VI. LIBURUA

 

        1 »Bitartean Psike senarraren bilaketa larrian zebilenan, norabide jakinik gabe, egunez zein gauez. Gero eta gogo biziagoak etortzen zitzaizkionan, haren haserrea emazte-laztanez baretzeko ez bazen ere, bai gutxienez leuntzeko bere esklabo-erreguez. Urrunean eliza bat, mendi malkartsu baten gailurrean zegoena, ikusirik, oihu egin zinan:

        »— Nola jakin ene jauna ez ote den hor bizi?

        »Eta segituan harantz zuzendu zitinan bere pauso presatiak, ordu arteko ahalegin etengabeaz ahulduak, baina orain itxaropenak eta desioak suspertuak. Gailurrik altuenak igo, elizan sartu, eta jainkoak jarlekua eduki ohi duen lekura hurbildu zunan. Han galburu mordoxka ikusi zinan: batzuk pilatuta, besteak txirikordatuta koroak osatuz; garagar buruak ere ikusi zitinan. Igitaiak ere bazeudenan, eta segarako beste tresna guztiak, baina guztiak lurrean botata, lardaskan eta zabarkeriaz nahaspilatuta, udako ordurik sutsuenetan segalarien eskuek utzi ohi dituzten antzera. Psikek kontuz-kontuz jaso zitinan tresna horiek guztiak, eta bakoitza bere lekuan txukun-txukun jarririk, pentsatu zinan ez dela inongo elizarik eta inolako jainkorik utzi behar omenik gabe, jainko guztien erruki onberari erregu egin behar zaiola baizik.

 

        2 »Lantegi horretan arreta osoz ari zela, Zeres-ek, janarien jainkoak, harrapatu zinan, eta berehala egin zinan oihu urrutitik:

        »— Posible ote da, Psike gaixo hori? Venus hire arrastoen atzetik zabilen mundu osoan, bihotza haserrez irakiten duela; aldarrika ari dun hi behin betiko oinazeaz zigortzeko, eta mendekua hartu nahi din bere botere jainkotiarraren indar guztiez. Nola liteke hik, bitartean, nire gauzak zaindu, eta heure burua salbatzea ez den beste ezertan pentsatzea?

        »Orduan Psikek jainkosaren oinetara bota zinan bere burua, eta horiek malko-errekaz busti eta lurra adatsez garbiturik, haren laguntza eskatzen zinan era guztietako erreguez.

        »— Fruituak oparitzen dituen zure eskuin beso horrengatik eskatzen dizut, uztaren ernalgarri diren erritoengatik, zure saskitxo sakratuetako sekretu hautsiezinengatik, zure zerbitzura dauden herensugeei loturiko gurdi hegaldunagatik, Siziliako soroetako erretenengatik, gurdi bahitzaileagatik eta horren harrapakinaren lur zekenarengatik, Proserpinak ilunpeko ezteietara egindako jaitsieragatik, zure alabak elkarbiltze argirantz egindako itzuleragatik, Atikako Eleusis-eko santutegiak isiltasunezko zapiz estaltzen dituen misterio guztiengatik: zatoz orain erreguka ari zaizun Psikeren arima zorigaitzekoaren laguntzan. Utzidazu ezkutatzen, egun gutxi batzuetan bada ere, galburu pilo horretan, denboraren joanak hain jainkosa indartsuaren haserre krudela bare dezan; edo, gutxienez, lan luzearen ondoren ahiturik dauden nire indarrak atseden aldi horretan berreskura ditzadan arte.

 

        3 »Zeres-ek erantzun zionan:

        »— Hunkitu egin naun heure malkoez eta erreguez, eta lagundu egin nahi dinat. Alabaina, ezin zionat aurre egin nire odol bera daraman jainkosaren erresuminari, zeinarekin aspaldiko harreman adiskidetsuak landu baititut, eta, gainera, emakume aparta baita. Beraz, hoa segituan nire egoitzatik, eta hago pozik harrapatu eta bahitu ez haudalako.

        »Psikek, horrela uxatua (ez zinan espero baina), eta pena bikoitzak samindurik, etorritako bidetik abiatzean, arkitektura adimentsuko santutegi bat ikusi zinan bere oinetan hedatzen zen haran bateko basotxo sakratu baten ilunpean. Itxaropen hobea aurkitzeko inolako aukerarik —ziur gabeena izanda ere— galdu nahi ez zuenez, eta edozein jainkoren laguntza eskatu nahirik, sarrera sakratura hurbildu zunan. Han opari baliotsuak ikusi zitinan, eta zuhaitzen adarretatik eta ateen habeetatik zintzilik, jantziak, eta haietan urrezko letraz idatzirik, opari haiek eskaini zizkioten jainkosaren izena, eskuratutako mesedearen eskerronaren ondoan. Orduan, belaunikatu eta, artean epel zegoen aldarea bere eskuez inguraturik, malkoak xukatu, eta jainkosari ondorengo otoitza egin zionan:

 

        4 »— Oi, Jupiter-en arreba eta emazte hori: Samos-eko antzina-antzinako santutegian —zure sehaska izateaz eta zure haur-negarrak entzuteaz eta zu haurtzaroan hazi izanaz harro dagoen leku bakarrean— bizi bazara ere, maiz ibiltzen bazara ere Kartago harroaren zorioneko egoitzetan —non lehoi gainean zaudela birjintzat gurtzen zaituzten— Inako-ren urertzeko Argos-eko harresi aintzatsuen erregina bazara ere, trumoi jaunaren emaztetzat eta jainkoen erreginatzat ezagutzen baitzaitu —Ekialde osoak Zygia izenez eta Mendebalde osoak Luzina izenez—: itxaropenik gabeko zorigaizto honetan izan zaitez ene Juno Salbatzailea, eta libra nazazu gainera datorkidan arriskutik, akiturik ikusten nauzun une honetan, eta hain zorigaizto ikaragarriak jasan eta gero. Nik dakidanez, atseginez laguntzen diezu erditzeko zorian dauden haurdunei.

        »Erregu horiek egiten ari zitzaiola, Juno bera agertu zitzaionan bere boterearen maiestate agurgarriaz, eta hauxe esan zionan segidan:

        »— Sinets iezadan: zein atsegin izango nukeen neure gogoa hire erreguen esanera jartzea! Alabaina, ohoreak ez zidan Venus-i kontra egiten uzten, nire erraina baita eta beti alaba gisa maite izan baitut. Gainera, legeek, besteen esklabo ihesleak jabeen borondatearen kontra ezkutatzea debekatzen dutenek, ez zidaten hori egiten uzten.

 

        5 »Psike, bere fortunaren beste porrot harengatik lur jota, bere senar hegalduna aurkitu ezinik eta salbatzeko itxaropen oro galdurik, honela mintzatu zunan bere kabutan:

        »— Beste zein laguntza eskuratzen saia ninteke? Zein bitartekotara jo nezake neure samina arintzeko, jainkosa horien laguntzak berak, beren borondate on eta guzti, ezertarako balio izan ez badit? Nora zuzenduko ditut berriro pausoak, inguratua bainago hainbeste sarez? Zein sabairen azpian edo zein ilunen pean ezkutatu behar ote dut Venus handiaren begi saihestezinei itzuri egiteko? Zergatik ez haiz gizontasunezko ausardiaz janzten, itxaropen galduari uko egin, heure anderearen eskuetan heure kabuz jarri, eta, apaltasunez, nahiz orain berandu izan, haren kemen amorratuak baretzen saiatzen? Nork daki ez ote dunan han, bere amaren etxean, aurkituko horrenbeste denboraz bila habilena?

        »Horrela, esanera jarri, arriskurako eta heriotza galbiderako ere prest, bere barnean hausnartzen ari zunan ea nondik nota hasi behar ote zuen bere erreguekin.

 

        6 »Venusek, bere aldetik, lurreko azterketei utzi, eta zerurantz jo zinan. Hara iritsirik, Vulkano urregile finak harentzat ahal zuen trebeziarik handienaz egin eta ezkontza ospatu aurretik ezkon oparitzat eskainitako gurdia presta ziezaiotela agindu zinan; limaren igurtziek ondutako lana dun, eta prezio handikoa, hura edertzeko erabili zuen urrearen arabera. Bere erreginaren egoitzaren inguruan habia duten uso anitzen artetik, lau uso zuri aurreratu zitunan urrats gozoz, eta beren lepo dirdaitsuak makurturik harribitxiz apaindutako uztarrira jarri, beren erregina igo, eta hegada alaian abiatu zitunan. Jainkosaren gurdiaren atzetik, hegada zalapartatsuan, txolarreak zebilzkionan inguruan jostari. Beste hainbat hegazti kantu gozodunek, beren doinu leunez eztiki hots egin, eta jainkosaren etorreraren berri zabaltzen zitenan. Hodeiak baztertu egin zitunan, eta zerua bere alabarentzat zabaldu, eta eterrak, han gailurrean, bozkarioz hartu zinan jainkosa; Venus boteretsuaren lagun-oste kantariak, berriz, ez zinan batere beldurrik arranoekin eta zapelatz harrapariekin topo egiteko.

 

        7 »Aurrera egin zinan zalantzarik gabe Jupiter-en erret jauregietaraino, harro adierazi zinan bere eskabidea, eta Merkurio jainko ahots ozendunaren berehalako laguntza eman ziezaiotela eskatu. Jupiter-en bekoki ilunak ez zionan ezezkorik eman. Laster jaitsi zunan Venus zerutik, arrakastatsu, Merkurio lagun zuela; eta honako hitz hauek esan zizkionan, kezkaz:

        »—Arkadian jaiotako jainko senide hori: jakingo duk honez gero Venus hire arrebak ez duela inoiz ezer egin Merkurioren laguntzarik gabe, eta jakinaren gainean egongo haiz zenbat denbora daramadan nigandik ihesi dabilen neska zerbitzari baten bila. Hire mezularitzak hura aurki dezanarentzat ordainsaria aldarrikatzea besterik ez duk geratzen. Beraz, bete ezak arin nire agindua, eta eman itzak argitasun osoz hura ezagutzeko seinaleak: hura legearen kontra ezkutatzeaz salatuko balute inor, ez dezala bere burua babesteko aukerarik izan deus ez zekiela adieraziz.

        »Eta hori zioen bitartean, ohar bat luzatu zionan, non Psikeren izena eta beste jakingarriak baitzeuden jarrita. Hori eginik, bere egoitzara erretiratu zunan berehala.

 

        8 »Merkuriok ez zionan obeditzeari uko egin. Eta, alde guztietako herriak zeharkatzen zituela, honela bete zinan agindu zitzaion eginkizun aldarrikatzailea:

        »— Inork Psike izeneko iheslea, errege baten alaba, Venus-en zerbitzaria, bere ihesean harrapa ahal baleza edo salatu zein lekutan ezkutatu den, bihoa Murtiako Habeen mugetara Merkurioren bila, zeina aldarrikari publikoa baita; zazpi musu eta bat gehiago, askoz ere eztiagoa, zeina mihi puntaz igurtziz emana izango baita, jasoko ditu Venus beragandik, salaketaren ordainsariz.

        »Merkuriok, bere mezua hitz horien bidez zabaltzean, hilkor guztien lehia eta ardura ziztatu zizkinan ordainsari bereziaren grinak. Eta horrek eman zienan amaiera Psikeren zalantza guztiei. Bere erreginaren ateetara hurbiltzen ari zela, Ohitura izeneko Venusen zerbitzari bat joan zitzaionan bila lasterka, eta berehala oihu egin zinan ahal zuen indar guztiaz:

        »— Zerbitzari gaizto horrek, ikasi al dun halako batean jabe bat dunala? Edo agian, hire bila joateagatik jasan behar izan ditugun neke handiak ezagutzen ez ditunanaren itxura egiten ari haiz heure ohiko lotsagabekeriaz? Eskerrak nire eskuetan erori haizen; Orkoren beraren atzaparretan harrapaturik hago eta laster ordaindu behar dun hain bihurrikeria egoskorragatik merezitakoa.

 

        9 »Eta adatsetatik zakarki oratuz, arrastaka zeramanan, neskaren inolako gogorkeriarik gabe. Venusek, bere aurrean ikusi bezain laster, sekulako algara egin zinan, amorru bizian daudenek egin ohi dutena bezalakoa, eta buruari eraginez eta eskuineko belarria igurzten zuela, hala mintzatu zunan:

        »— Makurtu al haiz azkenean heure amaginarreba ikustera? Edo, agian, heure senarrari bisita egitera etorri haiz, hik egindako zauriagatik arriskuan dagoelako? Ez kezkatu, ordea, errain on bati dagokion eran hartuko haut-eta —eta erantsi zuen—: Non dira Kezka eta Tristura, ene zerbitzariak?

        »Horiek sartu bezain azkar, zigortzeko eman zienan neskatxa. Bi zerbitzariak, ugazabaren agindua bete, eta zigorrez jo zitenan Psike gajoa; era guztietako oinazez zigortu, eta berriro erreginaren aurrera eraman zitenan. Orduan, ostera algara egin, eta honela mintzatu zunan Venus:

        »— Hara, nola ari den nire errukia piztu nahian bere sabel puztu horren laguntza lizunaz, izan ere amona zoriontsua egingo nain horko fruitu aintzatsuak. Zorionekoa ni, benetan, adin loratuan amona deitua izango naizelako; esklabo txatxu baten semea Venusen biloba izango dun aldi berean. Hala ere, tuntuna ni, inolako oinarririk gabe neure oinordekotzat jotzen dudalako; izan ere, maila desberdinekoen arteko ezkontza izan baita zuena; eta gainera, landan egin zenez, eta lekukorik eta gurasoen baimenik gabe, ezin dun zilegitzat jo; beraz, sasikume jaioko dun haurra; ernaldiari amaieraraino uzten badiogu behintzat.

 

        10 »Hitz horiek esanik, han joan zunan haren gainera: arropak zeharo urratu, adatsak erauzi, eta jipoitu eta ankerki kolpatu zinan buruan. Gero, gari, garagar, milu lo-belar, garbantzu, dilista eta baba aleak ekarrarazi, dena pila batean nahastu, eta honela mintzatzen zitzaionan:

        »— Hi bezalako esklabo dohain-urri batek bere maitaleen zerbitzura zintzo jarriz soilik eskuratu ahal izan ditin haien faboreak. Bada, oraintxe bertan ezagutuko ditinat hire abileziak. Bana itzan pila nahasi horretako aleak eta, banaka-banaka berezi eta txukundu, eta ekar ezan heure lana nire oniritzia jasotzera arratsaldea baino lehenago.

        »Ale ugariko pila hura erakutsi eta gero, eztei-oturuntz batera joan zunan Venus. Psikek ez zinan eskua inguratu ere egin pila itxuragabe hartara; aitzitik, agindu haren ikaragarritasunaz mindurik, mutu eta zurturik gelditu zunan. Orduan inurria, landetako biztanle apala, hain eginkizun handiaren zailtasunaz jabeturik, jainko handiaren maitaleaz errukitu, eta amaginarrebaren ankerkeria madarikaturik, korrika hasi zunan hara eta hona gelditu gabe, auzoko inurri-armada oso bati deitu zionan, eta, elkartutakoan, honela mintzatu zunan:

        »— Erruki zaitezte, guztiaren ekoizle den lurreko izaki zaluok, erruki zaitezte, bai, Amodioaren emazteaz, arriskuan dagoen gazte eder horretaz; zoazte lasterka hari laguntzera.

        »Bata bestearen atzetik, inguru-minguru hasi zitunan sei hankadun jende horiez osaturako uhinkadak, eta, zein baino zein lehiatsuago, pila osoa bereizi zitenan, alez ale; guztiak pila desberdinetan motaren arabera banatu eta sailkatu eta gero, arin desagertu zitunan bistatik.

 

        11 »Arratsaren hasieran, eztei-oturuntzetik itzuli zunan Venus, ardoz bustia, usain-gozoen lurrina zeriola eta gorputz osoa kolore dirdaitsuzko arrosa-uztaiez inguraturik, eta lan harrigarri hura zein arduratsu burutu zuen ikustean, esan zionan:

        »— Emakume gaizto hori; hori ez dun heure lana izan, ez eta heure eskuena ere, heure zoritxarrerako eta bere zoritxarrerako atsegin hatzaion harena baizik.

        »Eta ogi pusketa beltz bat neskari jaurti, eta etzatera joan zunan. Bitartean, bahitu baten antzera zegonan Kupido, etxearen harantz aldeko gela bakarti batean bakarrik eta alde batera utzia, itxia eta inorekin harremanik gabe: alde batetik bere suhartasun harroak zauria okerragotu ez ziezaion, eta baita bere grina sortzen zionarekin elkar ez zedin ere. Horrela, bata besteagandik bereizita, oso gau tristea pasa zitenan bi maitaleek, sabai beraren azpian egonik ere.

        »Hala ere, Egunsenti bere gurdian abiatu bezain azkar, Venusek Psikeri deitu zionan, eta honela mintzatu:

        »— Ikusten al dun baso hura, bere mugan bustitzen duen ibaiaren luzeran hedatzen dena eta bertako azken sastrakek ondoko iturria mendean hartzen dutena? Larrean noragabe, inongo begiralerik gabe, ardi batzuk zabiltzan bertan, eta haien ileak urrearen berezko distiraz errainu egiten din. Bada, nahi dunan bezala konpondu, eta ekar iezadan berehala ardi horien He baliotsutik sorta bat.

 

        12 »Atseginez abiatu zunan Psike, baina ez agindutakoa betetzeko asmoz; bere burua urertzeko haitz batetik behera ibaira bota, eta bere zoritxarrentzat atsedena aurkitzeko baizik. Alabaina, ibaiaren altzotik beretik, kanaberadi berde batek, zeinari doinu ezti bat baitzerion, honako igarpen hau egin zinan haizexka arin baten zurrumurru leunez:

        »— Oi, Psike, hain zorigaizto handien biktima, ez itzan nire ur sakratuak heure heriotza gaiztoaz zikin, eta ez hadi ordu honetan ardi beldurgarri horiengana hurbiltzen saia. Amorru haserretsuz jokatzen diten Eguzkiaren suaz berotuak daudenean, eta beren adar zorrotzez, beren bekoki harria bezain gogorraz, eta batzuetan beren hozka pozoituez, sarri egiten zietenan eraso gizakiei, eta heriotza ekarri. Hala ere, ezkutuan gorde haiteke nire erreka beretik edaten duen hango platanondo handi-handi haren azpian, harik eta arratsaldeko eguzkiak bere sua ahuldu, eta abere horiek ibaiko haizexkari esker baretzen hasi arte. Eta ardiek, beren amorrua baretu eta gero, haserrea arindu bezain azkar, alboko basoko adarrak astindu, eta urrezko artile horren sortak aurkituko ditun, edonon zintzilik egongo baitira adar-sare sarri horretan.

 

        13 »Horrela, atsegintasunez eta gizalegez beterik, erakutsi zionan salbabidea kanaberadiak, Psike minduari. Neskak ez zitinan utzi entzun gabe, belarri zorrotz eta arduratsuz, haren oharkizunak, eta guztiak hitzez hitz bete eta gero, lapurreta erraz baten ondoren, Venusengana itzuli zunan, altzoa urre gorrizko artile-sorta bigunez beterik zeramala. Bigarren froga hartan lorturiko arrakastak ere ez zinan, hala ere, merezi izan, nonbait, bere ugazabaren onespena; aitzitik, honela esan zionan hark kopeta beltzez eta irribarre mingotsez:

        »— Oraingoan ere ez zaidan ezezaguna atzipe horren egile faltsua. Eta oraintxe bertan ikusiko dinat, ezbairik gabe eta benetan gogo lehiatsua eta zuhurtasun paregabea ote dauzkanan dohaintzat. Ikusten al dun mendi malkartsu baten gailurra haitz handi-handi haren gainean? Handik amiltzen ditun iturri beltz baten uhin ilunak, eta alboko haran batean bareturik, Estigio ibaiaren aintziretan uzten diten ura, eta Kozitoko lats marrantatsuak elikatzen. Gailurrik altuenean, iturria lurraren erraietatik jaiotzen den leku berean, jaso eta ekar berehala ontzi txiki hau izotza bezain ur hotzez beterik.

        »Eta horrela mintzatu, eta mehatxurik ikaragarrienak gehiturik, beira landuzko ontzi txiki bat eman zionan.

 

        14 »Psikek pausoa arindu zinan presaka, eta mendiaren gailur urrunera zuzendu zunan. Uste zinan han aurkituko zuela bere bizitza hondatuaren amaiera. Alabaina, adierazitako gailurraren inguruetara iritsi eta berehala, betebeharraren ikaragarritasuna eta hango oztopo hilgarriak ikusi zitinan. Egundoko haitza zunan, oso altua, zoru amiltsuagatik helgaitza eta labaingarria. Horma hartan irekitako arraildura batek ur nazkagarriak jaurtitzen zizkinan oka eginez, eta horiek aho okertuen zuloetatik alde egin eta segituan, maldan behera irristatzen zitunan ezkutuan, hodi estu antzera haitzean zulatua zuten erretenean zehar, eta alboko haranera erortzen zitunan. Horra non herensuge ikaragarri batzuk agertzen diren, ezkerretara eta eskuinetara, haitzaren zuloetatik: beren lepo luzeak astindu zitiztenan sugeen antzera, esna aldi betikoan inoiz ez ixtera kondenaturik dauden begiez, zeinetan beti argiari irekita etengabe zelatan baitauzkate begi-niniak. Gainera, urak, ahosdunak, beren burua gordetzeko gauza zitunan, ezen, tai gabe oihukatzen zitenan:

        »— Hoa hemendik! Begira zertan ari haizen! Argi egiten dunanarekin! Hoa ihesi! Hil egingo haiz!

        »Horrela, Psike harri eta zur gelditu zunan erabateko ezintasunaren aurrean. Gorputzez leku hartan bazegoen ere, haren oharmena, ordea, beste leku batean zegonan, eta, irtenbiderik gabeko arriskuaren zamak erabat itota, ez zeukanan malkoen kontsolamendurik ere.

 

        15 »Ardura onberaren begi zoliei ez zitzaienan arima errugabe horren oinazea ezkutatu. Jupiter handiaren errege-arranoa, arrano harraparia, bat-batean agertu zunan, bada, bere hegoak zabalik. Eta, aspaldiko mesede batez oroiturik, Kupidoren gidaritzapean Jupiterrentzat Frigiako kopaduna harrapatu zuenekoaz, ordu oneko laguntza eraman zionan Psikeri; eta jainko boteretsuari ohore egin nahian beronen emaztearen lan-nekeen esker onez, zeru-sabaiko bide etereoak utzi, eta neskaren begien aurrean hegan eginik, honela mintzatu zitzaionan:

        »— Hain xalo eta gauza horietan hain eskarmentu gabea haizen horrek, uste al dun gauza izango haizela, ez lapurreta egiteko, ez, iturri sakratu bezain ikaragarri horretako tanta bakar bat ere ukitzeko baizik? Ez al dakin, entzutera gutxienez, Estigioko ur horiek izua eragiten dietela jainkoei berei zein Jupiterri berari ere, eta zuek, hilkorrok, jainko indarren izenean zin egiten duzuen bezala, Estigio ibaiaren maiestatearen izenean egiten dutela jainkoek? Ea bada, emadan kutxa hori.

        »Eta une berean kendu egiten zion kutxa; atzaparren artean hartu, hegan azkar egin, eta bere hegalen irudi gorabeheratsua balantzatu, eta eskuin eta ezkerretara zabaldurik, hortz odolzalezko masail-hezurrez eta gezi hirukoitza dardaran daukaten mihiz armaturiko herensugeen artetik igaro zunan. Gero, ur oldartsu haiek jaso zitinan, eta minik gabe itzuli ahal izateko, Venusen aginduz etorri zela esan zienan, haren zerbitzuan zegoela, eta horrekin errazago hurbildu ahal izan zinan.

 

        16 »Horrela, Psikek pozik jaso zinan urez beteriko kutxa txikia, eta Venusengana eraman zinan presaka. Oraingoan ere ezin bereganatu, ordea, jainkosa errukigabearen gogoa. Gogor mintzatu zitzaionan hura, irribarre gaiztoz eta are zigor handi eta ankerragoen mehatxu eginez:

        »— Sorgin handia iruditzen hatzait benetan, kaltegintzan zeharo trebea, ezen, ordutsu bete ditun nire agindu ikaragarriak. Hala ere, honako agindu hau egin beharko didan, polit horrek. Har ezan kutxatxo hau —esan zionan— eta hoa berehala infernuetara, Orko beraren penate ilunengana. Hara iristean, erakuts iezaion kutxatxo hau Proserpinari, eta esan: «Venusek erregutzen dizu bidal diezaiozula zure edertasunaren zati txiki bat, egun baterako adina gutxienez; izan ere, lehen zeukana xahutu egin baitu; hobeto esanda, zeharo alferrik galdu, bere seme gaixoa zaintzen». Alabaina, ez berandutu itzulera, ezen harekin igurtzi behar dinat neure burua jainkoen teatroan egingo den ikuskizun batera joateko.

 

        17 »Orduan inoiz baino argiago ikusi zinan Psikek iritsia zela bere zoriaren amaierara, eta aurrez asmatutako heriotzara bultzatu berria zutela inolako zurikeriarik gabe. Zer bestela, izan ere, bere oinekin, bere kabuz joatera behartzen baitzuten Tartarora, Maneen egoitzara? Eta geldiune gehiago egin gabe, oso dorre altu batera abiatu zunan, bere burua handik behera botatzeko. Horrela infernuetara jaitsi ahal izango zela uste zinan, biderik zuzen eta ederrenean behera. Dorrea, ordea, bat-batean hizketan hasi zitzaionan, esanez:

        »— Zorigaiztoko neskatxa hori, zergatik nahi dun heure buruaz beste egin, hutsera amilduz? Zergatik ematen dun amore, inolako arrazoirik gabe, azken froga horren aurrean, azken lan horren aurrean? Zeren, izpiritua gorputzetik bereizten bazain, Tartaroren hondoraino joango haiz ezbairik gabe, baina ezin izango haiz inola ere handik itzuli. Jar iezadan arreta.

 

        18 »— Hemendik ez oso urrun —jarraitu zuen— Lazedemonia zagon, Akaiako hiri ospetsua. Topa ezan bertan Tenaro, Ditisen auzo den leku ezkutu eta desbideratua. Hantxe bertan ageri dun Plutonen egoitzaren arnas zulo bat, eta ate irekietatik itzulerarik gabeko bidea ikusten dun. Ate-uztaia zeharkatu, eta bide horretan sartu bezain azkar, Orkoren jauregi berera iritsiko haiz. Ez dun, hala ere, esku hutsik joan behar leku horretaraino, ilunpetan zehar. Esku bietan garagar irinezko talo batzuk eraman behar ditun, ezti-urez oratuak, eta ahoan bi txanpon. Hildakoen egoitzara daraman bidearen zati handi bat egin, eta asto herren bat aurkituko dun egur zama bat daramana, korta-mutila, astoa bezain herrena, aurretik doalarik. Horrek hauxe erregutuko din: bere sortatik eroritako adaxka batzuk jasotzeko; baina hik gor eta mutu egin behar dun aurrera. Berehala iritsiko haiz heriotzaren ibaira. Karontek, hango agintariak, ibilaldiaren ordainketa eskatzen din hara iritsi orduko, eta horrela soilik eramaten ditin bidaiariak beste ertzeraino larru josiz estalitako bere ontzian. Ikusten dunanez, hildakoen artean ere bizi dun zekenkeria, eta Karonte bezalako jainko batek, Plutonen zergen biltzaileak, ez din ezer egiten ordainik gabe; behartsu bat hiltzera badoa, bidai sariaren prezioa eskuratu behar din lehenbizi, eta hark halabeharrez kobrezko txanponen bat ez baldin badauka eskura, inork ez zion utziko azken arnasa ematen. Bi txanponetako bat emango dion agure nazkagarri horri bidai saritzat, baina hark bere eskuaz hire ahotik har dezan eran. Eta hori ez dun guztia: ur-joan alferra zeharkatzen ari haizenean, hildako agure batek, ur azalean igeri, bere esku ustelduak luzatuko ditin higana, eta tira egiteko erregutuko din, ontzian sartzeko. Ez, ordea, heure buruari samurtzen utzi debekatua daukanan errukiaren bidez.

 

        19 »— Ibaia zeharkatu —jarraitu zuen— eta bide labur bat egitean, laguntza eskatuko dinate ehun bat osatzen ari diren ehungile zahar batzuek; baina ez daukan lan hori ukitzerik; izan ere, amarru horiek guztiak eta beste asko, Venusek jositako lakioak ditun, heure eskutik talotxo bat gutxienez aska dezanan. Ez uste izan hutsala denik garagarrezko taloa galtze arin hori, ezen, bietako bat galtzen baldin badun, erabat ukatua izango zain egunaren argira itzultzea. Izan ere, hiru lepo eta beste horrenbeste buruko zakur erraldoi bat, animalia munstro antzeko eta ikaragarria, hildakoei zaunka aritzen dun bere eztarri trumoitsuez, eta inolako minik egin ezin badie ere, zentzugabeko ikara ematen zien. Ate-uztaiaren aurrean bertan egoten dun zaindari, Proserpinaren atari ilunen aurrean, eta Ditis-en egoitza hutsa zaintzen din arretatsu. Taloetako bat jaurtitzen badion atsegin har dezan, aise igaroko hatzaio eta Proserpina beraren jauregian sartuko haiz zuzenean, zeinak, atseginkor eta onbera harturik, eserleku bigun batean esertzera eta oturuntz ugaria hartzera gonbidatuko baihau. Hi, ordea, lurrean eseri; ogi zakarra bakarrik eskatu, eta jan; gero, esaion zertara etorri haizen, eta, eskainitakoa harturik, itzuli berriro. Apal ezan zakurraren amorrua geratzen zainan taloaz, eta emaion gordetako txanpona gabarra-zain zekenari: haren ibaia zeharkatu eta gero, lehengo urratsak zanpatuko ditun berriro, eta goiko zeru hauxe ikusiko dun bere izarren koru argitsuarekin. Eta, benetan esaten dinat, honako gomendio hau bete behar dun batez ere: ez saiatu daramanan kutxatxoa zabaltzen, ezta barnean doana aztertzen ere; hitz batez, ez hadila hor gordeta dagoen jainkozko edertasunarekiko jakin-minetan has.

 

        20 »Era horretan bete zunan dorrearen eginkizun profetikoa. Psike, duda-mudatan ibili gabe, Tenarora joan zunan, eta, txanponez eta adierazitako taloz horniturik, azkar jaitsi zinan infernuko bidea, eta astoa zeraman herrena isilean aurreratu, gabarra-zainari txanpona bidai saritzat eman, eta ur gainean igerian zihoan hildakoari kasurik egin gabe, ehungileen gezurrezko erreguak alde batera utzi, zakurraren amorru ikaragarria taloetako bat jaurtiz baretu, eta horrela iritsi zunan, azkenean, Proserpinaren egoitzara. Ez zinan onartu, ez jarleku bigunik, ez etxekoak eskainitako oturuntz ugaririk, baizik eta, haren oinetara apalki eseririk eta ogi zakar batez etsirik, Venusek agindutako betekizuna adierazi zionan. Kutxatxoa —ezkutuan betea eta itxia izan zena— jaso, eta zakurraren ahoa laxatu zinan bigarren taloaz, bigarren txanpona gabarra-zainari eman, eta bere buruarekiko uste osoa zuela irten zunan infernutik. Eta, berriro itzultzean, argi distiratsua ikusi eta gurtzeko orduan, bere eginkizunaren azkenera iristeko presaz bazegoen ere, jakin-min arriskutsuak hartu zinan Psikeren gogoa, eta bere buruari esan zionan:

        »— A zer tuntun-pertza naizen, alajaina; jainkozko edertasuna zeramanat, eta nola egon, bada, kutxatxo horretatik pittin bat ere niretzat atera gabe, horrela behintzat nire maitale ederrari atsegin emateko?

 

        21 »Eta hori esanik, kutxatxoa zabaldu zinan. Ez zegonan han ezer, ez inolako edertasunik, infernuzko lozorroa baizik, Estigiako benetako lozorroa, eta honek, estalkia kendu bezain azkar, erabat bereganatu zinan Psike. Lurrin lodi zorabiagarri bat hedatu zitzaionan gorputz-atal guztietan zehar, eta bereganatu egin zinan, zegoen leku berean bidezidorraren erdian erorarazirik. Eta hantxe zetzanan geldirik, gorpu lokartua besterik ez zela.

        »Kupidok, ordea, zauria itxi eta gero osasuna berreskuraturik, bere Psike kuttunaren falta denbora gehiagoz jasan ezinik, leiho batetik ihes egin zinan atxilo zegoen gelatik. Eta atseden luzeaz bere hegalen indarra berreskuratua zuenez, abiada handiagoan joan zunan lasterka bere Psike maitearen bila. Haren ondora iristean, lozorroa kontu handiz kendu, eta lehen zegoen kutxatxoan sarturik, Psike esnarazi zinan gezietako baten sastada arin batez, eta esan zionan:

        »— Hara nola galdu haizen berriro ere, zorigaiztoko haurra, jakin-min berdintsuagatik. Alabaina, hik nire amaren aginduz eman zainan betekizuna amaitzen dunan bitartean, nik beste gauza batzuk egin behar ditinat.

        »Eta hori esanik, maitale hegalduna airean abiatu zunan, Psikek Venusi Proserpinaren oparia zeramakion bitartean.

 

        22 »Kupidok, berriz, amodio izugarri batek harrapatuta eta oinaze itxuraz, bere amaren berehalako gogorkeriaren baten beldurrez, bereari ekin zion, eta bere hegal zaluez zeru sabaian barrena sarturik, erregu egin zion Jupiter handiari, haren aurrean bere arazoaren alde mintzaturik. Jupiter, Kupidori masailean atximur egin, haren esku bat muin emateko ahora eraman, eta honela mintzatu zitzaionan:

        »— Hik, seme jaun horrek, ez didak inoiz jainkoen aho bateko aginduz zor zaidan ohorerik egin; aitzitik, kolpe etengabeez zauritzen aritu haiz elementuen legeak eta izarren mugimenduak agintzen dituen nire bular hau, eta, gainera, amodiozko gorabehera lurtarren ahuldadean abailtzera eraman nauk etengabe; nabarmen utzi dituk ene ohorea eta ospea ezkontza hauste baldarren bidez, Julia legearen beraren kontra eta moral publikoaren beraren kontra, nire itxura handia sugearen irudi gaiztoaz, edo suarenaz, edo pizti batenaz, edo hegazti nahiz ezein etxe-abererenaz trukatuz; hala ere, nire onberatasuna aintzat hartu eta esku hotz hauen artean hazi haizela kontutan hartu, eta eskatzen didaan guztia egingo diat, baldintza batez: alegia, heure eginbeharraz jabeturik, neurriak hartu behar dituk hire antzera jokatu nahi dutenekin eta, bestalde, orain lurrean dagoen neskarik ederrena eskaini behar didak egindako mesedeagatik.

 

        23 »Horrela mintzaturik, jainko guztiak batzarrera dei zitzala agindu zion Merkuriori, eta aldarrika zezala, ezen, horietakoren bat zeruko bilera horretara etortzen ez bazen, hamar mila sestertzioko isuna jarriko zitzaiola. Mehatxu horrekin, berehala bete zunan zeruko teatroa; orduan Jupiterrek, eserlekurik altuenean besteen gainetik eserita, honako hitzaldi honi ekin zionan:

        »— Musen erregistroan izena daukazuen jainkook: jakingo duzue guztiok neronek hazi dudala gazte hori neure eskuez. Egokia iruditu zait hainbat muga jartzea bere lehen gaztaroko kemen sutsuei: aski du bere ospea galdu izana, eguneroko ezkontza-hausteen eta burura daitekeen edozein lizunkerien bidez. Aukera oro kendu behar zaio eta bere lotsagabekeria nerabea kateatu ezkontzaren giltzarrapoaz. Aukeratua du neskatxa bat eta birjintasuna ere kendua dio. Beraz, gera bedi berarekin, izan beza beretzat, atsegin har beza betiko bere amodiozko gurarian, Psikerekin elkarturik.

        »Eta Venusengana aurpegia jiraturik, erantsi zinan:

        »— Eta hi, ene alaba, ez hadi tristatu ezergatik, ez izan beldurrik, hilkor batekin ezkondu dela, eta hire leinu nobleak edo hire izaera agurgarriak orbainik sufrituko duelakoan. Ez dinat ezkontza itxuragaberik egingo, zilegizko ezteia baizik, zuzenbide zibilaren arabera.

        »Eta segituan agindu zinan, ezen Merkurio joan zedila Psike harrapatzera, eta eraman zezala zerura. Hara iritsita, neskari anbrosia kopa bat eskaini zionan, esanez:

        »— Har ezan, Psike, eta izan hadi hilezkor. Kupido ez dadila inoiz aldendu hire lokarrietatik; ezkontza hau betikoa izango dun zuentzat.

 

        24 »Eztei-oturuntz ederra atera zitenan berehala. Ohorezko ohean mutil ezkonberria zegonan etzanda, Psike beso artean harturik. Gero, Jupiter bere Junorekin, eta, hurrena, gainerako jainko-jainkosak, bakoitzaren mailari zegokion lekuan jarririk. Jupiterren kopa zerbitzari egiten zuen artzain gazteak lore-ezti kopa eskaintzen zionan, hori baita jainkoen ardoa. Besteei Liber-ek ematen zienan edatekoa; Vulkanok prestatzen zitinan janariak; Orduek aire gorrizta ematen ziotenan giroari, arrosaz eta beste lorez apaindurik; Dohainek usain-gozoak zabaltzen zitiztenan; Musek beren ahots gozoak entzutera ematen zitiztenan; Apolok ere kantatu zinan, bere zitararen doinura. Venus, bere pausoak musika leun baten erritmora neurtuz, dantzan hasi zunan alaitsu, eta Musak koruan hasi zitunan, Satiro bat txirulajole zutela, eta Panisko, xaramelaren doinura kantari. Horrela heldu zunan Psike, agindutako erritoen arabera, Kupidoren senar-agintepean jartzera. Eta bere garaia iritsi zenean, alaba bat jaio zitzaienan, Limurtasuna deitzen dioguna».

 

        25 Horixe zen atso zahar gajo, zoro eta mozkorra gazteño bahituari kontatzen ari zitzaiona. Nik, haiengandik ez oso urrun, benetan deitoratzen nuen eskura ez edukitzea ez oholtxorik ez ziririk, hain ipuin ederra idatziz jartzeko. Une horretan, borroka gogorren baten ondoren ziurrenik, gaizkileak iritsi ziren harrapakinez zamaturik. Haietako batzuk, ordea, adoretsuenak, borrokan zaurituak ezkutalekuan sendatzen utzi, eta leize batean gordeta omen zeukaten gainerako harrapakinaren bila joateko amorru bizian zeuden. Beren oturuntza gogo biziz eta presaka irentsirik, zaldia eta ni bideraino irtenarazi gintuzten makilaka, zama haiek garraiatzen lagun geniezaien. Aldapa malkartsuetan eta zeharbidetan barrena ito beharrean ibili, eta, ia arrats aldera, leize baten ahoraino eraman gintuzten, eta han fardel astunez zamaturik, berriro eraman gintuzten presaka-presaka, segundo batez ere atseden hartzen utzi gabe. Hain zeuden aztoraturik, eta halako presa zeukaten, ezen, makilaka eta bultzaka, bide-ertzean zegoen harri baten gainera jaurti baininduten. Etengabe kolpeka, handik jaikitzera behartzen ninduten, eta eskuineko hanka elbarri eta ezkerreko apatxa txikitua nuelarik jaiki nintzen.

 

        26 Eta haietako batek:

        — Noiz arte eduki behar dugu alfer-alferrik, orain, gainera, herrenka hasi zaigun astotxo makal hori?

        Eta beste batek:

        — Eta horretaz gainera, aldi gaiztoa ekarri dik gurera etorri denetik, ez baitugu zauriak eta adoretsuenen heriotza besterik irabazi; hori zer?

        Eta beste batek:

        — Bada nik, zama hori bere gogo txar eta guzti garraiatu bezain azkar, amildegi batean behera jaurtiko diat, saientzat jaki gozoa izan dadin.

        Gizon baketsu haiek elkarren artean nire heriotza eztabaidatzen ari zirela, etxera iritsi ginen, nire apatxak hego bihurtu zituen-eta beldurrak. Orduan, generamatzan zamak bizkor-bizkor jaitsi eta, ez gure biziaz ez nire heriotzaz ezertxo ere kezkatu gabe, zauritutako lagunekin elkartu, eta berriro lasterka irten ziren, gainerakoa beren eskuz ekartzeko asmotan, izan ere, ziotenez, asper-asper eginda baitzeuden gure geldotasunaz. Hala ere, egundoko kezkak jaten zidan barrena, egin zidaten heriotza mehatxuaz pentsatzen jartzean. Eta neure buruari esaten nion:

        — Luzio, zertan hago hemen geldi-geldirik? Zer dela-eta geratzen haiz okerrenaren zain? Gaizkileek hi hiltzea erabaki diate, heriotza anker-ankerrez. Ez duk hain gauza nekeza; hor ikusten dituk haitz horiek, eta bertan nabarmentzen diren harri aiztoa bezain zorrotzak; hire haragiak urratu, eta heure gorputz-atalak barreiatuko ditiztek horiek, beheraino erori baino lehen. Izan ere, hire mapa ospetsu eta entzutetsuak ez dik asto itxura eta nekea besterik eman; ez hau, hala ere, asta-larru lodiz estali, izain baten mintz finez baizik. Zer dela-eta ez haiz behingoz giza adorez puztu, eta, aukera dagoen bitartean, heure bizitzagatik zer edo zer egitera ausartzen? Ihes egiteko aukerarik onena daukak, gaizkileak urrun baitaude. Beldur al diok erdi-hilean dagoen atso baten begiraletzari, hanka herrenaz ere ostikada joz harekikoak egin ditzakek-eta? Baina... nora jo ihesean? Nork emango dit ostatu? Hona hemen burutazio eroa eta asto bati dagokiona, zeren, zein bidaiarik ez du, zamaria aurkitu orduko, eramango berekin?

 

        27 Eta gehiagorik gabe, lotua ninduten uhala eten nuen teinkada indartsuaz, eta kanpora irten nintzen abantara batean, nire lau hanken korrikaldi eroan. Hala ere, ezin ihes egin atso zuhurraren miru-begiei. Izan ere, aske ikusi ninduenean, bere sexuari eta adinari zegokion baino adore handiagoz, uhaletik heldu, ihesa zapuztu, eta ni atzera itzularazten saiatu zen. Alabaina ni, gaizkileen asmo hiltzaileak gogo-gogoan, ez nintzen ezelako errukira samurtu; aldiz, atzeko hankez ostikada batzuk jaurtikiz, laster bota nuen lurrera. Atso madarikatuak, ordea, lurrean etzanda egonik ere, hala ere uhalari heltzen zion egoskor, eta, horrela, arrastaka etorri zitzaidan orpoz orpo nire korrikaldiaren bide zati eder batean. Eta, aldi berean, esku indartsuago baten laguntzaren eske hasi zen, garrasi ikaragarriez. Baina, bere marru eta guzti, alferrik ari zen jendetza nire atzetik jarri nahian, ez baitzegoen inor hari laguntzera joan zekiokeenik, neskato bahitua izan ezean. Hura han irten zen korrika, garrasiek erakarrita, eta ikusten zuen ikuskizuna, oroitzeko modukoa zen, bai horixe: Dirze zahar bat, alajaina, ez zezen batetik zintzilik, asto batetik baizik. Orduan, gizon baten adinako adorez jantzirik, egundoko balentria egitera ausartu zen neskatoa. Atsoaren eskuetatik uhalak kendu, eta nire kemenak hitz ezti eta laztankorren bidez lasaiarazirik, nire bizkarrera igo, eta, era horretan, berriro trostan eragin zidan.

 

        28 Handik ihes egiteko gogoagatik eta gazteñoa askatzeagatik bezainbat tartean-tartean suspertzeko ematen zizkidan kolpeen eraginagatik, nire lau oin-azalez lurrari hotsa aterarazten nion, zaldi batek bezain arin lasterka eginez, eta gazteñoari arrantza samur eta eztiak eskaintzen saiatzen nintzen. Gainera, bizkarrean azkura egiteko itxurak eginik, batzuetan lepoa okertu, eta neskatxaren oin leunei musu ematen zuen. Halako batean, hura, hasperen sakona egin eta aurpegi kezkatiz zerura begiraturik, honela mintzatu zen:

        — Oi, zeruko jainkoak, lagun iezadazue, bada, arrisku ikaragarri hauetan, eta zu, halabehar anker hori, ez aritu gehiago nirekin krudel agertzen. Dagoeneko, nahikoa atsegin eman dizut jasaten ari naizen zigorrez. Eta hiri dagokianez, nire askatasunaren eta biziaren babesle hori, etxera onik eraman eta gurasoengana eta nire senargai ausartagana itzultzen banauk, ez dakik zein eskerturik egongo natzaian, zer nolako ohoreak egingo dizkiadan eta zer nolako janariak emango! Hasteko, kontuz-kontuz orraztuko diat hire ilea eta nire dontzeila-idunekoez apainduko; gero, kopetako ile-sortak kizkurtuko dizkiat eta bitan zatituko arrasto dotorez; eta isatseko ileak koipetuko dizkiat ardura handiz, orain pinportaturik eta lakarturik baitauzkak zainketa eta bainu faltagatik. Eta urrezko kriskitin ugariz apaindurik, zeruko izar distiratsuak bezain arrakastatsu izango haiz gidatua herriaren pozaren erdian. Neuk eramango ditiat neure zetazko poltsan gozoki eta janari hautatuenak, eta, ene salbatzailea izaki, ondo aseko haut egunero.

 

        29 — Eta —jarraitu zuen— ez zaik ohore eta aintzarik faltako janari samur horien artean eta horrelako bizieraren zorion osoan eta atseden sakonean, ezen itun iraganezinez betiko gordeko baitut gaurko abentura honen eta salbatu nauen jainko arduraren oroitzapena; neure koadro pintatu bat sagaratuko diat etxeko atarian, oraingo ihesaldi hau erakutsiko duena. Jendea hura ikustera joango duk, eta herri ipuinetan hedatuko duk eta betiko geratuko, jakitunen estiloari esker, «asto batek eramanda ihes egin zuen printzesaren istorio zoragarria». Hik heuk leku izango duk antzinako gauza zoragarrien artean, eta hire istorio egiazkoaren lekukotzarekin batera, sinetsiko diagu Frixok itsasoa ahari baten gainean zeharkatu, Arionek izurde bat gidatu, eta Europa zezen baten bizkarrean ibili zirela. Izan ere, Jupiter zezen itxuran aritu bazen marruka, litekeena duk nire astoak ere gizakiren baten edo jainkoren baten itxura barnean gordeta eramatea.

        Neskatoak horrelakoak esaten zituela, eta bere erreguei etengabeko hasperenak eransten ari zela, bidegurutze batera iritsi ginen, non, uhaletatik tiraka, bere indar guztiez eskuineko bidetik joanarazi ninduen, handik joaten zen-eta bere gurasoen etxera. Ni, ordea, bai bainekien gaizkileak handik joanak zirela harrapakinaren gainerakoa ekartzera, gogor jarri nintzen ezezkoan, eta nire bihotzaren barrutik eskari hauek egiten nizkion isilean: «Zertan ari haiz, zoritxarreko gazteño? Nora abiatu nahi dun? Zertarako horrenbeste presa Orkora iristeko? Zer egin nahi dun nire hankez baliaturik? Ez dun hire hondamendia bakarrik ekarriko; nirea ere bai». Eta bakoitza bere aldera tiraka ari ginela eta leku baten, edo hobeto bidegurutze baten, jabetzagatik norgehiagoka ari ginela, hor non agertu zitzaizkigun gaizkileak, beren harrapakinarekin zetozela, eta ilargiaren argitan ezagutu gintuztenean, irribarre maltzurrez agurtu gintuzten.

 

        30 Haietako batek honela galdetu zigun:

        — Nora zoazte horrenbesteko presaz bide honetan zehar gau ilunean? Ez al duzue hildakoen eta iratxoen beldurrik, ordu arriskutsu hauetan? Agian zuk, dontzeila bertutetsu horrek, gurasoei bisita egiteko presa duzu? Ongi bada, guk lagunduko dizugu zure bakardadean, eta zureenganako biderik laburrena erakutsiko.

        Eta hitzari ekintza erantsirik, hartu uhala, eta buelta erdia emanarazi zidan eskuan zeraman makila begidunaz ohiko kolpeak ematerakoan merkezurrean ibili gabe. Orduan, neure gogoaren kontra baina, zetorkidan heriotza berehalakoa neure buruan irudikaturik, apatxetako zauriaz oroitu nintzen, eta herrenka hasi, burua kulunkatzen nuela. Eta berriro bidean jarri ninduenak, esan zuen:

        — Orain berriro zalantzan eta balantzaka, eta hire apatx hautsiek ez dakitela ibiltzen, e? Bada, Pegaso hegalduna baino arinago hindoan lehentxeago.

        Nire bidelagun atsegina, makila astindurik, era horretan niri adarra jotzen ari zela, gaizkileen gordelekuaren sarrerako harresira iritsi ginen. Eta hara non zoritxarreko atsoa zintzilik zegoen, soka lepoan, altzifre handi baten adar batetik eskegita. Segituan jaitsi, eta, zegoen bezala, bere soka eta guzti, amildegi batean behera jaurti zuten. Gero, gazteñoa azkar lotu, eta, piztia gosetiak bezala, zoritxarreko atsoaren ardurak prestaturiko fruitu berankorra zen afariari ekin zioten amorruz.

 

        31 Jan-behar amorratuz guztia garbitzen ari zirela, elkarren artean eztabaidan hasi ziren, gure zigorraz eta mendekuaz. Eta bilera zalapartatsu batean ohikoa denez, iritzi asko agertu zen. Batek neskatxa bizirik erretzea nahi zuen, beste batek piztiei jaurtitzea aholkatzen zuen, hirugarren batek gurutzean jartzea proposatzen zuen, laugarren batek oinazeen bidez gorputza eten-eten egitea. Boto guztiek, baina, era batera edo bestera, heriotzara kondenatzen zuten. Orduan, haietako bat, iskanbila orokorra baretu zenean, honela mintzatu zen hitz pausatuez:

        — Ez dator bat gure lanbidearen arauekin, ezta gutako bakoitzaren onberatasunarekin ere, are gutxiago nire neurrizko izaerarekin, zuen krudelkeria hori zeuon begirunearen eta oker horrek merezi duen zigorraren mugak baino harantzago eramatea. Ez zagok piztien beharrik, ez gurutzearenik, ez suarenik, ez oinazearenik; ez zagok horrentzat indarkeriazko heriotzaren ordu iluna aurreratzen ibili beharrik ere. Nire aholkuei kasu egin nahi badiezue, utz gazteño horri bizitzen, baina merezi duen eran bizitzen, jakina. Ez zitzaizuen burutik kenduko asto alfer eta aldi berean tripazain handiena den horri aspaldidanik ezartzea erabakia zenuten zigorra; orain, gainera, herrenaren plantak egiten ari bada ere, laguntzaile eta konplize izan duk dontzeila horren ihesean. Erabaki dezagun, beraz, bihar bertan lepoa moztea, eta, erraiak ondo hustu eta gero, jos diezaiogun sabelaren barruan gu baino nahiago izan duen gazteño hori; eta horrela, aurpegia bakarrik utzirik kanpoan, neskatxaren gorputza abere espetxe horretan itxita geratuko duk, eta astoa odolkiaren antzera ondo beterik, haitz zorrotzaren gainean jarri behar diagu, eta eguzki galdatan utzi.

 

        32 — Horrela —jarraitu zuen—, biek pairatuko ditiztek era zuzenez erabaki dituzuen zigorrak; astoak, hain aspaldidanik merezia duen heriotza; neskatxak, aldiz, piztien hozkadak ezagutuko ditik, harrek gorputz-atalak eteten dizkiotenean; suaren erredurak, eguzkiak bere errainu kiskalgarriez aberearen sabela puztuko duenean; eta gurutzeko oinazea azkenik, zakurrek eta saiek erraiak aterako dizkiotenean. Kontuan izan, gainera, oraindik nozitu behar dituen oinazeak: bizirik dagoela, hildako abere baten barruan egon beharko dik; kirats jasanezinak beteko dik haren sudurra, eta itolarrian edukiko; denbora luzean janaririk gabe, pixkanaka desegiten joango duk gose hilgarriaren mende, eta eskurik ere ez dik libre izango bere buruaz beste egiteko.

        Hitz horiek adierazi eta gero, gaizkileak harekin bat etorri ziren gogobetez, beren lekutik mugitu gabe. Eta nik, hura guztia neure belarri handiez entzutean, zer egin nezakeen negarra besterik, biharamunean izango nintzen sarraskiaren gupidaz?

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia