IX. LIBURUA

 

        1 Horrelaxe ari zen nire kontra borrero nazkagarri hura, bere esku gaiztoak armaz janzten. Eta nik, halako arrisku handi eta berehalakoaren aurrean, atzera edo aurrera egin beharra izan nuen lehenbailehen, eta, luzamendutan ibili gabe, ihesari ekitera deliberatu nintzen, gainera zetorkidan ebaketa saihesteko;lotua nindukan lokarria teinkada zakar batez eten, eta hor noa neure oinek uzten zidaten abiada osoan; ez, ordea, aurrena ostikada andana bat eman gabe, neure salbamena ziurtatzeko. Hurbileneko atea ziztu batean zeharkatu, eta jangelan sartu nintzen, non etxeko ugazaba opari-oturuntza ari baitzen egiten jainkosaren beste apaizekin batera; nire arrapalada gogorrean oturuntz-gaietatik zati handi bat hautsi, eta hor sakabanatu nuen, mahai eta zuziak barne. Ostatu eman ziguna zeharo haserretu zen ondasunen triskantza ikaragarri harekin eta zerbitzari baten ardurapean jarri ninduen, jai-nahasle lotsagabe bat banintz bezala, eta leku seguru batean itxi nindezala agindu zion, berriro oturuntz gozo hura hankaz gora jar ez nezan neure lotsagabekeriaz. Amarru zuhur horren bidez babesa aurkiturik, eta harakinaren esku-eskuetatik ihes eginda, neure buruari bejondeialaka ari nintzaion, espetxe salbatzaile haren gerizpean.

        Ikusia dago, ordea, Fortuna aurka jartzen denean, ez zaiola gauza zuzenik agitzen inongo gizakiri, eta ezin dela jainkoaren adurraren erabaki gaiztoa ezereztu, ez bideratu, ezta jokabide zuhurrez edo erremedio zorrotzez ere. Alegia, nire salbamena jorratu zuela zirudien asmakuntza hark ere beste arrisku handi bat ekarri zidan, edo, beharbada, berehalako hondamendia.

 

        2 Izan ere, halako batean, aurpegi zurbileko mirabetxo bat agertu zen dardarka: berriketan ari dira gonbidatuak lagun giroan, eta mirabetxoak ugazabari adierazi zion auzoko kaletik etorritako zakur eme amorratua sartu zela etxean atzeko atetik berealdiko erasoan, eta gero, eroaldiak erabat suturik, ehiza-zakurrei ekin ziela, eta gero, alboko ukuilura joan eta amorru berberaz eraso ziela zamari gehienei, eta, azkenik, gizakiak ere ez zituela errespetatu; bakoitzari era berezian heldu ziola hozka, hala Mirtilo mandazainari, nola Hefestion sukaldariari, edo Hipnofilo zerbitzariari, Apolonio medikuari, eta handik bidaltzeko ahaleginetan ari ziren beste zerbitzari askori eta askori; eta, noski, zamari batzuek, hozkada pozoitsuek kutsaturik, zakurraren amorru berbera erakusten zutela.

        Gertakari horrek laster jo zituen guztien barrenak, eta, nire amorru-erasoak gaitz hartatik zetozela uste izanda, era guztietako armak hartu eta elkarri adore emanez —hondamendia saihesteko— guztiak eromenaren menpe, atzetik abiatu zaizkit. Eta inongo zalantzarik gabe txikitu eta zatikatuko ninduten azkona eta geziez, edo zerbitzariek arin ekarritako bi ahoko aizkorez; ni, ordea, bat-bateko arriskuaren zirimola hura ikusirik, nire ugazabentzat prestaturiko logelan sartu nintzen ziztu bizian. Orduan ateak itxi zizkidaten eta sarrailez sendotu, eta itxituran utzi ninduten, horrela, nirekin topo egiteko batere arriskurik gabe, harrapatutako izurrite hilgarri haren amorru sendaezinaren mende gal nendin. Jokabide harekin askatasuna eskuraturik azkenean, zorteari esker bakardadean egoteko aukera hartaz baliatu, eta jantzirik zegoen ohe batean etzan nintzen, eta gizaki bati dagokion loaren gozoa izan nuen aspaldiko partez.

 

        3 Ohe bigun hartan nekea arindu eta gero, berriturik eta lerden jaiki nintzen, bada, eguna aurrera samartua zenean; orduan, adi jarri nintzaien nire zain gauean esna egondakoei, eta niri gertatutakoari buruz horrela ari ziren eztabaidan:

        — Zoritxarreko asto hori oraindik amorru etengabeak hartuta dagoela uste duk, ala? Gogorrenak jo, eta honez gero gaitza baretua izango duk.

        Nola ez zetozen bat auzi horretan, bada, eztabaida utzi, eta beren begiz ikustea erabaki zuten; zirritu batetik osasuntsu nagoela ikusi zuten, jarrera baketsu eta lasaian. Orduan atea gehixeago irekitzera arriskatu ziren, eta erabat baretuta ote nengoen ikusten saiatu ziren. Haietako batek, ordea, zeruak bidalitako salbatzaileren bat nonbait, nire osasuna frogatzeko honako trikimailu hau adierazi zien besteei: alegia, eskain ziezadatela ontzi bat ur fresko edateko, eta inongo beldurrik gabe edaten banuen, eta gogoko nuela adieraziz gero, sendaturik eta edozein gaitzetik libre nengoela zalantzarik gabe; aitzitik, likidoa ikusteari zein ukitzeari ihes egiten banion eta ikaraz urrundu, amorru gaiztoa aurrera zihoala erremediorik gabe; hori zen erabili ohi zen trikimailua, eta antzinako liburu zaharrenetan zetorren.

 

        4 Ondo iruditu zitzaien. Artean zalantzaka, ontzi handi bat eskaini didate ondoko iturritik ekarritako ur garbi eta gardenez betea; orduan nik, muzinka ibili gabe, aurrera egin nuen, lepoa jaitsi egarri itxurak eginez, eta buru osoa ur benetan osasuntsu haietan murgildurik, gogotik husten ari nintzen. Haiek, beren aldetik, bizkarrean zapladatxoak ematen zizkidaten, belarriak bihurritu, burukotik tira, eta era guztietako frogak egiten; nik guztia eramaten nuen lasai asko, eta azkenean, beren uste zentzugabeen kontra, guztiei sinestarazi nien neure otzantasuna.

        Horrela saihestu nuen arrisku bikoitza, eta biharamunean hor irtenarazi naute, apaingarri sakratuak bizkarrean daramatzadala eta kriskitin eta zinbolen soinuarekin, kamio eta bidegurutzetan eskean aritzera. Landetxe eta herri harresidun ez gutxitan zehar noragabe ibili eta gero, herrixka baten ondoan gelditu ginen; garai batean aberatsa izandako hiri baten hondakinen gainean eraikia zegoen, bertakoen hitzetan; aurrena topatu genuen ostatuan eman ziguten estalpe, eta istorio barregarri bat, gizagaixo batek jasandako ezkontza-hausteari buruzkoa, entzun genuen hantxe. Zuek ere ezagutzea nahi nuke.

 

        5 Gure gizon hori, txiroa, behar gorrian zegoena, bere bizimodua atera behar, eta langile aritzen zen soldata urriaren truke. Hala ere, bazeukan emaztetxo bat, hura ere behartsu samarra, baina bere arinkeria paregabeagatik ezaguna. Behin batez, gizona goizean goiz irten da bere lanera; berehala sartu da haren etxean emaztearen amorante adoretsu bat. Bi ezkontza-hausle horiek inongo beldurrik gabe Venusen borrokan ari diren bitartean, senarra, ezertaz jabetu gabe eta horrelakoren inongo susmorik gabe, etxera itzuli zen ustekabean. Ateak eta sarrailak itxirik aurkitu zituen, eta emaztearen bertuteari gorazarre egiten zion bitartean, atea jo zuen, txistuka hantxe zegoela adierazirik. Orduan, emakume maltzurrak, horrelako trikimailuetan benetan azkarra baitzen, amorantea besarkada estuetatik askarazi, eta bazter batean erdi lurperaturik eta hutsik zegoen suil handi batean ezkutatu zuen artezki, eta, etxeko atea zabalik, honako hitz hauekin hartu zuen oraindik erabat sartu gabe zegoen senarra:

        — Baina, baina, hortik zehar ibiliko haiz bada, zereginik ez daukan arlote alferraren antzera, eskuak patrikan dituala, ohiko lanera joan gabe, eta gure mantenua eskuratu gabe, eta jateko zerbait etxeratu gabe? Ni, berriz, zoritxarreko hau, hortxe aritzen nauk akitu beharrean artilea iruten gau osoan eta egun osoan, kriseilu batek gutxienez argi egin dezan gure etxe txiro honetan. Alde ederrean zagok Dafne gure auzoa, goizetik hasita mozkorturik eta janariz lehertu beharrean, bere amoranteekin jolasean!

 

        6 Senarrak, halako errietarekin nahasturik, erantzun zion:

        — Eta zer dion izan dudan burutazioaz? Gure lantegiko nagusiak epaitegiko arazo bat zuela-eta opor eman zigun, eta, hala ere, arduratu egin naun gure gaurko afari apalaz. Begiraion, mesedez, beti hutsik egon ohi den suil horri; hortxe egoten dun alferrikako leku handi bat harturik, eta, egia esateko, ez din balio gure etxeko bizimoduaren joan-etorrietan oztopo egiteko baino. Bada, sei denariotan saldu zionat gizon bati, eta hortxe zagon eramateko prest, prezioa ordaindu eta gero. Beraz, zergatik ez haiz prest jarri, eta niri pixka bat laguntzen hasten, suila lurretik atera, eta berehala erosleari eramateko?

        Orduan emakume maltzurrak egoera berriaren arabera jokatu zuen, eta, algara handi bat egin eta gero, erantzun zion:

        — A zer gizona haizen, a zer merkatari baliotsua hartu dudan senartzat! Zer eta, prezio lotsagarrian saldu ez du bada, nik, emakume bat besterik ez naizenak, etxetik irten gabe zazpi denariotan saldua nuena?

        Senarrak, prezio handiago harekin pozik, erantzun zion:

        — Eta nork erosi din bada hain garesti?

        Eta emakumeak erantzun zion berehala:

        — Denbora zeramak, ergel hori, suilaren barruan sartuta, sendoa den ala ez ondo begiratzen.

 

        7 Besteak ez zituen emakumearen hitz horiek gezurtatzen, eta bere ezkutalekutik irten eta gero, esan zuen:

        — Nahi al duzu egia esatea, emakume? Zure suil hau zaharregia da, eta alde guztietatik pitzatuta dago arraildura handi-handiekin.

        Eta senarrarengana jarririk, ezagutuko ez balu bezala mintzo zaio:

        — Gizon; zarena zarela ere: zergatik ez didazu kriseilu bat ekartzen azkar, suilaren tortika eta zikinak harramazkatu eta gero, ikus dezadan ea zerbaitetarako balio ote dezakeen? Neure dirua era itsusian irabazia dudala pentsatzen ez baduzu behintzat.

        Luzaro gabe eta inongo susmo txarrik gabe, senar zuhur eta paregabeak kriseilua piztu, eta eransten du:

        — Ken hortik, adiskidea; zaude hementxe lasai, ondo garbituta eta prestatuta jar diezazudan arte.

        Eta, hori esanik, arropak erantzi, eta argiarekin suilaren barrura sartu, eta bera hasi da aztarrika suil zoldatsuaren tortika zaharrari ekinez. Galai gazte dotorea, berriz, nekazariaren emaztearen gainean jarririk, zeina suilaren gainerantz makurturik baitzegoen, nahi bezala ari zitzaion jo eta ke. Emakumeak, bitartean, burua suilera sarturik, irri egiten zion senarrari, gortesauaren maltzurkeriaz; hau eta hori adierazten zion hatzez, hura eta harantzagokoa garbi zezan; gero, bateko eta besteko lanak amaitu, eta zazpi denarioak hartu eta gero, langile gizagaixoak suila bizkarrera jaso behar izan zuen, eta bere emaztearen amorantearen etxeraino eraman.

 

        8 Egun gutxi batzuk leku hartan egin eta gero, sabelak ondare publikoaren kontura ondo ase, eta iragarpenen kontura nahi adina aberastu eta gero, apaiz txit garbi haiek hor asmatu dute beste negozio emankor bat. Erantzun bat prestatu zuten, bat bera beti, baina egoera anitzetara egoki zitekeena, eta hori erabiliz iruzur egiten diete, hango eta hemengo arazoei buruz aholku eske saldoka zetozkienei. Honako hau zen leloa:

                «Idiak elkarri uztarturik aritzen dira lurra goldatzen,

                biharko egunez uzta oparoak ernal daitezen».

        Eta, adibidez, ezkontzeko asmotan zebiltzan batzuk aholku eskatzera joanez gero, esaten zieten ezen erantzun hori zela beren egoerari bete-betean zegokiona: ezkontzaz uztartu behar zutela, seme-alaben uzta ugaria jaio zedin; aldiz, ondasunen bat erostekotan zebilena joaten bazitzaien, adierazten zioten ezen zerbaitengatik aipatzen zirela erantzun hartan idiak, uztarria, ereintza eta uzta aberatsak; eta inor, bidaia asmo batek kezkaturik, jainkosaren babesaren bila joanez gero, zera esaten zioten: lotuta eta prest zeudela lauoinekoen artean atseginenak, eta ondasun aberatsaren agindu ziurra zela lurraren ernaltzearena; edo eman dezagun norbait borrokara zihoala, edo gaizkile talde baten atzetik irteteko asmoa zuela, eta bere lana onik burutuko ote zuen jakin nahian zebilela; bada, garaipena eskutan omen zeukan iragarpen eder hura medio: arerioen lepoak uztarripean jarriak izango ziren, eta harrapakin oparo eta baliosa eskuratuko zuten ondorengo lapurretan.

        Eta, halako iragarpenen maltzurkeria gaiztoa erabiliz, apaiz haiek ez zuten, ez, aberastasun urria eskuratu.

 

        9 Hala ere, beti erantzun berbera ematen zieten etengabeko galdekizunei, eta, azkenean, nondik nora ekin ez zekitela geratu ziren, eta, hori ikusirik, berriro bidea hartu zuten, gauez egina genuen hura baino askoz ere okerragoa; izan ere, zuloz betea zegoen, erreten putzutsuz zeharkatua; alde batzuk ur geldizko zingiraz beterik zeuden; beste batzuk, lohitegi labainkorrez. Horrela, etengabeko estropezu eta irristez zeharo txikitu eta gero, azkenean behintzat, ezinean eta zeharo akituta badarik ere, lautadako bidezidorretara irten ahal izan nuen. Hara, ordea, non agertu zaigun ezustean atzetik zaldun armatuen talde bat arrapalada bizian, beren zaldien eginahal sutsuari ia eutsi ezinik, eta Filebo eta haren lagunei ekiten zieten gogotik; lepotik heldu, eta sakrilegiogile eta lizun deitu eta gero, kolpeka jipoitzen dituzte, batik eta guztiei eskuak kateatu zizkieten arte, eta aldi berean behin eta berriz agintzen zieten erakuts zezatela segituan urrezko godaleta; erakuts zezatela, bai, beren gaiztakeriaren emaitza; izan ere, ezkutuan egina zuten ospakizun baten aitzakian, isilpean lapurtua omen zutela Jainkoen Amaren burukoen artetik bertatik, eta, halako gaiztakeriak merezia zuen oinazea beren ihesarekin saihestu nahirik, artean egun-argia sortzear zegoela igaro zituztela harresiak.

 

        10 Eta norbaitek nire bizkar gainean eskua jarri eta neraman jainkosaren barnea arakaturik, urrezko godaleta aurkitu zuen, eta denen aurrean agertu. Izaki nazkagarri haiek, ordea, ez ziren ez larritu ez nahastu, zera! Ezta halako gaiztakeria itsusi eta agerikoaren aurrean ere. Aldiz, itxurazko barreak eginik, gauza txantxetan hartu, eta esan dute:

        — Hara; hauxe merezitako zorigaiztoa! Zein sarri salatzen dituzten errugabeak! Jainkoen Amak bere ahizpa Siriari onespen oparitzat ontzi ttiki bat eskaini diola-eta, hona non erlijio horren ministroak gaizkiletzat hartu dituzten, eta erru handi hori egozten dieten.

        Txorakeria pilo hori eta antzeko beste batzuk alfer-alferrik esaten ari ziren bitartean, herritarrek herrixkara itzularazi zituzten, eta hantxe itxituran jarri, kateaz lotuta Tulianoan; gero, godaleta eta nik neraman irudia bera santutegiko altxorrean utzi, eta sagaratu egin zituzten. Niri dagokidanez, hurrengo egunean denen aurrean salgai jarri ninduen aldarrilariak; ondoko herriko errotari batek erosi ninduen, aurrekoan Filebok ordaindu baino zazpi sestertzio gehiagotan; berehala, erosia zuen gariz ondo zamatu eta gero, harri zorrotzez eta sustrai eta era guztietako sustraiondoz betetako bide neketsuan aurrera eraman ninduen, bere errotaraino.

 

        11 Hantxe, sirga-asto anitzek, itzulinguruka, tamaina askotako errotarriak zerabiltzaten jiraka, eta gogotik lan eginez —ez bakarrik egunez, baita gau osoan ere, atseden zein geldiunerik gabe— irina sortzen zuten beren makinen jirabira astiroaz. Niri, aldiz, zerbitzuan hasteaz ikaratu ez nendin, abegi oneko oparirik finenak eskaini zizkidan eskuzabal ugazaba berriak. Horrela, lehen egun hura opor emateaz gainera, pentsu ugariz bete ere egin zidan aska. Hala ere, zorionak —atsedenak eta janari ugariak, alegia— ez zuen egun hura baino gehiago iraun; biharamunean, goiz-goiz, handiena zirudien errotarriaren ondoan jarri ninduten; berehala, begiak estali eta aurrera bultzatu ninduten bide gaizto batean itzulinguruka, eta horrela, etengabe jiraka ibili behar hartan, mugitzeko askatasunik gabe, beti lehengo pausoei jarraiki, neure arrasto berak zapaldu behar nituen behin eta berriz, eta noragabe ibili itzulbira aldaezinean bueltaka. Nik, ordea, ez neuzkan erabat ahaztuta nire azkartasuna eta zuhurtzia, eta ez nintzen esaneko jarri lanbide hura ikasterakoan; aitzitik, gizakien artean nenbilen garaian tramankulu haiek era hartan jiraka maiz ikusiak nituen arren, hala ere, langintza hartaz ezer ez baneki bezala eta inongo eskarmenturik ez baneuka bezala, eroarena egiten nuen, eta geldirik egoten nintzen, leku berean tinko. Uste nuen, alegia, horrelako lan baterako aski ezgauza eta baldresa nintzela ikustean, beste lan bat jarriko zidatela, ez hain neketsua, jakina; edo, bestela, jaten emango zidatela ezer ez egitearen truke. Alfer-alferrik ibili nintzen zuhurtzia hartan, azkenean nire aurkako izan baitzen; berehala gizon batzuk jarri zitzaizkidan inguruan makilekin; ni, begiak estalita, lasai eta fidakor nengoen, baina, ezustean, seinale bat egin eta beren oihuak bateraturik, hor jaurti zuten kolpe-erauntsia nire gainera, eta hainbeste nahasi ninduten beren jipoiarekin, ezen nire asmo guztiak berehala bazterturik, trebe-trebe hasi bainintzen espartzuzko sokatik nire gorputz osoaz tiraka, eta jira eta jira hasi nintzen gogotik.

