X. LIBURUA

 

        1 Ez dakit zertan amaituko zuen nire jabe baratzezainak; niri dagokidanez, soldadu hark, bere lotsagabekeriagatik jipoi ederra jaso zuenak, hurrengo egunean ukuilutik askatu, eta berekin eraman ninduen, inoren eragozpenik gabe; gero, bere gauzekin zamatu eta gero, haren soldadu-denda iruditu zitzaidan hartatik irtenarazi ninduen, eta bidean jarri, armaz jantzi eta zamaturik. Horrela, gainean distira itsugarrizko kaskoa neraman, urrunera errainu egiten zuen ezkuta, eta, guztien gainean, lantza bat, hagaren luzera handiegiak nabarmentzen zuena; tresna horiek traste-piloaren gain-gainean lekurik ikusgarrienean jarri zituen, gudura doazen armadetan bezala, baina harako hartan ez zituen arauak bete nahi, baizik eta topatzen zituen ibiltari gizagaixoak beldurtu. Bide zelaitsu eta ez nekagarriegia egin eta gero, hiri ttiki batera iritsi ginen, eta han ez ginen ostatu batean jarri, dekurioi baten etxean baizik. Nire jabeak mirabetxo baten esku utzi ninduen berehala eta, adeitasun osoz, mila soldaduren agintari arduradunari bisita egitera joan zen.

 

        2 Gogoan dut nola, egun batzuk geroago, hiri horretan hilketa bat gertatu zen, benetan nazkagarri eta ikaragarria; liburu honetan ezarriko dut haren kontakizuna, irakurleek ere ezagutu dezaten. Etxeko nagusiak seme bat zeukan, artean gaztea, letra onetan ikasia, eta, beraz, errukiaren eta apaltasunaren eredu; edozeinek nahiko zukeen hura semetzat edukitzea, edo haren antzeko baten guraso izatea. Gazte horren ama aspaldi hila zen, eta aitak etxea osatu zuen berriro beste ezkontza baten bidez, eta horretatik seme berri bat sortu zen, orain hamabi urte bete berriak zituena. Amaordekoak, ordea, etxean bere edertasunagatik nabarmenago baitzen bere bertuteengatik baino, berezko lotsagabekeriak edo adurraren indarrak itsusikeriarik beltzenera eraginda, bere semeordearengan jarri zituen begiak. Eta orain zuk, irakurlerik iaioen horrek, jakin behar duzu ez zarela ari ipuin bat irakurtzen, tragedia bat baizik; To gaitezen, bada, eskalapoitik koturnora.

        Emakume horrek, Kupido ttikia lehen gaiekin elikatzen zen garaian eta artean ahula zenean, isilik eusten zien haren erasoei, bere gorritasun arina erraz estalirik. Baina, grina zoroak zeharo hartu zion bihotza, eta, amodioaren eromen gainezkatuak astindurik, erabat erre beharrean jarri zen, eta, azkenean, jainko horren ankerkeriaren menpe erori zen; gaixo itxurak eginez, bere arimako zauria ezkutatu zuen gorputzeko eritasun aizun baten itxuraren pean. Denek dakite gaixoek eta maitaleek seinale berberak izan ohi dituztela: erabateko akidura eta aurpegi desitxuratua, gorputz tankera maiztu eta zurbila, begi ilunak, belaunen ahulezia, lo nahasia; hasperen are eta sakonagoak, zenbat eta luzeagoa izan ohi den gaitzaren oinazea. Sukarrak astindutakoaren itxura emango zuen, baldin eta aldi berean negarrez ari izan ez balitz. Bai buru ezjakinak medikuenak! Zer adierazten ote dute horren zainetako taupada azkartu horiek, kolorearen aldaketak, arnasketa neketsuak eta saihetsak astintzen dizkioten gorputz-ikara sarriek? Jainko onberak! Inor sukarretan ikusiz gero, zein erraza den jabetzea, nahiz ez izan mediku jantzia, nahiz gutxi jakin amodiozko grinei buruz, gorputzean ez duela berorik!

 

        3 Beraz, bularrean gero eta sakonago zihoakion grina zoro hura menperatzeko ezgauza, hautsi zuen azkenean bere isiltasun luzea, eta semeari bere aurrera deitzeko agindu zuen (seme izen hori gustura kenduko ziokeen ordea, bere jokabide lotsagarria gogora ez ziezaion). Nerabeak berandu gabe bete zituen bere ama gaixoaren aginduak, eta bekokia zahar batenaren antzeko zimur ilunez beterik, haren gelara joan zen, denbora osoan bere aitaren emazteari eta bere anaiaren aman zor zion begirunea gordetzen zuelarik. Emakumea, ordea, isiltasun luzearen oinazeak gain harturik, zalantzaren oztopoez zegoen orain, ez atzera, ez aurrera. Elkarrizketa horri ondoen zegokiola zirudien hitzen bat bururatzen zitzaion bakoitzean, atzera botatzen zuen bat-batean, eta artean lotsaren zalantzaz zebilenez, bada, ez zekien nola hasi elkarrizketa. Orduan, gazteak, artean inolako susmo txarrik hartu gabe, aurreratu, eta galdetu dio, aurpegi abegitsuz, bere eritasunaren nondik norakoaz. Orduan, emakumeak, harekin bakarka egotearen aukera gaiztoari ekinez, bere adorea zeharo askatu zuen-eta, negar-uholde artean eta aurpegia bere jantziaren ertzaz estalirik, ahots dardaratiz hitz egin zion laburki, honako hitz hauekin:

        — Zu zeu zara orain nekatzen nauen gaixotasunaren jatorri eta sorrera, eta, aldi berean, salba nazakeen erremedio bakarra. Zure begi horiek, izan ere, nireen artetik bihotzaren hondoraino sarturik, sute amata ezina pizten dute, muineraino erretzen nauelarik. Erruki zaitez, bada, zugatik amodioz hiltzen ari denaz; ez zaitzala geldiarazi zeure aitaganako inolako kezkak, ezen, azken batean, hiltzeko bidean dagoen emaztea berreskuratuko diozu-eta. Zerbaitengatik maite zaitut zu; izan ere, zure irudian harena baitut ikusten. Fida zaitezke erabat inguratzen gaituen bakardade honetaz, eta, gainera, orain duzu aukera saihestezina den hori erraz egiteko; zeren, inork ez dakiena, gertatu ez balitz bezala baita.

 

        4 Nerabea ustekabeko hondamendi horrekin nahasturik, hasieran halako gaiztakeriak ikara sortu bazion ere, pentsatu zuen, hala eta guztiz ere, ez zuela haren gaixotasuna gehitu behar ezezko baten desgaraizko gogorkeriaz, baizik eta zuhurki arindu, luzamenduzko aginduen bidez. Eskuzabal agindu zion, beraz, eta baikor izatera bultzatu zuen, osasuna eta bizia berreskuratzera, harik eta aita ez zegoen batean bidea libre izan arte amodioaz gozatzeko; gero, bere amaordekoaren begirada errudunetik aldendu zen. Familiaren neurri hartako hondamendiaren gainean arreta handienaz hausnartu beharra zegoela pentsatuz, guztiaren berri eman zion berehala bere irakasle bati, zuhurtasun handiko agurea zenari. Gorabeherak luzaro neurtu eta gero, zera iruditu zitzaien: adur ankerrak sorturiko ekaitz gogor hura ihesaldi azkar baten bidez saihestea izango zela onena. Emakume hark, ordea, luzamendu ttikiena ere jasateko ezgauza, asmatu zuen ez dakit zer aitzakia, eta, trebetasun harrigarriz, berehala bereganatu zuen senarraren gogoa, azkar-azkar joan zedin landetxe urrun batzuk ikustera. Gero, esperantzak uste baino azkarrago beteta ikusteak sortu zion eromenaren mende, argi eta garbi eskatu zuen bere grinari agindu zitzaion bisitaldia. Nerabeak, ordea, batzuetan aitzakiaren baten bidez, bestetan batere gabe, bizkar ematen zion elkartze gaiztoari, harik eta emakumeak, agindutakoa betetzea hainbeste aitzakiaz ukatzen ziola ikusirik, haren amodio gaiztoa, sendotasun falta aldakorrez, gorroto are eta gaiztoago bihurtu zuen. Eta bere ezkonsariko mirabe bati deitu zion —gizaki gaiztoa hura, beti edozein hilketa egiteko prest zegoena— eta hor adierazi zizkion bere maltzurkeriari bururaturiko asmoak. Biak bat zetozen, nerabe gizajoari bizia kentzea izango zela zuzenena. Beraz, urkabeko malapartatu hura, berehalako eragina zuen pozoi baten bila bidali era gero, ardoaz nahasi zuen arretaz, eta horrela prestatu zuen edabea, semeorde errugabearen heriotza ekarriko zuena.

 

        5 Bi gaizkile haiek mutilari edabea eskaintzeko unerik egokiena eztabaidatu zuten bitartean, mutiko gazteena, emakume gaiztoaren seme berbera, etxera itzuli zen, kasualitate hutsez, goizeko ikastaldien ondoren, eta bazkaldu eta gero, egarritu zen, nonbait, eta kopa pozoiduna aurkitu, eta, han ezkutaturik zegoen traizioa ezagutu gabe, dangada batez hustu zuen. Bere anaiarentzat prestaturiko heriotza edan bezain laster, lurrera erori zen hilotz; haren hezitzaileak, mutikoaren ustekabeko ondoezak asaldaturik, oihu larriz etortzeko agindu zien amari eta zerbitzari guztiei. Laster ezagutu zen edari kaltegarriak eragindako istripua, eta segituan han zeudenak hau eta hura salatzen hasi ziren hilketa ikaragarri haren erruduntzat. Hala ere eme beldurgarri hura, amaorde baten gogo gaiztoaren inoiz ez bezalako lekukoa, ez zen ezertxo ere larritu bere semearen heriotza goiztiarrarekin, ezta ere bere seme-hilketaren barne-zimikoarekin nahiz bere etxeko zoritxarrarekin nahiz bere senarraren oinazearekin nahiz hileta prestakuntzen saminarekin; aitzitik, familiako hondamendi hura baliabide eroso bilakatu zuen bere mendekua hartzeko. Postari bat bidali zuen berehala, bidaian zebilen bere senarrak etxeko hondamendia adierazteko; senarrak segituan eten zuen bere bidea, eta etxera itzuli zen presa betean. Orduan, emakumeak, lotsagaiztorik faltsuenaz, semeordea salatu zuen, bere semeari bizia kendu ziola-eta. Egia esan, ez zen ari zeharo gezurretan, zeren, mutikoak, aurrea hartzean, bere anaiari zegokion heriotza bereganatu baitzuen; baina, amaordekoak zera zioen: semeordekoaren hilketak zendu zuela anaia gaztea, aurretik bera bortxatzen saiatu, eta lizunkeria lotsagarri hari men egin nahi izan ez ziolako. Gezurrezko salaketa haiek asmatzearekin nahikoa ez nonbait, eta erantsi zuen ezpatarekin ere mehatxu egin omen ziola, halako ikaragarrikeria adieraztera zihoalako; orduan, aita gizagaixoa, bere bi semeen galerak abaildurik, zorigaizto ikaragarrien itsaso ekaiztsuan zebilen larri. Alde batetik, gazteenaren hileten ospakizunak ikusiak zituen, eta, bestetik, ziur zegoen besteari heriotza-epaia ezarriko ziotela ezbairik gabe, intzestuagatik eta anaia hiltzeagatik. Gainera, emaztearen itxurazko aieneek, gehiegi maite baitzuen, bizirik geratzen zen semeaganako herra itxuragabea sortzen zioten.

 

        6 Hileta ospakizunak eta semeari lur ematea amaitu bezain laster, haren su-txondorraren beraren ondotik, agure gizagaixoa, malko oraindik berriek bustitako aurpegiaz eta errautsez zikindutako ile zuriei tiraka, forura doa lasterka. Han, negarrez eta otoika, dekurioien belaunak ukitu, eta emakumeen arteko gaiztoenaren maltzurkeria susmatu ere egin gabe, bere arima berotuaren sukar guztiaz ahalegindu zen gelditzen zitzaion seme bakarraren galbidea jorratzen. Intzestugile omen zela, aitaren ohea lohitzeagatik; senide-hiltzailea, bere anaia hiltzeagatik; erailea, bere ama-ordekoari heriotza-mehatxua egiteagatik. Haren saminak halako errukiz eta haserre gogorrez bete zuen senatua eta baita herria bera ere, ezen ohiko prozeduraren geldotasun aspergarria —salatzaileak egin beharreko gertakizunen agerpena eta defentsaren amarru ongi neurtuak— alde batera utzirik, aho batez esan baitzuten oihuka, denen aurrean harrika soilik zigortuko zutela behar bezala halako hiltzailea, herriarentzat iraina besterik ez zena.

        Bien bitartean, magistratuak kezkaturik zeuden beren buruak arriskuan ikusita, eta beldur ziren hasi besterik egin ez zen sukar herrikoi hura matxinada bihurtuko ote zen, ordenu publikoa hankaz gora jarriz eta legezko arau oro hautsiz. Batzuk dekurioiei erreguka ari ziren, besteak hiritarrak baretu nahian, epai zuzen batean erabakia hartu ahal izateko, arbasoen ohituren arabera, bi aldeek agertutako arrazoiak orekaz aztertu eta gero. Horrela ez zen gertatuko, barbaroen ohituren antzera edo tiranoen agintekeria lotsagabearen arabera, gizon bat, aurretik haren hitza entzun gabe gaitzetsia izatea; horrela ez zioten bake-garai lasai hartan gertakizun desohoretsurik atxikiko beren belaunaldiari.

 

        7 Iritzi osasungarri hori izan zen garaile, eta pregoilariak agindua jaso zuen, dei egin zezala senatariak auzitegian bil zitezen. Horiek laster hartu zituzten ohiko eserlekuak, bakoitzaren aginte-mailari zegokion eskubidearen arabera. Gero, aldarrikariak deiturik, salatzailea agertu zen aurrena. Orduan, salatuari ere dei egin zioten, han aurrera agertaraziz. Atenako eta Areopagoko legearen usadioko arauei jarraiki, aldarrikariak ohartarazten die epaiketan parte hartzen zuten legegizonei, ez zezatela exordiorik erabili eta ez zitezela sala errukia sortzen.

        Dena horrela joan zela jakin nuen, gaiari buruz entzun nituen elkarrizketa anitzak zirela medio. Baina ez nuen ezer jakiterik izan salatzaileak bere salaketa egiteko erabili zituen hitzez, ez salatuak hari aurre egiteko eman zituen arrazoiez, ezta, oro har, foruko hitzaldi eta eztabaidei buruz ere, ez bainintzen han egon, nire askari lotua nengoen-eta. Ez dizuet, bada, adieraziko nik neuk ez dakidana; idatzi honetan bide ziurretik jakin dudana bakarrik ezarriko dut.

        Hizketazko eztabaida amaitu eta gero, erabaki nahi izan zuten, froga ukaezinez, zenbateraino ote ziren benetakoak eta arrazoituak salaketa haiek, hain erabaki garrantzitsua susmo hutsetan ez oinarritzeko. Komeni zen, batez ere, mirabea han aurrean ager zedin nola edo hala, lekuko bakarra baitzen gertakizunak salatzaileak adierazi bezala gertatu zirela erakusteko. Orduan urkaberako ikasle hura, batere nahastu gabe halako mailako epaiketa batek zeraman arriskuagatik, edo senatu batzartuaren ikuskizunagatik, edota bere erruduntasunaren zimikoagatik, hark berak asmaturiko gezurrezko salaketak baieztatzen zituen, eta haiei eusten hasi zen. Zioenez, gazteak deitu egin omen zion, amaordekoaren destainagatik oso haserre, irainaren mendekua hartzeko asmotan, eta agindu omen zion hil zezala emakume horren semea, egundoko dirutza eskaintzen ziolarik isiltasunaren ordainetan. Gero, jarraitu zuen mirabeak, heriotza-mehatxua egin omen zion ezezkoa emateagatik, eta bere eskuz nahasturiko pozoi bat eman omen zion, anaiari edanarazteko; azkenik, agindutakoa ez ote zuen beteko susmaturik, eta, gainera, kopa salatze-frogatzat bere kontra erabiliko zuelakoan, hark berak eskaini omen zion mutikoari. Eta gaizto hark, larri-itxurak eginez, egiaren adierazpen antzetsuak egin zituenez, epaia amaitutzat jo zuten.

 

        8 Dekurioietatik bat bakarra ere ez zen gaztearen alde agertu, halako moldez, ezen bakoitzak bere aldetik erabakia baitzuen, ederki frogatutako erruaren agerikotasunaren aurrean, gaztea zaku batean sartu, eta ondoren zaku hori jostea. Iritsi zen, bada, aspaldi-aspaldiko ohiturari jarraiki, epaileen erabaki aho batekoak brontzezko kutxan sartzeko ordua, izan ere, denek gauza bera idatzi baitzuten beren oholtxoetan. Horiek kutxatan jarri bezain laster, salatuaren zoria zeharo erabakita geratzen zen, une horretatik aurrera ezer aldatu ezin zelarik; haren bizia borreroaren esku uzten zen. Orduan, senatarietako batek, —zaharra, guztien artean nabaria bere zindotasunagatik, eta, medikua izanik, egundoko itzala zeukana—, bada, horrek kutxaren zuloa estali zuen bere eskuaz, inork han bere botoa txoro-txoroan sar ez zezan, eta honela mintzatu zitzaion senatari-taldeari:

        «— Pozik nago adin honetaraino iritsi, eta zuen estimua nirekin dudalako. Orain ez dut bada utziko salatu bat eraila izan dadin, gezurrezko salaketen pean; ezta zuei ere zina hausten —zinpean egiten baituzue justizia— mirabe anker baten gezurra dela-eta. Niri dagokidanez, ez naiz gauza epai gaiztoa egiteko, horrela jainkoei zor diegun begirunea zanpaturik, neure kontzientzia atzipetuko nuke eta. Beraz, ezagutu ezazue nigandik, nola joan diren gertakizunak.

 

        9 »Hor dakusazuen doilor hori, pozoi azkar bat eskuratu nahian etorri zitzaidan aspaldi ez dela; horretarako, urrezko ehun txanpon eskaini zizkidan; alegia, beharrezkoa omen zuen gaixo batentzat, eritasun zahar eta sendaezinak jotako oinazetik irten nahi omen zuela-eta. Nik, ordea, bere hitz merkeaz eta gaizkile nazkagarri horren aitzakia baldarrez ederki oharturik eta ezbehar ikaragarriren bat asmatzen ariko zelako uste osoan, eman nion, bai, edangarria; eman egin nion, bai. Baina, epaiketaren bat gerta zitekeela-eta, neure neurriak hartzeko, ez nion segituan onartu eskaintzen zidan dirua; aldiz, esan nion:

        »— Badaezpada ere, eskaintzen dizkidaan urrezko txanpon horietakoren bat gezurrezkoa edo lege txarrekoa baldin balitz ere, zaku horretan bertan gordeko ditiagu eta jar ezak bertan heure eraztunaren zigilua, bihar trukalari baten aurrean benetakoak diren ikusi arte.

        »Horrela ados jarrita, bere zigilua jarri zion diruari. Orain, gizon hori epaiketara ekarri bezain laster, nire zerbitzarietako bati agindu diot etxera joateko arin-arin, handik zakua hartu, eta berehala ekartzeko. Ekarri du, eta hemen erakusten dizuet begien aurrean. Begira diezaiola horrek berak, eta ikus dezala bere zigilua. Nola, bada, salatu hildakoaren anaia, izaki nazkagarri horrek erositako pozoia erabiltzeagatik?»

 

        10 Horren ondoren, mirabe doilorra larri baino larriago jarri zen; haren aurpegiaren berezko kolorea herio zurbil bihurtu zen, eta haren gorputz-atal guztiei izerdi hotza zerien; hankak aurreratzen zituen, aurrena bata, gero bestea, mugimendu zalantzakorrez, buruari hatz egiten zion, orain hemen, orain hor, eta hortz artean totelka zioen ez dakit zer nolako nahaskeria, eta horrela, noski, inork ezin uste hura errudun ez zenik; baina, berriro haren ankerkeriak aurrea harturik, ezetz eta ezetz hasi zen, egoskor baino egoskorrago, eta medikuari gezurti eta gezurti ekin zion. Medikuak, bere izena denen aurrean lohitua ikusi zuenean, hala epailea zen aldetik, nola giza ohoreagatik, hor eraso dio gogor, gaizkile horren errua agerian jartzeko; azkenean, magistratuen aginduz, aginte-zerbitzariek mirabe doilorraren eskuak harturik, burdinazko eraztuna kendu eta gero, zakuko zigiluarekin alderatu zuten; horrek egiaztatu zuen lehengo susmoa. Grekoen artean ohitura denez, berehala prestatu ziren, hari oinazea eragiteko gurpila eta oinaze-zaldia. Hala ere, mirabeak berealdiko sendotasuna eta barne-indarra erakutsi zituen, eta ez zuen amore eman zigorren aurrean, ezta suaren beraren aurrean ere.

 

        11 Orduan medikuak esan zuen:

        — Ez dut onartuko, ez, ez dut onartuko, berdintasunaren legeen kontra gazte errugabe horri oinazea ezartzerik, ezta beste gizaki horrek ere gure justiziari irri egin, eta bere hilketaren zigorrari ihes egiterik. Beraz, gertakizunen nondik norakoaz froga garbia agertuko dut. Ikusi nuen, bada, zikoitz horrek pozoi hilgarria eskuratu nahi zuela; baina, nire ustea zen, nire ogibideari ez zegokiola hiltzeko bitartekoak inori eskuratzea; aldiz, ikasia nuen Medikuntza ez zela sortu hiltzeko, gizakiak salbatzeko baizik; horregatik, eta beldur nintzenez ez emanez gero hilketa egiteko beste bideren bat erabiltzeko aukera emango ote nion, ezpata edo beste edozein arma erabil baitzezakeen bere asmo ikaragarria betetzeko, eskuratu egin nion pozoia; baina lo-belar kaltegabea besterik ez zen izan hura, urrilo-belar ezaguna alegia, ondorio lo-harrarazle jakinak dituen narkotikoa, zeinak heriotzaren oso antzeko loa ekartzen baitu. Ez da, beraz, batere arraroa gaizkile horrek, bere desesperaziorik handienean eta gure arbasoen ohituraren arabera datorkion herioaz ziur, zerbait arinagoak diren oinaze horiei aise aurre egitea. Hala ere, egia baldin bada mutikoak nire eskuek prestaturiko belar-ura hartu duela, bizirik dago oraindik, atseden hartzen ari da, lotan, eta laster astinduko du loak eragindako asperra, eta egun-argira itzuliko da. Aldiz, heriotzak jo baldin badu, has zaitezkete horren zergatiak bilatzen.

 

        12 Agureak horrela hitz eginik, gauza hori begiratzera joatea erabaki zuten, eta jendetza berehala joan ere, mutikoaren gorputza artean utzi bezala zetzan hilobira. Ez senataririk, ez aristokratarik, ezta herriko inor ere, ez zen geratu leku hartara bildu gabe, guztiak jakin-minak erakarrita. Bat-batean, horra hor non aitak berak altxa duen bere eskuekin zerraldoaren estalkia, eta bere semea ikusi duen, heriotza-lo hartatik irten berria, une horretan berriro bizitzara etorririk; beso artean estutu zuen gogor, eta, une horretako pozaren erdian hitz bakar bat ere esateko ezgauza, herriaren aurrean erakutsi zuen. Gero, epaileen aurrera eraman zuten mutikoa, zegoen bezala, bildua zuten hil-jantziaz estalita artean. Mirabe hiltzailearen eta emakume are hiltzaileagoaren gaiztakeria guztiak argitu eta gero, egia garbi agertu zen denen aurrean. Amaordekoa betiko erbestera kondenatu zuten, mirabea gurutzean jarri zuten; mediku zintzoari, berriz, denen adostasunez, urrezko txanponak utzi zizkioten, hain lo egokiaren ordainez. Guraso zahar haren abentura ospetsu bezain harrigarriak jainkoen adur onari legokiokeen amaiera izan zuen, zeren, denbora laburrean, ia segundo batean, semerik gabe geratzeko arriskuan egon eta gero, bat-batean bi gazteen aita egin baitzen berriro.

 

        13 Bien bitartean, berriz, ni adurraren uhin artean ari nintzen gora eta behera, gisa honetan: inork saldu gabe erosi eta sosik ere ordaindu gabe bere egin ninduen soldaduak, bere betebeharraren arabera tribunoaren aginduz, gutun bat eraman behar zuen Erromara, enperadoreari emateko. Orduan, hamaika denariotan saldu ninduen bere auzoko bi senide mirabeei; oso ugazaba aberatsa zuten horiek. Bietako batek, okina eta gozogilea izaki, ogiak eta eztizko pastel ttiki finak egiten zituen; bestea sukaldaria zen eta janari atsegingarriak prestatzen zituen, saltsa gozoz hornituak. Elkarrekin bizi ziren etxe berean, eta beren ugazabaren beharrak asetzeko behar zuten tresna piloa eramateko erosi ninduten, hainbat lurraldetan zehar baitzebilen hara eta hona. Bi anaien artean hirugarren egoitza-lagun izan nintzaien, eta inoiz ez nuen gozatu hain fortuna aldekorik. Hala, arratsaldero, luxu osoz zerbitzaturiko oturuntz oparoen ondoren, nire jabeek etxera eraman ohi zuten makina bat jaki; batak, zerri pusketa ugari, edo hegaztienak, edo arrainenak, edo era guztietako okelenak; besteak, ogiak, pastelak, txigorrak, amu nahiz sugandila itxurako pasteltxoak, eta beste gozoki fin anitz. Bi anaiek, atseden hartu nahirik, beren etxe apala itxi eta bainu-etxe batera joaten zirenean, nik ederki lepo egiten nuen jainkoek eskainitako janari gozo haiekin. Ez nintzen hain astoa, ez hain ergela, ahamen gozo haiek alde batera utzi, eta sarale lehorra afaltzeko.

 

        14 Gauzak nireganatzeko era iaio hura ondo joan zitzaidan denbora luzean, kontuz jokatzen bainuen artean, eta zuhurtasunez, gauza gozoetatik zati ttiki bat besterik ostu gabe; gainera, haiek ez zuten susmatzen asto baten inolako lapurretarik. Baina, harrapatuko ez nindutelakoan, lasaiago hasi nintzen: pusketarik gozoenak irensteari ekin nion, eta, finenetik aukeraturik, gozokiz lepo egiten nuen; orduan susmoaren eztenak, ez funtsik gabekoak gainera, bi anaien gogoak ziztatu zituen, eta artean nik gauza hartan inolako zerikusirik neukanik uste ez bazuten ere, hala ere, arreta osoa jartzen zuten, egunero berritzen zen kalte haren egilea nor ote zen jakiteko. Azkenean, lapurreta lotsagabe hura elkarri leporatzen hasi ziren, eta, handik aurrera, are eta neurri zorrotzagoak hartzen zituzten; zelata estua egin, eta pusketak arretaz zenbatzen zituzten. Azkenean, haietako bat, lotsa guztiak atzera utzi, eta honela mintzatu zitzaion bere anaiari:

        — Ez duk zuzena, ezta gizalegekoa ere, hik egunero pusketarik gozoenak eskuratzea, eta, gutxika salduz, heure ondasuna isilpean handitzea, eta ondoren gainerakoa erdibana egiteko eskatzea. Hitz batean esanda, gure elkargoa ez bazaik atsegin, gure harreman ekonomikoak eten zitzakeagu, beste gorabeheretan anaiak izateari utzi gabe; izan ere, ikusten ari nauk, gero eta handiagoa bihurtzen ari dela kalte horrek sorturiko liskarra, eta takela gaiztoa pizten duela gure artean.

        Besteak honela erantzun zion:

        — Ala Herkules, harri eta zur nagok heure lotsagabekeriaz, ezen, egunero niri dagozkidan pusketak ezkutuan osten ibili eta gero, aurrea hartu baitidak kexuka, nik luzaro gordeta eduki ondoren, hain harrapaketa ilunaz neure anaiari errua botatzen ari nintzela ez adierazteko. Hobeto, ordea, horrelaxe: gorabehera hori argitara atera eta gero, erremedio bat bila ziezaiokeagu, galera horri amaiera emateko, eta horrela elkarrenganako gorroto ezkutuak isilpean handiturik, Eteokles eta Polinizeren artekoa bezalako liskarra sor ez dadin gure artean.

 

        15 Bakoitzak errieta horiek eta antzeko beste batzuk egin eta gero, zin egin zioten elkarri ez zutela inolako lapurretarik egin; alegia, ez zutela ezer harrapatu; beraz, biei kalte egiten zien lapur hura bilatu behar zutela erabaki zuten. Ziotenez, astoari, berekin bizitzen zeukaten izaki bakarrari, ezin gustatu horrelako janaririk; hala ere, pusketarik gozoenak desagertzen ziren egunero; bestalde, etxe apal hartan ez zebilen hain euli handirik, antzina Fineoren janaria harrapatzen zuten Harpiak bezalakorik.

        Bien bitartean, halako afariak egin eta gizakientzat prestaturiko hain janari gozoez leporaino beterik, gizen eta biribil jarri nintzen; hain ondo gobernatuta, larrua leundu egin zitzaidan, eta ile distiratsua ere atera zitzaidan, itxura noblea ematen zidana. Baina nire gorputzaren itxura eder hura desohore handia izan zitzaion nire duintasunari. Izan ere, nire mardultasunaz harriturik, eta egunero nire belar ondu sorta ukitu gabe gelditzen zela ikusirik, nigana jarri zuten beren susmo guztia. Betiko orduan atea itxi, ohi bezala, eta bainura joateko itxurak eginez, zelatan jarri zitzaizkidan zirrikitu batetik, eta hor ikusi ninduten edonon zeuden janariei ekiten. Eta, egiten zuen gaitzaz gehiago kezkatu gabe, asto baten gutizia harrigarriekin liluraturik, barrez lehertu beharrean hasi ziren, eta aurrena zerbitzari-lagun bati, gero beste bati, eta gero askori deitu eta gero, hor erakusten diete asto kamuts bati inoiz ikusi gabeko tripazainkeria. Azkenean, halako barre handi eta neurrigabeak egiten hasi ziren, ezen han ingurutik zihoan ugazabaren belarrietaraino iritsi baitziren.

 

        16 Galdetu zuen, bada, ea zein gertakizunengatik ari ote ziren mirabeak barrezka, eta zer zen jakitean, hura ere zirrikitu beretik begira jarri zen, eta nahikoa atsegin izan zuen hark ere; ondoren, barre itsaskor hark jo zuen sabeleko min egiteraino. Gero, gelako atea ireki ondoren, nire ondoan jarri zen, hurbilagotik ikusteko gertakizun hura. Nik, berriz, ikusirik fortunak, nirekin abegikorrago, aurpegi irribarretsua erakusten zidala orain, hango guztien alaitasunak ematen zidan lasaitasunaz, jaten segitzen nuen patxada ederrean, zirrararik ttikiena ere erakutsi gabe. Azkenean, etxeko jabeak, ikuskizunaren berritasunak piztuta, eraman nintzatela agindu zuen, edo, hobeto esanda, berak eraman ninduen bere eskuekin jangelaraino, eta mahaia jarri eta gero, era guztietako janari gozoen puska osoak eta plater ukitu gabeak ekar ziezazkidatela agindu zuen. Ederki beteta egonik ere, han atsegin emateko eta haren mesedeak eskuratu nahian, goseti baten moduan ekiten nien aurrean jartzen zizkidaten platerei. Haiek, beren aldetik, burua bihurritzen zuten, asto bati higuingarrienak izan zekizkiokeen gauzak asmatu nahian, eta eskaini egiten zizkidaten, nire otzantasun maila aztertzeko: laserpizioz onduriko okelak, piper-hautsa zeramaten hegaztiak, saltsa exotikoz hornituriko arrainak. Bitartean, barre algara izugarriak entzuten ziren jangelan. Azkenean, haietako batek, txantxaz, proposatu zuen:

        — Emaiozue gure lagunari ardo pixka bat.

        Etxeko jabeak hitz horiek aintzakotzat hartu, eta erantzun zion:

        — Ez duk hain txarra hik adierazitako txantxa hori; litekeena duk, bai, gure mahaikideak kopa bat ardo nahi izatea ezti pixka batez nahasturik —eta gehitu zuen—: Aizak, mutil, garbi ezak kontu handiz han ikusten duan urrezko ontzi hura, bete ezak eztiz arindutako ardoz, eta eskain iezaiok zurrupari horri; aldi berean, esaiok nik neuk ere edan dudala haren osasunerako.

        Egundoko jakin-mina sortu zen oturuntz hartan zeudenen artean. Nik, ordea, inolako izurik gabe, lasai asko eta nolabaiteko dotoreziaz, beheko ezpaina mingain itxuran biribildu, eta dangada batean hustu nuen ontzi galanta. Orduan guztiak oihuka hasi ziren, denek batean nire ekintzari «osasunez» hitzarekin laguntzen ziotelarik.

 

        17 Azkenean, nagusiak, atseginezko itsasoan igeri, erosi ninduten mirabeei deitu zien, ordaindutakoa baino lau aldiz gehiago haiei itzultzeko agindu, eta ondasun ederrak zeuzkan bere liberto begikoenetako baten esku utzi ninduen, ez aurrez adierazi gabe arretarik handienaz har nintzatela.

        Hark nahikoa ondo eta gozo zaintzen ninduen, eta nire abileziak bere ugazabarentzat gozagarri bihurtzen zituen, haren begien aurrean are eta atseginago bihurtzeko. Aurrena mahai aurrean ondo etzaten erakutsi zidan, ukalondoaren gainean jarririk; ondoren, borroka egiten, eta dantzan ere bai, nire aurreko apatxak airean altxatuz. Gero, aurrekoak baino gauza harrigarriagoa: nire keinuak haren hitzetara egokitzen ikasi nuen, eta hala, burua atzera jarriz ez nuela nahi adierazten nuen, eta aurrera jaitsiz, baietz; egarri nintzenean, zeharka begiratzen nion ardo-isurleari, eta begiez txandaka keinu eginez, edatekoa eskatzen nion. Otzan obeditzen nuen, eta gogo onez jartzen nintzen gauza horiek guztiak ikastera, inork erakutsi gabe ere ziur aski egingo nituen baina; beldur nintzen, ordea, giza erako nire trebezia guztiak maisurik gabe erakutsiz gero, iragarpen gaiztoren baten seinaletzat hartuko nindutela, eta, lepoa mozturik, saietara jaurtiko, sarraski oparo izan nenkien. Nire abilezia harrigarriaren hotsa zabaldu zen jende artean, eta, horri eskerrak, ospearen ohoreak eskuratu nizkion neure jabeari. Hori duk, zioen jendeak, asto bat daukana laguntzat eta mahaikidetzat: borroka egiten duen astoa, dantza egiten duen astoa, giza hitzak ulertzen dituen astoa, eta bere sentipenak keinuen bidez adierazten dituena.

 

        18 Baina, ezer baino lehen, hasieran egin behar nuen baina, oraintxe adieraziko dizuet besterik ez bada, nor zen eta nondik etorria pertsonaia bitxi hura; Tiasok —hori zen nire jabearen izena— Korinto zuen jaioterri, Akaia probintzia osoko hiriburua; ohore-maila guztiak igaro eta gero, bere leinuaren handitasunak eta berezko merezimenduek agintzen zuten erara, bost urteko magistratu-agintea hartzeko aukeratua izan zen, eta faszeak edukitzeak eskatzen zion distiraren mailan egoteko, herriari hiru egunetako gladiadore-ikuskizuna eskaintzea agindu zuen, baina oraingoan gehiago hedatu zituen bere eskuzabaltasunaren mugak. Hain zuzen, oraingoan, ospe herrikoia eskuratu nahian, Tesaliaraino joan zen odol nahasi gabeko basapiztiak eta alde hartako gladiadore ospetsuak ekartzera, eta guztia antolatu eta erosketak egin ondoren, bere herrirako itzulera prestatzen ari zen. Baztertu egin zituen, ordea, luxuzko gurdiak, eta alde batera utzi zituen lau gurpileko karroza ederrak, gurdi-ostearen atzetik gortinak igota nahiz jaitsita zetozenak; atzera bota zituen Tesalia eta Galiako zaldiak ere, zaldi horiek beren odol nobleagatik oso garestiak izanik ere. Ni, ordea, urrezko apaingarriz, kolore biziko estalkiz, purpurazko mantarrez, zilarrezko frenuz, zingila bordatuz eta txilin finezko kriskitinez jantzita nindoan; jabea nire gainean zihoan eztiki; noiz edo noiz hitz gozoak esaten zizkidan, eta hauxe adierazten zidan: beste gauza atsegingarrien artean, bazkaltiar bat eta aldi berean zamaria edukitzea zela beretzat atseginik handiena.

 

        19 Azkenean, gure bidea egin eta gero, hala lurrez nola itsasoz, Korintora iritsirik, hiritar talde anitz etorri zitzaizkigun, ez Tiasori ohore egitera, hala esango nuke, ni ikusteko gogoak bultzatuta baizik. Izan ere, hiri hartan nire ospea ikaragarri hedatua zen, eta dirutza ez urrien iturri bihurtu nintzen zaintzen ninduenarentzat. Horrek, ikusi zuenean jende askok zeukala nire bitxikerien lekuko izateko gutizia neurrigabea, atea itxi, eta banaka-banaka utzi zien pasatzen; horrela, haien eskupekoak hartuz, dirutza nahikoa handiak ateratzen zituen egunero.

        Nire miresleen artean bazegoen emakume boteretsu eta aberats bat, besteek bezala ordaindu eta ni ikustera etorria; gero, nire trebetasun anitzen liluratik niganako grina sinestezinera igaro zen; eta bere gutizia zoroari erremediorik aurkitu ezinez, beste Pasifae bat bailitzan —baina asto batez maitemindua oraingoa—, hasperen sutsuak egiten zituen nire besarkaden irrikagatik. Azkenean, esan zion zaintzen ninduenari: utz ziezaiola nirekin gau bakar batez etzaten dirutza handiaren truke. Hark, niri egin ziezadakeen mesedeaz batere arduratu gabe, bere aberastu beharrari bakarrik begiratu, eta baiezkoa eman zion.

 

        20 Afaldu, eta nire jabearen jangelatik irten berriak ginen, eta han aurkitu genuen andere hura, nire gelan aspalditik zain. Oi, aldeko jainkoak! Haiek prestakuntza dotoreak! Lau eunuko ari ziren ohantzea lurrean prestatzen, luma finez puzturiko kuxin pila batez; gainean urrez eta Tiroko purpuraz bordaturiko oihala zabaldu zuten kontu handiz, eta gainean beste buruko batzuk pilatu zituzten, ttiki samarrak baina ugari: emakume finek kuxin ttiki horietan jartzen dituzte beren masailak eta lepagaina. Gero, beren presentziarekin ugazaba-anderearen gozamena ez gehiago atzeratzeko, gelako ateak itxi, eta hor doaz; barnean argizarizko kandelak, argi distiratsua eginez, gaueko ilunak argitzen ari zitzaizkigun.

 

        21 Orduan, hark, bere arropa guztiak erantzi eta gero, bular ederrei eusten zien zerrenda ere kendurik, argiaren ondoan zutik, hor igurtzi du bere burua eztainuzko pote ttiki batetik isuritako olio usain-gozodunez; niri ere igurtzi sendoak eman zizkidan gorputz osoan usain-gozo beraz, harekin nire sudurzuloak bustitzen ahalegin berezia eginez. Hurrena, musu sutsuz bete ninduen; ez txanpon batzuen eske ari diren emagalduek bezero zekenei urdanga-etxetan eman ohi dizkietenak bezalakoak, benetako musuak baizik, egiazkoak; aldi berean, hitzik gozoenak esaten zizkidan: maite haut, behar haut, hi bakarrik nahi haut, hi gabe ezin nauk bizi eta horrelako balakuak, emakumeek gizonak bereganatzeko edo beren sentipenak adierazteko erabili ohi dituztenak; gero, burukotik heldu, eta aise etzanarazi ninduen, ikasia nuen bezala; egia esan, joera hori ez zitzaidan ez berria ez zaila egiten, batez ere, barau luzearen ondoren, hain emakume eder bezain maiteminduaren besarkadez gozatzera nindoanean; gainera, oneneko ardotik dangada ederrak eginak nituen, eta nire amodio-grinak bizituak usain-gozo zorabiagarri haren bidez.

 

        22 Hala eta guztiz ere, sentitzen nuen, bai, beldur ez batere arina: nola moldatu behar nuen nik, neure hanka ugari eta handiekin, halako andere fin baten gainean jartzeko, neure apatx gogorrez hain gorputz-atal zuri eta samurrak, esne eta eztizkoak ziruditenak, besarkatzeko; nola musu emango ote nion purpura bezain ezpaintxo gorri eta anbrosiaren ihintzaz bustiriko haietan, hain aho handi, ikaragarri eta okerraz, nire hortzek harlauzak baitziruditen. Kezkatu egiten ninduen, azkenik, ea emakume batek, oinetatik bururaino grinak jota egonik ere, nola har zezakeen bere baitan nirea bezalako zakila handia. Gizajoa ni! Goi mailako emakume hura etenik uzten banuen, basapiztietara jaurtiko ninduten, nire jabeak antolaturiko ikuskizunean erakargarri berri bat izan nendin. Bien bitartean, emakumea etengabe ari zitzaidan hitz liluragarriak esan eta esan, musu amaigabeak eman eta eman, hasperen eztiak egin eta egin, begirada suspergarriekin batera; eta amaitzeko, honela mintzatu zitzaidan:

        — Neurekin haukat, usotxo samur hori; nirea haiz, txoritxo maitea.

        Eta bere hitzekin erakutsi zidan alferrikakoak zirela nire usteak, eta funsgabeak nire beldurrak. Bai, nire kontra estu-estu eginik, zeharo hartu ninduen, oso-osorik. Nik, harenganako beldurrez, atzera egiten nuen bakoitzean, gerturago jarriz eromenez eta bizkar-hezurretik helduz, nire kontra estutzen zen besarkada sendoagoz, eta horrela, ala Herkules, pentsatzera iritsi nintzen, are gehiago beharko nuela haren grina asetzeko, eta ez zela alferrik jostatu Minotauroaren ama amorante marrukari batekin. Eta amodiozko gau osoa esna egin, eta egun argi mingain-arina baino lehenago, badoa emakumea, ez hurrengo gauerako prezio berean tratua egin gabe.

 

        23 Emakumeak ez zeukan nire hezitzaileari erreguka ibili beharrik, bere gozamena nahi bezain oparo eskuratzeko; alde batetik, bere laguntzaren ordainetan egundoko dirutzak jasotzen zituelako, eta bestetik, era horretan bere ugazabari inoiz ikusi gabeko ikuskizuna prestatzen ziolako; izan ere, ez baitzen duda-mudatan ibili gure amodio-gorabeherak hari azaltzerakoan. Ugazabak, bere libertoari sari ederra eman eta gero, ni ikuskizun publikoan erakustea erabaki zuen. Eta, nire emazte handiki hura bere gizarte-maila zela-eta erabili ezin zuenez, eta hartarako prest zegoen beste emakumerik aurkitu ez zenez, agindutako saria handiena izanda ere, urdanga anker bat hartu zuen —gobernadorearen aginduz piztietara botatzera kondenatua zegoena— nirekin batera hareara irten zedin, eta han, herriaren aurrean, erakuts zezan publikoki bere lotsaren sakrifizioa. Hona hemen hari emandako epaiaren istorioa, niri kontatu bezala:

        Gazte batekin ezkonduta egon zen, eta haren aitak, bidaia batera abiatzean, zera adierazi zion bere emazte eta adierazitako gaztearen amari, zeina haurdun utzi baitzuen haurdunaldiaren zama eta guzti: baldin eta bere erraietako fruitua sortutakoan munduraturikoa sexu ahulekoa bazen, hiltzeko hantxe bertan. Senarra kanpoan zela neska bat jaio zitzaion. Orduan, indar handiagoa izan zuen ama guztien berezko maitasunak, eta uko egin zion bere senarrari zor zion obedientziari; horrela, jaioberria auzoko batzuei eman zien haz zezaten, eta, senarra itzultzean, bere alabaren jaiotza eta heriotza adierazi zion. Baina neska dontzeila loratu zenean, eta ezkontzeko ordua iritsi zitzaionean, beretarrei zegokien bezalako dotea ezin eman zionez, amak, senarrak jakin gabe, geratzen zitzaion aukera bakarrari heldu zion, eta semeari azaldu bere sekretu ezkutua; gainera, beldur handia zuen, zorigaiztoko halabeharrarengatik edo gaztaroko sukarrak eramanda, neba, neba zela jakin gabe eta neskak ere ezer jakin gabe, bere arrebaz maiteminduko ote zen. Mutilak, erruki paregabearen jabe baitzen, ardurarik handienaz jakin zuen uztartzen amari zor zion menpekotasuna eta arrebarenganako maitasuna, eta familiako sekretuak zinezko isiltasunaren babespean utzirik, azaletik nolabaiteko giza sentipena adieraziz, odol-lokarriei zegozkien eginbeharrak bete zituen, auzoko neska-gazte hura bere etxean jaso zuen, izan ere, abandonaturik eta gurasoen babesik gabe bizi baitzen; gero, bere ondasunetatik dote ederra eman, eta adiskidetasun handia zion bere lagunik minenaren emazte egin zuen.

 

        24 Zorioneko neurri horiek, ordea, zintzotasun osoz hartuak izanda ere, ez zitzaizkion ezustean pasa Fortunaren gogoari; horrek aginduta, Norgehiagoka ankerra gaztearen etxera joan zen berehala. Laster emaztea, hain zuzen orduko okerragatik orain piztietara kondenatua zegoena, aurrena jeloskortu egin zen dontzeilarekin, ohea kentzera letorkiokeen arerioa balitz bezala; gero, herra hartu zion, eta hurrena, amarrurik gaiztoenak jartzen hasi zen, hura hiltzeko. Azkenean, honako ikaragarrikeria hau asmatu zuen:

        Senarrari eraztuna ostu eta gero, landara joan zen, eta handik mirabetxo bat bidali zuen, hain esanekoa, non Fede Onari berari ere irain egiten baitzion. Agindu zion, bada, esan ziezaiola neskari mutila landetxera joana zela, eta bere ondora deitzen ziola, eta lehenbailehen agertzeko, bakarrik eta inoren laguntzarik gabe. Eta, badaezpada ere, etortzeko zalantzarik izan ez zezan, senarrari ostutako eraztuna eman zion, erakustean haren hitzak sinets zitzan. Neska-gaztea, bere nebaren (izen horren bidez soilik ezagutzen zuen) aginduen esaneko, erakusten zioten zigilua ikustean, berehala irten zen, inoren laguntzarik gabe, adierazi zitzaion gisara. Baina, traizio gaiztoaren amarruaren mende, jarri zizkioten lokarrietan erori zenean, emazte bertutetsuak, bere onetik aterata, ezin eramanaren haserreak ziztatuta, bere senarraren arreba aurrena biluzik jarri, eta zigorka ekin zion, hiltzat utzi arte; gero, nahiz neska gajoak deiadarka adierazi egia, behin eta berriro esanez haserre erretzaile hura ezkontza-haustearen susmo okerretik zetorkiola, behin eta berriz errepikatuz bere neba zuela, hala ere besteak, iruzurti deitu, eta haren hitz guztiak gezurra besterik ez zirela esan eta gero, izter artetik ilinti piztua sartu zion, eta horrela heriotza ikaragarria eman.

 

        25 Hilketa ikaragarri horren berriak izuturik, neska-gaztearen neba eta senarra azkar joan ziren hara, eta malkotan urtu beharrean negar egin ondoren, lur eman zioten. Mutil-gaztea ez zen bere arrebaren heriotza eta inolako ziorik gabeko oinazea tente jasateko gauza izan; minak muinetaraino astinduta eta bere behazunaren garraztasunak sortutako eldarnio gaiztoaren menpe, erretzen ari zen sukar kiskalgarrietan, eta bazirudien mediku baten beharrean zegoela. Emaztea, ordea, zintzotasunarekin batera aspaldi galdu baitzuen horrela deitzeko zilegitasuna ere, han joan zen ikustera halako mediku bat, bere lanbide-etika ezagatik ospetsua, eta horrelako gorabeheretan lehen ere onik ateratakoa, eta bere besoaren indarrez irabazitako sari askoren jabea; berrogeita hamar sestertzio agindu dizkio, berehalako eragina zuen pozoiren bat sal diezaion, hots, horren bidez bere senarraren heriotza erosteko. Hori horrela erabaki eta gero, itxura egin zuten belar-ur ospetsua —jakintsuenek sakratua deitzen dutena, eta erraiak baretu, eta behazuna kanporatzeko beharrezkoa dena— prestatzen ariko balira bezala, baina beste bat, Proserpinaren osasunerako sagaratua dena, prestatu zuten horren ordez. Eta medikuak zerbitzarien eta adiskide eta ahaide batzuen aurrean bere eskuz luzatu zion zuhurki nahasturiko belar-ura.

 

        26 Emakume beldurgabe hark, ordea, bere hilketa-laguna trabatik kendu eta agindutako dirua gordetzeko, denen aurrean kopa hartu, eta honela mintzatu zen:

        — Oi, zu, medikuetan onena; ez diozu belar-ur hau nire senar maiteari emango; ez diozu emango, diot, zuk horretatik zati on bat edan arte behintzat. Nola jakin nik, bada, hor pozoiren bat ez ote legokeen? Ez zaizu axolako, hain gizon zuhurra eta jakintsua izanik, nik, senarraren osasunaz guztiz kezkaturik, zor diodan errukia erabiltzea, ezta?

        Medikua, ezustean nahasturik, harpia haren zuhurkeria larriaz, bereizteko ahalmena galduta, eta, une hartako presaz, hausnarketarako betarik izan gabe, urduritasunagatik edo zalantzagatik bere parte hartze hiltzailea susma zezaten biderik ez emateko, belar-ur neurri ederra edan zuen kopa beretik. Haren jokabideak lasaituta, gazteak ere hartu zuen kopa, eta eskainitako belar-ura edan zuen; horrela, bere eginkizuna beterik, medikuak lehenbailehen itzuli nahi zuen etxera, presa baitzeukan antidoto salbatzaile batez aurreko pozoiaren ondorio hilgarriak ezerezteko.

        Emakume beldurgarri hark, ordea, hasitakoari amaiera emateko sakrilegiozko erabaki sendoz, ez zion utzi beregandik azkazal baten lekua baino harantzago aldentzen.

        — Egon gaitezen —zioen— belar-ura gorputz osoan hedatu, eta erremedioaren ondorioa ikusi arte.

        Azkenean, medikuaren erregu etengabeek itota, utzi zion joaten, gogoz kontra. Bitartean, pozoiaren eragin itsu eta suntsitzailea indar geldiezinez ari zitzaion hedatzen erraietan, hezur-muinaren hondoraino sartuz. Azken mugan, gaitzak gogor jota eta lozorro pisuan erorita, kostata heldu zen bere etxera. Hara iristean, ozta-ozta kontatu ahal izan zion bere emazteari, eta heriotza bikoitz harengatik agindutako saria eska zezala agindu zion. Gero, mediku ospetsuak bere azken arnasa eman zuen dardara ikaragarri batez.

 

        27 Giza gazteak ere ez zion denbora luzean eutsi bere biziari; heriotza berdina izan zuen, bere emaztearen itxurazko eta gezurrezko malkoen artean. Hildakoei zor zaizkien betekizunak egin ohi diren denbora pasata, egun batzuk geroago, lurra eman bezain laster, medikuaren alarguntsa agertu zen bi heriotzen ordaina eskatzera. Beste emakumeak, aldiz, lehengo lepotik baitzeukan burua oraindik, asmo onaren benetako aurpegia ezkutatu, eta itxura bakarrik eskainirik, atseginez hartu zuen, bere aginduak beteko zituela esan, beste batzuk gehiago ere egin, eta adierazi zion atzerapenik gabe ordainduko ziola egindako tratuaren prezioa, baldin belar-ur hartatik beste pittin bat ematen bazion, hasitako lana amaitzeko. Zertarako esan gehiago? Medikuaren alarguntsa haren asmo gaiztoen sareetan erori zen, eta baiezkoa eman zion aise; are gehiago, hain pertsona aberatsaren aurrean atseginago gertatzeko, etxera joan zen azkar, pozoiz goraino beteriko pote baten bila, eta andereari eman zion. Bere hilketak egiteko hainbeste aukera eskutan jarririk, inguruan zituen guztiengana hedatzen hasi zen bere esku odoleztatuak.

 

        28 Adin ttikiko alaba bat zeukan, hil berria zuen senarraren alaba. Legeek, berez, haur hura egiten zuten aitaren oinordeko; hori ezin eraman, eta bere alabaren ondasun guztiak eskuratu nahian, haren biziaren kontra ere saiatu zen. Bazekien bere seme-alaben heriotzaren ondoren bizirik geratzeko zoritxarra izan duten amek horien herentzia hartzen dutela, eta emazte gisa bezala portatu zen ama gisa ere: bazkari bat antolatu zuen egoeraren araberakoa, eta pozoi berarekin jo zituen medikuaren alarguntsa eta bere alaba. Pozoi hilgarriak berehala ito zuen umetxoaren arnasa, ahula artean, eta haren errai samurrak erabat erre; aldiz, medikuaren alarguntsak, nabaritu zuenean belar-ur gaiztoak eragindako ekaitz suntsitzailea hedatzen ari zitzaiola bere biriken bazterretara, berehala susmatu zuen gertatzen ari zena; arnasaren ezina, gero eta handiagoa, nabaritzean, garbi ikusi zuen dena; orduan, zuzenean gobernadorearen egoitzara joan, eta deiadar handiz haren babesa eskatu ondoren, herrian iskanbila sortu zuen; gero, sekulako gaiztakeriak esatera zihoala adierazi zionean, lortu zuen magistratu horrek bere ateak ireki ziezazkion eta, aldi berean, bere belarriak. Puntuz puntu, hasieratik, emakumeen arteko ankerrenaren ikaragarrikeria guztiak adierazi eta berehala, zorabioak jo zuen bat-batean, gogoa lainotu, ordu arte irekitako ezpainak gogortu eta, hortzak marrusketa zaratatsu eta luzean estuturik, hilotz erori zen gobernadorearen oinetara. Horrek, eskarmentuko gizona izaki, ez zien utzi ahanzturaren lozorroan erortzen —epai-prozeduraren geldotasuna zela-eta— sugegorri edendun haren erailketa anitzei. Salatuaren logela-arduradunak ekarrarazi zituen segituan, eta oinazearen bidez atera zien egia; emakumeari, berriz, merezi baino zigor arinagoa ezarri zion: hark egindako hilketen pareko oinazerik asmatu ezin zuenez, gutxienez piztien artera jaurti zezatela erabaki zuen.

 

        29 Hura zen, bada, nik jende aurrean emaztetzat hartu beharreko emakumea; horrela, larritasunik handienak jota eta noraezik gaiztoenaren menpe, ikuskizunaren egunaren zain nengoen; behin baino gehiagotan nahi izan nuen neure buruaz beste egiten, eraile haren ukituaz lohitu baino lehen, edo neure lotsa jende aurreko ikuskizun iraingarrian galdu baino lehen. Baina giza eskurik ez nik, hatzik ere ez, eta ezin ezpata bati eutsi neure apatx biribil eta maiztuaz. Kontsolamendu bakarra neukan zoritxarrik ikaragarrienaren erdian: alegia, agertu berria zen udaberri ahulak estal zezala guztia lore-kimu samurrez, gorriz jantzi zitzala belardiak, eta, laster, arantzazko estalkia hautsirik eta beren usain-gozo ederrak zerielarik, ireki zitezela asta-arrosak, berriro lehengo Luzio bihurtuko nindutenak.

        Horrela iritsi zen ikuskizunaren eguna. Banaramate ikusleen aurrera, atzetik miresle-talde herrikoia daramadala jai-jantziz. Ikuskizunaren atarian dantzari profesionalek eginiko zenbait dantza ari zen bitartean, ni, atean aldi batean geldirik, sarreran bertan hazitako belar gozoa jaten ari nintzen ederki, noizean behin neure begi jakinguratsuak han ari zen ikuskizun atseginari begira gozatzen nituelarik, zabal-zabal zegoen atetik ikus baitzitekeen.

        Mutil-gazte eta neska-gazteak, beren nerabezaro pinpirin loratuan, beren edertasunagatik nabarmen, arropa dotoreak jantzirik, keinu adierazkorrez egiten zuten pauso, grekoen Pirrorena dantzatuz. Bata bestearen atzetik jarrita, irudi polit eta aldakorrak osatzen zituzten; orain biribil zaluan arituko ziren, gero zeharka zabalduko ziren, eskuak loturik, katea osatu arte, gero lauki baten aldeak osatzeko bilduko ziren edo bi taldetan banatuko. Azkenean, tronpeta-soinuak jarri zien amaiera joan-etorri horiei, eta hain bihurri loturiko mugimenduak askatu zituen. Hurrena, oihala jaso, gortinak bildu, eta horrela prestatu zuten eszenategia.

 

        30 Egurrezko mendi bat egina zuten, egitura handikoa, Homerok Ida izenez kantaturiko mendiaren antzekoa. Zuhaitz berde eta hostotsuz betea zegoen eta gailurraren gorenetik, arkitektoaren eskutik ateratako iturri batetik, ur-jario handiak irteten ziren. Antxume batzuk ari ziren larrean, eta Parisen —Frigiako artzainaren— irudiaren itxuran, tunika fin eta ederrez jantzitako gaztea agertu zen, ekialdeko estalki baten tolesdurak sorbaldan behera zihoazkiola eta burua urrezko tiaraz estalita, ahuntz-taldearen artzain gisa. Antzeztokira edertasun distiratsuzko mutil bat irten da, gorputz osoa biluzik, nerabe-klamidez estalitako ezkerreko sorbalda salbu. Denen arreta erakartzen zuen, batez ere bere adats horailekin, nondik urrezko hegal ttiki batzuk ateratzen baitziren, simetrikoki jarriak; haren kaduzeoak Merkurio zela adierazten zuen. Dantzan zihoan aurrera, urrezko sagar bat hostoz estalia eskuinean zeramala, eta Parisena egiten zuen gazteari eskaini zion, buru-keinu baten bidez Jupiterren aginduak adierazten zizkion bitartean; gero, era politean atzeraka eginez, berehala desagertu zen.

        Hurrena, aurpegi nobledun neska-gazte bat irten zen eszenategira, Juno jainkosa haragiztatua gogorarazten zuena; buruan distira zuridun diadema zeraman, eta, gainera, aginte-makila. Gero beste neska bat sartu zen, Minerbatzat har zitekeena; burua kasko dirdaitsuz estalia zeraman, eta gainetik olibondozko koroia; goian eusten zion ezkutuari, eta lantza erakusten zuen, jainkosa borrokara doanean bezala agertuz.

 

        31 Horien ondoren, hirugarren neska-gazte bat sartu zen eszenategira, aurreko biak baino ederragoa oraindik; haren aurpegiko azalaren distira hilezkorrak Venus zela adierazten zuen, artean Venus birjina eta bere irudiaren perfekzioa erakusten zuen gorputz arropa gabean; zetazko estalki arin batek soilik egiten zien itzal haren edertasun ezkutuei. Noizean behin, haizeño jakin-min eta jostalariak estalkia jasotzen zion maitekiro, eta horrela, gorputzetik altxatzean, agerian uzten zuen haren nerabetasunaren lore samurra; beste batzuetan, gainean jotzen zion jostalari, halako moldez, ezen, gorputz-atalei estu itsatsirik, haren biribiltasun liluragarriak markatzen baitzituen. Jainkosaren koloreak berak ere gorabehera anitzak erakusten zituen: gorputza zuria, zerutik jaitsia bezala, estalkia urdina, itsasotik irtena bezala.

        Zerbitzari-talde berezia zeukan jainkosarena egiten zuen neska-gazte bakoitzak ohorezko zaindari; Junoren ondoan, Kastor eta Polux, burua arrautza itxurako kaskoz estalita, gainean izar banarekin; antzezle gazte batzuek Dioskuroren papera egiten zuten. Adierazitako neska-gazte horrek, neurriko keinu mehez txirula joniarraren doinura pauso egiten duen bitartean, duintasunez beteriko keinueraz, agindu zion artzainari: Asia guztia bere mende jarriko zuela, edertasunaren saria ematen bazion. Gerlari janzkeran Minerba bihurtua zen hark, bi nerabe zeramatzan atzetik zerbitzari gisa, eta gudu-ezkutari banaezinak ziruditen, eta saltoka zebiltzan beren ezpata biluziekin: Izua eta Beldurra ziren. Horien gibelean, xirulajole bat zerorren doriarren erako gerra-doinua jotzen eta, doinu lodiak eta zorrotzak, turutaz joak ziruditenak, txandaka harturik, dantza bizi haren indarrari eusten zion. Adierazitako neska-gazte horrek, bizitasunez beterik, burua astindu eta begiak zemai-antza jarririk, keinuera azkarraren bidez jakinarazten zion Parisi ezen, edertasunaren lehen maila ematen bazion, gerlari ausarta bihurtuko zela bere laguntzaz, eta ospetsu egingo zuela guduetan eskuratutako sariekin.

 

        32 Baina, hara non Venus, ikusleen txaloen artean, gelditu den eszenategiaren erdi-erdian, liluramenduz beterik, irribarre eztiz, haur jostalariz osaturiko jendetza batek inguraturik; esan zitekeen, haur haiek, beren gorputz-atal biribilez eta beren gorputz esnea bezain zuriez, benetako Kupidoak zirela, zerutik edo itsasotik hegan etorri berriak. Guztiak zeharo berdinak ziren, beren hegal xumeekin eta gezi ttikiekin; gainerako janzkera ere berdin-berdina zen, eta beren anderea eztei-jaietara bailihoan, haren aurretik zihoazen bidea argituz ilintien errainu dirdaitsuez. Berehala, dontzeila talde neurritsu bat sartu da, pauso uhinkorrez; alde batetik, Dohainak, lilura erakargarriz beteak; bestetik, Ordu eder-ederrak, beren anderearen ohorez lore uztaiak eta arrosa orriak jaurti, eta koru artistikoan dantzatzen; eta, gozamenaren jainkosa agintaria lausengatzeko, udaberriko edergarri guztiak eskaintzen zizkioten. Bien bitartean, zulo anitzeko txirulak doinu lidiar gozoak jotzen ari dira. Eta horiek ikusleen gogoak eztiki ferekatzen zituzten bitartean, Venus, are eta erakargarriago, pixkanaka-pixkanaka suspertzen hasi zen akorde haiekin, eta dantzaren pausoa egiten hanka zalantzakorrez, bere gerri zalua uhin eran mugiaraziz, eta burua ere ia konturatu gabe bateratuz joan zitzaion beren mugimenduekin; haren keinu sentsualak txirulen doinu bigunarekin batu ziren; haren betsein adierazkorrak samurki itzaltzen ziren batzuetan, eta besteetan, berriz, begirada lizunak egiten zituzten; une batzuetan haren begiak bakarrik ziren dantzan ari zirenak. Dantza hori epailearen aurrean egiterakoan, besoak mugitzeko erarekin, bazirudien Venusek esan nahi zuela: beste jainkosen parean hobetsia izanez gero, jainkosa beraren mailakoa izango zela Parisi emango zion emaztearen edertasun paregabea ere. Orduan, mutil-gazte frigiarrak gustura eman zion neska-gazteari eskuan zeraman urrezko sagarra, bere garaipenaren lekukotzat.

 

        33 Zergatik harritzen zarete, bada, zuek, izaki gaiztoenak, foruko piztiak, edo, hobeto esateko, togadun saiak, orain epaile guztiek beren epaiak diru-truke saltzen dituztelako? Munduaren hasieran ere eskupekoak zikindu zuen jainkoen eta gizonen arteko auziaren epaia; izan ere, nekazari batek, Jupiter handiaren erabakiz epaile izendatuak, epairik antzinakoena saldu zuen, amodiozko gutizia bat asetzeko, horrekin bere leinu osoa suntsitu behar bazuen ere. Herkulesengatik, gauza bera gertatu zen hurrena Akaiarren buruzagirik ospetsuenen artean egindako epaiketan ere: Palamedes bezalako gizon bat kondenatu zuten, guztiak baino heziagoa eta jakintsuagoa zena, traizioa leporatu, eta gezur-salaketa hutsetan oinarriturik. Ulises erdipurdikoa Aiax handiaren aurretik jarri zuten, azken hori besteen gainetik egonda ere bere borroka-adorez. Eta zer esan atenastarren artean izandako epaiketaz, haiek hain legegile fin eta zientzia ororen maisu izanik ere? Ez al zen, bada, talde gaizto baten azpikeria bekaiztien menpe erori jainkozko zuhurtasuna zeukan agurea, zeina Delfoseko jainkoak gizakien artean jakintsuena zela aldarrikatu baitzuen? Gazteak galtzen ari omen zen, baina bitartean neurriko eta zentzudun izaten erakusten ari zitzaien; landare pozoitsu baten zuku hilgarriaren eraginez hil zen, bere hirikideei betiko laido-orbaina utzirik; gaur egun ere, filosofo ospetsuek haren ikasbide txit garbiaren jarraitzaile aitortzen dute beren burua, eta, zorionaren bilaketa goren horretan, haren izenagatik egiten dute zin. Baina, inork haserre-ekinaldi honengatik errieta egin ez diezadan, esanez: «asto bat jasan behar ote dugu bada, guri filosofiaz berbetan?», bada, nire kontakizunari jarraituko natzaio, gorabehera horrekin hasi naizen puntutik.

 

        34 Parisen epaiketa amaitu eta gero, Junok eta Minervak, saminduta eta haserre itxuraz, eszenategia utzi zuten, porrotak sortu zien amorrua beren keinuez adierazten zuten bitartean; Venusek, ordea, gozo eta alai, koru osoarekin dantza eginez adierazten zuen bere poza. Orduan, mendiaren gailurretik, hodi ezkutu batetik, ardo-turrusta bat sortu zen, altuera handia hartzeraino; azafraia zeraman nahasturik, eta bazter guztietara barreiatuz erori zenean, euri usaintsuz busti zituen inguruan larrean zebiltzan antxumeak, halako moldez, ezen, orbain horiekin ederturik, berez zuten zuritasuna azafrai-kolore bilakatu baitzitzaien. Azkenean, antzeztoki osoa usain leunez gozaturik geratu zenean, lurra ireki zen, eta egurrezko mendia zulo sakon batean ezkutatu zen.

        Jendearen eske-oihuei obediturik, horra non doan soldadu bat, kalea lasterka zeharkatuz, presondegi ofizialera, emakumea, hilketa anitzengatik piztietara kondenatua, eta, lehen esan dudan bezala, nirekin eztei ederrean elkartzekotan zena, ekartzera. Eta gu biontzako ezkon ohea izan zedin, arreta handienaz ari ziren jartzen ohe bat, Indiako dortokaren maskor gardenezko pusketaz apaindua, eta gainean lumaz puztutako kuxin bigunak jarri eta zetazko oihal loretsuz estalia. Jende aurrean ezkontza betetzeak eta hilketaz zikinduriko emakume batekin txortan egiteak sortzen zidan lotsa alde batera utzirik, heriotzaren beldurrak ere oinaze handia ematen zidan, honela nioelarik neure kabutan: «Amodiozko besarkadan uztarturik gaudela, piztiaren bat askatzen badute emakumea hil dezan, ezinezkoa da piztia hori hain zuhurra izatea bere erabakietan, edo hain ongi hezia egotea, edo hain neurrikoa eta arduratsua izatea, nire aldamenean datzan emakumea txikitu, eta niri inolako minik ez egiteko, ez baita jabetuko ez naizela ni kondenatua, ez erruduna».

 

        35 Oso kezkaturik nengoen, beraz, ez bakarrik lotsagatik, neure biziagatik beragatik ere bai; bitartean, nire hezitzailea ohea ondo prestatzeko lanari zeharo emana zebilen, eta mirabe guztiak zer edo zertan ari ziren, alde batetik ehizarako prest, eta bestetik ikuskizunaren atseginaz arreta galdurik. Egoera horrek bidea libre utzi zien nire gogokizunei, eta, inork ez zuenez uste hain asto otzana begiratzea oso beharrezkoa izango zenik, inor jabetu gabe pauso isilean ibili, eta hurbileko atea jo nuen. Hara iristean, hor noa abiada osoan, eta sei milia ziztu bizian egin eta gero, Zenkreara iritsi naiz; Korinto lurraldeko hiria da, diotenez, Egeo eta Saroniko itsasoek bustia. Hango portua babes segurua da itsasontzientzat, eta jende asko bildu ohi da han. Horrela, jendetzak alde batera utzi, eta hondartza urrun bat aukeratu eta gero, uhinek zipriztinduriko urertzetik oso hurbil etzan nintzen, harearen altzo zurian neure indar akituak berritzeko. Eguzkiaren gurdiak egunaren azken muga zeharkatua zuen; beraz, gaueko loaren eskutan jarri nintzen, eta berehala hartu ninduen lozorro gozoak.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia