zeukan: kutxa ttiki bat zen era artistikoan hustua, hondoa egoki-egoki biribilduta zeukana eta kanpotik egiptoarren estiloko irudi zoragarriz apaindua; zulotxoa ez zeukan oso goian, eta moko luze itxurako erreten batek luzatzen zion; kontrako aldean eskuleku bat zeukan erantsita, biribil zabalean hedatzen zena, eta horren gainean kiribil bihurriz osaturiko suge bat zegoen, bere lepo ezkatatsuaren hantura zaintsua tente jarrita.

 

        12 Bat-batean, aldeko jainkosak agindutako etorkizun mesedegarria agertu da nire begien aurrean; niganantz dator apaiz nagusia, eta nire salbamena dakar, jainko-iragarpenak adierazi bezala: bere eskuinean ziztro bat darama jainkosarentzar eta koroi bat niretzat; koroi egokia benetan, oi, Herkules!, izan ere, hainbeste zoritxar eta hain handiak bildu, eta hainbeste arrisku jasan eta gero, Fortunaren eraso amorratuak saihestu bainituen jainkosa ahalguztidunaren gogo onari esker. Hala ere, ez nuen utzi neure burua bat-bateko gozamen zoroaren eskuetan, eta ez nintzen haren gainera joan arrapaladan, ni bezalako lau-hankadun baten ezusteko agerpenarekin ospakizunaren tankera txukuna ez nahastearren; aitzitik, pauso gozo eta neurritsuz, gizakia banintz bezala, ardurarik handienaz zeharka aurreraturik, jende artean irristatuz joan nintzen pixkanaka, eta kendu egiten ziren nire aurretik, jainkosak eraginda, noski.

 

        13 Bien bitartean, gertatutakoetatik ezagutu ahal izan nuenez, apaiza, orakuluak jakinaren gainean jarria eta liluratua, ikusirik errealitatea bat zetorrela agindua zitzaion betebeharrarekin, berehala gelditu zen, eta, bere eskuina luzaturik, nire ahoaren parean jarri zuen koroia. Orduan nik, irrikaz dardarka, neure bihotza taupada azkarrez ari zitzaidala, neure ahoaz larri hartu nuen koroia, txirikordaturiko arrosa berri eta distiratsuz egina, eta, agindutakoa beteta ikusteko gogo biziz, irentsi egin nuen. Eta, halaxe, bete egin zen nigan zeruetako agindua; berehala desagertzen da nire abere-aurpegi desitxuratua, eta ilaje zakar eta nahasia erortzen zait; ondoren, nire larru lodia mehetzen da, nire sabel gizena husten, nire oin-zoruek beren apatxak galtzen hatz itxuran luzatzeko, nire eskuek oinak izateari uzten beren goi mailako eginkizunerako prestaturik, nire lepo luzea laburtzen, aurpegia eta burua biribiltzen, belarri handiak beren ttikitasunera biltzen, harlauza adinako hortzak beren giza neurrira errenditzen, eta isatsa, lehen atsekabe gehiena ematen zidana, zeharo desagertzen. Jendea harriturik geratu zen, jarraitzaileek jainkosa handiaren hain botere agerikoa gurtu zuten, hain erraz egin baitzituen gaueko agerkizunetan agindu bezala, aldakuntza horiek, eta, oihu bateratuez, zerurantz luzatu zituzten beren eskuak eta jainkosaren mesede eder haren lekukotza egiten.

 

        14 Ni, berriz, harridurak jota, lekuari itsatsita geratu nintzen, hitz bakar bat esateko eta bat-bateko poz handi hari nire bihotzean leku egiteko ezgauza. Zer esan, hasteko? Zein hizketa-gai jorratu nire ahots berriaz? Adur oneko zein hitz erabili nire hizketako ahalmena berreskuratu izana goresteko? Zein hitzez adierazi neure eskerrona hain jainkosa ahaltsuari? Bitartean, apaizak —jainko-adierazpenen baten bidez nire zoritxar guztien jakituna hasiera-hasieratik— nahiz hura ere hain mirari harrigarriaz txunditurik egon, bere buruaz keinu bat egin, eta lehenik lihozko jantzi bat eman ziezadatela agindu zuen, estal nendin; izan ere, nire asto izaera utzi eta azal txar hura ere galdu nuelarik, izterrak estu-estu egin eta bi eskuak gainean arreta osoz jarririk, nire biluztasunak uzten zidan heinean babestu bainuen neure burua berezko estalki horri esker. Orduan, jende-oste zintzoko norbaitek bere gainaldeko tunika kendurik, harekin jantzi ninduen bizkor-bizkor. Hori eginik, apaiza, aurpegi argiz eta benetan gizakiaz gaindiko itxuraz, niri begira zeharo txunditurik, honela mintzatu zen:

 