 

        12 Bien bitartean, nire jokabide aldaketak barrea sortarazi zuen hango guztien artean.

        Egunaren zatirik handiena igaro eta gero, nekeak erabat jota nengoenean, espartzuzko lepokoa kendu, tramankuluari loturik eusten zidaten lokarriak askatu, eta askan lotu ninduten. Nekeak zeharo abailduta, nire indarrak berreskuratu beharrean eta goseak hiltzear, hala ere nire ohiko jakin-minak kitzikaturik eta asaldatu samarturik nindukan; horrela, beraz, aurrean neukan janari ugaria ahaztu, eta nolabaiteko gozotasunez begiratzen nion errota hartako antolamenduari. Jainko zerutarrak! Hango gizon errukarriak! Zigorren ubelduz tindaturiko giza larruak; bizkarra, zauriz beterik, erdi ezkutatua zeramaten, babestua bainoago, zirtzil txikitu batzuez; batzu-batzuk oihal labur batez estaltzen zuten sabel azpia; beste gainontzekoek hain tarrataturik zeramatzaten beren tunikak, ezen tarrata artetik agerian baitzeramaten gorputz osoa; su goritan eginiko letra lotsagarriz markatua zeukaten bekokia, adatsa alde batean zeharo moztua, oinak kateaz lotuak, larruazala lur kolorekoa eta itxura gaiztokoa, betazalak labe ilun eta goriko gar ketsuaz erreak, halako moldez, non ia itsu baitzeuden. Haien gorputz-atalek zuritasun nazkagarria erakusten zuten, irin-errautsez estalita zeuden-eta, norgehiagokari ekin aurretik hautsez igurtzi ohi dituzten borrokalariak bezala.

 

        13 Eta zer esan edo nola mintzatu nirekin batera bizi ziren garraio-abereei buruz? Mando haiek baino zaharragorik! Halako zalditxar argalik! Beren asken ondoan jarririk, buruak barruraino sartu, eta erruz irensten zuten lastoa, eta zauri ustel eta zornetsuz beteriko lepoa astintzen zuten beren arnasotsekin; etengabeko eztulek beren sudurzulo laxatuak zabaltzen zizkieten, eta haragi bizitan zeukaten bularraldea espartzuzko lepokoaren amaigabeko igurtziagatik; saihetsak, berriz, hezurretaraino askatuak etengabeko zigorrengatik; oin-azalek, amaigabe inguruka ibili behar hartan zanpaturik, egundoko zabalera hartua zuten; eta larru osoa lakarra eta zimurra zeukaten, tortika, ezkabia eta higaduren eraginez.

        Halako kideen zorigaizto bera ote zegokidan beldurrez, garai bateko Luzioren zori ederraren miraz nengoen, eta, heriotzaren muga-mugan, burumakur eta samintasunez beteta nengoen. Inondik ez zetorkion inolako kontsolamendurik nire bizitza neketsuari, ohiko jakin-minak zekarkidan jolasaldia izan ezik; izan ere, ni han egoteari inolako jaramonik egin gabe, denek askatasun osoz esaten eta egiten baitzuten gogoak emandakoa. Ez zitzaion arrazoirik falta greziarren poesia sortu zuen egile jainkozkoari: zuhurtasun paregabeko gizona adierazi nahi zuen, eta gizon horrek bere bertute handiak hiri asko ikusiz eta herri anitz ezagutuz eskuratu zituela kantatu zuen bere poemetan. Nik neuk esker onez beteriko oroipena gorde diot izan nintzen astoari, zeren, haren larrupean era askotako zorigaiztoak jasanez zuhurtu ez banintzen ere, nire ezagutza laburrak aberastu nituen behintzat.

 

        14 Hain zuzen, zuei istorio bat kontatzea erabaki dut, ederra ederrenen artean, atsegina eta polita. Hastera noa segidan. Emazteen artean gaiztoena eta txarrena zen, alde handiz, bere diruz erosia ninduen errotariari egokitua zitzaion emakumea. Gizagaixo hari bere ezkon oheak eta etxeak sekulako buruhauste jasanezinak ekartzen zizkion, eta nik neuk ere neure baitan erruki nion egoera penagarri harengatik. Emakume gaizto hari ez zitzaion akatsik ttikiena ere falta; aitzitik, gaiztakeria guztiak bere ariman bilduak zituen, urminduen zingira batean bezala; ankerra zen, maltzurra, mihi edentsuduna, mozkorra, itsusia, burugogorra eta berea egin behar zuena, zekena bere harrapatu behar lotsagarrian, edonondik xahutzerakoan neurrigabea, zinez emandako hitzaren hauslea, otzantasunaren arerioa. Are gehiago: jainkozko indarrak arbuiatu eta oinperaturik, erlijioren bati obeditu beharrean, nonahi erakusten zuen, era zurian eta sakrilegioz, jainko bakar bati ziola fedea, eta hura zela jainko bakarra aldarrikatzen zuen; eta horrela, inolako zentzurik gabeko erlijio-ekintzen aitzakian, gizon guztiei irri eta bere senar gizagaixoari atzipe egiten zien, eta edanari ematen zion goizetik, eta bere gorputza saltzen zuen egun osoan zehar.

 

        15 Halako emakume hura nuen beti atzetik berealdiko gorrotoz. Eguna argitu baino lehenago, artean ohean zetzala, asto berria errotarriari lotzeko oihukatzen zuen; gero, bere logelatik irten bezain laster, nire ondoan jarririk bere aurrean niri ahal bezainbat kolpe emateko agintzen zuen; azkenik, jateko orduan, beste garraio-abere guztiak askatzen zituztenean, askoz ere beranduago eraman nintzatela agintzen zuen. Ankerkeria gaizto horrek are gehiago handitu zuen haren jokabidearekiko nire jakin-mina. Ohartzen nintzen giza-gazte bat sarri joaten zitzaiola logelara, eta haren aurpegia ikusteko gogo biziak hartu ninduen; eta burua estaltzen zidan zapiak askatasun une bat bederen utzi izan balit, ez zitzaidakeen faltako trebetasunik agerian jartzeko, era batera edo bestera, emakume gorrotagarri haren zikoizkeria: baina, harreman gaiztoen artekari eta amoranteen mezulari, lupeme zahar bat zuen itzal egun osoan. Harekin gosaldu, eta, elkarri topa eginez, kopa batzuk ardo barruratu, eta bien artean azpijoko traidoreak asmatzen zituzten maltzurkeria gaiztoz, senar gizagaixoaren hondamendia jorratzeko. Ni, berriz, artean Fotideri gorroto bizia banion ere egindako okerragatik, hegazti bihurtu beharrean goitik beheraino asto egin ninduelako, alegia, hala ere nolabait suspertu egiten ninduen nire itxura gaizto harekin neukan kontsolamendu bakarrak: hots, halako belarri handiak edukirik, oso erraz jabetzen nintzen guztiaz, baita urrun samar egonik ere.

 

        16 Azkenean, egun batez, atso zikoitz eta maltzur haren honako hizketa hauxe iritsi zitzaidan belarrietara:

        «— Andere nirea, hor konpon nire esanei jaramonik ez egiteagatik egokitu zaizun amorante lasakapoto eta odol-epel horrekin; zure senar ganoragabe eta gorrotagarri horren bekoki ilunaren aurrean dardarez egoten da izuti baten moduan, eta daukan beldurrak hozturiko maitasunaren zalantza horiek ez dira zure besarkada sutsuentzat zigorra besterik. Alde ederrekoa duzu Filesitero, gaztea eta lerdena, eskuzabala eta ausarta, beti adoretsua senarren alferrikako arretaren aurrean! Ala Herkules, emakume guztien faboreak gozatzeko adinakoa den galai bakarra duzu, bere buruan urrezko koroia eramateko duin den bakarra, baita azken aldian senar jeloskor baten kontra berealdiko lehiaz prestatu duen irainagatik bakarrik balitz ere. Entzun, beraz, eta alderatu amoranteen trebezia desberdinak.

 

        17 »Ezagutuko duzu Barbaro izeneko bat, gure hiriko dekurioia, jendeak Arrubio ezizenez ezagutzen duena bere izaera garratzagatik. Sehaska ahaltsuko alaba du emaztetzat, parerik gabeko edertasunaren jabea; bada, egundoko begiraleak jarri zizkion— inguruan, eta ahal zuen neurririk handienaz edukitzen zuen etxean itxituran».

        Hitz horiei baiezkoa eginik, errotariaren emazteak erantsi zuen:

        — Nola ez, bada? Ondo ezagutzen dut. Aretez ari zara, nire ikaskideaz.

        — Horrela baldin bada —jarraitu zuen atsoak—, ezagutzen al dituzu Filesiterorekin izandako gorabeherak?

        — Ezta batere —erantzun zion besteak—, baina gogo bizia dut jakiteko, eta erregutzen dizut, ene andere, xehetasunez eta hitzez hitz konta diezadazula.

        Atsoa berritsu petoa zen eta, ezbaian ibili gabe, honela ekin zion hitzari:

        «— Bada, Barbaro horrek, utzi ezineko bidaia batera abiatu behar zuen. Kosta ahala kosta gorde nahi zuen bere emazte maitearen garbitasuna, eta agindu ezkutuak eta bere emaztea zaintzeko ardura osoa eman zizkion Mirmex izeneko bere mirabetxo bati —ziur baitzegoen mutikoaren leialtasunaz—; aldi berean, mehatxu egin zion bere bizitza osorako kateatu, eta itzalpera sartuko zuela, eta gosez poliki hilko, baldin eta inor hura ukitzera iritsiko balitz, ondotik pasatzerakoan hatz puntarekin besterik ez bazen ere; eta zinpean egin zituen mehatxu horiek, jainko guztien indarrak eskatzen zituen bitartean. Horrela, bada, Mirmexi izurik handiena sortarazi eta bere emaztearen zaindari nekagaitz eta alden ezina egin eta gero, bideari ekiten dio gogoa lasaiturik.

        »Bitartean Mirmexek, bihotza larri baino larriago, ez zion uzten etxeko andereari inora joaten; emakumea etxean egoten zen artilea harilkatzen, eta mutikoa ondoan eserita egoten zitzaion, une batez ere aldendu gabe. Arratsaldez bakarrik, bainura joateko irten beharra zegoenez, haren ondo-ondoan, ia itsatsirik, joaten zen, jantziaren lokarriari helduta, eta horrelaxe betetzen zuen, zuhurtasun harrigarriz, agindu zitzaion eginkizun arduratsua.

 

        18 »Dama noblearen edertasuna, ordea, ezin ikusi gabe utzi Filesiteroren odol bero erneak. Areago, hain famaturiko garbitasunak berak eta jarri zioten zaindaritza harrigarri eta gehiegiak suspertu eta gogo-beroturik, etxe horretako arau gogorrak hausteko erabakia hartu, eta dena eskuratu edo dena sufritzeko prest zegoen; eta, jakinaren gainean giza leialtasuna gauza hauskorra dela, zailtasun guztiak diruak konpontzen dituela, eta urreak altzairurik gogorrenez egindako ateak ere hausten dituela, Mirmex bakarrik zegoen une bat aukeratu zuen, eta bere amodioa azaldu zion, eta bere oinazearentzako erremedioa eskura ziezaiola erregutu arrenka; gainera —esaten zion— erabaki sendoa hartua zuela bere buruaz beste egiteko, eta hurbil zegoela une hori, non eta ez zuen behintzat bere desioa lehenago asetzen; ez izateko inolako beldurrik, gauza erraza zela-eta hori, ezen, gaueko ilunaren laguntzaz babestu eta ezkutaturik, inork ikusi gabe sar zitekeela, eta berehala itzuli. Eta mutikoaren bihotza beratzeko horrelakoak eta antzekoak esan zituen, eta azken arrazoi bat ere gaineratu zuen, mirabetxoaren sendotasun tolesgabea burdin ziri batek bezala gogor pitzatu behar zuena: eskua luzatu, eta urrezko txanpon distiratsu berri-berriak erakutsi zizkion; gero, hor adierazi zion, emazte gaztearentzat zeuzkala haietako hogei, eta gogoz eskainiko zizkiola mutikoari berari ere beste hamar.

 

        19 »Gaiztakeria sinestezin hura entzute hutsarekin, Mirmex dardarka hasi zen beldurrez, eta, belarriak estalirik, ospa egin zuen handik azkar. Hala ere, ahaleginak eginda ere, ezin ezabatu begien aurretik urrearen distira dotorea; aitzitik, nahiz eta ahalik azkarren urrundu, nahiz eta etxera lasterka batean iritsi, hala ere ikusi egiten zituen txanpon haien distira ederrak, eta harrapakin gozo haren jabe sentitzen zen bere baitan. Nahasmendu handitan murgildurik, beraz, aldeko eta aurkako burutazioetan larri, era bateko eta besteko erabakiek erakartzen zuten mutiko gizagaixoaren arima, eta batetik bestera zebilen etengabe: alde batetik, ugazabari zor zion leialtasuna; bestetik, irabazpidea; alde batetik, oinazeak; bestetik, gozamena. Azkenean, ordea, urrearen mende erori zen heriotzaren beldurra; txanpon zoragarri haiek edukitzeko egarria ez zen baretzen denborarekin ere; aitzitik, diru-goseak bere edenaz betetzen zuen eta ezinegonik jartzen, baita gauez ere; eta horrela, nahiz eta ugazabaren zemaiek etxean eutsi, urrearen deiak, ordea, kanpora hots egiten zion. Orduan, betebeharrari zion abegia ahaztu, eta zalantza oro alde batera utzirik, bere anderearen belarrietaraino helarazi zuen eman zioten mezua. Emakumeak, bere aldetik, ez zuen gezurtatu bere sexukoek erakutsi ohi duten arinkeria; aitzitik, berehala likistu zuen bere ohorea metal gaiztoaren morrontzan. Horrela, pozez gainezka, Mirmex azkar erori zen bere leialtasuna ere gainbehera doan amildegi berean, irrikitzen baitago urre hura eskuratu eta ukitzeko; bere zoritxarrerako ikusia zuen diru huraxe, hain zuzen. Pozez zoratzen Filesiteroren nahiak bete direlako mutilaren ahalegin izugarriei esker, agindutako saria eskatu zion Mirmexek; eta horra nola heldu ziren urrezko txanponak kobrezkoak ere ezagutzen ez zituen Mirmexen eskuetara.

 

        20 »Gaueko ordu ttikietan galai ausarta etxeraino eraman, eta anderearen logelan sartu zuen, bakarrik eta burua ondo estalita. Bi amoranteek lehen besarkadekin amodio berriari beren eskaintzak egin eta gero, soldadu biluziek ez zituzten Venusen aldeko lehen borrokak besterik egin, eta hor non, ezustean, guztiek espero zutenaren kontra, senarra agertzen den, gaueko ilunpearen itzaletan babesturik, bere etxeko ate aurrean. Kolpeka, deika, ateei harri batekin joka hasi, eta, irekitzen pasatako denboragatik gero eta susmo sendoagoak harturik, mehatxu egin zion Mirmexi oinazerik ikaragarrienekin. Mutikoak, ezusteko gorabehera hark nahastuta eta bere zorigaiztoko larritasun hartan zer erabaki ez zekiela, geratzen zitzaion aitzakia bakarrari heldu zion, eta gaueko ilunari egotzi zion errua, ezin omen zituen-eta topatu arreta handiz gordetako giltzak. Bien bitartean, Filesiterok, iskanbila entzunda, azkar jantzi zuen bere tunika, baina, bere presarekin, oinutsik irten zen logelatik. Azkenean, sartzen du, bada, Mirmexek giltza sarrailan, atea zabaldu, eta bere ugazabari sartzen uzten dio; deiadarka eta jainko guztiak jaitsi beharrean ari zen ugazaba, eta, ondoren, bere logelara presaka zihoalarik, Mirmexek Filesitero irtenarazi zuen inork ikusi gabe. Atarian libre, lasai bere buruari zegokionean, atea itxi eta bere etxera itzuli zen lotara.

 

        21 »Goizean, ordea, bere logelatik irtetean, Barbarok sandalia ezezagun batzuk ikusi zituen bere ohe azpian, Filesiterok han ezkutuka sartzerakoan zeramatzanak, eta horretatik atera zuen han gertatutakoa. Ez zion, ez bere emazteari, ez etxeko beste inori, agertu bere bihotza zigortzen ari zen oinazea; hartu sandaliak, eta arropa azpian ezkutatu zituen; gauza bat besterik ez zuen agindu: beste zerbitzariek bil zezatela Mirmex kateaz, eta forura eraman zezatela indarrean; ugazabak bere aldetik, bularretik irten nahi zuten marru etengabeak itorik, bere pauso azkarrak hara zuzendu zituen, sandalia salatariei esker atzipelariaren arrastoak erraz aurkituko zituen segurantziaz. Bazihoan Barbaro kalean zehar, haserre, aurpegia gorri eta kopetilun; Mirmex atzetik zihoakion, kateen pisuaren pean makurturik; mutikoari zimiko egiten zion bere barne gaiztoak, okerrean harrapatu ez zuten arren, eta bere malko-jarioaz eta bere aiene erdiragarriez ez zuen alferrikako errukia besterik sortarazten. Une horretan bertan Filesiterorekin egin dute topo, eta honek buruan beste zerbait bazeraman ere, ustekabeko eszena hark zirrara —ez nahasmena— eragin zion; bere presarekin ahazturik utzitakoa gogoratu, eta gainerakoa zuhurki asmatu eta gero, dedukzio logikoz, berehala jabetu zen, ohikoa zuen nagusitasunez, gertatzen ari zenaz: bere mirabetxoak bultzaka aurretik kendu, eta Mirmexi ekin zion zoro baten antzera deiadarka, eta egundoko ukabilkada-erauntsia jaurti zion masailetara, minik eman gabe, eta honela mintzatu zitzaion:

        »— Purtzil, doilor alaenori! Hortxe dagoen ugazabak eta gezurrezko zinez lekuko hartu dituan zeruko jainkoek era txarrean birrinduko ahal haute, atzo bainuetxean nire sandaliak lapurtzeagatik! Merezia duk, bai, ongi merezia gainera, katea horiek erabiliaren erabiliz maiztu beharra, eta baita espetxeko ilunpea sufritzea ere!

        »Gazte adoretsuaren amarru egoki hark ongi atzipetu zuen Barbaro, eta, pozez zoratzen eta zeharo sinetsita, etxera itzultzean Mirmexi deitzeko agindu zuen, eta, sandaliak eskainirik, gogo onez eman zion barkamena, eta, are gehiago, sandaliak jabeari itzultzeko aholkatu zion».

 

        22 Ez zuen amaitu oraindik atso purtzil hark bere hizketa berritsua, eta hantxe sartu zitzaion bestea:

        — Zorionekoa hura —esan zuen—, hain adoretsua eta gogo sendoduna baitu amorantea! Nik, berriz, gajo honek, aurkitu dudan galaiak, beldur dio errotarriak ateratzen duen hotsari ere, eta baita hor ikusten duzun asto ezkabiatsu horri ere.

        Eta atsoak horri:

        — Nik neuk jango diot burua laster, eta, gogoa piztu ondoren, garaiz-garaiz ekarriko dizut galai ausart hori —eta arratsaldean itzuliko zera hitz eman, eta gelatik irten zen.

        Emazte garbiak laster prestatu zuen saliatarrena izan daitekeen oturuntza, ardo garestiak aukeratu, jaki berriak behiki eta txerrikiekin nahastu, eta mahaia janari gozo ugariez bete zuen. Gainera, senarra etxetik kanpo afaltzekotan zen, ilagina zen auzoarenean.

        Eguna amaitzera zihoan, eta nik, neure lepokotik aske eta berriro indarrak berreskuratzeari ekinik, neure buruari eskerrak ematen nizkion, neure lanetik libre egoteagatik bainoago, handik aurrera gaizkin haren maltzurkeria guztiak ikusi ahal izango zituztelako nire begi estali gabeek. Eguzkiak, Ozeanoan murgildurik, munduaren azpiko lurraldeak argitzen zituen, eta orduantxe iritsi zen amorante beldurgabea atso gaizto eta purtzilaren atzetik. Gaztetxo bat zen, egia esateko, eta artean arreta erakartzen zuten haren masailen distirak eta tentetasunak; amoranteen gutiziak bete zitzakeen mutila zen, alegia. Musu ugariz hartu eta gero, emakumeak etzateko gonbidapena egin zion mahai ongi hornituaren aurrean.

 

        23 Baina gazteak ez zuen bere ezpainekin oturuntzaren hasierako kopa arinki igurtzi eta lehen zizka-mizkak ahoratzea besterik egin, eta hara non, uste baino askoz azkarrago itzulirik, bertan agertzen den senarra. Orduan, emazte paregabeak, haren gainera madarikaziorik ikaragarrienak jaurti, eta bi hankak hautsiko ahal zitzaizkiola desiratu eta gero, zurbil eta beldurrez dardarka zegoen amorantea egurrezko azpil baten azpian ezkutatu zuen, non irina bahetzen baitzuen eta kasualitatez han inguruan baitzegoen lurrean. Gero, ohiko maltzurkeriaz bere jokabide hain ankerra estali eta gero, aurpegieran itxurazko sendotasuna erakutsi, eta senarrari galdetu zion ea haren lagun banaezinaren afaria utzi eta zergatik itzuli zen etxera hain goiz. Orduan gizonak, bihotza zeharo minduta eta etengabeko hasperenez, erantzun zion:

        — Ezin izan dut jasan urdanga baten gaiztakeria itsusi eta ankerra, eta ihesi irten naiz handik. Jainko onberak! Familiako hain ama ona, hain leiala, hain zuhurra, horrela zikintzea ere desohore lotsagarrienekin! Zin egiten dizut, Zeres jainkosaren izenean, ezin dudala oraindik sinetsi nire begiek emakume horri ikusitakoa!

        Senarraren hitz horiek zirikaturik, emazte lotsagabeak, gertatutakoaren berri jakiteko irrika bizian baitzegoen, etengabe xaxatzen zuen, hasieratik amaieraraino konta ziezaion istorioa. Eta ez zen gelditu, harik eta gizona haren nahietara samurtu arte; eta, zeukan zorigaitza ezagutu gabe, honela adierazi zuen besteren etxekoa.

 

        24 «Amorante batenganako ezkutuko grinak hartu du bere mende nire lagun ilaginaren emaztea —emakume zintzoa zirudien, izen onaren jabe zen, eta emazte garbi gisa zeraman ezkontideen etxea—. Eta haren besarkada ezkutuetara sarri biltzen zenez, bada, gu bainuaren ondoren afaltzera gindoazen une berean, hura gazte horrekin elkartuta zegoen amodiozko lokarriz. Gure etorrerarekin ezustean larriturik, bat-bateko erabakia hartu behar, eta sabaiko makilatxo malguz eginiko zumitzezko sufre-kutxa baten azpian ezkutatu zuen amorantea; jantziak inguruan zabalduta zeuden, sufrearen ke zuriak gainzurituak; bada, ustez leku seguruan ezkutatu eta gero, gurekin afaltzen hasi zen lasai asko.

        »Bien bitartean, gaztea, sufrearen usain garratz eta sarkorrak okiturik eta arnasa galduta, lurrunezko laino haren erdian zorabiatzen ari zen, eta osagai horren ohiko eraginak behin eta berriz doministiku eginarazten zion.

 

        25 »Senarrak, bere emaztearen bizkar aldetik zetorren doministiku hotsa entzun zuen lehen aldian, emakumearengandik zetorkiola usterik, ohiko esaera esan zion: "osasunez"; bigarrenean eta hurrengoetan ere halaxe gertatu zen, baina, azkenean, hori gehiegitan gertatzen ari zela-eta kezkaturik, susmatu egin zuen han gertatzen zena. Eta, bat-batean, mahaiari bultzada gogor bat egin, zumitzezko kaiola kendu, eta gizon arnasestutu bat atera du bertatik; halako doilorkeriak sortutako haserreak suturik, ezpata eskatu, eta hilzorian zegoen amoranteari lepoa moztu behar ziola agintzen zuen. Nik, ordea, guztiok arriskuan jartzen gintuela ikusita, atzera egin nion, kostata baina, haren eroaldi sutsuari, esanez haren arerio hura berez hilko zela sufrearen eragin gaiztoz eta gutariko inor ez zela errudun izango. Lasaiturik, beraz, ez nire aholkuengatik, egoeraren eraginez baizik, izan ere galaia ia hilik baitzegoen, ondoko kale estu batera zeraman. Orduan, isilka aholku egin nion emazteari, eta, azkenean, lortu nuen haren buruan sartzea alde egin zezala etxetik denboraldi labur batez, eta joan zedila behin-behingoz bere lagunen baten etxera bizitzera, denborak bere senarraren haserrea baretu arte. Gizon hura halako amorru sutsuak hartua zegoen, ezen ez baitzegoen dudarik nolabaiteko asmo gaiztoren bat zerabilela bere buruaren eta bere emaztearen kontra. Nire lagunaren afariak eragindako nazkak hartaraturik, etxera itzuli natzaizu».

 

        26 Errotaria kontakizun horretan ari zen bitartean, emazteak, aspaldidanik baitzeukan mutiriaren eta ausartaren eskarmentua, era guztietako biraoz madarikatzen zuen ilaginaren emaztea:

        — Hura —zioen— zikoitza zen, lotsagabea; hitz batez esanda, iraina eta lotsa besterik ez zen bere sexukideentzat; izan ere, alde batera utzi baitzuen otzantasuna, ezkon oheko itun sakratua oinperatu, ezkon etxea lohitu urdanga-etxeari dagokion ekintza horrekin, emazteen duintasuna galdu, eta urdanga izena bereganatu; horrelako emakumeak —erantsi zuen— bizirik erre behar lirateke.

        Hala ere, bere barnean kontzientzia zikinaren zimikoak hozkaturik, eta bere amorantea azpileko oinazetik lehenbailehen ateratzearren, behin eta berriz lotara joateko ordua zela adierazten zion senarrari. Gizonak, ordea, afaria galdu, eta handik sabeluts alde egin zuenez, afaria eman ziezaiotela eskatzen zuen kortesiaz, eta emazteak arretaz zerbitzatzen zion, gogo txarrez baina, beste batentzako prestatua baitzen. Niri zegokidanez, erraiak amorrazioz erretzen zitzaizkidan, gogoraturik aurreko jokabide gaiztoa eta orain emakume hark erakusten zuen zurikeria, eta neure buruari galdetzen nion, irrikaz beterik, ez ote nezakeen atzipea nolabait azaleratu, eta argitan jarri, eta horrekin nire jabeari lagundu, eta denen aurrean agertarazi, bultzada batez kendurik gizon hura ezkutatzen zuen estalpea, dortoka baten antzera zegoen-eta azpilaren pean etzanda.

 

        27 Zeruaren gogoak, azkenean, nigana zuzendu zituen begiak, Fortunak nire nagusiari egindako irainak sorturiko sufrimenduaren pairatzaile egin baininduen. Herren zahar batek zamari guztiok taldean han inguruko aska batera bertatik edan genezan eraman ohi gintuen ordua zen. Egoera horrek ekarri zidan hain gogoko nuen proportzioa neure mendekua hartzeko. Eta, ondotik pasa nintzenean, galaiak hatzak kanpoan zeuzkala ikusi nuen, estuegia zen estalki haren ertzetatik agerian; saiheska ibili, eta hor zanpatzen dizkiot neure apatxetako batez, asmorik gaiztoenaz, eta txiki-txiki egin arte kraskatu, harik eta, oinaze jasanezinak eraginda, kexu oinazetsua jaurti zuen arte; azpila beregandik urrun jaurti eta gero, besteen aurrean agertu zen, eta horrela emakume lotsagabe haren maltzurkeriak agerian jarri zituen; hala ere, errotaria ez zen gehiegi aztoratu bere ohoreari egindako irainagatik; aitzitik, mutila ikaraz zurbil eta indarge dardarka ari zelarik, laztanka hasi zitzaion, eta bekoki atsegin eta aurpegi onberaz, honako hitz hauek esaten zizkion:

        — Ez izan, seme, inolako kalteren beldurrik; ez nauk barbaroa, ez diat nekazarien ohitura itsusirik, ez haut, ilaginaren basatikeriaren jokabideari jarraiturik, hiltzera behartuko sufre-lurrin hilgarrietan itota; justiziaren zigorraren bila ere ez nauk hasiko, eta ez diat ezkontza-haustearen legeari heldurik, epai nagusi batean salatuko horrelako mutil alai eta fina, ez horixe; nire emaztearekin eztabaidatuko diat elkarrekin nola banatu. Ez nauk hasiko lehian jabetza-ondasunak nola erdibanatu, horiek elkarrekin nola gozatu baizik, horrela, inolako eztabaidarik eta sesiorik gabe, hiruok ohe berean bat etor gaitezen. Nire aldetik, beti hain ondo konpondu izan nauk neure emaztearekin, ezen, gizon zuhurren legearen arabera, biok joera eta aburu berberak baikeneuzkan. Gainera, berdintasunak berak ez ziok emazteari bere senarraren aurretik jartzen uzten.

 

        28 Mutilari halako hitz samurrez irri egin eta gero, indarrez darama arrastan bere oheraino, eta hura atzetik zihoakion, nahiz gogoz kontra joan; gero, bere emazte txit garbia beste leku batean itxita utzi ondoren, mutilarekin bakarrik geratu zen eta bere ezkontzari egindako orbaina mendekatzearen atsegin gozo-gozoa hartu zuen. Eguzkiaren gurpil dirdaitsuak egunari sorrera eman bezain azkar, ordea, bere mirabeen artean bi mardulenei deitu, eta, mutila ahal bezain goraino jaso eta gero, ipurmasailetan zartailu batekin zigorra ematen ziolarik, honela mintzatu zitzaion:

        — Beraz, hi, hain fina eta samur haizen hori, ume bat haiz oraindik, baina maitaleei hire gaztetasunaren lorea ukatu, eta emakumeen atzetik babil; are gehiago, libre dauden emakumeen atzetik, legearen araberako ezkontza-loturatik libre dauden emakumeen atzetik hain zuzen ere! Zertan ari haiz garaia baino lehenago heure buruari liluratzaile ospea ematen?

        Hitz horiek eta gehiago esan, eta jipoi ederraz zigortu eta gero, etxetik kanpora bidali zuen. Orduan, liluratzaileen artean ausartenak, bere burua osorik ikusirik, ipurmasaila zuriak txikituta zeramatzan —gauez eta egunez eman zioten astinduagatik—, baina ihes egin zuen saminki. Errotaria ez zen geratu emazteari dibortzioarena adierazi gabe, eta etxetik bota zuen berehala.

 

        29 Emakumea, ordea, berez gaiztoa izateaz gainera, zeharo haserre eta gaiztoturik zegoen halako irainagatik, legezkoa izanagatik ere, eta berriro lehengoan hasi zen eta, zoraturik, emakumeek egin ohi dituzten trikimailuei ekin zien. Arreta handiz bila ibili, eta atso maltzur bat aurkitu zuen, zeinak, denek ziotenez, gogoak emandako edozein gauza eskura baitzezakeen, sorginkeriak eta begikoak erabiliz; erreguka eta opariak eskainiz, haren laguntza eskuratu zuen. Gero, bi gauza hauetako bat eskatu zion: edo senarra bereganatu eta biak adiskidetzea, edo, hori ezinezkoa bazen, itzal gaizto nahiz infernuko indarren bat piztea haren kontra, hari era gogorrean bizia kentzeko. Orduan sorgina, jainkozko indarren jabe ere izanik, bere arte gaizkilearen bitartekorik oinarrizkoenekin saiatu zen, hasteko; senarraren gogo zeharo iraindua makurtzen eta maitasunera bultzatzen ahalegindu zen. Baina ahalegina nahi bezala atera ez, eta, jainko-indarren kontra haserre eta gaiztoturik, agindutako ordainaren irabaziengatik bezainbat bere azti-indarrei eginiko arbuioagatik, orain senar gizagaixoaren biziaren kontra hasi zen mehatxuka, heriotza gogorra izan zuen emakume baten itzala pizten, hura galtzeko.

 

        30 Baliteke zuk, irakurle zorrotz horrek, nire kontakizuna ezbaian jarri eta honako irizpide hau adieraztea niri:

        — Baina, asto maltzur hori: nola liteke hik, errota-hormen artean sartuta egonik, bi emakume haiek ezkutuan egin zutena jakitea?

        Jakin ezazu, bada, nola nik, zamari baten itxurapean gordetako gizaki jakin-min honek, ezagutu nuen nire errotariaren heriotza ekartzeko osatu zen korapilo guztia.

        Eguerdi aldera, emakume bat agertu zen errotara bat-batean, zigortuak bezala jantzita eta tristura adieraztezinek desitxuraturiko aurpegiaz; zirtzil errukarriz erdi jantzita zegoen, oinutsik, inolako estalkirik gabe, ezpela bezain zurbil, eta izugarri argal; aurrera erorita zeramatzan bere ile urdinak, banatuta eta gainera eroritako errautsaz zikinduta, eta ia aurpegi osoa estaltzen zioten. Emakume hark, errotariari eskutik emeki heldurik, ezkutuan zer edo zer adierazi behar ziola-eta, gizonaren logelaraino eraman, eta, atea itxi eta gero, hantxe egin zuen denbora luzea. Eta langileek ehotu beharreko garia erabat amaitu zutenez, eta gehiago eskatu beharra zegoenez, bada, gelatik hurbilen zeuden mirabetxoak ugazabari deika hasi ziren, ehotzeko gari gehiago eskatuz. Eta, ugazabak erantzuten ez zielarik behin eta berriz gogotik hots eginda ere, hor hasi ziren ate joka gogor, eta, sarrailak arreta handienaz itxi zituztela ikusirik, istripu larriren bat gertatu zelakoan, atea indarrez atera edo leherrarazi egin zuten, eta, azkenean, bidea zabaldu. Emakume hura ez zen inon ageri; ugazaba, ordea, habe batetik zintzilik ikusi zuten, urkatuta eta bizirik gabe; lepoa estutzen zion urka-bilurra askatu, eta handik jaitsi eta gero, azken bainua eman, eta txukundu egin zuten, negar-zotin handi eta aiene ozenen artean. Gero, hileta-eginkizunak bete, eta hilobira eraman zuten, atzetik jende-urren handia zutela.

 

        31 Hurrengo egunean, haren alaba etorri zen ondoko herritik, non aspaldidanik bizi baitzen ezkondurik: saminak hartuta, ile banatuak astindutik, bularrak jotzen zituen ukabilez behin eta berriz; inork esan gabe ere, bazekien familiako zoritxarraren berri, zeren, ametsetan, bere aitaren irudi penagarria agertu baitzitzaion, artean lepoa urka-bilurrak estututa, eta hitzez adierazi zion aitak bere amaordekoaren jokabide hiltzailearena, haren ezkontza-nahastearena eta haren sorgin-kalteena; aitak itzal baten mende infernuetara jaitsi zela esan zion. Amaiezinezko lanturuez bere buruari oinaze ematen aritu eta gero, kontsolatzera etorritako adiskideek lasaitu zuten azkenean, eta bere dolua amaitu zuen. Bederatziurrena egin, eta hilobiaren aurrean errito nagusiak amaitu eta gero, herentzia guztia enkante publikora atera zuen: mirabeak, etxeko tresneria eta zamariak. Era horretan, ustekabez beteriko salmenta baten adur apetatsu hark han eta hemen banatu zuen etxe guztia. Baratzezain txiro batek erosi ninduen ni, berrogeita hamar sestertziotan; garesti, haren iritzirako, baina bere bizimodua aurrera ateratzeko asmoa omen zuen gu bion lanaren bidez.

 

        32 Honetaraino etorriz gero, bidezkoa iruditzen zait nire eginbehar berriaren ezaugarriak adieraztea. Goizez, era guztietako barazkiz zamaturik, ugazabak ondoko hirira eramaten ninduen eta, salgaiak birsaltzaileei utzi eta gero, nire bizkar gainean jarri, eta horrela itzultzen zen baratzera. Han, aitzurrean, ureztatzen, eta, lur-puska haren gainera makurturik, beste gainerako lanak egiten ari zen bitartean, ni lasai egoten nintzen, inolako betebeharrik gabe, atseden gozoan. Baina, izarrek beren jirabiren kopuru aldaezina betez, urteak bere egunak eta hilabeteak bildu, eta, udazkeneko mahats-biltzeen atsegin gozoak atzera utzi eta gero, Kaprikornio aldera egin zuen neguko izotzekin batera, eta etengabeko euriak izan ziren, eta sekulako hormak gauetan; orduan, nik, kanpoan estalperik gabeko ukuiluko itxituran, hotzaren oinaze amaigabeak sufritzen nituen, izan ere nire jabeak —hain zen behartsua— ez baitzeukan beretzako lastaira ziztrin bat edo estalkirik ttikiena ere; beraz, gutxiago niretzat; eta nahikoa zuen bere bizimodu errukarria orbelezko etxola batean igarotzearekin. Gainera, goizean nire oin biluziez lokatz hotzaren eta aiztoak bezain izotz-kristal zorrotzen gainean ibiltzean, minez akabatu beharrean aritzen nintzen; bestalde, ezin nuen sabela ere ohiko jatenaz bete; nire jatena ugazabarenaren antzekoa zen erabat, baina, hala ere, urria eta txarra: letxuga zahar eta gozorik gabeak; hain zaharrak, ezen igoak eta garatuak baitzeuden erratzen antzera, edo, bestela, lurrean eroriak, zimur eta ihar, ustel mingots eta zuku lohitsu bihurturik.

 

        33 Halako gau batez, inguruko herri bateko lur-jabe bat, ilargirik gabeko zeruaren ilunak bidaian aurrera jarraitzea galarazi ziolarik, euri-jasak busti-busti eginda eta hori guztiagatik bide zuzena galdu eta gero, gure baratza apalaren aurrean gelditu zen bere zamari akituarekin; egoera hark eskatzen zuen adeitasunez eta erosotasunez onartu ezin, eta beharrezko arreta eta behar zuen atsedena eskaini zitzaizkion; arrotzak, bada, ostatu eman zion bihotz-zabalari ordaina eskaini nahian, bere lurretako gari eta olio, eta bi ontzi ardo emango zizkiola agindu zion. Nire jabeak, berandu gabe, zakutxo bat eta ardo-zahagi batzuk hartu, nire bizkar gainean zelagabe jarri, eta hor ekin dio hirurogei estadioko bideari. Bide hori eginda, aipatutako lursailetara iritsi ginen, eta, hantxe, atseginez beteriko ostatu-emaileak harrera ona eskaini zion nire jabeari berehala, bazkari ugaria berarekin erdibana eginez.

        Biak elkarri topaka ari zirela, kopa eskuan, gertakizun harrigarri bat jazo zen. Oilategiko oilo bat, etxe-atarian zehar alde guztietara korrika, egundoko zarata ateratzen ari zen bere karaka bereziaz, arrautza bat egitera balihoa bezala. Haren jabeak, orduan:

        — Oi, zerbitzari on eta emankor hori, aspaldidanik jaten ematen baitiguzu egunero egiten dituzun bi arrautzez. Ikusten dudanez, orain ere zizka-mizka gozoak eskaintzera gatozkizu. Mutil —erantsi zuen—, jarri, ohiko lekuan, erruten ari diren oiloei jartzen zaien saskitxoa.

        Agindutakoa bete zuen mutilak, baina oiloak, ohiko zuen habiari uko eginik, bere jabearen oinetan jarri zuen denbora baino lehen bere amaierara iritsitako fruitua, kezkaz beteko gintuena; ezen, ez zuen arrautza ezagutzen dugun horietakoa errun, oilasko zeharo osatua baizik, bere luma, azkazal, begi eta ahots eta guzti, eta berehala amaren atzetik abiatu zen.

 

        34 Eta hori gutxi balitz, are gertakizun harrigarriagoa jazo zen, guztiongan benetako izua sortu zuena. Bazkariaren hondarrak zeuden mahaiaren beraren azpian, arraildura sakona zabaldu zen lurrean, eta handik oso odol-iturri ugaria sortu zen, eta haren tanta lodien zipriztinek mahaia busti-busti egiten zuten. Guztiok, izuak jota, harrituta eta larri, jainkozko seinale haiei begira geundela, sototik mirabe bat etorri zen lasterka bizian, adierazten zuelarik ezen ardo guztia, aspaldi samar ontzitan banatua, egosten eta irakiten ari zela borborka, kupela bakoitzari azpian su handi bat jarri izan balitzaio bezala.

        Aldi berean, erbinude bat ere ikusi zuten, suge akabatu bat hortzekin helduta etxetik kanpora ateratzen; igel berde bat irten zen, berriz, saltoka artzanora baten ahotik, eta gero, ahari batek, adierazitako zakur horren inguruan zegoenak, eraso egin eta horzkada batez ito omen zuen. Hainbeste gauza harrigarri eta arraroek sortzen zuten izu ikaragarriak zeharo jota utzi zuen etxeko nagusiaren eta bere familia osoaren gogoa, eta larritasunik handienean murgilarazi. Guztiek galdetzen zieten beren buruei zer egin beharko ote zen lehentxeago edo geroxeago, zer ote zen garrantzi handiagokoa edo txikiagokoa zeruetako jainkoen haserrea baretzeko, eta zenbat eta zer nolako biktimak beharko ote ziren halako aztikeriak araokatzeko.

 

        35 Artean denak jota eta larri hondamendi ikaragarriren baten arriskuaren aurrean, mirabetxo bat etorri zen lasterka ugazabari haren lurretan hondamendirik handi eta ikaragarriena gertatu zela adieraztera. Nagusi horrek, nonbait, hiru seme zituen, helduak, ikasiak eta jokabide zuzena erakusten zutenak; bere bizitzako harrotasuna ziren; etxola apal baten jabe gizagaixoaren aspaldiko adiskideak ziren mutil horiek; etxetxo ezerez haren mugan zeuden lur-sail zabal eta emankorrak, ordea, auzo aberats eta boteretsu batenak ziren, arbaso ospetsuengandik zetorren gazte batenak; eta horrek gehiegikeriatarako erabiltzen zuen bere arbasoen aintza, eta, itzal handiko gizona eta bazter-nahaslea izanik, bere apeten arabera makurtzen zituen lurralde hartako gorabeherak; erasoaldiak egiten zizkion bere auzo apalaren jabego txiroari, gerrako arerio bati lez: haren aziendei lepoa moztu, idiak ebatsi, eta uztak heltzera iritsi baino lehenago suntsitu. Haren soroetako fruitu guztiak kendu eta gero, lur zeken haietatik jaurti egin nahi zuen gainera, eta mugen inolako zentzurik gabeko liskarra sorraraziz, beretzat eskatzen zuen jabego osoa. Orduan nekazariak, aberatsaren jabe-gosearen erruz ezer gabe gelditurik, gurasoek beren apaltasunean utzitako lurrari eusteko —hilobi izateko besterik ez bazen ere— larritasunik handienaz eta erreguen erreguz, ahalik eta adiskide gehien bildu zituen, mugak zehatz ezartzeko. Besteen artean, hantxe zeuden aipaturiko hiru anaiak ere, ahal zuten neurrian beren adiskide larrituari laguntzeko prest.

 

        36 Hala eta guztiz ere, burugabe hura ez zen batere beldurtu, ezta nahastu ere, hainbeste hiritar han ikusita; ez zion utzi, ez eraso egiteari, ez bere mintzatzeko moduari; aitzitik, haiek beren eskubideak erarik zintzoenean erakutsi, eta haren izaera sutsua hizkera adiskidetsuz baretu nahi izan zutelarik, bat-batean aldarrika hasi zen, eta zin egin zuen bere biziarengatik eta berak gehien maite zituenengatik, bost axola zitzaiola han hainbeste bitarteko ikustea, eta, bere auzoari zegokionez, berehala botako zutela zerbitzariek, belarrietatik heldu eta gora altxaturik, ahal bezain urrun etxola zahar hartatik. Hitz horiek entzutean, haserre eustezinak astindu zituen entzule guztien barrenak. Orduan, hiru anaietako batek erantzun zion, zalantzatan ibili gabe eta begirune gutxiz, tirano baten harrokeriarekin egiten zituela halako mehatxuak, eta alferrikakoa zuela bere indarraren babesa, zeren behartsuek ere bazutela-eta beren babesa aberatsen lotsagabekeriaren kontra, legeen laguntza eskuzabalari esker. Hitz horiek olioa sutara bezala erori ziren, edo sufrea sute batean bezala, edo zigorra Haserrearen eskuetara bezala, eta ez zuten basati haren indarkeria gehitzeko beste ezertarako balio izan. Bere onetik eromenaren zorabioraino aterata, oihu egiten zien denei joan zitezela beren burua urkatzera, beren lege eta guzti, eta gero hauxe agindu zuen: aska eta xaxa zitzatela, haien kontrako herio-amorruz, artzanora batzuk, landetxe-zakur gaizto eta ikaragarriak, zelaietan jaurtitako sarratsak jatera ohituak, eta bidean zehar doazen bidaiariei hozka egiteko heziak. Artzainen ohiko seinaleaz xaxatu eta sutuak izan bezain laster, amorru bizian, hor doaz zaunka ikaragarri eta nahasien artean gizon haien gainera, eraso egitera, edonondik zauritzera, eta haragiak eten eta txikitu egiten zizkieten eta, ihesi zihoazenei alde egiten utzi ordez, atzetik joan zitzaizkien are eta amorru handiagoz.

 

        37 Halako sarraskitik ihesi zihoan jendetzaren alde egin behar arrapaladatsu horretan, hiru anaietan gazteenak behatzak zanpatu zituen harri baten kontra estropezu egitean: lurrera ahozpez erori, eta zakur gaizto eta ikaragarri haien sarraski bihurtu zen, izan ere, lurrean zetzan harrapakin hura hartu zutenean, hozka txikitu zuten gazte gizajoa. Beste anaiak haren herio-garrasiak entzun, eta laguntzera zihoazen lazturik, eta beren ezkerreko eskuetan arropen tolesdura bildurik, beren anaia babesten saiatu ziren eta zakurrak uxatzen, haien gainera harri-jasa jaurtiz. Hala ere, ahalegin lehiatsu haiek ezin izan zuten zakurren amorrua hautsi eta menderatu; gazte gizajoa hantxe hil zen, bada, ez, ordea, eskatu gabe beren anaia gazteenaren heriotzaren mendekua har zezatela odolak zikinduriko aberats haren kontra. Orduan, bizirik geratutako biak, ez beren burua salbatzeko itxaropenik ez zutelako, baizik eta horren ardura zeharo galdu zutelako, aberatsari ekin zioten, eta beren sukarrari eta beren adore beldurgabe eta itsuari jarraiki, urrundik egin zioten eraso harrika. Gizon odolzale eta eraile hark, ordea, aurretik egindako antzeko hamaika gaiztakeriatan ohitua baitzegoen, berekin zeraman azkona jaurti zien, eta, bularraren erdian jota, aldenik alde zulatu zuen bi arerioetako bat. Gaztea, ordea, bere heriotza-zauri eta guzti, ez zen, nahiz ezinean geratu, lurrera erori; aldenik alde zulatu, eta zatirik handiena bizkarretik aterata zeraman arma, lurrean sartuta gelditu zen kolpearen indarrez, eta gorputzari eusten zion eustoki gogor horren gainean orekan. Beste aldetik, gorputz handiko mirabe mardul batek hiltzaileari laguntzera joan, eta hirugarren gaztearen eskuineko besora apuntatu zuen, eta urrundik harri bat jaurti, baina kolpea oker joan zen: hatz-muturrak soilik ukitu zizkion pasatzerakoan, eta minik eman gabe erori zen, denek uste zutenaren kontra.

 

        38 Nolabaiteko gertakizun onuragarri horrek gazteari mendeku hartzeko itxaropen apur bat eman zion. Eskua ezindua geratu zela itxurak eginez, hain gazte ankerrari honako hitz hauek esan dizkio:

        — Har ezak atsegin gure familia osoa suntsituz, emaiok jaten heure ankerkeria aseezinari hiru anaion odolaz, eta garaitu itzak bota dituan hiritarrak. Jakin ezak, ordea, behartsuak ezer gabe utzi eta heure jabegoaren mugak etengabe hedatuta ere, beti izango duala auzoren bat; eta nire eskuinari dagokionez —ziur lepoa moztuko zian-eta— indar gabe erori duk, etorkizuneko justiziarik ezak zaurituta.

        Hitz horiekin zeharo bere onetik aterata, gaizkile hark, amorruz beterik, bere ezpata atera, eta gazte gizagaixoari eraso egin zion gogor, bere eskuz hiltzeko. Bera baino adore gutxiago ez zuen bati egin, ordea, hark erronka; izan ere, uste gabeko kontraerasoa eginez, arerioak pentsa zezakeen guztiaren aurka, gazteak bere indar guztiekin heldu, haren eskuina harrapatu, eta, altzairua bultzada indartsuz mugiturik, behin eta berriz kolpe gogorrak eman zizkion aberatsari, eta arima zikina botarazi zion. Hurrena, korrika zetozkion zerbitzariengandik libratzeko, bere zintzurra ebaki zuen aldenik alde etsaiaren odolez artean gorri zegoen armaz.

        Ezbairik gabe, aztikeria ikaragarriek iragarritakoa bat zetorren familia hartako aitari adierazi zitzaionarekin. Agurea, hainbeste ezbeharrekin lur jota, hitzik esan ezinik edo isilean ere malko bakar bat atera ezinik gelditu zen; gonbidatuen artean gazta eta bazkariko beste janariak zatitzeko erabilia zuen aiztoa bat-batean hartu eta bere seme gizagaixoaren jokabideari jarraiki, zintzurrean behin eta berriz sartu zuen, azkenean aurre aldera mahai gainean erori, eta beste odol-jario batez busti zituelarik iragarpenaren odol-arrastoak.

 

        39 Era horretan, familia hura guztia suntsiturik geratu zen asti labur batean. Baratzezainak, halako zorigaitza deitoratuz eta bere zoritxarragatik ere barne-barnetik penaturik, malko batzuk isuri zituen bazkariaren ordainez, eta bere esku hutsak elkarren kontra kolpatu zituen behin eta berriz; gero, nire gainean jarri eta zuzenean abiatu zen, atzera, lehen etorriak ginen bidetik.

        Baina itzulera ez zen kalterik gabea izan, harentzat behintzat, zeren gizon handi batekin egin baikenuen bidean topo (legionarioren bat, dudarik gabe, zeraman jantziagatik eta haren jokabideagatik); ahots harro eta handiputzez galdetu zion ea nora zeraman asto hura hutsik. Nire jabeak, artean oinazeak jota, eta latin hizkuntza ezagutzen ez zuenez, aurrera egin zuen hitzik esan gabe. Soldaduak ezin izan zion eutsi berezko lotsagabekeriari, eta, haren isiltasunagatik haserre, iraintzat harturik, aldean zeraman mahats-aihenaz jo, eta nire gainetik bota zuen baratzezaina. Orduan honek erantzun zion apal, ez zuela ezagutzen haren hizkuntza, eta, beraz, ezin zezakeela jakin zer zioen. Legionarioak berriro esan zion, grekoz, «¿nora boa asto horrekin?», eta baratzezainak erantzun zion ondoko hirira zihoala.

        — Bada, horren laguntza behar diat —erantzun zion besteak—, zeren beste zamari batzuekin batera, gure komandantearen hornidura eraman behar baitu harresiz inguraturiko herri batetik.

        Eta, berehala, gidatzen ninduten uhaletatik heldu, eta niri tiraka hasi zen. Baratzezainak, ordea, buruan egindako zauritik zerion odola garbiturik, hor erregutu dio berriro, lagun deiturik, bar zezala jokabide gizatsu eta heziagoa; eta bere esperantzarik kuttunenen izenean eskatzen zion hori; eta erantsi zion:

        — Astotxo honek ez dik ezertarako balio, baina horrek ez ziok hozka egitea galarazten; oso gaitz itsusia zaukak, eta ez duk gauza barazki sorta batzuk hurbileko baratza ttikitik eramateko baino, bere arnas estu eta nekatuak adierazten duenez. Heuk ikusiko duk egokia iruditzen zaian zama handiagoak eramateko.

 

        40 Ikusi zuenean, ordea, soldaduak bere hartan jarraitzen zuela erregu haiek guztiak eginagatik ere, gero eta amorru handiagoz saiatzen zela bere hondamendia jorratzen eta burua askatzeko ere prest zegoela bere mahats-aihenaren koskorrik handienaz, zeina alde estuenetik hartua baitzeukan ordurako, bada, irtenbide desesperatu bati ekin zion. Itxura egin eta haren errukia beratzeko belaunak besarkatu nahi zizkiola, eta hor makurtu da aurreraka, eta bat-batean bi hanketatik heldurik, jaso eta lurrera bota du gero. Hurrena, ukabilka, ukondoka, hozka ekin, eta bidetik harri bat harturik, txiki-txiki egiten dizkio aurpegia, eskuak eta saihetsak. Besteak, lurrean ahoz gora etzanda, ezin zuen ezer egin, ezin zen babestu; behin eta berriz mehatxu egiten zion baratzainari, esanez, zutitzean sarraskitu egingo zuela ezpataz. Hitz horiekin baratzezaina ohartarazita, ezpata kendu, eta ahalik urrutiena jaurti eta gero, berriro kolpeka ekin dio are eta amorru handiagoz. Legionarioak, luze-luze etzanda eta ezustean hartutako zaurien eraginez mugitu ezinik, bere burua salbatzeko beste biderik ez eta, geratzen zitzaion aukera bakarrari heldurik, hilarena egin zuen. Orduan, baratzezaina, aipaturiko ezpata berekin daramala, nire bizkarrean jarri, eta hor joan zen zuzenean azkar-azkar hirira, eta berriro bere baratzetxoa ikustera joan ere egin gabe, lagun baten etxean bilatu zuen babesa. Guztia adierazi eta gero, estualdi hartan laguntzeko eskatu zion, eta ezkuta zitzala bera eta bere astoa aldi batean, bi edo hiru egunez behintzat, horrela, ezkutuan egoteari esker, epaiketa nagusi bat saihestu arte. Lagunak, bien arteko adiskidetasun zaharra kontutan harturik, laster onartu zuen; hankak lotu eta gero, eskaileretan gora eraman ninduten goiko solairuko gela bateraino; ondoren, baratzezaina ere ganbarara igo zen, kutxa batean sartu, eta, gaineko estalkia itxi eta gero, hantxe geratu zen ondo ezkutatuta.

 

        41 Bitartean soldadua, geroago jakin nuenez, mozkorraldi handi batetik irtenda bezala, pauso zalantzakorrez ibiliz eta makila baten laguntzaz ia zutik ezin egonez —hartutako kolpe ugarien oinazez zeharo jota baitzegoen—, iritsi zen azkenean hirira; umilduegia inongo hiritarri bere lotsagabekeria eta bere porrota adierazteko, isilean jaten zuen egin zioten iraina, harik eta soldadu-lagunekin topo egin, eta haiei soilik adierazi zizkien arte bere gorabeherak. Hauxe erabaki zuten: bere bizilekuan egongo zela denbora batez, inork ikusi gabe, zeren, berari egin zioten irainaz gainera, beldur baitzion, ezpata galdu zuelako, zin militarraren jeinu babesleari. Bitartean, haren lagunak, gure berri jakin bezain azkar, gure bila arituko ziren ahalegin handienaz, beren mendekua paira genezan. Auzo traidorerik ere ez zen faltatu, zeinak esan baitzien non geunden ezkutaturik. Berehala, soldaduen lagunek magistratuei deitu zieten: bidean balio handiko zilarrezko kopa bat galdu zutela, beren agintariarena, eta baratzezain batek bilatu zuela, baina hark ez zuela itzuli nahi, eta haren lagun baten etxean zegoela gorderik. Orduan, magistratuak, kaltea eta agintariaren izena ikasita, gure gordelekuko atean agertu ziren, eta ahots ozenez gure ostatu-emaileari agindu zioten haien esku jartzeko, berak ere epaiketa nagusi batera joan nahi ez bazuen, zeren garbi baitzegoen bere etxean ezkutatzen gintuela. Hark, batere beldurtu gabe eta bere babespean hartua zuen gizonaren salbamena besterik ez zuelarik buruan, ez zuen guri buruzko ezer esaten, eta adierazi zien bazirela egun batzuk baratzezaina ikusten ez zuela. Soldaduaren lagunek, berriz, bereari eusten zioten, eta zin egiten zuten, printzearen jeinuagatik, hantxe zegoela, eta ez beste inon. Azkenean, magistratuek begiratzea erabaki zuten, bazterrik bazter arakatuz, ea ezezko etengabe haiek egia ote zioten. Horrela, liktoreei eta beste zerbitzari publikoei sartzeko esan, eta agindu zieten guzti-guztia araka zezatela arreta handiz azken bazterreraino. Erantzuna hauxe izan zen: etxe hartan ez da inongo gizonik ageri, eta gutxiago astorik.

 

        42 Eztabaida gogorragoa sortu zen alde batetik eta bestetik. Soldaduek zioten egia zela gutaz adierazi zutena eta Zesar gora eta Zesar behera ari ziren. Besteak, berriz, bereari eusten zion ezezkoan eta jainkoen indarra jartzen zuen lekuko. Eztabaida horiek entzunda, nik, astoa azken finean, jakin-minez eta beti isilduezin baten ipurtarinaren mende, lepoa luzatu eta leiho ttiki batetik zeharka begiraturik, iskanbila hura zertan zen jakin nahi izan nuen. Orduan, soldaduetako batek, ustekabean zehar-begirada bat egiterakoan, nire itzala ikusi zuen, eta gertakari haren lekuko egin zituen han zeudenak. Gero, iskanbila handia sortu zen, eta batzuk eskaileretan gora azkar igo eta nire jabe egin ziren, eta handik jaitsi ninduten atxilotu baten antzera. Inolako zalantzarik eta ezbairik gabe, guztia arakatu zuten arreta handiagoz, eta, kutxa irekirik, bere ezkutalekutik atera, eta magistratuen aurrera eraman zuten baratzezain gizagaixoa, zeinak, ziurrenik, bere biziaz ordainduko baitzuen egindako okerra; espetxe publikora eraman zuten, bitartean nire begiratzeko moduari buruzko txantxak egiteari utzi gabe. Hortik sortu zen zuhurtitz hura, hainbestetan esana: ikusteko luzatzen duen lepoaren itzalak salatzen du astoa.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia