VII. LIBURUA

 

        1 Iluna aldendu eta, eguna argitzen hastearekin, eguzkiaren gurdiak oro argitu eta berehala, gaizkile talde hartako gizon bat iritsi zen; euren arteko agurrek hala zela erakusten zuten. Iritsi berria leizearen sarreran bertan eseri zen arnasestuka, eta, hauspoa bere onera etorri zitzaionean, honako berri hauek jakinarazi zizkien kideei:

        «— Hipatako Milonen etxeari dagokionez, non lapurreta egin baikenuen duela gutxi, lasai asko egon gaitezkek; ez zagok zertan kezkatu. Izan ere, zuek, zeuon adore ikaragarriarekin hango guztia eraman eta gero gure kanpamendura atzera zentoztela, ni jende artera sartu ninduan, eta, min eta haserre itxurak eginez, zelatan aritu ninduan, ea nondik nora hasten ote ziren ikertzen gertakizun hura, ea gaizkileen bila abiatzeko erabakirik hartzen ote zuten, ea norainoko azterketak egiten zituzten, horrela guztiaren berri zuei emateko, agindu zenidatena betez. Jendearen usteak, ordea, eta ez edonolako zantzutan oinarrituta arrazoi funtsezkoetan baizik, Luzio izeneko bat jotzen zian gaiztakeria haren egiletzat, zeina egun haietan, gezurrezko gutun batez baliatu eta gizon zinezkoarena eginez, Milonen adiskide min izatera iritsi baitzen, halako moldez, non ostatu eman, eta etxekotzat hartua baitzuten; hala, etxe hartan egun batzuk egin zitian, eta, amodiozko sentipen itxurekin Milonen neskame baten bihotza hunkitu eta gero, ederki asko aztertu omen zitian ateko sarrailak, eta arreta osoz miatu ere bai Milonek bere ondasunak gordetzen zituen etxeko txokoak.

 

        2 »Eta gizon horren erruduntasun kriminalaren seinale argia zela ziotean, gau hartan bertan, juxtu gaiztakeria gertatutako une berean, handik lekutu izana eta aurrerantzean gehiago ez agertu izana; gainera, atzetik harrapatu nahian zihoazkionengandik arinago ihes egin, eta ahalik eta urrutien ezkutatzea erraztuko ziona eskuratu zian: bere zaldi zuria eraman, nonbait, hark zamari. Hala ere, haren zerbitzari bat aurkitu zitean, ostatu eman zioten etxe berean; bere nagusiaren okerbide eta asmoei buruz zerbait esango zuelakoan, espetxe publikoan sartu zitean epaileen aginduz, eta biharamunean era guztietako oinazeak emanez zigortu, haragiak eten eta hiltzat jotzeraino; hark, ordea, txintik ere ez zian esan gertatutakoari buruz; hala ere, mezulariak bidali zitiztenan Luzio ospetsuaren herrira salatuaren bila, bere krimenarengatik merezia zuen zigorra jasanarazteko».

        Hura gertakizun horiek kontatzen ari zen bitartean, ni zotinka ari nintzen arima-arimatik, ezen parekatzen nuen garai bateko Luzio hura, bere zori eder eta guzti, gaurko asto errukarriaren egoera tristearekin, eta konturatzen nintzen antzinako jakitun zaharrek zerbaitengatik imajinatu eta irudikatu zutela Fortuna jainkosa itsu eta batere begirik gabea; izan ere, beti, gaiztoentzat eta doilorrentzat gordetzen ditu bere dohainak, eta inoiz ez ditu aukeratzen gizakiak arrazoi zintzoen arabera, eta, aitzitik, itsu ez izanez gero behintzat, nahiago izaten du urrundik ihes egin behar lioketen haien lagunartea; baina okerrena da, gure artean ospea-eta hain era kaskarinean eta okerrean banatzen dituela, ezen gizaki zintzoaren onarpena izateaz harrotzen baita doilorra, eta ohoretsua, aldiz, gaizkiletzat zigortua izaten baita.

 

        3 Niri zegokidanez, abere bihurtzeraino zigortu ninduen ankerki, mailarik behekoeneko lauhankadun bihurtzeraino; eta gainera, gizonik gupidagabeenari ere nire zoritxarra mingarri eta lazgarri irudituko zitzaiokeen baina, hala ere salatu egiten ninduten ostatu eman zidan neure lagun maite-maiteari lapurreta egin omen niolako. Horrelako gaiztakeria bati guraso-hilketa dei ziezaiokeen edozeinek, lapurreta bainoago. Eta ezin ezer adierazi nire alde, ezta hitzerdi bat ere, neure errua ukatze aldera. Azkenean, neure aurrean hain gaiztakeria ikaragarriaren salaketa egiten ari zitzaizkidanez, isilik egonez errua aitortzen nuela ez erakusteko, ezinegonak eraginda, «horrelakorik ez nian egin, ez, ez» adierazi nahi izan nuen. Behin eta berriz errepikatu nuen esaldiko lehen hitza ahots azantzatsuaz, baina ezin gainontzekoa esan; lehen silaba horretan geratu nintzen, behin eta berriz «ho, ho» oihukatuz, nahiz neure ezpain zintzilikatuak biribiltzen saiatu. Zertan aritu, ordea, Fortunaren ankerkeria deitoratzen, ez baitzuen lotsarik izan ezta lehen mirabe eta zamari nuen neure zaldi beraren zerbitzarikide eta uztarri-lagun egiteko ere?

 

        4 Horrelako gogoetetan zeharo nahasturik nenbilela, are eta kezka larriago batek hartu zidan gogoa. Gaizkile haiek dontzeilaren Maneentzat oparigai bihurtu nahi nindutela oroitu nuen, eta sabelari begiratzeko burua makurtzen nuen bakoitzean, neska gajoa hantxe neramala iruditzen zitzaidan.

        Orduan, niri buruzko hain berri maltzurrak ekarriak zituen hark, mila txanpon urrezko atera zituen, hobeto ezkutatzeko bere jantziaren azpilduran josita zekartzanak; zioenez, zenbait bidaiariri ostuak omen zizkion, eta, lapur ohoreduna zenez, guztien kutxarako omen zekartzan; gero, gaizkideen osasunaz galdezka hasi zen arduratsu. Jakin zuelarik ezen haietako batzuk, adoretsuenak alegia, halako eta halako ekintza ausartetan zenduak zirela, bideak denboraldi batez bakean uztearen alde agertu zen, horrela lagun berriak talderatzeko ahaleginari bete-betean ekiteko, gudu-saldo hura berreginik lehengo taldea adinakoa osatu arte; atzera egiten zutenak beldurraren bitartez derrigortuak izan zitezkeen; beren gogoz biltzen zirenak, berriz, irabazi-grinaren erakarmenez; ez ziren bat eta bi, ez, bizimodu umilgarri eta mirabetzakoari uko egin eta errege boteretsuen antzeko biziera hartan murgiltzea nahiago zuten gazteak. Hark berak ordurako aurkitua zuen aspaldixko gizon kankailu bat, gaztea, gorpuzkera mardulekoa eta edozertarako prest zegoena, eta zenbait aholkuren bitartez ikusarazi zion ezen hobe zuela langintza etekintsuago batean erabili bere ahalmenak, luzaro geldi egotez itota zeuzkanak, eta, horrela, mozkina atera ziezaiola bere izaera harrigarri hari; alegia, esku indartsu hura eske-sari ziztrinaren galdean erabili ordez, erabil zezala urrea biltzen.

 

        5 Denak etorri ziren bat harako hitz haiekin, eta gizon hura onartzea erabaki zuten —nahikoa froga egin zitzaiola baitzirudien—, eta, gainera, beste batzuk ere bilatzea, gaizto-taldea osatzeko. Orduan, horrela mintzatu zena hor irten da leizetik, eta geroxeago, agindu bezala, hor dakar gazte erraldoi bat, hango inor baino gehiago zena; izan ere, egundoko gorputza edukitzeaz gainera, guztiei burua ateratzen baitzien, eta hori, artean ilexka arin bat besterik ez zuelarik aurpegian ernetzen hasia. Erdi jantzirik zetorren bata besteari oker jositako zirtzilez, haien tartetik bular eta sabel guneak ageri zitzaizkiola, gihar mardul askoa erakutsirik.

        Era horretan sartu, eta esan zuen:

        «— Agur, Marte jainkoaren begiko horiek eta hemendik aurrera nire armakide leial zaretenok: har ezazue gogo onez ni naizen boluntario hau, gizon gogo-lehiatsua eta adoretsua, gorputzean zauriak jasotzea nahiago duena —baita mundu guztia kikiltzen duen heriotza bera ere— eskuan urrea biltzea baino. Ez nauzue utzia, ezta errukarria ere; ez epaitu nire ahalmena honako zirtzil hauengatik. Gaizto-talde boteretsu baten buru izana nauzue, eta Mazedonia osoa errotik erraustua dizuet. Traziako Hemo gaizkile ospetsua nauzue, zeinaren izena ikaraz beterik entzuten baitute probintzia osoek; Teronen seme, gaizkile ospetsua hura ere, giza odolez elikatua eta gure gaizto-taldearen barne-barnean hazia, nire aitaren adorearen oinordeko eta irudiko nauzue.

 

        6 »Denbora laburrean, ordea, neure lagun-talde adoretsu osoa galdu diat, eta neuzkan ondasun handiak ere bai. Ezen, ene zoritxarrerako, inperioko prokuradore bati egin bainion eraso; lehen, nonbait, duzenarioa zuan, baina, agi denez, hurrena begikotasuna galdu zian, eta agintea ere bai; bada, inguru haietan zehar zihoaan, inork jakin gabe; baina gauzak hurrenez hurren adieraziko dizkizuet, gertakizunak ondo ezagutu ditzazuen.

        »Gizon hori, bere zerbitzu anitz eta argitsuekin, asko nabarmendu zuan Zesarren gortean, eta enperadoreak berak estimu handitan zeukaan. Bekaitz gupidagabeak, ordea, azpikeriazko salaketak erabiliz, hura erbestera bidaltzea erdietsi zian. Hala ere, haren emazte Plotina, fideltasun eta prestutasun paregabearen jabea, hamargarren haur-aldian senarrari oinordekotza emandakoa, hiriko bizimodu luxozkoaren finkeriak baztertu eta arbuiatu eta gero, bere senar horren atzetik joan zuan erbestera, zoritxarrean ere lagun; eta ilea moztu zian, bere arropak gizon-jantzi bihurtu, bitxi garestienez eta urrezko txanponez beteriko gerriko bat estu-estu lotu, eta era horretan igaro zuan soldadu begiraleen eta ezpata biluzien artean. Horrela hartzen zian parte bere senarraren arriskuetan, eta atsedenik eta etenik gabe begiraturik bere senar horrek kalterik jaso ez zezan, zorigaitz guztiak jasaten zitian gizonezko bati legokiokeen adorez. Bidaiako gorabehera guztiak eta itsasoko arrisku ikaragarriak amaiturik, Zazinto aldera zihoaan, bere zori gaiztoak hantxe jarri baitzuen bizitzen denboraldi baterako.

 

        7 »Iritsi zirenean Aktioko itsasertzera, non ari baikinen garai hartan Mazedoniatik jaitsi eta gero, gaua oso aurreratua zegoenez itsasoko uhinak saihesten ibiltzeko, urertzetik eta ontzitik gertu geratzen zen ostatu ttiki batean zeudean atsedena hartzen, eta orduan guk eraso egin geniean, eta zeramaten guztia harrapatu. Ez gintuan, ordea, paraje hartatik aldendu, arrisku handitan ibili gabe. Izan ere, atearen lehen kolpea entzun bezain azkar, Plotinak etxe erdira joan, eta berealdiko zarata atera zian bere deiadarrez, laguntza eske, ez bakarrik soldaduei eta zerbitzariei —zeintzuei beren izenez deitzen baitzien—, auzo guztiei baizik; eta ez gintuan handik onik aterako, han sortu zen laztura erabatekoagatik izan ez balitz, ezen denak ezkutatu egiten baitziren, bakoitzak bere biziarekiko zeukan beldurragatik.

        »Hala ere, emakume bertutetsu eta fideltasun paregabeko hark —gauzak diren bezala esan behar— berehala bereganatu zian guztien arreta bere jokabide eredugarriaz, eta eskari egin zioan Zesarren jainkotasunari, eta berehala erdietsi gainera senarraren itzulera eta gure erasoa zeharo mendekatzea. Alegia, Zesarrek Hemo gaizkilearen gaizto-taldea desagerrarazi beharko zela erabaki zian; baita desagerrarazi ere laster asko, hainbesterainokoa baita printze handi baten borondate hutsaren ahalmena. Hala, soldadu saldoek inguratu, eta talde osoa desegin eta ezabatu zitean; nik neuk ere nahikoa lanekin alde egin ahal izan nioan zorigaizto horri, eta Orkoren eztarri beretik ihes egitea erdietsi zuen bakarra izan ninduan; honelaxe, hain zuzen:

 

        8 »Emakume-soinekoa jantzi nian, kolore biziduna eta tolesdura handi eta zabalekoa; buruan puntuzko estalkia jarri, oinetan emakumeenak bezalako oinetako txuri eta leunak sartu, eta emeei gehiago dagokien janzkera horrekin mozorroturik, soldadu mehatxarien errenkada artean igaro ninduan, neure astotxoaren gainean, garagar sortaz zamatuta zihoalarik. Horrela, asto-gidariren baten emaztetzat jotzen ninditean denek, eta bidea libre uzten, neure masailei eskerrak, ezen artean bizarpeitua bainintzen eta haurtzaroko distira eta leuntasuna gordetzen baitzuten.

        »Hala ere, nire gogoak ez dik galdu aitaren aintzarik, ez neure adorerik. Erdi izututa egonik ere soldaduen ezpaten hurbiltasuna zela-eta, gerora mozorro atzipegarri horren babesean bakar-bakarrik eraso diat nekazal etxe eta herrixketan, eta horrela eskuratu ditiat bidaiarako hornidura gutxi batzuk». Eta bat-batean bere zirtzilak eten, eta bi mila txanpon urrezko jaurti zituen guztien artera.

        «Horra hor», erantsi zuen, «opari ttiki hori, edo, hobeto esanda, zuen taldeari eskaintzen diodan dotea; eta neure burua eskaintzen dizuet, ezer kontrakorik ez baduzue behintzat, zuen buruzagi izateko bete-betean, eta prest nagok zuen harrizko etxe hau urrezko bilakatzeko denbora laburrean».

 

        9 Erabakiak ez zuen, ez, luze jo; horra non gaizkile guztiek, inolako zalantzarik gabe, berehala eskaini dioten guztien baietza; gero, jantzi dotore samar bat ekarri diote janzteko, bere piltzarrak jaurti eta gero. Era horretan itxuraldaturik, bakoitzari musu bat eman, eta ohorezko etzalekuan jarri eta gero, haren aginteari hasiera eman diote handikiro, oturuntz eder eta ardo ugarirekin. Orduan, elkarren arteko berriketan, jakin zuen gazteñoaren ihesarena, nola ni izan nintzaion zamari, eta biontzat prestatua zeukaten heriotza ikaragarriarena; eta neskatxa non zegoen galdetu zien, eta hara eraman zutelarik, hura kateaz estalita ikustean, sudurra errieta keinu batez okerturik atzera irten, eta esan zuen:

        — Ez nauk hain gaizki-hezia, ezta hain eroa ere, zuen erabakiaren aurka jartzeko, baina nire barneak gaizto jokatu dudala salatuko zidakek, irtenbide ona iruditzen zaidana ezkutatuko banizue. Aurrena, ordea, nitaz fidatu behar duzue, zuen onerako ari nauk eta. Dena dela, nire iritzia gustuko ez baduzue, garaiz zaudete beti astoarenera itzultzeko. Iruditzen zaidak ezen gaizkileek —gutxienez beren ogibidearen ikuspegi zuhurra dutenek behintzat bai— ez dutela ezer jarri behar beren irabazpidearen aurretik, ezta mendekuaren beraren asetzea ere, noiz edo noiz kaltegarria gertatzen baitzaie jokabide hori hartzen dutenei. Horrela, neska-gazte hori astoaren barruan hilarazten baduzue, ez duzue zuen haserrea baretzea besterik lortuko, baina etekinik atera ez. Horren ordez, nire ustez hiri batera eraman beharko genikek, eta bertan saldu. Daukan adinarekin ordainsari ederra atera zezakeagu. Ezagutzen ditiat nik aspaldidanik giza haragia salerosten ibiltzen diren batzuk; egingo nikek horietakoren bat prest legokeela neska-gazte hori erosteko —bere aitor-sehaskari dagozkion talentuak ordainduz— eta urdanga-etxe horietako batera eramateko; ez dik ihes egingo handik, ez, hemendik egin zuen bezala. Horrela, neskatoa etxe maite bati dagokion lanetara makurturik, zuen mendekua erabat beteko duk. Zintzotasun osoz adierazi dizuet irabazpidezko proposamen hori; hala ere, zuek zeuon erabakien eta interesen jabe zarete, jakina.

 

        10 Era horretan, gaizkileen diru-kutxaren alde mintzaturik, gure alde jarri, eta neska-gaztearen eta astoaren babesle eder bilakatua zen. Gainerakoek luze eztabaidatu zuten arazoa, eta nire izpiritu samindua txiki-txiki egiteraino zigortu zuten nire bihotza, luzamendutan; azkenean, ordea, bat etorri ziren gaizkile iritsi berriarekin, eta berehala askatu zizkioten lokarriak dontzeilari. Gazte haren ahotsa eta urdanga-etxearena eta mirabe-azokarena entzun orduko barrezka hasi zen neska, eta halako alaitasuna erakutsi zuen, ezen emakume guztiekiko nazka sortu baitzidan; haserre nengoen ikusirik nola neskatxa hura, bere mutil ezkongaiarekiko maitasunaren itxurak egin, eta harekiko elkar hartze garbiaren irrikaz egon ondoren, urdanga-etxe zikin eta nazkagarri baten izena entzute hutsarekin pozaz zoratzen jarri zen bat-batean. Une hartan, asto baten iritziaren mende zeuden emakume guztiak eta haien moraltasuna.

        Mutil gaztea, orduan, berriro gaiari ekinez, honela mintzatu zen:

        — Zergatik ez goaz Marte gure kideari otoitzak eskaintzera, eta aldi berean neskatxa saldu, eta lagun berriak bilatzera? Ikusten dudanez, ordea, ez zaukaagu inon sakrifiziorako abererik, ezta edari ugaririk ere, edo behar adina behintzat. Emazkidazue, bada, hamar lagun; ez diat gehiago behar, hurbileneko herrixkara joan eta handik ekarritakoarekin saliarren pareko oturuntza prestatzeko.

        Hura joan bezain laster, besteek su handi bat egin, eta Marte jainkoari aldarea egin zioten belar hezez.

 

        11 Geroxeago hor datoz joandakoak zahagi batzuk eta abere talde bat garraiatuz; horretatik aker mardul bat aukeratu zuten, urtetsua eta bizar tenteduna, Marte «lagun eta lankidearen» biktimatzat hiltzeko. Berehala egin dituzte oturuntz eder baterako prestaketak. Orduan, gonbidatzaileak dio:

        — Nire agintari ahalmenak ikusi behar dituzue, ez bakarrik zuen eraso eta lapurretetan, baita zuen gozamenetan ere.

        Eta, lanari ekinez, guztia txukun-txukun prestatzen du zalutasun harrigarriarekin. Lurra garbitu, jateko tresnak ezarri, bazkaria egin, okela-platerak prestatu, bazkaltiarrei lirain zerbitzatu, eta, batez ere, banan-banan ardoz bustitzen ditu, kopa handiak etengabe betez. Bitartean, zerbitzatzeko behar zuenaren bila joateko aitzakian, neska-gaztea ikustera inguratzen zen behin eta berriz, eta ezkutuan harrapaturiko puskak eta kopak, berak aurrez ezpainetaratuak, eskaintzen zizkion pozarren. Eta neskak gogobetez onartzen zituen guztiak, eta, mutilak musu eman nahi zionetan, atsegin handiz itzultzen zizkion musuak. Eta gorabehera horiek ez zitzaizkidan batere gustatzen. «Ahaztu egin ote zaizkin bada, dontzeila garbi horri, heure ezteia eta hainbeste maite huen amorantea? Nik ezagutzen ez dudan senarraz —heure gurasoek ezkontzan eman zinatenaz— ahaztu, eta atzerritar hori, odolez zikinduriko eraile hori, hartu behar al dun? Ez al zain barruan harrik sortzen? Nola har dezaken atsegin heure gorputza salduz lantza eta ezpata horien artean, aldi berean heure bihotzeko sentipenak zanpatzen ditun-eta? Zer gertatuko litzateke gainerako gaizkileak konturatuko balira zertan ari haizen? Ez al haiz berriro astoarengana etorriko nire hondamendia ekartzera! Benetan, beste baten larruazalarekin ari haiz jolasean».

 

        12 Gogoeta bidegabeko horiek buruan nerabiltzala, sekulako haserreak harturik eta esanahi bikoitzeko haren hitz batzuetan oinarrituta —hitz horien asmoa ez baitzen inolaz ere iluna asto zuhur batentzat—, hor erabaki dut gizon hura ez zela Hemo gaizkile famatua, Tlepolemo bera baizik, neska-gaztearekin ezkontzekotan zena. Izan ere, haren hizketaldian zehar, ni han egoteagatik batere arduratu gabe —hilik banengo bezala—, honela esan zuen ahots argixeagoarekin:

        — Izan adore, ene Karite ezti horrek, laster izango dituzu-eta zeure mende etsai guztiak.

        Eta berriro lanera itzulirik are eta gogotsuago, bere kideei ez die atsedenik uzten edanean; ordurako digestioaren zorabioak hartu samarturik eta mozkor itsuan busti-busti, hor eman die, bada, oraingoan ardo nahastu gabea, arinki epeldua; baina berak ez du dastatu ere egiten; egingo nuke, gainera, kopa haietan droga lo-harrarazleren bat nahasten zuela. Azkenean, gaizkile guztiak, bat bera ere kendu gabe, ardotan mukuru zeuden, hilik bezala. Orduan, inolako zailtasunik gabe, lokarri estuz estekatu, eta, nahi bezala mugiezindu zituenean, neska-gaztea nire bizkarrean jarri, eta gure urratsak etxerantz bideratu zituen.

 

        13 Hirira gerturatu bezain azkar, jende guztia kalera irten zen, ikuskizun irrikatu harekin atsegin hartzera. Denak gure bila zetozen lasterka, zein guraso, zein etxeko, zein bezero, zein babespeko, zein mirabe, guztiak aurpegi alaiz eta pozez lehertzear. Adin orotako gizonezkoen eta emakumezkoen jendetza handia ikusten zen haien ondotik; inoiz ez bezalako ikuskizuna eta gogoratzeko modukoa, bai horixe: birjina bat asto baten bizkarrean ospe handitan eramana. Ni neu ere, alaitasun horretan partaide bainintzen zegokidanaren kariaz, egoera harekin bat egin eta ez arrotz sentitzearren, belarriak luze-luze jarri, sudurrak puztu, eta arrantzaka hasi nintzen indartsu; areago oraindik, esango nuke haizea trumoika jarri nuela neure arrantza ikaragarriekin. Gero, neska-gaztearen gurasoek hura etxera eraman ondoren egoerari zegozkion zainketa guztiak eskaintzen zizkioten bitartean, Tlepolemok etorritako bidetik eraman ninduen bizkor. Oraingoan zamari eta hiritar asko genuen lagun, eta oso pozik nindoakion atzetik, ezen, nire ohiko jakin-minaz gainera, neure begiz ere ikusi nahi bainuen gaizkileen harrapaketa. Artean lokarriek baino ardoak lotuagoak aurkitu genituen. Horrela, ezkutalekuetatik atera eta haien harrapakin guztia eraman zuten leizetik kanpora; urrez, zilarrez eta beste gauzez zamatu gintuzten, eta azkenean gaizkileak zigortu zituzten: batzuk lotuta amildu zituzten, zeuden-zeudenean, alboko harkaitz batzuetan behera; besteak hantxe utzi zituzten, gaizkileen beren ezpatekin lepoa moztu eta gero.

        Mendeku horrekin pozik eta aseta, hirira itzuli ginen. Agintarien babesean jarri zituzten gauza baliozkoak, eta Tlepolemori berriro bereganatua zuen neska-gaztea eman zioten legezko emaztetzat.

 

        14 Handik aurrera, emakume gazteak bere salbatzailetzat hartu, eta zainketarik maitagarrienak eskaintzen zizkidan. Eztei egun berean agindu zuen garagarrez leporaino bete zezatela nire ganbela, eta eman ziezadatela hainbeste belar ondu, ezen Baktrianako gamelu batentzako ere nahikoa izango baitzen. Nola ez madarikatu hala ere Fotideren sorginkeriak, asto egin nindutelako eta ez zakur, zakur guztiak lepo egin arte jaten ari baitziren hain afari oparoaren hondakinetatik eta ebasten zituzten zatietatik.

        Lehen gauaren eta amodiozko hastapenen ondoren, ezkonberriari ez zitzaion epeldu niganako eskerra bere gurasoen eta senarraren aurrean; azkenean, ohorerik handienak eskainiko zizkidatela agindu zioten. Horrela, lagunik zentzudunenak gonbidatu zituzten, haiei galdetzeko ea zein izango ote zen nire merezimenduak ordaintzeko modurik egokiena. Batek esan zuen etxean geldi nendila lanik egin gabe, eta garagar aukeratua, babak eta ilarrak eman ziezazkidatela jateko; beste batek, ordea, nire askatasuna gogoan, bere aburua nagusiarazi zuen: ibil nendila libre soro eta zelaietan korrika, zaldi-taldeekin jolasean, gero, behorrak estali eta gero, elkar hartze emankor horietatik nire nagusiei mando asko eskain niezazkien.

 

        15 Horrela, bada, berehala etorrarazi dute zaldizainen burua, eta gomendiorik handienekin berekin eraman nazala agintzen diote. Ni haren aurretik nindoan laukoan, pozaren pozez, eta pentsatzen nuen betiko libre nintzela fardel eta gainerako zamak eramatetik, eta askatasun osoa izango nuenez, udaberri hasieran asta-arrosaren batzuk aurkituko nituela belarrez estaliriko zelaietan. Hala ere, bururatzen zitzaidan, halako esker onaren seinaleak erakutsi, eta halako ohoreak egin bazizkidaten asto soil bat baino gehiago izan gabe, are eta mesede handiagoez ohoratuko nindutela nire giza irudia berreskuratu eta gero.

        Zaldizainak ni hiritik urrun eraman ondoren, ordea, han ez neukan zain, ezta gutxiagorik ere, bizitza erosorik, ezta askatasun ttikienik ere. Izan ere, haren emazteak, emakume zikoitz eta ankerrak, uztarpean jarri ninduen, errotarri baten tramankulua jiraka erabil nezan, eta zigor heze batez noiznahi egurturik, nire larrutik ateratzen zuen beretzako eta bere etxekoentzako ogia. Eta ez zuten nonbait nahikoa beren mantenua nire nekeen bidez ateratzearekin, berak ehotzek baitzuen auzoen garia ere, nire etengabeko itzulien ordainsaria bere patrikarako gordez. Ahalegin akigarri horien ordainetan ez zidan ematen ezta agindutako pentsua ere, nire garagarra saltzen baitzien inguruko nekazariei, nik neuk eragiten nuen errotarrian bertan xehatu eta irindua. Niri, berriz, egun osoan tramankulu nekagarri hari lotuta nengoenari, ilunabar aldera zahi galbahetu gabea jartzen zidan, zikin-zikina eta harri-koskorrez betea.

 

        16 Halako zoritxarrekin hautsi-hautsi eginda, Fortuna ankerrak zigor berriak eskaini zizkidan; ziurrenik —esan ohi den bezala— erabateko aintza eta ohorea eskura nitzan neure ekintza zibil eta militar adoretsuengatik. Hala, egun batez, zaldizain ospetsu hark bere nagusien aginduak beterik —berandu samar baino—, larrera bidali ninduen zaldi-taldeekin. Orain asto librea nintzenez, azkenean, pozez saltoka nenbilen eta, pauso keinukorrez aurreraturik behorrik egokienak aukeratzen nituen estalketarako. Itxaropen ezti hura ere, ordea, gainbehera osoan amaitu zen. Laster jeloskortu zitzaizkidan, eta, elkar hartze adultero eta ezberdinen artekoa saihesteko neurriak harturik eta Jupiter Ostatu Emailearen legeak bete gabe, orpoz orpo abiatu zitzaizkidan etsai bati bezala, gorrotorik gaiztoenari legokiokeen amorru betez. Batek, bere bular zabala goraturik, lepoa tente, burua zut, hor eraso dit bere aurreko azkazalekin, borrokalari batek bezala; beste batek, bere atze gihartsu handia niri begira jarririk, ostikada etengabeak bidali dizkit atzeko hankez; hirugarren batek, mehatxuzko irrintzi jeloskorrez, belarriak atzera bildu, eta bere hortz zuri-zuri aizkora bezain zorrotzak agerian utzirik, gorputz osoa hozka askatu dit. Horrelaxe irakurria nuen Traziako errege bati buruzko istorio batean, erregek bere etxean ostatu hartzen zutenak jaurtitzen zituela bere basazaldi artera, horiek txiki-txiki egin, eta jan zitzaten; halako punturaino aurrezten zuen garagarra tirano harro hark, ezen, abere goseti horien jan beharra baretzeko, giza gorputzez hornitzen baitzituen oparo.

 

        17 Ni neu ere halaxe, zaldi haien hemendiko eta handiko erasoek txikituta, errotarriari eragin eta eragin ibili izana bera amesten nuen. Fortunak, hala ere, nire oinazeekin ase ezin, eta beste zoritxar bat prestatu zidan. Horrela, menditik egurra jaisteko eginkizuna ez didate, bada, jarri, mirabe ttiki baten agindupean —mundu osoan diren mutiko guztietatik ankerrena, alde handiz—. Ez ninduen akitzen mendi malkartsuan gora igo beharrak bakarrik, edo hesola baino zorrotzagoko harriek, non estropezu egiten bainuen apatxak urratzeraino: mirabeak gogotik astintzen ninduen handik eta hemendik sekulako makilakadez, harik eta kolpeak hezur-muinetaraino iristen zitzaizkidan arte. Eskuineko hankara botatzen zizkidan beti kolpeak, eta leku berean emanaren emanez, bada, larrutu egin zidan alde hura, zauridura zabal eta sakona sortaraziz; zauria zulo edo leiho bat adinakoa zela esango nuke, eta, hala ere, hark, jo eta jo, ez zion uzten bakean odoljario neukan zauriari. Gainera, sekulakoak ziren gainean jartzen zizkidan zamak: nire egur-sortak ikusirik, pentsa zitekeen elefante batentzat prestaturikoak zirela, eta ez asto batentzat. Bestalde, zama alde batera okertzen zenean, alde horretan bestean baino astunago zelako, pisu gehiegiagatik erortzear zegoen aldetik egur batzuk kendu, eta, niri laguntzeko zama pixka bat arindu beharrean edo, gutxienez, beste aldera eramanez berdindu beharrean, harri batzuk jartzen zituen eta horrela konpontzen zituen desorekaren gorabeherak.

 

        18 Ezbehar horiek guztiak gutxi balira bezala, nire indarrei ez zegokien zamaz zanpatzearekin aski ez nonbait, eta bidearen ondotik zihoan errekaren bat zeharkatu behar genuen bakoitzean, abarkak zaindu eta ez bustitzeko, nire bizkarrera igotzen zen, eta hantxe eserita jartzen; gainean neraman zama sekulakoa ez zuen gehiegi handitzen, baina. Eta, honegatik edo horregatik, neraman zama gehiegiaren erruz estropezu egin, eta ertz malkartsuak irristakor egiten zituen lokaztegi buztintsura erortzen banintzen, asta-mutil paregabe hark, bere eginbeharraren arabera eskua luzatu, eta burualdetik eutsi edo isatsetik tiraz zutiarazi, edo, gutxienez, berriro zutitu arte hain zama handiaren zati bat kendu ordez, ez zidan batere laguntzen: burutik hasi, edo belarrietatik, eta gorputz osoa egurtzen zidan makila ikaragarri batez, harik eta pizgarri horiekin berriro zutiarazten ninduen arte.

        Hura bera izan zen ondoren adieraziko dudan oinazea niretzat asmatu zuena: arantza zorrotz-zorrotzak —muturrean edendunak eta sastada pozoigarria zutenak— hartu, inguruan korapilo bat egin sorta osatzeko, eta nire isatsari lotu zion oinaze zintzilikario hori, ibilian nindoala mugi zedin eta astin nitzan, zauri ikaragarriak eginez bere ezten gaiztoekin.

 

        19 Beraz, kaltea bi bider niretzat. Asta-mutilaren makilakadei ihes egiteko trostan hasiz gero, arantzek gogorrago zulatzen ninduten; min hori saihesteko pixka batean gelditzen banintzen, ordea, kolpeek lasterka jartzen ninduten berriro. Bazirudien mutiko gaizto hark ez zuela nire hondamena besterik nahi alde guztietatik; noizbehinka bera hasten zitzaidan zemaika, galdu egin behar ninduela zin eginez.

        Eta gertakizun bat jazo zen, haren gaiztakeria ankerra areagotu zuena gero eta eraso gaiztoagoak burutzeko. Halako egun batez, ezin gehiago eraman nik haren neurrigabeko lotsagabekeria hura, eta han jo nizkion ostikada gogor batzuk. Orduan nire kontrako ikaragarrikeria handi bat asmatu zuen. Hor jarri dit gainean iztupazko fardel astun bat, eta, sokez ondo lotu eta gero, bideraino narama. Aurrena topatutako etxaldetik ilinti piztu bat ostu, eta zamaren erdi-erdian ez du, bada, sartzen! Iztupa berotzean, erregai arin horrekin sua biztuaraziz, sugarrak sortu ziren, eta erre-behar itogarri batek hartu ninduen. Nik ez neukan inolako aukerarik hondamena saihesteko, eta ez neukan eskura inolako erremediorik ere neure burua onik ateratzeko; halako sute batek, ordea, ez du luzamendutan ibiltzeko aukerarik ematen, eta erabaki zuhurrenak alferrikakoak egiten ditu.

 

        20 Hala ere, unerik larrienean Fortunak irribarre egin zidan, burutazio argitsu bat bidaliz. Ez dakit geroko arriskuetarako bizi nendin-edo egin ote zuen hori, baina une hartan ezinbesteko heriotzatik atera ninduen gutxienez: inguruan, hala behar eta, putzu zikin bat —aurreko egunean eroritako euriagatik sortu berria— ikusirik, hortxe noa salto batez bertaraino; gorputz osoa han bota, sua erabat itzali, eta zama arindu eta gero, ihesi noa heriotzatik libre. Mutiko gaizto eta lotsagabe hark, ordea, nire gain jaurti zuen gaiztakeria ikaragarriaren errua ere, eta zaldizain guztiei adierazi zien nik, nahita, estropezu egin huela auzokoek piztutako su baten ondotik pasatzerakoan; nire buruari erortzen utzi eta su eman niola apropos; eta barrez erantsi zuen:

        — Noiz arte aritu behar dugu su-egile hori gobernatzen?

        Eta handik egun batzuetara, are eta amarru gaiztoagoa prestatu zidan. Nik neraman egurra inguruko etxola batean saldu eta gero, hutsik nindekarren; bat-batean, hor hasi da oihuka, ezin omen duela nire gaiztotasuna gehiago jasan, eta bere astazain lanbidearen kontra mintzo da gogor eta ondorengo aitzakiak bezalakoak jaurtitzen ditu:

 

        21 — Ikusten al duzue alferrontzi hori, baldar hori, astoa baino astoago den hori? Hainbeste bidegabekeriaren ondoren, hor non datorkidan arrisku berriekin zigortzera. Ibiltari bat ikusi orduko, nahiz emakume polita izan, nahiz neska-gazte ezkongabea, nahiz mutil-gazte samurra, hor jaurtitzen du bere zama, eta batzuetan aiztaga bera ere bai, eta korrika abiatzen da ero moduan, gizakienganako halako amodio grinaz, ezen, lurrera eraisten baititu, eta grinaz irrikatzen: haien gainean bere apeta ikaragarri eta inoiz ikusi gabeko gogo basati horiek asetzen saiatzen da, eta Venusek gaitzesten duen elkar hartzera bultzatu nahi ditu. Laztan itxurak ere egiten aritzen da, biktimaren kontra bere aho nazkagarria igurtziz eta hozkattoak eginez. Horrek guztiak liskarra eta iskanbila itsusia besterik ez digu ekarriko; eta justiziaren aurrean salaketarik sortzen ez badu, gaitz erdi. Lehentxeago ere, neska-gazte ondratu bat ikusi duelarik, menditik zekarren egurra jaurti eta barreiatu eta gero, hari ekin dio bere eraso zoroz, eta, amorante galai baten antzera, denen aurrean lurrean erorita zetzan emakumearen gainean jartzen saiatu da. Eta bidaiariek, emakume horren negar eta lantuen deira, laguntzera joan eta abere horren apatx azpitik bertatik atera eta libratu ez balute, hankazpian zanpaturik eta txikituta, oinaze ikaragarritan egongo zen zorigaiztoko neska hura, eta horrek heriotza ekarriko zigun guri zigortzat.

 

        22 Gezur horiek eta beste esamesa batzuk —nire isiltasun heraberako are eta lotsagarriagoak— nahasturik, zaldizainen gogoa piztu zuen aiherki, nire hondamendia jorratzeko. Azkenean, haietako bat mintzatu zen:

        — Zergatik ez dugu hiltzen hazi-zaku hori, guztien bortxatzaile hori, bere ezkontza ikaragarri horien biktima egoki gisa? Eta beste bati mintzatuz, erantsi zuen:

        — Aizak, gazte, moztuiok lepoa oraintxe bertan, jaurtizkiek horren erraiak gure zakurrei, eta gorde gainerako okela langileen askarirako. Gero, larrua onduko diagu, eta errautsa jaurtiko gainera; gero ugazabengana eramango diagu, eta aise sinestaraziko zieagu otsoa izan dela horren heriotzaren errudun.

        Eta ni salatu ninduen anker hura, zalantza gehiagorik egin gabe, zaldizainen zigorra betetzera prestatu zen, nire zorigaitzen aurrean pozik jauzi egiten zuelarik: eman nion ostikada oroiturik (tamala bete-betean ez jo izana!), ezpata prestatzen hasi zen, zorroztarri batean igurtziz.

 

        23 Une hartan, ordea, honela mintzatu zen nekazari talde hartako bat:

        — Krimen hutsa duk hain asto ederra hiltzea: horrela horren laguntza eta ahalegin preziatua galduko diagu, bere lizunkeriaren eta amodio neurrigabearen aitzakian; nahikoa geniake, ordea, zikiratzea, amodio grinarik berriro sor ez dakion, eta horren arriskuari diozuen beldurra aldentzeko; gainera, gizenago eta mardulago jarriko duk. Ederki ezagutzen diat nola, ez bakarrik asto alfer ugari, baita zaldi sukartsu askoak ere, beren grinen suak eraginik piztia amorratuen antzera jartzen diren, eta zikiratu eta gero abere esaneko eta gozo bihurtzen diren, zamak garraiatzeko gai eta beste edozein lanetan esaneko bilakaturik. Hitz batean, nire aholkuei oker irizten ez badiezue behintzat, denbora gutxi barru —ondoko azokatik pentsatua dudan joan-etorria egiteak eramango didana besterik ez— etxetik har zitzakeat ebakuntza horretarako beharrezko tresnak, haiekin zuengana itzulirik, hankak ondo zabalarazi eta gero, galai basati eta zikin hori zikiratuko diat eta bildots bat baino eztiago utziko.

 

        24 Proposamen horrekin libratu nintzen Orkoren atzaparretatik, baina ikusirik, bestalde, zain neukala zigorrik ankerrena, negar egin nuen, pentsatuz hiltzera zihoala nire gorputzaren atzealde hori. Erabakitzen ari nintzen, neure buruari gosez hiltzen utzi ala neure buruaz beste egin, hutsera amilduz; horrela ere hil egingo nintzen, baina osorik behintzat. Eta zein heriotza-bide aukeratu zalantzan ari nintzen bitartean, nire hondamendia sortzen zuen mutikoak mendirako bide sarrian jarri ninduen berriro goizean. Arte handi-handi batetik zintzilik zegoen adar bati estekatu ondoren, mutila, bidetik urrun samarturik, behera eraman beharreko egurra mozten ari zen bere aizkoraz. Halako batean, hor non agertzen den inguruko leize-zulo batetik, harantz eta honantz zabuka eta egundoko burua zutiturik, hartz beldurgarri bat. Hura ikusi bezain azkar, ikaraz dardarka, ezusteko agerketa harekin izuturik, nire gorputzaren pisu guztia atzeko hanken gainean jarri, lepoa luzatu, burua jaso, lotuta nindukan soka eten, eta hor abiatu naiz ihesi abiada osoan. Eta malkarrean behera korrika, ez bakarrik hankekin, gorputz osoa aurreratu, eta goitik behera piririka eginez baizik, mendiaren oinean hedatzen zen zelairaino jaitsi nintzen arin-arin, ihesi beharrak bultzaturik; ihesi, bai hartz ikaragarriarengandik, bai hartza baino okerragoa zen mutiko harengandik.

 

        25 Orduan, bidean zihoan batek, ni noraezean, bakarrik eta jaberik gabe ikusita, hor hartu nau beretzat; berehala, nire bizkar gainean jarri eta makilaz eraginik, nik ezagutzen ez nuen bidezidor batetik narama. Nik gustura ekiten nion lasterketari, hala nire artasunaren galera ikaragarria atzera uzten nuen-eta. Kolpeek, berriz, ez ninduten asko asaldatzen, ene asto izaera ederki ohituta baitzegoen makilakadak hartzera.

        Fortuna, ordea, halako ihesaldi egokiaren kontra jarri zen azkar asko —nire zoritxarraren bidez gizentze aldera—, eta segada berriak jarri zizkidan bidean. Eta hala, gure abeltzainak, galdua zitzaien txahal baten bila zebiltzala eta lur haiek batetik bestera zeharkatzen ari zirela, gurekin topo egin zuten, eta baita ni ezagutu ere laster asko; burukotik heldurik, ni berekin eramaten saiatzen dira. Beste gizonak, ordea, gogor bezain adoretsu egiten die aurre, eta gizaki eta jainko guztiak lekukotzat harturik, oihukatzen du:

        — Zergatik naramazue arrastaka, eta zergatik indarkeria hau? Zer dela-eta zuen erasoa?

        — Zer diok, ordea? Gu ari gaituk, beraz, indarkerian, hik astoa ostu, eta eraman eta gero? Zergatik ez diguk esaten, aizak, non ezkutatu duan horren gidari zihoan mutikoa, hil egingo huen-eta ziurrenik!

        Eta berehala jaurti zuten lurrera, ukabilka hebaindu, eta ostikoka ubel-ubel jarri. Hark, ordea, behin eta berriz zin egiten zuen ez zuela inongo astazainik ikusi, baizik eta, astoa bakarrik eta abandonaturik ikusita, beretzat hartu zuela, aurkitzearengatik saria jaso, eta legezko jabeari itzultzeko. Eta gehitu zuen:

        — Nahiago nikek hain ordu txarrean ikusi dudan asto horrek berak hitz egiteko ahalmena balu, nire errugabetasunaren lekukotza eman dezan; damutuko zinatekete, bai, egin didazuen irainagatik.

        Azantza horiekin ere ez zuen ezer erdiesten. Abeltzainek, izan ere, samurkeriatan ibili ordez, hartu lepotik, eta mutikoak egurra ateratzen zuen mendi hartako baso itxietara baitaramate.

 

        26 Mendian ez zuten aurkitu, ordea, mutikorik; haren gorputza leku askotan barreiatua agertu zen, txiki-txiki egina. Ni erabat ziur nengoen, hura guztia hartz emearen haginen lana zela, eta nekien guztia esango nukeen, bai horixe, hitz egiteko gai izan banintz. Egin nezakeen gauza bakarra, ordea, mendeku harengatik nire baitan poza hartzea zen, nahiz eta berandu iritsi. Azkenean, bildu zituzten hilotzaren zati barreiatu guztiak, eta, nahikoa lanekin osatu eta gero, hantxe bertan eman zioten lurra, eta nire Belerofonte hura azienda-lapur eta erailetzat salatu zuten, eta ez zeukaten salaketa haiekiko inolako zalantzarik; beren etxoletara eraman zuten, bada, loturik, biharamun egunsentian epailearen aurrera eraman, eta haren krimenak merezitako zigorra jaso zezan; hala zioten behintzat.

        Mutikoaren gurasoak haren heriotzagatik aiene eta zotin artean negar eta negar ari zirela, hara non agertzen den lehengo nekazari hura, agindutakoa betetzera, eta erabakia zuten bezala, ni zikira nintzatela eskatuz. Han zeudenetako batek, ordea, esan zuen:

        — Orain ezin diagu denborarik galdu zeregin horretan, baina bihar bertan, ongi baderitzok, moztu ahal izango diok asto txar horri, bere barrabilak ez ezik, baita bere lepoa ere. Eta ez duk laguntza faltarik izango horretan.

 

        27 Halatsu gertatu zen nire galbidearen egun baterako atzerapena. Nik eskerrak ematen nizkion mutiko zintzoari: gutxienez, hil ondoren nire zigorra atzeratzeko oparia eskaini zidan, egun labur batez besterik ez bazen ere. Hala ere, ez zidaten atseden ttikienik ere eskaini nire pozerako eta nire sosegurako, zeren mutikoaren ama, bere semearen heriotza goiztiar hura deitoratzeko begiak malkoz beterik, jantzi beltzez estalirik, errautsez zikinduriko bere ile zuriei bi eskuez tiraka, deiadarka eta hildakoari etengabe deika, hor sartzen zait ni nengoen ukuilura, eta, bere bularrei kolpeka eta joka, honela ekiten dit:

        — Horra hor hori, lasai asko, bere askara makurtuta, bere jan beharraren morroi, jan eta jan, bere sabel aseezin eta hondogabea puzturik, nire saminarekiko errukirik gabe, eta bere gidari zenaren zoritxar ikaragarriaz oroitu ere egin gabe. Nire zahartasuna eta ahuldadea erdeinuz hartzen du, noski, eta uste du zigorrik gabe geratuko dela egin duen krimena. Agian bere burua errugabetzat edukiko du, gainera, izan ere, ohikoa baita segadarik okerrenetan ere errugabetasunez jokatu dela uste izatea, nahiz eta ongi asko jakin errua berea dela. Bada, jainko guztien izenean, lau-hankako doilor horrek, nahiz eta behin-behingoz hitz egiteko ahalmena etorriko balitzaik ere, nori, ergelena izanik ere, sartuko hioke ziri hori: alegia, hik ez duala ikaragarrikeria horretan batere errurik; zeini begira hengoen, bada, mutiko gizagaixoaren alde ostikoka jartzeko eta etsaiagandik hozka babesteko? Hainbeste bider ostikoka ekin hion, eta, hiltzera zihoanean, berriz, ezin al hintzen borrokatu beste aldi horietan bezain gogotsu? Gutxienez, bizkarrean hartu, eta bizkor-bizkor urrundu besterik ez huen, eta gaizkile izugarri horren esku odoltsuetatik atera, ihesi joan ordez, heure mirabe-laguna, heure gidaria, heure kidea, heure astazaina bakarrik eta babesgabe utzirik. Ez al dakik hiltzeko arriskuan daudenei beren laguntza eta zaintza ukatzen dietenak ere zigortuak izaten direla, giza arauen kontrako jokabidea hartzeagatik? Ez haiz, ez, denbora luzean poztuko nire zoritxarrekin; jakingo duk, bai, ni neu naizela medio, izadiak indarrak ematen dizkiela zoritxarrekoei beren oinazearen erdian.

 

        28 Eta horrela mintzaturik, soineko azpian eskuak sartu, bularrari eusten zion oihal-zerrenda erantzi, eta nire hanka bakoitza harekin inguratu, eta bata bestearekin ondo lotuta jarri zizkidan, mendekua hartzeko inolako aukerarik ez izateko, jakina. Hori egin eta ukuiluko atea ixteko erabiltzen zen haga luzea hartu, eta, jo eta jo, ez zen gelditu, harik eta, indarrak ahiturik eta husturik, hagak eskuetatik ihes egin, eta lurrera erori zitzaion arte. Orduan, besoak azkar nekatzen zitzaizkiola-eta madarikazioka, su batera joan zen, eta handik ilinti bat hartu, eta hanka tartetik sartu zidan, harik eta, geratzen zitzaidan aukera bakarrari ekinez, nire indar guztiez gorotz busti turrustada bat jaurti, eta haren aurpegi eta eskuak zeharo zipriztindu nizkion arte. Horrelaxe, itsumen eta usain nazkagarri horrekin erdietsi nuen atsoa urrunaraztea, ni hiltzera irits zedin baino lehenago; horregatik izan ez balitz, hantxe hilko zen Meleagroren astoa, eldarnioak bete-betean harturiko Altea baten eskutan.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia