VIII. LIBURUA

 

        1 Gauez, oilaritean, ondoko hiritik mutil-gazte bat etorri zen, ustez Kariteren zerbitzaria, gaizkileen artean nirekin batera zoritxar berberak jasan zituen dontzeila harena, alegia. Gazte horrek, zerbitzarikide talde ugariaren erdian sutondoan eseri, eta gauza ikaragarriak eta bitxiak kontatu zituen: neska-gaztearen heriotza eta etxe osoaren gainera abaildua zen zoritxarra. Hona haren kontakizuna:

        «— Zaldizain eta artzainok, eta zuek ere bai, behizainok: Karite hura ez dago gure artean, gaixo hura ez dago; Maneen lurraldera joana da, patu ikaragarrienaren biktima; ez da, ordea, bakarrik joan. Guztiaren berri izan dezazuen, hasieratik adieraziko dizkizuet gertakizunak; norbaitek, ni hain jakintsuagoren batek, Fortunak estiloaren dohaina eman dion batek, kontakizun harrigarrien erara idatziz emateko modukoak dira, alafede.

        »Bazen ondoko hirian mutil-gazte bat, bere giza maila eta ondasuna jatorrizko sehaska ospetsuari zor zizkiona; gazte hori, ordea, zurrutazale neurrigabe horietakoa zen, emazalea eta ardozale porrokatua, baita egun-argiz ere; hori zela eta, gaizkidetasun kriminalezko harremanak zeuzkan gaizkile talde batzuekin, eskuak giza odolez zikinduta edukitzeraino. Trasilo zuen izena, eta haren ospea benetakoa zen erabat.

 

        2 »Gazte horrek, Karite emakumetzera iritsi zenean, neskaren senargai izan nahi zuen: beste hautagaien artetik nabarmendurik, harekin ezkondu nahi zuen kosta ahala kosta. Baina, beste hautagaien aurrean giza maila jasoagoa bazeukan ere, eta opari garestiz irabazten saiatu bazen ere neskatxaren gurasoen begikotasuna, guraso haiek ez zuten mutilaren jokabidea onartzen, eta ezezko irainarekin umiliatu zuten. Eta gure ugazaben alaba Tlepolemoren emazte egiten zen bitartean, hura hain goitik eroritako bere amodioa indartu eta indartu ari zen atsedenik gabe, eta horri gehitzen bazaio hautagai gisa hartutako irainak eragiten zion haserrea, bada, hilketa odoltsuren bat nondik burutuko zebilen. Azkenean, aspaldidanik buruan zerabilen hilketa burutzeko egokiera izan zuen: neska-gaztea bere senargaiaren zuhurtasunari eta adoreari esker gaizkileen ezpata zemaitsuen artetik salbatua izan zen egunean, poz betearen itxurak egin, eta zorionak eman eta eman ari zen jendetzaren tartean ibili zen. Gero, ezkonberriei bere poza handia erakutsi zien, orduko askatasunagatik eta etorkizunean izango zituzten seme-alabengatik. Horrela, bada, haren bidez familia ospetsu bati ohore egiten ziotelakoan, nire nagusiek etxean onartu zuten, han ostatu hartutako aukeratuenekin batera; bitartean, hark, ordea, adiskidetasun leialaren mozorro atzipegarriaren azpian, bere asmo hiltzaileak ezkutatzen zituen. Laster sartu zen haien elkarrizketetan eta elkarren arteko harremana gero eta sarriagoa egin zen, eta noiz edo noiz afaltzeko edo edanean aritzeko ere elkartzen ziren; horrela, egunetik egunera adiskide kuttunagoa egin zitzaien, eta bitartean gero eta murgiltzenago zihoan bere grinaren leize sakonean, horretaz jabetu ere egin gabe. Eta, nola ez, bada: amodio ankerraren sugarra, hasieran ahula eta atsegingarria izaten zaigu estreinakoan, baina, maiztasunak indarturik sute irenslea bihurtzen denean, orduan hark gizakiak zeharo kiskaltzen ditu bere su itzalezinaren bidez.

 

        3 »Denbora luzean aritu zen Trasilo bere batean erabakiak hartzen; hala ere, ezin zuen aurkitu parada egokirik ezkutuko elkarrizketaren bat bideratzeko; gero eta urrunago zeukan ezkontza nahasteko aukera, eta ikusten zuen ezinezkoa izango zela sentipen berriaren gero eta lokarri tinkoago hura haustea; eta neskak nahi izatera ere —hori zeharo ezinezkoa zen baina—, haren zelatariek oso zaila egiten zuten ezkon lapurretan haste hutsa; hala ere, hondamendia ekarriko zion buruhauste hark bide ezinezko hori erakusten zion, bide horretatik joateko aukera eskainiko balio bezala. Une batean zaila irudi lekiokeena, egunetik egunera sendotutako amodioak erraza aurkezten zion hurrena. Zaudete; entzun, mesedez, arreta osoz, ea noraino irits daitezkeen grina ero baten nahasmenak.

 

        4 »Egun batez, Tlepolemo ehizara joan zen Trasilorekin batera; basapiztien arrastoen atzetik joateko asmoa zuen, basapiztia dei badakieke behintzat basahuntzei, zeren Karitek ez baitzion uzten bere senarrari haginik edo adar zorrotzik zuen inongo piztiaren atzetik ibiltzen. Muino zuhaiztsu batetik hurbil samar zeudela, non adar-sare ugariak itzala egiten baitzuen basahuntzak ehiztarien begitik babestuz, hor xaxatu dituzte zakurrak, beren gordelekuaren sakonean makurtuta dauden piztiak ingura ditzaten; zakurrak arraza oneko usnatzaileak dira, eta, hezlari trebeak erakutsitakoari leial, berehala barreiatzen dira, irtenbide guztiak aire batean itxiz. Hasieran, gurgurio itoa besterik ez dute egiten; gero, seinalea egiten zaienean, egundoko iskanbila ateratzen dute bat-batean beren zaunka haserre eta bateragabearekin. Ezkutalekutik, ordea, ez zen irten basahuntzik, ez orkatz losintxarik, ez eta bere kideak baino eztiagoa zen oreinik, basurde ikaragarri bat baizik, inoiz ikusi den indartsuena: haren larru zailduaren azpian gihar handiak nabari ziren, eta larruazaletik ile gogor eta latzak eztentsu ageri zituen; eta bizkarrezur gainean, berriz, arantzen iduriko zurda zeukan, haren letagin karraskatsuetatik bitsa zerion, begi zemaitsuei suzko begirada, eta aho amorratuaren keinu ikaragarriek haren gorputzari tximista itxura ematen zioten. Eta aurrena, alde batera eta bestera horzkadak eginez, inguraturiko zakurrik ausartenei sabela lehertu zien; gero, lehen erasoak galarazten zizkion sare ahula hanka azpian zanpatu, eta tartetik ihes egin zuen.

 

        5 »Gu, berriz, izuturik geunden guztiok eta, gainera, armarik eta geure burua babesteko inolako tresnarik gabe gindoazenez, batere arriskurik gabeko ehizaldietara baikeunden ohituta, bada, hosto artean ezkutatu ginen batzuk eta zuhaitz atzean besteak. Trasilo, ordea, bere traizioa ezkutatzeko abagune ederra iritsi zitzaiola ikusirik, Tlepolemori mintzatu zitzaion honako hitz hauekin:

        »— Zertan gaude hemen, izuak airean, inolako funtsik gabeko beldurrez, adorerik gabeko mirabeen gisara edo emakumeei legokiekeen ikarak kikildurik bezala; utzi egin behar ote diogu eskuetatik ihes egiten halako harrapakin ederrari? Zergatik ez gara zaldi gainean jartzen? Zergatik ez dugu lehenbailehen harrapatzen? Tira, har ezak gezi hori eta azkona hartuko diat nik.

        »Eta gehiago itxaron gabe, zaldi gainean bizkor jarri eta piztiaren atzetik doaz gogo biziz. Piztia, bere-berea duen indarra erakutsirik, haiengana jiratu zen haserre, eta bere amorruaren sukar basatiak biztuarazirik, letaginak zorroztu, eta zalantza egin zuen nori eraso behar dion lehenik. Tlepolemok, ordea, aurreratu, eta eskuan zeraman gezia jaurti zuen piztiaren bizkarrera. Trasilok, berriz, basurdeari eraso egin gabe, Tlepolemoren zaldia zauritu zuen bere azkonarekin, eta ebakia egin dio atzeko zangarretan. Lau-hankakoa odoljarioaren gainera erori zen, eta zeharo atzeraka etzan, bere nagusia lurrera bota zuelarik, nahi gabe baina. Basurdea, amorruz beterik, eroritakoaren gainera joan zen; aurrena arropak zarrastatu zizkion horzka, eta hurrena, zutik jartzen ahalegintzen ari zenean, gorputz-gorputzean sartu zizkion behin eta berriz bere letagin ikaragarriak. Lagun leiala ez zen, ez, bere ekintza hiltzaileaz damutu; aitzitik, ez zuen aski izan bere ankerkeriagatik hilzorian zegoenaren arrisku handia begiztatzearekin, eta ikusirik Tlepolemo, kolpeekin nahastuta, zauriz josita, alferrik ari zela bere burua piztiaren hurrengo erasoetatik babestu nahian, eta laguntza eske ari zitzaiola ahots erdiragarriz, bada, azkona sartu zion eskuineko izterrean, eta burdinaren zauriak letaginek eginiko zarrasten antzekoak izango zirelakoan, are eta indar handiagoz ekin zion. Azkenean, hala ere, esku sendoz, bere azkonaz sastatu zuen piztia.

 

        6 »Mutil gaztea era horretan beste mundura bidali zuenean, han agertu ginen zerbitzari guztiok, bakoitza bere babeslekutik irtenda, eta ugazabaren ondora joan ginen larri-larri. Besteak, nahiz eta pozez ezin kabiturik egon bere irrika bete ondoren eta bere arerioa lurrean etzanda ikusirik, hala ere, bozkarioa bere aurpegieraren azpian ezkutatu, kopeta ilundu, kontsolamendurik gabeko saminaren itxurak egin, eta, berak hila zen hilotza irrikaz besarkaturik, saminaren agerkizun zuri guztiak erakusten zituen; malkorik ez zitzaion, ordea, irteten.

        »Hilketa egin eta berehala, berria bazterrik bazter hedatu zen; lehenik Tlepolemoren etxera egin zuen bidea, eta zoritxarreko emaztearenganaino iritsi zen. Hain berri ikaragarria —inoiz handiagorik ez zuen-eta entzungo— jaso bezain laster, bere onetik irtenik, zoramenaren mende, kale jendetsuetan zehar abiatu zen bakante baten antzera eldarnio betean, eta bere senarraren zoritxarra oihukatzen zuen eromenezko ahotsez. Harekin elkartzen dira hiritar talde atsekabetuak, eta bidean topatzen zituen pertsonak ondotik zoazkion, haren oinazean bat eginik; hiri osoa hustu egin zen, mutila ikusteko jakin-minez. Eta hor doa Karite bere senarraren hilotzagana, eta, akiturik, hausporik gabe, haren gorpuaren gainera erori zen, eta ez zen asko falta izan senarrari eskainia zion bizia hantxe bertan uzteko. Beretarrek atera zuten handik, nahikoa kostata, eta bere nahiaren kontra iraun zuen bizirik, hileta segizioak —herri osoa tartean— hildakoa hilobira eraman zuen bitartean.

 

        7 »Anartean, Trasilok, neurriz gainezkako samina erakutsirik, lanturu azantzatsuak egiten zituen etengabe, baina samindura erakusterakoan ez bezalako malkoa, bozkarioak eragina oraingoan, zerion, eta hildakoari hitzik eztienak esaten zizkion, Egiari berari ere iruzur egiteko moduan. Ahots ilunez, haren izena esaten zuen behin eta berriz, adiskide deitzen zion, lagun, kide, anaia, eta horrelakoak, eta neska bularra joz ari zen bitartean, ez zituen Kariteren eskuak askatzen, haren samina baretu nahian, haren zotinak arindu nahian, haren oinazezko eztena hitz laztantsuz gozatu nahian, eta kontsolamendu-mota guztiak saiatzen zituen bitartean, batzuengandik besteengana doan zoritxarraren hango eta hemengo adibideak ipintzen zituen; erruki zuri horren adeitasun guztia ez zen neska-gaztea laztantzeko grina asetzeko eta amodio ikaragarri hura gozamen ankerrez suspertzeko aitzakia besterik.

        »Hala ere, hileta ekintzak amaitu bezain azkar, neska, senarrarekin biltzera jaisteko egonezinez zegoen, eta, arduragabetasunaren modu leun eta lasaiaz, inolako iskilurik behar ez duenaz —amets gozo baten antzekoa denaz— baliatzen hasi zen horretara heltzeko. Barau etengabeak hondatua, zikinaren mugaraino utzikerian eroria eta guztiengandik aldendua, egunaren argiari azken agurra eman, eta ilunperik sakonenean bizi zen. Trasilok, ordea, batzuetan bere etengabeko erreguen poderioz eta beste batzuetan adiskideen bidez, eta baita ahaideen eta neskaren gurasoen bidez ere, hor lortu du azkenean barauak akitutako eta tortikak marruskatutako neskaren gorputz-atal zurbilak berpiztea. Neskak, gurasoekiko begiramenez, amore eman zuen, bere nahiaren kontra, eta men egin zion, esaneko, agindutakoari, eta aurpegi baretuagoz, baina ez alaiagoz, berriro bizitzaren nekeei aurre egin zien, agintzen zioten erara. Haren bihotzean, ordea, haren hezurretako muin-muinean, oinazez eta tristuraz ezerezten ari zitzaion arima; gauak eta egunak bihozmin ilun baten mende egiten zituen, bere senar zena Liber jainkoaren itxuran irudikarazteraino; jainko horren zerbitzari jarri zen erabat, eta irudi horiei jainkozko ohoreak egiten zizkien, kontsolamendu bakarra zitzaionaren bidez bere burua zigortzen zuelarik aldi berean.

 

        8 »Trasilok, hala ere, gizon grinatsu eta beldurgabea baitzen —izenak berak ere hala esan nahi du—, ez zuen itxaron emakumeari oinazea malkoekin itzal zekion, ez eta haren arima asaldatuaren zalaparta bare zedin, edo haren oinazea, gehiegizko larritasunak akiduraraino eramana, bere onera etor zedin tolesduraren tolesduraz; aitzitik, emaztea artean bere senarragatik negarrez eta arropak etenez eta ileei tiraka ari zela, ez zuen zalantzarik egin han ezkontza eskatzeko; are gehiago, irristada zuhurgabez, ez zuen beldurrik izan bere bihotzeko sekretu ezkutuak eta iruzur aitorrezinak hari adierazteko. Karitek, ordea, lazturaz gaitzetsi zituen hitz ikaragarri haiek, eta trumoi ikaragarriak edo ekaitz zakarrak edo Jupiterren tximistak berak zauritu izan balu bezala, haren gorputza erori egin zen, konortea galdurik. Gero, pixkanaka-pixkanaka bere onera etorri eta, denbora baten ondoren, piztia baten antzeko marrumak egin eta Trasilo ankerraren segada bere buruan irudikaturik, luzamendutan hasi zen ezkongaiaren asmoen aurrean, zuhurkeriarik gaiztoenarekin. Bien bitartean, Tlepolemo ankerki hilaren itzala, odolez zipriztinduriko aurpegia altxatu, eta, zurbil eta desitxuraturik, bere emazteari agertu zitzaion amets lizungabe baten erdian, eta entzun nola mintzo zaion:

        »— Emazte nirea —eta hori esatea beste gizon bati egokituko zaio hemendik aurrera—: zure bihotzari niganako inolako oroitzapenik geratzen ez bazaio, nire heriotza goiztiarraren zorigaiztoak gure arteko maitasuna eten baldin badu, hartu senartzat nik baino zoriontsuago egingo zaituen bat, baina ez inola ere elkartu zure eskua Trasiloren esku sakrilegiogilearekin; ez izan inolako harremanik ez hizketaldirik, ez eseri harekin mahaira, ez etzan haren ohean. Zoazkio ihesi nire hiltzailearen eskuineko esku odolduari. Ez ezkontzarik egin hilketa gaiztoaren itzalpean. Zauri haiek, zeinen odola zure malkoek baitzuten garbitu, ez ziren guztiak basurdearen letaginek sortuak; Trasiloren azkona izan zen, lagun traidorearena, gehiago zure izan ez nadin lortu zuena.

        »Eta gainerako gorabehera guztiak agertu zizkion, eta hilketaren gertakari osoa argitu zion horrela.

 

        9 »Karitek, bere saminean lo hartu eta halaxe, bere oheko burukoen artean aurpegia galdurik eta lo sakonean murgildurik, masailak malko ugaritan busti-busti egin zituen. Halako batean, lo larritik oinaze gogor batek astindu izan balu bezala, berriro hasi zen aieneka, intziri luzeak eginez, eta barneko tunika zarrastatu eta gero, amorruz kolpatzen zituen bere beso ederrak esku fin haiez. Hala ere, ez zion inori ezer adierazi gaueko ikuskizunei buruz; aldiz, hilketarena arretaz estalirik, ezkutuan erabaki zuen hiltzailerik gaiztoena zigortu, eta, aldi berean, bizimodu beheragarri bat saihestea. Eta hor non agertu zaion berriro ere atsegin zoroaren bila doan ezkongai nazkagarria, bere ezkontza eskariekin neskaren belarri zeharo itxiei behaztopa egitera. Karitek, ordea, atseginkor eman zien ezezkoa Trasiloren nahiei, eta bere papera zuhurtasun harrigarriz jokatuz, honako erantzuna eskaintzen die haren hizketa gogotsuei eta haren erregu apalei:

        »— Oraindik begien aurrean agertzen zait zuretzat anaia eta niretzat oso senar maitea izan zenaren aurpegi edema, oraindik nire sudurrak haren gorputz jainkozkoaren usain-gozo ukendutsua arnasten du, oraindik bizirik dago nire bihotzean Tlepolemo ederra. Beraz, gizon zuhur eta burutsu gisa jokatuko duzu, ni bezalako emakume zorigaitzeko bati doluaren ohiko epearen iraupena uzten badiozu behintzat, harik eta, geratzen diren hilabeteak igaro eta gero, urtebetea osatzen den arte. Epe hori nire ohoreari bezainbat dagokio zure segurtasunari eta zure interes pertsonalari; ez ditugu nire senarraren Maneak haserrarazi behar gure ezkontza presatiaz; ez ditugu sutu behar, zure bizitza hondamendira eraman ez dezaten.

 

        10 »Hitz horiek, hala ere, ez zuten Trasilo bere onera ekartzen; epearen aginduaz, besterik ezean, etsi beharrean, lehen bezala ekiten zion ahapeka, itoarazi beharrean, eskaintzarik lizunenak eginez; eta, azkenean, Karite, haren nahiei men eginez bezala, honela mintzatu zitzaion:

        »— Ezinbestekoa da, gutxienez, interes handiz eskatuko dizudan gauza bat bete dezazun: aldi batez, ez diogu inori ezer esango; bil gaitezen ezkutuan, besterik gabe; gure etxeko inork ez dezala jakin gure harremanen berri, urtebeterako geratzen diren egunak bete artean.

        »Trasilok, menderatuta, emakume zuhurrari men egitera makurtu, eta, gogo-bero, amodio ezkutu horiei baiezkoa eman zien; irrikitzen zegoen gaua —bere ilunpe babesgarriarekin irits zedin, eta ondorengo guztia neska bereganatzeko grinaren esku utzi zuen.

        »— Entzun, ordea —mintzatu zitzaion Karite—; hurbil zaitez nire etxera lehen loaldian, soingainekoaz ahal duzun bezainbat estalirik zeure burua, eta inongo lagunik gabe. Txistu egin behin, eta geratu nire inudearen zain; ezagutzen duzu; atearen atzean egongo da zure etorreraren zain. Etxeko atea ireki eta barrura sarrarazi eta gero, nire logelaraino eramango zaitu, zu handik zabiltzala adieraz lezakeen inolako argirik gabe.

 

        11 »Heriotza zekarkion antzez-antolamendu hori atsegin egin zitzaion Trasilori. Inolako okerrik susmatu gabe, itxaron beharragatik soilik larriturik, ez zuen beste arrangurarik egunaren luzeegiarena eta arratsaldearen mantsotasunarena baizik. Horrela, eguzkiak gauari leku eman bezain laster, Karitek emandako argibideen arabera agertu zen, eta inude zelatariaren zuhurtasunak atzipeturik, logelaraino iritsi zen kontu handiz, itxaropen larriak harturik. Orduan atsoak, etxekoandrearen aginduz era guztietako balakuak egin ondoren, kopa batzuk eta pitxerra atera zituen ezkututik, non ardoa baitzegoen pozoi lo-hargarriarekin nahastuta; gero, etxekoandrea aita gaixotuaren oheburuan eserita zegoela-eta aitzakia atera, eta atzeratzen ari zela-eta itxura egin eta gero, kopa bat eta beste edanarazi zion —egarbera, inolako susmorik hartu gabe zegoen mutila— eta era horretan aise murgilarazi zuen lo sakonean. Gizona bizkarrez etzan, eta era guztietako irainak jasotzeko arriskuan jarririk, sartzeko adierazi zion Kariteri. Neskak, gizaseme baten adorez, amorru mendekatzailez orroka, hiltzailearen gainera jauzi egin zuen, eta haren gainean jarrita mintzatu zen:

 

        12 »— Hona hemen nire senarraren lagun leiala, hona ehiztari ospetsua, hona ene ezkongai maitea! Esku horrek isurarazi zuen nire-nirea zen odola; bihotz horrek asmatu zituen nire hondamendia jorratzeko azpikeria gaiztoak; begi horiei izan natzaie atsegin, neure zoritxarrerako, eta sumatu dute datorkien ilunaldia, berehalako zigorrari aurrea hartu baitiote. Egik lo lasai, har ezak atsegin amets gozotan; ez diat ezpataz erasorik egingo, ezta burdinez ere; utikan nigandik hi neure senarraren pare —harenaren antzeko heriotza emanez— jartzeko burutazioa; hire begiak dituk hilko, eta hik heuk bizirik iraungo duk, eta ez duk deus ikusiko, ametsetan izan ezik. Hire lagunaren heriotza heure bizitza bera baino zoriontsuagoa irudituko zaik nik egindakoarekin. Ez duk, ez, gehiago argirik ikusiko; esku bat beharko duk heure urratsen gidari; ez duk Karite hiretzat izango, ez haiz gozatuko haren ezkontzaz; ez duk heriotzaren atsedenik hartuko, ez eta bizitzaren gozamenik dastatuko, mamu zalantzakorraren antzera ibiliko baihaiz, hara eta hona, Orkoren ilunpearen eta eguzkiaren argiaren artean; begi-niniak zulatu dizkian eskuaren bila ibiliko haiz etengabe, eta zoritxarrean are deitoragarriagoa dena: ez duk inoiz jakingo hire kexuen arrazoia. Nik, neure aldetik, hire begietako odola ene Tlepolemo maitearen hilobi gainera isuriko diat, eskaintza sakratua egiten dudan bitartean, eta Mane agurgarrien ohoretan eskainiko diat hire ikusmena. Eta, zertan aritu hain ondo irabaziak dituan zigorrei luzamendu honen mesedea egiten? Zertarako utzi hiri amets egiten, agian nire besarkadekin, hiretzat hondoragarriak izanik ere? Utz behingoz ametsaren ilunpea, esna hadi nik zigortzat ezarritako beste gau horren ilunean. Jaso ezak heure aurpegia begi-zuloak husturik, kontura hadi mendekuaz, eta jabe hadi heure zoritxarraren nondik norakoaz, atera itzak heure oinazeei dagozkien kontuak. Horrelakoa izan duk hire begiek emakume zintzo bati sortu dioten atsegina, horrela argitu ditek hire ezkon ohea eztei-zuziek. Hilketa mendekatuko duten Furiak izango dituk hire ezteietako mahaiburu, itsumena izango duk ezkontide, eta barne-harra, berriz, heure betirako eztei-segizio.

 

        13 »Iragarpen hori egin eta gero, Karitek ileari eusteko orratz bat atera burutik, eta harekin begiak zulatu zizkion Trasilori aldenik alde. Gero, ikusmen aztarrenik gabe utzirik, oinaze ezezagun batek gizon haren mozkorra eta loa aienatzen zituen bitartean, Tlepolemok gerrian eraman ohi zuen ezpata hartu, eta zorrotik atera zuen; eta gero, amorruak harturik, lasterka joan zen hirian zehar, bere buruan auskalo zein burutapen kriminal zeramala, eta zuzen-zuzen bere senarraren hilobira bideratu zituen pausoak. Bien bitartean, gu eta herri osoa, etxe guztiak hutsik utzirik, haren atzetik joan ginen arrapaladan, elkar akuilatuz ea nork kentzen zion burdina eromenak harturiko esku haietatik. Karitek, ordea, Tlepolemoren hilobi ondoan, atzera eginarazten gintuen bere ezpata distiratsuaz, eta gure malko-ibai haiek ikusi zituenean eta entzun zituenean gu guztion aieneak, honela hitz egin zigun:

        »— Utz alde batera zuen malko desegoki horiek, utz zotin horiek, ez datoz-eta nire ekintza adoretsuekin bat. Mendeku hartu dut nire senarraren hiltzailearen kontra, zigortu egin dut nire ezkon bizitzari eraso egin ziona. Iritsi zait ordua ezpata honen bidez Tlepolemo nirearen bila jaisteko.

 

        14 »Eta senarrak ametsetan adierazia zion guztia hitzez hitz kontatu, eta Trasilo zein amarruren bidez atzipetu eta zigortu zuen azaldu eta gero, bere eskuineko bularraren azpian sartu zuen altzairua, eta lurrera erori zen. Gero, odoletan blai, artikulatu gabeko hots batzuk eginik, bere arima adoretsua eman zuen. Orduan, Karite gaixoaren adiskideek hilotzaren hileta-garbiketak egin zituzten arreta osoz, eta hilobi berean jarri zioten senarrari betiko bere emazte izango zena.

        »Trasilok, berriz, guztiaz jabetzean, gainbehera hari beste hondamendiren bat sortu gabe irtenbiderik aurkitu ezinik, halako okerbideari ezpataz hiltzea ez zegokiola sinetsirik, haren hilobiraino eraman zezatela agindu zuen. Hara iritsi eta gero, honela ekin zion oihuka behin eta berriz:

        »— Hona hemen, Mane haserretuok, hona hemen ordezko biktima bat oparitzat!

        »Gero, hilobian barneratu, eta ateak ondo itxi zituen, barauaren bidez bizitza ahitzea erabakirik».

 

        15 Horixe izan zen kontakizuna —hasperen sakonek eta inoizkako malkoek tartekatua— lankide hark nekazariei esan ziena, eta guztiek hunkiturik entzun ziotena. Orduan, ugazaba berri baten mende jartzearen beldur, eta ordu arteko nagusien zorigaiztoa benetan deitoraturik, hor doaz ihes egitera. Zaldien arduradunak, zeinaren ardurapean jarria baininduten gomendiorik handienez, bere etxolan zeuzkan balioko gauza guztiak nire bizkarrera eta beste abereenera jaurti, eta, berekin generamatzala, arestiko egoitza utzi zuen. Gainean generamatzan haur ttikiak eta emazteak; gainean baita oilasko, txori, antxume, eta txakurkumeak ere; hitz batez, pauso ahulez ihesa atzeratzen duen oro gure gainean zihoan. Niri zegokidanez, zamaren pisuak ez ninduen itoarazten, han diena izanda ere; izan ere, zorioneko ihes hura zela medio, atzean utzi bainuen nire artasuna kendu nahi zidan gizon gaiztoa.

        Basoz estalitako mendi baten gailur malkartsuan igaro, eta haren oinetara zegoen zelai zabala zeharkatu eta gero, ilunabarrak bidea itzalez estaltzen hasia zuenean, herrixka jendetsu eta aberats batera iritsi ginen. Hango jendeak hauxe adierazi zigun: inola ere ez gintezela handik gauez irten, ezta egunsentiz ere; ziotenez, herrialde osoan gorputz ikaragarriko otso taldeak zebiltzan nonahi, kemen handikoak eta neurriz gorako indarra eta amorrua zutenak, eta harrapakinera zaletuak. Bideak ere bereganatuak zituzten eta eraso egiten omen zieten bidaiariei, bidelapurrek bezala. Are gehiago, gose amorratuak eraginda, inguruko basetxeei ekiten zieten eta gizakien biziak arriskuan jartzen omen zituzten, lehen abere babesgabeentzat bakarrik zen heriotzaz. Hitz batean, guk egin behar genuen bidean zehar giza gorpuak zeutzan erdi janik, eta inguru guztia zuri zegoen haragirik gabe geratutako hezurrez. Beraz, ardura handienaz ekin behar genion bideari; batez ere eguna erabat argitu arte itxaron behar omen genuen, ordua aurrera samarturik eta eguzkiaren argitasun osoaren pean. Edonondik etor zekizkigukeen segadetatik babesteko, piztien grina apaltzen duen argi beraren orduak aukeratu behar genituen, eta biderik arriskutsuenak egin, ez sakabanatuta eta bakoitza bere aldetik joanez, talde bilduan igaroz baizik.

 

        16 Hala ere, gidari zihoazkigun iheslari gaizto haiek, presa burugabearen ausarkeriak itsuturik eta atzetik zetorkigunaren balizko izuaren mende, oharkizun zuhur horiei jaramonik egin gabe eta hurbil zegoen egunsentiari itxaron gabe, zamak gaineratu, eta hor jarri gintuzten bidean, gaueko hirugarren loaldi aldera. Orduan ni, lehen esandako arriskuaren beldur, batzuetan taldearen erdian ezkutatu eta babesten nintzen, zamarien ilara estuen artean, piztien erasoetatik nire atzeak gordetzeko ahalegin osoan; beste batzuetan guztien aurretik —zaldiak barne— jartzen nintzen korrika azkarrean, horrela guztien mirespena sorturik. Azkartasun hori, ordea, ez zen nire gogo beroaren ondorio, nire izuaren seinale baizik. Ene baitan pentsatzen nuen Pegaso ospetsua izuaren izuz bilakatuko zela zaldi hegalari; eta tradizioak, oinarri sendoz, hegaldun agertarazi badu, goi aldera joan, eta behin eta berriz zeruraino jauzi egiteagatik izan da, ziur aski sugarrezko oka egiten zuen Kimera munstroaren horzkaden beldur zelako. Gidari abeltzainek, berriz, iskiluak zeramatzaten eskuetan, borrokarako prest: batek azkona, besteak gezia, hurrengoak gezi ttikiak, beste hark haga; batzu-batzuek harriak hartu zituzten, bideak oparo eskaintzen zizkieten-eta; baziren hesola zorrotzak zeramatzatenak ere; gehienak, ordea, zuzi izekiekin saiatzen ziren piztiak urruntzen. Ez zen ezertxo ere falta, turutak izan ezik, jende-urren hura gudaroste izateko. Hala ere, asaldura hark alfer-alferrik kezkatu gintuen, funtsik gabea baitzen, nonbait; baina, segada askoz arriskutsuagoan erori ginen. Otsoek, agian gazteria bildu-bildu haren zaratak izuturik, agian zuzien distirak beldurtuta, agian beste norabait joanak zirelako, ez ziguten inolako erasorik egin, eta otso bakar bat ere ez genuen ikusi, ezta urrundik ere.

 

        17 Aldiz, landetxe baten ingurutik gindoazela, hango nekazariek hain talde handia ikustean, gaizkiletzat jo gintuzten; eta, beren ondasunagatik zeharo kezkatuta eta erabat asaldaturik, ohiko deiadarrez eta era guztietako hitzez hor xaxatu zituzten gure kontra zakurtzar amorratuak, munduan diren otsoak eta hartzak baino gaiztoagoak, zaintzarako eta babeserako bereziki haziak eta heziak; berez gaiztoak ziren animalia horiek eta beren ugazaben deiadarrekin are eta amorratuago, guregana oldartu ziren, eta, gure saihetsak alde guztietatik inguratu eta gero, samaldan egin ziguten eraso, hozka, abere nahiz gizonak sarraskituz; aldi batez erasoan aritu ondoren, gutariko gehienek lurra estali zuten. Ikusgarria zen hura, deitoragarria, oroigarria bainoago; zakur indartsu haietako batzuek, amorru basatiz, ihesean zihoazenak harrapatzen zituzten, beste batzuek gelditutakoei ekiten zieten, beste gainontzekoek lurrean zeutzanen gainera egiten zuten jauzi eta alde batetik bestera zebiltzan korrika gure errenkada osoan zehar.

        Bat-batean, hor non arrisku ikaragarri horri beste kalte askoz ere handiagoa gaineratu zaion; nekazari haiek harrika eta harrika hasi zitzaizkigun teilatu gainetatik eta ondoko muinotik, eta egoera hartan ez genekien zein arriskutik babestu, hurbileneko zakurrengandik ala urruneneko harrietatik; harri haietako batek nire gainean zihoan emakumea zauritu zuen; berehala, minaren minez, negarrez deiadarka hasi zen, eta bere senarrari —lehen adierazitako abeltzainari— laguntza eskatu zion.

 

        18 Abeltzainak jainkoak jartzen zituen lekuko, eta, emaztearen odola xukatzen zuen bitartean, deiadar egiten zuen gero eta ozenago:

        — Zer dela-eta egiten diguzue eraso, zer dela-eta ematen diezue harria gizaki gaixo batzuei, bidaiari nekatu batzuei? Zer harrapakin nahi duzue? Nongo kalteen ordaina nahi duzue? Ez zarete, bada, leizeetan bizi, piztiak bezala, ezta haitzarte malkartsuetan ere, basatiak bezala, giza odola isuriz atsegin hartzeko!

        Hitz horiek esan bezain azkar gelditu zen harri-zaparrada, eta zakur gaiztoen ekaitza baretu, berriro nekazariek deitu eta gero. Azkenean, haietako bat, altzifre baten gorenetik mintzatu zitzaigun:

        — Ez gara gaizkileak, ez zuen hondakinen egarri: zuen eskutik letorkigukeen antzeko kaltetik babesten ari gara geure buruak; zoazte orain, lasai eta seguru.

        Horrela mintzatu zen hura. Gu, aldiz, berriro bidean jarri ginen, gure gorputzak era guztietako zauriz beterik, arrastoz beterik —batzuk harrikadez, beste batzuk horzkadez, baina guztiok egurtuta eta hebainduta—. Bidearen zati eder bat egin eta gero, zuhaitz handiz osaturiko eta belardi irribarretsuzko zelaiaz estaliriko baso batera iritsi ginen; gidariek leku hartan asti bateko geldiunea egitea erabaki zuten, atsedena hartu, eta gorputzak behar bezala sendatzeko, era guztietako zauriz josita zeuden-eta. Han eta hemen lurrean etzan, gogo nekatuak beren onera ekartzen saiatu, eta gero, zaurietan sendagaiak jartzen hasi ziren. Urliak han inguruko iturri bateko urez igurzten zuen bere odola, sendiak ubelduratako hantura jaitsarazten zuen oihal ozpinetan bustiarekin, berendiak oihal zerrendaz biltzen zituen zauri irekiak. Horrela, bakoitza bere gaitza arintzen saiatzen zen.

 

        19 Bien bitartean, muino baten gainean, agure bat urrunera begira zegoen; haren inguruan larrean zebiltzan ahuntzek garbi asko adierazten zuten artzaina zela. Gutako batek galdetu zion, ea ba al zeukan esnerik saltzeko, likidoa nahiz gatzatu berria edo gazta bihurtua. Hark, buruari alde batera eta bestera denbora luzez eragin, eta esan zuen:

        — Nola pentsa dezakezue une honetan janean nahiz edanean nahiz berrindartzeko beste edozertan? Zuetako inork ez al daki, bada, zein parajetan hartu duzuen atseden?

        Eta, hori esanik, jiratu, eta urrundu egin zen bere arkumeekin. Hitz horiek eta agurearen ihesak gure abeltzainei izua, ez batere ttikia, sortu zieten. Eta, izuak harturik, geunden lekuari buruzko berriak jakiten saiatzen ari ziren bitartean —zerbait argituko zien inor aurkitu ezinik—, beste agure bat, oso handia, urteek okertua, bere gorputzaren pisu guztia makila baten gainean jarri eta bere pauso nekatua arrastaka zeramala, bidetik hurbildu zitzaigun, negar-malkotan urtu beharrez, eta, gu ikusirik, gazte bakoitzaren belaunak besarkatu zituen, eta, aurpegia negarretan blai, honela mintzatu zitzaien:

 

        20 — Fortuna jainkosagatik eta zuetako bakoitzak laguntzaile daramazuen Jeinuagatik —iritsiko ahal zarete osasunez eta pozez nirea bezainbateko adinera!—, lagundu baztertutako agure honi, atera ezazue infernuetatik nire ttiki kuttuna, berreskura iezadazue nire ile zurien aringarri bakarra. Ene biloba zen, nire bidelagun eztia; sastraka artean kantuan ari zen txori bat harrapatu nahian zihoala, leize batera amildu da; hilzorian dago. Mutikoaren negar eta deiadarrengatik —aitonari etengabe deika— oraindik bizirik dagoela esango nuke, baina, ikusten duzuen bezala, nire gorputzeko indarren akidurarekin, ezin nik lagundu hari. Baina, zuen gaztetasunari eta indarrari esker, erraza zaizue agure penatu honi laguntzea, eta mutikoa niri onik eta osasuntsu itzultzea, familiatik geratzen zaidan kimu bakarra baita.

 

        21 Guztiak errukitu ziren agureaz, bere ile zuriak erauzten ari baitzen, erreguka ari zen bitartean. Abeltzainetako bat, besteak baino adoretsuagoa eta indartsuagoa, guztien artean lehengo erasotik minik gabe irtendako bakarra, gogotsu jaiki, eta umea zein lekutan erori zen galdetu eta gero, agurearekin batera doa zalantzarik egin gabe, zeinak hatzaz erakusten baitzizkion arantzez beteriko sastraka batzuk, handik ez oso urrun. Indarrak berritu eta gero —gu larrean eta haiek zauriak sendatzen—, bakoitzak bere zama jaso zuen, bideari berriro ekiteko. Aurrena, gazte abeltzainari deitu zioten, behin eta berriro haren izena esanez, deiadarka. Gero, oso berantetsirik, bat bidali zuten hari deitzera, bilatu eta joateko garaia zela esan eta gero, berarekin ekar zezan. Mezularia, ordea, handik gutxira itzuli zen, eta, ezpela bezain zurbil eta oinetatik bururaino dardarka, gauza harrigarriak esan zituen bere kideari buruz: ahoz gora etzanda ikusi zuela, eta gorputzaren gainean —zatirik handiena jana— herensuge bat zegoela etzanda, hura irensten; eta gainera, inondik ere ez zela ageri zorigaiztoko agure hura. Hori jakitean, eta artzainaren hitzekin gogoratzean —leku haietako biztanle anker horren eta ez beste ezein mehatxuz mintzo baitzen, dudarik gabe— lurralde madarikatu hori utzi zuten, handik ihes egiteko gero eta pauso arinagoa harturik, eta astindu egin gintuzten etengabeko makilakadez.

 

        22 Bide luzea abaila batean egin eta gero, herrixka batera iritsi ginen azkenean, eta han hartu genuen atsedena gau osoz. Gertatua zen herri horretan hilketa gogoangarri bat, eta kontatu egin nahi dut.

        Mirabe batek, zeina ugazabak zerbitzari guztien buru jarri baitzuen eta orain geunden etxalde handi hura baitzuen zuzentzen, neskame bat, etxe berean lan egiten zuena, zeukan emaztetzat; hala ere, amodioz sukarturik zegoen etxe hartako familiako emakume libre batez. Ezkontza-traizio horrek eragindako gorrotoak eztenkaturik, emazteak senarraren ordain-agiri guztiei eta bihitegian gordetako hornidura guztiei su eman, eta erre egin zituen. Bere oheari eginiko iraina horrela mendekatzearekin nahikoa ez artean, eta bere erraietaraino zeraman mendeku-amorrua: soka lepoan lotu, eta soka berean gizon horrengandik aspaldi izandako umea estekatu zuen; gero, oso putzu sakon batera egin zuen jauzi, aldean ttiki hura zeramala. Ugazabak, bien heriotzagatik erabat hunkiturik, zoritxarreko mirabea hartu —haren neurrigabekeriak ekarri baitzuen hilketa ikaragarria—, eta ondo-ondo lotu zuen pikondo batean, biluztu eta eztiz zeharo igurtzi eta gero; pikondoaren enbor zuloz josian inurriak bizi ziren, beren habiak bertan egin ondoren, eta atzera eta aurrera zebiltzan etengabe, zulo anitz haietatik sartu eta irtenez saldoka. Mirabearen gorputzari zerion ezti-usain gozoa nabaritu bezain azkar, gogor heldu zioten beren aho ttiki baina zenbakaitzekin, eta horrela, oinaze astitsu eta amaigabearen ondoren, haragiak erraietaraino marruskaturik, gizon hura garbitu zuten, haren gorputza hain zuri utziz, ezen hezurrak bakarrik geratu baitziren zuhaitzari lotuta, haragi izpirik gabe, eta zuritasun distiratsuaz errainua egiten zutela.

 

        23 Egoitza madarikatu hura ere laga genuen, eta nekazariak dolumin handitan utzirik, bideari ekin genion berriro; zelaietako bideak egun osoan zeharkatu eta gero, hiri jendetsu batera iritsi ginen, akiturik. Abeltzainek hantxe bizitzen jartzea, eta bertan bizileku iraunkorra hartzea erabaki zuten. Uste zuten hura ezkutaleku segurua zela urrutiko miaketen aurrean; gainera, hango janari ugariak eta hornidurak lortzeko erraztasunak bultzatu zituen erabaki hori hartzera. Azkenean, zamariok indarberritu gintezen utzi eta gero —itxura hobez ager gintezen salduak izateko—, azokara eraman gintuzten. Aldarrilariaren ahots indartsuak bakoitzaren prezioa oihukatzen zuen; erosle aberatsek erosi zituzten zaldiak eta beste astoak; ni bakarrik ikusirik eta taldetik kanpo, gehienak beste aldera begira igarotzen ziren nire aurrean, erdeinuzko keinua egin eta gero. Azkenean, nire adina hortzei begiratuta ateratzen zuten tratularien ukitzeez nazkaturik, hortz artean estutu nuen gizon baten esku zikin eta kiratsua, nire hortz-oheak bere hatz nazkagarriez zirikatzen ari zen unean, eta gustura egin nion kosk. Jarrera hark ni erosteko gogoak kendu zizkien inguruko guztiei, astorik gaiztoena nintzela etsita. Orduan, aldarrilaria, garrasi batean aritua baitzen bere lepo-zainak eten beharrean ahotsa urratzeraino, barregarrikeriak esaten hasi zen nire bizkarretik.

        — Noiz arte —zioen— jarri behar diagu salgai astotzar hori? Zaharra duk, horren apatxak hain zeudek maiztuak, ezen indarrik ere ez baitauka, eta ajeak ahuldurik baitago; hala ere, basati zabilek, bere zozokeria ergela eta guzti; ez duk arrantza egiten duen bahea besterik. Edozeini oparitzat emateko prest gaudek, saralea alferrik galtzea axola ez bazaio behintzat.

 

        24 Era horretan pizten zituen aldarrilari hark ingurukoen barre-algarak. Nire zoritxarreko patua, ordea —herrialdez herrialde ihesi ibilita ere ezin bainion alde egin, ezta aurreko nire zoritxarrak arindu ere— berriro nigana begira jarri zen, eta nire aurrean erosle bat ipini zuen, nire egoera gogorrari ederki asko egokitzen zitzaiona. Begira haren izaera: maritxu horietakoa zen, maritxu zahar horietako bat, burusoila gainera, burutik zintzilik zeramatzan kizkur gris-antz batzuk kenduz gero; bidegurutze herrikoietako simaurretik ateratako jendaila horretakoa zen, kalez kale eta hiriz hiri eskale ibiltzen diren horietakoa, zinbola eta kriskitinak jo, eta Siria jainkosa berekin daramatenetakoa. Ni erosteko irrikitzen zegoela nabaritzen zitzaion agureari eta hor galdetzen dio aldarrilariari ea zein herrialdetakoa nintzen. Besteak Kapadoziakoa omen nintzela, eta oso indartsua, erantzun zion. Berriro, zenbat urte nituen galdetu zion; baina aldarrilariak, txantxetan, hor erantzun zion:

        — Konstelazioa igarri duen astrologo batek, bosgarren urtera doala atera ditik kontuak; hala ere, astoak berak hobeto ezagutuko dik, noski, bere egoera zibila. Eta lege Korneliarraren zigorraren jakinaren gainean egonik ere erromatar hiritar bat mirabetzat sal badezaket, zergatik ez duk erosiko, mirabe on eta zintzo hau oso lagungarri izango zaik-eta etxean zein kanpoan?

        Erosle gorrotagarri hura, ordea, ez zen isiltzen galdezka eta galdezka; azkenik, nire izaera baketsuari buruz galdetu zion, interes handiz.

 

        25 Orduan aldarrilariak erantzun zion:

        — Bildots bat ari haiz ikusten, ez astoa; eginkizun guztietarako otzana duk, ez dik horzkarik egingo, ez eta ostikadarik jaurtiko; astotxo horren larruaren barnean aiurri oneko gizon bat bizi dela esan daitekek. Ez duk zaila hori ikustea; aurpegia hanka artean sartzen badiok, heuk igarriko diok zer nolako egonarria erakusten duen.

        Horrela jotzen zion adarra aldarrilariak agure nazkagarriari. Agureak, ordea, isekaz jabeturik eta haserre, esan zion:

        — Aizak hi, hilotz gor eta mutu hori, ergelkeria besterik ez dioan aldarrilari hori: itsu utziko ahal haute Siria jainkosak —sorturiko ororen ama unibertsal ahalguztidunak—, Sabadio jainko sainduak, Belonak —Idan bere Atisekin bizi den amak—, eta Venus erreginak —bere Adonis lagun duela—, niri denbora luzez irain egiteagatik bufoi bati dagozkion txantxez. Zer uste duk, zoro horrek, jainkosari abere oldartsu bat eskain diezaiokedala, ala? Zer nahi duk, bat-batean oldartu, jainkozko irudia lurrera jaurti, eta nik, gaixo honek, ileak haizetara askaturik, batera eta bestera lasterka ibili behar izatea, lurrean etzandako neure jainkosarentzat sendagile bila?

        Hitz horiek entzutean, handik lehenbailehen ihesi joatea pentsatu nuen, deabruak hartua bezala, horrela, ni aldarte gaiztoz haserre ikusirik, erosketari uko egin ziezaion. Erosleak, ordea, salerosketa itxi nahian, aurrea hartu zion nire asmoari, hamazazpi denario ordainduz eskura; nire ugazabak oztoporik gabe onartu zituen, pozik noski, nirekin asper-asper egina zegoen-eta; eta, nire sudur aldea espartzu-mutur batez lotu eta gero, Fileboren esku utzi ninduen, hori baitzen nire nagusi berriaren izena, erroldak adierazten zuenez.

 

        26 Nagusi berriak bere zerbitzari hartu, eta berekin narama etxera. Hara iritsi orduko, sarreratik oihu egin zuen:

        — Neskak; hona hemen mirabetxo polit bat zuentzat ekarria!

        Neska haiek, ordea, ez ziren halako neska, beste maritxu horietako talde bat baizik, zeintzuk, segituan pozez saltoka, deiadar batera-gabez hasi ziren, eme ahots zakar eta garrasilariez, pentsaturik, nonbait, benetako mirabetxo bat zekarkiela haien zerbitzurako. Eta ikusi zutenean, dontzeila baten ordez, ez orein bat, gizasemearen ordezko astoa baizik, sudurra okertu zuten erdeinuz, eta era guztietako txantxak egin zizkioten zuzendariari.

        — Ez din ekarri mirabe bat —zioten—, senarra baizik, beretzat bakarrik izan dadin —eta erantsi zuten—: ez uste bakarrik jango dunanik hain oilasko polita; guri ere, hire usoño eztioi, utzi behar digun noiz edo noiz.

        Horrelako eztikeriak eta beste antzeko batzuk elkarri esaten zizkioten bitartean, hor lotu naute aska baten ondoan. Bazegoen gazte mardul samar bat, koruan txirula jotzen oso trebea, mirabe salmenta batean guztien artean erosia. Gazte horrek bere tresna hura joz hartzen zuen parte jainkosari egiten zitzaizkion irtenaldietan, eta gero etxeko guztien beharkizunak asetzeko zegoen, txandakako ohakide. Mutiko hark ni etxean ikusi ninduenean, pozik eskaini zidan pentsu ugari eta honela mintzatu zitzaidan gozo-gozo:

        — Etorri haiz, azkenean, zoritxarreko lan honetan nire lekua hartzera. Urte luzetan bizi hadila, heure nagusiei atsegin hakiela, eta nire gerri akituei ekar diezaieala atsedena.

        Hori entzunik, laster imajinatu nituen, aldez aurretik, patuak niretzat gorderik zeuzkan garrazkeria berriak.

 

        27 Hurrengo egunean guztiek kolorez beteriko tunikak jantzi zituzten; bakoitzak bere aurpegiari hala moduko edertasuna eman zion, pintura buztintsuz igurtziz, eta betileak ahal bezain dotore pintatuz; gero irten egin ziren, mitra ttikiz estalita, eta lihoz eta zetaz eginiko azafrai kolorezko arropaz jantzirik; batzuek tunika zuriak zeramatzaten; alde guztietara hanpatzen ziren, eta gerrikoz lotuta zihoazen, azkona irudiko zerrenda gorribeltzez apaindurik, zapata horiak zituztela oinetan. Jainkosaren irudi bat jarri zuten, zetazko estalkiz jantzia, nire bizkar gainean; gero, besoak sorbaldaraino biluzik, eta ezpata eta aizkora handi-handiak erakusten zituztelarik, bakanteen antzera egiten zuten salto, txirularen doinuek pizten zutelarik haien dantza eldarniotsu eta neurrigabea. Hango eta hemengo hamaika etxolari bisita egin eta gero, lurjabe aberats baten etxera iritsi ziren; hara sartu bezain laster, nahaste-borraste handiaren erdian, orro batera-gabeak egiten hasi dira, eta aurrera doaz buru-belarri; eta gero, burua makurturik, beren lepoekin bihurritze nahasiak eta ile zintzilikatuekin jirabirak egin eta gero, beren buruei ekin zieten noiz edo noiz, giharrei hozka eginez, eta, azkenik, beren besoetan ebakiak egiten dituzte, berekin zeramaten bi ahoko burdinaz. Gorputz-ikara horien erdian, haietako batek eromeneraino zeraman bere eldarnioa, eta bere bularraren sakonenetik arnasa irrikatsua etengabe atera eta gero, jainkozko izpirituz puzturik balego bezala, eldarnio akigarriaren itxura egiten ari zen, jainkoen aurrean gizonak ohi baino hobeagoak bilakatu ordez, ahulagoak eta gaixoagoak agertuko balira bezala.

 

        28 Ikusi, gainera, nolako etekina atera zion zeruaren probidentziari. Igarle-eldarniopean bezala eta gezurrezko imintzioak eginez bere buruaren kontra errietaka eta salaketak egiten hasi zen, norberaren erlijio sainduaren kontra sakrilegiozko ekintzaren bat egin duenaren antzera, eta, gainera, bere buruari jokabide errudun hari zegokion zigorra ezarri zion eskuez. Alegia, hartu eskuan mari-gizon horien ezaugarri izan ohi den gauza bat —zigor bat, artile txirikordatuzko hari mehezkoa eta muturrean zerrenda luzekoa, luzera osoan ardi-tortoloxaz estalia— eta zigor korapilodun horrekin eraso zion gorputzari, haserre, zartadaka, eta sendotasun harrigarria erakutsi zuen kolpeek egindako minaren aurrean. Ezpaten ebakiez eta zigorren kolpeez isuritako zikiro haien odol likitsarekin zikindua zegoen lurra. Hainbeste zaurietako odola hain oparo isurtzen ikusirik, berebiziko ezinegona sartu zitzaidan, jainkosa atzerritar hari agian astoaren odola edateko apeta —zenbait gizakiri astemearen esnea atsegin izan ohi zaion antzera— jarriko zitzaiolakoan urdailean.

        Hala ere, azkenean akiturik, edo, gutxienez, beren haragiak zarrastatzen aseta, sarraski hura eten zutenean, jende guztiak tupikizko txanponak ematen zizkien ugari, eta zilarrezkoren bat ere bai, eta beren jantzien tolesdura irekietan jasotzen zuten diru hura; ardo pitxerkadak ere ematen zizkieten, eta esnea, gazta eta ogi-irin pixka bat, edo garia; batzu-batzuk garagarra ere ematen zuten jainkosa zeramanarentzat. Eta gogoz biltzen zuten guztia, irabazi horietarako bereziki prestaturik zeramatzaten zakuetan, eta gero nire bizkarrera zamatzen zuten; eta horrela nindoan nire zama bikoitzaren azpian, aldi bereko eliza eta biltegi bihurturik.

 

        29 Horrela alderrai ibiliz, eskualde osoa xahutzen zuten; baina, mendietako herrixka batean, ohi baino irabazi ugariagoak bihotz-beroturik, hor antolatu zuten oturuntz bat. Inolako funtsik gabeko gezurrezko iragarpen baten ordainez, nekazari bati ahari gizen bat eskatu zioten, hura hilez Siria jainkosaren gosea asetzeko aitzakiaz. Afaria prestatu eta gero, bainu bar hartzera joan ziren; eta handik itzultzean, berekin zekarten, oturuntzera gonbidaturik, nekazari mardul bat, saihets alde sendokoa eta sabel azpia neurri-neurrikoa mena. Barazkiz osaturiko zizka-mizka batzuk besterik dastatu gabe, benetako afaria baino lehen, lotsa gabe doilor haiek, beroaldi itsusiak harturik, zantarkeriarik nazkagarrienak egitera makurtu ziren, naturaren kontrako grinaren arabera. Gazte hura alde guztietatik inguratu, biluztu, ahozpez etzanarazi eta haien ahoek proposamen nazkagarrienez eraso zioten. Hain ikuskizun dongea eraman ezinik, oihu egiten saiatu nintzen, «lagundu, hiritarrok!», baina, beste silabarik ezinean, «O» ozen bat besterik ez zitzaidan irten ezpain artetik; indartsua, hori bai, eta asto batek esan dezakeen bezain argia, baina sasoi txarrekoa. Horrela, ondoko herrixkako gazte batzuk, gauez ostu zieten astotxo baten bila egoitza guztiak ardura nekagabez arakatzen zebiltzala, etxe haren barruan nire arrantza entzutean, uste izan zuten harrapakina hangoxe ezkutalekuetan gordeta zegoela, eta bat-batean sartu ziren, ilara estuan, berei zegokiena eskuratzera. Era horretan, hor harrapatu zituzten beste haiek, zeuden-zeudenean, lotsagarrikeria ikaragarri haiek egitera zihoazen une berean. Gazteek berehala deitu zieten auzoko guztiei, gertakizun okagarria erakutsi, eta apaizen neurri-neurriko birjintasun hezitzaileagatik goraipamen barregarriak eginez.

 

        30 Arin zabaldu zen kontua jendearen ahotan, eta guztientzat gorrotagarria eta arbuiagarria zen iskanbila horrekin lur jota, gauerdi aldera tresna guztiak bildu, eta hor doaz herritik ihesi, ezkutuan. Bidearen zati handi bat eguzkia irten aurretik egin eta gero, egun argitan leku bakarti eta aparteko batera iritsi ziren; han, bilkura luze baten ondoren, hor hartu dute ni hiltzeko erabakia; nire gainean zihoan jainkosaren irudia kendu, eta lurrean jarri dute; gero, tresneria guztia kendu, eta ni arte bati lotu eta gero, halako moldez jo ninduten ahari hezurrak banaka-banaka kordatuz eginiko zigorraz, ezen ia nirekikoak egin baitzituzten, hiltzat eman, eta hantxe utzi arte. Batek hanka-zainak aizkoraz mozteko keinua egin zidan, bere birjina lotsaizuna agerian utzi niolako, jakina, baina besteek, lurrean jarrita zeukaten irudiarekiko begiramenez nirekiko bainoago, bizirik utzi behar nindutela erabaki zuten. Horrela, bada, berriro fardelez zamatu eta ezpata-masailekin joka, hiri ospetsu batera iritsi ziren. Han zinbolen tilinak, danbolinen hotsak eta musika frigiarraren doinu pizgarriek bertako pertsonaia handienetako bat, erlijio-gizona bere ekintza guztietan eta jainkoekiko begirune sakonekoa, erakarri zuten; gure bila etorri zen korrika eta, jainkosa bere sabai eskuzabalaren azpian onartzeko nahia beterik, bere etxalde aberatsaren barnean eman zigun guztioi ostatu, eta jainkosa baretzen eta haren mesedeak eskuratzen saiatu zen, begirunezko seinalerik finenak eginez eta aukeraturiko biktimak oparituz.

 

        31 Leku horretan izan nuen bizia galtzeko arriskurik handiena, gogoratzen ditudan guztietatik. Adierazitako gizonaren agindupean zegoen nekazari batek ehizaren zati bat bidali zion bere nagusiari oparitzat: orein handi-handi baten izterra; eta sukaldeko ate atzean ardura gutxiz lurretik gertu samar zintzilikatu zutenez, zakur batek —hura ere ehiztaria— ezkutuan eraman zuen, eta bere harrapakinarekin pozik, azkar asko aldendu zen zaindari zeuzkan begietatik. Kalte hori jakitean, sukaldariak bere arduragabekeria madarikatu zuen, eta etengabe damuka ari zen, alferrikako malkoak isuririk; eta nagusiak afaria eskatzen zuenez behin eta berriz, sukaldariak, tristurak jota eta beldur galantak harturik, bere seme ttikiari adioa egin, eta, soka bat hartu eta gero, bere burua hiltzera zihoan, hantxe urkatuz. Baina, emazte fidelari ez zitzaion oharkabean pasa bere senarraren egoera larria; eta, bere eskuen indar osoz korapilo gaiztoari heldu, eta esan zion:

        — Burua galtzeraino izutu al zaitu zoritxar horrek? Ez al duzu ikusten jainkoen ardurak zer nolako erremedio ustekabea dakarkigun? Zaramatzan zirimola horren erdian argiune bat ikusteko gauza bazara, esnatu, eta entzun: eraman leku ezkutu batera iritsi berria den asto hori, lepoa moztu, eta, galdutakoaren antzeko izter bat berezi eta gero, prestatu arduraz, okela xehe gozo-gozoa eginez, eta emaiozu nagusiari orein-izterraren ordez.

        Nazkagarri hari gustatu egin zitzaion, gainera, bere bizia nirearen kontura salbatzea, eta, emaztearen zuhurtasunari gorespen handiak egin eta gero, aiztoak zorrozten hasi zen, niretzat prestatua zuen sarraskia aurrera eramateko.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia