V LIBURUA

 

        1 «Bere izpirituko estutasunak arindu, eta belar samurreko belaze haietan ihintzez estalitako ohantzearen gainean eztiki etzanik, lo gozoak hartu zinan Psike. Eta loaldi sendoak susperturik, sosegaturik jaiki zunan. Zuhaitz handi eta hosto-sarriez beteriko basoa ikusi zinan; ikusi zinan, baita ere, ur garbi eta gardenezko iturri bat. Basoaren erdi-erdian, iturria sorburutik hurbil, erret jauregi bat zegonan, ez giza eskuek eraikia, jainkozko arteak baizik. Bertan sartu bezain azkar, edonor kontura zitekeen jainkoren baten egoitza atsegina ikusten ari dela: urrezko zutabeak zauden, marfilez eta tuia-zurez artistikoki eginiko artesoien apaindurazko sabai altuen euskarri; zilar zizelkatuz estaliak zauden hormak, eta bisitarien begiradari eskaintzen zizkioten, hala tigre irudiak, nola gisa horretako beste animalienak. Gizaki harrigarriren bat edo erdi jainkoren bat edo, ziurrenik, jainkoren bat izango zunan, noski, bere fineziaren bidez halako zilar pila hura piztia eta beste abere bihurtu zuena. Seinale-harri ttiki gisa zizelkaturiko harribitxizko zoruak ere kolore anitzetako irudiak marrazten zitinan. Oi, zoriontsu bitez, behin eta mila bider, gema eta perla gainean ibiltzen direnak! Jauregiaren beste alderdiek, balio kalkulaezina zitenan beren luze-zabalera osoan, eta urre sendozko oholez jasotako horma guztiek distira egiten diten beren errainu hutsarekin; eta honela, eguzkiaren nahiaren kontra ere gauza izango zituzkeenan eguneko argi berbera eskaintzeko egoitzari (hain zitunan distiratsuak egonlekuak, pasabideak, ateen oholtzak berak). Egoitzaren handitasunari dagozkionak zitunan hura betetzen zuten aberastasunak, halako moldez, non ematen baitzuen jauregi zerutiar hura Jupiter handiak berak eraiki zuela hantxe, gizonen artean bizitzeko.

 

        2 »Leku haien atseginak erakarria, Psike gehiago hurbildu zunan eta, fidakorrago, atea zeharkatu zinan. Gero, inguruen ikusgarritasunak harrapaturik, ñabardura guztiak eta bakoitza aztertzen hasi zunan, eta, hor non, jauregiaren beste aldean, arkitektura handiko biltegiak ikusi dituen, oso altxor baliotsuz bete-beteak. Han ez zunan deus falta. Alabaina, hain aberastasun handiek sortzen zioten mirespenaz gainera, hauxe zunan harrigarriena eta bitxiena: ez katea, ez sarraila, ez inongo begirale, ez zinan inork zaintzen, mundu osotik ekarritako altxor hura. Psikeren begi txundituak edertasun haiek miresten ari zirela, giza gorputzetik ez zetozen honako hitz hauek entzun zitinan:

        »— Andere, zer dela-eta harritzen zara horrenbesteko aberastasunaz? Hori guztia zeuretzat duzu. Beraz, zoaz zeure gelara, arindu ezazu zeure nekea ohean, eta, nahi duzunean, agindu ezazu presta diezazuten bainua. Zure otseinok —gure ahotsak ari baitzara entzuten— zuzen-zuzen beteko dizkizugu aginduak, eta, zeure buruaren zaintze eta garbitze lana amai dezazunean, errege bati legokiokeen otordua duzu zain.

 

        3 »Zorion hura zeruko probidentziari zegokiola jabetu zunan Psike, eta, gorputzik gabeko ahotsaren esanera jarririk, bere nekea arindu zinan loaldian eta horren osteko bainuan. Gero, inguruan biribil erdi itxurako etzaleku altu bat ikusirik, iruditu zitzaionan hura izango zela indarberritu zedin egokitu zioten afari-lekua, eta hor jarri zunan mahaira, atseginez. Segituan —eta zerbitzaririk ez bazegoen ere— haize-aldiaren antzeko arnasa-bultzada arin batek ardo kopak, ezti-gaia bezain gozoak, eta janari eder ugariz beteriko platerak jarri zizkionan aurrean. Hala ere, ezin inor ikusi: ez zinan nonbaitetik zetorkion hizketa entzun besterik egiten: ahots soilak zitinan otsein. Oturuntz ugariaren ondoren, norbait ikusiezina sartu zunan, eta kantari hasi, beste batek —ikusiezina hura ere— zitara jotzen zuen bitartean. Une hartan jendetza baten ahots harmonizatua iritsi zitzaionan; hain ondo elkarturik kantatzen zitenan, ezen, han inor ikusten ez bazen ere, garbi nabaritzen baitzen koruren batena izango zela.

 

        4 »Atsegin horiek amaiturik, gauaren etorrerak oheratzea komeni zela adierazi zionan Psikeri. Gaua oso aurreratu zenean, soinu ia nabari ezina iritsi zunan haren belarrietara. Une horretan, erabateko bakardadean, bere birjintasuna galtzeko beldurrez dardarka hasi zunan eta ikaraz uzkurtu, ezezagunari baitzion beldur, edozein zoritxarri baino gehiago. Ezertaz konturatzerako, ordea, bere senar ezezaguna iritsi, ohera igo, Psike bereganatu, eta, egun-argia iritsi baino lehen, bizkor-bizkor joan zunan. Berehala, logelan lagun dituen ahotsak, birjintasuna galdu berria zuen ezkonberria zaintzen hasi zitunan. Horrela errepikatu zitunan denbora luzez gauzak. Eta, berez izan ohi den bezala, ohiko eta normala bihurtu zitzaionan bizimodu hori, gero eta atsegin handiagoa ematen zionan, eta ahots misteriotsuaren doinua zinan bakardadearen kontsolamendu. Bitarte horretan, Psikeren gurasoak zahartuz zihoazenan, barrena etenik gabe jaten zien atsekabez eta oinazearen oinazez. Urrutiraino iritsi zunan gertatutakoaren berria eta ahizpa nagusiak, guztia jakin eta berehala, beren etxeak utzirik hor zoazan gurasoak ikustera eta haiei kontsolamenduzko hitzak eskaintzera.

 

        5 »Halako gau batez, senarra, bere Psike maitearengana zuzendu —ezen, neskak bere begiz ikusi ezin bazuen ere, eskuez ukitu behintzat bai, eta belarriez garbi-garbi entzun ere baieta honela mintzatu zitzaionan:

        »— Psike, ene emazte maite eta ezti-ezti hori: Fortuna ari zain, gero eta ankerrago, heriotza arriskuz mehatxuka. Begiak zorrotz jarri eta kontu handiz ibili behar dunala uste dinat. Hire ahizpak, hila haizelakoan urduri, heure arrastoen bila ibili ditun, eta laster helduko ditun haitzera. Halakoren batean haien lantururik entzungo bahu, ez erantzun deus; areago oraindik: ez begiratu ere egin harantza; bestantzean, kalte handia ekarriko didan neuri, eta galerarik okerrena heure buruari.

        »Psikek baietz egin zionan, eta bere senarraren nahiaren arabera jokatuko zuela agindu. Gauarekin batera hura desagertu zenean, ordea, gaixoak malkotan eta aieneka pasatu zinan egun osoa. Behin eta berriz esaten zinan, orduan bai, orduan erabat galdua zela, espetxe aberats hartan atxiloturik eta gizakiekiko harremanik gabe, ezin baitzen joan beragatik atsekabeturik zeuden ahizpei laguntzera, ez haiek ikustera. Eta bainurik, edo janaririk, edo inolako deus hartu gabe, lotara erretiratu zunan negar eta negar.

 

        6 »Geroxeago, ohi baino lehentxeago etzan zitzaionan senarra ohean eta, negar eta negar ari zela ikusita, honela arranguratu zitzaionan:

        »— Hori al da bart agindu hidana, Psike kuttuna? Zer espero dezake higandik senar honek? Ez gauez, ez egunez, ezta heure senarraren beso artean hagoenean ere, ez dion uzten heure burua zigortzeari. Egin ezan, bada, nahi dunana, eta emaion heure gogoari eskatzen ari den kaltea. Gogora itzan, ordea, nire oharpen zorrotzak, beranduegi baina, damutzen hasten haizenean.

        »Orduan neskak, bertan hilko zela-eta erregu eginez, senarrak bere nahiari baiezkoa ematea lortu zinan: utz ziezaiola ahizpak ikusten, haien oinazea lasaitu eta haiekin mintzatzeko. Eta horrela, emaztearen erreguei amore emateaz gainera, baimena eman zionan, ahizpei nahi adina urre eta bitxiteria oparitzat eraman ziezaien; baina aldi berean abisu eman, eta beldurtu egin zinan: ez zedila inoiz —ahizpen esan gaiztoei jarraiki— bere senarraren irudia ezagutzen saiatu, ezen hondamendiaren leizean murgilduko baitzuen jakin-min sakrilego horrek, zorionaren hain gailur garaitik erorrarazirik, eta betiko galduko baitzituen senarraren besarkadak. Psikek eskerrak eman zizkionan, eta, gogo alaiagoz, erantsi zinan:

        »— Mila bider hilko nindukek, heurekikoa bezain elkar hartze eztiari uko egin baino lehen. Maite haut, eta gogo betez, nornahi haizela ere; neure bizia bezainbat maite haut; Kupido bera ere ez duk hire pareko. Baina, mesedez, entzun nire erreguak eta eskain iezadak ondorengo hau ere: agin iezaiok Zefiro heure zerbitzariari, ezen, ni ekarri ninduen bezala, ekar ditzala neure ahizpak ere honaino.

        »Musu liluragarriz bete, hitz eztienez haren bihotza samurrarazi eta besarkada beroak eman eta gero, honelako lausenguak erantsi zizkienan bere ferekei:

        »— Ene eztia, senartxo nirea, hire Psikeren arima gozoa.

        »Belarrira xuxurlaturiko amodiozko hitzen indar eta kemenak hartaraturik, senarrak amore eman zinan, eta, gogoz kontra, eskatutako guztia egingo zuela agindu zionan. Eta, beti bezala, eguna gerturatzean, emaztearen besoetatik iraungi zunan.

 

        7 »Bitartean, bi ahizpak, haitzaz eta Psike desagertu zen lekuaz galdetu, eta bertaraino iritsi zitunan presaka. Hara heldurik, malkotan urtu beharrean eta bularrei kolpeka hasi zitunan eta haitz eta harriek haien lanturu etengabeen oihartzuna egiten zitenan. Dei eta dei egiten ziotenan ahizpa gaixoari, eta azkenean, Psike, mendian behera zetozen zinkurin ozen haien soinu ziztagarria aditzean, bere onetik aterata eta larritasunez dardarka, etxetik kanpora irten zunan, eta:

        »— Zer dela-eta ari zarete zuen buruen kaltetan lanturu erdiragarri horiekin? Zergatik ari zarete negarrez, ni hemen banago? Utzi zotin ilun horiei, xuka, behingoz, malkoek hain luzaro bustitako masailak, oinazea sorrarazten zizuen hau besarka dezakezue eta.

        »Zefirori deitu, eta senarraren agindua gogorazi zion. Berehala, hark, agindua obedituz, bere hatsaldi leun-leunean garraiatu, eta, inolako kalterik gabe, helmugaraino eraman ditin. Pozik zauden elkarrekin: besarkada eta musu urduriak elkarri eman, eta berriro etorri zaizkien malkoak, baina malko lasaiak, pozak sortuak.

        »— Sartu, baina —esaten zien— gure sabaipe eta etxera, eta susper itzazue gogo penatu horiek zuen Psikeren ondoan.

 

        8 »Horrela mintzatu, eta urrezko jauregiko aberastasun izugarriak erakutsi zizkienan, eta haien belarrietara iritsarazi zitinan zerbitzarien ahotsak; gero, sekulako bainu baten ondoren, jainko hilezkorrentzako moduko jaki fin ugariez berrindartu zitinan. Eta, hain harrera ona egin zienan, ezen, jainkozko ondasun ugari haiekin ase zirenean, bekaitzezko grinak ernetzen hasi baitziren haien erraietan. Azkenean, ahizpetako batek ez zinan etsi xehetasun osoz eta jakin-min lotsagabe samarrez galdetu gabe, ea nor zen zeruko edertasun haien labea, ea nor eta nolakoa zuen senarra. Psikek, ordea, ez zitinan bere senarraren aginduak inola ere hautsi, ez eta aterarazi ere bere bihotzeko santutegi sekretutik; aitzitik, asmatzen hasi zunan: gazte lerdena zela, masailetan artean lehen bizar arinaren itzala besterik ez zeukala, eta ia beti ehizan zebilela mendi eta ibarretan. Eta, elkarrizketa luzatuz gero isilpean gordetzea erabakitako sekretuak ezusteren batean alde egingo ziolakoan, ahizpak urre landuz eta harribitxizko idunekoz zamatu, Zefirori hots eginik, haren esku utzi zitinan, berriro eraman zitzan.

 

        9 »Hori gertatu eta gero, ahizpa bitxi biak etxera itzultzean, bekaitzaren behazun gero eta ozpinagoak erre-erre eginik, elkarrizketa zaratatsuan ari zitunan:

        »—Horra —ziotsonan batak besteari—, zein itsu, anker eta zuzengabea haizen, Fortuna hori! Bidezkoa iruditzen al zain guraso berberengandik sortutako ahizpei hain zori desberdina egokitzea? Guk —hura baino zaharragoak izaki—, erbesteraturik bezala bizi behar ote dugu, etxetik eta herrialdetik eta gurasoengandik urrunduta, senar atzerritarren zerbitzari? Eta hura —azkena jaioa, harekin agortu baitzen emankortasunaren fruitu berankorra— jainko bat senartzat harturik, hain ondasun handien jabe egingo ote da, bada, nahiz eta ondare ugaritasun ikaragarri hori behar bezala erabiltzeko ere gai izan ez? Ikusi dun, ahizpa nirea, zenbat iduneko eta zein baliotsuak dauden lurrean jaurtita haren jauregiko zoruetan; zenbat eta zenbat soineko dirdaitsu eta harribitxi distirakorrak, eta zenbat urre ez den zanpatzen urrats bat eman orduko! Eta hark dioen bezain senar lerdena baldin badu, une honetan ez zagon mundu osoan emakume bakar bat ere hura baino zoriontsuago bizi denik. Eta, nork jakin, bien arteko hurbiltasuna handiagotzen eta amodioa sendotzen doan heinean, jainko-senar horrek ez ote duen hura ere jainkotuko. Herkules gurea! Horren traza eta jarrera guztia zeukala esango niken. Dagoeneko asmorik handienak ikusten zaizkion, eta, emakume xumea izanik ere, jainko ustea hartzen ariko dun, ahotsak ditin-eta zerbitzari, eta haizeei ere aginduak ematen zizkien-eta. Niri, berriz, aita baino senar zaharragoa, kuia baino burusoilagoa, ume bat baino kaskarragoa eta ahulagoa, eta etxe osoa giltzapean sarrailez eta kateez gordea daukana, egokitu zaidan neure zoritxarrerako.

 

        10 »Beste ahizpak honela jarraitu zinan:

        »— Bada, nik senar makaldua eta zahar-ajeak konkortua jasan behar dinat; horren ondorioz, oso lantzean behin egiten zien ohore nire edertasunei. Haren hatz okertuei igurtziak egiten pasatzen dinat bizitzaren zatirik handiena, neure esku fin hauek zapi kiratsez, oihal zikinez eta enplasto nazkagarriz erretzen zaizkidalarik; eta ez dinat emazte esanekoaren lana egiten, erizainaren lan nekosoa baizik. Eta hiri dagokinanez, ahizpa nirea, ikusten dun zer nolako eramanarekin edo mirabetasunez —sentitzen dudana agertu behar badinat— jasaten dunan hori guztia. Hala ere, nik, hain etorkizun zoriontsua egokitzea merezi ez duen emakume hori ezin dinat mola ere gehiago jasan. Gogora ezan zer nolako harrokeriaz eta tentetasunez aritu den gurekin, eta nola —inguruan daukan aberastasun gehiegiaren erakutsi behar horrekin— agerian jarri duen bere barrua puzten dion harrokeria hori; izan ere, halako aberastasun baliotsuetatik ez zizkigun jaurti hondar batzuk besterik, gogoz kontra, eta berehala, gure presentziaz gogaiturik, gu handik bidaltzeko agindu zion haizeari: bere putzarekin urrundu gintzala eta bere txistuekin lagundu ziezaiola gu handik uxatzen. Ez naun emakume, ez eta bizirik irauteko duin ere, baldin eta ez badut erorarazten hain egoera pribilegiatu horretatik. Egin digun irainak heu ere zauritu baldin bahau —eta hala izango dun, jakina—, asma dezagun egitasmo gogor bat bion artean. Hasteko, ez zienagu gurasoei, ez beste inori ere, haren osasunaz dakargun berririk adierazi behar. Aski dinagu ikusi nahi ez genuena ikusiarekin, gainera gurasoei eta mundu guztiari haren zorionaren berria aldarrikatzen aritzeko, inork ezagutzen ez dituen aberastasunak dauzkatenak ez baitira zoriontsu. Jakin dezala, bai, bi ahizpa nagusi dauzkala gugan, eta ez bi neskame. Eta orain, itzul gaitezen geure senarrengana, itzul gaitezen geure etxe behartsu baina duinetara. Gero, gure asmoak behar bezainbat denbora umotu eta gero, itzul gaitezen kementsuago haren harrokeria zigortzera.

 

        11 »Bi emakume anker haiek ontzat eman diten beren asmoa. Psikeren opari eder guztiak ezkutatu, eta beren adatsak nahastu eta aurpegiak harramazkaturik —merezi zutena, bestalde—, berriro negar imintziotan hasi ditun zurikeriaz. Eta era horretan gurasoen mina berpizturik —eta haiei itxaropen guztia zeharo galarazirik—, amorruzko eldarnioz puztu-puztu eginik bakoitza bere etxera joan dun, amarru hiltzailea edo, hobeto esateko, ahizpa errugabearen kontrako ahaide-hilketa bere senean egosten daramala.

        »Bitartean, Psikek artean ezagutzen ez zuen senarrak, bere gaueko elkarrizketetan, ohar berriak egin zizkion:

        »— Ez duna ikusten zein arrisku latza datorkinan gainera? Fortuna aspalditik ari zain erasoan, eta, indar osoz aurre egiteko prestatzen ez bahaiz, laster izango dun begiz-begiko erasoa. Hire ahizpa emagaizto anker horiek ahalegin osoan ari ditun hire kontrako azpikeria ikaragarria asmatzen. Helburu nagusi bat diten: hiri buruan sartzea nire aurpegia ikusten ahalegindu behar dunala; eta esan dinat lehenago ere, behin eta berriz: horretara iristen baldin bahaiz, ez naun berriro ikusiko. Beraz, sorgin gaizto horiek asmo hiltzailez beterik berriro hona agertzen badira —eta etorriko ditun, ziur—, ez ezan hitzik egin haiekin, eta hitzari eutsi ezin badion —heure eztitasuna eta heure bihotzeko samurtasuna direla medio—, kontu izan behintzat heure senarrari buruzko galdera bakar bati ere erantzutearekin. Familia izatekotan gauden, eta heure sabel horrek, duela gutxi arte ume batena zenak, beste ume bat zeraman bere baitan: jainkozko haurra, baldin eta gure sekretuak isilpean gordetzen baditun; hilkorra, ordea, eteten baditun.

 

        12 »Berri horren aurrean pozez beterik, Psikek jainkozko seme baten aukera txalotu, zetorkion kimuaren aintzazko itxaropenez zorabiatu, eta ama deitzeak emango zion duintasuna gozatzen hasita zegonan dagoeneko. Irrikaz beterik, bata bestearen atzetik zihoazen egunak eta hilabeteak zenbatzen zitinan, eta, ezezaguna zitzaion zerbaiten hasieran zegoenez, harriturik zegonan hasierako sastadak bere sabelean hain tamaina itxaropentsua hartu izanarekin.

        »Bitartean, izurrite haiek, Furia beldurgarri haiek, itsasoa zeharkatuz zihoazenan, sugegorri-edena zeriela eta ezinegon gaiztoak jota. Orduan, aldikako senar hark honako oharkizuna egin zionan Psikeri:

        »— Hona non iritsi den azkeneko eguna, amaiera atzeraezina. Heure sexu berekoa den eta heure odol bera daraman arerioak hartuak ditin armak, jaso din kanpamendua, prestatu ditin bere samaldak borrokarako, eta erasotzeko agindua eman ere eman din; hire ahizpa gaiztoek atera diten zorrotik ezpata, eta hor ari ditun ahalegin osoan hire lepoaren bila. Ai, Psike ezti-ezti hori, zenbat zorigaizto dugun zain! Erruki hakio heure buruari eta besteonari, eta heure zuhurtasun zorrotzak heure etxea, heure senarra, heure burua eta gu bion seme hori libra ditzala zorigaiztotik —eta mehatxuka ari zaigun hondamenditik—. Haitzaren ertzean itsas lamiak balira bezala ager daitezenean, eta haien dei galgarriez harriek oihartzun egin dezatenean, ez begiratu eta ez entzun atso hiltzaile horiei, ezen ez diten ahizpa izenik ere merezi, beren gorroto hiltzailea ezagutu, eta odol-lokarriak nola lardaskatu dituzten ikusi eta gero.

 

        13 »Zotinez eta malkoz ebakitako hitzez erantzun zionan Psikek:

        »— Lehen ere, dakianez, izan hituen nire zuhurtziaren eta hitz egokiaren froga argiak; aurrerantzean ere, izango duk nire izaeraren sendotasuna ikusteko aukera. Aginduiok Zefiro gure zerbitzariari, bere eginkizuna beste behingoz soilik bete dezan, eta, heure jainkozko aurpegia ikustea debekaturik dudanez, utzidak ordainetan nire ahizpak ikusten. Heure aurpegiaren alde banatan behera doazen usain-gozodun ile horiengatik, nireen antza duten hire masaila samur eta biribilengatik, hire bularrarengatik —sukar misteriotsu eta erretzailea baitauka barnean—, heure itxuragatik —neure semetxo honengan ezagutuko ahal diat inoiz!—: samur hadi eskale larri honen erreguen aurrean, emaiok ahizpen besarkada eztien aukera, eta poz horrekin itzul iezaiok heure Psikeri bizitza, heuregana zuzendua eta eskainia daukana. Jakin ez diat ezer jakin nahi hire aurpegiaz; ilunpea bera ere ez duk oztopo niretzat; heu haukat neure bizitzako argitzat.

        »Senarrak, hitz horiekin eta besarkada samurrekin sorgindurik, eta bere adatsez Psikeren malkoak xukatzen zituen bitartean, hala egingo zuela agindu zionan, eta joan egin zunan segituan, egunaren argi sorkaria agertu baino lehen.

 

        14 »Bi ahizpak, elkar harturik, gurasoei bisita ere egin gabe, zuzenean joan zitunan zein baino zein bizkorrago itsasontzietatik haitzera; eraman behar zituen haizearen etorrerari itxaron gabe, hutsera egin zitenan jauzi, adore zuhurgabe eta zoroz. Zefirok ez zitinan bere nagusiaren aginduak ahaztu, eta, gogo txarrez bazen ere, bere haize leun-leunezko altzoan hartu zitinan, eta lurrean utzi. Haiek, astirik galdu gabe, berehala sartu zitunan jauregian pauso azkarrez, eta ahizpatzat hartzen zuten biktima zurikeriaz besarkaturik honako hitz lausengari hauek esan zizkiotenan, beren aurpegi alaiaren atzean bihotzaren barne-barnetik taupaka ari zitzaien ankerkeriaren altxorra ezkutatzen zuten bitartean:

        »— Psike maitea: orain ez haiz lehengo haur hura; ama izateko zorian hago; a zer zoriona dakarkigunan heure zorrotxo horretan! Zer nolako pozak alaitu behar duen gure etxea! Zoriontsu gu, haur zoragarri horren inude izateko atsegina izango dugunok! Horren edertasuna bere gurasoenen parekoa baldin bada, itxarotekoa den bezala, benetako Kupido bat jaioko zain.

 

        15 »Horrela, itxurako maitasun horren bidez, beren ahizparen bihotzaren jabe egin zitunan. Berehala eskaini zizkienan eserlekuak, bidaiaren nekea arintzeko, eta ur bero-berozko bainu batez berrindarturik, jan-gozo eder eta zoragarriak eta okela aukeratuak eskaini zizkienan, eskuzabal, triklinioan. Zitara jotzeko agindu zinan, eta haren doinua hasi zunan; agindu eman, eta txirularen doinu gozoa entzuten zunan; agintzen jarraitu, eta koru baten kantua aditzen zunan, eta jotzaile ikusiezin haiek guztiek entzuten ari zirenen gogoak liluratzen zitiztenan. Hala ere, emakume hiltzaile haien ankerkeria ez zunan, ez, arindu, ezta eztia bezain soinu leun haien samurtasunarekin ere; aitzitik, elkarrizketa beren buru ankerrak asmatutako amarrura ekarririk, galdezka hasi zitzaizkionan Psikeri, disimulu ederrean, nolakoa zuen senarra, nongo familiakoa eta zein giza girotatik etorria. Orduan Psikek, xumetasun handiegiz, aurreko elkarrizketan esan zuena ahantzirik, istorio berri bat asmatu zinan: bere senarra alboko probintzia batekoa omen zela, diru negozio handiak zeuzkala, eta, adinez nagusi samarra, buruan ilezuriren bat edo beste zuela. Eta elkarrizketa horri gehiago iraunarazi gabe, berriro opari aberatsez bete, eta garraiatu behar zituen haizearekin utzi zitinan bi ahizpak.

 

        16 »Zefiroren haize lasaiaren bidez airean zehar etxera itzultzen ari ziren bitartean, honela mintzo zitunan:

        »—Eta zer diostan, ahizpa, lotsagabe horren gezur ikaragarriaz? Aurrekoan senarra nerabea zinan, aurpegia He jaioberriz estalia zeukana; orain, ordea, adineko gizona omen din, buruan ilezurien distira duena. Zer nolako gizona ote da hori, horren denbora laburrean zahartzeko? Ez zagon ondorengo azalpena besterik, ahizpa nirea: emakume gaizto hori gezurretan ari dun, edo, bestela, ez zakin nolakoa duen senarra. Bata ala bestea izan egia, lehenbailehen jaitsarazi behar dinagu bere ospe-maila horretatik. Bere senarraren itxura ez badu ezagutzen, argi zagon jainko batekin ezkondu dela, eta beste jainko bat ekarriko digula bere haur-aldiaren ondoren. Eta jainko-haur baten ama egiten bada —ez dezala nahi halabeharrak—, zintzilik jarriko naun soka bilur batetik. Itzul gaitezen orain gure gurasoen etxera, eta, bisita hau zuritzeko, jos dezagun egoerari dagokion amarruren bat.

 

        17 »Burutazio gaizto horiez puzturik, gurasoak arbuioz agurtu, eta loezinezko gaubeila baten ondoren, oso goiz, beren onetik aterata, haitzera joan zitunan arin. Haizearen laguntzarekin, indartsu jaitsi zitunan handik hegan besteetan bezala, eta malkoak ateratzeko betazalak sakaturik, ahizparengana zuzendu zitunan, hitz zuhur hauekin:

        »— Hi bai, zoriontsua: ez dun gainera datorkinan gaitzaren kalte handia ikusten, eta lasai eta zoriontsu bizi haiz, heure arriskuaz batere arduratu gabe. Gu, ordea, hire interesak begiratzearren zaindari arretatsuok, barne-zigorra jasotzen ari gaitun, gainera datozkinan hondamendiaz kezkaturik. Izan ere, iturri zuzenetik jakin dugunez —eta hire oinazearen eta zorigaiztoaren partaide izanik, ezin utzi adierazi gabe—, narrasti ikaragarri bat etzaten omen dun hirekin gauero ezkutuan: uztai oker aniztun suge bat dun, lepo handi-handia bere lerde odoltsuz eta eden hilgarriz bustia daramana, eta, gainera, sabel sakon eta beti gosetua duena. Oroit hadi orain Pitiasen igarkizunaz, munstro ikaragarri batekin ezkonduko hintzela iragarri zuenean. Inguru hauetako nekazari, ehiztari eta auzo askok ikusi din, arratsaldez belar-janetik itzulian datorrela edo hurbileneko ibai ez oso sakonean igerian dabilela.

 

        18 »— Denek diotenez, ez omen din luzaro iraungo hiri janaririk fin eta mamitsuenak eskainiz; heure barruan daramanan fruitua umotu eta janari gozoago bihurtzen hatzaionean, jan egingo omen hau. Orain heure esku bakarrik zagon erabakia: nahiago dun hire bizitza preziatuaz arduratzen diren hire ahizpa hauen esana egitea eta, heriotza saihestuz, inolako arriskuren kezkarik gabe gurekin bizitzea, ala heure burua galdu nahi dun munstrorik krudelenaren erraietan. Hala ere, kuttunagoa bazain ahots hutsez beteriko bakardade hau, nahiago baditun amodio ezkutuaren betekizun nazkagarri eta arriskutsuak nahiz suge edendunaren besarkadak, guk, hire ahizpa errukiorrok, geure eginbeharra bete dinagu behintzat.

        »Hitz gaizto horiek entzutean, izuak hartu zinan Psike gaixoa, bere arimaren errugabetasunak eta eztitasunak eraginik. Bere onetik aterata eta burua galdurik, zeharo ahaztu zitinan senarraren oharkizunak eta hari agindutakoak. Horrela, bada, hondoa jota geratu zunan. Dardarka, zurbilaren zurbilez, hortz artea erdi zabaldu eta hitz hitsak xuxurlatuz, honela mintzatu zitzaienan:

 

        19 »— Zuek, ahizpa maite-maiteok, zintzo eusten diezue zuen senitarteko errukiaren betekizunei; eta horrelako gauzak esan dizkizuenak ez dinat uste asmakeriatan ariko zirenik. Ez dinat ene senarraren aurpegirik inoiz ikusi, ez zakinat ezta zein hiritakoa den ere. Gauez soilik aditzen dinat haren ahotsaren murmurio arina, eta nortasun ezezaguneko senarra edukitzen dinat nirekin, beti argitik ihesi. Badinat arrazoirik zuek bezala uste izateko: alegia, piztiaren bat ote den edo. Etengabe galarazten zidan bere burua ikus diezaiodan; izurik handienaz eta zigorrik ikaragarrienaz egiten zidan mehatxu, haren aurpegia ikusteko jakin-mina asetzera irits ez nadin. Arriskuan dagoen zuen ahizpari laguntza salbatzailea eskaintzeko gauza bazarete, oraintxe zaudete garaiz; bestela, zuen arduragabekeriak hankaz gora bidaliko ditin zuen orain arteko kezkaren mesedeak.

        »Orduan, emakume eraile haiek, ahizparen arima biluzturik eta ateak zabal-zabal ikusirik, disimulu eta ezkutuko amarruak baztertu zitiztenan, atzipearen ezpata oratu, eta gazteño xaloaren pentsakizun ahulen jabe egin baitziren.

 

        20 »Bietako bat honela mintzatu zunan:

        »— Hire segurtasuna jokoan, odolaren loturak inolako arriskuri begira ez ibiltzea agintzen digunez, salbamenera daraman bide bakarra —buruhauste luzeen ondoren aurkitu duguna— erakutsiko dinagu. Har ezan bizarra mozteko labana zorrotz-zorrotz bat, eta haren ahoa esku-ahurrean leundurik, ezkuta ezan ohean, heu etzaten haizen aldean, inork ikusi gabe. Har ezan kriseilu bat ere olioz beterik, maneia erraza, su gardenez argi egin dezana, eta ezkuta ezan lakari baten azpian, ondo estalita. Prestakuntza horiek guztiak sekreturik handienean egin eta gero, hago, harik eta hura bere ibilera arrastari horrekin iritsi, ohera igo eta luze-luze etzanda lehen lokartze astunean murgildurik, haren arnasak lo sakonean dagoela adierazi arte. Orduan, irrista hadi ohetik, eta poliki ibiliz, pixkanaka-pixkanaka, oinutsik eta hanka-puntetan, atera ezan kriseilua bere espetxe ilunetik; gero, haren argiak eskainitako aukera heure balentria aintzagarria amaitzeko aprobetxaturik, zalantzan ibili gabe, jaso ezan eskuina, bi ahoko altzairuz armatua, eta ebaki ezan, ahal bezain epairik indartsuenaz, suge gaiztoaren burua eta lepoa lotzen dituen gunea. Ez dun gure laguntzaren faltarik izango; larritasunez beterik, zelatan egongo gatzaizkin, eta, haren heriotzarekin heure salbamena lortu bezain laster, hiregana zalu egingo dinagu hegan, eta hirekin batera ondasun horiek guztiak eraman, eta gizon batekin elkartuko haugu —gizaki baihaiz heu ere—, heure gurarien araberako ezkontza baten bidez.

 

        21 »Psikeren erraiak lehendik ere sutan bazeuden, irakiten jarri zitunan hitz kiskalgarri horiekin; ahizpek, bizkor, hor utzi zitenan bakarrik, halako hondamendi gaiztoaren gertuan egoteko ikaraz zeudenan-eta. Horrela, bada, haizearen hegoek bultza, eta, ohi bezala, haitzean utzi zitinan; eta ihesi abiatu zitunan lasterka batean, beren itsasontzietara igo eta handik desagertu. Anartean, Psike, bakarrik utzia edo, hobeto adierazteko, Furia gaiztoen konpainian oinazez beterik, bere oinazean inarrosten hasi zunan itsasoko uhin nahasiak bezala. Eta haren gogoa sendoa bada ere eta haren barrena edozertarako prest egonik ere, hilketarako ordua iristean, ordea, zorigaiztoa sortzen zioten sentipen kontrajarriek astintzen zitenan: orain erabakigarri, gero zalantzaz beterik; ausartzen zunan, beldurrak jotzen zinan; fidakaitz dun, haserre zegonan aldi berean; gorrotoa zionan piztiari, maitasuna, ordea, senarrari. Azkenean, arratsak berekin iluna zekarrenean, presaka egin zitinan hilketa gaiztorako prestakuntzak. Iritsi zunan gaua, iritsi zunan senarra ere, eta, amodiozko lehen gorabeheren ondoren, lo sakonean murgildu zitzaionan.

 

        22 »Orduan Psike, gorputzez zein izpirituz ahula izanik ere, halabeharraren ankerkeriak lagundurik, adorez eta indarrez jantzi, eta, kriseilua atera eta labana hartu zuenean, emetasunaren ahulezia ausardia bilakatu zitzaionan.

        »Argia gerturatu, eta oheko sekretua argitu bezain azkar, basapiztia guztien arteko munstrorik agurgarri eta eztiena izan, ordea, han ikusi zuena: Kupido bera zunan, jainko eder hura, atseginez beteriko jarreran atsedena hartzen. Haren aurrean, kriseiluko argia bera ere errainu alaiagoz luzatzen zunan, eta labanaren aho sakrilegoa damuarazten zinan. Psike, halako ikuskizunarekin zorabiatu eta bere buruaren jabe egin ezinik, zurbil eta indarge, ahul eta dardarati, belaunek ezin eutsirik, lurrera erori zunan, eta arma ezkutatzen saiatu zunan, oraingoan bere bularrean. Eta horrela egingo zinan, non eta, halako okerraren aurrean ikaraturik, altzairua, eskuetatik irristaturik, erori izan ez balitzaio. Hala ere, berriro jainkozko aurpegiaren edertasunari begiratu zionean, laster asko suspertu zitzaionan barrena, nahiz akiturik eta hilzorian egon. Buru urreztatua ikusi zionan, anbrosiaz gozaturiko adatsak, lepo esnea bezain zuria, eta purpurazko masailak. Ikusi zitinan, halaber, edonora banaturik, haren kizkur xarmanki nahasiak; batzuk aurrera eta besteak atzera erortzen zitzaizkionan, eta haien distira harrigarri eta itsugarrien aurrean kriseiluaren argia bera ere makaldu egiten zunan. Jainko hegaldunaren sorbaldetan luma zuri-zuri batzuek egiten zitenan errainu, ihintz distiratsuz estalitako loreen antzera, eta haren hegalak geldi egonean bazeuden ere, ertzetako lumatxo leun eta lirainek, dardarati mugituz, hotzikara jostalariak sortzen zitiztenan. Aratz eta distiratsua zunan gorputzaren gainerakoa; hain ederra, ezen Venus bera ere ez baitzuen lotsatuko hura mundura ekarri izanak. Arkua, gezi-zorroa eta geziak —jainko boteretsu horren ohiko armak— zeudenan ohearen oinean.

 

        23 »Psike, jakin-minez beterik, ez zunan asetzen bere senarraren armak ukitzen eta miresten. Gezi-zorrotik gezi bat atera, eta, eztena hatz potoloaren gainean jarririk frogatu nahian, gehiegi zapaldu zinan hatza, artean dardaratia, eta azal gainari odol-tanta arrosa batzuk atera zitzaizkionan, perla antzo. Horrela, jabetu gaberik, Amodioz maitemindu zunan Psike. Eta jainkoaganako amodiozko irrikaz gero eta irakitenago, bere grina sutsuan desioz beterik, haren gainera makurtu zunan, eta musu luze eta larriz bete zinan arreta handiz, haren loa eten gabe. Eta, halako zorion eztiaren menpe eta, aldi berean, bihotza ahuldurik ari zen bitartean, kriseiluak —nork jakin: ankerkeria zekenak eraginda, bekaitz-jelosiak jota, edo berak ere halako gorputz zoragarria ukitu eta musukatu nahi zuelako— olio irakin tanta bat utzi zinan erortzen jainkoaren eskuineko sorbalda gainera.

        »Oi, kriseilu ausart eta arriskubera, Amodioren zerbitzari gaizto hori! Suaren jainkoa bera erretzen ari haiz, hi, maitaleren batek bere grinak gauez denbora luzeagoan suspertzeko asmatuko hinduen hori! Jainkoak, erredura sumatzean, jauzi egin zinan, eta zor zitzaion fedeari traizio eta orbain egin zitzaiola ikustean, hitzik adierazi gabe, hegan aldendu zunan bere emaztearen musu eta besarkadetatik.

 

        24 »Alabaina, hegaldatzen hasi zen une berean, hor heldu zion Psikek bi eskuez eskuineko hankatik, eta harekin batera igo zunan goialdeetara; eta airean zintzilik zihoanan hodeien eskualdeetan barna, jainkoari munduaren azkeneraino atzetik jarraitzeko prest; azkenean, akiturik, lurrera erori zunan.

        »Haren maitale jainkozkoak ez zinan, ordea, hala utzi; inguruko altzifre bateraino hegan egin, eta, sakonki hunkiturik, haren goi muturretik honela mintzatu zitzaionan:

        »— Ene Psike xaloa: alde batera utzi ditinat amak agindu zizkidanak. Hauxe agindu zidanan: hi gizonik errukarri eta nazkagarrienaren menpe jartzeko, erabateko grina jasanezinaren bitartez; gero, gizon horren eskuetan uzteko, elkar hartze itsusienean; eta, hori egin ordez, ni neu izan naun higana hegan egin duena, heure maitale bihurtzeko. Arinkeriaz aritu naun, bazakinat; nik, gezilari goretsi honek, neure burua zauritu ninan neronen geziekin, eta neure emazte egin hindudan; eta zertarako, eta hik ni piztia ikaragarritzat hartzeko, eta ene buru hau —non hainbeste maite hauten begiak baitaramatzat— burdinaz ebakitzeko. Banekinan beti argi ibili beharko huela arrisku horren aurrean, eta oharkizun eztiak egiten nizkinan. Hala ere, hire kontseilari ospetsu horiek berehala jasoko diten beren erakuskizun gaiztoek merezi duten zigorra; hiri dagokinan aldetik, neure ihesarekin zigortuko haut besterik gabe.

        »Eta hitz horiek esan, eta, hegalei eraginez, airean gora egin zinan.

 

        25 »Bitartean, Psikek, lurrean uzkurturik, senarraren hegaldiari jarraitu zionan, ikusmena iristen zitzaioneraino, eta lanturu etsiez zigortzen zinan arima. Hegoei eraginez senarra zeru zabalean galdu zenean, Psike ibai hurbilenaren ertzera joan zunan bere burua botatzera. Ibai baketsu hark, ordea, bere buruaz kezkaturik —urak ere sutan jartzen dituen jainkoa gogoan, inondik ere— berehala jaso zinan Psike zirimola arrisku gabe batean, eta urertzeko belardi loretsuan utzi.

        »Orduantxe hain zuzen ere, Pan, nekazari-jainkoa, eserita zegonan muino baten gainean; beso artean Eko zeukanan, mendien jainkosa, eta era guztietako oihartzunak errepikatzen erakusten zionan. Urertzetik gertu, handik hona bazkan, antxume batzuk ari ditun jolasean, ibaiaren adats-gailurrak nabarmenduz. Jainko aker-hankadunak, Psike lur jota eta akituta ikustean, haren zorigaiztoaren berri izanik ere, bere ondora deitu zionan amultsuki, eta honako hitz hauen bidez baretu zinan haren gogoa:

        »— Neskatxa atsegin hori, ez naun nekazari eta artzain bat besterik, baina esperientzia aberatsa dinat neure adin zahar samarrari eskerrak. Nire usteak zuzenak baldin badira —eta gizon ondo adituek igarpena deitzen zioten horri—, hire pauso sendo gabe eta zalantzakorrek, hire gorputzaren zurbiltasun handiegiek, hire hasperen sarriek, eta, batez ere, heure betzulo horiek, amodio handiegia nozitzen ari haizela nabarmentzen diten. Entzun iezadan, bada, eta ez hadi berriro saiatu amildegian behera heure buruaz beste egiten eta antzeko burubideetan. Utz negarrari, urrundu samina, eta, horren ordez, gurtu heure otoitzekin Kupido, jainkoen artean handiena; eta, nerabe grinakor eta atseginzalea denez, heuregana itzan berriro haren fabore samurrak.

 

        26 »Horrela mintzatu zunan jainko artzaina. Psikek, erantzun gabe, jainko salbatzaile hura gurtu, eta bidean aurrera egin zinan. Noraezean ibili zunan denbora luze samarrean urrats neketsuak eginez, eta hara nola, konturatu gabe, arrats beheran, bidezidor batean zehar hiri batera iritsi den, non bere ahizpetako baten senarra baitzen errege. Hori jakinik, Psikek ahizpari bere presentziaren berri eman ziezaiotela eskatu zinan: ahizpak onartu zinan, bada, eta, elkarrekiko besarkadak eta agurrak amaiturik, etorreraren zergatia galdetu ziolarik, honela mintzatu zitzaionan Psike:

        »— Oroituko haiz, noski, eman zenidaten aholkuaz: munstroa —senar izen gezurrezkoaz gauak nirekin igarotzen zituena aho biko labanaz hiltzeko esan zenidaten, haren aho-zulo aseezinak ni irentsi baino lehen. Zuek esana egiteko prestatu nindunan, bada; baina, kriseilu baten argipean haren aurpegia begiratu orduko, ikuskizun zoragarria, jainkozkoa benetan, agertu zunan nire begien aurrean. Venus jainkosaren semea berbera, bai, Kupido berbera zegonan atseden hartzen lozorro gozoan. Hain ikuskizun zoragarriaz liluraturik eta gozamen handiegi hark nahasturik, saminez nengonan, ez bainintzen zorion hura agortzeko gauza. Bat-batean, zoritxarreko istripu baten erruz, kriseiluak olio irakin tanta bat isuri zinan haren sorbalda gainera. Minak esnatu zinan, eta burdinaz eta suz armaturik ikusi ninduenean, esan zidanan: «Gaiztakeria ikaragarri horren zigorrez, hoa urrun nire ohantzetik, eta eraman itzan heure gauzak. Hire ahizpa hartuko dinat emaztetzat ezkontza ospetsuaren bitartez». Eta hire izena esan zinan gero. Aldi berean, jauregiaren mugak baino urrunago eraman nintzala agindu zionan Zefirori.

 

        27 »Psikek bere kontakizuna amaitu baino lehenago, ahizpak, grina eroak eta bekaitz ikaragarriak eraginda, bat-batean asmatutako aitzakia baten bidez senarrari atzipe egin zion (alegia, gurasoen heriotzaren berri izan zuela), eta segituan itsasoratu zunan, eta haitzera joan zuzenean. Beste haize batek jotzen bazuen ere, desioz irrikitzen eta itxaropen itsuaren menpe zegonan; uste osoz jauzi egin, eta bere burua amildegira bota zinan.

        »— Jaso nazak, oi Kupido —zionan oihuka—, hire emazte duintzat; eta, hik, oi Zefiro, har ezak heure erregina altzoan!

        »Eta hil eta gero ere ez zinan nahi zuen lekura iristerik izan. Izan ere, merezitako amaiera izan baitzuen: haren gorputz-atalak haitz muturretan txikituta eta sakabanatuta geratu zitunan, eta haren errai etenak hegazti harraparien eta basapiztien bazka.

        »Ez zunan berandutu bigarren ahizparen zigorra ere, Psike, bidez bide ibiltari, beste ahizparen hirira heldu baitzen. Hura ere, Psikek atzipeturik, eta ahizparen lekua hartu nahian, haitzera joan zunan laster asko, eta, handik amildurik, aurrekoaren antzeko heriotza aurkitu zinan.

 

        28 »Psike lur osoan zehar Kupidoren bilatzeari zeharo emana zebilen bitartean, jainkoa, kriseiluak eragindako erreminaren oinazez eta zinkurinka ari zunan amaren ohean etzanda. Orduan, hegazti luma-zuria, bere hegalez itsas uhinen gainean irristadan hegan egiten duen kaioa, itsasoaren sakonera murgildu zunan zalu. Venus han ari zunan bainuan eta igerian, eta harengana joan zunan; kaioak adierazi zionan, bada, semea erre egin zela eta ohean zetzala, zauri larriaren minak jasan ezinik eta osasuna galtzeko arriskuan.

        »—Zurrumurru gaiztoak entzuten dira mundu osoan —jarraitu zinan—, eta anitz madarikazio Venusen familiaren kontra. Biok desagertu omen zarete: hura, Kupido, mendietan, maitale bat dela medio; eta zu, berriz, itsasoan, igeri ibiltzeagatik. Hori dela-eta ez dago gehiago atseginik, alaitasunik, ez pozik; aitzitik, guztia da zabarkeria, guztia zabor eta arrunkeria; ez dago ez ezkontza berririk, ez adiskidetasunezko harremanik, noraez ikaragarria eta giza harreman nazkagarriekiko asperdura desatsegina baizik.

        »Horrelakoak gurgurkatzen zitinan hegazti berritsu eta kaskarin samar hark Venusen belarrietara, jainkosaren semearen ohorea lohitzeko. Eta Venusek, amorruz beterik:

        »— Nire seme argiak maitalea daukala? —egin zinan oihu—. Esadan, hik bakarrik zerbitzatzen naun-eta maitasunez, haur tolesgabe eta errugabe hori horretara jarri duenaren izena. Esadan Ninfen herrikoa ote den, ala Orduen zenbakietakoa, ala Musen korukoa, ala nire Dohainen taldekoa.

        »Hegazti berritsua ez zunan, ez, isildu; aldiz, honela mintzatu zunan:

        »— Ez dakit, andere; gazte bat dela uste dut, eta Psike izena du, oker ez banago; guztiz maitemindurik omen dago hartaz.

        »Orduan, Venusek, haserrearen haserrez, bere indar guztiez oihukatu zinan:

        »— Psike maite duela, nire edertasunaren arerio eta nire izenaren ebaslea? Neure seme horrek lupemetzat hartu nain, nonbait, eta uste din ezagutzeko erakutsi niola gazte hori.

 

        29 »Oihu horiek egin, itsasotik bizkor-bizkor irten, eta bere urrezko ohera joan zunan segituan. Hantxe aurkitu zinan, adierazia zioten bezala, bere seme gaixotua, eta atetik sartu orduko, indar guztiez oihuka, esan zionan:

        »— Horra hor jokabide makurra, gure leinuari eta heure bertuteari dagokiona! Hasteko, heure amaren aginduak hautsi dituk, heure erreginarenak, alegia. Nire arerioa amodio gaizto baten bidez ez zigortzeaz gainera, heure adinean, oraindik ume, harekin lotu haiz era lotsagarrian, harreman goiztiarregien bidez —ziurrenik, nire arerioa erraintzat jasan behar izan dezadan—. Jakina, bihurri horrek, haur liluratzaile eta gorrotagarri horrek: usteko duk heu bakarrik haizela ernalarazteko gai, eta ni ez nagoela ama izateko sasoian; jakin ezak, bada, hi hain seme hobea ekarriko dudala mundura. Gehiago oraindik: irain handiagoa egiteko hiri, etxeko morroitxo horietako bat hartuko diat semetzat, eta hari emango zizkioat hegal horiek, zuzi horiek, arku hori eta baita geziak ere; nirea duk tresneria hori guztia, eta ez nian eman horrela erabil hezan; heure aitaren ondasunetatik deus ez zaik eman horrela erabil dezaan.

 

        30 »— Alabaina —jarraitu zuen—, gaizki hezia izan haiz lehen haurtzarotik; esku luze samarrak dauzkak, eta maiz jo dituk heure zaharrak, inolako errespeturik gabe. Ni neu, heure ama naizen hau, egunero lotsarazten nauk, seme guraso-hiltzaile horrek, oso maiz zauritu izan nauk, eta alarguntsa baten antzera baztertu nauk, eta ez haiz heure aitaordekoaren beldur, zeina gerlarien artean ausartena eta handiena baita. Ezetz? Maiz asko, maitale gazteak eman dizkiok ni zigortzeko. Joko horretaz, ordea, damuaraziko haut, eta ezkontza horren garraztasuna eta ozpina sentiaraziko ditiat. Zer egingo dut orain, lotsagarrikeriaren begi-muga bihurtu nauk-eta? Nora joan? Nola menderatu arrastari hori? Laguntza eskatu behar ote diot bada Neurritasunari, neure etsaiari, hire lotsagabekeria dela medio hura hainbeste aldiz iraindu eta gero? Gainera, higuina sortzen zidak larre-andere ezjakin horrekin mintzatzeak. Hala ere, ezin baztertu diat mendekuaren kontsolamendua, nonahitik datorrela ere. Harengana joan behar diat, eta ez beste inorengana, gaizto hori gogor zigor dezan; gezi-zorroa hustu, eta bere mende hartuko dik hark. Ez diat egin didaten irainaren ordainik hartuko, harik eta nire esku hauekin hainbeste bider laztandu, eta urrearen pare distiraz utzi dizkiodan adats horiek zeharo moztu, eta neure altzo honetan ezti-gaiz usain-gozotu dizkiodan hegal horiek eten arte.

 

        31 »Horrela mintzaturik, hor irten zunan Venus kanpora, haserre eta amorruak erreta. Trenpe horretan aurkitu zitenan Zeresek eta Junok, eta aurpegi gogor harekin ikustean, galdetu ziotenan, ea zergatik estaltzen zuen bere begi distirakorren edertasuna hain bekoki ilunaz. Venusek erantzun zinan:

        »— Ordu onean zatozte nire bihotz sutuaren apetak benetan ase nahi badituzue. Baina, mesedez, bila iezadazue, baliabide guztiak erabiliz, ihesi dabilen Psike delako hori. Izan ere, jakinaren gainean egongo zarete nire familiako iskanbilaz, eta horrela deitzerik ere merezi ez duen nire seme horren gaiztakeriez.

        »Orduan haiek, bazekiten-eta gertaturikoa, Venusen amorru bizia baretzen saiatu zitunan, hitz hauen bidez:

        »— Andere hori; zer nolako okerra egin du, bada, zure seme horrek, haren gozamenari hain gogor uko egiteko, eta, aldi berean, hark maite duenaren galera eragin nahi izateko? Mesedez, zer salaketa egingo zaio, bada, gazteño polit bati irribarre egin diola-eta? Ez al dakizu gizonezkoa dela, eta gaztea? Ahaztu egin al zaizu zenbat urte dituen? Urteak hain dotore daramatzala, eta beti haur baten tankera hartu behar ote diozu? Ama zara, eta emakume zentzuduna: zure semearen amodio gorabeheren zelatari ibili behar ote duzu beti, haren berotasunaren errua egozten, hari maite kontuak aurpegiratzen, eta hain seme ederrarengan zeure trikimailu eta gozamenak gaitzesten? Jainkoen arteko nork, gizakien arteko nork ulertu behar du, zuk izaki ororen artean gozamena erein, eta zure etxeko bertako amodioei zigor garratza ezartzea, horrela mundu osoarentzat zabalik dagoen maitakeriazko eskola zeurean itxirik?

        »Horrela, bi jainkosak, Kupidoren mesedeak eskuratu nahian, haren gezien beldur baitziren, jainkoaren alde ari zitunan, eta han ez bazegoen ere, hitz zuriak esaten zitiztenan haien alde. Venusek, ordea, jasotako irainak txantxetan hartzen zizkiotela-eta haserre, bizkar eman zienan, eta, pauso arinez, itsasorako bidea hartu zinan.

 

 

 

© Luzio Apuleio

© itzulpenarena: Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide

 

 

"Luzio Apuleio / Urrezko astoa" orrialde nagusia