        15 «Hainbeste eta hainbat eratako frogak jasan, eta Fortunaren ekaitzik gogorrenen eta haizeterik zakarrenen oinazeak sufritu eta gero, iritsi haiz azkenean, oi Luzio, Baretasunaren kaira eta Errukiaren aldarera. Ezertarako ez dik balio izan hire jatorri ospetsuak, ez hire merezimenduek, ez nabarmentzen hintzen zientziak; gaztetasun eskarmentu gabearen haitz-muturretan egin duk estropezu, gozamenen mirabetzan erori haiz, eta hire zoritxarreko jakin-minak ordain garratza eskaini dik. Hala eta guztiz ere, hain arrisku ikaragarriez zigortu hauen Fortunaren itsutasunak erlijio-zoriontasun honetara ekarri hau, bere gaiztotasunean uste ez zuen bidetik. Joan bedi orain, aska beza bere haserre osoa, topa beza beste biktima bat bere ankerkeria zeharo kanporatzeko, ezen zorigaiztoaren kalteek ez baitute lekurik gure jainkosaren ahalmenari bere zerbitzura egoteko dei egin diotenen baitan. Zertarako balio izan zioten Fortuna gaiztoari gaizkileek, piztiek, mirabeek, bide malkartsuetako joan-etorriek eta heriotzaren aurreko eguneroko ikarek? Fortunaren babespean jarri haiz; baina oraingoan Fortuna buruargia duk, bere argiaren distiraz beste jainkoei ere argi egiten baitie. Jar ezak, beraz, aurpegi alaiagoa, jantzita daukaan arropa horren zuritasunarekin bat eginik; hoa pauso gozoz jainkosa salbatzailearen jende-ostearekin batera. Ikus dezatela fedegabeek; ikus dezatela, bai, eta beren okerra ezagutu. Horra hor Luzio, esango ditek, lehengo zoritxarretatik libre Isis jainkosari eskerrak, bere fortuna gainditu baitu pozez beterik. Hala ere, seguruago eta babestuago egon hadin, sar hadi gudaroste santu honetan; duela gutxi eskatu ditek zin egiteko; bil hadi oraintxe bertan gure erlijioaren betekizunetara, jar hadi heure gogoz haren zerbitzu sainduaren uztarpean. Izan ere, jainkosaren zerbitzura jartzean, orduan jabetuko baihaiz hire askatasunak zer nolako ondasuna adierazten duen».

 

        16 Era horretan mintzatu, eta gero —arnasa neketsuz eta ahotsa toteldurik— apaiz ospetsua isilik geratu zen. Hura isildu bezain azkar, jarraitzaile tropelean nahastu nintzen, eta jende-oste sakratuarekin batera abiatu; hiri osoak, ni ezagutzean, nigan jartzen zituen begiak, eta jendeak hatzaz edo beste keinuez seinalatzen ninduen; denak nitaz mintzo ziren: «jainkosa ahalguztidunaren borondate handiak, zioten, giza itxura berreskurarazi ziok horri gaur; zoriontsua behin eta mila bider hilkor hori, zerutik merezi izan baitu, ziurrenik, bere lehengo bizitzaren osotasun eta zintzotasunagatik, hain babes harrigarria, izan ere, nolabait birjaio bezain laster, jainko-gurpenaren zerbitzuaren zinpean baitago».

        Bien bitartean, aurrera egin genuen festaren zarata alaiaren erdian; itsasertzera hurbildu, eta azkenean, bezperan, artean asto, bildua nintzen lekura iritsi ginen, hain zuzen. Hara iristean, erritoen arabera jarri zituzten jainko-irudiak. Apaiz nagusiak, bere ezpain garbietatik otoitz ahaltsuenak esan eta gero, ahal bezain sainduki garbitu zuen, zuzi izekiaz, arrautza batez eta sufrez, ontzi bat oso artezki egina, inguru osoan pintura egiptoar zoragarri eta ugariez apaindua; ondoren, jainkosaren esanera jarri eta sagaratu egin zuen. Urrez bordaturiko letra batzuk erakusten zituen ontzi horren oihal ederrak; itsas bideei berriro zorionez ekiteko zinak berritzen zituzten letra horiek. Altxa dute masta, pinu biribilduz egina; distiratsu zutitu zen aireetara, eta nabarmen agertu zen bere trapa handiagatik; txopa, zisne-lepo antzera okertua, urrezko xafla distiratsuz estalia zegoen, eta tuia-zura dirdaitsuz oso-osorik eginiko gila leunak ere distira egiten zuen. Orduan, jende guztia, nahiz jarraitzaile nahiz profano, usain-gozoz edo antzeko opariz betetako baheak jartzen hasi zen bata bestearen gainean, edo, bestela, ogi eta esne-zopazko eskaintzak isurtzen zituen uhinetara, harik eta ontzia, opari ederrez eta adur oneko eskaintzez mukuru, ainguratako lokarriak askatu, eta itsasora itzuli zen arte, haizexka atsegin baten putz ondasuntsuak bultzatuta. Egindako bideagatik ia nabaritu ezin genuenean, gauza sakratuak zeramatzatenek, lehen bakoitzak zeramanari berriro heldurik, santutegirako bideari ekin zioten pozik, etorreran bezala jende-oste txukun eta ederra osaturik.

 

        17 Elizako sarrera bera jotzean, ordea, jainkosaren gelatxoan sartu ziren apaiz nagusia, haren aurrean jainko-irudiak zeramatzatenak eta saindutegi gurgarrian aurretik onartuak izandako iniziatuak, eta erritoaren arabera ezarri zituzten irudi bizi haiek. Orduan, haietako batek, guztiek eskribaua deitzen ziotenak, ate aurrean zutik jarri eta batzarrera deitu zien Pastoforo taldekoei, hori baita elkarte sakratu eta sainduaren izena. Gero, oholtza baten gainetik ahoskatu zituen, idatzitako testu bati jarraiki, ondasun-eskaintzak printze agintariaren alde, senatuaren alde, zaldun giza mailaren alde eta Erromako herri osoaren alde, eta itsas gizon guztien eta beren itsasontzien alde ere bai, mundu osoan gure inperioaren legepean baitaude; azkenik, itsasketa-aldiaren irekitzea aldarrikatu zuen, greziarren hizkuntzaren eta erritoaren arabera. Jendetzaren ahots gorak indartu egin zituen hitz horiek, adur oneko mezutzat agurturik. Eta gero, pozetan igeri, jendeak adar hostotsuak, lore-sortak eta koroiak eskaintzen zituen eta, eskaileraren gorenean jarrita zegoen jainkosaren oinei muin egin eta gero, beren etxeetara itzuli ziren. Niri, berriz, neure barrenak ez zidan uzten handik urruntzen, ezta azkazal baten tartea ere; aitzitik, aurrean neukan jainkosaren irudiari begirik kendu gabe, neure abentura iraganak ekartzen nituen gogora.

 

        18 Bitartean, Ospe hegalariak ez zituen bere hegalak gelditu alferkeriak gogorturik; aitzitik, berehala kontatu zuen nire herrialdeko bazter guztietan, hala jainkosaren gogo onak niri egindako mesede miragarria, nola nire neure zori gogoangarria. Nire adiskideek, zerbitzariek eta odolezko lokarriz niri loturik zeuden guztiek laster asko utzi zuten alde batera dolua, nire heriotzaren gezurrezko berria jakin zutenetik zegitena, eta ezusteko zorion harekin pozarren, nire bila datoz presaka, opari anitzekin, nik infernuetatik egun-argira egindako itzulia aurrez aurre ikustera. Ni neu ere haien etorrerarekin susperturik —haiek berriro ikusteko itxaropena galdua nuen eta—, esker onez jaso nituen haien opari estimagarriak; izan ere, nire adiskideak arretarik handienaz ahalegindu ziren behar nuen guztiaz hornitzen, nahikoa eduki nezan neure burua zaintzeko, eta neure gastuak egiteko.

 

        19 Horrela, bada, banan-banan haiei mintzatu eta gero, bakoitzari zor zitzaion errespetuz, eta iraganeko nire zorigaiztoak eta oraingo nire zorionak bi hitzetan laburbildu ondoren, berriro jainkosaren presentzia dohatsuaz atsegin hartzera joan nintzen; santutegi barnean ostatu hartu nuen alokairuan, eta hantxe ezarri nuen bizilekua behin behingoz, jainkosaren zerbitzura neure burua sagaratuz neure kontura, baina haren apaizen bizimoduarekin zehatz-mehatz bat egin, eta jainkosa ahalguztidun horren gurtzaile betiereko bihurturik. Eta ez nuen gau bakar bat ere egin, ez eta amets-une bat ere, haren agerkari eta oharrik gabe; aldiz, bere aginduez —maiz berritzen baitzizkidan— misterio sakratuetan lehenbailehen hastera behartzen ninduen, aspaldidanik nengoen-eta iniziazio hartarako aukeratua. Hala ere, hori lortzeko gogo sutsuz beteta egonik ere, erlijiozko kezka batek geldiarazten ninduen; arreta osoz ikasi nituen eginbehar sakratu horren betekizun zailei buruzkoak, horren barau txit garbien gogortasun handiei buruzkoak, eta bizitza hori, erorketa askoren arriskura jarria, ardurazko harresiz indartu beharrari buruzkoak. Neure buruan horrelakoak nerabiltzala, ez dakit nola, neure presa eta guzti, gauzak atzeratzen ari nintzen.

 

        20 Gau batean, ametsetan, apaiz nagusia ikusi nuen, bere jantzien tolesdura bete-betea niri eskaintzen zidalarik; horrek zer esan nahi ote zuen galdetu nionean, erantzun zidan ezen Tesaliatik bidalitako errentak zirela, eta Kandido izeneko nire zerbitzari bat ere iritsi berria zela herrialde horretatik. Esnatzean, ikuskizun hori nekarren burura behin eta berriz, eta horren esanahia igartzen ahalegindu nintzen; batez ere, ziur bainengoen ez nuela inoiz izan izen horretako miraberik. Hala ere, nahiz amets horren igarpena honantzaxeago ala harantzaxeago iritsi, ziur nengoen edonola ere errenta haien ekarpenak irabazi segurua adierazten zuela; horrela, zori ederragoaren itxaropenez irrikatzen, adi nengokion elizako ateen goizeko zabaltzeari. Oihal zuriak alde batera eta bestera zabalduta, jainkosaren irudi agurgarria gurtu genuen. Bitarte horretan, hor dabil apaiza nonahi zeuden aldare artean batetik bestera, jainkosaren zerbitzuaz arduratzen da erritozko otoitzak eginez, santutegi barnetik harturiko ura isurtzen du ontzi batetik. Errito ekintza horiek amaitu eta gero, eliztarrek, egunaren lehen ordua adieraziz, oihartzunez bete zuten eliza, berriro zetorren argiari eginiko agurren bidez. Bat-batean, horra non ustekabean iritsi diren Hipatatik, Fotidek bere hutsegite gaiztoez asto bihurtu ninduenean bertan utzitako mirabeak; niri buruz kontatzen zituzten istorioen berri jakin zutenean, lehen adierazitako nire zaldi hura ere ekarri egin zidaten atzera; jabe batetik bestera ibilia zen, baina bizkarrean zeukan arrasto batengatik ezagutu, eta berreskuratu egin zuten. Hori zela eta, harriturik nengoen nire ametsaren egiazkotasunagatik batez ere, irabaziaren agindua betetzeaz gainera, mirabe batek nire zaldi zuria, Kandido hitzari zegokion zuritasunezkoa, itzuli baitzidan.

 

        21 Hori ikusirik, are eta gogo beroagoz ekin nion jainkosa zerbitzatzeari, une hartako mesedeak neure geroko itxaropenen seinaletzat harturik. Aldi berean, egunetik egunera indar handiagoz haziz zihoakidan kontsagrazioa hartzeko irrika, eta maiz joaten nintzaion apaizari, eta ardurarik handienaz eskatzen nion lehenbailehen eman ziezadala hastapena gau sakratuko misterioetan. Hark, ordea, gizaseme zuhurra izaki, eta erlijio zorrotz hari zehatz-mehatz jarraitzeagatik ospetsua baitzen, ni gozo eta eztiki hartu eta gero, luzamendu ematen zien nire eskari etengabeei, eta itxaropen hobearen kontsolamenduaz saiatzen zen baretzen nire bihotz larritua, gurasoek beren semeen grina goiztiarregiak baretzen saiatzen diren bezala. Jainkosak, adierazten zidan, berak egindako seinale batez ematen du jakitera bakoitzaren hastapeneko ordua; haren gogo jainkozkoak aukeratzen du kontsagrazio hori emango duen apaiza ere, eta horrelako aginduez erabakitzen dira ospakizunerako egin beharreko gastuak. Haren ustez, esanekotasun obedikor eta eramankorrez bete behar genituen arau guztiak; izan ere, arreta handienaz saihestu behar bainuen, gogo neurrigabea bezala, ezezkoan egoskortzea ere, eta alde batera utzi behar nituen bi oker horiek; hitz batez, deitzen zidanean, baretasuna erakutsi behar nion; eta agindua jaso aurretik, ardura. Hala eta guztiz ere, erantsi zuen, haren komunitateko inor ez zen hain burugabe, ez eta heriotzaren hain egarri, jainkosak berak zuzenean agindu gabeko betebehar arriskutsu eta sakrilego bat bere gain hartzeko, horrela heriotza zekarkion hobena bereganatzeko, jainkosaren eskuetan zeuden-eta infernuko giltzak zein bizitzaren zaintza. Iniziazio ospakizuna bera ere, zioen, norberak aukeraturiko heriotzaren eta dohaintzat emaniko salbazioaren sinbolo da, ezen jainkosaren gogoak beregana deitzen baitie, bizitzaren bidea egin eta argia itzaltzera doan igaro-gunean bertan dauden hilkorrei, horiek segurtasun osoz eskain baitiezazkieke erlijioaren misterio handiak; ondoren, nolabait, birjaioarazi egiten ditu, bere gogoari esker, eta berriro bizitza berri baten bidean jarri. Horrela, bada, komenigarria omen zen nik neuk ere agindu zerutiar hura betetzea, nahiz eta jainkosa boteretsuak bere abegi nabari eta argiaz aspaldidanik aukeratua ninduen zerbitzu zorionekorako; hori guztiagatik, beste fededunek bezala, uko egin behar nien janari profano eta debekatuei, erlijiorik garbienetakoaren misterio ezkutuetara sarrera zuzenagoa izateko.

 

        22 Horrelaxe mintzatu zen apaiza; nire otzantasuna, ordea, ez zen gutxitzen, ezinegona eta guzti; aldiz, baretasun patxadatsuz eta isiltasun aintzagarriz, ardurarik handienaz joaten nintzen egunero-egunero jainko-ospakizunetara. Jainkosa handiaren ontasun osasungarriak ez zituen nire itxaropenak hutsean utzi, ez ninduen atzeramendu luzeegiez zigortu; aitzitik, gau ilun baten erdian agindu garbiekin adierazi zidan, argi eta garden, iritsia zela niretzat beti irrikatan eduki ninduen eguna; egun horretan, erantsi zuen, egingo zuen nire nahirik sutsuena eskura nezan. Adierazi zidan, halaber, zenbat diru erabili behar nuen iniziazioaren prestakuntzan, eta nola Mitra bera, haren apaiz nagusia, aukeratu zuen nire sagarazioko ospakizuna egiteko, nirekin lotuta omen zegoen-eta izarren harreman jainkozkoen bidez.

        Jainkosa handiaren hain argibide onez eta antzekoez gogoa berpizturik, eguna erabat zabaldu baino lehen loa uxatu, eta hor noa zuzen-zuzen apaiz nagusiaren etxera; bere gelatik irteten topatu nuen, eta diosal egin nion. Inoiz baino erabakigarriago nindoan eskatzera, eta oraingoan zor zitzaidan gauzatzat, eginbehar sakratuan onar nintzaten. Hura, ordea, ni ikusi bezain azkar, aurreratu egin zitzaidan, esanez:

        — Oi, Luzio, zorionekoa hi, jainkosa handiak bere mesedea eta ontasuna jasotzeko aukeratu baihau —eta segitu zuen—: Baina, zer ari haiz hor geldirik eta egonean? Zergatik gelditu haiz orain? Iritsi duk azkenean eguna, hain luzaro hasperenka zain egon haizena: nire esku hauek izen aniztun jainkosaren aginduz gure erlijioaren misterio txit errukiorretan iniziatuko hauten eguna.

        Eta bere eskua nire gainean jarririk, agureak adeikortasun handienaz eliza handiaren ateraino narama; gero, errito nagusiaren arabera ospatu zuen atea zabaltzearen zeremonia, eta goizeko sakrifizioa egin zuen. Hurrena, santutegiko lekurik ezkutuenetik liburu batzuk atera ditu, idazkera ezezagunez izkiriatuak: batzuek liturgia formulen esaera laburtuak zekartzaten, era guztietako animalien irudien bidez adieraziak; gainerakoak matraz beteta zeuden, batzuetan korapilatsuak, beste batzuetan gurpilaren antzekoak, edo beren baitara kiribilduriko mahats-aihenen antzera bihurrituak, liburua irakurtzeko profanoen jakin-minari atzera eginarazten ziotenak. Horietan oinarriturik, iniziazio zeremoniarako prestatu behar zirenak erakutsi zizkidan.

 

        23 Orduan bertan arduratu nintzen beharrezko erosketak egin zitzaten, denborarik galdu gabe, eta merkezurrean ibili gabe. Nik neuk erosi nituen gauza batzuk, beste batzuk nire lagunek; eta, apaizak zioenez adierazitako unea iritsia baitzen, han ondoko igerilekura eraman ninduen, jende-oste zintzoa atzetik nuela; ohiko bainua harturik, eta jainko dohainari dei egin eta gero, ur gardenaren zipriztinez garbitu naiz. Egunaren bi herenak iragan eta gero, berriro elizara eraman ninduen, jainkosaren oin-oinetan geldiarazi, eta hitzez adierazi ezin diren zenbait argibide ezkutuko eman ondoren, jende guztiaren aurrean agindu zidan: hurrengo hamar egunetan utz nitzala alde batera mahaiko gozamenak, ez nezala animalia okelarik dasta, ez eta ardorik edan ere. Erritoko barau horiek hitzez hitz bete eta gero, iritsi zen azkenean jainkosarekin elkartzeko egun seinalatua; eguzkiak bere beherakadan atzetik zeraman arratsaldea. Bat-batean, alde guztietatik jendea agertzen da, misterioen antzinako usadioaren arabera zenbait oparirekin niri ohore egitera; orduan, profano guztiak urrunduta, lihozko arropa berri bat jantzi didate, eta, apaizak eskua harturik, santutegiko alderik ezkutuenera eraman ninduen.

        Baliteke zuk, irakurle jakin-min horrek, zeure buruari galdetzea kezkati samar, ea ondoren zer esan edo egin ote zen; eta esango nizuke, esateko modukoa izanez gero; jakingo zenuke, entzuteko gauza izango bazina. Baina zure belarriek eta nire ahoak okerkeria bera egingo lukete, honek bere zuhurgabekeria gaiztoagatik, eta haiek beren jakin-min sakrilegoagatik. Hala eta guztiz ere, agian gogo errukiorrak kezkatzen zaitu-eta, ez zaitut larritasun handiaz zigortuko; beraz, entzun eta sinetsi, esango dizudan oro egia da-eta. Heriotzaren mugaraino iritsi nintzen, eta Proserpinaren ate-uztaia aztertu eta gero, itzuli egin nintzen, osagai ororen artean ibiliz; gau betean eguzkia ikusi nuen argi distiratsuz dirdaika, infernuko eta zeruko jainkoengana hurbildu nintzen, aurrez aurre ikusi nituen, eta hurbiletik gurtu. Kontatu dizudana entzun baduzu ere, ahaztu egin behar duzu; beraz, sakrilegiorik egin gabe profanoen adimenaren aurrean ager daitekeena bakarrik adieraziko dizut.

 

        24 Eguna zabaldu bezain laster, errito guztiak amaiturik, sagarazioko hamabi jantziez estalita irten nintzen; janzkera horrek ezaugarri mistiko handiak ditu, baina inolako aginduk ez dit ukatzen horretaz mintzatzea, abagune hartan han zegoen jende askok ikusi baitzuen. Etxe sakratuaren erdi-erdian, jainkosaren irudiaren aurrean, zurezko oholtza zegoen jarrita, eta han gora igo nendila eskatu zidaten. Han gainean zutik eta kolore biziko liho finezko arropaz estalita, denak niri begira neuzkan; atzealdean, sorbaldetatik orkatiletarainoko klamide garestia neraman zintzilik. Alde batetik nahiz bestetik begiratu, kolore oparoz eginiko animalien irudiz apainduta nengoen inguru osoan: Indiako herensugez alde batetik, grifo handiez bestetik, gurea ez bezalako mundu batean sortzen diren horietakoez, hegal eta guzti, hegaztiak bezala. Iniziatuek arropa olinpikoa deitzen diote janzkera horri. Horretaz gainera, zuzi izekia neraman eskuineko eskuan, eta palmondozko koroia buruan, eta horren hosto dirdaitsuek argi-errainuak jaurtitzen zituzten. Horrelaxe apaindurik, eguzkiaren itxuran, eta irudi sakratu baten antzera fededunen aurrean jarrita nengoela, halako batean gortinak ireki zituzten, eta fededunak ilaran pasaz joan ziren, ni ikustearren. Ondoren, jai-bazkari eta oturuntz gozoez ospatu nuen erlijio-bizitzarako jaiotza zoriontsua.

        Hirugarren egunean ere gisa horretako ospakizunak egin ziren eta sagarazio-bazkari batek eman zion amaiera iniziazioari, erritoaren betebeharren arabera. Ondoren, leku hartan bertan egin nituen egun gutxi batzuk, jainkosaren irudiari begira egotearen gozamen adieraztezina hartuz, inoiz ordaintzerik izango ez nuen mesedeak bainindukan harekin zorretan. Azkenean, hala ere, jainkosak berak adierazita, eta ahal nuen moduan behintzat neure esker on apala eskaini eta gero, aspalditik luzatzen ari nintzen etxerako itzulera prestatzen dut, horrela jainkosaganako bihozmin indartsu eta gartsuzko lokarria lan handiz eteten dudalarik. Azkenean, ordea, jainkosaren aurrean belauniko jarri, haren oinak malkoz busti, eta neure aurpegiaz xukatu eta gero, honako otoitz hau zuzendu nion nire hitzak itotzen zituzten zotin etengabeak moztutako hitzen bidez:

 

        25 — Oi, zu, jainkosa saindua, gizateriaren salbamenari etengabe begira zauden hori: zuk eskuzabal ematen dizkiezu hilkorrei zainketa pizgarriak, eta ama baten maitasun samurra eskaintzen diezu ezbeharrean nahigabetuei. Ez da pasatzen egun bakar bat, ez gau bakar bat, ez eta une labur bat ere, zure mesedeak zerbait egin gabe, gizakiak babestu gabe, hala itsasoan nola lurrean, eta bizitzako trumoiak haiengandik urrunarazi eta gero, zure eskuineko esku salbatzailea luzatzen diezu, eta horren bidez askatzen dituzu etorkizunaren sarerik korapilatsuenak, eta ekaitzak baretzen eta izarren bide gaiztoak menderatzen. Belauniko jartzen zaizkizu zeruko jainkoak, errespetua dizute infernukoek, zuk eragiten diozu munduari bere ardatzaren inguruan, zuk ematen argia eguzkiari, zuk zuzentzen unibertsoa, zeure oinez zanpatzen Tartaroa; izarrak esaneko dituzu, zuk agindutakoan etortzen dira urtaroak; beste jainkoak pozarren jartzen dira zu ikustean, eta zure esanetara daude elementu guztiak; zure keinu batez jotzen dute haizekirriek, eta hodeiak puztu egiten dira, eta haziak ernaltzen, eta landareak jaiotzen; zeruan zehar dabiltzan hegaztiak, mendian noragabe doazen piztiak, lurraren altzoan ezkutaturiko sugeak, eta itsasoan igeri egiten duten izaki harrigarriak, ikaratu egiten dira zure handitasunaren aurrean. Hutsalegia da nire asmamena zure gorespenari kantu egiteko, eta urriegiak nire ondasunak zuri eskaintzak egiteko; ez dut behar adina ahots zure handitasunaz sentitzen dudan guztia adierazteko, mila aho eta beste horrenbeste mingain ere ez nuke nahikoa horretarako, ezta betikotasun osoan iraun liezadakeen hitz-jarioa baneuka ere. Beraz, zure erlijioaren jarraitzaile sutsu baina txiro honek egin dezakeen gauza bakarra egingo dut: betiko gordeko ditut bihotzaren zokorik ezkutuenean zure jainko-irudia eta zure jainkotasun txit sakratua, eta irudimenaren bidez ekarriko ditut neure begien aurrera.

        Jainkosari otoitz hori egin eta gero, Mitra, haren apaiz nagusia eta ordudanik nire aita, besarkatu nuen, eta, haren lepotik zintzilik eta musuka ekinez, barkamena eskatu nion, hain mesede nabariak merezi bezala ordaintzerik ez neukalako.

 

        26 Hari eskerrona oparo adieraziz denbora luzean egon eta gero, banoa, bada, harengandik, eta berriro geure aitaren etxea bisitatzera abiatzen naiz, hainbeste denbora etxetik kanpo ibili eta gero. Eta hantxe neramatzan egun batzuk, eta hor non jainkosaren aginduz lotu behar izan nuen azkar-azkar aldean neraman atua; ontzi batera igo, eta Erromarantz abiatu nintzen. Ontzia bultza zuten haize aldekoei esker, arriskurik gabe eta arin-arin iritsi nintzen Augusto portura; handik orga arin batean joan, eta abenduko idusetako bezpera arratsaldean egin nuen hiri sakratu eta sainduko sarrera.

        Hortik aurrera, Isis erreginaren jainkosa handienari, Matteten Zelaiko Isis deiturikoari, neure otoitzak eskaintzea izan zen nire ardurarik nagusiena, fede handia baitiote han ere; eliza dagoen lekuak berak ematen dio izen hori. Belauniko nengokion etengabe, nahiz haren santutegira iritsi berria izan, ezen neure giroan bainengoen haren erlijioan.

        Eguzkiak, zodiakoaren zirkulua ibili eta gero, urtebete osatua zuen, eta, halako batean, hor non jainkosa onberaren ardura arretatsuak berriro eteten duen nire loa, berriz nire iniziazioaz, beste sagaratze berri bati buruz, mintzaturik. Nik jakin-minez galdetzen nion neure buruari, ea zertan ari ote zen jainkosa, zer agindu behar ote zuen egiteko. Eta nola ez, bada, egon harrituta, aspaldidanik hastapenak hartuak nituela uste bainuen?

 

        27 Nire barneko har horri buruz neure gisara hausnartu, eta sagaraturiko pertsonen aburua jakiten ari nintzen bitartean, hor egin dut aurkikuntza bat, ustekabea bezain harrigarria: ondo iniziatua nengoen, bai, Isisen misterioetan, baina artean Osiris garaitu gabearen misterioek argitu gabe nengoen, hura baitzen jainko handia, jainkoen aitagoia. Oinarrian bi jainkozkoak eta horien erlijioak elkarrekin oso loturik bazeuden ere, bat bakarra zirela ere esan ahal izateraino, hala ere, funtsezko gorabehera bat zegoen iniziazioari dagokionean; beraz, jainko handiak ere bere zerbitzari nahi ninduen.

        Ezbai horrek ez zuen luze iraun; hala, hurrengo gauean, ametsetan, sagaraturiko fededun haietako bat ikusi nuen, lihozko jantziz estalia, adar-hagak zeramatzala, eta huntz adaxkak eta esan ezin daitezkeen zenbait gauza; nire jainko etxetiarren aurrean jarri, eta, ondoren, nire aulkian eserita, oturuntz bat aldarrikatu zuen erlijio handiaren omenez. Hura ezagutzeko, bere gorputzeko zantzu argia eskaintzen zidan: pauso zalantzakor eta ziur gabea egiten zuen, ezkerreko orpoa pixka bat okertua zuen eta. Jainkoen nahiaren hain seinale nabariaren ondoren, zalantza eta iluntasun oro desagertu zen. Jainkosari egin beharreko goizeko agurrak amaitu bezain laster, fededun bakoitzari begira jarri nintzen arreta handienaz, ea haietakoren batek nire ametseko gizonak bezala herren egiten ote zuen ikusteko. Eta neure itxaropenak ez ninduen alde batera utzi; berehala ikusi nuen, hain zuzen, Pastoforoetako bat, nire gaueko ametsean agertzen zenarekin bat zetorrena, ez soilik bere oinaren seinale bereziagatik, baizik eta bere gorputzaren eta janzkeraren gainerako ñabardurengatik ere bai. Gero jakin nuenez, Asinio Marcelo zuen izena, nire metamorfosiarekin zerikusirik falta ez zitzaion izena hain zuzen. Gelditu gabe, harengana joan nintzen berehala; hark, bere aldetik, bazekien zer esan behar nion, aurrez jakinaren gainean jarria baitzegoen, agindu berdinez, sakramentu hura eman behar zidala eta. Aurreko gauean hark ere amets bat izan zuen: jainko handiarentzat koroi batzuk jartzen ari zen bitartean, jainko horren ahotik, nondik izaki bakoitzaren etorkizuna irteten baita, entzun zuen ezen Madaurako hiritar bat bidaliko ziotela, oso gizaki txiroa, eta harixe eman behar zizkiola bere misterioen hastapenak, zeren, haren gogoak gizon horrentzat ospe literario handia baitzeukan gordeta, eta ondasun oparoa bestearentzat.

 

        28 Era horretan agindu zidatenez gurtze horren hastapenak egitea, hastapen hori atzeratzen ari zen nire gogoen kontra, nire ondasunak urriak zirela-eta. Neukan ondare urria ezereztua zuten nire bidaia-gastuek, eta, bestalde, bizitza askoz ere garestiago zegoen Erroman ni lehen bizi nintzen probintzietan baino. Beraz, etengabeko oinazea sortzen zidan txirotasunaren behar gorriak, sakrifizio aldarearen eta sakrifiziogilearen harrizko aiztoaren artean bainengoen, zuhurtitz zaharraren arabera; gainera, jainkoaren agindu presatiek areago larritzen ninduten. Nigan asaldura ez nolanahikoa sorturik, aurrena bere hitz suspertzaileak zuzentzen zizkidan, eta bere aginduak gero; hori ikusita, nire jantziak, apalak izanik ere, saldu eta nahikoa lanekin diru gutxi batzuk, behar nituenak hala ere, eskuratzea lortu nuen. Horixe agindu zidaten bereziki, jainkoak honela hitz egin baitzidan:

        — Grinaren bat asetzeko asmotan ibiliz gero, arropak ere ez al hituzke salduko? Bada, orain, hain misterio sakratuetan hastapenak hartu behar dituanean, zalantzan al habil zeharo behartsu bihurtzeko, inoiz ez haiz-eta horretaz damutuko?

        Behar ziren prestakuntzak burutu, eta berriro ere barazki hutsak janez egin nituen hamar egun, eta, gainera, buruko ilea kendu nuen. Jainko ahalguztidunaren gau misterioen hastapenak hartu nituen, eta orain zeharo benetan hartzen nuen parte senitarteko erlijio haren otoitz lanetan. Horrek kontsolamendurik handiena sortzen zidan neure herrialdetik urrun egotearen aurrean, eta bizimodu oparoagoa ere bai. Eta, nola ez?, arrakastaren nire aldeko bultzadari esker, asko ugaldu zitzaizkidan legegizon lanetan ateratako irabaziak, lan horretan Erromako hizkuntzan arituz.

 

        29 Handik gutxira, jainkoen ustekabeko agindu zeharo harrigarriek berriro hartu naute, eta hirugarren hastapen ospakizun bat egitera behartu. Zeharo kezkatuta eta are gehiago harrituta, hau eta hori nerabilen neure baitan, neure buruari galdetuz ea zer nahi ote zuten jainkoek inoiz aditu eta jakin gabeko agindu-behar horrekin, zer falta ote zitzaion oraindik nire iniziazioari osoa izan zedin, bi bider egina bainuen. «Ziurrenik, esaten nion neure buruari, bi apaiz horiek okerreko bidetik ariko zituan, edo agian zerbait egin gabe utziko zitean nire aurreko iniziazioetan». Eta, egia esan, haien asmo zuzenei buruz zalantzak sortu zitzaizkidan; baina, nire izpiritua horrelako pentsakizun nahasien artean astinduta zebilela, ia eromenaren mugan, gau agerpen onezko batek honako hau jakinarazi zidan:

        — Ez duk beldurtu behar iniziazio sail luze horretaz, eta ez pentsa aurrekoetan zerbait egiteko gelditu zenik; aitzitik, pozik egon behar duk jainkoek begi onez hartzen hautelako behin eta berriz; alaitu, eta erakuts heure bozkarioa, ezen hiru bidet eman baitiate besteei behin besterik ematen ez zaiena; kopuru hori dela eta, betiko zoriontsu ikusi ahal izango duk heure burua. Bestalde, behar beharrezkoa duk datorkian sagarakuntza berria, izan ere heure probintzian jantzi hituen jainkosaren apainduria haiek haren santutegian utziak izan baitziren, eta hantxe baitaude oraindik; beraz, ezin dituk haiek erabili Erroman, jai egunetan, otoizgintzan parte hartzeko; ezin duk heure burua apaindu, agintzen diatenean, apainduria eder eta zorioneko horiekin. Orduan, berriro hartu behar dituk hastapenak misterio horietan, hire zorion, oparotasun eta salbamenerako, bihotza bozkarioz beterik, hori eskaintzen diate-eta jainko handiek.

 

        30 Horrelaxe adierazi zidan jainko handi eta gogo eragileak, ametsaren bitartez, egin beharreko guztia. Eta, gerorako uzten ibili gabe eta gauza hura hurrengo egunerako atzeratu gabe, berehala ikusitako guztia adierazi nion neure apaizari; segituan utzi nituen animaliengandik zetozen janariak, eta aspaldi-aspalditik zetorren arauak agindutako hamar egunak baino gehiago egin nituen neure gogoz; azkenik, iniziaziorako prestakuntzak antolatu nituen, merkezurrean ibili gabe, nire errukiaren neurria neure egoera ekonomikoaren aurretik jarriz. Eta ez zitzaizkidan batere damutu nire ahalegin eta gastu haiek; nola, bada? Jainkoen gogoak aldez aurretik lagundu baitzidan, foruan legegizon gisa lan eginez ateratako irabazi oparoez. Azkenean, handik egun batzuetara, Osiris, jainko handien artean handiena den jainkoa, onenen artean indartsuena dena, ahaltsuenen artean ahaltsuena, aukeratuenen jaun eta erregea, ametsetan agertu zitzaidan, ez irudi artekari baten bidez, aurrez aurre baizik, eta bere hitz agurgarria zuzentzera samurtu zitzaidan. Foruan legegizon gisa egiten ari nintzen lan aipagarriarekin gogotik segitzeko esan zidan, eta ez niela beldurrik izan behar nire jakituriak eta nire lege arteko zientziak sorturiko gaitzesan bekaiztiei. Eta otoitz lanetan fededun multzoaren artean nahastuta egon ez nendin, Pastoforoen batzarrean onartu ninduen, eta haietako dekurioi aukeratu bost urtetarako. Beraz, berriro buruko ilea zeharo mozturik, neure burusoiltasuna estali edo gorde gabe, begirada guztien aurrean erakutsirik baizik, pozarren betetzen nituen Silaren garaian sorturiko batzar txit sakratu horri zegozkion eginbeharrak.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia